Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioak
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Ametsen inbentarioa

 

 

Irakasleak, artistak, dendariak, etxekoandreak, kazetariak, jubilatuak. Batzuek beren itolarriak eta asaskaldiak partekatu dituzte nirekin. Haiek kontatutakoak transkribatzeari ez deritzot ahoalferreria.

      Batek esan zidan ametsetan ortozik ateratzen zela kalera negu gorrian. Beste batek, kristalezko igogailu batean sartu, eta gora eta gora eta gora egiten zuela sekula inora ez iristeko. Zer izango nuke nik nahiago: inolako baliabiderik gabe geratu ala hilkutxa ikusezin antzeko batean bizi. Akaso gauza bera dira biak.

      Gazte batek kontatu zidan lo-puskak egiten zituela bulegoan, eta bere burua ikusten zuela untxiak larrutzen boligrafoarekin. Laneko trofeoak. Gero, larru odolduak karteran sartu eta balkoian esekitzen zituen.

      Beste amets batek marrazki bizidunetakoa zirudien. Emakume hark ehunka dortoka ikusten zituen hegan, segizioan itsasorantz, poz-algaran. Laster helduko gara! Laster helduko gara! Banatu zenean hasi omen zitzaion, haurrak bere kargu hartuta senar ohiaren inongo sostengurik gabe. Eszena surrealista horrek fidantzia pizten omen zion etorkizunerako.

      Bosgarren batek azaldu zidan ez zuela begirik biltzen hilekoarekin zegoenean. Haren esanetan, nahiago esna. Traizio egiten dit gorputzak: hilekoa dudanean aspaldiko amorante bat sartzen zait ametsetan, isil-isilik, eskorpioia bezala, eta larrua jotzen dut berarekin. Betzuloak froga.

      Seigarrena neka-neka esnatzen zen, gau osoa zezenak zikiratzen eman eta gero. Abeltzaina izan omen zen aurreko bizitza batean eta hortik zetorkion abilezia artaziekin. Hor aritzen naiz kriski-kraska idiak fabrikatuz. Gizaldietan hartutako minaren mendekua da karnizeria hori. Seguru.

      Zazpigarrenak hipnosi mistikoan bezala deskribatu zidan bere liluramendua. Bakarrik egoten naiz, biluzik eta hotzez, eta etortzen dira mila txolarre, eta mantua egiten didate hostoz eta lorez, eta kontzertua jo, usain eta kolorez… Badira horrela mintzatzen diren andreak, ez dakit errimak aurrez prestatuta ala ez.

      Dena den, kasurik bereziena, inoren ametsak izaten dituenarena. Bidaietan gertatzen zaio beste hizkuntza batzuk entzun eta ulertzeko gai bihurtzea. Zer dela-eta nenbilen ni italieraz berbetan? Maleziaz erantzun nion akaso Espiritu Santuaren sugarrak ukituta zegoela. Ez zitzaion gustatu. Ohea da gakoa: almohadan burua nork jarri duen, harexen miseriek kolonizatzen dute nire garuna.

      Zerekin egiten dut nik ametsetan? Neuk ere lo sendoa izaten dut aldizka.

 

 

Bizkarreko minez esnatu nintzen, gaua kuzkurtuta emanda. Jaikitakoan, apurka-apurka malgutu zitzaizkidan giharrak. Oinazpiak ere minkortuta neuzkan, kilometroak ibilita legez.

      Beso batean ume bat daramat, neure semea, ustez. Beste eskuarekin maleta bati eusten diot jendetzan. Trenetik jaitsi gara eta noraezean gabiltza. Dena da antzinakoa, film zuri-beltza, trena bera, geltokia, nire kapela.

      Taberna batean sartu naiz, umearen eta maletaren pisutik libratzeagatik. Lokalaren barrenaldean ispilu bat dago. Parera joan eta olgetan galdetu diot umeari. Nor da hori, laztana? Umetxoek irria izaten dute erantzuna; nireak, ordea, argi eta garbi ihardetsi dit, baina ez bere izena esanez, neure aitarena baino.

      Tupustean esnatu nintzen. Izan ere, baziren hiru aste jarraian ospitalean. Kontsolazio apala nuen pentsatzea egoera tamalgarri hura ere izango zela etekintsua.

      Liburu baten bila zuzendu nintzen estudiora. Banekien azal morea zeukala. Begitik sartu zitzaidalako erosi nuen gaztetan. Irakurri nuenean ez zidan aztarren gozorik utzi: kontamoldeari hotza iritzi nion; eta narratzailea, nirekin zerikusirik ez zuen emakume arrotza. Une mort très douce. Obra horretan, gaur hain mirestekoa zaidan prosa soil eta sentimentalismoz bustigabean deskribatzen ditu Simone de Beauvoirrek amaren hil aurreko sei asteak. Pasarte batzuk azpimarratuta zeuden.

      Bat: “Korridorean esan zidan medikuak: 'Goizaldean lau bat orduko bizi-esperantza baino ez zuen. Berpiztu egin dut'. Ez nintzen ausartu galdetzera zergatik”.

      Bi: “Txundidura. Aita hil zenean ez nuen malko bakar bat isuri”.

      Hiru: “Ezaguna da gauzen boterea: gauzetan bizitza petrifikatu egiten da beste edozein unetan baino indar handiagoarekin”.

      Lau: “Maite dugun norbait desagertzen denean, mila nostalgia urragarriren bitartez ordaintzen dugu bizirik egotearen bekatua (…). Ez zen gizabanako bat baizik, beste askoren artean. Baina sekula ez denez ahal den guztia egiten —geure buruari ezarritako muga eztabaidagarrien barruan—, gaitzespen ugari geratzen zaigu geure buruari botatzeko”.

      Nahita ere ez nuen aproposagorik aukeratuko neure eskarmentua laburbiltzeko, areago azpimarrak egin nituen garaitik hogeita hamar urteko aldea egonda.

      Ospitalerako prestatu nintzen. Beste gaupasa bat plastikozko besaulkian, kuku ikusgaitza ohe inguruan itzuli-mitzulika, arnasaren eten durduzagarriak, aieneak, irudiak betazaletan preso, aitaren enkargua: Nire hileta-egunean txistulariek Anteron txamarrotia jotzea nahi dut. Eta lerro batzuk ordu txikietan, etortzear zenari itxaroteko.

 

 

Bart katu batekin amets egin dut.

      Neure logelan zebilen olgetan, erpearekin zerbaiti zeragiola, bulto bati. Ordu onean! Honexek akabatuko du ohepean daukadan arratoi-habia, egin dut neure artean.

      Eta ekarri du harrapakina ahoan eta oinetan utzi dit. Eta makurtzean ohartu naiz katuaren eskaintza ez zela pataria, ezta hauts-tatoa ere, neu baino, miniaturan, amaren beroki bat jantzita. Neu nintzen neuretzako ofrenda, katuaren ahutzetan.

      Amesgaiztoan bertan ohartu naiz ametsetan nengoela, eta eginahalak egin ditut esnatzeko. Ezin, egiantzak bete-betean harrapatuta. Halako batean neure zurrunga batek atera nau loaren ziegatik.

      Amets bakanak izan dituen horietariko edozeinek esango lidake ez dakiela zergatik eta zelan, baina bizitzak inarrosi egingo nauela laster.