Hitzontziak
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
Azaleko argazkia: Idoia Unzurrunzaga
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hitzontziak
2017, nobela
400 orrialde
978-84-17051-09-9
aurkibidea
 

 

8

 

Ezezkoa hartu dut Gloria etxera gonbidatu dudan aldiro. Ann kanpoan, Amerikan zegoelarik gonbidatu izan dut. Ezezkoaren arrazoiaz galdetutakoan, Hendaiari dion ezinikusia aipatu dit. Aitzakia hutsa, zinezko arrazoia bertze bat baita, nire idurikoz: tarte bat utzi nahi du bion artean, segurtasunerako tartea. Bere gisa ibiltzea maite du, nik maite dudan bezala. Horretan berdinak gara. Gloria ni baino mesfidatiagoa da, ordea. Badu nik ments dudan barne diziplina bat, eta horri esker kapable da pentsatuta duen bidetik milimetro batto ere ez urruntzeko, zuzenki segitzeko. Iduriz hotz, erabakigarri, zirt-zart laxatzen ditu traba egiten dizkioten korapiloak. Horretarako duen abilezia miresgarria da. Hark bezain aise jokatu nahi nuke, bidera agertzen zaizkidan trabei ihes egiteko tenorean. Lenin atzerakoi bat da, nolabait; bere xedea guztiz argi duen norbait.

      Horregatik liluratu ote nau hainbertze?

      Menturaz, gaztaro iraultzaile batek edota haurtzaro kristau batek nigan utzitako marka da. Ezinezkotako dudan perfekzio baten nahiak sortutako fantasia irrigarria beharbada.

      Hala ere, argi dut niretzat Gloria eredua dela. Harengandik ikasteko anitz dut, gaztetan, konparazione baterako, Luis Arraizarengandik Iruñean izan nuen gisa berean. Jeneralean, emaztekiengandik beti izaten da zer ikasi: Puigandik ikasi nuen, Annegandik ere bai, eta, nola ez, Gloriagandik ari naiz ikasten. Diziplina falta izan dudan arren, jakin-min gaitza izan dut beti. Seminarioan banuen, eta halaber Iruñeko karriketan lehendabizi eta Gasteizkoetan gero. Dena jakin nahi nuen. Nola bilakatu santu hasieran, nola bilakatu iraultzaile ondotik, eta, hondarrean, afera-gizon. Horra nire bilakaera, mutur batetik bertzera. Saindutasunetik bekaturik makurrenetara. Kapitalismoa gorrotatzetik kapitalista osoa izatera. Porrotez porrot, irabazle bilakatu arte. Iruñea, Gasteiz, Donostia, Paris, eta berriz Donostia, horra nire ibilaldia.

      Gasteiza ailegatu nintzelarik, partiduak zelula bakarra zuen, lau lagunek osatua: hiru ikasle eta langile bakar bat. Laurak saiatuak ziren, baina haien maila politikoa aski apala zen. Hura altxatzera lagundu behar nuen, partidua haztera laguntzeaz gain, horixe nire betebeharrik lehenbizikoena. Zaila zen. Eskuorriren bat argitaratu nahi izanez gero, Bilbora edo Iruñera igorri behar genuen, hangoek inprima zezaten. Bertzerik ezean, bilkurak ni bizi nintzen etxean egin behar genituen, arriskutsua zela denok bagenekien ere. Genuen pixarrarekin moldatu behar eta bazen lan franko. Fronte guztiak zaintzekoak ziren, langile eta ikasleenak bereziki. Bakoitzari zegokion politika konkretua eman behar zitzaion, eta horrek hurbileko azterketak derrigortzen zituen, solasaldi luzeak. Ikasleekin aski erraza zen, zailagoa langileekin. Teoriak baino gehiago, ekintzarako bideak bilatzen zituzten. Gasteizen sasoi hartan bazen non hauta, Iruñean bezainbertze, gutienik. Baziren molde guztietako txinatar, abertzale, komunista ortodoxo eta antikapitalista, baita gure internazional bereko bertze partidukoak ere, gu baino gehiago, gainera. Beti bezala, partidu anitz eta, hala ere, ekintzaile urri.

      Gure langileak, Landa goitizenez, orduko Gasteizko lantegi nagusienetarik batean lan egiten zuen, Mevosan, eta gainerako partiduetako militanteekin lehiatu behar zuen. Hurbiletik zaintzen nuen, hango langile mugimenduarekin genuen ia lotura bakarra izaki. Ni baino zaharragoa zen Landa, eta ezkondurik zegoen. Abertzaleekin ibili zen, soldaduskako lagun baten bitartez, Trotski eta troskismoarekin topo egin zuen arte. Horregatik eta Mevosan urteetan egindako lanarengatik, gure militante ezagunena zen, baliosena. Poliziarendako ere bai. Hori zela-eta, kasu emanez ibiltzen ginen harekin biltzeko, segurtasun neurri zorrotzak hartuz. Hark ere horixe egiten zuen: hamaika itzuli-mitzuli akordatutako lekura agertu aitzin. Solas gutikoa zen, baina nekagaitza lanean. Egiazko boltxebike bat. Zaramaga edo Adurtza aldeko ostaturen batean, telebistaren soinuak eta bezeroen asots eta keak babesturik, egin beharrekoaz solasean ari ginelarik, hari behatu eta aise idurikatzen ahal nuen sobietar koadro batean, Lenin langilez inguraturik agertzen den horietarik batean.

      Mevosako langileen galdeak zehazteko tenorea zen, eta maiz biltzen ginen, orduko bazter-auzoetara beti. Tirabira gogorrak gertatzen ari ziren enpresako isilpeko komitearen barnean, eta iraultzaileok jarrera argia izan behar genuen han, langileen berehalako beharrak ahantzi gabe, haien interes estrategikoak ere kontuan hartuko lituzkeena. Biak molde dialektikoan uztartu behar ziren. Lan nekeza zen: komiteko kide gehienek bazter egiten zioten halakoak aditzeari. Alferrikakoak omen ziren, errealitatetik kanpokoak, muturreko ezkertiar zenbaiten kalaka hutsa. Bazterretako ostatu haietatik ere aditzen ahal nituen: troskokeriak, badakizue. Haiek, ordea, herriarekin ziren, egiazkoarekin, errealitatean ongi erroturik. Prediku hori ezagutzen nuen, Iruñetik, hango txinatarrei aditua. Gu bertze planeta batekoak ginen, iduriz, ikasleak edo. Haiek, ordea, herria bera ziren. Irrigarria.

