Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2014, nobela
 

 

hungariako lehen ipuina

Budapest

 

Bederatzi egun

 

 

Semea bidali dute gaur erosketa txikiak egitera. Aitak lan batzuk amaitu behar ditu, ama artikulu berriak irakurtzen ari da. Ogia, fruta, botika batzuk, zerealak... Auto txikia hartu du semeak. Motorra har zezakeen, baina hotza da haizea, euri apur bat ere bada noizik behin... Erosketa txikietarako beraz hirugarren autoa da onena. Hiru ordu laurden behar izan ditu ia: ogia, zerealak eta fruta leku berean hartu ditu, botikak bost kilometro harago.

      Autoa zikindu egin da bueltan, goranzko bidean, putzu asko dagoelako, lokatza. Auto txikia ez da egokiena bide horretarako, bazterrean utziko ditu egunen batean, portzentaje altua duen aldapa tarte horretan adibidez. Ez da gaur izango, pentsatu du semeak. Beti pentsatzen du gauza bera tarte horretan, Ez da gaur izango, etxetik irten denetik berrogeita hiru minutura.

      Atzo baino putzu gehiago dago estratetan. Batez ere ura dago bilduta, baina lokatz apur bat ere bai. Gutxi konpontzen dituzte bideak, normala da, alferrik da... Zenbat familia pasatzen da azken batean handik? Hiru, lau familia, hamar kilometrotan, hamabi kilometrotan. Geuk konpondu beharko genuke, pentsatu izan du beti semeak, Aitak egin beharko luke planifikazioa, bazter batean geldituko da auto txikia bestela egunen batean. Ez da gaur izango.

      Aita gimnasio txikian topatu du semeak etxera sartu denean. Lau makina dituzte: bizepsak, trizepsak, hainbat kilotako barrak, pisuak... Makina-gela ez da oso handia, eta hirurek erabiltzen dute, amak gutxiago. Makina batean etzanda dago aita, gora begira. Amak artikuluak irakurtzen jarraitzen du, notak hartzen ditu, azpimarrak, ordenagailua erabiltzen ari da. Semeak sukaldean utzi ditu erosketak, botikak ere bai... Armairu bat daukate zehazki botiketarako, leku asko dutelako soberan: hamazazpi armairu, zortzi apalategi, bederatzi tiradera, hiru mahai, zortzi aulki...

      Semeak partidua dauka arratsaldean, horregatik ez da aitarekin gimnasioan hasi. Senior mailara heldu denetik arratsaldeetan dauzka partiduak, lehen, jubeniletan eta aurrekoetan, goizetan zirenak. Pentsatu du partidua eta gero ez dela lagunekin aterako, etxera itzuliko dela. Eskema batzuk egin behar ditu, ikasi, pelikula ikusiko du gero beharbada, telesailen bat. Izan ere, eguraldia desatsegina da kalerako, tabernetarako, itzultzeko gero, errepidean, estratetan, hogeita bi kilometro eta erdi egiteko. Kalkulatu du etxean seietarako egon daitekeela, partidua goiz programatu dute eta. Taldeak nahiago du argi naturala... Emaitzetan ere ikusten da, entrenatzaileak egin du estatistika.

      Goiz bazkaldu dute gaur, semearen partiduari begira, hiruretarako egon behar du kiroldegian. Ama odolari buruz hitz egiten hasi da bazkarian, aita eta semea ohituta daude. Odola ez dute pertsona baten gorputzean imajinatzen, edo zauri zabal bati dariola, borborka; kristalezko ontzietan irudikatzen dute odola, plastikozko poltsetan, probetetan, tanta solteak, analisiak... Askotan hitz egiten du amak odolari buruz, ohituta daude, interesgarria da, baina ez dute beti eta erabat ulertzen. Kiroldegira joateko bigarren autoa hartuko duela esan du semeak; amari ondo iruditu zaio, aitari ere bai.

