Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XXII

 

 

Zaharra esaten dudanean ez dakit zenbat urte den. Gutxi gorabehera hirurogei, edo hirurogeita hamar, baina ezin dizut zehatz esan, denbora hori ez dut ongi bereizten. Ginean oso zaila da holako zahar bat ezagutzea. Baina esango dizut ni erosi ninduen zaharra ni saldu ninduena baino zaharragoa zela, bizarra ere luzeagoa zuen.

      Autoa ere halakoa, quatre-quatre bat. Atzean eseri nintzen. Ez naiz gogoratzen zertaz hitz egin genuen, zahar hark frantsesez pixka bat bazekien, baina nik ez nuen hitz egiteko gogorik. Gaua zen eta mundua ilun zegoen. Eta ez nekien nora gindoazen. Beharbada galdetu izan banio esango zidan, baina ez nion galdetu.

      Oroitzen naiz burdinazko ate handi baten aurrean gelditu zela. Hura igaro eta etxe handi batera iritsi ginen. Metalezko hormak zituen, hangar bat zen. Hangar bat dena oiloz betea, eta oiloak ez ziren isiltzen. Zaharra aska batzuetara hurbildu zen eta oiloak atzetik segika joan zitzaizkion, ehunka oilo. Denak eroak. Jatekoa bota zien lurrera, eta oilo denak mokoka hasi ziren.

      Gero niregana etorri zen, eta, “ikusten duzu?” esan zidan. “Bai”, erantzun nion. “Zure lana hori da, oiloei bazka ematea, egunean bi aldiz”. Ilar txiki hori batzuk ziren, nola esaten da... du maïs, voilà. Artoa. “Gero arrautzak bildu eta kartoizko albiol kaxetan sartu”, agindu zidan. “Oke”, erantzun nion.

      Gauero etorriko zela abisatu zidan, albiol-ak biltzera, eta niri jatekoa ematera, “bestela artoa jango duzu, oke?. “Oke”. “Bihar arte”, hark, “bihar arte”, nik. Eta han gelditu nintzen, hangar handi batean, ehunka oilorekin.

      Oiloekin jan, oiloekin lo, dena oiloekin. Hori ere egin dut.

 

 

Goizetan oso goiz esnatzen nintzen, han lo egitea ez zen erraza. Oiloak kantuz hasten ziren, eta Alhassanerekin oroitzen nintzen. Orduan, jaiki, artoa nahasi, katilu batekin lurrean zabaldu, eta oiloei deitzen nien, kotz-kotz-kotz.

      Gero arrautzen bila abiatzen nintzen. Batzuetan hogeita hamabost albiol betetzen nituen, besteetan berrogei. Iluntzean zaharra etortzen zen, bixkotxak ekartzen zizkidan, ogia, eta edateko jusa. “Merci”, esaten nion. Pixka batean hizketan egoten ginen, eta joan egiten zen. Atea bi aldiz ixten zuen beti, klak-klak.

      Biharamunean ere berdin, kotz-kotz-kotz, arrautzak bildu, albiol-ak bete, etzan, jaiki, kotz-kotz-kotz... Nire taktika hori zen, “zahar horrek esandako guztia egingo dut, eta agian bere izpiritua aldatzen hasiko da, kontzientzia hartuko du ni ere pertsona naizela, eta lagunduko dit”. Baina askotan, pentsatzen duzu zerbait eta gero ez da egia.