Emon biar yako
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
azala: Lucian Freud
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1989, poesia
1986, poesia
Emon biar yako
1994, nobela
140 orrialde
84-86766-56-7
aurkibidea
 

 

4

 

Azken aldian gizenduegia deritzon Zubeldia itzuli dio kristal zabalak. Aterantz egin du laban gorputz isla ilunak, eta eskua latoizko maratilean duela sakatu dio ate itxiari. Ilunpeak bildu dizkio begiak eta arakatzen ditu orain, bi linterna gauaren erdian hondoan dagoen barran zein topatuko. Duda egin du inor nahi ote duen. Ordea erabakia dago, nahi ez duela ere. Igartua bera dago bakarrik.

        Herriz herriko ibileretan bada hutsik egin gabe bete beharrekorik, horrela sinestarazi dio bere buruari eta honela gustatzen zaio azaltzea inoren aurrean, eta Igartuaneko kafea da horietako bat. Oinetakoen sartu irtenak eta noiz edo noizko lixiba arramaskek zuritutako egur zurailak erakusten dio barrarakoa. Puntapaxen buruetan erreparatu du, beltz eta nabarmenak ohol higatuetan. Beroa du faltan zuloak, hutsik ditu mahai guztiak. Ez da inor ausartegi bota eta ondorengo damuz enbidoari eutsi ezinean. Trabesen hotsa du ments, sartu orduko entzun beharrekoa dena beti bezala dabilela, ohituren gozoa, egiaztatzeko.

        —Bazkaldu egiten du hemen jendeak gero eta beranduago —entzun orduko bertaratzen hasi zenetik horren esaldi luzerik ez diola entzun jabetu da Zubeldia. Aldi izango du iharrak.

        Gabardina luzea erantzita eseri da leiho aldamenera. Nabarmen geratzen haiz bada traje horrekin, pentsatzen entzun dio bere baitan sartu berriak Igartua txipiari.

        —Zer dugu?

        —Betikoa. Hutsa.

        Ez du han ezerk lotzen, sartu izana aukera bat da soilik, beste edozein izan zitekeen, ezein plangintza zehatzetik kanpokoa. Ez du ordea nori azaldu. Ez du zerenik behar. Atsegin du tokia. Jendea lanera joana zelarik sartu ohi zen ordura arte. Eta bazen beti begi zelataririk partida haietatik mintzatzen zekienik. Aldegingo zuen eta orduan zioten gaztigua emango, bazekien. Hemen egon duk. Begiak handituko zituen hasieran eta apalduko gero besteak, eta ukondoetatik eskuetarainoko pisua barra gainean erortzen utziko.

        —Zer nahi zuen ba al dakik?

        —Egongo zaretela baino ez zidak esan.

        Jakako poltsikotik atera duen puruari bizpahiru bider tira egin eta kikera hutsean barik platertxoan zabaldu du errautsa Zubeldiak, azukre kozkor txikien adinako aleetan. Larruzko zorro batetik atera eta betaurrekoak jantzi ditu. Hezur beltzekoak. Ohituraren beharrak poxpolu amatatu berriaz hauster pikorrak xehetzera eraman du. Hauts-bidea da orain platertxoa, Esne Bidea zerutik amildua, kikera hutsaren inguruan jiraka, errautsezkoak espazioko harri guztiak. Honela entzun zion Bartzelonan lan berean aritzen zen bati: kafearen ondoren berak beti, egundo ere ez batera. Haren mikatz usainaz, baina ostean. Ohitzea da, izkribuak zipriztindu ez daitezen, eta ez zen tantez soilik ari, edonoren aurrean justifikatzeko erakutsi behar badira, beti ere. Paperak karpetatik atera eta batera behatu dio Igartuari. Bere buruari zerbitzatutako baso ardotik edaten ari da, atxikarra luzetuta. Ez dio inoiz errukirik izan, esker ona gehiago, zerbait izatekotan. Bekaitza ez zegokien ahulei besterik.

