Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

12

 

Dena aldatu zen hauteskundeekin batean. Lehendabizikoak ziren Franco eta gero, bere ondorengoek antolatuak. Hala teorizatu genuen, hala leitzen ahal zen ordurako baturik geunden troskizaleon Combate bakarrean. Itxaropentsu aurkeztu ginen, Gasteizen langileek gure alde eginen zutelakoan. Hautagai hoberenak genituen, hilabete batzuk lehenagoko borroketan nabarmendu zirenetarik anitz. Ongi lagundurik gindoazen, LCRz gain OIC, AC eta POUM historikoa biltzen zituen hautagai zerrenda batean: FUT, erran nahi baita, Frente por la Unidad de los Trabajadores. Araban Tomas Etxabe genuen zerrendaburu, Martxoak 3ko lider nagusietarik bat, eta Pui ere zerrendan zegoen, hondarrekoa, berak hala galdaturik.

      Zer eginen nuke nik Madrilen, politikariez inguratua? Zure lankideen interesak defenditu, langile guztiena, arrapostu egin zioten zuzendaritzakoek, emakumeen ordezkaria izan. Nik ere burkideen eskaintza onar zezala nahi nuen, eta ahalegindu nintzen baiezkoa eman ziezaion. Alferrik, Pui kaskagogorra baita, zerbait izatekotan. Nolanahi ere, gu bezain esperantzaz beterik zen izanen genituen emaitza bikainez. Horregatik, gainerakook hartu genuen zaplazteko bera hartu zuen hauteskundeen emaitzak argitaratutakoan.

      Txarrak ziren, negar egiteko gisakoak. Aitzakiak goiti beheiti, ondorio argia atera zitekeen: langileek bizkarra eman ziguten, guri eta ezkerreko bertze koalizio eta partiduei. Guri bizkarra, eta eskuinekoei, Francozaleei, beren zanpatzaileei, bozka. Zaramagan gertaturikoa izan zen mingarriena: Adolfo Suarezen UCDk jaso zituen boz gehienak, hain justuki hilabete batzuk lehenago San Francisco elizan gertatutako sarraskia agindu zutenen partiduak.

      Porrot izugarri hura mugarria izan zen, hor hasi zen gure gainbehera ez ezik, ezker osoarena ere: maozaleak urte gutiren buruan desagertuko ziren, eta Espainiako Partidu Komunista ahalguztiduna bera ere bazterreko partidu bilakatuko zen ohartu baino lehen. Aldeak alde, guri ere gisa horretako zerbait gertatu zitzaigun.

      Egonarri iraultzailea zer zen bagenekien, zein zen sator gorriaren lana, baina titanen eginkizuna iduri zuen munduko langileria mendeetako bere alienazio pisutik libratzeak, eta artean gazteak izanagatik ere, bizitza oso laburra izan daitekeela ongi ikasia genuen. Galdu genituen hauteskundeek sortutako lurrikara denboran luzatu zen. Plaka tektonikoek mugitzen segitu zuten, eta haiekin batera geuk ere mugitu behar izan genuen, egoera berriari egokitu. Nork bere zokoa bilatu behar izan zuen, bere aldea hautatu. Puik betiko gisan jarraitzea hautatu zuen. Nik, ordea, ez hautatzea hautatu nuen, dena denboraren eskuetan uztea. Lanean segitu nuen, eta, partiduak hala deliberatua, CCOOn nintzen, metal sindikatuaren zuzendaritzan, baina asperturik, laster sozialdemokraziara aldatuko ziren burokrata sasi komunista haien jardunaz eta kalakaz nekaturik. Bilkuretan kontra egiten banien ere, nire ahaleginak debaldekoak izanen zirela sinetsirik egiten nien. Halako batean zutitu eta haiek guztiak pikutara bidaliko nituzkeen. Puiri kontatzen nion. Ederki konprenitzen ninduen, baina kontu egin behar zitzaiola erraten zidan, iraultzaileon egitekoa zela, behinena. Iraultzaileen egiteko bakarra iraultza egitea da, aldarrikatzen nuen nik, eta hor hasten zen gure arteko kasaila, gero eta azkarragoa.

      Politikak, ordea, zerikusi ttipia zuen gure harremanaren hondoratzearekin. Hura zerbaiti egoztekotan, denborari egotzi behar zitzaion, hark higarazi baitzuen, urtez urte, eta egunez egun. Aldaketa behar genuen, baina, bertze hainbat konturekin gertatzen zen gisa berean, ezin zinez uste genuena erratera atrebitu. Hori egin ordez, urrundu egin nintzen, emeki baina urrundu, bai politikatik bai Puirengandik.

      Kutxin ibiltzeari utzi nion, eta muinoaren bertze aldera egin nuen, ordurako LKI abandonatua zuen Kepa lagun bakarra nuen aldera. Hango ostatuetan nekez mintza zitekeen. Musikak galarazten zuen. Berdin zion, urteetan arituak ginen solas eta molas, eta menturaz bagenuen isiltzeko tenorea. Gero eta gehiago pipatzen genuen haxixezko zigarreta, txirria, elkarri pasatu eta aski zen.

      Pui laster ohartu zen nire aldaketaz. Kezkatu egin zen. Kepa maite zuen, baina mesfidantzaz behatzen zion, partidua utzitakoan antikapitalistekin ibili ondotik, drogaren putzura erori omen zenetik.

      Drogaren putzuan. Irrigarria, batez ere gero helduko zena gogoan. Zorigaitzez, Lou Reeden Sweet Janerekin dantza eroa egiten zuen Kepa hark ez zuen nehongo zulora erortzerik izan. Hori baino lehen, prestatzen ari zen bonbak eskuetan zapart egin eta ehunka puskatan igorri zuen zeruan goiti.