 

 

Partidua ondo joan da, tarte handiz irabazi dute, baina uste baino denbora gehiago egin du aldagelan, taldekideekin. Pentsatu baino beranduago heldu da etxera beraz, zazpiak laurden gutxiagotan. Aita ordenagailuan topatu du, irakurtzen ari da ama, ez daki lanekoa edo bestela, ez dio galdetu.

      Logelara joan da semea, sukaldera gero, fruta jaten hasi da. Kaleko atea jo du baten batek orduan. Fruta mahai baten gainean utzi eta beste ezertan pentsatu gabe atera da semea egongelara. Gurasoak bera bezain harrituta daude, inork gutxik jotzen baitu kaleko atea modu horretan. Etxera etortzen direnek telefonoz deitzen dute lehenago, abisua eman, ordu konkretuak aipatzen dituzte. Ez da autorik entzun gainera, beste datu bat da hori; autoak urrunetik entzuten dira beti etxe honetan. Inor ez da oinez etorri gaur arte.

      Aita joan da atea irekitzera, jarraitu egin dio semeak, metro eta erdi atzerago. Ama besaulkian geratu da, urduri ez balego bezala, baina liburua apur bat alboratu du. Atea natural itxuran zabaldu du aitak, ez oso motel, azkarregi ere ez. Andrazko bat dago ataurrean, atzean beste bi pertsona: agure bat eta zortzi bat urteko umea. Arropa zaharrak dakartzate hirurek, zikin daudela ematen du, inpresioa baino ez da beharbada... Baliteke ileak eragitea inpresio hori, bustita dauzkate, hirurek, bekokian itsatsita; zikin sentsazioa ematen du.

      Atea ireki eta segituan eskailera maila batean eseri da agurea, zorua bustita dagoela kontuan hartu gabe. Oso mugimendu baldarrak egiten ditu, urte asko dauzkala nabaritzen da, gaixotasun bat baino gehiago; hori guztia igarri zaio mugimendu bakan batzuetan. Umea amaren izterrera hurreratu da, eskutik heldu dio, dardara txiki bat egiten du lantzean behin.

      Emakumea hasi da hizketan. Agurea, bitartean, behera begira dago, eskaileran jesarrita, arnasestuka ematen du, ahoa oso zabalik. Umea etxe barruko aitari begira dago, metro eta erdi atzerago dagoen semeari, atariko ispiluari. Beste biak baino zikinagoa ematen du, aurpegia batez ere. Emakumeak kanpoko ahoskera dauka, oso markatua: erreak biguntzen ditu, eseak ere bai. Apalik hitz egiten du, keinuak eta jarrera ere otzanak dira, nabari da kostatzen ari zaiola, gogorra dela berarentzat eskatzea, Jateko apur bat, esnea, ogia, Ez, ez dute dirurik nahi, Janaria, gordin jan daitekeena, Arropa zaharren bat ere bai, bai. Aditzak txarto esaten ditu batzuetan, desegoki lotzen ditu esaldiak, baina oso ondo ulertzen da zer nahi duen, zer behar duten. Batzuetan behera begiratzen du, ematen du ezin diola lotsari eutsi.

      Mugitzen hasi dira barrukoak... Amak guztia aditu du egongelatik eta sukaldean dago orain. Emateko modukoa dena bildu du mahai baten gainean, plastikozko poltsetan: fruta, arrautzak, barazkiak, latak, pasta... Pentsatu ere ez du egin zertan ari den, ez du pentsatu familia horrek ez duela modurik izango ura irakiten jartzeko, pasta behar den moduan egiteko. Astebeterako janaria prestatu du, bi asterako, semea eta aita poltsak ateratzen hasi dira.

