Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2014, nobela
 

 

varsoviako lehen ipuina

 

Ehiza ez da erantzuna

 

 

Autoa utzi duen lekutik 10-15 minutu dauzka oinez, ezin du autoa gehiago hurreratu; lokazten hasi da bidea orain gainera...

      Bidexka estutu denean, errea sentitu du halako batean eskuan, asuna ukitu du konturatu gabe. Umetarik ez zuen ukitzen, gogoratzen zuena baino desatseginagoa iruditu zaio. Buruz ezagutzen du bidea, asunak ere ezagutu beharko lituzke. Bere burua madarikatu du, Baboa, pentsatu du, esan dio bere buruari. Batzuetan benetan pentsatzen du baboa dela, tituluak gorabehera, karguak, soldata gorabehera. Ez dio eskuari kasu handirik egin, ezin du, ez dauka astirik.

      Batzuetan bide luzeagoa egin behar du, bide normalean putzuak daudelako. Zapata garesti batzuk botatzeko moduan utzi zituen behin, hasieran, oraindik ere laneko arroparekin etortzen zenean.

      Labain egin du. Ez da lurrera jausi baina asunetan erretako eskua jarri behar izan du lurrean arropa ez zikintzeko, eta asunen mina biziagotu egin zaio. Beren-beregi erosi ditu bota horiek hona etortzeko, mendirakoak, zergatik egin dute labain?, pentsatu du, zer da hau?, pentsatu du, zer ari naiz hemen?

      Eskuan hartutako kolpeari begira dago orain. Lokatza kendu duenean odol apur bat daukala ikusi du, harri txikiren batek harrapatuko zuen. Lokatza guztiz kendu duenean, min egin dio zauriak, baina inurrituta dauka orain eskua eta mina askozaz apalagoa da. Aurrera jarraitu du.

      Ehiza postura heldu da azkenean, zuhaitz artean. Gutxi daki zuhaitzez, hostoez, pinuak iruditzen zaizkio, eukaliptoak izan daitezke batzuk. Gora begira dago, ehiza postuaren goiko partera, postuaren beheko aldeak ez dauka interesik. Apur bat hurbildu da, urrun badago ez da bere ahotsa inora helduko, ondo daki non jarri behar den oihuka hasteko.

      — Jan!

      Hori baino ez du esan. Hori da beti oihukatzen duen lehenengo gauza, zain geratzen da gero. Buru bat agertzen da beti ehiza postuaren goiko partean, handik segundo batzuetara. Burua baino ez da ageri, baina berehala ezkutatzen da atzera.

      — Jaitsi zaitez, Jan, hemen behean hitz egingo dugu...

      Beti oihukatzen du antzeko zerbait. Ahalegina egin behar duela iruditzen zaio, baina fede gutxi dauka orain, badaki Jan ez dela hain erraz jaitsiko, lan gehiago eta finago egin beharko duela eta hala ere alferrik beharbada. Erlojuari begiratu dio: minutu oso bat emango dio Jani mugimenduren bat egiteko, erantzunen bat... Badaki ez duela egingo.

      Eskailerari heldu dio esku batez minutua hustu denean, astindu egin du, ahal izan duen indar handienaz. Beti egiten du, eskaileraren egurrak ustel sentsazioa ematen diolako, bustia, ilundua. Iruditzen zaio ez diola bere pisuari eutsiko, igotzen hasten denean apurtu egingo dela, desegin, sitsa balu bezala, euriak barrutik jan izan balu bezala. Horren beldur da, istripuarena: ehiza postuaren azpian konorterik gabe gera daiteke, odoletan beharbada, eta badaki Janek ez diola lagunduko, ez duela ezer egingo. Han goian geratuko da, pentsatu du, iruditzen zaio behera begiratu ere ez lukeela egingo.

      Eskaileraren astinduarekin hostoren bat eta ur tanta batzuk baino ez dira jausi; ematen du eutsi egingo diola oraingoz. Igotzen hasi da. Metro batzuk igo dituenean tenperatura aldaketa sentitu du, haizea. Beti dauka sentsazio bera, lurretik ikusten dena baino altuago dagoela ehiza postua.

