Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

XIV

 

 

Inkesta latza eramaten nuen, Maddiren arrastoen atzetik. Batzuetan, iruditzen zitzaidan ez nintzela deusetara helduko. Besteetan, aterabideari biziki hurbil nengoela sinesten nuen. Debalde, bistan dena. Ene burumuina baizik ez zen, atzerapenetan eta aurrerapenetan itoa, bietan konfinaturiko nire umorearen arabera. Komunikazio gutxi neukan, egia erran, kanpoko munduarekin: hiru urteko bidaia intergalaktikorako prest nintzen, harreman fisikorik eta metro bat eta erdiko distantzian harilkatu elkarrizketarik gabe. Ez nuen beharrik. Irakasle premiarik ez neukan, aski nuen Joana Garralda hor nuela jakitearekin, aingeru zaindari gisa, maitekor eta eskuzabal. Astea barne, Atharratze gaineko Erratzü baserrian izanen nintzen ni neu ere, baratzea, ogia eta amodioa egiten, hiru ekintzak bat zetozela funtsean.

      Aturri hegitik nenbilen, Eiffel zubia begi bistan. Eguzkia sartzera zihoan. Maite nuen zakur eta otso arteko egun argiaren ahitze hori. Ikusgarri handiosa zitzaidan. Kasko zokoa zorionez betetzen zidan aldi oroz. Polizia munizipalak barranda zebiltzan ur ertzeko errepide hertsitik, jendeak larderiatzen eta isunak barreiatzen. Ez nuen konprenitzen zergatik, baina hala zen, loriatzen ziren beren indarra erakusten, herrestariek kopetak apaldu arte. Noski, horrelakoxeak ginen, azotez zanpatzen ez baldin bagintuzten, etengabe debekatuak zitzaizkigun leku eta abaro guneetara itzultzen ginela. Negoziatzen genbiltzan egundainokoan, errealitatea ukatzen saiatzen, oldartzen, boterearen aitzinean makurtzea tokatzen zitzaigun momenturaino.

      Peio Elizalderekiko hitzordua nuen arrastiri epel hartan ez nuen dolurik, ez nuen damurik, ez nuen dolorerik. Nolwen Kergelen maitale ohiak bidali zidan guardaespalda nor zen ez nekien, argazkiz ere ez nuelako oraino begietsia. Ulergarria zen, zerbitzu sekretuetako kidea zelako. Edo halako zerbait. Anartean, oinez nindoan, itsas txoriak ibaiaren ur azalean zelan jostatzen ziren miresten, matoetan konkorturiko adineko erreak eta korrikalari izerdituak saihesten. Izpiritua nahiko huts neukala aitor dut. Dantxarineko egonaldia aberatsa izan zen, Maddiren lagun hirukote mozkoteak azkenean xehetasun berriak askatu zituen: Jason Moreau gurutzatua zuten denek, jakin gabe nor zen funtsean. Parpaila harrapaezina zela zirudien. Zer gehiago? Jose Camyren presentziaz zerbait ba ote zekiten?

      Bat-batean bide mandrunatuak harriz azpatu xendra hertsi bati utzi zion lekua. Karrikaren aldameneko belardian nenbilen. Aturri alde batetik, eta bestetik San Frederik auzoko gune industriala, lantegietako tximiniak, herdoilez mukurutu fabrikak, berina hautsiak, armiarma sareak, 4L zurbil abandonatuak, errautsez emokatu kamioiak lerroan, burdineria tolestuak meta zakarretan. Iruditzen zitzaidan inguruko giro post-apokaliptiko horretan Mad Max malestruk bat nintzela: oinak hutsaren hatzetan landatzen nituen eta ilunaren oihal ahulak troxatzen ninduen. Paradoxalki, aldi berean lanjerean eta soseguan sentitzen nintzen. Ordu horretan jenderik ez zen ageri, langileek tokiak seiak aldera uzten zituztelako, beren kotxeekin Baionatik jalgitzeko bideak blokeatuz. Guztiz gehienak alabaina Lapurdi muineko edo Baxenabarreko lo-hirietako etxe partikularretan bizi ziren.