      Hala zen ordurako Areition lan egiten zuen Puirendako ere. Sektarioak, horixe baizik ez dira, haserretzen zen, antzeko kontuak aditu behar izan baitzituen berak ere Areitioko komite sortu berrian. Ariznabarran bizi ginen, eta afaldu bitartean kontatzen zizkidan halakoak, dutxatu ondotik, patata tortilla jan bitartean. Mevosan baino gibeleratuagoak ibilki ziren komitea sortzen, baina Pui kontent zen, jeneralean, egindako lanarekin. Bizpahiru sinpatizante zituen eta noizbait lantegiko zelula izatearekin egiten zuen amets, baita greba bat antolatzearekin ere.

      Sasoi hartan baldintza objektiboak gure kontra zeuden. Akort. Baina aitzina egiteko pentsatu beharra zen. Hala ere, mugimendua trabatzen edo zailtzen duen pentsamendua, benetako pentsamendua ote da? Ezezkoan ginen, batez ere Pui. Pentsamendu molde hori zen nagusi, zorigaitzez, bere lantegiko komitean. Antikapitalista guti batzuk izan ezik, uste horretakoak ziren gainerakoak. Gogorra zen gehiengotik urrun egotea, bozketetan galtzaile gertatzea, baina onuragarria ere bazen, errebisionismotik eta bertze hainbat gaitzen arriskutik urrun mantentzen gintuen heinean. Gure garbitasun iraultzailearen bermea zen heinean. Gutiago izateak gure bidearen zuzentasuna segurtatzen zuen. Mendearen hastapenean, boltxebikeek gutiengoa osatzen zuten Errusiako partidu sozialdemokratan, eta mentxebikeek, aldiz, gehiengoa. Guti haien zuzentasuna begi-bistan zegoen, hortaz. Edo orain erraten den gisara: gutiago gehiago zen. Sinesmen hori arrunt lagungarri zitzaigun. Argitasunaren esperantza ematen zigun, noizbait behin betiko garaileak izanen ginelako segurantza, segur baikinen guk uste bezala pasatuko zela, sozialismoa nahitaezkoa zela, saihetsezina. Historiaren legea zen, gisa batez zein bertzez, tragedia edo komedia moldean, salbuespenik gabe betetzen zena, grabitatearen legea bezain zorrozki.

      Hori sinesten genuen, eta beharrik, hori sinetsi gabe jasanezin zitzaigukeen orduko bizimoldea: aldiroko beldurra eta horren ondorio zuzena genuen segurantzarekiko obsesioa, jai-egunik gabeko lan-asteak, familiaren eta lagunen falta... Gogorra zen. Baina maitasunak laguntzen gintuen. Iraultzari eta elkarri genion maitasunak. Bakar bat osatzen zuten bi maitasun ziren. Bi bizitza. Bi isuri, erreka bakarrean bat eginik. Osotasun biribil bat. Elkarrekin bizi eta elkarrekin borrokatzen ginen. Ederra, alafede. Ederra bezain nekagarria. Batez ere, Puirendako.

      Areition ematen zituen zortzi orenez gain, handik irten eta bilkura luzeak izaten zituen, eta, nahi baino gehiagotan, arrunt aspergarriak. Hori zela eta, etxeratu eta hortzak garbitzeko doi-doia zeukan indarra, ohatzera aitzin. Errabiagarria zen. Egun osoz intimitate aldi horren esperoan eman eta gero, zakila tente Puiren bizkarraren kontra eta haren hats pausatua belarrietan nuelarik, zaila zitzaidan amore eman eta bertzerik gabe bakean lo egiten uztea

      Nik ere bilkurak izaten nituen. Baita Gasteiztik kanpo ere. Zelulakideekin, sinpatizanteekin, gure partiduaren zuzendaritzakoekin nahiz Gasteizko ezkerreko bertze partidu eta sindikatuekin. Beti egoten zen zer kontatu, zer eztabaidatu, zer ebatzi. Gure arteko diferentzia txar-txarrek ere eztabaida sutsuak ekartzen zituzten. Ñabardurak garrantzitsuak ziren. Dena argitu behar zen. Iduriz ttipikeria zena ere erabakigarria izaten ahal zen. Marxek, Leninek edo Trotskik erranikoa munta handikoa zen, eta serioski hartu behar zen. Egia erran, dena hartzen genuen serioski, gauza irrigarriak ere. Hala, larrua jotzen genuelarik, gisa horretan jotzen genuen, hura ere ekintza politiko bete-betea zelakoan. Wilhelm Reich ere gure irakurgaien artean zen, eta, bigarren mailako pentsalaritako izanagatik, gugan bazuen arrastoa. Larru kontuak seriosak ziren, gero. Horregatik igandeetan, goizean egiten ziren bilkuretatik ateratakoan, etxera elkartzen ginen bazkaltzeko, eta bazkalondoan ohatzera joaten ginen eta biharamuna arte hantxe, txortan eta lo, aldika. Prest ginen bertze aste gogor baterako.

      Eta asteak hala heldu zitzaizkigun, gero eta gogorragoak, 1975 urtea hasi zenetik. Pare bat urte lehenago sortutako krisi ekonomikoak lazki jo zuen langileria. Nagusiek jornalak hormatu zituzten. Bitartean, jatekoen zein beharrezko beste hainbat gauzaren salneurriak etengabe hazi ziren. Familia anitzen egoera larria zen. Lantegietan, auzoetan, horretaz mintzatzen zen. Etsipen hori errabia bilakarazi nahi genuen, mende hastapeneko Errusian bezala; baldintza objektiboak gure alde paratzen ari ziren. Profitatu beharra zen.

      Lantegi batzuetan galde zerrendak osatzen ari ziren. Zorigaitzez, gu Mevosakoan baizik ez genuen zerbait egiterik, Areition ez baitzegoen artean halakorik. Horretan entseatu ginen. Zelulan luzaz aztertu genuen enpresaren egoera, langileena, baita hango partidu eta sindikatuena ere. Bakoitzaren estrategia asmatu nahi izan genuen, gurea eraginkorragoa egiteko. Zerrendan sartu nahi genituen galdeak zehaztu genituen. Erregimenaren sindikatua baztertzea eta langileek hautatu komite bat bultzatu behar zen, baita langile guztiendako jornal igoera berdina eta ez proportzionala ere. Bi helburu horiek nahitaezko iduritzen zitzaizkigun, galda zitekeen gutienekoa. Eskakizun justuak izateaz gain, langileen kontzientzia altxatzeko pentsaturikoak ziren. Auto-antolaketaren eta berdintasunaren bultzatzeko. Mevosako komiteak arazorik gabe onartu zuen gure proposamena.