        Gozagarriro eraman zuen purua ahora. Bi poema zituen orriak, elkarren artean ia tarterik utzi gabe eta ezker eskubi aurkeztuak. Bart gauean irakurri zituenean baino lasaiago ekingo zion oraingoan. Lodi erabili zuen kea ahoan, laino gorputza hartu nahian. Kamarak betetzen ari zen Igartua. Botilen hotsa zetorkiolako daki, elkarrekin momentu horretan baino ez ondokoarekin kontaktuan, aurrean zituen hitz haiek bezala. Gutxieneka baina presaka legez tira eginez, paperera hurreratu zuen purua. Biribilean belztu zen behe-behekoaren lehen ahapaldia, orbain gorria zuena gainetik, gero eta zabalagoa du uztaia aire urdinduaren artean. Erretiratu duenerako errea du Prohibido dioen zigilu gorriaren gehiena. Lau. Ez, makina letra beltzez jotako bost lerroko zabalera da orrialdeari jan diona.

        Aeronfixez forratutako apalean telebista zuhurtziaz gordetzen dagoen kattagorri disekatua izan du beha. Kristal gozokoa du soa eta puru merke bat du hortz artean, kopa bat pattar eta kikera bete kafe hanketara, kartoizko eta tristurazko barren haiek alaitzeko mozkor bihozberaren batek jarriak. Zahartuta hau ere, buztaneko alanbrean du ezagun.

        Gazterik heldutako harra zuen poesiarena. Estimatu egiten zituen errealitatea bestelakotzeko ahalegin haiek. Orrialde zulatua eskuan duela kordea galtzen hasten eta itzultzen ez direnen traza berdina duela begitandu zaio Igartuari, begiak inora ez begira ikusi duenean. Bat baino gehiago ezagutzen diat horrela hasitakoa.

        Tabernan jendea ohean baino hobeto ezagutzen da. Bezero bati entzuna du, orain bere egina.

        Maite zuen gazte hura Zubeldiak. Bazuen meriturik bizi zen bezala bizita hain sen zorrotza hazteagatik, ez zuen utzi behar galtzen, zin egin zion bere buruari. Xaloena ere, edertu egiten zen hitza haren eskuetan. Deabruaren edertasuna zuen, hala definitu zuen behin haren lana batzordean. Asmatuko zuen eraren bat salbatu berri duen poemaren defentsa egiteko. Alde zuen guztia. Azken aldian, goikoek besterik eskatzen badiote ere, gauzak ez zebiltzan inori zintzur egin eta odolusten uzteko moduan. Lortua zuen, berak hala emango baitzion, argitaratzeko baimena. Behartuta zegoen. Berriro jo beharko zituen makinaz etxeratu bezain laster, berak ezean alabak olivetti modelo berberaz bi poemok, elkarren jarraian biak, bost lerroko tartea zutela. Ezkerrean euskarazkoa, erdarazko itzulpena eskubira. Goikoari baino ez zion egingo marka tanpoi gorriaz. Prohibido. Kolpe bakarrean. Merezi zuen lan hura hartzeak. Deabruaren edertasunagatik.

        Minutu pare bat barrena, berba urduriz kontatuko zion gero Juleni ezezik harekin arratsaldeko errondan bertaratu zaizkion guztiei Igartuak. Folio zulatu hura eskuan zuela nola egon zen begiak bere barrenera irauliak balitu bezala, nola ez zuen ezpainik gabeko aho hura baino mugitzen tartean-tartean. Eta horrela egon zela berak lehenbiziko kikera eta plater errautseztua erretiratu eta kafe berria zerbitzatu zion artean.

        Bitter baten propaganda zeraman hautsontzi batekin itzuli zitzaion Igartua. Ez maitatzea, estimatzea da gehiago, zuzendu du bere arestiko gogoeta. Zehaztasuna bilatzen du hitzetan, bere burutazioen hariari tiraka. Ezagutzen du poema ederrik bazterretan, esku artean gozatzeko aukera izan du horietako asko. Honetan dagoela, etxean dituen zirriborroez oroitu da, betirako desagertzetik salbatu duenak bultzatuta. Ia egunero idazten ditu, oraindik ere, boladaka, sorgin-kiribiloka legez, jakako poltsikoan beti eskueran eraman nahi izaten duen blok txikian hitz bilakatzen zaizkion tiratuak, isuriak, jario erbalak. Batekoa eta bestekoa irakurtzen ari dela etorritako ideiak, egitura bitxirik, etxera heldu orduko hiztegian baieztatu ostean poemaren bati hasiera indartsua emango dion berbarik. Sendotu egiten zaizkio irudiok gogora lotzen dituenetan, gero irakurtzean baino ederragoak iruditu. Baditu argitara emateko modukorik, orrazia nahi den estuen pasatuta ere. Inork baino errazago, badu non. Ezizenez bidaliko ditu, oraingo berberaz, ezaguna izatearen kalteak, letren jaiotza eta heriotzari buruzko langintzan aritzearenak. Lan hori ere serioago hartu behar duela aginduta egin dio gogor bere buruari. Bat gehiago.