      Durduzatu egin ninduen Keparen heriotzak. Lagun bat galdu nuen, nire hoberena, eta sekulako hutsunea utzi zidan, hamaika galdera arrapostuezin uzteaz gain. Gibelera behatzen nuen eta nekez antzematen ahal lagun maitearen heriotza izugarria iragarriko zuen deus. Ezagutu nuen sasoira itzultzen nintzen, San Francisco elizara, ospitalera eramanen zuen auto baten bila eroturik aritu nintzen egunera. El Sotanon musikarekin batean burua mugitzen zuen gazte lerden alaia ikusten nuen oraino. Gelditzeko galdatu nahi nion, bakarrik ez uzteko. Nola maite nuen adierazi nahi nion, deus adierazteko sobera berant zelarik. Eta hunkitu egiten nintzen. Eta neure buruarekin haserretu, baita bertze zenbait lagunekin ere, bereziki Puirekin. Kepaz erran zituenak oroitzen zitzaizkidan, eta errabiatu egiten nintzen. Hura ere ahalke zen, ordea, damuturik Kepaz adieraziaz, horregatik laguntzera prest agertu zitzaidan, lagun erori berriari omenaldia egiteko nire asmoaz jakin orduko. Familiak antolatutako hileta-elizkizunak baino zerbait hobea merezi zuen, San Vicentera hurbildu nahi izan ez genuenok izan genezan hari hondarreko agurra ematerik.

      Omenaldia hil zen leku berean egin genion. Berrogeita hamar bat lagun ginen, gazteak denak, mendirako jantziak. Lehergailuaren eztandak belarretan sortutako soilgunearen inguruan paratu ginen, ikurrina eta bandera gorria albo banatan zituen Keparen argazki handitu bati beha. Joera politiko ezberdineko jendea bildu ginen hara, eta hori nabarmendu eta eskertu nahi izan nuen, solastatzeko txanda heldu zitzaidalarik. Kepa iraultzailea izan zela erran nuen, troskizaleekin hastapenean eta antikapitalistekin gero, baina iraultzailea beti, borrokalari nekagaitza. Goraipatu nuen haren alaitasuna, haren eskuzabaltasuna. Begiak gorriturik geneuzkan, Sweet Janeren lehen akordeak ezagutu bezain fite. Musika, Puik ekarri eta partiduan hitzaldiak-eta grabatzeko erabiltzen zen garai hartako kasete batetik atera zen. Kanta ahitu, elkar besarkatu eta bueltako bidea hartu genuen taldeka, mutu, oraino tinko eramaki baikenuen eztarriko korapiloa.

      Keparen heriotza, istripu latz hura, haren bigarren heriotza iduritzen zitzaidan. Lehendabizikoa: droga kontuetan nahastu zuten zurrumurruei leporatzen ahal zitzaiena. Zenbat eta horretaz gehiago pentsatu, hainbat eta argiago nuen. Pui ez ezik, partidu osoa zitzaidan susmagarri. Keparen gaineko gezur sektarioaren sustatzailea iduritzen zitzaidan, urdekeria haren erruduna.

      Horra ailegatuta, gibelera egiterik ez. Galdurik nintzen, ordura arte gidatu ninduen argi iraultzailea gero eta apalagoa zela nire begietarako. Nire bizitza zentzugabea iduritzen hasi zitzaidan. Lanean, ingurura behatu, urratuz eta ubeldurez betetako nire eskuei behatu, eta zer egiten ote nuen han galde egiten nion neure buruari. Iraultza egiten ari ote nintzen? Norekin, norendako? Zirt edo zart inoiz egin banuen, Salazar eta Biteriri esker izan zen, hein handi batean.

      Mikel Salazar lehenagotik ezagutzen nuen, Gasteizko langileen koordinakundearen sasoitik, eta topo egiten genuenetan elkar agurtu eta gozoki solastatzen ginen. Abegikorra zen, politikaz arras jantzia. Biteri, aldiz, ezezaguna nuen. Zapako ostatu batean hurbildu eta Troskori egindako omenaldian erran nituenak eskertu zizkidan arte. Trosko gure Kepa zen, noski, zinez Roberto Idiakez zeritzan bion lagun zorigaitzekoa. Haiek ere lantegietan aritutakoak ziren urte luzez, baina utzia zuten, zanpatuak eta esplotatuak izateaz ase. Aise konprenitu nituen.

      Pare bat aste geroago doi, ospatzeko zerbait bagenuela jakinarazi nien: Lana utzi diat. Besarkatu ninduten, zoriondu, eta, Salazar garagardo gehiagoren bila joan zelarik, txirri bat bildu zuen Biterik. Ospatu beharra.

      Ospatu edo deitoratu, nondik behatzen zaion. Puik lehenbizi eta partidu osoak ondotik, zorrozki gaitzetsi zidaten. Arduragabekeria hutsa omen zen, burges ttipikeria, damutuko zitzaidan zerbait. Bazitekeen hala izatea, baina nire hautua zen. Lana uztearekin batean, militantzia utzi nuen.

      Zertaz biziko nintzen Puik kezkatuta galde egiten zidalarik, lasai egoteko erraten nion, zer edo zer eginen nuela, zer edo zer sortuko zitzaidala, ez nintzela bere lepotik biziko. Hori seguru, bihurritzen zitzaidan, bere harrotasun feministak beharturik.

