Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

XIII

 

 

Hondar zazpi egunetan, hainbat bidaia banituen eginak Joana Garraldaren 4x4 ibilgailu baliosarekin. Ez nuen musika aldatu: Itoizen lehen albuma, Ezekielen prophezia buklean, aspertu gabe. Joanaren kanta kuttuna ene burumuinaren sehaska-xuxurla bilakatua zen: eremuko dunen atzetik dabil, nabil, habil... eta euri zitalari esker bizi da, bizi da... Ainhoa zeharkatzen nuela, gurpil sutsuak arranotzen ikusten nituen Arantzazu gainean: egoera larrian zeuden Golgotako Jesus eta bi ebasle gurutzefikatuak, nirekiko nioela inor ez zela bere herrian profeta, baina anartean eguneroko bizitzaz profitatzen ahal genuela... ja, ja... irri zozo bat ezpainetan heldu nintzen Dantxarineko fronterako postu abandonatura. Dagoeneko, eta ardatz zeukaten filmetan baizik ez zen agertzen, duela mende erdi bezala jantziak ziren guardia zibil eta jendarmeekin. Baina hori iragana zen. Gaur egun, memoria eskasa genuen gertakari haiekiko, mingotsaren merkrominak estaliak baitziren guztiak.

      Joana eta biok elkar ezagutu genuen garaian, laurogeiko hamarkada bukaeran, Ezekielen profezia betea zen, arras, eta gure larunbat gauak eramaten genituen bakean ützi arte orroaz, erretzen eta ikastolaren faboretan garagardo pintak sabeleratzen. Orduan, dena egiten zen ideologiaz eta kausarekiko egokitasunez. Fideltasunez erantz nezake, a posteriori. Euskaldunak ginen, ez beti harro, baina kito. Erakunde armatuak bere ekintzak egiten zituen, hilak metatzen ziren, baina guk ez genituen ikusten, herri zapaldua zen genekusan gauza bakarra, tortura egiten zela, eta gobernu atzerritarrek gure herrietara bidaltzen zituzten hiltzaile bandak. Begi okerrekoak ginen. Begi biak zabaltzen bagenituen, gure sinesmen egitura osoa eroriko zen eta horregatik itsu generraikan. Itsu eta mutu. Garai bereziak ziren. Garai gogorrak.

      Eguzki arraio batek pentsu-muskil iluna argitu eta gozatu zidan Axular zentro komertzialeko sarreran. Hamazazpi urteak hamazazpi zuri dira Ezekiel marmartu nuen, betazalak malkoz heze eta bihotza zartatzear. Ehunka auto zeuden aparkatuak. Tipulen antzera lerroan eta bata bestearen saihetsean. Jendeak jaisten ziren goiko hipermerkatutik, karriot janariz, alkoholez, kozina tresnaz, zapataz eta tabako kartoiez mukuru beteak bultzatuz. Dena merkeago baitzen mugaz bestaldean, gasolina barne.

      — Nik ere betea eginen dinat, hemendik alde egin aitzin, Joana kontent izanen dun...

      Noka ari nintzaion neure buruari. Aitarekin ikasi santsana eta zozola hitzak erabiltzen nituen, halaber. Bekoz beko eta berdintasun garratzean nenbilen eta ez nuen harrotasun edo urguilu izpirik. Are gutxiago sedukzio gaitasunik. Hargatik, Joanak maite ninduen, harago, beti harago. Amodio hori ez nuen sekula aski eskertzen ahalko, jendetzen ninduelako, humanizatzen, berazten. Beribileko leihoan tok-tok arina entzun nuen:

      — Zertan ari zara? Pantxoa eta Xabirekin nago, Gerora ostatuko mahai batean... hamar minutu badu zure aiduru gaudela!

      — Heldu naiz. Puskak hartu eta heldu naiz.

      Maialen Barrenetxea zen. Haren gibeletik lehiatu nintzen, autoen artetik. Diruaz, prezioez eta kontsumoak zilegitzen zituen beste elementu aztoratzaileez mintzo ziren izaki-uhinak urratzen genituen. Algarak eta oihuak. Garrasiak eta ordenak, bereziki alde orotara lasterka zebiltzan haurrei. Piuña sortak. Bizidunak monada soilak ginen, erasia eta laudorio artean aitzinatzen ginenak, mirakulua eta misterioa, argia eta iluna tartekatuz. Hala nenbilen Maialenen itzaletik, Pantxoa eta Xabi zeuden mahairaino.