        Bere onetik aterako du oraindik tabernariak. Barra atzean dago eta lehen aldean ilun irizten dio guztiari. Betarteak jite desberdina hartu dio orain, argia gero eta urrunago, barratik kristalerako ihesian. Berehala biztuko dira lanparetako bonbila gehienak eta argiago ikusiko ditu Igartuak askotan beretzat bakarrik gorde nahiko lituzkeen koadroak. Orain itzalak direnak inoiz edo behin horrelaxe etorritakoren baten patxadaz ikusi dituen fotoak dira aldegin aurretik gozatu nahiko lituzkeenak. Gaitza egiten zaio kaleko argia berea duen egunak eskaintzen dizkion argilunei esker sumatu baino ez ditzakeen irudiak identifikatzen. Mundua dago han ordea, eta hobeto ikusi nahiko lituzke. Eskuekin mahaian indar eginez altxatuko da. Hurbiletik ikusita errazagoa izan zaio irudien ezartzea memorian, baina ez du guztietan erreparatuko. Atetik sartu orduko ukabilak begira dituen boxeolariekin entretenituko da aurrena. Hori da, berariaz ditu jarriak. Gizon desberdinak ez direla jakingo ez balu guztietakoa bular bera zela esango luke, hain antzerakoak izaki, jaietako argazkiak ateratzeko egur pintatuzko muntaia haietako bat, abioneta, txalupa, ezkonberriena bezalakoa, buruak eta eskuak bakarrik aldatuta. Isidoro Gaztañaga ezagutu zuen. Hor Paco Bueno. Marcel Cerdan, Edith Piafek abestietan baino oroituko ez zuena. Grazia egiten zion euskarazko berba bakanik ere ekartzen zioten emataile haiek. Bulartsuak. Erdaldunek beherago, zakarrago, inobleago dutena goratua guk. Irribarre burlosoz kontatuko die Igartuak.

        Berdin zuten makurtzen soina guztiek, erraiak estu, saihetsak garbiago azaltze aldera. Ilerik gabe, paparra zuri gehienek. Bakarren bat zuen ezaguna betikoaz gain, argazki beraren beste kopiaren bat beste nonbaiten ikusia. Uzkudun ez zegoen. Egia. Askotan ikusiagatik, ohartu gabe zegoen ordura arte. Lepoa egingo luke berariaz zeukatela baztertua. Etxetik kanpora joanari zergatik ez zaion ukabilkada traketseko haien laurdenaren erdirik ere opa galdetu nahiko lioke, Igartuari baino hari kaskoak berotzen dizkionari. Edo Uzkudun ez da etxekoa? Dirudienez gehiago ordea Primo Carnera bera, errezildarra eraistearen merituagatik etxekotua. Zein eta Carnera. Sinatuak zeuden guztiak. Igartua lagun handiari, erdaraz denak. Besarkada handi bat. Argazkiei bota zien kea. Bat baino gehiago baietz egon konbate bakarra egin eta erretiratutakorik.

        —Erretratua duk errazena —arnasean etorri zitzaion, ezer neurtzeko astirik gabe.

        Igartuak ez dio orain trajedunari arretarik ematen, hortz artean aritu zela, petralkerian, esango zien.

        —Zahartzen eta zaztartzen, Martin.

        Argiak biztu zituzten. Ez daki esaten Igartua bera izan den edo bebarrura daraman atetik sartu eta joan berri den emakumea. Koinzidentzia handiegia bestela honela komunikatzea, horren mintzaira zorrotza aukeratzea, lokala askorik arraitzen ez zuten bonbila haien bitartez adieraztea bereak zirela eta bereak baino ez boxeolari haiek, haiek zirela —eta Igartua ez zen bakarlanean aritzekoa— berak ezin egin zezakeena azken batean labanaren zorroztasunez burutzen zutena. Ematea. Hustea. Gogotik. Bihotza ukabiletara bildua izan balute bezala.