      Asmo argirik gabe utzi nuen lana. Sos batzuk banituen, eta hori aski zitzaidan. Haiek ahitutakoan ikusiko nuen, baina bitartean bizi egin nahi nuen, eguneko minutu bakoitza. Gauez bizitzen hasi nintzen, hortaz, fite nire lagunik hoberenak bilakatutako Salazar eta Biteri bizi ziren antzera. Urteetan lanera joateko goiz jaiki ordean eguerdia arte lo egitea plazer izugarria zen. Ahalke nintzen hain berant ezagutu izanaz. Eta nire baitan zin egin nuen hotsandiz, handik aitzina ahalik eta berantena altxatzera entseatuko nintzela. Puiz ahantzirik zin egin nuen, pentsatzen ahal zuenaz axolatu gabe.

      Behin, lanetik etxeratu eta ohatzean harrapatu ninduen. Zapart egin zuen egun hartan. Hondar aldian nire kontra pilatutako guztia bota zidan, laido eta lotsaizun anitz. Alferkeria leporatu zidan, egun osoz drogaturik izatea. Denetarik erran zidan errabia biziz, barnea guztiz hustu zuen arte. Alde egin zuen orduan, gure ganberako atea bere indar osoz hetsiz. Xixare lohi bat nintzen, Puiren ustez, txori-zirina baino gutxiago. Gau hartan, Salazar eta Biterirekin elkartu nintzelarik, berehala etxe bat beharko nuela jakinarazi nien. Irri egin zuten.

      Etxe bat, non?

      Mikel Salazarren galderak nahasirik utzi ninduen.

      Nonahi? Donostian ere bai?

      Hori aditu eta kopeta ilundu zitzaion Biteriri: Hirurok egingo dugu hire Kororekin ala? Salazarren neska zen Koro, Biterik begitan zuena, eta nabari zitzaion. Baina Salazar arras maitemindurik zen. Lagunak elkarri zirika ari zirelarik, Salazarren proposamenaz pentsaketan ari nintzen ni. Donostia hiri ederra zen, doi ezagutzen nuen hiri bat. Zerbait berria. Hutsetik hasteko leku egokia, menturaz. Zenbat eta luzeago hartaz pentsatu, orduan eta erakargarriago zitzaidan ideia. Baita Donostian ere, erran nuen.

      Hik ere Donostiara nahi? Biteri traizionaturik sentitzen zen nonbait. Pui bezala. Laster erran zidan etxetik alde egiteko. Bera joanen zen, bertzenaz. Nire puskak bildu eta Salazar eta Biterirenera joan nintzen, Paraguay karrikara. Liburuz eta paperez betetako zulo bat zen, hirurendako tokirik doi-doi zuena. Hilaren bukaeran utzi genuen, eta, harekin batean, hiruron bizitzan hain garrantzitsua izan zen Gasteiz bera ere. Ordurako Korok bazuen etxe bat guretako.

      Amaran zen, Balleneros kalean, The Clash ikustera heldu eta gero pixka bat ezagutzen genuen Anoetako Belodromotik hurbil. Hiru ganbera zituen, eta, Korok hala iradokirik, ohatzerik handienekoa utzi genion Salazarri. Justua iduritu zitzaigun. Txortan egin zezatela, funditu arte txortan. Bekaizti ginen nolabait, baina aise ulertu genuen, Salazar izaki, nabarmenki, hiruretarik erakargarriena. Logikoa zen, hortaz, gu baino arrakastatsuagoa izatea. Hala ere, ezin kexa, noizean behin emaztekiren bat lerratzen nuen nire ohatzera. Biterik, iduriz, bertze interes batzuk zituen.

      Kontua Gasteiztik heldua zen, jadanik han hasiak baikinen zaldia sudurretik sartzen, baina okerrera egin zuen Donostian, batez ere Salazar eta Biteri orratza erabiltzen hasi zirenetik. Hor ni kikildu egin nintzen. Bainugelako konketa odol tantez zipriztindurik atzeman nuenetik, bertze gisa batez behatu nion gure zaletasun horri. Lagunei ezetz erraten hasi nintzaien, eskaintzen zidatelarik.

      Ondo zagok, alegeratzen ziren. Norbaitek kontrolatu behar dik.

      Ederki jo zidaten adarra: Trosko hauek jende serioak izan dituk beti, ez alproja batzuk, gu bezala. Alferrik adieraziko nien LKI aspaldi utzi nuela, Trotskik eta gainerakoak bortz axola zitzaizkidala. Bazekiten. Nik ere irri egiten nuen haiekin, baina, ukatu arren, troskismoak, marxismoak oro har, eragin handia zuen oraino nigan. Marxek erlijioaren gainean idatzitakoa nuen gogoan, erlijioa herriaren opioa dela, alegia. Drogaz lagunek baino gutiago nekien, baina erlijioaz arrunt gehiago, eta, hortaz, argi nuen Marxendako drogek makurrak izan behar zutela. Batez ere heroina, haren bitartez deuseztatu omen baitzuen amerikar estatuak Black Panthers mugimendu iraultzailea. Eta hemen Guardia Civila ari zen zaldia hedatzen.

      Ezker Abertzalearen paranoiak, zioten nire lagunek. Bazitekeen hala izatea, jakina, baina banituen kontu garrantzitsuagoak buruan erabiltzeko. Pui eta gero, bertze emazteki bat behar nuen. Txortan ari zirelarik, Salazarren eta Kororen aiene eta oihuak aditzean urduritu egiten nintzen. Gau bakar baterako harremanak ongi ziren, dibertigarriak, eta maite nituen. Baina bertze zerbait behar nuen, nire bizimodu zoroari oreka zerbait emanen ziona.

      Maitemindu egin nahi duk, beraz?

      Gustuko izanen nuen neska bat nahi nuen soilik. Sobera galdatzen ari ote nintzen? Nire ametsetako emaztekia antzeman arte, banuen konpondu beharreko bertze hainbat arazo. Guztietarik beharrezkoena: lana. Lana edo, hobeki errana, sosak. Hala adierazi nien lagunei gau batez, Trumoia ostatuan ginelarik.