      Kontrario arrunt zailak genituen, ia meneragaitzak, nehoiz amore ematekotan, nekez emanen luketenak. Asegaitzak ziren, eta erregimenaren baldintzarik gabeko laguntza zuten, beti izan zuten bezala. Langileek, haatik, deus guti, behar gorria eta beldurra doi. Eta geu ere, ustezko haien abangoardia, esku-hutsik ginen, gure azterketen zuzentasuna arma bakar. Arma hori, zorigaitzez, alferrikakoa zen polizien borrak, pilotak eta balak geldiarazteko, Iruñean Puik eta biok ongi ikasia genuenez.

      Nolanahi ere, bagenuen lan premiazkoagorik. Lehenik eta behin, komitearen galdeak onartu behar zituzten langileek, eta, horretarako, bildu behar zuten. Non? Mevosan ez ba, nehon biltzekotan, kanpoan, elizaren batean edo.

      Eta ez langile guztiak, ezta gehienak ere, borrokalarienok elkartuko bagina, primeran, ohartarazi zigun Landak, gure baikortasunaz mesfidati.

      Iritzi berekoak ziren bere komite-kideak. Hala hasi ziren Gasteiz inguruko mendietara biltzen, igande goizeko mendi buelta aitzakia. Mevosakoez gain, baziren bertze zenbait enpresetako langileak mugitzen hasiak, osatu berria zen Gasteizko langile koordinakundearen bilkuretan ikusi zenez. Forjas Alavesas, konparazione baterako, Mevosa baino aitzinatuagoa zegoen. Sindikatu ofizialaren ordezkari gehienek dimisioa emana zuten ordukoz, langileek onarturikoa defenditzeari uko egin eta gero. Emeki bazen ere, gauzak aldatzen ari ziren. Sobera emeki, gure ustetan, Forjasen, hilaren bederatzigarren egunean, greba hasi arte bederen.

      Kontua abenduaren hondarretik heldu zen, langileak lan-hitzarmenaz mintzatzera betiko salara hurbildu eta sarrera galarazi zitzaienetik. Nagusiak laugarren lan-aldia inposatu nahi zien, eta langileek ezetz. Sindikatu ofizialekoak konforme ziren nagusiaren hautuarekin, bistan da, eta horregatik langileek baztertu eta haien partez komitekoak paratu zituzten. Greba hala hasi zen. Hastapeneko bi egunetan, lantegi barruan egon ziren grebalariak, baina hirugarrenean, hango ateak hetsiak ziren. Hortik aitzina, mantso joaki zenak alimaleko abaila hartu zuen. Hainbertze, non, batzuetan, sobera zalu ez ote gindoazen pentsatzera ere ailegatu bainintzen. Forjaseko langileei gureak, Mevosakoak gehitu zitzaizkien, eta haiei Aranzabalekoak, Gabilondokoak... Enpresa guztietan berdintsu jokatzen zuten nagusiek: grebaren hirugarren egunean, lantegia hetsita. Eta haiek egiten ez bazuten, Gobierno Civilaren manuz hesten ziren. Horrek langileei arazo bat ekarki zien, komitekoek ordurako ongi ezagutzen zutena: nora bildu? Elizetara, horra arrapostua. Enpresa bakoitzak berea zuen. Hara egunero elkartu eta ordezkariek eman informazioaz aritzen ziren. Egoten zen beti zer solastatu, zela enpresa bakoitzaren lan-hitzarmenaz, zela bertze enpresetan egiten ari zenaz. Grebari lotzen zitzaion bertze enpresa baten izena iragartzen zelarik, langileen esku-zartek gangaraino betetzen zuten eliza, eta haien oihartzuna urrunera ailegatuko zela iduri zuen, hiriko bertze lantegietara, eta haratago ere. Areitioraino ailegatu zen, bederen.

      Pui nehoiz baino nekatuago eta nehoiz baino kontentago etxeratzen zen egun haietan. Hainbertze egiteko zen. Komitearen bilkurak egunerokoak ziren, kalapitatsuak zenbaitetan. Denak grebaren aldekoak izanda ere, nola eta noiz zehaztean hasten ziren kasailak. Gehienok andreak gara, zioten, eta badakigu zer gertatzen den etxean, senarrarekin.

      Emaztekiak eta gizonak beharko ziren, greba egiteko lehendabizi, eta grebatik garaile ateratzeko gero. Puik ere bazekien horrenbertze. Batez ere, Forjaseko hogei langile karrikan betiko utzi ondotik. Salbuespenik gabe, komitekoak eta komitekoen ingurukoak ziren karrikaratuak. Horietarik batzuk agertu ziren Mevosakoen bilkuran, gertatu zitzaienaren berri ematera. Bertze zenbait enpresaren ordezkariak ere agertu ziren: Aranzabalekoak, Gabilondokoak. Giro horretan egin zen Areitioko langileen bilkura, eta, beti bezala, grebaren alde sutsuki solastatu zen Puiren pozerako, anitzez gehiago izan ziren grebaren alde altxatutako besoak kontra altxaturikoak baino. Greba bat baino gehiago da, harrotzen zen Pui, emaztekien greba bat da, egiten ari diren lehen-lehena.

      Greba zerbait berria zen, Areitiokoendako ez ezik, haien gibeletik etorri Cablenor, Orbegozo eta UGOkoendako ere. San Francisco elizan hasi ziren grebalari guztien bilkurak egiten. Igande goizetan baino beteagoa egoten zen astegun buruzuri haietan. Pui, Landa bezala, maiz mintzo zen. Haren solasek bildurikoen txaloak hartzen zituzten, eta ezagun bilakatu zen agudo. Hain egoki hitz egiten zuen Areitioko ttipi hori zen Zaramagako eliza hartan elkartzen zirenendako, Etxabe, Naves edo gure Landa eta gainerako ordezkarien arteko emazteki ia bakarra. Partiduan kontent ginen eta harro, oso guti izanik, klase borrokan hain eragin polita izaten ahal genuela ikusirik. Gasteizko sobietaren boltxebikeak ginen.