        Amoniako eta gernu kiratsak hartu du sartu den orduko. Baldosa berdeko horma kareztatuan jarri du eskua beheraka begira dagoela. Katea hautsita, argindar kablea dute jarria depositotik zintzilik. Gozo egiten du zerrauts bustiak zapaten zolapean. Komunean behera ttu egin duenean, gozotasun epel batek bete dio aho sabaia. Odoletan ditu hortz hobiak. Oka egin nahiko luke, barruak marruzka eramanez hustu, horretarainokoa urdailetik gorakoa.Azkue izan nahi du une horretan, beraren galtzetan sartu, inguruan duen aire itogarri hartako gizaki arnasdun bakarra. Eta bere betazal itxiak batetik bestera gurutzatzen dituzten puntu urdinak ikusten hasi orduko baino ez du entzun atearen ahalegina zabaltzeko. Handituaren handituaz lehertuz desagertu dira argi pinporta bejetal haiek. Berriro saiatzen dira, baina ezin, krisketaz itxi du. Bereizten asmatzen ez duen zeozeren gainean, —Astelenako partidua izan liteke— gizon boza, norbait ozen ari da hizketan, eta ez da Igartua.

        Urez bustitako eskuak pasatu ditu lokietatik, ileak burondoan itsatsita geratzen zaizkion arte. Xaboi pastilak arrautza urtua zirudien, bere bitsa fosilduaz azalean. Koadroetako gizon haiek lotu zaizkio gogora: bizi al liteke besteari irabaztearen esperantza hutsarekin?

        Bigarrengoz jo du krisketak ahoa.

        —Oraintxe.

        Irten zuenean, bost begi pare sentitu zituen goitik behera arropa artean araka, sakaka, begiraden bortxaz bultzaka errekistatzen zutenak. Irribarre behartu batez agurtu ditu.

        Mahaira eseri zen berriro, beste aulki batean oraingoan. Urduritzen hasia zegoen seinale, erantsiko zien Igartuak gero. Karpetako orri mekanografiatu guztiak eskuan zituela atzetik aurrera pasatuko zituen hatz lodiaz, liburu amaitu gabeekin egin ohi den modura. Liburu bat zegok hor, pentsatu nian, erantsiko zion tabernariak Azkueri.

        Egilea ezagutu zuen eguna gogoratu nahiko luke, baina hirugarren batek kontatutakoari esker daki dakiena. Bi flash: handinahia bezain txarra iruditu zitzaion historia liburu baten aurkezpena eta ondorengo ardoak aurreko tabernan. Ez denborak, ardo merkearen lurrunak ezabatu zion gogoramena. Irakurria zuen liburua, jatorrizko izkribua. Ez argitaratzeko gomendatu ziola, baina alferlana. Zorrotza zuen begia, eskua beste. Nekez eta zaratatsu hartzen zuen arnasa. Hatsa bezain urduria zuen hitza.

        Marmolezko mahai gainean zabaldu zituen orriak. Eskuz jarri zien zenbaki bana eta jasotzen hasi, Igartuari anarkikoa iruditu zitzaion orden batean. Beldur zen: gizonak itoko zuen poeta, zainak ematen zion. Zintzur egingo zion odolberoak idazleari eta odolusten utziko, onenak inondik inora eman gabe. Ez zen izango lehena. Zaindu beharra zegoen mutil hura zerbait aterako bazen, eta erdaraz ez zen txarra.

        Onak zituen salbatu zizkion poemak, tartean-tartean eta dinamitaren indarrez agertzen uzten zuen jenio txar harengatik ez balitz. Ezin izango zituen ontzat eman. Tamalez, benetan zioen, ez ziren nahi lituzkeen guztiak izango bere onespena jasoko zutenak. Ezinezkoa zitzaion gehiago arriskatzerik. Dozena erdi poema surtarako, zentsore bihozbera batek salbatuak, inon horren akta jasoko ez bada ere. Gehiago kezkatzen zuen besteak. Gizonak itoko dik poeta, lepoa.

        —Egia al da Gailegoaren emaztearena?

        Hautsia zen musaren hasierako jokorakoa. Denen artean gazteena zirudienak bakarrik jarraitu zuen beste guztiak bereganatu arte aldameneko mahaian, begi ertzetik zaintzen zuen.

        —Atzo eraman dutela entzun diat.