      Betiko moduan, irri egin zuten. Oraino ere, Mikel Salazarrez oroitzen naizelarik, hala oroitzen dut, irriz tai gabe. Bruce Springsteenek kantatzen duen bezala, gure loria egunak ziren haiek, sasoi hoberenak. Pelloren egia badirudi ere, bizirik ginen. Hirurok. Bizi-bizirik eta irriz. Erdi hilik den Biteri ere bai. Orduan maiz egiten zuen, ez orain bezala, gutitan eta bakarrik Gloriarekin. Glory days, bai horixe. Fucking glory days.

      Gu ere miseria gorrian gaudek, aitortu zidaten, eta lanera bueltatu beharko diagu aurki. Hik nahi izanez gero, egongo duk hiretzat ere zereginik. Zer iruditzen?

      Troskoren ordezkoa izango hintzateke. Beste Trosko bat, eta berriz egin zuten irri, kopeta ilundu zitzaidala ohartutakoan. Gidatzen badakik, ezta? Banekien. Pentsatu, eta zer edo zer esango diguk.

      Hiru egun hartu nituen deus arrapostu aitzin. Pentsaketan egon nintzelarik, jabetu nintzen kontu bakar bat ebatzi behar nuela: zeri nion beldur handiago, putakume batendako putakume baten gisara egunero lanean aritzeari edo poliziari? Eskaintza onartu nienean, duda pixarrik gabe onartu nien, egitera joaki nintzenaz seguru. Lantegi batera itzultzea, han egunero zortzi oren ematea, jasangaitza iduritu zitzaidan, izugarria. Kartzela ezin hori baino makurragoa izan.

      Ongi etorri Trosko komandora!

      Banda bat ginen. Lapurrak, baina lapur iraultzaileak. Gu esplotatzeko eskubidea kentzeaz gain sosak ere kenduko genizkien kapitalistei. Bi txori akabatuko genituen harri bakar batez. Lapurrak izatearen ideia erakargarria zitzaidan. Proletarioekiko lilura galdurik, berriki arte mespretxatzen nituen lumpenengana itzuli nintzen, iraultza egitekotan haiek eginen zutelakoan. Galtzeko deus ez zutenek. Munduko zaborra. Lapurrak ez ezik, ijito eta drogazaleak ere gogoan neuzkan, kartzelak betetzen zituztenak eta, koordinakunde baten bitartez, borroka latzean hasiak zirenak. Gure etekinen zati bat haiei emanen geniela deliberatu genuen, gure elkarte kriminala —hala deitu zuen Salazarrek umoretsu— sortu genuelarik.

      Lehendabiziko lana Pasaian egin genuen, Gipuzkoako Kutxaren bulegoan. Bortz minutuko kontua izan zen. Ni kanpoan geratu nintzen, autoan, ihes egiteko prest. Eta trankil antzean alde egin ahal izan genuen, nehor ohartu gabe. Erabili genuen autoa erre ondotik, etxeratu ginelarik, ezin parean nuena sinetsi: zazpiehun mila pezeta eskuratu genuen. Lau zati egin eta, solastatu bezala, horietarik bat presoen koordinakundeari helarazi genion. Gainerakoarekin bagenuen zenbait hilabetetarako.

      Lan erraza izan zen. Bulegoan sartu, pistolak erakutsi, lurrean etzateko eta haiek erran arte hala egoteko bezeroei eta langileei galdatu, sosak hartu eta agur betiko. Lasaiki egin zuten. Profesionalak izateaz gain artistak ere baziren. Biterik, konparazione baterako, auto bat ireki eta martxan paratzen ahal zuen minutu bakar batean. Anitz nuen ikasteko, baina irakaslerik hoberenak nituen.

      Gure betiko bizimoduarekin segitu genuen. Berant arte gauez eta berant arte lo egunez. Nik Salazarrek erosi baina leitu gabe utzitako liburuak leitzen nituen, zinemara joaten nintzen, eta iluntzean lagunekin elkartzen nintzen Alde Zaharreko ostatuetan. Antzera banatzen zen haien denbora. Salazarren gehiena Korok hartzen zuen, bistan da. Biterirena, haatik, heroinarena zen gero eta gehiago. Bere ganberan sartu, musika paratu eta ordutan egoten ahal zen handik atera gabe. Drogak gauerako uzten nituen nik, ostatuetarako.

      Horietan lagun anitz genuen. Sobera ere zenbaitetan. Kezkatzekoa hasi zen izaten. Salazarri erran nion. Onartu egin zidan: Bai, jende askotxo gonbidatu diagu azken boladan.

      Hala segituz gero, polizia izanen diagu fite gibeletik, ohartarazi nion. Sosa erruz darabilgula hedatuko duk, eta nondik atera ote dugun jakin nahiko ditek. Baietz hark beti, Biterirekin solastatuko zela. Utzi nire kontu, bazakiat harekin nola hitz egin.

      Bere hitza bete zuen. Hala erran zidan, handik egun gutira. Dena konponduta, erran zidan, hurrengo lanerako dena prest. Harriturik behatu nion. Sosik gabe geratzen ari omen ziren. Honen goiz! Lanak nituen sinesteko, oraino aldi aski luze baterako geratzen baitzitzaidan niri. Nola zitekeen haiek dena eralgitzea hilabete guti batzuetan?

      Gure bizimodua ez duk hirea bezain soila, gu ez gaituk seminariotik pasatutakoak, eztenkada eman zidan Biterik.

      Eginen genuen, bada, haiek nahi bezala. Astebete doi behar izan zuten banku egoki bat bilatzeko. Irunen atzeman zuten, Colon pasealekuaren gibeleko karrika batean.

