Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

X

 

 

Debako gasolindegian utzi genuen autobidea. Itziar zeharkatu eta Lasturko norabidean jarri ginen, astiro, bazterrei begira. Ahozkotasunaren eremu epikoan sartzen nintzelako sentimendua partekatzen nuen Joanarekin. Andregaia bidean kontzentratzen zen.

      — Ez goaz mendian gora?

      — Lastur maldan behera dela ikusten dut mapa honetan...

      — Hortxe, eskuinera, gero eta apalago goaz. Beldur naiz ez ote dugun harpe batean bukatuko. Mamu, piztia, suge, sorgin eta pangolinez setiatuak...

      — Zu beti zure gidoi katastrofistekin!!!

      — Hara, helduak gara...

      Larunbata zen. Jende franko bazen jada Lasturko plazan, hala deitzen ahal baldin bazen elizak, eiherak, bolatokiak eta Zulaikatarren hotelak osatzen zuten borobil zentrala. Joanaren 4x4a alboko pentze berde baten sarreran abandonatu genuen, bertan bilduak ziren beste berrogei bat ibilgailuen erdian. Lesbianen kastakoak izanagatik, ez ginen prest sozietate termodinamikoaren onurei uko egiteko. Kotxeak zein baino zein handiagoak ziren, dieseldunak batzuk, besteak elektrikari esker ibilki eta azkenak hibridoak. Abiadura maite genuen, gure botere ekonomikoaren indarra erakustea halaber.

      Bolatokiaren saihetsetik sartu ginen aurkitu genuen lehen taldean. Sei neska ziren, euskalkiaren musikatik Bizkai aldetik zetozenak. Pika beleen antzera mintzo ziren, piu-piu, gora, bizi. Esku soilaz agurtu genituen. Ez gintuzten saldoan urtzera gonbidatu ere. Aitzina jo genuen, ahurretik heldurik, biak zuriz eta beltzez jantziak, nahikoa harro. Kontraste ederra hazten genukeen Lasturko bazter hain berdeekin konparatuz. Gustatzen zitzaidan eguneroko ene jantzi-trapuak kentzea eta behar bezala apaintzea. Haur denboran “igandez” erranen genuen. Joanaren ezpainetan musu agerroia pausatu nuen, xuxurlari:

      — Txikiak ginenean, etxean, aste barneko arropak bagenitinan eta igandetakoak, igandeetan eta bizitzako aukera berezietan erabiltzen genituenak. Ikusiak ditun ene zapata beltzak? Ba, pare bat baizik ez dinat, ezteietarako baliatzen ditudanak, bai eta bataio zein ehortzeetarako. Palto beltz hau berdin...

      — Horregatik hain kartoi gutxi daukan etxe aldaketa egiteko orduan? Denak liburuz beteak hituen...

      — Bai, liburuz eta disko konpaktuz.

      — To, Mailux ere hor dinagu... zuka mintza gaitezen, jendeak baditinagu hemen...

      Irriz pufatu ginen. Ez zen txantxetakoa. Mailux euskara irakaslea zen eta ez zuen begi onez ikusten nolanahika toka edo noka aritze hori, behere mailakoa iruditzen zitzaion, Odiseako Ulisesen Eumeo urde hazlearen aho-kidegokoa agian.

      — Bakarrik etorri al zara?

      — Bai, momentuan bakarrik nago, baina beranduago Laida ailegatuko da, badakizue, ene neska-lagun berria. Duela gutxi egin dut haren ezagutza, karrikan, horrela tipus-tapas batean, genre, ezezagun batek loreak eskaintzen dizkizu eta...

      — Erromantikoa zinez!

      — Nobela arrosa baten idaztekoa banuke...

      Mailux ere zuriz jantzia zen, baina lepondoan halako lumazko boa bat bazebilkion. Etxeko urreriak oro atera zituen, guztiak eguzkitan kliskari. Begiak itxi nituen. Joanak burua itzulikatu zuen.

      — Non ditugu Dora eta Mango?

      — Hantxe, badakuskitzat, hori, hori...

