Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

VIII

 

 

Timiauinera goizeko seietan iritsi nintzen. Meskita handi bat ikusi nuen. “Otoitz egin behar dut”, pentsatu, eta barrura sartu nintzen.

      Otoitz egitea garrantzitsua da niretzat, baina nik ez dut egiten norbaitek esan dezan, “Ibrahimak otoitz egiten du, musulman ona da”. Ez, hori jainkoaren eta nire artean gertatzen da, gure arteko harremana da.

      Otoitza bukatzean zahar bat etorri zitzaidan ondora, eta, “salam alaikum”, esan zidan. “Alaikum salam”, erantzun nion. Konturatu zen ez nintzela ongi sentitzen, eta ogia eskaini zidan. Ogi pixka bat, eta jusa. “Xukran”, esan nion, eta dena irentsi nuen. Gero banku batean etzan, eta lo hartu nuen, seko. Egurra, gorputza, denbora. Zazpi ordu. Ez ninduen inork molestatu.

 

 

Esnatu nintzenean elefante baten hankak nituen.

      Hanka haiekin ez zegoen ibiltzerik, baina meskitatik atera eta herrira jaitsi nintzen, ez dakit nola. Ostatu txiki baten atarian eserita nengoela mutiko bat pasatu zen. “Zu ginearra zara”, esan zidan, eta nik, “bai”, erantzun nion. “Oso hanka handiak dituzu”, jarraitu zuen, eta nik, “bai” erantzun nion. Ostatu barrura sartu, eta oihal batekin eta ur beroarekin itzuli zen. Masajea ematen hasi zitzaidan. Behera eta gora, behera eta gora, hanka bietan. Ezer esan gabe.

      Bukatu zuenean, galdera bat egin zidan: “ko honno wi’ete-dhaa?”. Horrek gure hizkuntzan nola izena duzu? esan nahi du. “Nik Ibrahima, eta zuk?”. “Nik, Ismail”.