 

 

Ahapez mintzo ziren. Begitarteak zurbil zeuzkatela konturatu nintzen. Hurbildu gintzaizkienean alegeratu ziren, neurri batean, baina izuaren soka ez zuten erabat askatu.

      — Amaia, zerbait hartuko duzu?

      — Xabi, egun on, bai... kafe bat, hutsa ahal bada.

      Besoa altxatu zuen. Zerbitzariak hitzik gabe ulertu zuen. Kafe makinaren burrunbaz bete zen ostatuaren isiltasuna. Hirukoteari begira geratu nintzaion. Deabrua ikusi ote zuten? Beldurra zerien gorputzeko molekula bekaitz bakoitzetik. Maialenen eskuen ikara nabarmena zen:

      — Zergatik bilduak gara hemen?

      — Pantxoak erabaki du... denak deitu gaitu, mezu kriptatu bidez.

      — Uste duzue Homeland seriean garela?

      Ez zuten ene arraileria zirrizta onetsi. Alderantziz. Halako izu olde ulertezina eragin zuela iruditu zitzaidan. Carrie Mathisonen larruan sartzen ari nintzen, bipolaritatearen eremuen mugetan.

      — Ehemm... goazen harira: zer gertatzen da?

      — Mezu bitxi bat ukan dugu telefonoetan. Lau hitz, ulertezinak. Errazu zuk, Pantxoa.

      — ... Xabik ez daki zer pentsa. Maialen durduzatzear dago. Eta nik susmatzen dut egun garratzen atarian gaudela...

      — Hainbeste?

      Bazterretara so egin nuen. Inguma malefikorik ez nekusan. Zugarramurdiko sorgin sufriturik ere ez. Halere, aitor nezakeen erre usain uhergarria bazebilela airean. Bat-batean, Maialenek mugikorraren pantaila jarri zidan sudur pean. Egia zen, laidoak baziren, mezu pornografikoak, baina zerrenda luzean, testu bitxi batek gatibatu zuen ene begirada: “Kanpoko egurrak sua ezin egar...”. Atsotitz kutsua zeukan. Beste mende batekoa. Oihenarten ildokoa. Axularren predikuetako perpaus zilarren sailekoa.

      — Zer erran nahi du?

      — Ez dakigu —Maialenen ahots kraskatua zen—, ez dakigula! Ez da beste mezuak bezalakoa. Igortzailea ezberdina balitz?

      — Hipotesi interesgarria.

      — Ez dakit nork zabaldu dituen gure urrutizkin zenbakiak. Segur naiz iraganeko gizon birtual zikin eta likits haietatik bat dela... ikusi duzu mezuen edukia?

      — Bai... Zertan ibili zineten egiazki zuen gazte denbora lizunean?

      — Dirua egiteko modurik egokiena zen, internet eta pantaila bidezko erotismoa. Ikasketak ordaindu ditugu horrela. Orain ere —erantsi zuen Maialenek—, ikasle anitzek, neska ala mutiko, beren ikasketen gastuei aurre horrela egiten diete...

      — Ez didazue sekula egia beritablerik kontatu... ordu da, salda zerbitzatua da, ez zenukete mintzen utzi behar... Maddiren onerako ari naiz, ez dut beste interesik, arren...

      Kopetak apaldu zituzten. Kokinkeria edo gaizkia egiten harrapatu umemokoen antzera. Mahai kantoia jo nuen, esku ahur hotzaz:

      — Maddiren onerako...

      — Zer nahi duzu? Dena erran dizugu.