      Nik gidatu nuen Biterik lapurtutako Volkswagen Golf beltza, eta bien zain geratu nintzen. Adi nengoen, ezker-eskuin beha. Halako batean zibilen Land-Rover bat agertu zen nire ispiluan, batek daki nondik. Istantean izerditan urturik nintzen eta duda larrietan. Klaxona jo behar ote nuen, mintzatuak ginen gisara edo pasatzera utzi. Ordukoan ere, zorionekoa izan nintzen, Land-Rover berde iluna eskuinera hartu eta nire bistatik galdutakoan atera baitziren Biteri eta Salazar bankutik.

      Pasaian eskuraturikoa baino ttipiagoa izan zen han bildutako kopurua: bostehun mila pezeta. Nolanahi ere, anitz zen, nire ustez. Lagunek bertzerik uste zuten, eta, Irungoaren ondotik, lapurreta handia, hondarrekoa izanen zena hasi ziren aipatzen. Oharkabean, gure ametsa bilakatu zen. Etxean, ostatuetan, horixe erabilki genuen malenkoniatsu, hiru gazte bipil izan ordean, hiru agure bagina bezala. Nora joanen ginen, zer eginen genuen eztabaidatzen genuen. Salazarrek Hego Amerikara, Mexiko edo Venezuelara joatearekin amets egiten zuen. Biterik, aldiz, bertan gelditzea nahiago eta ostatu bat irekitzeko deia egin zigun, pilaturik izanen genuen dirutza garbitzeko, baita gure bizimodu erosoaren zergatia argitzeko baliatuko genuena. Niri, egia erran, bortz axola bataren zein bertzearen proposamenak, kontua elkarrekin izatea zen.

      Irungo lana eta gero, hala ere, dudei emanago nintzen ametsei baino. Ametsez lagunekin solastatzen ahal nintzen, bederen, baina dudak nire baitan egosten ziren, eta handik ezin atera. Haien argitan itsusi ikusten nuen neure burua, koldar, eta, batez ere lagunen konfiantza merezigabea. Traizioaren itzala ere hor zegoen, egin ez nuen baina egitekotan izan nintzen traizioarena, handik lehenbailehen ihes egitearen ideia pasatu baitzitzaidan burutik. Makurrena horixe zen, goitik behetik kakazten ninduena. Ezezaguna zitzaidan Joxe bat agertu zen orduan nire begien parera, gizon ttipi, berekoi eta ezdeus bat, guztiz mespretxagarria. Tokitan nik idurikatutako iraultzaile ausart eskuzabala.

      Errealitatearen gordinak izutu ninduen. Urduri ibilki nintzen. Eta hain zen hori nabarmena, non, drogaren lainotik gero eta gutiago ateratzen ziren Biteri eta Salazar ere oharturik, zer pasatzen zitzaidan jakin nahi izan baitzuten: gazte eta libreak ginen, sosak genituen, nahi genuena egiten ahal genuen. Zer gehiago galdatzen ahal zen?

      Arrazoiak ongi ziren —begi-bistakoa zena onartzea—, baina ez aski. Biltzen ahal nuen sosegu apurra drogen bitartez biltzen nuen. Txirriak pipatzen nituen lo geratu arte, edo zaldi pixka bat sartzen nuen sudurretik, bertzenaz. Hala joaki zitzaizkigun egunak.

      Parrandan ibiltzen ginen, rock kontzertu gero eta gehiagotara joaten ginen. Drogak eta sosak ere agudo joaten ziren, eta ohartu baino lehen fitsik gabe ginen, eta berriz ere lanari lotu behar. Salazarrek erositako bigarren eskuko Renault gorri batean sartu eta Gipuzkoako nahiz Nafarroako iparraldeko herriak bisitatzen genituen, eginen genuen hurrengo bankuaren bila. Turistak bagina bezala ibiltzen ginen.

      Bi lapurtu genituen sei hilabetetan, Gipuzkoako Kutxaren bulegoa Urnietan eta Altsasuko Banco de Bilbaorena. Arazorik gabe burutu genituen biak, nahiz eta aitzinekoetan baino gutiago eskuratu. Hori kezkagarria zen. Gure lanaren arriskua areagotzen zuen. Lapurretak nabarmenki ugaritu ziren, eta bankuek zuhurki jokatzea deliberatu zuten.

      Zaila zen. Hala ere, bagenekien, seguru ginen, izan bazela guk bilakaturikoa, esperoan genuela nonbaiten noiz atzemanen, denbora kontua zela.

      Hurrengo lana egiteko Tolosa hautatu genuen: Banco de Vasconia. Hara azaldu gara, ba, goiz hotz ilun batean, sartu-irten fite bat egiteko asmoz. Salazar eta biok ongi joaki ginen, baina Biteri ezin okerrago. Bankurako bidean bala arrasto bat uzten ari zela ikusi nuen izuturik. Neure burua eskaini nuen haren ordezko. Lasai egoteko, erran zidan Salazarrek, galtzetako sakelan zulo bat zuela eta moldatuko zirela, ez zela Biteri hala joaki zen lehendabiziko aldia. Moldatuko ziren.

      Egiazki haserre nintzen, lehendabiziko aldiz, Salazarrekin. Bera ere Biteri bezain drogaturik ote zen? Hi txoferra haiz, hemen behar haugu, arrapostu zidan, bera ere haserretzen hasia. Ez arduratu gero, aspalditik ezagutzen diat, eta bazakiat eramaten.