      Nahiz eta ez nintzen aditz trinkoaren bere harilkaren zuzenaz batere segur, arrazoia zuen Mailuxek, hantxe ziren, bikote planttakoa, aingeruei barrez, zorionaren gailurrean hegalda bezala. Iparraldetik hurbildu feminista saldo bat zehaztu nuen Doraren aldamenean, pozik eta biribilka. Buruko mantelina hozkan ematen zioten, arropako plegu zakarrak desegiten, loreak ahurretan atontzen. Argazkiz metrailatzen zuen emaztea bistaz nezagula zirudidan. Mailuxi erakutsi nahi nion aditz trinkoekin bera bezain ausart eta trebe nintzela:

      — Dirudit, naski, dezagudala!

      — Aski, Amaia, probokatzen nauzu... ez da egoerarik egokiena ene desafiatzeko. Bakean utz nazazu. Zure trinkokeria gorroto dut. Haserretzear nago...

      — Gero arte, Mailux.

      Joanaren ahotsa zuhurra zen, intzidente diplomatikoari azkena ematen ziola. Gerriko ene gantzezko zintan ximiko bat nabaritu nuen. Maitea larderiatsu bihurtzen ari zitzaidan:

      — Zergatik xerkatzen dun? Gaixo Mailux... Euskara bere bizia dun, ez din horrelakorik merezi. Erraion damu haizela, barkatzea galdatzen dionala, dantza bat eginen duzuela elkarrekin, Laida beste batekin ibiliko zaion artean.

      — Bai, ama, xuk errana konplituko’ixit.

      Nafarroatik hurbildu emazte zenbait gipuzkoar batzuekin bilbatuak ziren. Haiengana jo genuen. Algara ozenez hartu gintuzten:

      — Hara, iparraldekoak! Euskadi eta Nafarroa Euskal Herri izateko alibirik ziurrenak! Ongi etorri...

      — Dora eta Mangoren agurtzera goaz. Ikusiko dugu elkar mezatik landa eta beharbada bazkalondoan, Larrain Dantza bikaina eskaintzen ahalko dugu denok batera...

      Ez nekien ene bikotekideak non aurkitzen zituen antzeko arrazoiak. Euskal Herria aspaldian baketua zatekeen Joana Garraldaren trakako andere lehendakari bat eman izan bagenu boterean Gasteizen, Iruñean eta Baionan. Baina bego politika, utikan... Eskutik tiratzen ninduen, ez nuen astirik hatsa hartzeko, pentsatzeko, hor zeudenak nor ziren asmatzeko eta maite nuen emakumea txalotzeko. Bat-batean, Dora eta Mangoren aurrean geunden, hatsanka eta aztoratuak.

 

 

Lasturko plazaren minean, udan behi lasterrak egiten ziren lekuan, oihalezko aterpe bat eraiki zuten. Ehun bat aulki zenbatu nituen, Euskal Herriaren zazpi hegaletatik zetozen gonbidatuentzat. Vivaldiren Gloria entzuten zen, DJ Saguxarrek nahasten zuena Kraftwerken Radioactivity puska heroikoarekin. Soinu bereziak adimena gatibatu zidan, justu Joana amoroski begira zegokidan unean:

      — Zer dun, horrela eni so, zerbait gertatu dea?

      — Ez, maitea, ez dela deus gertatu... hiregana dudan amodio inkondizionalaren musika banda dun hautematen dudana... besterik ez. Amaia, gu ere, noizbait ezkonduko al gaitun?

      — Gu? Zer? Bazauna? Ikusi ditun eztei baten gastuak? Azken aldian aipatu genuelarik ez huen horrelakorik nahi ere...

      — Sosa badinat, hori baldin bada arazoa.      Baina ez dinat uste arazoa hori denik... zuzen niza?

      — Bai.

      — Orduan?

      — Etikoki, eta estetikoki, ez dinat neure burua ezkondua irudikatzen. Hirekin, Atharratze gaineko Erratzü baserrian, hil arteraino bizitzen aldiz bai... ez dun ene doktrinan sartzen eraztunen trukatzea, musuak publikoan, irris eta arto irin botaketak, gure gabezia materialen funtsak notario aitzinean finkatzea edo haurrak espero izatea. Hire lau biloba goastatu eta bihurriekin nahikoa dinat, Joana.