      Pozarekin kezka nahasten zen gure baitan. Pui ezagun bilakatu zen, bai, baita poliziendako ere. Landa zela-eta, gure zelula biltzeko arazoak bazituen, handitu egin ziren Puiren kolpeko famaren ondorioz. Nehoiz baino beharrezkoago zitzaigun tenorean. Landa eta bertze anitz bezala, polizia segika zuela ohartu, eta horrek neurri mingarri zenbait hartzera eraman gintuen. Hasteko, etxez aldatu behar izan zuen. Gurean gordetzen ziren partiduaren materialak, eta, gainera, nirekin bizitzen segitzea sobera arriskutsua zen guztiendako. Lankideen etxeetan lo egiten zuen, eta hara eta hona, zenbait itzuli-mitzuli egin behar izaten genuen elkar ikusteko. Gibelera eta aitzinera egiten genuen karriketan barna ilunabarrean, espaloiz ginen aldatzen kolpean, eta bi sarrera zituzten ostatuak bilatzen genituen, batetik sartu eta bertzetik irteteko, edo, zapatako lokarria lotzeko iduriz gelditu, makurtu eta gibelera kirik egiteko profitatzen genuen, edo dendetako kristaletan behatzen, norbait segika ote genuen. Eta hondarrean elkartzen ginelarik, zalu ibiltzen ginen, erran beharrekoa lehenbailehen erratera entseatuz, bereizteko laster. Gainerako solasak soberan. Gure kontu ttipiek bertze noizbait beharko zuten. Tinko kontzeko tenorea genuen.

      Gasteizko langileen oldarra harrigarria bezain beldurgarria zitzaien enpresariei. Poliziaz gain, komunikabideak grebalarien kontra ari ziren behin eta berriz. Greba politikoa omen zen, komunistak eta separatistak zituen gibelean, deabrua bera. Hori dena guti iduritu nagusiei, nonbait, eta gure armez ere egin zigun eraso: eskuorriak agertu ziren karriketan, milaka, grebalarien ordezkari nabarmenen gaineko gezurrez beterik.

      Paper urde haietan aipatuetarik bat Pui zen. Bertze ordezkariei iraultzaile profesional eta nazioarteko komunismoaren soldatapeko izatea leporatzen bazieten, arrunt bertze gisakoak ziren emazteki bakarrari leporaturikoak. Haren kontrakoak sexuari lotutako gezur eta irainak ziren, lizunkeria hutsa.

      Aldi berean poliziak langileak kanporatu zituen Industrias Galycasetik, eta, lantegiaren ateetan kamioien bidea trabatzera ahalegintzen ari ziren grebalarien kontra egin zuen Orbegozon. Horren ondorioz, greban ziren enpresetan pikete bana paratzea deliberatu zen, baita erresistentzia-kutxa bat sortzea ere. San Franciscon egindako bigarren bilkura orokor jendetsuan, gainera, greba Gasteiz osora hedatzeko deia egin zen. Hasia zen langileriaren kontraerasoa. Aitzina!

      Manifestazioak jendetsuak ziren, ugariak. Horietarik bat Sindicato Verticalaren egoitzara joan zen. Poliziak han zituzten esperoan, eta manifestariak agertu bezain fite oldartu zitzaizkien. Pilotakadaka hartu zituzten, eta jende andanak gibelerantz egiten zuela ikusitakoan, larruzko borrak ezker-eskuin dantzatu, eta aski aise zulatu zuten esku-hutsik ailegatutako manifestarien pareta. Errukirik gabe aritu ziren.

      Batzuetan molde teorikoan aipatutako auto-defentsaren afera premiatsu bilakatu zitzaigun goizetik gauera. Gure burua behar genuen defendatu.

      Hain argi ikusten genuen hori dudazkoa zen bertze batzuendako. Komiteetan kasaila gaiztoak izan genituen. Batez ere Espainiako komunistekin, Carrillozaleekin, haiek molde baketsuan egin nahi baitzuten dena, edo orduan ezagutu nuen Mikel Salazarren hitzetan emateko: apaizen moduan. Apaiz aluen moduan.

      Antikapitalista zen Mikel, eta akort izaten ginen bilkura haietan. Sasi komunisten eta gure ustez haiekin maizegi akort ziren txinatarren kontra. Autodefentsaz gain baziren bertze kontu batzuk banatzen gintuztenak. Egun batzuk lehenago, otsailaren hiruan, porrot egindako greba orokorraz azterketa ezberdina egiten genuen. Funtsean, sobera zalu ibilki ginen batzuendako eta sobera mantso bertze batzuendako. Betikoa.

      Gure kasailak eta dudak luze gabe arribatu ziren nagusienganaino. Espero zitekeen. Gu azkarki jotzeko tenorea izan eta horixe egin zuten: hetsirik zeuden lantegiak batera ireki zituzten, grebalariak zatikatzeko gogo argiaz. Horrekin batean, langileen bortz ordezkari sartu zituzten preso. Horien libratzeko galdea ozenki aditzen hasi zen Gasteizko karriketan. Eguneko bilkura orokorraren ondotik multzo osoa Gobierno Civilera abiatu zen manifestazioan, konparazione baterako. Milaka lagun joaki ziren, langileak, haien jendakiak, ikasleak, denetarik. Haraino ailegatu arte lasaiki joan ziren, baina han poliziez osatutako zerrakura tinko pasaezin batek geldiarazi zituen. Gobernadorearekin mintzatu nahi zutela adierazi zieten manifaren aitzinaldean joaki ziren ordezkariek. Poliziaburuak egoteko erran zien, eta gibelera egin zuen. Isiltasun pisu batek bete zuen kolpean karrika.

      Poliziaburua itzuli eta ordezkariei pasatzeko baimena emandakoan, hasperen gisako surmur bat altxatu zen esperoan ziren langileengandik. Zerbait erreusituko dute, menturaz. Norbaitek adituko ditu. Debaldeko esperantza langileena, laster ikusi zenez. Ordezkariak Gobiernotik atera aitzin ere hasi zen tiro soinua aditzen eta kea hedatzen karrikan espero zutenen artean. Eztulka, begiak ia hetsirik eta negarrez, nora joan asmatu ezinik, milaka lagun ari zen ihes egin nahian. Haien beldurra areagotzeko, polizien oldar itsua gertatu zen orduan. Minutu guti batzuen buruan Olagibel karrika hutsik zen berriz, eta hala atzeman zuten langileen ordezkariek, Gobiernotik ateratakoan. Hango nagusia gezurretan aritu zitzaien, bistan zen.

