Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

5

 

 

Gau bakarra egin zuen Xantiorenean, maleta berregiteko adina. Erbestean irrikatu zituen hiruzpalau jantzi sartu eta goizaldean egin zuen ospa, dirua eskatu behar izanak umiliatuta. Plan lausoa zuen: izeba Estiren antzera Euskaltzaindiko D titulua atera eta gero... behe-lainoa: euskara-irakasle izan?

         Bidearen hasiera besterik ez zuen argi: Bilbo. Botxo ezizenari obedituz, horma altuko zuloa zen: zabor-poltsak espaloietan, langile-auzo gristuak, eraikin zatarrak. Marka zen Iparraldeko frantsesengandik gertuago sentitzea, eta ez zen soilik hizkuntza kontua: harrokeria itsu hura, janzkera goibela, ohiturak. Auskalo; zulo barrenetik, bakarrik zuloa ikusgai.

         Santutxurako aldapan aurkitu zuen ostatu merke bat eta D tituluaren azterketa prestatzen kontzentratu zen. Gainditu zuen egunean bertan, Olatzen gazte-aurpegiak seguru asko errukituta, idazkariak lotsagabeki galdetu zion ea zer egiten ari zen Gipuzkoako neskatila bat Bilbo handian. Lan bila, Olatzek, eta besteak supituki eman zion Marisol Urrutiaren berri: Sodupe izeneko herriρo batean omen zebilen misiolari indigenak konbertitzeko guduka sainduan. Bizkaiko Enkarterriak izanik, hiru mila erdaldun biziko ziren, eta gehienez jota dozena bat euskaldun, haietako bi euskara-irakasleak. Beste irakasle baten premia gorria omen zeukan Marisolek.

         Maleta hartuta, mistikoen fedeaz abiatu zen trenez: erronka ederra izango zen euskararen erresumarako birkonkistatzea Bizkaiko bazter hura, Kantabria, Burgos eta Arabako mugan abandonatuta.

         Ia bidaia osoan ibai marroi zikina lagun, Sodupen geratu aurretik agertu zen urrutian lantegi gris handi bat, zuloz beteta, leiho txikiak puskatuta eta aurrean uztartzen zitzaizkion bi ibaiek triangeluan moztuta.

         Herrian sartzean, inpresioak ez zuen hobera egin. Bilboko puskatxo bat zirudien: inguruko mendietan sakabanatutako baserriak eta eliza xumea izan ezik, bost solairuko eraikuntza merkeak nonahi, frontoia, platanondo-lerroa, Eskola Nazionala erori beharrean eta porlanezko plaza inguruan. Erdigunetik kanpo, aurpegi garbia zeukan behintzat Avellaneda eskola pribatuak. Parean, pinudi trinko batek ezkutatzen zuen jauntxoen kortijoa, eta harago, ia mugan, kanposantua eta jauntxoek herriari utzitako futbol-zelaia, haien leinuaren izenez bataiatua, jakina.

         Guraso-elkartearen enkarguz, Avellanedan zebilen Marisol gazteei euskara ahora sartu nahian, eta helduei gauez, eskola publikoko geletan. Bizkaiko itsaslabarretan zegoen Ea bere herria, zirrikitu batean, eta kostako kasta zeukan Marisolek. Gainera, ez zebilen bakarrik, Koro herrikidearen laguntza baitzeukan, isilagoa baina hura ere saiatua oso.

         Berehala adoptatu zuten Zarauzko neskatxue eta aurreneko egunetik egin zioten lekua haiek alokatutako etxean. Jabea zorrotza ei zen eta, batzuetan, gaueko hamarretan ixten zien ataria giltzaz; bestela, arazo handirik ez. Auzokoen errezeloak Korok lasaitu zituen, aitaren egiten baitzuen bebarrutik irten orduko. Haserrerik handiena kulero-ilarek pizten zuten, balkoian lehortzeko zabalik.

         Bigarren egunean jarri zuten lanean. Ikaratuta sartu zen gelara; Marisolek aurkeztu eta zortzi begi pareren aurrean laga zuen, Sanferminetan bezala. Halere, galdera zailik ez, dena borondate ona eta dena interesa. Antzeko erdaldunak ezagutuak zituen Iparraldean; Sodupeko haiek, behinik behin, euskalduntzeko ari ziren borrokan.

         Kalean topatzen zituen aitona-amonak ziren bitxienak: fisikoa ez ezik, ezberdinak zituzten gorputz-hizkuntza, janzkera, ohiturak eta espainolezko oihartzunak. Halere, jende apala zen, eta izugarri eskertzen zuten kanpoko norbait herrira laguntzera joan izana, egiten zuena, egiten zuela.

         Aurreneko hilabeteetan, hodei baten gainean flotatu zuen, pentsatzeko astirik gabe: goiza di-da batean joaten zitzaion eskolak aurreratzen, enkarguak egiten eta bazkaria prestatzen; arratsaldean eskolak, gaueko hamaika eta erdiak arte. Etxerako bidean, Twist Camp tabernan gelditzen ziren hiru neskak, etxekoandreak mimoz prestatutako esne beroa edatera, whiski ttantta batek alaitua.