      Pantxoa zen, oldartzen. Maialenek so egin zion amultsuki. Animatzeko bezala. Xabi, aldiz, leihotik kanpora begira zegoen. Betikoa Dantxarinean, erosketa karroak arradaz hipermerkatutik aparkalekura, herritarrak mantso, otzan. Haur batzuk patioan jostatzen, harmailetan gora eta behera, jauzika. Gizonak, hotsik gabe baina, ahoa ireki zuen:

      — Ni ere Bordelen nintzen garaietan, pubetan ibiltzen ginenean, gurutzatzen nuen Jason. Zenbaitetan astotzen zen, pitotzen, eta orduan terriblea izan zitekeen... Zurrumurruak bazebiltzan, Maialen bortxatu bide zuela eta horrelako...

      — Xabi!

      — Maialen, egia isiltzeak ez du balio.

      — Bazuen harremanik Maddirekin?

      — Bitxia zen, biziki...

      Xabik, Pantxoaren begirada desafiatuz, istorio arraroa kontatu zidan: Maddi, kilika.eus gunean, internet bidez, hitza harilkatzen zebilen Katutxo izengoitiarekiko kontaktu batekin. Maddik ez zekien Katutxo eta Jason pertsona bera zirela, pantailan abatar itxuraz agertzen zitzaiona eta besta buruetan amainatzen zuena. Susmoak izan zituela? Baliteke... baina gehiagorik ez, hori segur! Ez zuen inoiz lotura egin. Maddi ezkontzerako urratsetan sartu zenean, adiskideak mutu gelditu ziren, destinoa konplitzera utzi zuten, aldi berean axolagabe eta ezjakin.

      — Maddi zoratua zen —artekatu zuen Xabik—, Jasonek dirua bazuen, diruaren distira, diruaren kliska, noizbait etxeko andere aberats izateko ametsa zeukalako, neska gazte askoren moduan. Gure ama ere loriatua zen, gizongaia nor zen agertzera joan gintzaizkionean. Argazkia ikusi eta oroitzen naiz zein harro zen bere ahizparekin eta herriko lagunekin! Gaixo ama, ez zuen jakiten ahal. Amek beti beren alaben ona desiratzen dute, badakizu hori, bizargorriren edo ogroaren eskuetan uzten dutela susmatzen duten arren!

      Ahoa bete hortz gelditu nintzen.

      — Zer egingo zenuen zuk?

      Maialenen ahots lakarra zen. Landetako oihan-gizon kuttunak bezperan bidali bideoetako irudiek garuna zeharkatu zidaten. Gauean, itzal bat, zulo batean urtzen. Haur denborako ipuin beldurgarri latza zirudien. Nor zen itzal hori? Galdera bat banuen oraino:

      — Jason non bizi den badakizue?

      Maialenek burua baiezkoan mugitu zuen. Ez zen ezteietara gonbidatua izan, baina behin Maddiri bisita bat egin zion, bere hondar sosak emateko.

      — Eta?

      — Eta deus... baserri ederra zen, ardiak eta behiak zeuzkaten, Maddi egun oroz Bordelera zihoan psikologo-erizain lana betetzeko, hango ospitale batean. Ama xaharra plaxenta zen, mutua. Supazter zokoan zegoen, brodatzen.

      — Margo kostunbrista polita... oihal perfektu horretan ez zegoen urrakorik?

      — Ez, salbu, ene lagunik minenak bortxatu ninduen mutikoa hartu zuela senartzat. Segurtasun izpirik ez neukan ordea. Epaitegiak karguz libre utzi zuen, neurri batean, akusatuak sexualdiarekin bat nentorrela errepikatu zuelako. Eskerrak hargatik, bisita egin nionean, Jason ez zegoela etxean!

      Maialen negarrez lehertu zen. Ageri zen zauria zabalik zeukala oraindik. Besoa altxatu eta whiski ttilika bat manatu zuen: ezezagun bati egiaren azaltzea zaila zen. Are zailago Maddiren desagerpenaren kasua ikertzen ari zenari. Zirikatzen nituen, gogor, lur hits eta ustelean ihalozka zebiltzan zizareak sudurretik idokiz. Ez zen baitezpada ekintza ederra. Hipakoen artetik segitu zuen:

      — Egun hartan, Maddirekiko haria moztea erabaki nuen. Handik gutxira Indiara hegaldatuko nintzen. Gorka Azpirotzekin maitemindu nintzen Puneko nazioarteko yoga zentroan eta Azpilkuetara etorri ginen bizitzera... Gorka Madrilera joan zen eta orduz geroztik...