      Eta bertze behin, kasailak errepikatu ziren koordinakundearen bilkuretan, hara biltzen ginenok buruz genekizkienak, betikoak. Gaiztotu egin zirenak greba orokorrerako egindako bigarren entseguak ere porrot egindakoan. Hasieratik greba deitzearen kontrakoek beraiek iragarritakoa oroitarazi ziguten. Gure autokritika nahi zuten, gure damua.

      Apaizen moduan, apaiz aluen moduan!

      Isilik zen Mikel Salazarren pentsamenduak asmatzen ahal nituen. Sasi komunista haiek gu mendekatzeko tartea atzemanik, atxiki eginen zuten, guri lepoa bihurritu arte. Horretan ari ziren, eta guk kontu bakarra aipatzen ahal genuen gure alde: ordezkari presoak karrikan ziren berriz ere, grebari esker.

      Koordinakundean bezain nabarmena zen bereizketa lantegietan ere. Sei asteko greba baten ondotik, langileak nekaturik ziren. Dirurik gabe eta etorkizuna ilun, guztiz etsitzekotan ziren. Giro horretan lotu zitzaizkion Aranzabaleko ordezkariak gose-oporrari. Gelditzen zitzaien hondar arma.

      Pui zen kontent iduri zuen gure arteko bakarra. Emaztekiak ezin hobeki ari ziren, dudarik gabe, beren senarrak eta semeak baino hobekiago: hondar aldian milatik goiti atera ziren Gasteizko karriketara, zorro bana hutsik eta grebalarien aldeko sosez eta puskez betetzeko intentzioz. Elkartasuna haien eskuetan izaten zen maizenik. Auzoetan antolatuak, indar eraginkorra biltzen zuten.

      Judizmendin hitzordua izan genuen ilunabar batez. Denok ginen Gasteizko emaztekiez harro, eta Puiz bereziki. Partidu osoa, Gasteizen eta Gasteiztik kanpo ere bai. Guk idatzitako txosten eta artikuluak Combaten agertu ziren. Guti ginen, baina finak, boltxebike peto-petoak. Greba ahalik eta gehien luzatzea hartu genuen xede, eztabaida anitzen ondotik. Deus guti gehiago egiten ahal genuen. Greba hedatu eta, ahal izanez gero, Euskal Herriko bertze herrietara ere eraman. Batasuna eta elkartasuna beharrezkoak genituen. Xahu ginen bertzela.

      Otsailak hogeita zortzi, manifa gaitza izan zen. Aitzina egin beharra zen eta jendeek bazekiten. Guk ere bai. Manifa pasatu orduko, karrika hegiko autoak erdian paratu eta gure gibelaldea babesten genuen hala. Gure Kepa eta bere ikaskide zenbait arduratzen ziren horretaz, antikapitalista batzuekin batean. Ondoko karriketan ere berdintsu egiten zen, posible zelarik.

      Hor konpon komunisten predikuak, egin beharrekoa egin beharra zen. Molotovak gordeak genituen, baina prest. Horietarik bat bota ahal izaten genuenerako, ordea, poliziak dozenaka pilota eta ke-potoak zituen jadanik guri botariak. Istilu gogorrak izan ziren. Langileek buru egin zioten poliziari eta ordutan aditu zen tiro-zarta. Gogoan dut nola poliziatik ihesi, Penalty izeneko ostatu batean sartu nintzen, eta nola, handik atera nintzelarik, isiltasunak harritu ninduen. Bederatziak ziren doi, baina karrikak hutsik ziren, anitzez berantago balitz bezala. Zalu joaki nintzen, polizia-auto bat pasatu eta geldiaraziko ninduten beldur. Hori gertatuz gero zer egin beharko nukeen pentsatzen nindoan, eta deus guti bururatzen zitzaidan. Beldurgarriena horixe zen. Salbatuko ninduen ideiaren harrapatu ezinik, bazterrik ilunenak bilatzen nituen oharkabean. Etxeratu nintzelarik, nehoiz baino gaitzago iduritu zitzaidan Puik utzitako hutsunea. Bata bertzearen ondotik erre nituen zigarreten keak betetzen ahal ez zuena.

      Gau hartan gaizki egin nuen lo. Ondorengo bi egunak ahantziak ditut. Grebarako karraskan lanean aritu ginela da gogoratzen ahal dudan guztia. Hilabete hasi berriaren hirugarren eguna osorik eta ezin argiago gelditu zait oroimenean, ordea. Argia hastetik. Geroztik berrogeitaka urte pasatu beharrean, egun gutxi batzuk baizik pasatu ez balira bezala.

      Piketeak goizeko seietatik ibilki ziren, Betoñu, Gamarra, Ali eta gainerako industrialdeetan barna. Auzoetan ere piketeak ibilki ziren, emaztekiez osatuak haietarik anitz, dendaz denda eta ostatuz ostatu, eta pixkanaka hesten hasi ziren.

      Dendak hetsita, piketeak elkartu, eta pittaka manifa bat sortu zen, bertze auzoetan, aldi berean, sortzen ari zirenen igualtsua. Hark hiriko erdigune aldera egin eta auzoko karrikak gibelean utzi zituelarik, Adurtza aldera joateko profitatu nuen nik, idatzi behar nuen egunaren kronika gogoan.

      Zezen plazaren ondoko zubitik ikusi nuen, arras txunditurik, Nieves Cano eta Heraclio Fournier karriketatik heldu ziren manifa bien bat egitea. Milaka lagun ziren: langileak, ikasleak... Dena menean hartzen zuen uholde geldiezin bat, erdiguneko karriketara joaki zena. Horixe ikusi nuen nire talaiatik, eta irabaziko genuela pentsatu. Gasteizko sobieta abian zen egiazki. Gobierno Civila izaten ahal zen gure Neguko Jauregia. Han preso zeudenak libratuko genituen, eta, gero, hango bulegoetatik zuzenduko genuen Gasteizko langileen matxinada. Baina gure Neguko Jauregia ongi defendaturik zen.

      San Antonio karrikan ziren poliziak, gure esperoan. Gu baino gutxiago ziren, baina armez lepo. Haiei esker gibelarazi gintuzten. Kolpean kea zen nonahi, begiak itsutu eta birikak pozoitzen zizkigun ke zurixka trinkoa. Hazgaleak negar eginarazten eta hatsa trabatzen zigun. Gibelera egin behar genuen, berriz biltzeko eta berriz aitzina egiteko. Belen elizan egindako bilkura eta gero, Reyes Catolicos karrika zabalean barna bertze manifa handia ailegatu zen, eta, harekin elkartu behar genuelakoan, Avenida del Generalisimo aldera egin genuen, ahal bezala.

