Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioak
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Lezioak

 

 

Txalupa batean sartzearen antzekoa zen, sudurzuloak bat-batean alga xehatuen lurrinez beteko balira bezala: harategian itsas usaina egoten zen.

      Goizero esaten nion egun on harakinari eskolaratzean. Berak nire diosalari erantzuten zion xerrak zatitzeko aiztotzarra altxatuta. Ez zen egunik espaloian geldiunerik egingo ez nuenik. Inoiz agurra bueltatzen ez bazidan adigaldurik zegoelako edo lanpeturik, muxindu egiten nintzen. Agurraren ordainetan begikotasuna jasotzen nuen. Truke-joko naturala zen.

      Euri-egunetan ugazabandreak atzealdera sartzen eta txorizoginean laguntzen uzten zidan. Gorri izaten zituen eskuak, xehaturiko okelarekin nahastekoa zen piper-hautsak tindatuta. Azpil batetik trokoak hartu eta metalezko inbutuan ipintzen zituen gutxi-gutxika, hodiaren muturrean heste garbi lehorra ahokatu eta gero. Niri, biraderari eragin ahala lehengai gordina janari bilakatzen ikustea atsegina zitzaidan, oso.

      — Garbitu eskuak… Zatitu kordela honenbeste… Neuk egingo dut morapiloa… Morapilo bikotxa… Ez sobatu hainbeste…

      Ondoren, bodegan esekitzen genituen kordak, freskotan, eta euliak uxatzen, hestebeteetan arrautzarik errun ez zezaten. Nirekin gogaitzen zenean, andreak irratia pizten zuen nobela entzuteko eta senarrarengana bidaltzen ninduen.

      Mostradore atzeko zizeiluan jesartzen nintzen, harakinaren oinetan. Aurpegi morexka zeukan berak, urdai gaziaren zainen kolorekoa.

      — Ikasi duzu zure izena eskribitzen?

      — Bai.

      — Ona da zure maistra?

      — Beti ez.

      — Zelan dabil zure neba fraideetan?

      — Ez dakit.

      — Noiz dator aita?

      — Amak daki hori.

      Horman kartel bat egoten zen, ganadu baten argazkia, atal bakoitza geziz eta idazkunez seinalatua. Arbela ere bazen, okelaren prezioak ortografia dorpez idatzita. Berba haiei begira egoten nintzen, letraz letra leitzen, umeek egiten dutenez irudi bati eduki bat dagokiola konturatzen direnean.

      Behin klariona hartu eta letra bat gehitu nuen arbelean, hitz batean falta zena. Bezero bi zeuden dendan. Batak txalotu egin zuen nire behatzeko gaitasuna; besteak korrejidora deitu zidan, sornaz.

      Dohainean akatsa.

      Zuzendu eta zuzendu ibili naiz beti, irakasle, argitaldari edo idazle. Berezko irrika izan dut: zuzentzea zerbait osatzea zen. Orain ere badut afan hori: zuzentzea neure burua osatzea da.

 

 

Praktikantea txitean-pitean izaten zen gurean, amabitxigatik. Kutxatila zapal batean ekartzen zituen xiringak, eta amumak ur irakinetan egosten. Hura etortzen zenean berba gutxi egiten zuten etxekoek. Neuri ere isilik egoteko agintzen zidaten. Pitxiekin mahaipean sartu eta kozinaketan ibiltzen nintzen nire fantasiaren arabera teilatupea zen txoko hartan.

      Praktikanteak han sumatu ninduelarik galdetu zidan ea zertan nenbilen:

      — Arroza egiten.

      — Arroza? Nik ez dut, ba, hor ezer ikusten.

      Hori esan eta batera jatekoa desagertu egin zen nire lapikotxotik.

      Errealitatearen ziztakoa.

      Imajinatu eta imajinatu ibili naiz beti, neure ongizatea mamitu nahian. Betidaniko jaidura izan dut: imajinatzea zerbaitez jabetzea zen. Orain ere badut deiera hori: imajinatzea neure buruaz jabetzea da.

 

 

Salako beira-arasan kuxkuxean ibili eta kafe-ontzia jausi zitzaidanean bezala neukan ama begira. Kafe-ontzian, gizon lebitadun batek, kilimusi eginda, pot ematen zion eskuan dama bati. Damaren tirabuzoiei herriko jaietan kioskeroek saltzen zituzten errosken itxura hartzen nien. Ez dakit nora eramaten ninduen eszena rokoko hark, paisaia malbabiskoren batera, askotan hartzen nuen eskuetan eta.

      — Jantzi berokia.

      Amak denda itxi zuen eta haren atzetik joan nintzen espaloian, ez eskutik helduta, ohi genuenaren kontrara.

      Porteriako txirrina jo eta segituan, superiorak ireki, egongela bateraino gidatu eta itxaroteko eskatu zigun. Zumezko mahai batean, estanpak eta itsulapikoa. Amak ogerleko bat utzi zuen.

      Geroxeago ogi-partitzailea eta alaba etorri ziren, ni baino gaztexeagoa. Andreak aterki gorrixka bat atera zuen, mokordo eginda zegoena, kirtena hautsita eta hagak okertuta.

      — Barka eskatu —agindu zidan tokadun malapartatuak.

      Mojetan irakatsita ohartu barik ere okerrak egiten ditugula, burua makurtu nuen. Neskatoak aho-zabalik begiratu zidan betaurrekoen atzetik. Begiak busti zitzaizkidan. Eta orduantxe argitu zuen:

      — Hau ez da izan guardasola apurtu didana.

      Huts egitea eta huts ematea.

      Amak —ni animatu nahian— magurioak erosi zituen afaritarako. Hala ere, ikusirik mesfidantzaren harrak zer erraz topatzen duen lur biguna batzuengan, eta beste batzuongan, ordea, ziurgabetasunarenak, pitzadura bat zabaldu zen neure buruarekiko estimuan.

      Dudatu eta dudatu ibili naiz beti, azertuaren eta okerraren arteko apustuan. Neure-neure joera izan dut: dudatzea sufritzea zen. Eta sufritzean geure burua bihurtzen dugu protagonista.