      Sukaldean amaitu duenean, arropa ekartzen hasi da ama: jakak, jertseak, tapaki bi, horretan ere eskuzabal... Andrazkoa eskerrak ematen ari da etengabe, azentu arraro horrekin. Alabak ere eskerrik asko esan du halako batean, amaren oihartzuna, amak agindu izan balio bezala, oso apal biak ere. Agureak ez du hitzik esan, ez du hizkuntza jakingo seguruena, behera begira dago.

      Prozesu guztia amaitu dutenerako, erabat ilun dago eguna. Eskailera mailatik altxatu da agurea, kostata, pauso baldar batzuk egin ditu. Andrazkoak etxe barrukoak agurtu ditu. Azken gauza umeak esan du, zortzi-bederatzi urtekoak. Ez dauka amaren azenturik, horrek harritu du etxe barruko semea. Esan du umeak:

      — Bederatzi egun barru dator amona. Orduan izango da.

 

 

Goiz altxatu dira gaur etxekoak, ama lehenengo, aita gutxira, goizeko seiak eta laurdenetarako hirurak zeuden itzarrik, sukaldean. Arduratuta joan ziren atzo ohera, berandu; urduri esnatu dira gaur.

      Bederatzi egun baino ez, hori da behin eta berriro aipatzen dutena euren artean hitz egiten hasten direnean. Denbora gutxi iruditzen zaie, ez daukate besterik buruan... Amak ezin du irakurri, aita batetik bestera ibili da, ezer konkreturik egin gabe.

      Zortziak aldera sartu da aita bulegoan, baina segituan irten da handik eta amari deitu. Semea ere inguratu da eta hirurek begiratu dute bulegoko leiho handitik. Bezperako familia dago han, etxetik 100-120 metrora... Ez dira joan: andrazkoa, alaba, aitona, lehen zuhaitzak hasten diren lekuan daude. Amak emaniko tapakia jarri dute adar baxu batetik bestera, nahiko oker, eta haren ondoan daude jesarrita emakumea eta agurea; neskatoa apur bat harago, zutunik.

      Gaua bertan pasatuko zuten, pentsatu dute etxekoek, aurrera jarraitzeko prestatzen ariko dira. Pena apur bat ere hartu dute, hezetasun handia dago, haizea, ez zuten ondo lo egingo... Gauza da etxean sobera daukatela lekua, hori pentsatu dute. Ematen du agurea eztulka ari dela. Neskatoa saltoka ari da, soka balu bezala baina sokarik gabe.

      Etxekoak lanera itzuli dira, lasaiago orain. Semeak asko ikasi behar du hemendik eta maiatzera bitartean, amak artikulu batzuk gainbegiratu behar ditu. Hamabietan bulegotik irten da aita, esan du familia han dagoela oraindik, etxetik ehun metrora, ez dutela alde egin. Esan du emakumeak prestaketa asko egin dituela, plastikozko poltsa guztiak bakarrean bildu dituela, baina leku berean jarraitzen dutela, agurea eztulka. Apur bat harritu ditu etxekoak informazio horrek, baina arrazoi egokia eman du amak: ez da erraza izango horrelako familia bat mugitzea, agurea, umea, eztulak...

      Bazkarian gai bera erabili dute berriro, nola ez, bederatzi egun horiek, guztiek uste dute denbora gutxi dela, gutxiegi. Aita goizean baino urduriago jarri da, amak lasaitu behar izan du.

      Bazkalostean normalean baino denbora gehiago egin dute hizketan. Ematen du ez dutela leihotik begiratu nahi, beldurra ematen diela, ez dakitelako garbi zer egin dezaketen familiak han jarraitzen badu, zuhaitz artean, euren tapakien azpian. Ematen du euren buruak engainatu nahi dituztela etxekoek, leihotik begiratzen ez badute, familiak alde egin duela pentsa dezakete. Amak mediku-tresneriaren esterilizazioaz hitz egin du, nolako garrantzia daukan beti, odola aipatu du berriro. Hori guztia esan du besterik esateko gai ez balitz bezala, senarra eta semearentzat garrantzi handia edukiko balu bezala, baina esaldi baten erdian eten eta, eserita dagoen lekutik abisurik gabe altxatuz, leihorantz egin du. Senarrak ukondotik heltzeko keinua egin du, bide hori eragozteko keinua, indar minimoz ordea, atzamarrak bigunduta geratu zaizkiola ematen du.