      Irunekoa baino arrunt makurragoa izan zen Tolosako hura. Auto barnean nintzelarik, eskuak bolanteari azkarki atxikiak, beldurrez dardarka nintzen, hura molde itsusi batez finituko zelakoan. Zainak menderatzeko eginahalak egiten nituen, eten gabe ezker-eskuin ez behatzeko. Minutuak ikaragarri luzeak ziren, nire eskumuturrekoaren orratzak baratxe ibilki ziren, eta nehola ere pentsatu nahi ez nuena ari nintzen pentsatzen. Irunen bezala, ihesa tentagarria zitzaidan, hil edo bizikoa ere. Ahantzi ero pare hori, aholku egiten nion neure buruari, salba hadi, ahal duan bitartean. Baina geratu egin nintzen. Ez dakit nola, beldurrari kontu egin eta bertan segitu nuen, autoko motorra bero.

      Sekula baino luzeago egon ziren bankuan, ia hamar minutuz. Atera zirelarik, herrestan eramaki zuen Salazarrek Biteri, lepotik atxikia. Bertze eskuan plastikozko zorro beltz bat zeukan, nik sosez gainezka nahi eta espero nuena. Haatik, aski muzindurik gelditu ginen hirurok, zorroak gordetzen zuena ikusi eta zenbatu ahal izan genuelarik: bostehun mila pezeta baino pixka bat gutiago.

      Tolosako hura mugarria izan zen. Arrisku handietan ibiliak ginen, nehoizko diru kopururik ttipiena biltzeko. Salazarrek dena ongi joan zela adierazi bazidan ere, argi zen gezurretan ari zitzaidala. Biteri ikustea aski. Pixa egitean bere zakilari nekez atxikitzen zionak nola atxikiko zion, ba, pistola bati. Seguru nintzen arazoak izan zituztela, doi ihes egin zutela.

      Zer zela eta nintzen hain seguru? Alde egitean, Tolosako udaltzainen autoa ikusi nuen atzerako ispiluan. Langileren batek alarma jo eta agertuko ziren, zorionez guretako, berant. Jakina, hori nire hipotesia da. Benetan zer gertatu zen zekitenek —ez batak, ezta bertzeak ere— ez zidaten fitsik kontatu, eta nik galderarik ez egitea nahiago izan nuen.

      Bertze kontu batengatik ere izan zen Tolosakoa mugarria. Ordura arteko ohiturari muzin eginik, gu hiruron artean banatu genuen lapurretaren emaitza, presoez ahantzirik. Harritu ninduen, baina sosak gorde nituen. Aurreztera deliberaturik nintzen, eta pezeta haiek ongi helduak izanen ziren, nire kapital oraino urria handitzeko.

      Egia erran, Biteriren egoerak eta Salazarren zuhurtzia faltak ikaraturik nintzen. Neure burua atxilotua ikusten nuen, torturatua, eta lotan amets gaiztoek itotzen ninduten. Kolpean iratzartzen nintzen orduan, izutua, izerdi lapetan. Lagunengandik bereizi behar nuen, gibelean utzi eta bertze bizimolde bati lotu, bertze nonbait menturaz, urrun. Horretarako sosak behar nituen, baina hori bigarren mailako kontua iduritzen zitzaidan orduan, Salazarren eta Biterirengandik libratzeko beharrarekin alderaturik.

      Egunak eman nituen hausnarrean. Noizbait, Kororekin solastatzea bururatu zitzaidan. Ongi konpontzen ginen. Salazarrekin koleratzen zelarik, nigana hurbiltzen zen, laguntzaren bila. Anitz kasaila izaten zuten, bereziki Koro haurdun gelditu zenetik. Mikel ona da, agertzen zidan, oso ona, baina drogak galbidetik darama. Hainbertzerako ez zela erraten nion nik, Salazar ez zela Biteri, nik ere drogak hartzen nituela. Ez da gauza bera, Joxe. Zu serioagoa zara.

      Bai, serioagoa nintzen, drogak utzi nahi nituen. Egiten ahal nuen hoberena zen, haren ustez, nire lagunek ere egin behar luketena, batez ere bere Mikelek, laster aita bilakatuko zena. Aitatasunak bertze jokamolde bat derrigortzen zuen, Kororen ustez, ardura pixka bat. Nire erabakia traizioa izanen ote zen haiendako, egin nion galde, hori baitzen gehien kezkatzen ninduena. Baliteke, arrapostu zidan, baina egin beharrekoa berdin egin behar duzu. Berriz ere akort izan ginen.

      Salazar sukaldean bakarrik harrapatu nuen batean, eman nion egitera joaki nintzenaren berri. Isilik aditu zuen, niri beha.

      Ondo pentsatu duk, argi zagok. Pena duk, baina erabakia hirea baino ez duk. Hik ikusi behar duk.

      Txoferrik gabe, bankuak lapurtu ezinik, gasolindegi, denda eta ostatuetan aritu ziren, betiko salbatuko gintuen ideia distiratsuaren esperoan zirelarik.

      Zain izan gabe, mugitzeko tenorea nuela iritzita, etxez aldatu nintzen, lehenik eta behin. Amaratik Egiara joan nintzen, Ametzagaina karrikara, ikasle etxe batera. Ni baino gazteagoak ziren, baina aise laketu nintzen han. Auzoz aldatu arren, Biteri eta Salazar ikusten segitu nuen, Alde Zaharreko ostatuetan gehienetan.

      Sekula baino bereizezinagoak ziren, nire alde egiteak bien harremana bizkortu izan balu bezala. Ordurako aita zen Salazar. Oihane izena paratu zioten alabaρoa besoetan zuela idurikatzen nuen Koro, bakarrik, beti bezala berandutzen ari zen gizonaren zain.