      — Bai...

      Ohiko istorioa. Bikote arazoak eta dibortzioa. Ez nintzen ondorioetan luzatu. Xabik Maialenen sorbaldan pausatu zuen besoa, sosegatzeko bezala. Pantxoak ere aitortu zidan behin Bordelen aurkitu zuela Maddi, sabel borobil batekin:

      — Esperantzetan zen argiki edo itsua nintzen. Bost-sei hilabeteko. Behakoak trukatu genituen, baina ernatu zen, Santa Katalina karrikako jendetzan urtzeko. Bere hatza han galdu nuen.

      — Haur bat baluke orduan?

      Ene galdera hutsean dilindatu zen. Piteier baserrian ibili nintzen arratsalde hartan, adin hotzeko mutiko batekin paseatzen zelatatu nuen ama xahar hura. Misterioak zirauen. Ez nuen nekiena partekatu. Xabik gure arteko giro totela inarrosi zuen:

      — Hilabetean behin gutuna igortzen zion amari, duela gutxi arte. Berriak, gertakariak, bere sentimenduak azaltzen zizkion, alaba batek bere amari egin liezaiokeen manera sotilean. Herenegun ikusi ditut letra horiek amaren etxean eta ez dut balizko haur bati buruzko hitzik irakurri...

      — Amak preseski jakin nahi du zer gertatu zaion, lurraren azaletik zergatik desagertu bezala den...

      — Erantzunik ez dugu, Amaia.

      Hiru solaskideek behiala erakutsi zizkidaten mezu pornografikoen eta laidoen igorlea nor zen? Jason? Maddi bera, bere lagunak gaztigatzeko? Beldurtzeko? Bizirik zegoela jakinarazteko? Amak ere mezu sibilinoak erdiesten zituela adierazi zidan Xabik:

      — Gure amak mezu izugarriak ukaiten ditu, esplikaezinak, gaixo ama! Eta Maddiren gutunen iturria bat-batean agortu zen. Horregatik deitu zintuen, afera argitzeko.

      Hiru mahaikideak konplize ziren. Hasieratik den-dena bazekiten: ezkontza, Jasonen iragana, haurra, mehatxuak, amaren urratsa niregana... Omertà astunak baldintzaturiko endogamia moduko batean ziharduten. Ez ziren urrezkoak, ezpainak josten zizkieten hariak. Puntu batzuk argituko zizkidaten alaina, baina ez ninduten asko lagunduko. Bilkura bukatutzat ematen nuelako keinua marraztu nuen. Pantxoa zutitu eta bortizki esertzera behartu ninduen:

      — Hau ere jakin behar duzu. Bere familiarekin kexaturik joan zen Jasonekin ezkontzera. Xabik xehetasunak emango dizkizu... eta ez zekien bere gizongaiak Maialenen bortxaketan parte hartu zuenik. Erraiozu Maialen, harritu zinela, Labriteko baserrira bisita egin zeniolarik, epaitegian ikusi gizona Maddiren senarra zela ikustean.

      — Bai, hala zen, ez nion deus argitu. Baina gure harremana ebaki zen, hortxe bertan, banpez.

      Suge zaku galantaren erdira luzatu nuen eskua. Beharbada Xabi galdekatu beharko nuen, zainartago, Pantxoak altxatzen zuen familia istorio horren erbiaz. Edo amarekin egongo nintzen, arratsalde partean. Maialen eta Pantxoa joan ziren eskuz esku, ehortzeta muturrekin, eta bakarrik gelditu nintzen Xabirekin. Zirikatuko nuen arraiki.

 

 

Ez nintzen gerotik gerora ibiliko. Axular zentro komertzialeko aparkalekuaren zoko ilun batera eraman nuen gizona, bere gogoaren kontra, egia erran. Maddiren haserrearen jatorriaz gehiago jakin behar nuen. Xabi mutu egon zen luzaz, eremu beltzeko zutoin baten kontra bizkarrez bermatua. Begiak zerratzen zituen. Ez nuen denbora askorik. Lepotik hartu nuen, zutaberantz bultzatu, paparra kokotsera hurbiltzen niola:

      — Mintzatuko zara, Xabi, mintzatuko zarela... Zer gertatu zen Maddik Jasonekin ezkontzeko erabaki ulertezin hori hartzeko?