      Emazteak leihoko errezela baztertu, begiak kristalera hurbildu eta berehala eman du buelta semea eta senarra zain dituen lekura. Hor daude oraindik, esan die. Semeak eskuan zerabilen koilara mahaiaren kontra bota du modu txarrean. Aitak sorbaldak jaitsi ditu.

 

 

Biharamunean lanegun guztietan bezala jaiki dira, astelehena da. Gurasoak seietan altxatu dira, semea zazpiak eta laurdenetan. Izan ere, bide luzea daukate lanerako, amak batez ere. Leihotik begiratu gabe prestatu dira, garbiketak egin dituzte, arropak jantzi, gosaria, ematen du ez daudela urduri, lanegun arrunta dela.

      Asko hitz egiten duen familia da, baina isilik daude gosarian. Aita paper batzuei begira ari da, laneko lehen batzarrerako behar ditu. Amak ez ditu platerak eta katiluak ontzi-garbigailuan sartu; semea harritu du horrek berrogei minutu geroago.

      Ama atera da lehenengo etxetik, beti bezala, aita haginak garbitzen dagoen bitartean, ospitalerako. Lehen autoa hartu du, potenteena, horregatik esaten diote lehen autoa, ospitalea dagoelako urrunen. Autoa bebarrutik atera eta, derrigor, agurea, andrazkoa eta umea dauden lekutik hogei bat metrora pasatu behar du, ez dago beste biderik.

      Astiro pasatu da kanpoko familiaren ondotik, baina ezikusiarena egin du, ez die begiratu ere egin, ondo dakien arren bertan daudela, etxetik 100-120 metrora, lehen zuhaitzak hasten diren lekuan, amak berak emandako tapaki baten azpian, itzarrik, andrazkoa eta agurea behintzat. Izan ere, begi bazterretik ikusi du auto barrukoak bertan dagoela familia, andrazkoa zutunik arropa batzuk eskuetan, tolesten, garbitzen, ez daki seguru. Burua zuzen jarraitu du amak, begiak bidean, ezin du arreta galdu gidatzen ari den bitartean, ezin du aitortu familiak leku berean jarraitzen duela eta larunbatean bederatzi egun falta baziren, orain zazpi falta direla amona heltzeko, edo zortzi, larunbata kontuan hartzen ez bada... Astebete inguru guztiarekin ere.

      Aitaren jarrera oso bestelakoa izan da: auto barrutik agurtu du zuhaitzen ondoan dagoen andrazkoa etxetik atera bezain laster. Familiaren kanpalekura hurbildu denean leihatila ere jaitsi du eta galdetu egin die, Ondo? Bai, ondo, erantzun du andrazkoak. Umea ez du ikusi, lotan egongo da seguruenik, tapakien azpian. Andrazkoak poltsak antolatzen jarraitu du, goizean bertan abiatu behar balute bezala, metodikoki. Agureak autoari begiratu dio, gurpilei batez ere.

      Lanetatik eta unibertsitatetik itzuli direnean, arratsaldean, iluntzean, esperantza txiki bat ekarri dute guztiek: pentsatu nahi izan dute familia ez zela bertan egongo, lehenera bueltatuta izango zela guztia. Etxera inguratu eta berehala zapuztu zaie esperantza, ordea; umea eta agurea ikusi dituzte zuhaitz artean, andrazkoa ez. Ez zen urruti joango, pentsatu dute, ezin ditu beste biak bakarrik utzi.