      Urrunetik ikusten nuen autobideko zubi erraldoia. Zutoinek Aturri urratzen zuten erdiz erdi. Espektakularra zen, euskaratik deus ez zeukan hitzaren erabilpena zilegi bazitzaidan. Gainean zebiltzan beribilen eta nazioarteko kamioien ibileraren burrunba ozenak hautematen nituen, elkortzeraino. Ez nintzen presatua. Adi nengoen, bihotza pir-pir, xederetan laster harrapatuko zuten abere salbaiaren antzera. Garunak nabaritzen nituen abiadura handian elkar konektatzen, informazioa bilatzen eta soluzioak orraztatzen. Gizon zardaia zehaztu nuen ezpondako lurrean errotua zen zutoinaren maldan. Peio Elizalde zitekeen. Mugikorra belarrian zeukan. Bizkarrez zegokidan hurbiltzen nintzaion artean. Autobidearen azpiko bidexkatik lehiatzen jarraitu nuen.

      Sasitzarrez azpatu zidor batean gora zihoan. Zaborrak baziren hegietan, denetan, salbaiki boteak, hozkailu zaharkituak eta eraikuntzako hondarrak, armairu zatiak eta mirail apurtuak. Beldurrak ez ninduen oraino malgortzen, zainak alertan neuzkan eta gizonaren gibeletik atrebitzen nintzen, ausart hutsa banintz bezala. Funtsean, ez nintzena. Garbiki. Armarik gabe jalgi nintzen etxetik. Mauleko Ttanko zaharrak aspaldian oparitu pistola herdoilduarekin, menturaz, ziurrago sentituko nintzela banekien. Burutazio antzuetan itoa nintzela, ahots zohar baina lakarra entzun nuen, begi bistan nuen ezpondatik:

      — Geldi!

      — Lasai, Amaia Ezpeldoi naiz. Nolwen Kergelenen adiskide mina...

      — Zaude hor berean...

      Punpa batez, aldamenean neukan gizona, arma arautu batez mehatxatzen ninduela. Iskiluaren muturrak tinpanoa kilikatzen zidan. Ikara nenbilen. Pixa egiteko gogoa jauki zitzaidan. Belaunikatu nintzen, gizonaren oinetan, besoak airean:

      — Amaia Ezpeldoi naiz, Nolwen Kergelenen adiskide mina...

      — Ez dakizu besterik errepikatzen ala?

      — Hitzordua dugu.

      — Badakit... Peio Elizalde naiz. Zure zerbitzuko.

      Gizonak, berehala, bostekoa luzatu zidan, irri handia ezpainetan. Aitortzekoa nuen ez zela batere gaizki. Fisikoki, diot. Begi urdin biziak zituen, zoriona hatsartzen zuen aurpegia, traka ederrekoa ere zen. Joana Garraldarekin harreman intimotan ez banintz, Peiorekin partituko nintzen munduaren azken mugetaraino. Baina jaidura erotikoak baztertu nituen aski laster, joko lizunetarako Onintza Enbeitak eta euskal kulturako Pertsona Oso Garrantzitsu anitzek, antza, erabiltzen zuten Satisfyer tresna gozagarri ospetsu hura barne. Cold Case telesaileko Lilly Rushen plantan hasi nintzen:

      — Zer dugu hemen?

      — Iragana, mila puskatan, desagertze bat eta zu, nora jo ez jakin, tunelaren azpitik jalgitzeko argi gosez.

      — Ederki laburbildu duzu egoera. Mila esker.

      — Zer xede duzu?

      Etorkizuna distiratsu zetorkigun. Zubiaren maldara itzuli ginen, solasean. Bertan zeuden taula puskekin sua akuilatu zuen Peio Elizaldek eta inguruan jarri ginen, bisean bis. Gizonak eskuan zekarren metxeroarekin piztu zuen aho kantoian zeukan zigarreta:

      — Plazer zenuke bat?

      — Badu hamar urte erretzeari utzi diodala...

      — Larrua jotzeari utzi zenion egun berean, ezta?

      — Trufa zaitez, erraza da.