      — Ezkondu zen... ez dakidana da Maddik ezkontzea deliberatu zuen gure erabakiarengatik, ala gure erabakiaren ondotik. Oroitzen naiz presatua zela, ikasketak bukatuak zituen eta senargai bat bazuen aldamenean, irri ederra ezpainetan, aiduru...

      — Zer pasatu zitzaizuen?

      — Aita hil zen, uste gabetarik, bihotzekoak joa. Eta arranjamenduak egitea tokatu zitzaigun, notarioaren aitzinean, badakizu nola den, tentsioa, haurrideak zelatan, istorio zahar ahantziak azaleratzen direlarik...

      — Eta?

      — Etxaldea partekatu genuen. Anaiak baserria atxiki zuen, Maddiri eta eni etxe-partea ordaintzen zigula. Bai, hiru haurride gara... Ama bertan biziko zen, bere azken eguna arte. Amak nolabait pentsatua zuen ez genuela dirurik galdatuko, baina ederki tronpatu zen: guk ere bagenituen gure gastuak, maileguak pagatzeko eta bizitzak aitzina eramateko... gurekin kexatu zen ama eta guk anaia gehienaren alderdia hartzea leporatu genion, notarioaren bulegotik jalgi bezain laster.

      Konprenitzen ari nintzen. Nire ideia baneukan. Aurreiritzia menturaz. Berriz ere frogatzen nuen familia zorritegi galanta zela. Kanpotik denek irri handi eta lainoa eskaintzen zuten eta aski zen larrua doi bat karruskatzea, barneko usteldura urrinaz jabetzeko. Oroitu nintzen gurean kontatzen zenaz, bere aitaren hilotza oraindik ketan zegoela, bere herentziaren bila etorri zen andere adindu haren ausardia ahalkegarriaz. Koplak ere egin zitzaizkion. Ororen buru, Maddi ezkontide interesgarria zen. Dote ederra zeukala jakinez, nik ere emaztetzat hartuko nuen, herioak bereizi arte...

      — Zenbateko txekea eraman zenuten?

      — Erranen dizudala uste duzu? Tirrit...

      — Zenbat?

      Bortiztu nintzen. Zutabearen aurka tinko atxikitzen nuen, ene esku gotorrarekin barrabilak hertsatzen nizkiola. Intziri ahula entzun nuen. Mina ala atsegina? Behatzak gehiago itxi nituen dolorea areagotzeko:

      — Zenbat?

      — Ez duzu eskubiderik! Poliziari deituko diot.

      — Zuk? Abertzale munduko figura batek? Poliziari deituko diozula? Gagatzen ari zara, jauna... Zure arreba desagertu da, beharbada kinka larrian dago eta zuk poliziari deitu nahi diozu?

      Kopeta apaldu zuen. Presioa laxatu nuen. Koskoilak minbera zituen, argiki. Zinominoka ikus nezakeen, sabelpea eskuarekin gozatzen zuela:

      — Zenbat?

      — Berrogeita hamar mila euro ukan genituen, bakoitzak, etxe-parte gisa. Baina etxera itzultzeko eskubidea ezeztatu ziguten. Alu zikinak...

      — Haserrearen muina.

      Isildu zen. Dote ederra zen, zinez. Nekienez, Jasonek ezkontzarako urratsak zalutu zituen. Behiala, Gerora ostatuan bilduek erran zidatenez, lau asteko epean antolatu ziren ezteiak, normalean sei hilabete, bederen, eskatzen zuelarik horrelako zeremoniak. Dora eta Mangoren eraztunen trukatzearen prestakuntzak, urtebete. Pentsa! Aho zokoa idor neukan Lasturko asteburuaz gogoratzen hasi nintzenean. Zoramen haroaren irudiak haizatu nituen burutik. Kopeta-makur ikusten nuen, ene aitzinean, eta ezkerreko eskua eskuineko sorbaldan pausatu nion erranez:

      — Milesker, Xabi, aurkituko dut Maddi, eta bizirik. Nahiago dut hori. Uste nuen sexu zirrika eta bortxaketa istorioak bazirela zuen artean. Film beltza egina nuen. Barkatu.

