Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2014, nobela
 

 

 

Hiltzen ari da Soro Barturen, horregatik ari gara pertsonak erosten. Gazteak erosten ditugu batez ere, baina zaharrak ere erraz erosten dira, besterik ematen duen arren... Katedradunen bat ere erosi izan dugu inoiz. Erosi, erabili eta bota. Batzuetan ez ditugu botatzen, berrerabili egiten ditugu, dirua nahi dutelako. Horretarako etorri gara Pragara.

      Ez dugu Pragako ezer ikusi... Soro Barturenek ez die elizei begiratzen, ez zaizkio interesatzen, txistua botatzen du zorura, zakarrontzien oinetara, eta “ostia” esaten du. Pragako hotel honetatik ez da irten, nik dakidala. Hemen ere gazte bat erosi dugu eta hona, hotelera, etortzeko esan diogu.

      Baina, zertarako erosten du jendea Sorok? Pedro Iturriaren ipuinak itzultzeko eta komentatzeko. Ordu batzuk ematen ditu ipuinak komentatzen erositako pertsonarekin, besterik ez, horretarako ematen die dirua, diru asko, horretarako erosten ditu. Ipuin hau bezala, “Ez dira gureak” hau, Margarita Maguregi erakusten duena, mamu batzuk, munstroak.

      Lehenengo eta behin, ipuinak itzuli behar izaten dituzte erositako pertsonek: frantsesetik, danieratik, alemanetik... Hizkuntza horietan guztietan eta gehiagotan daude Pedro Iturriaren ipuinak. Eta gero itzulitakoa komentatzera etortzen dira. Gustura etortzen dira, diru asko da, erraz ematen dizkiote ordu batzuk Sorori.

      Erosi dugun gazteari iluntzeko zazpietan etorri behar duela esateko eskatu dit Soro Barturenek. “Soro” esaten diote, gure Bizkaiko aldean ez delako “z” ahoskatzen... Gaztetarik esan izan diogu, baina inoiz ez da zoroa izan. Jende gehienak ez daki nola duen benetako izena: Javier Barturen, Xabier, Francisco Javier... Kalean Soro izan da beti, Soro Barturen. Bulegoan lan egiten zuenean, abizena erabiltzen zuen.

      Erositako gaztea iluntzeko zazpietan badator, Sorori iruditzen zaio hamarrak baino askozaz lehenago ere amaituko dutela... Unibertsitate mutila da eta Sorok ez dauka unibertsitatean fede handiegirik... Konbentzituta dago gazte hori ere aurrekoak bezalakoa izango dela: astoa. Zerbait jakingo du zerbaiti buruz, baina ez du ipuinaz hitz egiten jakingo, azalean geratuko da, itxurak egin nahi izango ditu, noren eta hiltzen ari den Soro Barturenen aurrean.

      Batzuetan geu etortzen gara erositako pertsonen bila, orain bezala, Pragara; beste batzuetan etxera ekartzen ditugu, Soro Barturenen etxera. Dirua nahi izaten dute eta edonondik etortzen dira. Niri lotsa ere ematen dit batzuetan, euren lanetatik ateratzen ditugu, familietatik, euren ikasketetatik, eta kuien moduan etortzen dira: lana egiten dute, ipuina zehatz itzultzen dute, eta etorri ere etortzen dira, edonon daudela.

      Pragan erosi duguna soziologoa da, edo Soziologia ikasten ari da, edo master bat egiten dabil, ez dakigu bigarren karrera duen, doktoretza, berdin digu. Pentsatuko du badela nor, paparra baloituta ekarriko du, irakurketa asko ariko da egiten —erdia baino gehiago sastarra—, baina pentsatuko du badela nor... Besterik interesatzen zaigu guri: txekieraz dakiela. Hori da kontua, eta euskarara itzul dezakeela txekieratik Pedro Iturriaren ipuina.

      Soro Barturenen alabak topatu zuen Joseba Azurza, soziologoa, Soziologia ikaslea, ez dena zehazki Pragan bizi, ezpada Brnon, baina Pragaraino etorriko dena gaur zazpietarako, Soro Barturenekin hitz egitera. Itzulpena, “Ez dira gureak” ipuinarena, duela egun batzuk bidali zigun etxera, gu hona etorri orduko. Ez zait iruditu bikainegia, apur bat nahasia ere bai, baina balekoa. Baliteke testua bera halakoa izatea, nahasia, txekieraz esan nahi dut. Nahasia izan behar du derrigor, jatorrizkoa berez ez baitago txekieraz, hori aspaldi dakigu, baina ez dakigu Pedro Iturriak idatzitako jatorrizko hori ingelesez, gaztelaniaz edo euskaraz idatzita zegoen... Pedro Iturriak hizkuntza horietako batean idazten du, ingelesez seguruena, eta beste pertsonaren batek itzultzen dio gero txekierara, alemanera edo behar duen hizkuntzara.

      Jakiteko dago oraindik Joseba Azurza gizon harroa den, baldarra, lotsorra, gauzaeztana, iletsua, baliokoa... Ardoa eskuan itxaron diogu. Ardoa ez dugu askotan hartzen, momentu berezietan baino ez, Gozo dau ardaua, esan du Sorok, Ez dakit lepoak edo gibelak hilgo naudien... Zer da hau, Txekia ala Eslovakia?, jarraitu du. Kortxoak gero eta handituago dekotez, zeuk bere bai? Zemet denpora falta da zazpiretarako?

 

 

— Ondo, ondo, Joseba, urte askotarako. Unibertsitatean zabiltza orduan... Ondo, Joseba... Baina hasi egingo gara, horretarako etorri zara... Lehenengo galdera bat, Joseba: ona da hau zuretzat? Benetan da ona Iturriaren ipuin hau zuretzat?

      — Baietz esango nuke. Bai. Ona da, bai. Baietz esango nuke.

      — Baina ondo idatzita dago? Ondo idatzita dagoela esango zenuke?

      — Zeri esaten diozun...