      Etxe barruan otordu bakoitza aurrekoa baino urduriagoa da, hotzagoa, gero eta gutxiago jaten dute, ematen du urdaila estutzen ari zaiela. Hitzak ere gutxiegi aditu dira eta guztiak amona etortzeko falta diren zazpi-zortzi egunen inguruan.

 

 

Astearte goiza antzera joan da: goizeko seiak, zazpiak, autoak, eskolak, ospitalea... Iluntzerako itzuli direnean, ordea, etxe barruko giroa animatuago dagoela ematen du, andrazkoa, agurea eta umea leku berean dauden arren. Ohitzen hasita daude etxekoak, zazpi egun falta dira oraindik, zazpi direla erabaki dute, adostu dute. Ez zaie hainbesterako iruditzen, gauza asko gerta litezke oraindik. Aitak hamabost minutuan behin begiratzen du leihotik, familiaren mugimenduak komentatzen ditu. Semea ikasteko ahalegina egiten ari da, lantzean behin, baina, aulkitik altxatu eta leihoren batera hurbiltzen da.

      Aita eta semea elkarrekin daude leiho baten aurrean zortziak eta hogeian, hala egokitu da, topo egin dute begiratzera joan direnean. Urduri jarri dira, amari deitu diote. Beste figura bat ikusi dute etxe aurrean, andrazkoarekin hitz egiten ari dena, agurearen ondoan, umearen ondoan. Emakumezkoa ematen du, baina ez daude seguru. Beste pertsona bat da, hori garbi esan dezakete, amari eskatu diote begiratzeko. Amak gauza bera ikusi du, beste pertsona bat, emakumezkoa seguru. Iruditzen zaie, baina, ez dela amona, ez du andre zahar baten trazarik. Horrek bake apur bat eman die, momentu batez pentsatu dute uste baino denbora gutxiago izango zutela...

      Afalorduan eztabaidak hasi dira, nor den figura berria... Emakumezkoa da, horretan ez da zalantzarik; ez du ematen amona denik, horretan ere ados... Baina ez dakite familiakoa den ala beste barik bidean topatu duten, laguna den, ezaguna, erabat ezezaguna... Larregi arduratzea ere ez duela merezi, hori erabaki dute azkenean, biharamunean jakingo dutela, seguruena, nor den.

 

 

Amak ikusi du figura berria hurbiletik asteazken goizean, autoa ondotik pasatu denean. Neska gaztea da, 18-20 bat urtekoa, eta andrazkoaren inguruan dabil, laguntzen ari da. Aitari gazteagoa iruditu zaio autoan ondotik pasatu denean.

      Lanetik eta unibertsitatetik itzuli direnean, ostera, ez du figura berria inork ikusi... Esperantza berritu die horrek, garbi dago abiatu dela, ez dela geratzeko etorri. Leihotik begiratzeari utzi diote ordubetez.

      Zortziak hamar gutxiagotan jo dute atean ordea. Aitak salto txiki bat egin du aulkian, ama joan da atea irekitzera. Aitak arrazoia zuen, amak uste baino gazteagoa da neska, 15-16 urte izango ditu. Bederatzi urteko ahizpa dauka ondoan, aurreko egunean baino zikinago. Ume txiki bat ere badakar besoetan, hilabete gutxiko haurra. Neskak ondo erabiltzen du umea, eskumako besotik bestera pasatzen dio burua, trebe ere bai, baina ez du ematen ama denik.

      Andrazkoak baino askozaz seguruago hitz egiten du. Txikitan erabiltzen zuen hizkuntzako marka gehienak ezabatu ditu eta aurrera begira mintzo da, behin ere ez du begirada jaitsi. Esan du fruta amaitu edo galdu zaiela eta apur bat gehiago beharko luketela, umeentzat batez ere. Ahizpa seinalatu du, antza ere badaukate. Amak semeari agindu dio fruta ekartzeko, baina ez da atetik mugitu. Haur txikiari begira dago, ez daki zer egin.