      Hitzik ez zuen erantsi. Xabi segitu nuen bere suv erraldoira zuzentzen, konkor, hustua bailitzan. Kontzientzia txarra neukan hala ere, nire egitekoa ez baitzen esperantza faltsuak sortzea. Ez nintzen Quanticon edo Ipar Virginiako oihan zoko bateko segurtasun institutu sekreturen batean formatua izan. Baina atrebitzen nintzen agian atxiki ez nezakeen promesa bat plazaratzen. Ausarkeriaz ari ote nintzen?

 

 

Maddik dirua bazuela ondorioztatzen nuen. Ikertzaile arruntenen gisara, aski nuen ardit ozenaren urratsa jarraitzea eta emakumea bilatzea. Joanaren 4x4 burrunbatsuan nenbilen, Ezekielen prophezia hautematen, nagiegi nintzelako buklean zebilkigun diskoa irratiaren ahotik ilkitzeko. Hoberena zen norabidearen ez galtzeko, nondik gentozen jakiteko, nora gindoazen jakin gabe. Baionara itzuli nintzen, izpiritua mortu. Bakarrizketa antzuan higatzear, baina jaidura memeloari uko egiten nion, errepidean ziztu bizian zebiltzan eroak ekiditen saiatzeko.

      Horixe, nioen enekiko, sosaren oihartzuna eta emaztearen itzala batera segi eta zerbaitera helduko nintzen. Mainoneko biribilgunetik San Izpiritun sartzeraino ordu bat eta erdi eman nuen, kotxeen artean bahitua, abiadura motelean, zazpi minutu oroz lau metro, bolanteari joka, kexua bazkatzen eta auzapeza madarikatzen, Baiona bezalako entrabaleko hirian, egunero, goiz eta arratsaldeetan, bideak emokatuak zirelako, New York edo Los Angelesen bagina bezala. Ordea, hurrengoan, merkatuan gurutzatuko nuenean, ez nion deus latzik leporatuko, gure bakegileetan lehena zelako: etaren desarmatzea lortu zuen, eta orain presoak... hori ere zerbait zen!

      Pentsamendu likitsak baztertu nituen. Ez nuen politikarik egiten. Maddiren bilatzea zen ene lana, soilik. Hainbat misterio banituen argituak hondar hiru hamarkada hauetan, xendra bitxiek euskal jendartearen gunerik zitalenetara eraman ninduten eta ez nuen gehiago sinesten jendea ona izan zitekeenik, dirua, boterea, emazteak eta gizonak jokoan sartzen ziren ber. Maitasunak salbatzen gintuen? Bakarretan bai, gehienetan ez. Maitasuna ere performatiboa zelako, sozietate moralistak inposatzen zizkigun egiteko erak errepikatzen genituen, besteak bezala bizitzeko. Gure beldurra baitzen joera onartuen meta konpaktutik urruntzea, erramerranak eta zurrumurruak haztea, amari pena eragitea, sekula zer edo zer jakiten baldin bazuen.

      Maddi, adibidez, etxeko arranjamenduen bilkuratik lekora, amarekin haserretu zen eta dirua sakelan ezkontzera ernatu, amodioaren izenean, libertate ametsez, Jasonen distirak amaren ilusioa pizten zuela halaber: sosa bazuen, ederki mintzo zen, jakintsua zen eta ideia argiak zituen etorkizunaz. Bikotea behin baizik ez zen egon Maddiren amarekin, oren laurden batez eta aski izan zen adineko anderearen begiak urrez itotzeko. Batzuek bazuten ahalmen bikain bat, hitz edo keinu batez lagun protsimoak hipnotizatzeko, mentalki menpe hartzeko, betirako. Bazirudien hori zela gertatu duela zazpi urte, aztoramendu bat, zoramen olde baten tsunamia.