      Lapurretak betiko utziak nituela sinetsirik, sosak bertze nonbaitetik ateratzera beharturik nintzen. Zorionekoa izan nintzen orduan ere: Trumoian nengoen batean, Rafa hango nagusiarekin solasean, bertan lan egiteko norbait behar zuela aipatu zidan. Neure burua eskaini nuen, behin eta oso aspaldi baizik ez nuela ostatu batean lanik egin argi uztearekin batean. Ikasiko duk, neuk erakutsiko diat. Biharamunean hasi nintzen.

      Konstituzio enparantzako ostatu hura talaia ederra zen, karrikan pasatzen zenari behatzeko. Arkupetan haxix saltzaileak egoten ziren, eta egarri zirelarik edo polizia inguruetan susmatzen zutelarik, gurean edo Kazkabarran bilatzen zuten babesa. Denak ezagutzen nituen. Poliziak ere bai, hainbertze aldiz plazan ikusirik. Uniformerik gabe ere sumatzen zitzaien. Pistola nabaritzen zitzaien, Rafaren ustez. Aski ahoberoa zen, baina lagun ona, eta denbora-pasa ezin hobea haren kalaka. Anitz irakatsi zidan, ostatugintzaz nahiz bertze zenbait kontuz.

      Biteri eta Salazar maiz agertzen ziren Trumoiara, ia egunero. Jonki zailduak ziren ordurako, zer sartu atzeman arte atsedenik ez zutenetarik. Halakoetan eneagarriak izaten ahal ziren, jasateko gaitzak. Gehienetan, aldiz, umoretsu egoten ziren, trenpu onean. Adarra jotzen zidaten, guk hirurok baizik ezin konprenituzko solas molde batez. Betiko ametsa berritzen zidaten noizbehinka, lapurreta handia eta akasgabea, laster eginen genuena.

      Jonki kontuak ziren niretako, fildarkeria, ostatura agertzen ziren bertze jonki batzuen gisakoak. Leloa ongi ezagutzen nuen: hauxe eginen dugu, bertzea eginen dugu. Kaka zaharra, ez baitzuten fitsik eginen.

      Korok ere bisita egiten zidan batzuetan. Banekien zertarako heldu zen, noren bila. Eskua altxa eta agurtu egiten nuen nire zokotik, hurbiltzera gonbidatzen. Batzuetan kasu egiten zidan, eta barraraino hurbiltzen zen. Oihane ttipiaz galde egiten nion, eta begi izugarri haiek piztu eta ostatu osoa argitzen zuten. Mikel Salazar aipatzean, ilundu egiten zitzaion begitartea. Ikusi duzu? Baietz nik, ostatuan egon zela. Biterirekin al zebilen? Baietz, berriz ere. Bazekien Salazarren bihotzaz jabetzeko borroka dorpean galtzailea bera zela. Baina irabazlea?

      Irabazlea Biteri izaten ahal zen, noski, baita heroina ere. Nornahi edo zernahi zelarik, herioaren ordaina haren mutila zen, baitezpada. Bitxi da, sasoi hartan ez nukeen nehoiz pentsatuko Salazar Biteri baino lehenago hilko zenik. Hala izan zen, haatik. Erraten ahal da Biteri berrogei urtez izan dela hil-hurren, bere agonia anitzen bizitza baino luzeagoa izaten ari dela. Iturrin beha gelditzen natzaio zenbaitetan, eta zeinahi momentutan erortzen ahal dela iduritzen zait, zeinahi momentutan hil. Erkin eginik ikusten dut, mendre. Zalantzarik gabe, errukiak egin zidan traizio, lanerako hartu nuelarik. Erruki malapartatuak.

      Ez da langile txarra, baina ordaintzen diodanaren truke, gazte segail indartsu bat izaten ahal nuen, zonbi zahar horren ordez, horixe baita Biteri, finean. Emaztekiekin arrakasta harrigarria duen zonbi bat, hori aitortu behar zaio. Barra bukatzen den zoko horretan maiz paratzen den emazteki gaztearekin, konparazione baterako, Biterik eta Gloriak filosofoa deitzen duten horrekin. Argia omen da, oso ikasia, eta, hala ere, Biteri bezalako bati egiten dio kasu, bere adin bertsuko norbaiti egin beharrean. Zerk erakartzen du harengana?

      Oi Jose, ze gaizki ezagutzen gaituzun, erraten dit Gloriak, nire harridura ikusirik. Emaztekiak konprenitu nahian eman dut bizitza alferrik. Pui, Gloria bera, oraino ere misterioak dira niretako. Ann da ustez konprenitzen dudan, baita konprenitzen nauen bakarra, salbuespena. Eta, hala ere, berehala utziko nuke, hogeitaka urte eta gero, Gloriak galdatuko balit.

      Gloria ere emazteki berezia da, bereziena, nire ustez. Horregatik konpontzen da hain ongi Biterirekin, horregatik kontatzen dizkio niri sekula kontatuko ez lizkidakeenak, nahiz eta elkarrekin ez joan ohatzera. Txortan egindakoan, burua nire bularrean pausatu eta bere amets eta aiherren berri eman beharko lidake. Bai zera! Biteriri izan ezik, bertze nehori ez dio Gloriak urririk deus ematen. Ordaindu egin behar da. Batez ere, bere gorputz oraino zirraragarria ukitu nahi izanez gero. Naturaren mirari hori ferekatzea, horri larrua jotzea, hozka egitea ez baita nornahiren esku. Jainkosa bat da, eta halakoek jainkoren bat nahi izaten dute, Midas bat. Nik badut aski sosa haren denbora pixka baten erosteko, alaba Madrildik bisitan heltzen ez zaion asteburu batzuetan. Gure harremanean bera da nagusia, bere enbeiaren arabera mugitzen da. Berak agintzen du beti. Hala da Gloriarekin, berak paratutako arauei segika ibili edo fini. Behin ere ez du deus behar izan, ezagun du. Deus ez, batez ere gizonik. Nahi baino gehiago ere izan ditu, bi moldetakoak: aberatsak eta arrunt aberatsak. Bi taldetakoak ibili gatzaizkio eroturik gibeletik. Gloriak goitik behatzen du, baita bera baino garaiagoak direnei ere. Goitik behatu eta gu denok ttipi-ttipi ikusi, xinaurrien pare. Eta, nahi izanez gero, gu ere, bere miresleak, bere manupekoak, bere petzero eta jopuak, xinaurriak bezalaxe zanpatzen ahal gaitu. Orpo luze meharreko txarolezko zapata gorriez edo larru beltzezko bota luzeez, nahi gisara, makina bat zapata pare baitu, zernahi parada eta eguralditarako. Denetarik du eta izan du, behar baino gehiago. Hala eta guztiz ere, gehiago nahi du, aseezin. Sexurako izan ezik, horretan berehala asetzen baita.