      — Itxaron. Irakurri egingo dizut. Esaldi desordenatuak egiten ditu Iturriak; azpimarratu egin ditut. Hemen daukat. Hemen: “Margarita Maguregi joaten zen etxe horietara, gure artekoetatik joaten zen bakarra. Margarita, jostuna, Margarita Maguregi, hori da. Gregorioren ama, hori da: Gregorio, Fernando, semeak, Begoña eta Joseba ere bai, txikiena, lau zituen.” Hori da ondo idaztea, Joseba? Desordenatuta? Ezin zuen modu naturalagoan egin? Zer uste duzu? Ezin zuen honela egin, adibidez: “Lau seme-alaba zituen, bi puntu, Gregorio, koma, Fernando, koma, Begoña eta azkena, koma, txikiena.” Ez da hain zaila... Ez da zaila, Joseba.

      — Hori da gauza, ez dela zaila... Ordenatu ahal zituen, baina ez ditu ordenatu...

      — Esan nahi duzu ez duela egin ez zaiolako kortxoetatik atera? Esan nahi duzu gu baino hamar buelta aurrerago dagoela Iturria? Esan nahi duzu gu etxeko komunean gaudela eta bera Kuban? Hori esan nahi duzu, Joseba?

      — ...

      — Zazpi minutu berandu heldu zara, Joseba, ez dizut lehen esan.

      — Brnotik nator, trena...

      — Nondik?

      — Brnotik...

      — Zelan ahoskatu duzu...?

      — Bernó.

      — Azentua azken letran orduan... Jaka zikin daukazu, Joseba, apurtzen hasita ere bai, lepoan, maiztuta. Horrela esaten da? “Maiztuta”? Zuek erabiltzen duzue hitz hori, Gipuzkoan? Guk ez, herrian ez, etxean ere ez, duela gutxi ikasi dugu. Zergatik utzi diozu jakari horrela apurtzen, Joseba? Ez dizut nahikoa ordaindu? Ile gutxi daukazu zure edaderako. Diru gehiago behar duzu? Doktore deitu behar dizut, Joseba? Soziologian doktore?

      — Ez, oraindik ez...

      — Berdin dio. Zergatik agertzen dira hainbeste mamu ipuin horretan, Joseba? “Mamu” hitza esan nahi dut. Nola deitu behar diot? Ipuin? Narrazio? Istorio? Kontakizun? Zer idazten du Pedro Iturriak, Joseba? Ipuinak? Narrazioak?

      — Ezin dizut esan, ez naiz...

      — Berdin dio, Joseba. Zergatik mamuak? Mamuekin hasten da ipuina eta mamuak daude amaieran ere, beste era batekoak. Ipuin barruan ere bai, mamuak, mamuak, mamuak, errepikatu egiten dira, munstroak bezala, paparrekoak, odola... Zergatik, Joseba? Zeuk itzuli duzu testua, jakin beharko zenuke... Zerbaiten sinboloa da mamua, Joseba?

      — ...

      — Oraindik erabiltzen dira sinboloak? Oraindik existitzen dira idazle sinbolistak? Ez daude apur bat gaindituta, Joseba? Ez dira beste sasoi batekoak? Ez daude ugertuta, zure jaka bezala? Barkatuko didazu baina praketako beheko partean ere zulo bat daukazu, Joseba. Diru gehiago behar duzu? Baina benetan diot, Joseba, sinboloak ez dira apur bat beste sasoi batekoak, ez daude apur bat ustelduta? Profanoa naiz ni, Joseba, badakit, argi izan hori: ingeniaria naiz, beti izan naiz, ikasketetan, lanean, gutxi irakurri dut, eskolako gauzak gogoratzen ditut, batzuk: sinbolismoa, erromantizismoa, neoklasikoak... Ugertuta guztiak. Pedro Iturria ere ugertuta dago, Joseba? “Ugerra” ‘zikin’ esateko ere erabiltzen dugu guk, galduta eta zikin... Horrela dago Pedro Iturria, Joseba? Horrela daude haren ipuinak? Nik ezingo nuke esan, ez naiz horretara dedikatu, letretara, Soziologiara, Historiara; ingeniaria izan naiz ni, diru asko egin dut, Gregoriok bezala, Margarita Maguregiren semeak bezala. Gutxi irakurri izan dut nik, bestela ez nuen dirua egingo, beste gauza batzuk egingo nituen, baina dirua ez... Orain, baina, ezin dut esan Pedro Iturria ugertuta dagoen ala ez. Zeuk esango didazu, Joseba?

      — Ez dakit, neuk ere...

      — Zeuk itzuli duzu ipuina, Joseba. Ez zara informatu? Itzultzaileak ez du informatu behar? Ez dizut nahikoa ordaindu? 7.000 euro, ipuin bi itzultzeko. Eta ezin didazu esan Pedro Iturria ugertuta dagoen?

      — Ez dakit, jauna... Publikatu egin zizkioten ipuinak, biak. Aldizkariak izena dauka Txekian. Editore bat egongo zen, batzuk, adituak, publikatu egin zioten. Zerbait...

      — Homosexuala zara, Joseba?

      — Ez...

      — Katolikoa?

      — Ez.

      — Karlista?

      — ...

      — Zergatik zikintzen du Margarita Maguregik barruko arropa? Odolez... Iruditzen zaizu 54 urteko andre batek barruko arropa zikintzeko beharra daukala, lau puntu, odolez? Zer da hori, Joseba? Zer esan nahi du? Zerbait esan nahi duten gauza asko ikusten dut nik ipuin honetan, Joseba... Zeuk?

      — Bai... Hori da. Zure antzera.

      — Eta zer dira? Sinboloak? Metaforak? Hitz hori ere ugertuta egongo da gaur egun... Nola esaten zaie gaur metaforei, sinboloei, literaturan, kritikan, unibertsitatean? “Elementu erreferentzialak”? “Zantzu adieraemaileak”? Asmatzen nabil, noski, baina izango dute izenen bat... Ingeniaritzan izen asko dauzkagu, aeronautikan ere bai. Soziologian, Joseba? Dena dela: zer da odola Margarita Maguregiren barruko arropetan, paparretik behera datorren odola? Zer da hori, Joseba?