      Hala ere, bitxi zitzaidan Pantxoa, Maialen eta Maddik osatzen zuten taldearen funtzionatzeko modua. Gezurretan ari ziren elkarrekiko, egia erdiak hedatzen, egoeraren larria ukatzen eta bata besteari zangalatrabak jartzen. Alta garai batean otsoak ardi artean bezain lorios zebiltzala zirudidan: sexua, dirua, birtualitatearen anonimotasunaz baliatzen ziren elkar sostengatzeko. Ez zuten hotzik begietan. Maddi Jasonekin ezkontzeak ekarri zituen erranezinak eta mututasunak, errealitate ez hain arrosa estaltzeko. Egiaz, sexu numerikoaren garaiak ez ziren gozoak suertatu, sordidoak baino, kameren aurrean biluzteak eta masturbatzeak ez zuen deus ohoragarririk, non ez zen fereka bakoitzean hirukotearen poltsara eroritako sosen onura. Bidaiak egiten zituzten, afari handiak Akitaniako jatetxe garestienetan eta, demagun, Baionako bestetan eskuzabal zebiltzan beren lagun ohiekin. Agertzen ziren leku guztietan, haiekin egoteko eta ibiltzeko gutizia pizten zuten, nahiz eta ilargiak alde ilun bat bazuen beti.

      Joanaren 4x4a aparkatu nuen leku seguru batean. Eta leku seguruak oro ordaintzen ziren. Hauturik ez neukan. Etxeraino oinez zanpa-zanpa zuzentzean, eta pentsatzen jarraituz, iruditu zitzaidan, alta izpiritu irekia nuelarik, hirukotearen egiteko manerarekiko joera aski moralista neukala: nor nintzen ni jujatzeko? Zeren izenean gaitzetsiko nuen herritar zenbaiten sexu alorreko nahikundea, eredu heteropatriarkalaren linboetan nahi zutena egin zezaketen... Lesbiana izateak, hala uste nuen, euskal feministen artean asko aipatzen zen intersekzionalitatearen armiarma sarearen muinean gatibatzen ninduen, ez nintzelako gizonak eta hauen mundu sinbolikoa desiratzen zuten pertsonetatik. Aitortzekoa nuen, hargatik, ene bizitzan modelo heterosexuala kopiatu nahi zuten neska bikoteak ere ezagutu nituela. Konparazionez, haragijale ohia izatearen nostalgia leukaketen beganoen antzera genbiltzan noiztenka, supermerkatu organikoetan haragi begetala erostera lehiatuz. Edo bizikleta elektrikoa erabiltzen zuenaren pare, bizikleta egin nahi, baina ez pedalei eragin. Kontradikzioz astunduak ginen eta halere bizi behar, ahalik hobekien. Blablari itzela nintzen.

      Ordenagailua piztu baiko, Nolwenen begitartea zehaztu nuen pantailan. Tearen egiteko uraren berotzen ari nintzen. Ontzia, sutan, kurrinkaz utzi nuen. Hamar minutu atseden hartu nituen. Oren bat baino gehiago eman nuen beribil barne konfinatuan, Ezekielen prophezia entzuten, mila bider, nota bakoitzaren oihartzuna belarrian, Mainonetik Maubecera. Jasanezina zen: ez ote nuen pausarik merezi? Kikarako jarioa beltzatu eta ezpainetaratu nuen, hasperen artean, hurrupaz hurrupa zainak jabaldurik, zilarrezko azala zeukan konputerrera hurbiltzeko.

      — Nolwen?

 

 

Prest nintzen. Bulegoan eroso plantatu eta Nolwenen begi numerikoetan landatu nituen begiak.

      — Zer berri?

      — Berriak zahar eta zaharrak berri...

      — Ongi hasten gara! Ukan dituzu ene igorketak?

      — Bai eta egiazki interesgarriak dira. Aztertu ditut gaingiroki eta dna hatzen interpretazioa laster eskuratuko dut. Jasonen erregistroa xehekiago ikertu dut eta Maialenen bortxaketaz bestelako tatxak ere aurkitu dizkiot.

      — Bahaia?

      — Baionako bestetan neska gazte bat beldurtzeraino segitzea leporatu zioten. Interes orokorreko lanaz gaztigatu zuten. Lapurdum hiriko baratze publikoetan aritu zen, hiru hilabetez...

