Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

6

 

 

Berri onak, azkenean, 1935ean! Estalita eraman arren, Pakiren sabela geroz eta puztuago zegoen. Bigarren hilabetean kontatu zion Ireneri, pozaren pozez negarrez. Bihotzerre handiak zituenez, ume iletsua aterako omen zen. Irenek irribarre egin, baina ez zion erantzun. Goiz edo berandu hasi beharko zuen gaixoak berria lau haizetara zabaltzen eta begiratu errukitsuei aurre egiten.

         Joxe mendigoizaleekin Aralarren asteburu-pasan, Irenek hitzeman zien neskei kostara hurreratuko zirela goizeko zortzietako mezatara joan aurretik. Kosta: hasieran, bitxia egin zitzaion zarauztarrek “plaia” esateko ibiltzen zuten hitza.

         Eguzkiarekin esnatu, plazara jaitsi eta hots egin zioten Antoniari. Emakume ona zen, zeukan diruaz alarderik egiten ez zuena. Irenek, berriz, zeharo ahaztuta zeukan premiarik gabe bizitzea zer zen.

         Aurreko Gabonetan, momentu batez eman zuen lortuko zutela. Ostirala izan zen inozente-eguna eta anaiaren txoferra agertu zen poltsa bat bete billete zekarrela. Mecanizados Garmendiaren dibidendoak omen; hamar mila pezeta, billete-mordo eder bat.

         Ederki ari zen Bego eskolan, laster bukatuko zuen. Donostiako akademiaren bat ordaindu ahalko zioten: mekanografia, kontabilitatea... ez zedila amaren moduan otarreren batean preso geratu. Eta soineko berri bat Joxepirentzat. Eta bazkari polita denontzat leku dotore batean.

         Txoferraren atzetik jaitsi zen Joxe diruarekin eta Irenek pentsatu zuen bertan hilko zela: nora zihoan etxekalte hori? Alferrik joan zen haren bila: inork ez zekien non zegoen. Ihes egin ote zuen? Zulo berriak estaltzera joan ote zen? Beste erokeriaren bat?

         Batzuetan, gogoa zuen... Ukabilak estutu zituen, pentsatze hutsak ikara ematen zion.

         Bihotza arin-arin itzuli zen etxera eta, alabei tutik ere esan gabe, gelan gorde zen. Bi ordu geroago agertu zen senarra, harrotuta.

         — Gurea da etxea.

         — Hamar mila pezetarekin? —amorruak ez zion ia hitz egiten uzten.

         — Patxi Olabeagak kreditua eman dit.

         — Kreditua!

         — Hipoteka, emakume. Bost urte pixka bat estu eta kitto.

         Pixka bat estu; beldurra! Oposizioarena aurpegiratu nahi zion, hiletarena, alabak bazterrean uztea...

         — Zenbat ordaindu duzu? Sei mila duro?

         — Gehiago.

         — Zazpi?

         — Ez galdetu. Gizonak egiten ditu bere zorrak eta gizonak kitatu.

         Alabengana ihes egin zuen; Irenek ez zion hilabetez hitz egin.

 

 

Antonia-eta noiz jaitsiko, ditxosozko kantarekin tematu zen Joxepi:

         — Ardoa eranda mozkortzen naiz, pipa hartuta txoratzen naiz...

         — Joxepi —ahapeka, baina gogor.

         — Kortejatzian lotsatzen naiz, nola demontre biziko naiz?

         — Joxepi! Neska sorgin horrek... Mozkortzearena itsusia dun; zenbat aldiz esan behar dinat? —isildu gabe, Joxepi txistuka hasi zen—. Txistua jotzea ere bai! Ez ahal dun ahizparengandik ikasiko!

         Alabekin agertu zen Antonia, oilaloka eta txitak, apain eta formal-formal. Semeak etxean; Joseba hamazazpi urterekin ba omen zen nor batzokian eta Iρaki, anaia nagusiaren ezpalekoa.

         — Haundiyarena entzun al duzu? —Antoniak.