      — Hara, predikua, sekula ahoskatu ez huena. Eskerrak Lasturren gauden, hire elasturia askatzen ikusteko, eskerrak jendetza maitagarri honetan ez gaituztela konprenitzen, iparraldeko euskara gero eta urrunago zaielako... baina, lasai, jende gisa jasaten gaitizten!

      Algara ozena libratu zuen Joana Garraldak, ene harridurarako. Ez nuen askotan bere ironia ausikikorraren dastatzeko aukerarik. Uste dut hitanoa erabiltzen zuenean bere izpirituko kraxturuak eta bridak laxatzen zituela. Eskua tinkatu nion, aspaldiko hitzik gabeko konplizitatearen izenean, ez, ez genuen ezkontza premiarik elkar maite genuela frogatzeko. Dora eta Mango zoriondu genituen. Irus ematen zuten. Gozamen hutsa zitzaidan besteak alegera eta pozik ikustea. Oihalezko etxe peko jargietan jartzera deitu bezala gintuen txilintxa arin batek. Beltzez jantzia zen emazte batek ofiziante lana betetzen zuen, Dorak eta Mangok ez zutelako elizatik iragan nahi, mugak bazituzten hala ere. Estatuari hainbeste kostatu zitzaion sexu berekoen ezteiak onartzea eta argiki eliza (kristaua, judutarra, musulmana) ez zen horrekin ados.

      Ofizianteak bere burua aurkezten zigun, mikroak funtzionatzen zuenez saiatu ondoren. Amerikar telesailetan baizik ez nuen antzeko zeremoniarik begietsi. Dallas edo Amodioaren suak izenekoetan, egia osoaren errateko:

      — Jenifer Harriston deitzen naiz eta nik dut gaurko ekitaldi zibila kudeatuko. Dorak eta Mangok dute gidoia asmatu, marraztu eta bertan irakurriko diren idazkiak hautatu. Gaur, bikote berri honek ongietorria egiten dizuete, badakit mugaren bi aldeetako jendeak bazaudetela, eta zuen begirunea eskertzen dute, laster hasiko duten bizitza berriaren atarian! Mango —manatu zion—, pitz itzazu intsentsu makilatxoak, otoi...

      Ekialdetik letorkeen usain azkar eta sakonak hantu zuen xapitoaren azpia, uhinka. Mango itzuli zen bere lekura eta bikote bilduaren gibelean zegoen pantailan Lasturko Miliaren eresia minberaki eskaintzen zuten DJ Saguxarrek grabatu irudiak agertu ziren. Soa itxuretan iltzatu zitzaidan eta Joanaren ahurra tinkatzen nuen erotzeraino. Lastur ageri zen, inguruko mendiak, Debarako bidezidorra eta, idi pare bik lauzkatu orga batean, Milia Lastur eta bere dotea, Azpeitia eta Bergara zeharkatzen, Arrasaten sartzen, hango jaun bortitzaren harrera hotza, haur minak, oihuak, odola patsetan, zilbor hestearen ebakitzea eta Miliaren azken hatsa, sagar errea, ardao gorria, gainean lur hotza, gainean lur hotza, gainean lur hotza errepikatzen zuela hobiz haraindiko ahotsak...

      Jakina zen Dorak zuela Lastur aukeratu Mangorekiko ezteiak ospatzeko. Emazte kolpatua izana zen, senarrak jo eta behin hilzorian abandonatu zuen, sukaldeko isiltasunean. Jendarmeriara joan zen kexua agertzera baina handik etxera ekarri zuten, gizonari eztiki erregutuz bere andrea ez zezan gehiago zafra. Xede memelak. Biharamunean bertan bortiztu zen eta Dorak etxetik ihes egin zuen, emazte biltegi batera lehenik, eta gero aspalditik ezagutzen Mangorenera, Irunera. Frontera bat eman zuen senar ohiaren eta bere artean. Lasturko arratsaldeko zeniteko eki arinak distirarazten zituen malkoak lerratzen ziren Doraren mateletan behera. Hunkitua nintzen.