      — Ez dakit... Ni ez naiz... Konnotazio sexualen bat...

      — Konnotazio, konnotazio... Ederra hitza... Konturatu zara Margarita Maguregiren familiakoek ez daukatela mamurik? Etxe handietan bizi direnek bai, mamuak, mamuak, behin eta berriro errepikatzen da, ematen du etxe handietakoak desfasatuta daudela, momiak direla... Momia zikinak? Esan ahal dugu hori, Joseba? Momia zikinak direla? Baina Margarita Maguregiren etxean, familian, ez dago mamurik, garbiagoak dira. Esan daiteke horrela? Garbiagoak direla?

      — Hala ematen du...

      — Baina Gregoriok negozioak dauzka Ginean. Garbia da hori, Joseba? Negozioak Ginean? Ginea sinbolo bat da berriro ere? Elementu erreferentzial bat? Herrialde oso bat sinbolo izan daiteke? Zergatik mugitzen da dirua familia batetik bestera? Zer da dirua, Joseba?

      — ...

      — Zergatik dago ortua etxe barruan? Inportantea da ipuinean? Kultura, natura. Egosia, gordina. Badakizu zertaz ari naizen, Joseba? Nor da kultura ipuin honetan? Badago kulturarik? Ezetz esango nuke.

      — Ez dakit...

      — Berdin dio... Beste puntu bat, Joseba: norentzat erosi du paparrekoa aitak? Alabarentzat... Hori da... Eta alabak aitari bota dio lepokoa bueltan, harrika. Horrela esaten duzue? “Harrika bota”? Guk ez dugu hitz hori erabiltzen... “Harrika” erabiltzen duzu, Joseba? Guk ez. Aitaren kontra bota du lepokoa alabak, jakaren kontra, hala esaten du Pedro Iturriak. Eta aitaren jakak? Esanahiren bat dauka? Zer da amorru hori, Joseba, alabarena?

      — Gaixorik dago. Hori ematen du.

      — Gaixorik, hori da. Ilea jausten dauka. Minbizia? Hain sinplea? Ezer sinplea ez daukan ipuin honetan? Baina gibelak hil du azkenean, hori esaten du Iturriak. Ez da hain sinplea orduan. Lotuta daude ilea eta gibela? Ez dut uste. Jausi egiten da ilea gibela txarto dagoenean? Ez dut inoiz entzun. Noizkoa da kimioterapia? Gibela txarto daukazu zuk, Joseba? Ile gutxi daukazu, zure edaderako. Zirrosia, Joseba? Edan egiten duzu? Zer edaten duzu, Joseba? Neuk ere ez... Ardo apur bat. Hiltzen ari naiz. Hiltzen aritu zara inoiz, Joseba?

      — ...

      — ...

      — ...

      — Tira, gauza da bota egin diola paparrekoa aitari alabak, ez duela nahi. Ernegatuta dago alaba. Erabiltzen duzue zuek hitz hori, “ernegua”? Ernegatuta alaba aitaren kontra; ez aitaren kontra, paparrekoaren kontra. Zer da paparrekoa, Joseba? Zer esan nahi du? Zer da alaba hori? Munstroa? Munstroak dira alaba, aita, denak? Zer dira munstroak, Joseba? Zenbat munstro mota dago Pedro Iturriarentzat?

      — Batzuk bai: izeba, iloba... Horiek garbi...

      — Hori da, izeko eta loba. Munstroak. Lehen kategoriakoak, egosi gabeak. Baina zergatik janzten dituzte urrez? Munstroak eta dirua berriro? Tronu batean ere jesarri dituzte munstroak. Hor, Joseba, ikusten duzu zerbait? Dena dela, urrez jantzi dituzte izeko eta loba, eta animaliak ekarri bien ingurura, usoak Luxemburgetik eta Belgikatik. Sasoi batean botikak ekartzen ziren Belgikatik, Joseba, minbiziari aurre egiteko, jakin duzu hori? Luxemburgetik ez dakit zer ekartzen zen... Beharbada egundo ez da Luxemburgetik ezer ere ekarri.

      — Ez nuke esaten jakingo...

      — Inpresioa daukat gauza lar jakin behar dela ipuin saskel bat irakurtzeko. Usoak, Belgikatik, to, Pedro kabroia... Eta niri astoa iruditu izan zait beti Iturria, ingeniaria baina astoa. Ingelesez egiten zuen, frantsesez, alemanez apur bat, baina astoa. Eta begira... Ipuin hauek orain... Ni nengoen erratuta. Ez dot ardau gehiau gure, Erroman; ezin dot. Zer moduz gibela, Joseba? Ondo? Errementeko dogu koitedue. Ondo, Joseba?

      — Bai.

      — Saint Honoré tartak jaten dituzte munstroek. Konturatu zara? Gure etxean “Santo Noré” esan izan diegu beti. Astoak gu. Gustatzen zaizkizu tarta modu horiek, Joseba? Niri ere ez. Zorririk izan duzu inoiz, Joseba, kaparrik, parasitorik hesteetan? Zorionekoa zu, Joseba...

 

 

Soro Barturenek esaten duena baino askozaz gehiago irakurtzen du. Gaztetan asko, orain ere asko, enpresa denboran gutxiago, baina zerbait beti. Astean hiru liburu amaitzen ditu orain, lau, bost: fikzioa, saiakera, filosofia, ingelesez, euskaraz, gaztelaniaz, portugesez ere zerbait, nobela, teatroa, dena jaten du. Ni erregularragoa izan naiz, beti irakurri izan dut asko; barkuan denbora egoten da. Baina Soro Barturenek irakurritakoa gutxi dela pentsatzen du beti, astiro irakurtzen duelako beharbada... Begi ona dauka, ordea, eta, irakurtzen ari dela, “Ostia” esaten du lantzean behin, hiltzen ari delako.