         Ikasleak izugarriak ziren, batez ere azkeneko txandakoak: egun osoa lanean eman ondoren, hunkigarria zen gaueko hamarretan apunteak hartzen ikustea. Haietako batek Txuma zuen izena; askotan berandu eta beti trajez, gorbata poltsikoan gordeta sartzen zen. Oso sartuta omen zebilen batzokian. Horregatik, harrigarria zen Migel Garairen laguna izatea eta hain sutsu bultzatzea haren proiektuak.

         Herriko medikua izateaz gain, Migel Garai bilbotarra euskal gurutzadaren burua zen. Plaza hartu ondoren, hankaz gora jarria zuen herria seme-alabek euskaraz ikas zezaten tematuta. Utopia hutsa zen, ordea. Eskola nazionala gotorleku frankista zen eta Avellaneda pribatua, Bilboko gotzainarena.

         Jesusen Bihotzeko mojek haurtzaindegi txiki bat zeukaten trenbideaz harago, eta haietako batzuk euskaldunak ziren. Migel Garai-eta gogotsu borrokatu ziren gotzainaren bedeinkazioa eskuratzeko eta, hala, euskarazko lerro bat zabaldu zuten Sodupeko mojek. Ikastolaren hazia izango zenez, ikastola deitzen hasi ziren herrian. Espektatibak gainditu eta ikasturte berrian espainolezko lerroan adina umek eman zuten izena euskarazkoan.

         Harrotuta, Avellanedan irakasle bat jubilatu zenean, medikuak-eta gestioak egin zituzten Bilbo aldean eskolak Marisolen neba kontratatu zezan, Gorka Urrutia. Mutil jatorra zen, Zuzenbideko ikaslea; Bob Dylan zirudien, txanbergoa soinean eta poltsa txikia sorbalda batetik zintzilik. Behin-behineko kontratua egin zioten Avellanedan, baina seguru zirudien praktikaldia bukatutakoan finko egingo zutela. Beste garaipen bat: zenbat eta euskaldun gehiago herrian hobeto, hizkuntza irradia zezaten.

         Bataila horietan guztietan Txuma izan zen Migel Garairen eskuderoa, beti ardurak hartzeko prest. Bileretan, idazkari-lanak egiten zituen. Aktak idazmakinan idatzi eta txukun gordetzen zituen karpeta beltz handi batean. Eztabaida beroak epeltzeko bertutea zuen. Luze eta iharra, begi urdineko oin-lanpara zirudien. Serio aditzen zuen, zuhur hitz egin; bere izena bolo-bolo omen zebilen eajko alkategaia izateko, nahiz eta artean argi ez egon Madrilek noiz baimenduko zituen udal hauteskundeak.

         Gaueko klase baten ondoren, Olatzi honetaz eta hartaz iritzia galdetu eta Twist Camperaino lagundu zion. Han kostata hitz egin zuen besteekin ere, euskara traketsarekin borrokan. Denbora guztia Olatzi debozioz begira eman zuen eta, etxean, Marisolek eta Korok majo zirikatu zuten neskatxue esanez Sodupera etorri berritan, laster alkate izango zela.

         Amak, behintzat, tregoa: Hendaiara edo Baionara ia astero joan ondoren, Bilboraino hirutan egin zuten trenez lehenengo hilabetean, birritan hurrengoan eta, geroztik, behin ere ez. Egun bikoitietan hots egiten zion, aprobetxatu baitzuen telefonoa behingoz jartzeko baserrian.

         Xabiren berri ez izatea zen, harrigarriki, min arinena eta azkarrena sendatzen. Beste arantzak, ordea, ondo katigatuta zeramatzan. Bisitan ere ez zen gai Zarautzera itzultzeko, baina bazekien denbora kontua zela. Mundua berriro ari zen biratzen. Atzean utzi nahi zuen dena behingoz, askatu eta libre hegan egin.

         Goiz batean, konturatu gabe ia, pelukeriako ispilu aurrean jarri zen. Ilea moztu zuen, motz-motza. Indarrak gainezka egiten zion. Tren-geltokia berritzen ari ziren ordurako.

         Behinola, bi trenbidek zeharkatu ohi zuten herria: Santanderkoak eta Leongoak, biek Bilborantz. Roblakoa zeritzen Leongo geltokiari. Ibilbidea bertan behera geratu ondoren, eskaleek okupatu zuten hilabeteetan, gau batean erre zen arte. Migel Garairi buruan sartu zitzaion horixe zela herriak behar zuena, lokal bat biltzeko, euskararen birika bat. Bonu-salmenta herrikoia antolatu zuten dirua lortzeko. Batzokia ireki berritan, eta hura ere ekarpen boluntarioen bitartez erosita, Alderdiak ez zuen ekintza onetsi. Nahiz eta jeltzaleren batek bere kabuz lagundu, ezker abertzalekoek hartu zituzten haien gain esfortzu ekonomikoa eta auzolana.

         “Herriko Etxea” izendatu zuten eta poliki-poliki joan zen forma hartzen.