      Gora heldu denean, betiko lekuan eserita ikusi du Jan, eskumako txokoan, ordu horretan gerizpea bera baino ilunagoa denean. Beste aldean eseri da, aurrez aurre. Janek hosto sikuak ipintzen ditu han, etortzen denerako; ez du uste beste inor etorriko zaionik. Eskertzen dizkio hosto siku horiek, ehiza postuko zorua oso heze dago bestela.

      — Pentsatu duzu, Jan?

      — Ez naiz jaitsiko.

      — Baina zergatik hemen...?

      — Eta zergatik ez?

      — Inoiz ez duzu ehizan egin... Zuri ehiza inoiz ez...

      — Ehiza ez da erantzuna.

      Argumenturik gabe geratzen da sarritan Janen aurrean, ez daki nola jarraitu, zer esan. Janen erantzunak ere ez dira normalak batzuetan: “Ehiza ez da erantzuna”. Zer da hori?, pentsatu du. Ez daki zer esan nahi duen, zeri buruz ari den, nora eraman nahi duen.

      Arranguratu egin da, oso ondo ezagutzen zuelako Jan lehen, ehiza postura igo aurretik... Ondo ulertzen zuten elkar, lanean, kirolean, baina orain, pentsatu du, ez daki nola erantzun behar dion ere, ezinezko egiten zaio arrazoi egokiak bilatzea, argumentuak... Nola konbentzituko du jaisteko? Segituan mozten ditu bere arrazoiak Janek, prestatuta edukiko balu bezala, lehor. Lehen ez zen horrelakoa, pentsatu du. Janen arropari begiratu dio gero: beti da bera, beti dago antzera. Gora begira dago orain Jan, zuhaitzen hostoetan zerbait berri balego bezala.

      Heldu aurretik bazekien gertatuko zela, argumentuak zapuztuko zizkiola Janek, betikoa esaten bazuen, betikoa erantzungo ziola, arrazoiak moztuko zizkiola. Iruditzen zaio harritu egin behar duela Jan, erantzuteko aukerarik ez eman, erraz erantzuteko aukera behintzat ez eman. Horregatik ekarri du prestatuta, horregatik eman ditu hainbat egun etxean gutxi lo eginda... Ondo pentsatuta dakar:

      — Zure emaztea ekarriko dut.

      Badaki nola estimatzen duen Janek emaztea, zer den harentzat, hogeita zazpi urte eta gero, oraindik ere, hasieran bezala, inoiz ez hitz zatarrik, pentsatu du. Ehiza postura igo baino lehenago oraindik begiratzen zioten elkarren ezpainei, besteak zer esango. Elkarrekin ezagutu zituenetik berdin, pentsatu du. Horregatik esan dio emaztearena, horrela harritu nahi du Jan, erantzunik gabe utzi. Ematen du zerbait lortu duela.

      — Zure emaztea ekarriko dut.

      — ...

      Janen begiei erreparatu nahi izan die orduan, baina gerizpe sarrian zaila da. Ondo ezkutatu ditu Janek gainera, ez ditu orain erakutsi nahi. Zerbait egin dut, pentsatu du. Segundo batzuk pasatzen utzi eta berriro hitz egin du.

      — Jan?

      — Nahi duzuna egin.

      Argi ikusi du gaur ez duela beste ezer lortuko, alferrik egongo dela luzaroago ehiza postuan. Janek, beharbada, hitz ere ez du gehiago egingo, sumin puntu bat ere antzeman dio. Astiro zutundu da, keinu txiki bat egin dio Jani, urrunetik beti, metro eta erdira, une bakar batean ere ez dute elkar ukitu. Eskaileretatik jaisten hasi da eta Janen ezker belauna izan da ikusi duen azken gauza, beltz eta gerizpetik irteten.