      Obsesio batzuk ere badauzka orain, zaharretan: Pedro Iturriari begira bizi da, esate baterako, haren ipuinei begira, baina baita Esparterori begira ere, Maroto, Muñagorri, Carlos Séptimori, Nicasio Landa, Zumalakarregi, Lutxanako batailari, Bilboko setioari, horri guztiari begira bizi da, horretaz irakurtzen du, karlistaldiak dira bere beste obsesio bat orain.

      Pragan gaude eta ez du hoteletik irten nahi, baina bihar joango gara Rudnára eta etzi Písekera... Beheranzkoa dekozu, Erroman?, esan dit, Neuk bai, esan dit, intermitentea. Igertute nau, Erroman? Ze ostia gabiz jaten hemen? Bi biderrez nau geixorik?

      Pedro Iturriak ipuin gutxi publikatu ditu. Inoiz ez ditu, gainera, leku berean ateratzen, aldizkari berean. Batetik bestera ibiltzen da... Europako herrialde askotan publikatu du: Austrian, Suitzan, Txekian orain, beti hango hizkuntzetan, hango aldizkarietan. Zoratu egiten gaitu, zoramena da Iturriaren ipuin guztiak biltzea. Iturria herrialde horietara joaten da, ipuinak itzularazten ditu bertako hizkuntzara eta hango aldizkari batean publikatzen ditu.

      Guk egiten dugun lehenengo gauza aldizkariak topatzea da. Pedro Iturria non egon den dakigunean, hango aldizkari literarioak bilatzen ditugu. Leire Barturen arduratzen da aurrena, aldizkaria topatzen du, aitari etxera bidaltzen dio gero. Leirek bilatzen du guztia: non publikatu duen Pedro Iturriak, zein aldizkaritan, zein herrialdetan, Suitzan, Danimarkan, Austrian, hemen...

      Hemengo aldizkariaren izena ez dut ondo gogoratzen: Květy ez dakit zer... ‘Txekiako loreak’ edo ‘Txekiako literaturaren loreak’, edo horrelako zerbait, testu literarioak publikatzen dituena, poemak, ipuinak, kea. Hor publikatu zituen Pedro Iturriak hemengo ipuin biak, Txekiako biak, Květy aldizkarian. Ipuin bat irakurri dugu orain arte, “Ez dira gureak” izeneko hori, bestea Joseba Azurza ari da itzultzen eta egun batzuk barru emango digu.

      Pedro Iturriak ez daki txekieraz, guk dakigula, ezin ditu Europako hizkuntza guztiak jakin... Gaztelaniaz idazten ditu, edo ingelesez; norbaiti ematen dizkio itzultzeko, txekierara, alemanera, aldizkarietara bidaltzen ditu gero. Leire Barturenek uste du euskaraz idazten dituela, ingelesera itzuli, Iturriak berak, beste bati itzultzeko eman, aldizkarietara bidali. Hori uste du dela prozesua Leirek.

      Aldizkarietan uste dute idazle txekiarra dela, moldaviarra, Silesiakoa, zoro bat, berdin die, publikatzeko modukoak iruditzen zaizkie ipuinak, publikatzen dizkiote, eta Pedro Iturriak ez du dirurik nahi. Izena egiten zaie apur bat arraroa, ez dute igartzen nongoa izan daitekeen, txekiarra ez, poloniarra ere ez, alemana beharbada, suitzarra... Hala ere publikatzen dizkiote mamuak, munstroak.

      Květy aldizkariko editorea aritu gara bilatzen, aritu naiz, baina hilda dago. Duela hilabete batzuk hil zen Miloš Čapek, gazterik, burua lehertu zitzaion, zainetako bat. Mendi txiki batean topatu zuten, muino batean, belauniko zuhaitz baten kontra, burua barrutik lehertuta.

      Aldizkariko erredaktore bat topatu dugu gero, Josef, gaztea orain, oso gaztea behar zuen Pedro Iturriak ipuinak bidali zizkienean. Baina Květy aldizkariko erredaktorea izan zen eta Miloš Čapek editorearekin irakurri zituen Iturriaren testuak.

      Josef erredaktorea ere erosi dugu beraz, eta bihar hurbilduko gara harengana, Rudná herrian bizi da, leku absurdoa. Ia egunero etortzen da Pragara, lanera, baina bihar geu joango gara Rudnára. Ez dugu zertan joan, ekarriko genuen erraz hona, hotelera, erraz erosiko genuen horretarako ere, baina geu joango gara, lekua aldatzeagatik, plazer horregatik, horrela jo dio haizeak Sorori.

      Ez dakigu Josefen abizena, Ez deko horrek gixonak apellidurik, ala? Ez dakigu zer izango duen kontatzeko... Joseba Azurzak egingo digu itzulpena, gurekin etorriko da.

      Pedro Iturriak Píseketik bidali zituen ipuinak Pragara, Květy aldizkarira, hori ere badakigu, ez zela Pragara joan, postaz bidali zituela ipuinak. Miloš Čapek editoreak ez zuen ezagutu, Josef erredaktoreak ere ez. Nongo etxetatik bidali zituen ere badakigu, kalea, zenbakiak, zigiluak daude, dena dago gordeta, posta-zerbitzuan ere galdetu dugu. Kontua da Pedro Iturriaren helbidea ere badaukagula, Píseken, eta etzi joango garela. Horretarako etorri gara Txekiara. Irteera bi beraz: Rudnára, Josef erredaktorearekin hitz egitera eta Písekera, Iturriaren etxera.

      Soro Barturenek Pedro Iturriarekin elkartu nahi du, ez dakit zertarako, berak ere ez daki beharbada. Soro Barturen, baina, ez da zoroa, izango du zerbait buruan, ez da inozoa. Denbora da Iturriaren atzetik ari garela, baditugu ipuin batzuk, Suitzakoak, Danimarkakoak, Austriakoa... Seguru gaude harrapatuko dugula azkenean, Txekia honetan ez bada, hurrengo ipuinak publikatzen dituen lekuan...