         Diseinu-lantaldean zegoen Olatz, besteak beste Txumarekin: beharrak kalkulatu, espazioa banatu, aurrekontua estutu. Euskara irakasteko gela bat nahi zuten, batzar-gela, sukalde txiki bat, taberna, komunak...

         Mahai eta aulkiak oparitu zizkieten, arbel bat eta taberna-barra eder bat ere. Horman zintzilikatu aurretik finkatu zen arbelean txisteak eta mezuak idazteko tradizioa. Hilabeteak buru-belarri eman ondoren, azkenean erabaki zuten Herriko Etxearen inauguraziorako data.

         Astebete lehenago, ostiralean, ordu txikietara arte ibili ziren eztabaidatzen Twist Campen hiru euskara irakasleak. Espainia demokrazia bidean omen zegoen arren, errepresioak bere horretan eusten zion: atxiloketak, deportazioak, gero eta preso politiko gehiago, ejerzitoak kolpe militarra emango ote zuen beldurra, paramilitarren ekintzak eta bi eta gogor, inoiz baino gogorrago. Alde ederra Sodupen bizi zuten ilusioarekin. Askatasun egarri itzela zegoen; trenbide bereko bi errail ziren Euskal Herriko independentzia eta norberarena.

         Ezin esan, halere, ipuinetako giroa zegoenik: bi bloke argi zeuden, jeltzaleak eta ezker abertzalekoak; haien arteko lubakia azkar ari zen amildegi bihurtzen.

         Txuma tabernara sartu zen, zubi-lanak egiten zituen bakarrenetakoa. Hurbildu eta segituan zutitu ziren Marisol eta Koro, elkarri begia kliskatuta.

         Olatzekin bakarrik geratzean, izugarri urduritu zen gizona, dar-dar egiteraino:

         — Beste... garagardo?

         Olatzek baietz buruaz eta Txumak arinduta egin zuen ihes barrara, pentsakor. Ikaragarria zen haren esfortzua euskara ikasteko. Gurasoetako bat gutxienez kanpokoa zuten herritar gehienek, mende hasieran La Conchita fabrikara joana jutea ehuntzera. Txumaren kasuan, aita zenak, bertan jaio arren, Burgoskotzat zuen bere burua; ama hemezortzi urterekin ihes eginda zen Palentziako gosetik.

         Olatz hitzik gabe uzten zuen Txumaren euskalduntzeko grinak.

         Edariekin bueltan, parean eseri zen. Eztarria bizpahirutan garbituta, arnasa bota zuen:

         — Nik... niri zurekin hitz egitea gustatuko...

         Ai, ama. Gizajoa ausartuko zen behingoz. Olatzek zerbait sumatu zuen sabelaldean, bularraldean. Samurtasuna.

         — E... enamoratu... maitemindu naiz zutaz —begietara begira segundo batez—. Esperantzak dauzkat?

         Olatzek aurpegia laztandu zion goxo. Gorputza harengana hurbildu eta besoekin erakarri zuen, besarkatu. Koitadua izututa zegoen, neskak zer erantzungo.

         Hitzik ez. Olatzek muxu eman zion ezpainetan, begiak itxi gabe.

         Berriro laztandu zion burua, kiribil rubioak.

         — Goazen nire etxera —Olatzek.

 

 

Gauero elkartzen hasi ziren. Zerua ematen zuen Xabirekin maitasuna egiteak; Txumarekin, berriz, Lurra: izerdia, mina batzuetan, esfortzua eta, gero eta maizago, saria. Sexua zen, eta ikasten ari ziren. Ez zuen sentimenduak zapuztea nahi.

         Herriko Etxearen inaugurazioan bazkaria antolatu zuten, mahaiak trenbide zaharraren gainean, eguraldia lagun. Goiz osoan, gela batetik bestera joan ziren taldeka, sinetsi ezinik, harro. Eguerdian atean bildu eta Migel Garaik xanpain botila bat puskatu zuen paretaren kontra, bataiorako. Bazkal ostean dantza-saioa, iluntzean kontzertua eta, egiten zutena egiten zutela, Txuma etengabe Olatzi eskutik heltzen, sorbaldatik, beti haren ondoan, haren inguruan, haren gainean.

         Nostalgiaz jaso zuen Olatzek atentzioa, baina itotzen hasia zen. Barraren atzera espazio bila sartzean, Txuma atzetik. Aukera bakoitzean hurbiltzen zitzaion, besarkatu. Azkenean, neska gordetegi txikian garagardo bila ari zen batean, Txumak txakur fidelen moduan jarraitu zion.

         — Utzi behingoz bakean —oihukatu nahi ez zuen arren, horrela bukatu zuen—. Airea behar dut, lasaitu zaitez!

         “Ez zaitut maite” esateak eragin berdina izango zuen gizonarengan: lur jota begiratu zion, negar egiteko zorian.

         — Orduan... ez?

         Olatzek arnasa bota zuen: nola esplikatu?

         — Etorri —Olatzek.

         Muxu eman eta besarkatu egin zuen. Sagu-tranparen gazta ari zen jaten, nahi zuenean utz zezakeelakoan.

         Aste gutxi geroago konturatu zen haurdun zegoela.