      Maddi desagertuaren figurak burumuina urratu zidan. Ama xifrituak bilatzen zuen. Anaiak eta behialako sareko maitaleek ez zuten axolarik eta pista faltsuetan barna galarazi nindutela gogoan neukan, Mango berriz zutitu zenean, bere agerpenaren egiteko. Maddiren itzala, anartean, Lasturko Miliarenarekin uztartu nuen: modu batez edo bestez, neska, emazte edo amona izan, guzti-guztiek genero biolentzia patriarkalaren bortxa pairatzen zuten, fisikoa edo psikikoa, batzuek bere historialeko gertakizun latzak gainditzen zituzten, besteak betirako traumatizatuak ziren eta, azkenak, lur hotzean zerraldo. Destino larria zen. Niri ere hezetasun karroindu batek busti zizkidan begi-niniak. Espero nuen Maddi nonbait bizirik eta onik atzematea, espero nuen bezala emakumearen nortasuna ez zela jasaten zuen mendeetako dolore horretara konfinatzen.

      Zapalkuntza likits oldeak baino gehiago ginen, umore-ontziak, amodio ahalmen ibiltariak, sortzaile tematsuak, erabakimen indartsuko pertsona ederrak, eta ez nuen besterik ikusten, eman dezagun, xix. gizaldiko Eulalia Abaitua baten zuri-beltzezko argazkietan. Ondoan neuzkan emazteak soaz erraztatu nituen eta hori zen nekusana, hondorik gabeko determinazio olde urdin bat.

      Mangoren hitzaldiaren mamia ihes joan zitzaidan. Gure adiskidea ohartu zen airean eta ametsetatik nenbilela. Begi beltz batez larderiatu ninduen, isilik.

      — Badira batzuk hemen segitzen ez dutenak! Lasai, txantxetan nabil... eta orain hitza emango diot Dorari... orizu, maitea!

      — Milesker...

      Jenifer Harristonek Mangori hartu zion mikroa, aski zakar, baina irri leun bat aurpegian. Kontraste harrigarria zen, ofizioan profesionalak zirenena, agian. Hitza bereganatu zuen, ahotsa borobilduz:

      — Orain Dora mintzatuko da. Bere amodioa aipatuko digu; Mangorekin nola egin zuen topo eta etorkizuneko ametsak zein dituzten. Tori, Dora, zuri...

      Dora hasi zen. Zalantzaz beterik. Jada genekiena xuxurlatu zuen. Boza indartzen zihoakion denborarekin. Mango ondoan zeukan. Mangok sorbalda biluzian pausatu zion eskularru zuriz estali ahur fina:

      — Lapitxurin nintzen. Barran, edari azkar baten aitzinean. Negar zorian. Itoizen Ezekielen prophezia kanta airean zebilen eta gazteak oro jauzika, oihuka, bultzaka... eta hor agertu zinen, Mango, agerinde zilar baten moduan. Bihotza banpez gelditu zitzaidala gogoratzen naiz. Ez luzeegi, baina, Abel Barriolak etb Kantxan dioen bezala, “iruipena daukot” une hartan hil nintzela, hil nintzela zure besoetan, Mango!

      — Maitea —erran zuen Mangok, ahapez.

      — Orduan, zuzenka joan ginen Irungo zure etxera, gure lehen gaua zoragarria izan zen, ez dea hala?

      — Hummmmm...

      — Geroztik elkarrekin bizi gara, mugaren bi aldeetan, mugalari eta mugari tiroka.

      Hizlariaren umorearen poetikotasuna dastatu nuen. Erresilientzia botere handia zeukan. Agur konplize bat helarazi nion. Mango ezagutu zuen arte, Dora ez nuen sekula emazte batekin sentimenduak txirikordatzen ikusi. Baina bizitza horrelakoa zen, itzalez, minez eta ustekabez josia. Istant batetik bestera dena alda zitekeen, sinesten zena uhertu eta segurtasunen soka betirako hausten ahal zitzaigun.

      — Eta gaur, zoramena, ezkontza eguna. Nola amestuko genuen horrelako zerbait, eta gainera Lasturren. Lekua Mangok hautatu zuen, duela zenbait hilabete. Miliaren eresiaren miresle sutsua delako. Abestiak ene historia ere kontatzen duelako. Ez dut azalpen gehiago ematearen beharrik...