 

 

Ia bide guztia dago lokaztuta gaur, aurreko egunarekin konparatuta askozaz nahasiago, askozaz putzu gehiago. Askotan gelditu behar izan du, non zapaldu ondo pentsatu. Bota berriak erosi ditu, baina hala ere labain egiten jarraitzen du, lehengo egunean baino gehiago. Ez du behintzat asunik ukitu, ez du eskuan zauririk egin, odolik.

      Janen emaztea askoz gozoago doa, ez du ematen lokatza zapaltzen ari denik, pentsatu du. Etxeko egongelan dagoela esango nuke, pentsatu du, egurrean, alfonbran. Atzetik begiratu behar dio denbora guztian; gazteago ematen du atzetik ere, esango luke soineko hori bera duela hogei urte ezagutu ziola, baina antzeko bat ere izan zitekeen.

      Heldu dira ehiza postura. Bideak normalean baino gehiago nekatu du, hori sentitu du, lokatzagatik, Janen emaztearen konpainiagatik. Janen emazteak ez du gehiegi hitz egin bidean. Zergatik hemen?, galdetu dio une batean. Ez du erantzuten jakin. Aurrerago jartzeko esan dio Janen emazteari, ehiza postutik hurbilago, Janek hobeto ikus dezan, argi, nor den, zertara datorren.

      — Jan!

      Egin du oihu, betiko moduan. Janen burua agertu artean, normalean baino denbora gehiago pasatu dela iruditu zaio. Burua agertu da noizbait, baina ez da, beti bezala, berehala desagertu. Emazteari begira geratu da, ezer esan gabe, zurtuta, handik goitik. Emazteak birritan edo hirutan jaitsi du burua, berriro goratzeko gero. Janek ezin izan dio eutsi, barrura sartu da. Zarata batzuk entzun dira ehiza postuan eta hamar minutu baino gehiago joan dira ezer gertatu gabe. Emazteak ez daki zer egin, alde guztietara begiratu du.

      — Eta?

      Galdetu du.

      — Orain?

      Galdetu du. Han behean geratzeko esan dio Janen emazteari, Janengana igoko dela, zer gertatzen zaion ikusiko duela. Eskailera astindu gabe hasi da igotzen. Iruditu zaio Janen emazteak tentsioz begiratzen diola.

      Aurreko egunetan baino beranduago da gaur, iluntzen ari du ehiza postuan, eta ez du Janen aurpegia nahiko lukeen moduan ikusten. Esango luke nahigabetuta dagoela, negarrez beharbada. Ez dio zoruan hostorik jarri; hezean eseri behar izan du.

      — Jan...

      — Gaixo txarra izan nintzen.

      — Denok gara gaixo txarrak...

      — Txarto tratatu nuen. Neuk hil nuen...

      — Gaixo guztiak dira...

      Auxerreko hotela gogoratu du orain... Handik, hango telefonotik, hitz egin zuen Janen emaztearekin Janen hileta egunean, leku absurdo hartatik, etxetik milaka kilometrora. Ehiza postuan gogoratzen du orain Auxerreko hotela, Jani zer esan, nola erantzun ez dakienean. Ideia txarra iruditu zaio orain emaztea ekartzearena, baina berriz saiatu da badaezpada ere:

      — Jaitsi behintzat berari...

      — Noiz gaixotu zen?

      — Zu hil eta hilabeteetara... Bost hilabetera uste dut.

      — Asko sufritu zuen?

      — Zure moduan.

      — Amaierara arte?

      — Zure moduan.

      Ilunpetan iruditu zaio burua lehen baino gehiago beheratu duela Janek, ezin duela eraman. Emaztea sufritzen imajinatzen ariko dela pentsatu du. Minutu batzuk itxaron ditu berriro ekiteko. Jani begira, uste du zerbait lortuko duela orain.

      — Elkarrekin jaitsiko gara, Jan.

      — Zertarako? Biak gaude berdin orain.

      Janen hitzak interpretatzen ahalegindu da: biak daude berdin orain, emaztea eta Jan. Desberdina izango zen orduan emaztea bizirik balego, gaixotu izan ez balitz. Biziekin nahi du Janek, behar du, horregatik ipintzen dizkio hosto sikuak berari ehiza postuko zoruan. Hori ulertu du, hori interpretatu du. Jan ez da jaitsiko; emazteari handik goitik begiratuko dio, egunero begiratzen zion bezala, baina ez da jaitsiko. Beste zerbait pentsatu beharko du Jan jaitsarazteko.