      Semeak sukaldeko fruta piezen erdia baino gehiago poltsetan sartu eta atarira eraman ditu. Neskari, poltsak hartzeko makurtzeko keinua egin duenean, ileko goma askatu eta aurpegira etorri zaio ilearen parte handi bat; oso zikin dauka. Mugimendu azkar batez bota du atzera, tente jarri da. Amari begira esan du gero:

      — Sei egun barru dator amona, asteartean, eguerdian.

      Atea itxi duenean, itolarria nabaritu du amak eta eserita ere zorabiatuta dagoela sentitu du. Aitak hasperen egin du, semeak eutsi egin dio. Beste behin logikoa ez den ordu batean joan dira hirurak ohera.

 

 

Asteburura arrastaka heldu dira etxekoak. Lo gutxi egin dute, nerbioak oso nabarmenak dira, baina tentsioa berez makaldu da, ez dago betiko eusterik, eta ostiraletik larunbaterako gaua ondo pasatu dute, loa ere sakona, aspaldi ez bezala.

      Larunbata normal joan da, egun arrunta izan da aspaldiko partez, behar zuten. Amak hitzaldi sorta bat prestatu behar du, kongresuak, aurkezpenak... Aurrekontuei begira ari da aita, planoei ere bai. Hiru egun falta dira eta sumatzen dute inportanteak izango direla hurrengo biak... Atseden apur bat behar dute beraz azken egunei aurre egiteko, gogoz aritzeko azken bi egunetan. Semeak partidua jokatu du, kanpoan; ordubeteko autobusa zeukan, on egin dio. Unibertsitateko apunteetan ere asko aurreratu du, goizean batez ere, eta iluntzera nekatuta heldu da baina gustura. Bigarren partidua irabazi dute jarraian, egin ditu tanto batzuk, bederatzi ordu eta erdiz egin du lo.

      Igandean berandu jaiki dira etxekoak, ezagun da tentsioak ez duela oraindik gora egin. Goizean larunbateko martxari eutsi diote, bakoitza bere lan-mahaian, gutxiago edo gehiago kontzentratu dira, baina atera dute behar zuten lana. Amak buruko mina aipatu du, infusio bat hartu du hamabi eta erdietan.

      Bazkaritarako jesarri direnean hasi dira nerbioak igartzen. Hitz egiten hasi dira, normalean baino gutxiago, normalean baino zurrunago. Aitak ura bota du mahai gainera, aho-zapiak busti ditu, semearen aulkiak inoizko zarata gehien egin du atzera eta aurrera.

      Momentu batean adostu dute gauzak prestatzen hasi beharko dutela, antolatzen, bi egun baino ez direla falta, gutxiago ere bai, eta gauza asko hartu behar direla kontuan; astearte eguerdira arte daukate. Guztiarekin ere, astelehenerako gehiena antolatuta izan behar dutela erabaki dute.

      Asmo horrekin altxatu dira mahaitik, ahalik eta lasterren hasi behar dutela antolatzen, arratsaldean bertan. Asmo horrekin garbitu dute sukaldea, baina beste zeregin batzuk ere badauzkate, bakoitzak berea, eta atzeratzen joan dira antolaketa, igande osoa eman dute ezer antolatu gabe azkenean. Afalostean amak hitz egin du batez ere, serio, hotz: orain ez dagoela atzeratzerik, astelehen arratsaldean egin beharko dutela guztia, ez dutela beharbada astirik izango, gauza gehiegi direla.

      Astelehen goizean lanera joan dira, unibertsitatera. Inoiz baino mugimendu gehien sumatu dute zuhaitzen ondoan handik pasatu direnean: agurea ere zutunik dago, mugitzen ari da, zerbait dauka eskuetan, soka bat, trapuak, zehatz egiten ditu gauzak. Lanetik eta eskoletatik itzuli direnean, ostera, eserita daude zuhaitzetako guztiak, apenas mugimendurik gabe, zerbaiten zain, isilik. Etxekoek ez dakite hori guztia nola interpretatu, ez dute euren artean komentatu, ez daukate astirik, gauzak antolatzen hasi behar dute.