      Ez, ez zuen balio... Bestara etorritako kasik ehun pertsonek ezagutzen genituen Doraren bizitzako gertakizun larriak. Ahantziak ziruditenak, mintzo zen minutu hartan. Eleak ahitu zitzaizkiola nabaritu genuen. Musu luzea utzi zuen Mangoren ezpainetan, mihia sakon sartuz gainera. Ikusgarria zen. Ni ere Joana Garraldaren gorputz malgu eta berora hurbildu nintzen, geriza premia banu bezala.

      Jenifer Harristonek, ofiziante gisa, apaizaren papera bete zuen. Fedegabeak ginen baina, modu batean edo bestean, elizetako ezkontzen errituala fetitxizatzen genbiltzan. Jeniferrek eraztunak eskatu zizkion lekuko lana egiten zuen Mailuxi. Grabatuak eta urrezkoak ziren. Mangoren gurasoak zutitzen ikusi nituen. Amak zoriontsu ematen baldin bazuen, aita mutur zegoen, duda izpirik gabe. Beharbada besterik bazuen bere alabarentzat asmatua.

      — Mango eta Dora, zuen adiskidez inguraturik, batak besteari emango diozue maitasun hitza... Lekukoak hor dira, gurasoak, lankideak eta urruneko lagunak. Bildutasun horrez jabetzea gozo da. Mango, zuri hastea. Nahi al duzu Dora emaztetzat hartu?

      — Baaaa bai... nahi dut.

      — Zure aldi orain, Dora... nahi al duzu Mango emaztetzat hartu?

      — Nahi dut, nahi dut...

      — Eraztunak janzten ahal dituzue...

      Bikote berriaren keinu bakoitza argazkitan gatibatu zen. Txalo mamitsuak ere entzun ziren, alde guztietatik. Mundua aldatua zen, zinez, horrela, deblauki, bi emazteren ezteietara joaten ahal baginen, deus ez bailitzan, naturaltasun osoz. Eskubidea ez zen automatikoa izan, egia erran, borroka astun eta akigarri baten ondorioa baino. Joanarekin anitzetan eztabaidatzen genuen gaia zen. Eleak ahitzean, segur ginen gu ez ginela ezkonduko. Nehoiz. Nahiz eta batzuetan zalantzak genituen. Eta gustatzen zitzaigun adiskideek antolatzen zituzten ezkontzetara agertzea, solasez eta alkohol bortitzez horditzeko. Momentu bereziak ziren.

      Jeniferrek bere ofiziante egitaraua ez zuen ahanzten, Lasturren juntatu andere guztiek aperitifa berantetsia zuten arren. Bikoteak hondar urdina eta gorria nahastu zituen bokal uharri baten barnean, sinbiosi sentimental bakuna irudikatzeko. Mailuxek, gero, kotoizko eskumutur koloretsuak banatu zizkion gonbidatu bakoitzari, eta lerroan emanik, bikote berriaren eskuak elkarri estekatu behar genituen, azpimarratzeko egun hartan finkatu arimen eta gorputzen batasuna herioak baizik ez zuela apurtzen ahalko. DJ Saguxar bere makinetara lehiatu zen eta soinu airos eta metaliko bat ozenarazi zuen, fidel lerroaren aitzinatze kulunkatsuaren erritmoa laguntzeko. Ximixta batek urratu ninduen: non zegoen Maddi? Sakelan telefonoaren ikara sentitu nuen galdera egin nuen segundoan. Justuki Maddiren ama zen. Galdezka. Ezeztatu botoia sakatu nuen, aski zuen beranduago entzunen nuen mezu bat uztea.

      Xingola zuri-gorri-berdez lotu genizkien eskuak. Sinbolo azkarra zen. Indartsuegia agian, ezkondurik ere bikotearen partaide bederak bere libertatea zetxikala kontuan edukiz gero. Baina, elkarbizitzaren lehen uneetan, bazen jendeetan halako fusio sutsuaren fantasma bat, ni zu naiz, zu ni zara, eta alderantziz, zure ontasunak oro nireak dira eta gureak betirako nireak. Aurreneko hilabeteak pasatu orduko, inozentzia hori lanpusten zen, kamusten eta ohartzen ginen gutatik arras ezberdina zen pertsona batekin jardutera kondenatuak ginela. Ezkontzak sentimendu horiek areagotzen zituen, halako ingurune psikologiko zurrun batera bulkatuz bikoteak.