      Eskaileretatik motel jaitsi da, astun. Janen emaztea ez dago postuko beheko aldean. Ondo ulertu du emazteak Janek esan nahi duena, beti ulertu izan dute elkar. Bakarrik abiatu da autoa utzi duen lekurantz.

 

 

Lokatza lehorrago dago gaur. Hego-haizea ibili da bi-hiru egunetan, euria ere aspaldi ez. Hala ere labain egin du Janen alabak hainbat aldiz. Ibilera ez dauka amaren modukoa, oinetakoak ez dira egokiak, abisatu behar zion. Unibertsitatera eraman behar du gero bueltan, arratsaldeko saioa dauka gaur. Autoan asko hitz egin du Janen alabak, baina orain isilago doa, bidean kontzentratuta, ez du labain egin nahi, jausi nahi; luze egin zaio.

      — Hau da.

      — Hau?

      Harritu egin da Janen alaba gora begira, ehiza postuari begira. Inoiz baino abandonatuago dago gaur, hezeago, ihartuago... Ez du ematen inor egon daitekeenik bertan, intsektuak ere ez. Ezer ez da mugitzen, ez dago aurreko egunetako haizerik, ez dago inongo haizerik. Hiru pauso eman ditu Janen alabak aurrera.

      — Jan!

      — ...

      — Zuen alaba etorri da, Jan.

      Inoiz baino arinago agertu da Janen burua han goian, plataforma bazterrean, begiak oso zabalik. Ez du ezer esan, alabak ere ez... “Aita” esan du beharbada, baina oso baxu, listuan trabatu zaio hitza.

      Janen burua apurka desagertu da egurren artean gero, ehiza lekuan labain egiten ari balitz bezala, soka batek tira egingo balio bezala, oso geldo. Segundo batzuk joan dira, minutu bat... Behekoek ez dakite zer egin, elkarri begiratu diote, gora berriro. Janen oin-zolak ikusi dituzte orduan, eskaileran pausatuta: maila bat, hurrengoa... Astiro jaisten ari da.

      Ematen du alabak ulertu duela zer esan nahi duen horrek eta pazientziaz itxaron dute behekoek. Heldu da Jan behera noizbait, belarra zapaldu du, baina mugitu gabe geratu da tarte batez, eskailerari bi eskuez helduta. Esan liteke ibiltzeko arazoak dauzkala, ahaztu egin zaiola. Ez da, baina, horrela luzaro egon, eskuak askatu eta alabarengana egin du astiro. Ematen du ikasten ari dela, astun ditu hankak, besoak, zurrun...

      Alabaren aurpegiari ez dio begiratu harik eta aurre-aurrean jarri den arte. Badirudi hitz egin nahi duela, alabari zerbait esan nahi diola, baina ezin ditu ezpainak guztiz bereizi, apur bat baino ez, ezin du. Alaba aitaren hitzen zain dago, hainbeste denbora eta gero, ez du berak lehen hitza esan nahi, ume sentitzen du bere burua. Aitaren ezpainei baino ez die begiratzen, umetan bezala.

      Ahoa guztiz itxi du aitak eta pausoa egin du aurrerantz, alabarengandik metro erdira jarri arte. Eskua sartu du poltsikoan, paper txiki bat atera du handik, oso tolestua. Tolestura guztiak askatu dizkio, apurka, pazientziaz. Gozokiak biltzeko papera da, ez dauka eskuz ezer idatzita.

      Argitu egin da alabaren aurpegia zer den ikusi duenean, aitaren begiei begiratu die. Alabari eman dio papera. Estutu egin du alabak, atzera tolestu du, tolestura marra berberetatik. Alkandorako poltsikoan gorde du, bularrean, han ere estutu du. Janek buelta hartu du orduan eta eskaileretatik igotzen hasi da.