      Eguerdia zen. Han harrapatu genuenak ttipi uzten zuen San Antonion utzi berri genuena. Ke-potoak eta gomazko balak jendearen harriekin gurutzatzen ziren airean. Gerla gori-gori zen, bere makurrenean. Orduan aditu nituen lehendabizikoz, ordura arte filmetan adituak nituen metraileta baten tiro parrastak. Barrikadak sortu ziren Avenidan bertan eta ondoko karriketan, maiz sutan ziren barrikadak. Suhiltzaileak agertu ziren, baina haiek ere ezin deus egin, sugarretarainoko bideak hetsiak zituztelarik. Tiro asotsa, anbulantzien eta suhiltzaileen sirenak, oihuak, burrunba sorgorgarria zen. Eta hondarrean, orenetan borrokatu eta gero, denok nekatu edota goseturik ginelarik, gerla pausatu zelarik, ikuskizuna izugarria izan zen: autoak mukuruturik eta batzuei ke beltza zeriela, kale-argiak eta semaforoak lurrean, enborrak, bidoiak, zirrikak, metalezko hagak... Nahas-mahasa.

      Arratsaldean, bortzetan, bilkura egin behar zen San Francisco elizan. Oren erdi bat lehenago ailegatu ginen. Eliza ia beterik atzeman genuen. Harainoko bidean, poliziaren furgoneta franko. Gure ondotik pasatzen ziren, baina aitzina egiten zuten gelditu gabe. Are nabarmenagoa zen poliziaren presentzia Zaramagan. Hala ere, traba berezirik gabe elizaratu ginen. Jende talde handi bat sartu zen gure gibeletik. Hondarrekoak izan ziren.

      Bortzak bortz gutxi ziren eta polizia elizaren ateetan zegoen, sarreraren galarazteko. Barnean ginenok ezinegonez mugitu ginen. Norbaitek lasaitasuna galdatu zuen aldareko mikrofonotik. Burrunba aztoragarria aditu zen orduan. Kanpotik heldu zen. Berriz aditu zen lehenagoko boza: Polizia da. Harrika ari dira, gu probokatzeko. Lasai egon behar dugu. Ezin digute ezer egin. Ez eliza barnean. Francok eta Erromako aita santuak sinatu concordato-aren arabera.

      Marmar urduri bat hedatu zen fite. Lehengo boz berak lasaitasunerako deia egin zigun eta ordezkarien komisioak noiz ailegatuko zain zirela bilkuraren hasteko. Eguerdian Avenidako gasolindegiaren parean kolpatuetarik zenbait benetako balaz kolpatuak izan zirela erran zuen gure ondoan norbaitek. Bertze norbaitek, berriz, Logroñotik, Burgostik eta Bilbotik polizia andana heldu zela iragarri zuen. Beldurra giroan zen, milaka lagun haien hatsean. Horrexegatik, menturaz, batera egin genuen oihu: Kanpora!, elizako ateetarik batetik polizia sartzean. Esku banatan zapi zuri bat eta papera berdin zuri bat zeramatzan teniente bat eta hura babesten zuten bortz metrailetadun poliziak ziren.

      Kanpora!

      Guk adierazi bezala egin zuten. Etorri bezala alde egin zuten, inorekin solastatu gabe. Bizpahiru minutu geroago apurtu zituzten elizako leihoen kristalak eta beirateak eta handik bota gas-potoak, barnean ginenok aterarazteko. Hori egitera entseatu ginen, ito baino lehen, karrikara hats hartu ahal izateko. Bakoitzak ahal gisan egin zuen. Batzuek ateetara hartu zuten trumilka, baina izan ziren lurrean etzanik gelditu zirenak ere, ahalik eta luzeen irauteko deliberatuak. Guk leihoa hautatu genuen. Berokiak eta anorakak kristal hautsien gainean paratuta, handik beheiti irristatu ginen, bertze hainbat lagunekin batean. Inguruko harrabotsa eta zalaparta ikaragarriak ziren, baina, lurra berriz zanpatu genuelarik, uniforme gris bat ikusi genuen, batek daki nondik agertua. Tiro zarta bakar bat ondotik. Orduan Kepa gelditu, makurtu eta nire besoetan erortzen ikusi nuen. Atorra odoletan zeukan zorro aldean. Gertatzen ari zenaz jabetu nintzelarik, begiak altxatu eta kamaradari tiro egin berri zion poliziaren bila hasi nintzen, niri ere eginen zidan beldur. Alde egina zen, iduriz. Bakarrik nengoen, baina odolusten ari zitzaidan lagun bat nuen besoetan.

      Herrestan eraman nuen handik. Nire gibelean gerla bere gorenean zen: gero eta oihu, zartako eta tiro soinu gehiago aditzen zen. Ni aitzina joaki nintzen, babes bila, Kepa ospitalera eramanen zuen auto baten bila. Aitzina beti.

      Besapeetarik atxikia eramaki nuela, Reyes Catolicos karrikara arribatu ginen. Auto guti ibilki zen eta kostata erreusitu nuen bat geldiaraztea. Santiago ospitalera eraman genuen ziztuan. 2CV batean joaki ginen, gidariak klaxona joz eta nik mokanes zuri bat harrotuz. Niri tokatu behar beti, bada marka gero, erran zidan Kepak, Diputazioaren gibel aldean poliziak zanpatu zuenekoa gogoan. Ospitaleko atean, gidaria gu laguntzeko norbaiten bila joan zela profitatuz eta nire trikota Keparen buru azpian paraturik, handik alde egin behar izan nuen, segurua baitzen poliziak ongi begiraturik izanen zituela ospitaleak. Kepak irri ttipia egin zidan autotik urruntzean, bazekien partitu beharra nuela.

      Zernahi gerta ere, segurtasunerako hitzorduak paratuak genituen, beti bezala, egun hartan ere bai. Haietan bildu ahal izan nituen berriak latzak ziren: Kepaz gain, bagenuen bertze sinpatizante bat ospitalean, Areition Puirekin lan egiten zutenetarik bat; Landa preso harturik zuten, eta Puiren gibeletik joaki ziren. Berri petralak, nehondik ere. Aitzina segitu behar genuen. Egun zorigaitzezko hartan hil, kolpatu eta atxilotuei zor genien. Kepari, ezagutzen ez nuen Areitioko emazteki gazteari, Landari eta Puiri ere zor genien eta biharamunetik bertatik nahi genuen zor hori kitatu. Kosta ahala kosta.