      Orain arte inoiz ez dugu Pedro Iturria etxean topatu... Sarritan hilabeteak dira etxe horretatik joan zela, edo asteak, baina inoiz ez da egon gu heldu garenean. Etxeren batean bizi behar izango du orain ere, hil ez bada, horren esperantza daukagu, topatu nahi dugu, publikatzen jarraitzen du...

      Pedro Iturriak gure adin bera dauka, 79 urte. Nik ez dut ezagutzen, Soro Barturenek asko, baina badira berrogeita hamar urte baino gehiago ez duela ikusi. Sorok esaten dit kirolari ona zela kabroia eta ostia ostia esaten du bi aldiz, bigarrena lehena baino astiroago.

      Gauza da etzi Písekera goazela, Pedro Iturriaren etxera, baina bihar Rudnára joan behar dugula, alferrik txango biak beharbada. Josef erredaktorearekin hitz egingo du Soro Barturenek Rudnán. Itxuraz zero bat Josef hori, orain irratian lan egiten duena, albisteak idazten, zuzentzen... Zero bat, begi zikinak dituen zero bat, sudur izerditua daukan zero bat; Leire Barturenek bidali digun argazkiari kasu egiten badiogu, tximu bat.

 

 

— Zeuk ere izango duzu abizenik, seine...

      — Šrámek, Josef.

      — Ederra. Esango duzu berriro? Esan berriro esateko, Joseba.

      — Šrámek.

      — Ederto. Editorea zinen orduan... Editore laguntzailea. Zer zinen zu aldizkarian?

      — Laguntzailea. Čapeken laguntzailea. Konfiantza handia zuen nirekin, kasu egiten zidan.

      — “Konfiantza handia zuen nirekin” esaten da, Joseba? Edo “nigan”? Ondo ari zara itzultzen, Joseba? Berdin dio, jarraitu, Joseba. Hori baino gehiago esan du...

      — Konfiantza handia zuen nigan, kasu egiten zidan. Hilda topatu zuten Čapek mendian. Inoiz lagundu egiten nion mendira.

      — Irratian ari zara orain, ezta, Josef?

      — Pragan. Albistegietan, politikan. Hor ere konfiantza handia dute nigan, nirekin, pisu asko hartu behar dut...

      — “Pisu asko hartu behar dut”? Zer da hori, Joseba? Esapide bat txekieraz? Berdin dio... Zergatik utzi zenuen aldizkaria, Josef?

      — Ez nuen nik utzi. Ni inoiz ez naute lanetik bota. Esan nahi dut aldizkaria ez dela existitzen orain. Ez zutela eusten jakin, Čapek hil zenean, ez zuten abilidade hori izan, hiltzen utzi zuten aldizkaria. Niri esan izan balidate, ni editore jarriz gero, egingo nuen zerbait... Baina ez zuten nahi izan...

      — Mexikon egon zara inoiz, Josef?

      — Mexikon? Ez.

      — Zure antzeko pertsona bat ezagutu nuen Mexikon. Buru txikia, ideia handiak. Trotski ere Mexikon hil zuten. Gertaera biak lotu ditut zurekin hizketan, zuri adi egon naizenean. Berdin dio, ez dauka lebarik. Zenbat denbora egin zenuen aldizkarian, Josef?

      — Bost urte eta aste batzuk.

      — Aldizkarira heldu ziren orduan Pedro Iturriaren ipuinak, Josef. Ipuinak, kontakizunak, narrazioak, nola deitzen dizkiezue zuek? Berdin dio. Ez itzuli hori, Joseba, berdin dio. Heldu ziren ipuinak aldizkarira, erredakziora, kontakizun bi... Zorakeriak ziren, mamukeriak, ezezagun batenak, suitzarra beharbada, irlandarra, ez zenuten jakingo nongoa zen ere... “Iturria” zuen abizena, baina txekieraz zeuden testuak, eta zuek irakurri egin zenituzten... Zer komentatu zenuten? Lehenengo hitzak... Gogoratzen dituzu Miloš Čapeken hitzak? Hildako baten hitzak Pedro Iturriari buruz... Uste duzu Iturriari buruz hitz egin zuen egun hartan hilda zegoela Čapek? Hiltzen ari zela?

      — Ez dut uste, askozaz geroago hil zen. Dena dela, lehenengo ipuin bat heldu zen, hilabete batzuk geroago bestea...

      — Badakit, hori badakigu, baina zer esan zuen lehenengo ipuinaz? Ipuin ona zela? Balekoa? Publikatzeko modukoa? Zer esan zenuen zuk? Ipuin ona iruditzen zaizu?

      — Niri bai. Čapeki ere bai. Baina ez ditut hitzak gogoratzen...

      — Ez dituzula hitzak gogoratzen? Harrigarri egiten zait, Josef. Gazte puntakoa zarela iruditu zait. Ez, ez zait niri iruditu: zeuk esan duzu. Gazte puntakoa zara, Josef?

      — Ez hain gaztea orain...

      — Eta ona iruditzen zaizu Iturriaren ipuina...

      — Oso ona.

      — Ez zenuke esango apur bat ugertuta dagoela Pedro Iturria? Zaharkituta? Ez dakit nola esan... Ondo itzuli, mesedez, Joseba, Josefek ondo ulertu behar du hau... Ugertua iruditzen zaizu Iturria, Josef? Idazle moduan esan nahi dut, ipuin horietan... Hori iruditzen zaizu, Josef? Gazte puntakoa zarela dakidalako galdetzen dizut. Ugertuta dago Iturria?

      — Ez dut uste. Ezetz esango nuke. Inork ez zuen aldizkarian hori pentsatu, Čapekek ere ez; kontrakoa, ipuin aurreratuak, ipuin gotorrak...

      — “Ipuin gotorrak”? Hori esan du, Joseba? Hitz horrekin? “Gotorra” hitza erabili du? Zelako kabroia Josef... Jarraitu itzultzen, jarraitu, Joseba, mesedez.

      — Čapekek esan zuen oso txekiarrak zirela ipuinak, ipuin biak. Nik ez. Berak txekiar literaturaren arrastoak ikusten zituen bazter guztietan. Nik ez. Horrela komentatzen zituen Čapekek testuak batzuetan...