         Ramon Jauregik 1921ean irabazi zuen Haundiya ezizena. Rotetatarrek ingurumariko frontoirik handiena eraiki zuten haien sagardotegiaren atzean. Inauguraziorako, pilotariak, erremontistak, harri-jasotzaileak eta bi borrokalari ekarri zituzten, haietako bat Masetti ospetsua. Ezetz inork garaitu borrokalariak, 600 pezeta jokoan. Ausart-andana irten zen; Masetti eta bestea txandaka joan ziren inozoak menderatzen. Barre ere egin zuten Ramon aurreratu zenean, kaxero kankailu bat, alkandora barratua eta blusa beltza soinean. Horrelakoek presaz jotzen zuten aurreneko kolpea; Masettik eskua harrapatu eta hura bihurrituz belaunikatzen zituen, minez oihuka eta erreguka. Handikotea, berriz, zain geratu zen, hartz handi eta ergel bat. Masetti konfiatu eta publikoari egin nahi izan zion keinu bat. Morroskoak bat-batean belarri batetik bizkor harrapatu eta bestean Jesukristoren zartakoa eman zion. Zerraldo erori zen mila konbateren garailea eta, ikusleak orroka, ia ez zen aditu Roteta zaharrak garrasika eskaini zizkiola beste hogeita hamar duro bigarren borrokalariarengatik. Alferrik: ordurako hanka egina zegoen.

         Brigida emazteak ez zion dirua eskuan berotzen utzi, edateko gai zen eta: “Bukatu da ostiralean bizitzea”. Plantxadora-ogibidea ikasteko erabili eta ganbara txiki bat erosi zuen Zigordia kalean, juxtu plantxak sartzeko adinakoa. Senarra okindegirako kontrata zezan eskatu zion Roteta jaunari eta Erreustaneko etxean jarri ziren bizitzen, okindegiaren gainean, hango morroien moduan. Etxebizitza oso bat haientzat bakarrik; ederra aldea!

         — Agidanez atzo, izerdi-patsetan zegoela, Txilikuko iturria hustu omen zuen astakilo horrek. Okurritzea ere! Etxera heldu eta braust erori zen lurrera. Zinkunegi medikua eraman dute goizean, alferrik; hanka bat beste munduan omen dago.

         Itsasoari begira aditu zuen pasadizoa Irenek, alabei begira. Hoteletako neskameekin batera ari ziren baineroei korruan heltzen, esku-katean, baineroak haiengandik barrura tiratzen zuela poliki-poliki. Ur-ertzean, egurrezko T handietan, albornozak jabeen zain. Begorena apain zintzilikatuta; Joxepirena hala-hola, felpazko gerrikoa uretan.

         Zergatik ziren hain ezberdinak? Auskalo, eta momentu hartan ez zitzaion axola. Amaren liburua topatu zuenetik, gorputzaldi arraroa zeukan. Kasualitate gutxi tiradera-fondoan agertzea. Hilabete haietan guztietan, behin edo behin azaleratua zen beste zerbaiten bila ari zela, eta beti eragin zion zirrara; auskalo noiz orbainduko zitzaion zauria. Ordurako argi zeukan: ama urrunak marka handiagoa eragin zion aita hotz eta zorrotzak baino.

         Liburu dotorea zen, azal gogorrekoa, berdexka, izenburua urrezko moldeetan. Zabaldu eta, lehenengo orrian, eskaintza bat. Ziztada. Trazu fin, sofistikatuetan, “Paris, Anette, au clair de la lune. P.” Pierre? Pascal? Philippe?

         Hogeita hamazazpi urte bete behar zituen Irenek. Berandu baino lehen, amona egingo zuen Begok. Konturatu gabe, bizitzaren erdia joanda.

         Lehenengo orrira saltatu eta hasi zen irakurtzen: “Nous ιtions ΰ l'Ιtude, quand le Proviseur entra...”. Eulogioren aitzinean besterik ez zen ama xiberera zaharrera gibeleratzen, bestela beti frantses dotorez. Hortakotz, bazirudien Anette bera ari zitzaiola istorioa kontatzen, eta zeharo irreala zegoen Charles Bovaryren klasekide baten paperean. Bere burua bultzatu behar izan zuen jarraitzera, frantsesa artean arrotza egiten zitzaiola.