      Doraren so iluminatua gurutzatu nuen. Bigarren xingolari ez nion korapilorik egin. Maitasunaren amoreagatik. Amodioa, nik, estekarik gabe kontzebitzen nuelako. Dorak eta Mangok eraikiko zuten etxeaz ez nuen axolarik, bost zitzaidan funtsean, ez ziren ene aferak. Urrundu nintzen adiskidearen eta bere emaztearen mateletan musu busti bana pausatuz. Joana, ni baino abilagoa baitzen, bi neskei konplimendu eztiak eta zorion agiantzak ematen entzun nuen. Nire partea egiten zuen, horregatik ginen betirako osagarri. Gure ondotik Haizemin zetorren, Bilboko trans distiratsua, dena bular, dena ipurdi eta dena luma. Anbiguotasun osoa hazteko, ebakitzeko xede zeuzkan zakil-barrabilak ontsa agerian uzten zituen, bere arropa arin zurbilaren azpian. Irri zerutiar marra bat begitartean, Mangorengana jo zuen:

      — Biba zuek, ongi segi, hemen izateaz pozten naiz. Hona nire xingola. Herioak separatu arte, ezta?

      — Bai, Haizemin, hori eta bera...

      — Mux-mux, neskak..

      Ezpainak oilo uzki antzera plegatuz agurtu ninduen Haizeminek. Urte asko zuela Bilbon elkartu ginen iparraldeko lau euskaltzain zaharren desagertzea argitu asmotan. Denbora haietan hormonak irensten zituen, nik Jameson whiskia bezain aise. Xauxuntasuna zaintzen zuen, aurpegia krema eta errauts karioz estaltzen zuela. Usain on uhinak itotzen gintuen, gure saihetsetik iragaten zen aldi oroz. Neurri batean, Haizeminez maitemindu nintzela aitor dut, Bardeetan barna genbiltzan garai urrundu haietan. Gustatzen zitzaidan hain arinki zeraman generoa finkatzeko nahitarako ezintasun hura, emazte itxura eta ahots lakarraren arteko kontrastea. Ikerketa bururaino eraman genuen, baina Euskal Herrian askotan gertatzen den moduan, zeregina bukatu eta ez genuen sekula gehiago berririk trukatu. Dora eta Mangoren eztei egun honetaraino:

      — Aspaldikoa!

      — Zelan zagoz?

      Eihera zahar baten moduan laxatu zen. Eleak isurtzen zitzaizkion irin xehatuaren antzera. Aditzak eta hitzak. Ez zuen beldurrik. Are gutxiago ahalkerik. Enetzat, konplexuz eta erru sentimenduz hantua nintzela, jarraitzeko adibide bat zen Haizemin. Gaurkoan, are gehiago. Joanarekin nintzen eta Bilboko adiskide zaharraren besoetara jauzi egiteko jaidura menperatzen nuen. Distantzia soziala atxiki behar nuen, ene andregai ofizialaren jeloskeria uholdeak jasan nahi ez banituen.

      Karparen izkina batetik, Jenifer Harristonen ahotsa ozendu zen. Ofiziante lana ederki betetzen zuen, erdi eraginkor, erdi mistiko, giroak eskatzen zuenaren arabera. Joana lagun batekin solasean ari zen. Aulki batean geratu nintzen, pentsakor eta bakarrizketa isilean: “Mango eta Doraren eztei egun argitsu hauek finituko dira, eta etzi, Maddiren bila hasiko naiz berriz... ez dut gauza askorik... amak berriz deituko nau bere zenbaki gordetik... arriskuak hartu ditut eta agian Nolwenek ere xehetasun batzuk helaraziko dizkit... espero dut...”. Itxaropen apur bat banuen, baina, Eako lagunek zioten eran, “apurtxu” bat baizik ez.