      Hilak izan zirelako ustea genuen, pila bat kolpatu, baina artean kopuru zehatza eta hilen izenak ezezagunak zitzaizkigun. Ezezagun zitzaigun Romualdo Barroso, Kepak eta biok elizatik ihes egin genuen leiho beretik jauzi egin eta hilik erori arte metrailatu zutena, baita Francisco Aznar gaztetxoa ere, burutik odola ausarki zeriola lasterka segitu zuena, lurrean gorpu zetzan Pedro Mari Martinez Ociorengandik hurbil lur jo arte.

      Zaramagako hilkintzaren biharamuna latza izan zen. Hiriak hutsik iduri zuen, goizetik gauera jendez gabetua. Bakarrik oren batzuk lehenagoko gerlaren hondarrak agerian. Aski nahasiak ziren berriak. Bezperan balaz kolpatuetarik bi hil omen ziren gauean. Hildakoen elizkizunak noiz eta nola eginen ziren deliberatu gabe zegoen. Aldi berean, elkartasun ekintzak nonahi egiten ari ziren.

      Goiz hartan etxean gelditu nintzen, idazten. Gertaturikoa bildu eta hedatu egin beharra zegoen ahal bezain fite, munduak jakin zezala kapitalisten eta haien txakur errabiatuak nolako izugarrikeriak egiteko kapable ziren, zein bihozgabeki. Jo eta ke aritu nintzen hitzekin borrokan, gertatutakoen neurrigabetasuna paper baten mugetara errenditu nahian. Idazten nuena nahasgarria eta ahula iduritzen zitzaidan, idatzi ahala. Kontakizun kamuts bat zen, zenbait gertakariren nolabaiteko kronologia doi-doia egiten zuena. Hala ere, bere hartan igorri behar izan nuen, denbora falta zela eta. Idazteaz gain bertze gauza gehiago ere egin behar nuen. Ordezkariak biltzera ahalegintzen ari ziren, baina arrunt zaila zuten, elizak, elkarteak eta beren etxeak ere poliziak behaturik baitziren. Puik, konparazione baterako, lankide baten etxean gorderik segitzen zuen, bilkurara joateko unea ailegatu arte bederen.

      Beharrik antikapitalistek atzeman zuten leku egokia. El Salvador, Gasteizko hilerri berriaren ondoan. Zulo zabal sakona zen, eta hara bildu ginen ahal izan genuen guztiok. Ikusezinak ginen, kanpoan utzi genituen begiraleen arabera. Betiko kasaila politiko luzeak saihestu eta harira jo genuen hastapenetik. Estrategia orokor bat zehaztutakoan, gutarik bakoitzari zegokiona argitu genuen. Gero, bilkura finitu, eta talde ttipietan hedatu ginen.

      Pui eta biok elkarrekin joan ginen Adurtzaraino, elkarri atxikirik, greba eta zalaparta egun haiek mendi buelta baten egiteko profitatzen ari zen bikote osasuntsu bat. Esmaltaciones San Ignacio gibelean utzi eta auzoko lehen etxeetan koleraturik bereizi ginen, biok behar baikenuen luzeago solastatu, hondar aldian metatutako zirrara eta pentsamenduak haizatu, haietatik nolabait libratu. Musu bat eta bakoitzak bere bidea hartu zuen. Hainbertze egiteko zegoen eta hain esku guti.

      Milaka lagunek bete zituzten Gasteizko katedrala eta haren inguruko karrikak, bi egun lehenago Zaramagan hil lagunen hileta-elizkizunerako. Mundu osoko kazetariak baziren.

      Justizia!

      Hitz eder horren obratzeko, mamitzeko, mailu itxura hartuko zuen herriaren errabia zilegi libratzaileak. Geldigaitza zen. Odolak karrikak bustiz gero, bai. Hala zioten Gasteizko katedral berriaren inguruan bildutako milaka langileen ukabilek.

      Justizia!

      Hori nahi zuten gutienik. Eta gu iraultzaileok ere kontent izanen ginatekeen horrekin. Gehiago ere, anitzez gehiago ere nahi genuen, baina ezinezko zitzaigun ahanztea Navesek, aldare nagusiko katabut zurezkoei beha, erranikoa: Lagun hauek gu borrokatu garen eta borrokatzen ari garenagatik hil dira, bortz mila pezetagatik.

      Gaurko hogeita hamar euro doi-doia. Gloriarekin vermoutha hartzen dudan zeinahi eguerditan, Dickensen ordaintzen dudana baino gutxiago. Irrigarria. Odolaz ari naiz, ordea, ez Bloody Mary batez. Ospitaleko ohatze batean zetzan Kepak galduriko odolaz, alegia.

      Gasteiztik urrun ere, urtetan nirekin eraman ditudan hitz horiek izan ziren, segur aski, Navesek errandako hondarrekoak, Madrilgo Carabanchel presondegian sartu baino lehen. Harekin batean, Imanol Olaberria, Juanjo San Sebastian eta Emilio Alonso eraman zituzten, mugimenduaren buruak izatea leporaturik poliziak.

      Laurak ezagutzen nituen. Elkarren ondoan suertatuak ginen maiz, koordinakundearen bilkuretan, eta haiek utzitako hutsunea sumatu genuen guztiok, troskizaleok hain maite genituen balantzea eta perspektibak zehazteko elkartu ginen hurrengo aldian. Hilak, kolpatuak, presoak balantzearen alde ilunean ziren. Bertzean, alde argian-edo, langileon galdeen erdiestea genuen, hondarrean nagusiek amore eman behar izan baitzuten, dena galtzea baino hobe zela pixka bat galtzea, norbaitek konpreniarazi eta gero. Emaitza gazi-gozoa nolanahi ere guretako.

      Iraultzaileak baikorra behar zuen, hala ere. Argitaratutako txostenetan baikorki jokatzeko eginahalak egin genituen, hortaz. Gasteizko langile mugimenduaren aitzinamendu gaitza azpimarratu genuen, borrokari esker bereganatutako kontzientzia, etorkizunerako irekitako bidea. Erreformismoa salatu genuen, bidenabar, Nicolas Sartorius, komunisten buruetarik batek idatzirikoa kausa.