      Nik ere barre algara ozen bat askatu nuen. Bi eskaleren pare geunden, Aturri zeharkatzen zuen autobideko zubiaren aizolbean, gauaren ganga malguan urtuak, ama-ontzi likido eta gozo batean nola.

 

 

Peio Elizaldek zehazki planifikatua zuen egonaldi gurbil hau. Ogitartekoak, fruta freskoak, ardo botilak eta zigarroak ekarriak zituen. Ni nintzen suaz axolatzen, noizbehinka egur puskak berotasunaren muinera aurtikiz. Urrunean, polizia auto baten sirenak entzun genituen, itzalpe batean ezkutatu ginen, baina ez zen nehor gugana hurbildu. Eskerrak.

      — Amaia Ezpeldoi anderea izutu al da?

      — Ez, baina ez dut maite Macronen poliziarekin bekoz beko aurkitzea. Herritarren larderiatzeko, bulkatzeko eta egoera muturretan kalitzeko eskubidea dutela uste dute. Jendeak gara, ez hiltegietara eramatekoak diren abereak.

      — Arriskurik ez duzu enekin, zerbitzu berezietakoa naiz, Kergelenen lagun mina eta, axuri sortu berria bezain mantsoa, zurekin bederen.

      — Milesker.

      Arrastiriko zazpigarren zigarreta eraman zuen ahora. Afari modukoa irentsi bezain laster, kartoizko bi baso erdira bete zituen ardoz eta solasari ekin zion begiak zerraturik:

      — Duela gutxi arte kobertura pean nengoen Almeriako auzune beroan, droga eta paperik gabeko neska gazteen trafikoan zebilen Paris aldeko kaid batek kudeatu multzo batean... hango plastikozko itsasoko berotegietan ari nintzen lanean... gau eta egun, turko baten moduan... eta ahal nuelarik, buruzagitzari azken berriak helarazten...

      — Hauxe bizitza palpitantea!

      — Hil nindutelako berria zabaldu zuten... baina hemen nago zurekin zainart eta bizirik. Ikusten?

      — Bai, hori ikusten dut, bai...

      Afganistanen izana zen, Iraken eta Sirian ere, beti informazio zerbitzuetan, Daexen lerroak infiltratzen. Oren erdi batez geopolitika ikastaro bat eman zidan, distiratsua.

      — Gure afera ez da hain larria!

      — Nolwenek erran dit emazte bat desagertu zela eta pornografia sare bat zeukala atzean, beraz, afera hau niretzako da. Zein dira dituzun elementuak?

      Ez nekien konfiantza egin niezaiokeenez. Pentsu horrek garun aldea zirriztatu zidan segundo berean, Nolwenen telefono deia ukan nuen, ikara bakarraz. Nahi zuen jakin Peio Elizalderekiko elkartzea ongi pasatu zenez eta uhin mental berdinetan ginen ala ez:

      — Dena ederki pasatzen da, maitea... Konponduko gara naski, ardo gorri nafarra berak nik bezainbat estimatzen duelako, irudiz.

      — Hordimenaren mugak gainditu gabe, hala ere.

      Peiok entzun zuen Nolwenen iradokia eta barre protidiko batez libratu zen. Soseguaren berotasuna hedatzen ari zen gure suaren inguruan. Biharamuna eta ondoko egunak planifikatzea zegokigun, etorkizuna nolakoa zatekeen ez genekien arren.

      — Hitzordura etorri aurretik, Fernandekin geratu naiz, urrutizkinez. Piteier baserriko bideo berriak bidali dizkit. Jason Moreau agertzen da etxe ondoan zulatua dirudien soto batean sartzen eta handik ateratzen... behar genuke jakin zertan dabilen.

      — Labritera beharrak gara orduan?

      — Bederatzietan finkatu dut Fernand eta hirurok elkartzeko tenorea, Sabresko Manciet hoteleko ostatuan. Zer diozu?

      — Gauerdi da... abiatzen gara?