      Jeniferrek orduan, zuritik beltzera, banpez, zeremoniaren azkena jo zuen. Barre tsunamia altxatu zen lurretik. Aperitifako eta bazkariko zerbitzariak oro mutiko gazte bizargabeak ziren. Tratatoriaz axolatzen zirenak halaber. Eredu patriarkalaren erroz goratze ikusgarria zen, ohikoan lan horiek emazteek egiten zituztelarik. Joanarengana ernatu nintzen, Mailux aurkitu nuen, Haizemin eta Soraia, Viki eta Lluisa, Leire eta Castillo, Josebe eta Paul B., Saioa eta Pettiko, guztiek basoak likido horail, sukratu eta zaporetsuz arrada zituztela. Txin-txin, besterik ez zen entzuten eta Pier Pol Berzaitzen abesti ezaguna:

      — Hau da egün eijerra!

      — Mila txoriak kantan... txauri ene erregina, besoak zuri dititzüt para...

      — Baratze bat nahi deizüt egin...

      DJ Saguxarren boza zen. Laurogeiko hamarkadako disko musika zatiekin nahasten zuen zuberotarraren melodia. Amanda Lear eta Donna Summerren arteko uztarketa bat. Giroa berotzen zihoan, gorputzak kuzkari, matelak hurbilketa samurretan, mihiak aho arrotzetan errotzen eta esku ahurrak nonahi lerratzen. Edanaren gainera, egiazko orgia alegera baten hasiera zirudien. Heldu mardoak ginen guztiak. Gertatuko zenarekiko onarpena zoharki ematen zutenak. Talde batetik bestera gindoazen, berriak trukatuz, axolagabe, bizitza betikoa edo biharamunean mundua lehertuko bailitzan.

      Otordurako jartzera lehiatu ginen bilintzi-balantza. Iraia, Mailux, Joana eta Haizemin neuzkan aldamenean. U formako mahaien tartetik Dora eta Mango bikote bermatu berria ikusten nuen. Hamazazpi janari motatako platerak gozatuko genituen, beste hainbeste ardo suerte eta lauzpabost orduz ez ginen sabelak betetzetik kantitu. Doi bat, Meagako Azkue jatetxean bagina bezala, begiak asetzen, tripa zorriak bezainbat. Zorion hutsa. Une batetik hara, denboraren neurria galdu nuen, paradisua dastatzeko eta Joanaren aldean bertan gogotik amiltzeko. Andregaia txio-txio etengabean hautematen nuen. Adoragarria zen.

      Xanpain oldea isurtzen zihoan. Beste mundu batera lekutu ginen, dudaren eta izuaren sentsazioa galtzen gindoazen, aditzak eskumuturrak bezain trinko ernaltzen zitzaizkigula. Bat-batean ohartu nintzen gu hizkiaren bahitu bat baino ez nintzela eta, Fargo telesailaren hirugarren sasoian erraten zen bezala, gu hori nire antzeko herrestak entzerratzen ziren gaztelua zela. Fargo pentsatu eta hotzikara larriak inarrosi ninduen. Eremu elurtuak irudikatu nituen, Cadillac markako auto zabal, astun eta gorriak, bide luzeak, oihan ilunak eta gaizkile bihozgabeak trumilka. Urratsak uzten zituzten hormaren gainean, odol tatxak eta bala galduak.

      Joanarekin dantzari ekin nionean, DJ Saguxarrek Emmylou Harrisen C’est la vie kanta jartzen zuela, oroitu nintzen hemezortzi urte konplitu berrian Ameriketako Four Corners eskualdean Cadillac distiratsu eta zurruna gidatzen ibili nintzela, Colorado ibaiaren haranetan zehar, Green River eta Placerville zeharkatuz. Lur idorretako hautsak betezpalak astuntzen zizkidan eta nire belar bildumari sagebrusha gehitzen nion. Neil Youngen Comes a Time entzuten nuen, bai eta Bruce Springsteenen Greetings from Asbury Park, K7 moduan, denbora haietan besterik ez baitzen. Ute eta navajoen erreserbak bisitatu nituen, nihaur ere, euskaldun izanez, aski indio sentitzen nintzela.