         Charlesen bilbea eten ondoren hasi zen Emmaren haria eta orduan murgildu zen Irene zeharo kontakizunean. Madame Bovary c'est moi: ama ari zen hizketan, bizitza espartarrean bihozgabetuta, zaporea aurkitu ezinik, desengainuan kaiolatuta. Handik ihes egin zuen, gatz eta piperraren premian, pasioz existitzeko irrikaz. Madame Anette. Eta Madame Irene?

         Leiho garbien moduan, distantzia pixka bat hartzean, liburua argazki bihurtu zen: Zarautza iristean bihurtu nahi zen pertsonarena. Edo bihur zatekeena, amarekin Parisa alde egin izan balu, nerabe triste eta bakartia zela eskaini zionean.

 

 

Etxerako orduan, beti berdin, Joxepi falta. Non zegoen ume demonio hori?

         — Hire ahizpa? —Begori nahi gabe errieta-tonuaz. Antoniaren aurrean, gainera, haren modu dotoreaz saiatzen zen alabei zuka egiten.

         Malekoira seinalatu zuen Begok: ahizpa marrubizko izozki erraldoi bat ari zen miazkatzen, haien zain. Irenek trasteak beso batean zamatu eta malekoiko arranpa igo zuen bixi-bixi, eskua zabalik. Joxepik metro batzuk ihes egiten zion irribarrez, izozkiko tantak zehaztasunez miazkatuz.

         — Txakur txiki bat aurkitu dut malekoian.

         — Neronek emango dinat txakur txikia! Goazeman etxera, berandu egingo zaigun-eta elizarako!

         Udatiar gutxi zeuden herrian, gutxiegi gauza onerako, aurreko iraileko istiluak zirela medio. San Fermin pasatu eta Karmenak iristear, marea izan ohi zenak hiruzpalau tanta besterik ez. Zer egingo zuten? Altzarigintza lur jota eta herriko beste industriak hutsaren hurrengoa, turisten diru-iturria lehortuz gero, desertuan baino jende gutxiago geratuko zen azkenean Zarautzen.

         Gainera, etortzen zirenek ondo lotuta zekarten poltsa. Don Cesarrek eta doρa Maria del Rosariok martxorako bidali zuten mandatua. Bertaratu eta bota ez zioten, ba, Pakiri erdia ordainduko ziotela! Eta irentsi egin behar; beranduegi beste apopilo batzuk bilatzeko.

         Turista batek atentzioa eman zion Ireneri: emakume gazte bat Munoako miradorean, zoriontsu, malekoi gainetik hegan bezala. Aingeru bat. Frantsesa izan behar zuen itxuragatik: goizeko ihintza bezain freskoa, cloche kapela estu-estua, guardasola, gazazko soineko horia, begizta handi bat eskote lotsagabea apaintzen eta, cloche-aren azpitik, Louise Brooks-en moduko garηonne orrazkera ausarta.

         Arratsaldean, hiru erabaki handi. Bat: jostunarenera eraman zuen amaren beroki gorria, zoragorria Joxepiren hitzetan, konpontzera.

         Bi: Paki ausartu ez zenez, Xalesek moztu zion ilea. Pelikuletako emakumeen antzera, motz. Urteak ziren ez zela eder sentitzen; Joxeren hasierako harrera hotza ederki berotu zen gauean. Labaderoan ere, lagunak txundituta eta mesfidati; Irene, besteak bezala gobara-harri gainean belaunikatu zenean zirri-zarra hasteko, lasaitu eta betiko berriketara itzuli ziren.

         Eta hiru: Madame Bovary euskarara ekartzen saiatuko zen. Liluratuta goraipatu zion proiektua Xalesi, eta hark ezetz, Madame Bovary iparrorratz hartuta, zerbait berria jos zezala, euskaraz. Zer, baina?