      Joanaren 4x4 ibilgailua geltokiko aparkalekuan utzirik, Peioren zaldi beltz indartsuan sartu ginen. Autobidean genbiltzan, ez nuen motorraren burrunbarik hautematen, gauaren isiltasuna soilik. Falta nuen sei hilabete hauetan tai gabe aditzen nuen Itoizen Ezekielen prophezia kanta heroikoa. Peiorekin solasean, abestiaren zati osoak ozen zebilzkidan kasko zokoan: maite nuen errealitatearen eta nire soinu-banda intimoaren arteko kontraste hori. Bistan dena, ez nion Peiori deus kontatzen, nirea zen, inorena ez.

 

            ...dunen atzetik dabil

            Zulo urdin guztiak miatu ezinik

            Eta euri zitalari esker bizi da

            Ikusi zituen gurpil sutsuak...

 

      Landetako autobidean gora gindoazen. Peiok gozoki eta agudo gidatzen zuen, ziztu bizian El Ejidotik zetozen barazkiz eta frutaz astundu kamioi lerro bikoitzak pasatuz. Pinuak alde bietatik. Saguzar hegaldiak faroen aitzinean. Seinaleak distiratsu eta ehunka balizko aterabide. Labouheyrekotik jalgiko ginen, alabaina.

 

            ...ikusi zituen gurpil sutsuak

            Arranotu zaizkio, amoratu

            Eta bazter batean aurkitzen da...

 

      Hala zen, mundu arranotuaren hegian geunden, desagertzear. Pangolina baizik ez genuen falta.

 

 

Argi zirrinta herabea pizten ari zen pinuen artetik, Piteier baserria zelatatzeko enbor meta baten gibelean kuzkur geunden unean. Ez zen mugimendu bitxirik. Ilunaren mataza ez zuen itzal bakar batek urratu. Ahapez mintzo ginen, Peio Elizaldek ekarri kafea termoaren tutunetik beretik hurrupatzen genuela:

      — Orizu... Ixo...

      — Arima bizirik ez dago etxalde honetan...

      — Gauden hemen eguzkiaren lehen argia iraitzi artean, beha, eta gero Fernandekin bilduko gara, Sabresko Manciet hotelean.

      — Ederki, Amaia, zuk bidea ireki eta ni zure ondotik ibiliko naiz, zeure burua hiltzeraino defendatzeko.

      — Peio, esajeratzeak ere ez du balio...

      Irri isil bana marraztu genion elkarri. Azkorriko txorien kontzertua hasi zen. Alde orotatik hautematen genituen. Zoriontsu ematen zuten, airearen kutsaduragatik, lur pozoitsuengatik, janari eskasiagatik, espazio murriztuagatik... hor ziren, kantaz orroaz, zintzurrak eman ahala. Zorion hutsaren birla loditzen nabari nezakeen ene bihotzaren leizean. Denboraren buruan, Peioren beso aitzina kolpetxo samur batez astindu nuen:

      — Bagoaz?

      — Bai, goazen, ez dezagula denborarik gal...

      — Fernand aiduru dugu.

      Han zegoen, mahai gurintsu batean, kikara ketsu baten aurrean, tapalakatua. Egunkaria zeukan ondoan, plegatua, ireki gabea. Sartzen ikusi gintuenean, banpez, zutitu zen eta guregana ernatu:

      — Azkenean, bazatozte... berantetsiak zintuztedan. Berriak baditut, zuentzat, fresko-freskoak!

      — Biba zu, Fernand!

      Ene ahotsa zen, magmaren beltzaren beltzetik jazartzen. Aturri ibaiaren zubi azpian hasi bidearekin tematzen nintzen, dagoeneko, Peio eta Fernanden konpainian. Bi kide improblable Erramun Gerrikagoitia inenarrableak lerrakeenez. Soa batetik bestera lerrarazten uzten nuen eta, ene elementuan igerika, egoki sentitzen nintzen. Saltsa betean ni ere beti hobekien... Nire osagarri mentala onean mantentzeko baliabiderik ziurrena.

      — Zer dakizu Jose Camy jaun horretaz?

      — Txikitatik ezagutzen dudan gizon bat da. Handitzen ikusi dut eta egia da Jason Moreauren lagundikoa dela, saskibaloi talde berean ari ziren gaztetan, gauza guztiak elkarrekin egin dituztela uste dut... nesketan ere elkarrekin ibili ziren...

