Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

I

 

 

Libian stock handia dago, trankilo-ak beteta daude, presondegiak ere bai.

      Taf-taf-taf, “egun batean zuek denak hilko zaituztegu”. Haur batek esan zidan hori, begietara begira. Uste dut kontatu dizudala lehenago, baina berdin du, orain berriz esaten dizut, zuk ez ahazteko, zuk jakiteko Libia zer den. Hango arabiarrak politak dira, larruazal argia dute, baina haien barrua harpe ilun bat da. Eta kalaxnikova, orain, haien gorputza da. Berdin dio mutiko izan edo neska, zahar edo haur, denek pentsatzen dute taf-taf-taf.

      Itsasoak ere laguntzen die horretan. Baina itsasoa ez da itsasertzean hasten. Trankilo-etan hasten da. Immigrazioa stockatzen duen campo bakoitzak bere programa propioak antolatzen ditu. Zuk dirua kotizatuko duzu, hiru mila, edo hiru mila eta bostehun, nahi baduzu gehiago. Baba Hassanek nahiago du gehiago bada. Orduan zerrenda batean sartuko zaitu eta zerrenda betetzean zodiak bat antolatuko du.

      Zodiaka ez bada Europara iristen, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere dirua. Abiatu aurretik soldaduak ur ertzean geldiarazten badu, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere dirua. Edo abiatzean, zu, izutu eta ez bazara zodiakera igotzen, berdin dio, Baba Hassanek jaso du bere kalaxnikova, eta taf, hil zaitu. Bai, tiro bat aski. Hori hola da.

      Esplikatuko dizut.

      Zodiaka beti da gauez. Puztu ere itsasertzean eta azken momentuan egiten da. Bien bitartean zu zain zaude, bazter batean. Puzten bukatzean libiarrak, “yallah yallah”, esango dizu, “azkar-azkar”, abiatzeko ordua da. Batzuetan guba motz bat jantziko duzu, baina gehienetan guba-k ehun dira eta programa-k ehun eta berrogeita hamar, eta berrogeita hamar pertsona ezer gabe abiatuko dira. Baina momentu horretan dena da yallah yallah, ez duzu galderarik egin behar.

      Libiarra zodiakari bultzaka hasiko da, eta motorra piztuko du. Zuretzat mugimendu hori arrotza da, zeren eta zu ez zara inoiz uraren gainera igo. Agian ez duzu sekula itsasoa zeure begiez ikusi, baina ez da galderak egiteko momentua, orain hor zaude, uraren gainean eserita, eta abiatzeko unea da.

      Hemen dago Libia, hor Tunisia, eta han Italia, tarteko dena itsasoa da. Eta itsasoa tonbola bat da. Zuk badakizu jende asko ez dela beste aldera iristen, baina libiarrak, “yallah yallah”, esango dizu. Itsasoa zakarra bada ere berdin du, zodiakari sakatzen segituko du, ez du begiratuko zer aro datorren. Hark nahi duen bakarra da zodiaka jendez betetzea, eta gainezka egiten badu nahiago.

      Batzuek, ikaraturik, ezetz esaten dute, ez dutela nahi, eta azken orduan ontzira igo gabe gelditzen dira. Arabiarrak oihu egingo du, “igo nahi duena igo dadila, yallah, azkar”, eta ikaratu dena ontzitik kanpo geldituko da, hondarretan, bere guba jantzita.

      Hura da erortzen lehena, taf, tiro bat aski da. Ur ertzean hilko dute, ez dezan bere dirua erreklama. Edo ez dadin trankilo-ra itzuli, eta portu horretan ikusi duena besteei kontatzen hasi. Horrek beldurra zabalduko duelako eta Baba Hassanek klienteak galduko dituelako. Hori Baba Hassanentzat ez da ona. Beraz, libiarrek ez dute inor behartzen zodiakera igotzera, baina igotzen ez dena bertan hiltzen dute, besteen begien aurrean, taf.

 

 

Batzuetan pentsatzen dut, lortuko ote dut hau dena ahaztea? Zeren eta burua armairu bat bezalakoa da, eta armairutik gauza bat ateratzeko armairuan beste gauza bat sartu behar duzu. Hola gauza berriak gauza zaharraren lekua hartuko du. Baina nik, hemen, nire asiloaz erabakitzen duten bitartean, ez dut ezer egiten. Ez daukat lanik, ez daukat lagunik, eta ez daukat armairuan sartzeko ezer.

      Nire oroitzapenak hor daude, mugitu gabe. Eta egunero atakatzen naute.