      — Oso txekiarra Iturria, bai jauna, ona editorearen begia. Artista Čapek... Zuk begi hobea izango duzu, ezta, Josef? Ala zopak egiteko begiak dauzkazue aldizkariko guztiek?

      — ...

      — Asko saltzen zen aldizkaria? Berdin dio, zu gazte puntakoa zara, Josef; zuri eman izan balizute aldizkaria, e, Josef, Ingalaterran ere salduko zenuten orain, ezta? Hori da, Josef, gazte puntakoa eta ondo orraztua zara zu. Amak orrazten zaitu, Josef? Zer dira zuretzat Pedro Iturriaren ipuineko mamuak, Josef?

      — Mamuak? Hori kultura kontua izango da gehiago, iruditzen zait. Interpretazioak ere bat baino gehiago. Greziarrak, adibidez...

      — Greziarrak? Greziarrak? Zer esaten ari zara, Josef? Nora joan zara? Greziarrak? Espartakoak ala Atenasekoak? Interesatzen zaizkizu gerrak, Josef, Esparta eta Atenasen artekoak? Niri ez. Karlistenak bai. Gure aitonak 21 urte zituen azken gerra karlistan. Zer egin zuen? Armak hartu? Zulo batean egon? Mendian? Ideiarik ere ez. Asko interesatzen zaizkit karlisten gerrak; desertore izango nintzen ni. Hori da nire definizioa, nire izateko moduarena. Izan zara desertorea inoiz, Josef? Barkatu, zu gehiago zara abangoardiakoa... Barkatu, galtzen ari naiz... Mamuekin ari ginen... Zer dira, orduan, Pedro Iturriaren mamuak?

      — Iruditzen zait pertsona bakoitzak bere bidea duela, eta desberdin irakurtzen dituela mamuak, eta apur bat desberdin interpretatu, ez oso desberdin, baina apur bat desberdin beti. Eta desberdintasunak bata bestearen gainean jartzen dira, eta estratifikatu, egituratu, eta ez daukate, azkenean, zerikusirik gainerako interpretazioekin.

      — Ederra, Josef, bai jauna: Curso de teoría literaria, primer semestre. Gazte puntakoa eta aplikatua, beti esan izan dut. Eta erosoa, ezta, Josef? Ez dago interpretazio jakinik, dena da ad libitum: Biba Zapata eta haren katarroa!

      — Baina...

      — Erakutsi, mesedez, zure galtzerdiak, Josef. Oso ondo, puntako galtzerdiak, itsusiak eta grisak. Orduan Iturriaren mamuek interpretazio asko dituzte, “estratifikatuak” eta airosoak. Hara hor. Eta zure interpretazioa, Josef? Esango zenidake?

      — Pentsatu beharko nuke... Ez dakit... Kontu ilunez ari da beharbada, familia horiez; ez jostunaren familiaz, baizik eta gainerako familiez. Etxe handietan bizi dira, mamuak errazago sartzen dira etxe handietan. Diruak itzala egiten du, mamuak errazago sartzen dira.

      — Ostia, Josef. Ez da horren mozoloa... Ez itzuli hori, Joseba. Itzuli hau: ondo, Josef, ondo. Irebazi dozu geurko okelea. Aitu dozu, Erroman? Gure umetxu handi ein de, geuza handiek esaten deuz.

      — Sexua ere bai beharbada. Sexu arraroa, familia barrukoa...

      — Hara, Josef, hara. Beitu nondik urten deuen, Erroman... Saskelkeriek... Biba zu, Josef. Asko dakizu sexuaz zuk? Konturatuko zinen, Josef, abadeak ere sartu dituela hor Iturriak, nahasketa horretan: familiak, sexua familian, familia sexuatuetan, saskelkerietan... Ulertzen didazu, Joseba? Itzultzeko moduan zaude? Saskelkeriak eta abadeak —“apezak” esaten duzue zuek, apaizak—. Ondo itzultzen ari zara? Apaiz desinhibituak, astoak, tximinoak, zakilzaleak, zer izango zen hura... Pentsatu duzu inoiz, zer izango ziren etxe horiek: alkohola, droga, sexua, abadeak, munstroak... Dirua ez da tontoa, Josef... Guk baino sexu gehiago guztiek, Erroman, abadeek ere bai. Zeuk ere ikusi duzu, Josef, abadeen saskelkeria, hor, ipuinean?

      — Baietz esango nuke. Ez da berria, askotan irakurri izan dut, askotan. Argi ez, inoiz ez. Edo ez oso argi. Baina apaizak askotan...

      — Hori da, Josef, hori da, hori bera. Zer esaten gendun, Erroman? Zero bat zala Josef? Tximino bat? Ez zara horren tximino, Josef, zu kontsideratzen hasi gara: gure tximinoa zara orain. Ez, Joseba, nola itzuliko diozu hori? Bereizten ikasi behar da, ez da hain zaila ere, astakeriak ez itzuli, Josef koitadua... Ez duzu ikusi zeinen gauza tristea den pertsona moduan? Ez dut nik gehiago erreko gizona... Horren munstroa ere ez naiz. Fijatu zara belarri bat bestea baino moreagoa daukala? Fije zara zu, Erroman? Noiztik ez dituzu gortinak garbitu, Josef?

      — Ez dakit, nik...

      — Azken galdera bat, Josef: zergatik erosi du Margarita Maguregiren bilobak etxea? Zer dago hor, Josef? Zer ikusi duzu zuk?

      — Ez dakit, gauza asko... Diruari kontra egiteko beharbada? Amonaren alde egiteko? Paparrekoagatik, zauriagatik, lotsagatik? Esnobismoa? Mendekua? Kasualitatea?

      — Kasualitatea? Kasualitatea?! Ez duzu ezer ere ulertu, ala, Josef? Ez deu kabroi honek ezebez ulertu, ala, Erroman? Dirua ikusi duzu hor, Josef? Hori esan duzu, ezta, diruari begira dagoela ipuin hau, ezta?

      — Bai, dirua...