      Sasoi hartan Espainiako demokraten astekaria zen Triunfon argitaratu artikulu batean, heldugabetako eman zituen Gasteizko borroka eta bertako langileak, baita haien buruak ere, abenturazale izatea leporaturik. Tristea zen, baina, aldi berean, pozgarria ere bazen, gure kontrako atakaldi hark garbiki adierazten zuen zein koleraturik eta kezkaturik ziren, beraiek kontrolatu ezin izan zuten borroka eredugarri hura zela eta. Nahi zutena deitzen ahal ziguten, ohiturik ginen, haien gezur eta burlak eguneroko ogi genituen aspalditik. Stalinen oinordekoak ziren, hondarrean, Leon Trotski gibeletik itsuski hil zuenaren partidu berekoak.

      Bitxia da, orduko partidurik indartsuena, militante eta sinpatizante gehien zituena, Espainiako oposizio osoaren burua zena zer bilakatu den ikustea. Estalinisten sasoi hartako harrokeria lekutan da egun. Erreusitu nahi zutena erreusitu zuten eta eskuratu nahi zutena eskuratu, Francoren ondorengoak lagun. Eskuraturikoa, hain zen eskas.

      Justizia poetikoa, Annek erran ohi duenez. Horixe izan zen, nolabait. Denborak tarteka egiten digun opari horietarik bat.

      Annek maiz aipatutako hori, haatik, politikatik eta letra larriko historiatik kanpo gertatzen da, norberaren bizitza ttipian. Nerorrenean, bertzeak bertze. Molde horretako justiziaren ondorioa da Gloriarekin dudan harremana. Berez harreman kaxkarra da, eskergabea, baina emazteki horrekin nolanahiko harremanik izatea bera aski da, ailegatu nahi nuen tokira ailegatu naizelako seinale ukaezina. Deus guti, kontsolamendu irrigarria, espainiar komunistena bezain, bederen. Baina zer egiten ahal dut bertzenaz? Zer egiten ahal dut aspaldiko faboreen ordainaren galde agertu arte denbora? Nire mendekua da, menturaz. Iruñekoa, Gasteizkoa mendekatu nahi dut. Hainbertze maite dituen hotel garesti horietarik bateko ganbera handiko ohatzean Gloriarekin, hondarrean txortan ari garelarik, bera ez ezik, bere klase —gure klase— osoa ere ari naiz izorratzen. Azpian dut eta, ipurdia pixka bat goititutakoan, aldaka ukaldi azkar batez jotzen dudanean, eta Viagraz lagundutako nire zakila haren alu olioztatu berrian barneratzen delarik, merezi izan duela iduritzen zait, haraino ailegatzeko egin behar izan dudan guztiak merezi izan duela, neke bakoitzak. Merezi izan du haren kalaka jasatea, haren hutsalkeria. Merezi izan dute nire desiretara lerratzeko egin ditudan guztiek, zozokeriek, ordaindu behar izan dudanak. Borroka zahar batetik nolabait garaile ateratzeko parada dut orain. Bertze bat. Eta horri atxikitzen diot, igaten ari den paretari barraskiloak nola. Himalaiari atxikitzen natzaio, horrenbertze baita Gloria emaztekietan niretako. Mendigoizale sentiarazten nau. Makina bat izerdi, neke, oinaze eta gero, kaskora ailegatu den mendigoizalea. Goi hartatik behatu eta dena zaio eder, dena gozo eta hordigarri, eta, hain justuki, den lekuan izan nahiko lukeela sentitzen du, Gloria azpian dudanetan nik sentitzen dudan gisa berean. Haren bular ttipiak, aldaka zabal bikainak, zango luze okerrik gabeak, nerorriri ere dena zait Gloriarengan harrigarria. Oraindik gordetzen duen edertasunaz gain, haren genetikak uzten nau ahozabalik. Gizaldiz gizaldi, belaunaldiz belaunaldi eta milioiez milioi findutako genetika harrigarriak.

      Baita krimenez krimen ere, gaineratuko luke Puik, nire solasa adituz gero. Gimnasio, sauna, masaje eta kremen ordaintzeko sosak behar dira, eta, batez ere, astia.

      Gaixoa Pui. Zenbat alditan mintzatzen natzaion baleki. Gasteizen segituko du, jakina, borrokan etsi gabe, betiko gisan. Telebistan ikusi izan dut zenbaitetan. Ikusi nuen lehendabiziko aldian, aise ezagutu nuen, nahiz eta nik oroitutako ile beltz sendoa, ordurako elur bilakatu izan. Begiak, aldiz, Potasaseko grebaren garaiko berak zeuzkan —ilunak, gaitzak, saihetsezinak— eta indar bera zerien. Horiei esker ezagutu nuen. Virgen Blanca plazan zegoen, pankarta bat eskuetan, emazteki baten hilketa zela eta. Hilabete batzuk geroago berriz ikusi nuen albistegian, familia bat karrika gorrian utzi nahi zuen banku baten kontrako protestan. Nekagaitz.

      Zer erranen lidake, hogeita hamarka urte iragan ondotik, berriz ikusiko banindu? Zer jakin nahiko luke nitaz, zer kontatuko nioke nik? Anitzetan pentsatu dut, eta ez nukeela harekin topo egin nahi uste dut. Zer gerta ere. Joanak joan. Eta hala eta guztiz, haren berri jakin nahi nuke: seme-alabarik ote duen, ezkondurik edo bereizirik den, lanean jarraitzen ote duen, non eta zertan. Jakin-min hutsa. Zerbait morbosoa. Zernahi delarik ere, Puirekin edo, hobeki errana, haren oroimenari lotzen nauena, egun batzuetako nire barne-giro malenkoniatsuaren ondorioa da, ez bertzerik. Egiazko munduan bizi naiz, mundu errealean-edo, eta horretan bi emaztekirendako lekua da soilik. Areago, bakar batendako, alegia, Gloriarendako.

      Ann bertzerik da. Zinezko emazteki bat izan beharrean, betiereko esker ona zor diodan norbait da, ia ideia bat, gozotasun eroso epel bat, kide eta lagun paregabe bat, ohitura leun bat. Eta maite nau. Konprenigaitza bada ere, maite nau, Gloriak ez bezala. Eta, hala ere, nehoiz hautatu beharko banu, Gloria hautatuko nuke, duda pixarrik gabe.