 

 

Zinkunegi medikuak, batzokiaren presidentea zenez, botikarik garestienak errezetatzen omen zizkion Haundiyari. Don Segismundo Gantxegirengana jo omen zuen Brigida Plantxadorak. Karlisten buruzagia zen Gantxegi zaharra, eta Haundiyak lanak egiten zizkion noizean behin.

         Bi egunez itxaron zuen patriarkak don Lucio Martinez de Luna galeno famatua bidali aurretik, Baρos Calientes hoteleko aspaldiko bezeroa. Bastoi garestia airean bueltaka gerturatu zen Erreustanera, mukizu zorritsuen segizioa atzetik. Begirada jakintsu batez diagnostikatu zuen Haundiya: gaztetan paraje malapartatu haietan toreatzen egokitu zitzaion gripe espainiarra. Atzera egin eta ahora eraman zuen traje-jakaren goiko poltsikoan zeukan zapi zuria. Etxekoek berrogeialdian geratu beharko zuten.

         Auzoa, izututa. Brigida Plantxadora eta Manuelito semea etxean atxilo, janaria sokaz igotzen zieten, buru-otarre batean sartuta, haietako aurrena noiz hilko.

         Manuelito gizajoa. Mehea eta eskasa, herriaren umoreak ez zuen Txikiya izendatu. Sotila bezain krudela izan zen bataioa: Manueletik Manuelitora, ergelen kanpaitxoa lepotik dilin-dalan. Beste pasadizo batek ez zuen asko lagundu. 1935eko ekainean Corellan batzekoak ziren Espainia guztiko karlistak: desfileak, mitinak eta indar-erakustaldia, baina haraino bidaiatu behar. Zarauzko gehienak don Segismundoren fabrikako kamioietan garraiatu zituzten, uniformeak eta txapel gorriak ezkutuan, gobernadore zibilak haien ekitaldiak debekatzen baitzituen. Gantxegik eskarmentua eman nahi zion Isidro seme errebeldeari haien baserri baten maizterraren alaba haurdun uzteagatik: Haundiya, Manuelito eta Silvino, herriko beste gazte bat, eramatera behartu zuen bere kotxean. Circulo Tradicionalistan geratu ziren goizeko lauretan. Isidro burrunbaka ordu erdi berandu iritsi zenerako, Manuelitok eta Silvinok lokaleko bandera erraldoia jaitsia zuten paretatik, masta eta guzti. Kopilotuaren aldean lotu zuten masta, leihoak jaitsita ateek erdian osatzen zuten zutabean. Isidro ez zen mugitu; ezin inork kopilotuko lekura sartu. Haundiya atzean enkajatuta, Silvinok hartu zuen azken lekua, janaren otarraren ondoan. Alferrik begiratu zion Manuelitok Isidrori, aitari. “Ez zegok lekurik”; Silvinok muturrean atea itxi eta ziztu bizian abiatu ziren. Praka luzeak jarri zizkioten aurreneko eguna zen, okasiorako propio josiak. Brigidak gerrara arte gorde zituen eta majo damutu zitzaion orduan.

         Manuelitok berak oihukatu zuen leihotxotik aita joan zitzaiela, Jainkoaren izenean lur ematen utz ziezaien. Eztabaida sutsua Zinkunegi eta don Lucioren artean ea gaitza kutsatu zitzaien; azkenean, don Lucioren mehatxuak garaile: beste hiru egunez beilatu behar izan zuten hilotza, kiratsa kaletik usaintzen zela.

         Epea beteta, sei gizonen artean garraiatu zuten gorputzarra eskaileretan behera, rigor mortis-a ordurako laxatuta, baina, kabitu ezinik, buru eta hankekin hormen kontra jo eta jo. Hain itsusia geratu zen defuntua, non elizan tapa itxi behar izan zioten hilkutxari. Hori bai, segundako hileta-ospakizuna espero zuen jendeak eta primerakoa izan zen. Nola ordaindu zuen Brigidak, ezin jakin.