      — Hori da, Josef, diruari kontra egiten dio Iturriak. Diru zaharrari? Diru berriari ere bai, baina diru zaharrari batez ere, etxe handikoari. Zerbait dauka Iturriak diruaren kontra, etxe handien kontra. Ados, Josef?

      — Bai.

      — Gauza bat esango dizut orain, Josef: etxe handia daukat nik. Zati bat diru zaharrekoa. Diru berrikoa ere bai, batez ere, baina diru zaharrekoa apur bat. Ulertzen didazu, ezta, Josef? Joseba, zeuk? Diru zaharra eta diru berria; desberdintzen dituzu? Erraz ulertzen da, zuen moduko gazte puntakoak. Kontua da etxe handia daukadala. Eta etxe handien kontra dabil Iturria. Diruaren kontra, baina etxe handien kontra ere bai: mamuak, munstroak, uso-zirinak tronuetan... Zertaz ari da Iturria orduan, Josef? Nitaz ari da? Hori da pentsatu izan dudana beti, Josef, nitaz ari dela. Egozentrikoa? Egozentrikoa naizela? Ez, ez daukat edaderik. Hori zuen gauza da, umeena, ume orraztuena. Sibaritena. Pertsona tristeena. Egia, egia: denok gara tristeak, denok gara egozentrikoak orduan, apur bat beharko, baina edade batetik aurrera ez du merezi... Egiten duzu arraunean, Josef?

      — Ez.

      — Baina tristea zara, hala ere. Oso eskasa orrazten, eta egozentrikoa, iruditzen zait... Berdin dio. Kontua da etxe handia daukadala nik, eta dirua, eta Pedro Iturria nitaz ari dela. Hori iruditzen zait. Iturriak ondo daki zer daukadan, ondo daki nor naizen; inprimatu egin nau hor, beste ipuin batzuetan ere bai, askotan. Niri begira idazten dabil Pedro Iturria, ni idazten dabil, inprimatu egiten nau, baliorik ez daukadan arren, inongo baliorik ez daukadan arren. Horretan ari da Pedro Iturria, ni behin eta berriro inprimatzen... Nola ikusten duzu zuk, Josef?

      — Hori nik ezin... Ez zaitut ezagutzen, jauna...

      — Inpresio hori daukat nik, inpresioa baino gehiago, erabili egiten nauela iruditzen zait. Eta azken zalantza bat ere badaukat, Josef, baina honezkero badakit zuk ez didazula lagunduko, horretan ere ez, oso azalean geratzen ari zara, Josef, guztiok geratzen ari zarete oso azalean...

      — Baina...

      — Hildakoak agertzen dira amaieran, ipuinaren amaieran, hildako bi, ohean, momifikatuta, erdi momifikatuta... Zer da hori? Ez geratu berriro azalean, Josef... “Hildako hauek ez dira gureak” esaten du, beti gogoratuko dut hori esaldi hori, “ez dira gureak”... Rulfo irakurri duzu, Josef? Antzeko esaldiak dauzka... Txekhov irakurri duzu? Tavares? Jan Neruda irakurri duzu? Ez baduzu Jan Neruda irakurri, ezin dut zurekin hitz egiten jarraitu, Josef... Norenak ez dira hildakoak? Iturriarenak? Nireak? Edo ez dira Iturriarenak baina nireak bai? Nireak dira hildakoak? Gureak? Gure familiakoak? Zoratu egingo nau Iturria kabroiak. Erroman, edukazino txarrekoa da korrokada bat botatea hamen, gixontxu honen aurrean? Merezidu deu kabroiek.

 

 

Ederra Písek, historikoa Písek, baie beheranzkoa dekot nik. Horrela sartu gara Písekera, Pedro Iturriaren etxearen bila joan garenean, hori esan du Soro Barturenek. Eta igartzen zen benetan ari zela, urdailetik atera zaiola. Autoa kafetegi baten aurrean geratu behar izan dugu. Hara sartu eta Soro Barturenek pentsatu du kafetegiko komunetik behera botako zituela hesteak, giltzurrunak, gibela...

      Kafetegiko gizonak zurbil ikusi du Soro, kafea atera dio, gonbidatu egin du, lau pastel atera ditu, etxean eginikoa bat. Andreari deitu dio gero, emagin aritu zelako sasoi batean. Andreak alkohola atera dio Sorori, likido marroikara bat, pastak, sorbalda ukitu dio. Soro Barturenek 2.500 euro eman dizkie eskura irten garenean.

      Autoa hotelaren ondoan alokatu dugu; gidaria Praga bertakoa zen, ez zuen Písek ezagutzen, ez zeukan gpsrik. Pisekeko kale zabal batean gelditu gara, gidariak ez zekielako nora egin. Andre bat ikusi dugu kalean orduan eta autora sartzeko konbentzitu dugu lan handirik gabe, Pedro Iturria bizi den kalea topatzen laguntzeko. Orain 28 urte jubilatutako maistra zen andrea, ezkongabea, hori guztia kontatu digu segundotan. Erraz sartu da autora, ez du arriskurik ikusi, Sorok eta biok laurogei urte dauzkagulako laster eta Josebak ezin duelako beldurrik eman, euli aurpegia dauka.

      Soro Barturenek konfiantza hartu dio maistrari, gauzak galdetu dizkio, Písekekoak, Txekiakoak, eskolakoak... Oso modu pausatuan azaltzen du guztia maistrak. Kaleak pazientzia handiz seinalatu dizkio gidariari.

      Píseken uste baino buelta gehiago emanarazi digu maistrak, ez zuen hiriak horren handia ematen. Gero eta urduriago zegoen Soro Barturen, ez ote zen maistra hori zoroa izango, inozoa, faltsua. Ez zituen Písekeko kaleak ezagutuko beharbada... Sorok, baina, ez dio tonutik kanpo ezer ere esan, pazientzia izan du, konfiantza... Gauzak galdetzen jarraitu du, Píseki buruzkoak, Silesiako jendeaz... Oso eroso erantzun dio maistrak, gidariari kaleak seinalatzen jarraitu duen bitartean. Soro urduri igarri dut, sentitzen zuelako bertan topatuko genuela Pedro Iturria gaur, Píseken, hiru urte bila aritu eta gero, hiru urte baino gehiago.