      Argazkia erakutsi nion. Buruaz baiezkoa marraztu zuen Fernandek. Bide okerretik ez gindoazen. Peio Elizaldek ere galde egin zion, begitartea zorrotz eta gogor:

      — Azken denboretan “elkarrekin” egon dira Jose eta Jason?

      — Herenegun bederen Labriteko merkatuan ziren, solasean.

      — Zertaz ari ziren? Zerbait aditu duzu?

      Karkara ozenez lehertu zen nire solaskidea. Arrazoia zuen. Ez zituen entzuten ahal, hain urrunetik. Kopetan behera lerratzen utzi zuen bere esku argamasa.

      — Orduan, bildu nuen aldizkari pornografikoan aurkitu likido isuri hura Jose Camyrena zen?

      Goizetik arrats piztua zen telebistaren azantzak hantu zuen mututasun unea. Berriak kordelean zetozen, bata zein bestea baino hutsalagoak, jendarteko klaserik aberatsenaren zereginak, xedeak, ametsak, desirak, fantasmak ziren pantailetatik jaukitzen, ukabilkada sozial bortitzak bailiran. Baina ez nintzen hor generoak, sexuak, joera kulturalak oro zirtzikatzen zituen aberatsenganako nire gorrotoaren barrakiak irekitzeko:

      — Fernand... zure bideoei esker bigarren gizon horren hatzetan jarri gara. Zu gabe... guk ezin!

      — Amaia, ez da horretan bukatzen gure lana, ezta?

      Kezkatua zirudien. Lasaitzeko, behako bat zuzendu nion. Ahurrak torratu zituen. Zutitu zen, arras deliberatua. Peiok Manciet hoteleko nagusiari partekatu genuen gosari mamitsua ordaindu eta atera ginen. Eguzki zurbilak begiak zirrikatzen zizkigun. Betaurreko beltzak jantzi nituen, lo eskasaz gain argitasun zitalak ez nintzan kolpa. Eguna luzea zatekeen baina kementsu sentitzen nintzen, Josek eta Jasonek zer egiten zuten eta Piteier baserriaren aldameneko zuloan zer pasatzen zen egiazki ikertzeko.

      Hirurak sartu ginen Peio Elizalderen leiho uherrekiko auto erraldoiaren sabelean. Fernand eta Peio aitzineko jargietan, ni gibelekoetan. Argia eta iluna bihikatzen jolasten zebiltzan ertzetako pinu lerroak, ene betazalen gozamenerako. Labritera heltzen ari ginen. Ahurra Peioren sorbaldan utzi nuen:

      — Geldi, hemen...

      — Zergatik hemen?

      — Oinez joango gara baserriaren ingururaino, otso mehatxatuak bezain arin eta isil...

      — Ideia ona, Amaia, biziki ona.

      Gogotik hartu nituen Fernand eta Peioren zorionak. Ez zitzaidan askotan horrelakorik gertatzen, gehienetan alderantziz baitzen, larderiak, laidoak eta esker gaitzak baizik ez nituela merezitzen. Motorra eho zuen Peiok. Jauzi bakarrean atera ginen kotxetik, Landetako oihanaren airearen berdetasun zorrotzak birikak betetzen zizkigula. Ez zen erraza gauaren esparruan eta leku itxietan konfinaturik egotea, guk bezala kanpoa, errautsa eta lur huts zabalak maite genituelarik.

 

 

Landetako oihaneko pinuen arteko ginkana zoharrari usatzen ari gintzaizkion. Iraztor zurrunak hedatzen ziren, enbor luze eta gorakoiekiko zuhaitzen maldan. Erbien antzera genbiltzan, jauzi eta geldi, adi eta ausart, hiritar zurbilak ginen arren. Oihanaren bihotzean, neandertalen biziraule jaidurak berreskuratzen genituela iruditzen zitzaigun. Soa alde guztietara barranda, ahotsa ahalik apalena, hitzak zorrotzenak eta keinuak ezkutuenak. Gure baitako aberetasuna pizten nabaritzen genuen punpa eta hats hartze bakoitzean. Espazioaren jabe ginen, zerumugaren neurtzaile eta airearen partaide uhar. Begiradak trukatuz aitzinatzen ginen Fernandek azken egunetan eraikia zuen egur, taula zahar eta iratze eta ote idorrezko txabolaraino.