      Arratsalde osoa eman dute gauzak prestatzen, gutxi afaldu dute; gauerdia pasata amaitu du semeak berea, ordu bietarako bost minutu faltan amak eta aitak. Behar bezala atonduta utzi dute guztia biharamunerako. Lanean egun librea eskatu dute asteartea.

 

 

Astearte goiz osoa leihoan egin du amak. Aulkia jarri du egongelako leihate ondoan eta birritan baino ez da handik altxatu, komunerako. Gosaria ere zutunik egin du, sukaldeko leihoan, goizeko seietan. Aita bulegoko mahaian egon da, baina leihoa dauka aurrean berak ere. Errezelak baztertu ditu guztiz, ez du keinu nabarmenik egin behar beraz zuhaitz aldera begiratu ahal izateko. Semeak ikasteko itxurak egin ditu, baina sarriegitan hurbildu da leihoetara bera ere.

      Kanpoko familiak ez du mugimendu berezirik egin, hori iruditu zaie etxekoei, eserita egin dute denbora gehiena. Bederatzi urtekoa izan da gehien zutundu dena, korrika egiteko, dantza itxurak egiteko, sokasaltoa imitatzeko, sokarik gabe. Etxe barruko amari une batean iruditu zaio neska etorriberriak titia eman diola haurrari, baina berehala pentsatu du ezinezkoa dela. Gauza da eguerdian etorri behar duela amonak eta kanpoan ez dela mugimendu berezirik igartzen.

      Hamabietarako minutu batzuk falta direnean urduriago jarri da ama, zehatzegi ez dakien arren zeri esango dioten eguerdia kanpokoek: hamabiak, ordu bata, bazkalordua...

      Ordu bata laurden gutxitan heldu da kamioia. Etxekoek ez dute ezagutzen, eta arraroa iruditu zaie; ezagutu beharko zuketen, ibilgailu gutxi ibiltzen delako errepide horretatik...

      Zuhaitzetako familia dagoen lekutik aurrera egin du kamioiak eta berrogei bat metrora gelditu da. Amona jaitsi da kamioitik. Amona dela jakin dute etxe barrukoek, inork esan gabe.

      Kanpoko familiakoek ez diote harrera berezirik egin, horrek ere harritu ditu etxekoak. Andrazkoak hitz egin dio, agureak ere zerbait esan dio, eta amonak keinu zabal bat egin du besoaz, zuhaitzak, mendia eta etxea harrapatu nahi balitu bezala, inguruan daukan guztia. Familiako guztiak zutundu egin dira orduan eta etxera hurbiltzen hasi dira, denak batera. Amona aurrean abiatu da; apur bat atzera gainerakoak, mailakatuta.

      Etxe barruko ama atzeraka hasi da egongelan, leihotik aldendu nahi balu bezala. Aldakarekin kolpea eman dio ondoan daukan aulkiari, lurrera bota du, ez du jaso. Aitak hiruron jakak ditu besoetan... Semea azken maleta ari da autoan sartzen... Bi auto eramango dituztela erabaki dute, bestea bertan utziko dute, galdu egingo dute. Amona hogei metrora dagoenean atera dira bi autoak etxetik, bidea hartu eta bihurgunean galdu dira.

      Atea zabalik topatu dute kanpokoek, astiro sartu dira etxera. Amonak egongelan itxaroteko agindu die gainontzekoei. Bakarrik igo da goiko solairura, logela guztiak miatu ditu, laurak, kalkuluak egin ditu, minutu bakar bat behar izan du erabakitzeko. Egongelara sartu da berriro eta beste guztiei jakinarazi die zein izango den, gaurtik aurrera, amonaren logela.