        Jokoan ari zirenen arreta bereganatuta zuela jakiteak ematen zion baimena informazioa zabaltzeko, honela ulertu zuen Zubeldiak beretik, begiak orri haietatik altxatu gabe. Egia eraman izan zutela zirudien, eta Santa Agedara, inora izatekotan. Suaren garra hotsez entzun zuen handitzen berbaro mutua. Igartua hurbildua zen mahaira.

        —Ezkondu aurretik ere ez omen zebilean santu-santu. Enbido —gehitu zuen atzea emanda zuenak.

        —Jaso.

        Oinez hasi eta zergatik ez dakizula erori. Begiak erleak helduta bezala, eta zarratuak hala ere. Zumarrez eta zumar itxurako jendez beteriko patioa duzula aurrean. Irri egiten duzu,zure hortzak ez ditu inork ikusten. Ez zaizu inor begira ari. Bero da. Nork laguntzen dizu artilezko jertse lodia eranzten? Iruntzietara duzu. Eguzkia arrama gorrietan geratu da bihurritua, eta ez da erortzen, zu bezala. Makuluaz ahalegintzen zara. Eta patio azalari zauria egiten diozula jaikitzen zara aulkian esertzea lortzen duzun arte. Marra bat egin du arrasta egin duenean. Ortzemuga. Abar iharra. Uhala izan liteke. Edozer. Dena. Lurretik, enbor azala ekarri duzu ahur beroan eta latza da. Jolasean aritzen dira hatz hauskorrak, erliebe ederrak ditu. Eguzkia tarratatuta ari da hiltzen. Patioko surtidoreari darion etengabekotasuna. Ohartu zara zaindaria datorkizula, zeure izenez deitu zaitu. Botika ordua? Ez dator bakarrik. Begiak irekita ere, zer da ikusten duzuna? Ezagutzera egiten duzun baina benetan zumar gerri horiek bezain arrotz zaizun nebaren aurpegi hau, eroria hau ere.

        Zubeldiak arreba bisitatu zuen azken aldiko gogoetak berritzen harrapatu du bere burua, norberaren buruari min egitearen garratza gozatzen. Ondoko mahaikoek utzia dute bistaz bada ere, agian ezagutzen duen gailegoaren emaztearen kontua. Begi garbiz begiratu du. Jokoan ari dira. Berbaroak hitz mekanikoak dakarzkio.

        Bonbilen argia Lizarraga Torranokoaren soinean dago lo, on aurpegiko besteen aldean. Joatea erabaki du.

        Bere burua eskua luzatuta ikusi du Zubeldiak, tabernariak amantal zurian berea lehortzen saiatzen den bitartean eta estutzeko prest. Neurtzen zaila zitzaion zeinu azkarregiko hura. Ikaratu egin zen. Bestearen hatz beroak pitzatu beltzez beteriko bereak inguratzen sentitu orduko erretiratu zion Igartuak bostekoa.

        —Hurrengora arte —gorriak zituen erpuruak, zauri txikiz puztuak azkazal motz muturrak.

        Taberna, pentsatu du Zubeldiak.

        Luzea iruditu zaio inoiz dotoreago izandako itxura hartzen dion karrikarako atera heldu ezinean. Ukabilak prest ikusi ditu ezker paretakoak. Uzkudun ez baina Urtain dago Atano hirugarrenaren ondoan, bekozkoz begira biak, inon ere dauden txapel handienen jabe. Ezer ez esatea erabaki du Igartuari, gehiegi antzeman ez dakion. Hobe horrela, itzal luze desagertzea. Eskua maratilan duela entzun du, itxuraz argi.

        —Ez da honezkero agertuko.

        Itzala nola galtzen den sentitu du, irudia gero eta argiago erakutsiz. Lotsaren baitara bildu da geriza zena. Atea, morroiloaren hots mikatzez, zabaldu gabe du oraindik.

        —Zortziak, zortziak eta laurden, hor inguru, seguru. Inprentari krankatekoa ematen dionean.

        Iparrak jo du aurpegian. Karpeta gabardinapean sartu eta goraino lotu ditu botoi nakaratuak. Gorantz begiratuta, zatarra dator. Atzerantz egin du buruaz kalea zapaldu orduko. Jokoan jarraitzen dute, beha eman gabe entzunez. Igartua txipia hemen negok esanez bezala. Kattagorriak ez du pattarra hustu.

        —Ez dio axolarik. Egongo naiz berarekin.