      — Emeki, astiro, hurbiltzen ari gara...

      Fernanden boza zen. Lekuak ongi ezagutzen zituen. Bizi osoa oihanean pasatua zuen, bere denbora libreetan. Pinu-ur gazia biltzen. Lanbide urria zen, pentsamendu askotakoa, jestu zehatzetakoa. Meditazio ildo baten parekoa, funtsean. Goiz larrutu hartan, Peiok eta biok kasu egiten genion, bagenekien guk nahi genuen tokira eramango gintuela.

      — Helduak gara. Hemendik Jasonen baserria eta Joseren etxola zelatatzen ahal ditugu. Ikusten duzue nolako bista-angelua dugun?

      — Bikaina —ihardetsi zion Peiok, zigarreta bati su emanez.

      — Surik ez hemen, jauna!

      Bi behatzez, zigarreta ahotik kendu zion eta eri artean xehakatu. Gizonaren haserrea irakur nezakeen bere niniketan: Landetako oihanean ez zen zigarretarik pizten, ez neguan, are gutxiago udan. Lasaitu zenean, ezpainak torratzen pasatu zituen bizpahiru minutu, bere kexu-bulta irensteko bezala.

      — Behin ikusi nuen Jose Piteier baserriko atarian Jasonekin eleka. Zainetan bezala zeuden. Eztabaida larrian. Urrunegi nintzen zer edo zer hautemateko...

      — Mikrorik ez duzu ezarri Joseren sukaldean?

      — Amerikar edo Galiziako telesailetan bezala?

      — Berdin-berdina, Fernand!

      Nire ahotsa zen. Noski, ez zuen ene Landetako adiskideak sukalde edo ganbera tepu batean mikroak jartzeko ahalmenik. Hala ere, lan baliosa egina zuen. Gogoan neukan nola ezagutu nuen, aurreneko aldiz Labritera etorri eta Piteier etxaldearen bila galdu nintzelarik. Bitartean, Peio jabaldua zela ohartu nintzen. Eguzki ahula eguerdira ernatzen zihoan. Itzalik gabeko ordua zen. Planak betetzen ari ginen, urratsez urrats eta egun apurrak barne, Maddirekin buruz buru mozkortuko ginen edozein herriko jaixetan...

      — Sagutxoa zulotik jalgitzen ari da, errepikatzen dut, sagutxoa zulotik jalgitzen ari da, moztu...

      — Uste duzu, Peio, txantxetako egoera dela?

      — Amaia, irri pixka baten egitea zilegi da, ez?

      Prefosta, prefostaren prefostaz, zilegi zitzaigula, baina ez zen momenturik egokiena. Bat-batean, iratzeen artetik, mugimendua sumatu genuen. Elkarri so geratu ginen. Mamua guregana zetorren, harrapatuko gintuen, gureak egingo zuen. Txapel zapal batekiko forma humano konkor bat zen. Matoa eskuan, zanpa-zanpa iragan zitzaigun hurbil, biziki hurbil: gorputz antsiatu urrinak ez bide zituen usaindu. Ez zen Jason... Jose zena? Fernandek kopeta baiezkoan apaldu zuen.

      Gizon mehakoila zen, abantzu bi metrokoa. Erdia baizik ez genion ikusten, beste erdia iratzeetan gorderik zeukalako. Hura ere alde orotara begira zebilen. Beldurra nabaritzen zitzaion, edo, gutxienez, mesfidantza larria. Jasonek eta Josek bazekiten indar ilun eta gaitzak bazebilzkiela inguruan, beren eguneroko zereginak trabatzeraino. Arriskua hor zetzan. Horregatik ote zuen adinekoarena egiten? Argi zegoen kontuz ibiltzen zirela. Etsaia bertan zen, setiatzeko eta haragi malguetan ausikitzeko prest. Eta hortzak zorrotz zituen.

      — Fernand? Zenbat jende bizi dira orotara Piteier baserrian?