      Autoktonoa nintzen, ez indigena. Izpiritua biribilka zebilkidan eta, hordimenak bihurritu begiak Joanarenetan iltzaturik, mentalki, bi eleen arteko ezberdintasuna ebatzi nuen: indigenak bere baitan kolonialismo zantzuak biltzen zituen eta nbe erakundeak autoktono hitza hobesten zuen gure mailako jendaldeen izendatzeko. Xanpain kopa bat hartu nuen zerbitzari furtibo baten plateretik eta iruditzen zitzaidan ez nintzela sekula Ameriketatik itzuli, gorputzez Joanaren besoetan baltsari nenbilen arren. Pott hezea eman nion, bitxiki begiratu zidan, hitzik ez zuen gehitu.

      Dora eta Mango ere ari ziren inguruka. Neskatxaz setiatuak. Haizemin karpapeko langile sotil batekin ligatzen saiatzen zen. Laster ebakuntza egingo zioten eta orduan, zioen hortz zuriak erakutsiz, profitatuko zuen. Bad girl bat izan nahiko zukeen etorkizunean, hankarteko tresneria atxiki ala ez. Zalantzaz betea zen oraindik. Zergatik ez zen greziar jainko haien gisako hermafrodita bilakatuko, gizonen eta emakumeen gozamenerako.

      — Mundu guztia maite dut nik, mundu guztiaren ona desiratuz.

      — Hautatu beharko duzu, erran nion urrunetik.

      — Hauturik eskatzen ez duen mundua da nirea...

      Txin-txin.

 

 

Goizeko hamarrak ziren iratzarri nintzenean, Dora eta Mangok gonbidatuentzat bereziki muntatu oihal-etxola batean. Joana ez zegoen nirekin. Irri erlastuak hauteman nituen Lasturko bolatokiaren aldetik, birlaren lerratze asotsak eta txirloen erortze klaskak. Han ziren neskak oro:

      — Zuri, Mailux!

      — Giña ezazu ongi, otoi, taldean ari gara!

      — Baiki eta, eiki, Iraia, ez dut seikoa huts eginen...

      Txalo zaparradatan bururatu zen elkarrizketa. Mailux abila zen eta trebea. Txikitan arizana zen boletan, Hazparne gaineko Zelaiko bolatokian. Eskarmentua bazuen argiki. Joanaren boza ezagutu nuen.

      — Banoa Amaiarengana.

      — Bakea emaiozu, utzi lo egiten, aski akitua zen bart...

      Lagunen koroaren oihartzuna zen. Mila legoatan ginen Milia Lasturren tragediaren muinetik. Lurra beroa zen, eguzkia zeruan eta goizetik matelak distira zeuden. Sagar erreak faiantzazko plateretan mulikatzen ziren eta, Arrasaterako bidaia hormatuari hasiera emateko partez, emazteak hor zeuden, tapalakatuak, zenbait aho idor eta besteak buruko minez. Besta eta mozkor erraldoi baten biharamunean bezala funtsean. Ez zen arraroa. Ez zen bitxia. Ez zen kondenatzekoa ere. Emakumeek bazuten noiztenka xanpainaz horditzeko eskubidea, ezta?

      Alaina.

      Taulenuitean zegoen ene sakelakoa higitu zen, punpaz. Dei isil bat baneukan. Nor izan zitekeen, hain goizik? Joana, agian, bolatokira hurbiltzeko jantzi nendin eskatzeko... kopeta altxa eta zenbaki gordea zehaztu nuen. Gailua belarrira eta onartu botoi berdea zapatu nuen. Nolwenen hotsa zen:

      — Berriak baditut, Amaia... bilatzen duzun Maddi edo Marie-Cecile Kardaberatz hori goren mailako prostituta bat da, sarean ari dena eta hainbat aldiz hitzorduak lau izarreko hoteletan eman dituena... Badu bulta bat geldoan dagoela... dark webeko bideo porno pare bat salbu.

      — Aizu, baina, oraindik ere ari da lan horretan?

      — Bai, dirudienez. Non zaude?

      — Lasturren, sarri Skype bidez juntatzen gara Baionatik?

      Ohetik altxatu nintzen, burtzoro arin batekin. Lasturren nintzen, bozkario itsaso betean, Fargoko hotzetik salbatua, arazo existentzial askorik gabe. Berehala, bola jokoan arituko nintzen Joanarekin, sei txirloak, batera, jotzeko eta botatzeko asmotan!