      Ikara batek larrantzi ninduen. Zuriz eta gorriz jantzi psikopata mozkortuek hiria zeharkatzen zuten, ehiza samur eta jangarrien bila. Nazka uhin batek hantu ninduen eta komunetara laster egin nuen. Gogoan neukan oraindik Jana Elgebeltz gaizoaren desagertzea nola argitu nuen duela zenbait urte, ezbehar hura ere Baionako besten garaian agitu zela! Eta Baiona, modu guztietako zakarkeriak biderkatzeko, nahikoa leku ilun eta zokoratuz mukuru zegoen.

      — Amaia?

      — Zer duzu? Bada besterik?

      — Bai, emazte batek setio larriaz akusatu zuen Bordelen. Hiru egun eta lau gau pasatu omen zituen mahastien arteko bordatxo batean, aulki batean beso-zangoak sokaz tinko estekatuak, ukabilkada eta ostikaden menpe. Eraso sexualak jasan zituen lauzpabost aldiz. Denboraren buruan askatu zuen Pariserako autobideko gasolindegi batean...

      — Gero eta irudi kriminal latzagoa daukagu hor. Nola erori zen Maddi bezalako neskatxa abila horrelako piztia baten besoetara?

      — Argiak iluna tirriatzen du eta iluna argiz janzten da, bere harrapakina seduzitzeko. Mila bider entzundako istorioak dira, jendartearen zirrikiturik zitalenak ikertzen ditugunok bederen...

      Nire maitale ohia filosofo bihurtzen zihoan. Baina arrazoia zuen. Emakumeok itxuren eta hitzen distirak hobesteko hezten gintuzten. Printze urdinaren zain geunden eta printzea, ororen buru, ogro zital bat baizik ez zen, bere gaztelu tepuan preso eduki gintzakeena. Eta bildots sakrifikatuen pare bukatzen genuen, odoletan, zatikatuak eta bazter orotan barreiatuak. Bakarretan egiazki, gehienetan sinbolikoki, eta seinale txarra zen, inkontzientearen leizeetan metatzen zihoazkigun bortizkeriak. Edozein kasutan, zaurituak ginen, markatuak, traumatizatuak.

      dna frogen ondorioak eskuratu berri ditut mezu kriptatuz, eta...

      — Eta?

      — Jasonenarekin konparatu dut eta ez du deus ikustekorik. Bai aldiz han inguruan bizi den beste gizon batenarekin. Segur naiz zure Labriteko informatzaileak ezagutzen duela, han bizi delako.

      — Bigarren gizaki bat bada?

      — Errebista pornografikoaren gaineko esperma tantek hori agertzen dute behintzat... Piteier baserriaren auzoko norbait da edo...

      — Harrapari sexual talde bateko kideak izan daitezke?

      — Nork daki... uste genuen kilika.eus gunea desaktibatu zuela goizean solastatu duzun hirukote plantakoak, baina ez da hala, bizirik dago oraindik.

      Maddik, ezkondu baiko, segitu ote zuen pantailan egikera erotikoak eskaintzen diru ozenen trukean? Bortxaren ala bizioaren hegalpean? Galderak nituen. Maialen eta Pantxoak bazekiten zertan zegoen beraiek sortu zuten zibergunea? Deituko nituen, baina kasik ziur nintzen ez zirela jakinean izango. Bordeleko istorioekiko haria moztua zuten aspaldian.

      — Nolwen, eta bigarren gizon horren izenik baduzu?

      — Bai, badut... Jose Camy deitzen da. Fitxatua da. Gaizkile arrunt gisa. Momentukoz.

      Musu sutsua igorri nion urrunetik. Eskertzeko. Ohartzen nintzen oraindik maite nuela Nolwen, ez Joana Garralda bezain, baina bai maite nuen. Behatza altxatu zuen:

      — Lankide bat bidaliko dizut, ikerketa hau lanjerosa bihurtzen ari baita. Peio Elizalde. Kobertura pean dabil, justuki droga eta sexu trafiko sareak nondik nora doazen zulatzeko. Olagarro izugarriaren erdian igerika dabil eta konponduko zaretela uste dut...