      Askotan pentsatu izan dut ez nintzela ni honetarako jubilatu, Soro Barturenekin atzera eta aurrera ibiltzeko, ezagutzen ez dudan pertsona baten bila, mamu baten bila, Pragan... Baina gure edadeko beste guztiak, hori ere egia da, bigunduta daude, horma artean batzuk, egur artean, zeramiketan, eta ni Pragan nago, Píseken, Soro Barturenekin, maistra batekin, eta hau idazten dut hoteletan, eta Ryszard Kapuściński naizela iruditzen zait apur bat, Reinhold Messner, eta Soro Barturenek dirua dauka eta konfiantza nirekin... Zer da kordea gure edadean?

      Begi txikiak asko mugitzen ditu maistrak, eta mugitzeari utzi gabe esan du “Hemen”. Gidariak ondo aparkatu du, autotik jaitsi eta oraindik apur bat ibili behar dugula esan du maistrak, hortik aurrerakoa oinez egin behar dugula.

      Ingelesez esan du Soro Barturenek orduan zerbait, astakeriaren bat seguru, “shit” edo “bitch” edo “fuck” edo antzeko zerbait, Sororen betiko hiztegia. Konturatu gara orduan maistrak aurpegia aldatu duela, lehenengoz hartu dugunetik, konturatu gara ulertu egin duela, moldatzen dela ingelesez. Errieta egin dio Soro Bartureni. Sekula ez dut inor ikusi Sorori errieta egiten... Mutu geratu da Soro, “I’m sorry” esan du. Aurpegia aldatu du maistrak atzera eta jarraitzeko esan digu, gutxi falta dela. Betiko tonura itzuli da, suabe hitz egin du, apal, eroso. Arindua hartu dugu beste guztiok, batek daki zergatik; maistra ez dago haserre.

      Pedro Iturriaren etxe aurrera heldu gara azkenean. Soro astiroago hasi da ibiltzen eta luze begiratu dio ateari, leihoei. Herriko alde noblean dago etxea, betiko moduan, etxe klasikoa da, betiko moduan, baina ez aurrekoak bezain klasikoa, 14 zenbakia. Atetik bost metrora geundenean gelditu da Soro Barturen, siku, bat-batean, serio... Iturria ez da hamen bizi esan du, zalantzarik gabe, dezepziorik gabe.

      Pauso bat eman du orduan atzera, maistraren ondoan jarri da, haren aurpegiari begiratu dio. Besotik heldu dio gero, ahots oso eskasez zerbait esan eta espaloitik behera ibiltzen hasi dira biak.

      Orain pentsatuta, iruditzen zait ondo egin dudala, ondo moldatu garela Sorok mugimendu arraro hori egin duenean. Arin pentsatu behar izan dut: Joseba eta gidariari esan diet etxera sartzeko, atean jotzeko, ikusteko nor bizi den etxe hartan: Pedro Iturria bera, txekiar anonimo bat, inor ez... Soro eta maistraren atzetik joan naiz ni.

      Minutuak egin dituzte espaloi batetik bestera, hamar metro atzerago ni: errepideak, kantoiak, zaunka hasi zait txakur bat... Tren-geltoki batera heldu dira Soro Barturen eta maistra halako batean, bost metro atzerago ni. Besotik helduta egin dute guztia, eta nik ez nien oihukatu nahi, ez nien hitz egin nahi, hirurogeita hemeretzi urte dauzkat, ardurak izan ditut barkuetan, bost metro baino gutxiagora ez naiz hurbildu.

      Pentsatu dut trena hartu beharko zuela maistrak etxerako. Geltokiko banku batean jesarri dira orduan, hiru harago ni. Heldu dira trenak, abiatu ere bai: bi tren, bost, bederatzi, eguerdia heldu da, ordu biak. Jatekoak atera ditu maistrak poltsatik, ogia, fruta, erdi bana egin dute. Bostak inguruan pasatuta neukan gosea nik, oinak hoztuta. Bostak eta laurdenetatik zazpietara isilik egon dira Soro Barturen eta maistra. Bestela ere ez dute asko hitz egin, aurrera begira egon dira, trenei begira, jendeari, nire moduan. Bederatziak puntuan altxatu dira bankutik, maistrak ez du trenik hartu.

      Hogeita bost minutu behar izan ditu maistrak Pragatik ekarri gaituen autoa topatzeko, Pedro Iturriaren kalean. Autoa leku berean zegoen aparkatuta, gidaria ondoko kafetegi batean, eta Joseba aurreko espaloian, eskailera batzuetan eserita. Salto egin du ikusi gaituenean.

      Elkar agurtu dute Soro Barturenek eta maistrak orduan, hitz gutxirekin, ingelesez... Ez diote elkarri musurik eman. Guri ere agur esan digu maistrak, astiro egin du kalean behera. Soro Barturenek ez du komentariorik egin, zergatik tren-geltokia, zergatik maistra, zergatik egun osoa... Gose ixengo zara, esan dit niri. Jatetxe handi batean afaldu dugu, ondo.

      Josebak, afaltzen ari ginela, Sorok arrazoia zeukala esan digu, Pedro Iturria ez dela han bizi, Píseken, aspaldi. Etxean bizi denak telefono zenbaki bat eman diola esan du, etxeko jabearen telefonoa, hari deitu beharko diogula, Iturriaren berri jakin nahi badugu.

      Autoan, hotelera bueltan, Pragan lau egun gehiago egingo ditugula esan dio Soro Barturenek Josebari. Gero galdetu dio Pedro Iturriak Txekian publikatutako bigarren ipuina itzulita izan zezakeen ordurako, mila euro gehiago ordainduko dizkiola. Josebak baietz erantzun dio, nola ez, erantzun dio, seguru. Noren usine da hau? Zer bezkaldu dozu, Joseba? esan du Soro Barturenek.