Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

XIV

 

 

Hamasei urte bete arte egon nintzen Thiankoin, ahuntzak eta behiak gobernatzen, eta arreba txikien arropak garbitzen. Alhassanek ere asko laguntzen zidan. Noizbehinka, lana pixka bat lasaitzen zenean, aulki banatan eseri eta hizketan egoten ginen. “Bizitza ez da erraza”, esaten zuen batek. “Ez, ez da erraza”, laguntzen zion besteak. Eta etorkizuna planifikatzen hasten ginen.

      “Alhassane, zuk ikasten segitu behar duzu, begi handiak dituzu eta horiekin gauza asko ikasiko duzu”. Ernea zela esan nahi nion, baina ez dakit ulertzen zuen. Bere gogoa aldatzen ari zela ohartzen hasia nintzen.

      Egun batean, “koto, nik ere zuri laguntzen hasi nahi dut”, esan zidan. “Lagundu nola?” galdetu nion. “Ofizio bat egin nahi nuke”. “Baina zer ofizio?”. “Ez dakit”. Eta isilik gelditu zen, pentsakor, ez zekien zer esan. “Motoen mekanika adibidez”, aipatu zuen. “Ez, Alhassane, zu txikia zara oraindik, ez dituzu hamalau urte, ikasten segitu behar duzu”. “Oke”, etsi zuen.

      Ez zen ausartzen niri ezetz esaten, baina bere gogoa définitivement aldatzen ari zen. Eskolan ez zuen segitu nahi, eta prest zegoen noranahi joateko. Orduan, “Alhassane, goazen ibiltzera”, proposatu nion. Eta nire bizitza esplikatzen hasi nintzen. Bost urtetik hamahirura nola bizi izan nintzen Konakryn, aitaren bide ertzeko mahaitxoan. Eta gero sei hilabetez Liberian, Tanbaren kamioian. Orain arte kontatu dizudan guztia.

      “Hori dena nik badakit”, esan zidan.

 

 

Halako batean, ama indartzen hasi zen, eta horrek nire lekua aldatu zuen. Orduan, gau batean bere ondora hurbildu, eta, “barkatu, ama”, ekin nion. “Esan”, erantzun zidan, “zer da?”. “Pixka bat pentsatu dut eta berriz Konakryra abiatuko naiz, hango aktualitatea zer den ikusi nahi dut”. Ama isilik geratu zen, burua makurtuta. “Bai, ama, Konakryn diru pixka bat irabazteko esperantza daukat, bestela Alhassanek eskola utziko du”. Hori esan nuenean negar egin zuen amak, eta musu bat eman zidan belarri ondoan.

      Biharamun goizean abiatu nintzen Konakryra.