      — Jason, bere ama eta mutiko bat, sei bat urtekoa. Eskolan daiteke une honetan... eta ama erosketetan, Sabresko supermerkatuan. Egun oroz joan-etorri bat egiten du...

      — Baia?

      — Bai, baina erran dizut potikoak eskola askotan huts egiten zuela. Kukuzkatzen segituko dut. Zure erranetara...

      — Horixe, zorionak, ez nuen besterik espero.

      Barre ezti bat trukatu genuen. Afera honetan, adiskidantza bermea eta samurtasun keinua zen. Hainbeste urtez, bakarrik ibili nintzen inkestak argira ekartzen, baina egia zen, ikerbide hauetan, Joana Garraldarekin finkatu aitzin, Fernanden pareko laguntzaileak eduki nituela, eta bizitza osoan zehar esku ukaldia eskatzen niela, noiztenka, zorrik eragin gabe. Adiskidantza deitzen zitzaion dohatasun emankor horri. Ez zen askotan horrelako aukerarik, eta harraparia harrapakinarekin bezala, hegaldi zabalean ibiltzen jakin behar zen. Aski oportunista nintzen, hondarrean. Onartzekoa nuen, nahiz eta akatsik gabekotzat neukan neure burua, onen bandakoa nintzen, beti hala izan ez nintzen arren, justizia, bakea eta naturaren geriza nahi nituen. Hargatik, Kongoko meatzeetan ume hotzek aitzurtzen zituzten hodietatik erauzi lur arraroz osatu mugikorrekin deitzen nerraikan.

      — Etxeak hutsik dirudi. Ausartzen bagina?

      — Utz dezagun Peio Elizalde ofiziokoa lehen... Fernand, gu biok Peiok ireki bidetik lehiatuko gara!

      — Hori, hori, prudentzia!

      — Goazen!

      Iratze artean, lerroan aitzinatu ginen, etxearen gibelera iristean hiru adarretan bereizteko. Zaratarik gabe gindoazen. Bele beltz baten kroa-kroa hauteman nuen. Oihanaren oreka hautsia zelakoaz abisatzen zituen gainerako txoriak. Hobe zen belea aditzea, arranoa edo saia baino. Ingurua arranotzen zihoan eta ni saio saiatua bihurtzen ari nintzen: ene erran txepelak errepikatzeari uko egin nion, seriotasun zerbaiten premian alabaina.

 

 

Bakoitza gure ikertze lerroak mamitzen genbiltzan. Iratzeak higitzen ikusten nituen, lagunen posizioak seinalatuz. Harro nintzen Fernand eta Peio bezalako kideekin ekiteaz, Maddiren desagertzea argitzeko. Suge malgua bezain zapal eta kulunkari aitzinatzen nintzen, mihia salbu, alta, herrestari horretatik deus ez neukala. Irri gogoa pizten zitzaidan eta kaosaren ondoko munduaren hasierako uneetako pertsonaia bat nintzela zirudidan. Doi-doia hatsa hartzen nuen, apnean nindoan eta, bat-batean, erdi zabalik zen soto susmagarriaren ate aurrean aurkitu nintzen. Argazkia egin eta Peiori bidali nion wasapez. Eskuratu zuelako soinua hauteman nuen. Ezkerretik zetorren, behitegian sartzear, eta eskuinetik, oilategi ohia miatzeko, Fernand buru has.

      Fantasmatzen nuen zuloa nahi nuen ikertu nik. Euskalduna nintzen, alaina. Erakunde armatuak zeuzkan zulo istorioak banituen adituak, ehunka, poliziak nola desartikulatzen zituen komandoak desegiten zituelarik, bertatik ateratako armak argazki zuri-beltzetan ageri ziren biharamunetako egunkarien lehen orrialdeetan. Bazuen hiru urte orain eta desarmatua zela eta berri mota hori katakonbetan ehortzia zetzan. Piteier baserriak, antza, ate hidrauliko batez zerratzen zen zulo horietatik bat zeukan.

      — Zortea beti ene alde!