      Maitale deusgabea naiz, menturaz. Ez Pui, ez Ann ere ez zaizkit nehoiz kexatu, baina baliteke hala izatea. Nolanahi ere, harrituko ninduke Gloria ni bezain maitale emana sekula izateak. Ohatze batera eramatea erreusitu nuen lehendabiziko aldiaz oroitzen naiz. Ainhoako Ithurria hoteleko ohatze batera eraman nuen, beheko jatetxean ausarki afaldu eta gero. Ithurria leku zoragarri batean da, eta hura miretsi genuen hoteleko ganberarik handieneko zurezko balkoi gorritik, maletak hustu baino lehen. Ostirala zen, asteburu osoa genuen aitzin, hortaz, eta nik ezin sinetsi egun hura, hondarrean, ailegatua zenik. Besoa luzatzen ahal nuen eta Gloria ukitu. Ukitzera entseatu nintzen, egia erran, nehongo arrakastarik gabe. Aiher zitzaion nehork bera ukitzeari. Afariko ardoari eta afari ondoko whiskiari esker, gauean aiseago izan zitzaidan. Musukatzera utzi ninduen, biluztera eta ohe zabalaren gainean paratzera. Han gur egin nion, han urtu nintzen harenganako grinaz eta mirespenaz, han izan nintzen sekula baino gehiago bere jopu itsuki leiala. Hari beha, noizbait berak ere nire beharra izatea deliberatu nuen. Berak nigan sorturikoa sorrarazi nahi nion. Mendekua nahi nuen. Edo egindako inbestimenduaren etekina, menturaz. Krokodilo larruzko zapata berdeak eta bularretako eta tanga beltzak erantzi gabe, zangoetan goiti hasi natzaio musuka eta milika. Tanga hortzez kendu diot. Ondotik luzaz aritu natzaio, nekatu gabe, mingaina haren sabelpeko ilunean. Maite dut Gloriaren alua, haren inguruko ile urdina. Maite dut hura nire tuaz bustitzea. Gloriak ere maite du egin diezaiodan, bistan da. Horregatik aritu nintzaion gisa horretara, ez zela aski, gehiago nahi eta behar zuela ohartu nintzen arte. Orduan goiti segitu nuen, zilborretik iraganik, bularretako parpailadun dotoreraino eta, hura libratutakoan, titiburuak jan nizkion, leunki baina fermuki. Hoberena izan nahi nuen, sexuaren atleta bat, bainugelan, Gloriaren gordean, hartutako Viagraren laguntzaz. Liluratu nahi nuen nire gazte trenpuaz, bere droga bilakatu nahi nuen. Mingainaz belarri-gingiletan ibilki nintzaiolarik, nire eskuinaren erdiko hatza pinportan ibilki zitzaion. Hala, torra eta torra, musuka eta fereka, ailegarazi nuen noizbait orgasmora. Etorriko ziren bertze biren aitzindaria. Esker oneko izanen nuela pentsatu nuen, zordun izanen nuela. Gizajoa, masailean patto arin bat egin, eta bizkarra erakutsi zidan.

      Eskerrik asko.

      Horixe erran zidan, ate bat ireki eta pasatzera utzi izan banu bezala. Hori bertzerik ez, eta lo gelditu zen, ohatzean bakarrik egonen balitz bezala. Eta arras umiliaturik nerorri, zakila potolo eta tente, zer egin jakin gabe. Hamaika aldiz madarikatu nuen. Eta opa nion makurrena: minbizi dorpea, Alzheimerrik erabatekoena... Hamaika aldiz egin nuen kaka bere enda endekatuaren gainean. Baita neure enda berdin endekatuaren gainean ere, ergel hutsa izan behar baitu batek, ni nintzen bezala izateko. Penagarri, irrigarri, errukigarri, halaxe nintzen. Burua sutan eta zakila ere bai. Gloriaren ipurdi loriatsuaren kontra neukalarik, haren taupada erotua aditzen nuen. Pixkanaka, zakil menderakaitzaz hasi nintzen naturaren artelan hobeezin hura torratzen.

      Ordurako pisua zen emaztekiaren hatsa. Haren arabera mugitzen nintzen. Memento batez hats hartzeari uzten ziolarik, gelditu egiten nintzen, esperoan, adi. Hatsa berriz astuntzen zitzaiolarik, ordea, lotzen nintzaion lehenago hasitako dantzari. Ari eta ari, gerri-aldakak inarrosten nituen, gero eta biziago. Goiti eta beheiti ari nintzen, burdina gorizko haga bat iduri zuen hura ondo-ondoan nuen emaztekiaren zulo bakoitzean sartzen nuela amets.

      Luzaz aritu nintzen, harik eta trakets, barraka, odol zuria isurarazi nion arte. Gozoa izan ordez, mikatza izan zen niretako. Mikatza, baina libratzailea.