      Jauzi bat egin nuen. Ezkaratzeko borta itxia zen. Sukaldean eta inguruetan, mugimendu izpirik ez zegoen. Bihotza pilpiraz zebilkidan, taupada ozenez, kaiola torazikoan banbaka.

      — Sartuko naiz? Ez naiz sartuko?

      Beharbada zikintegia edo lehenagoko etxeetan kausitzen zen sullarda soila zen. Mustuka eta oihal zaharkituekin. Jatsak eta palak. Ontzi makatuak. Kobrezko tupinak eta xurikitak egiteko ferblankezko edukigiak. Haurtzaroko hitzak eta neologismo zalantzakorrak nahasten nituen. Lurpean zulatu aterpera jaisteko eskaileretan behera nindoan. Bat, bi, hiru, lau, hamar... borta bultzatu nuen esku ukaldi zainartaz, oraino maila bat eta barnean nintzen, ilunak begietan neukan argitasun sentsazioa ezabatu zidan, argia pizteko gailua bilatu nuen hormarik hurbilenean, lortu gabe. Izuaren aurreneko ausikia hartu nuen garunean. Bigarrenak erabat lehertu ninduen.

      Ate hidraulikoa kolpe samur batez erori zen. Glup ezti eta ozena entzun nuen. Bat-batean beltzean igeri nenbilen, ez nuen deus ikusten. Norbaitek zerratu zuen borta hori, dudarik ez zegoen. Mugikorraren argia erabiltzea erabaki nuen. Bazterrak ikuskatzen saiatzen nintzen, beldurra kontrolatzen nuela sinesten jarraitzeko: ohe desegin bat bazen, tauleta txiki bat, kamera hiruko-oinak eta pixa-ontzi biribilak lurrean eroriak. Murruak oro aluminio paperez estaliak ziren, uhin elektromagnetikoen kontra gerizatzeko bezala. Gela begiz miatu ondoan, antsia zirrizta batek urratu ninduen eta onartu behar nuen arratoi sortu berri baten gisa preso nintzela.

      Isiltasun astuna egin zen ganbera baten moduan antolatu zulo tepuan. Itsumandoka, ohe kantoian jartzea lortu nuen. Ez nintzen nitaz harro. Jason hori abiletarik zen, dudarik ez. Kanpoko zaratarik ez zetorren gelaren barnera. Hormak lodiegiak ziren. Bakarrik eskukoa neukan Peio eta Fernandekin komunikatzeko... Ahots goraz zerrendatu nituen ene berehalako betekizunak:

      — Peiori deitu eta arratoitegi honetatik ahalik lasterren atera...

      Herotsik gabeko pieza batean nintzen, usteak eta berehalako betekizunak ustel. Telefonoaren argiarekin lau murruak aztertu nituen, interruptore baten bila. Debaldetan. Argia ez zen barnetik beretik pizten edo hiltzen, kanpotik baino. Harrapatua nintzen egiazki. Irriak eta espantuak sartu zitzaizkidan. Lagunekiko harremana irutekoa nuen, agudo.

      — Redios!

      Ene oihuaren oihartzunik ez. Bakartasun umel batean igeri nenbilen, trinko eta elkorrean. Bihotzaren taupadak areagotu zitzaizkidan, alde orotara lasterka hasi nintzen, panikoak kateztatu hamsterra mihimenezko errotan bezala, aterik ez zegoen, aterabiderik ere ez, Jasonek ederki gatibatu ninduen: nondik zekien Piteier baserriaren aldirietan genbiltzala? Nor zen gure arteko salataria? Sabresko Manciet ostatuan norbaitek zelatatu ote gintuen? Non ziren Peio eta Fernand? Zergatik ez nituen telefonoz ukaiten ahal? Sarerik ez zela irakur nezakeen pantailan. Infernuaren minean nengoen, bertan zurituko ziren ene hezurrak, saguek eta mila marmutxa gosetuk ene haragiaz bazkari galantak egin ondoan. Ukabilka ari nintzen ate hidraulikoaren aurka, orroaz, antsiak orain arras bereganatua, hilko nintzela ziur, ez bazen nehor niregana hurbiltzen:

      — Lagundu! Non zarete? Otoi... Lagundu! Aska nazazue! Otoi...