Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Sekretua

 

Landareei hizketan gogoratzen dut amona. Baratzeko erreinua bere zuen urteetan isil-gordean arrimatzen gintzaizkion. Haren hitz sekretuak entzun nahi guk. Hark belarriak luze, ordea. Eskarmentua bezain. Isildu egiten zen gu iristerako.

      Landareei hizketan gogoratzen dut landareei hizketan ikusten genuelako urrutitik. Baratze ertzean beti.

      Bista, pausoa eta entendimendua laburtuz joan zitzaizkion arren ez zion inoiz utzi landareak zaintzeari. Aginduak ematen zizkigun aholku itxuraz. Zer, nola, noiz. Baina hitzik ere ez esan beharreko hitzez.

      “Sekretua ez dago hitzetan”, aitortu zidan hil hurren. “Sekretua lur azpian dago”, irribarrez. “Dagokion tokian”.

      Urtetara nik hartu nuen amonaren ardura. Hain lur emankorrak merezi zuela astinaldi bat eta, denboraz justu samar ibili arren, ziento bat letxuga eta beste hainbeste porru zaintzeko gai izango nintzela sinistuta heldu nion aitzurrari. Belar txarrak nonahi. Amonaren ertz kuttunean haiek ere indartsuen. Haren hitzaspertuen oihartzunaren eragina nonbait, egin nuen nire baitan. Lurra jorratzerakoan ulertu nuen amonak esana. Kaskezur batek begiratu zidan begi-zulo hutsetatik. Lurrez bete nizkion eta estali egin nuen atzera berriz. Sekretua, dagokion tokian.

      Baratzezain hasi baino lehen izan nuen garai bat, jakinminak zirikatuta aitona aurkitzeko ahaleginean ibili nintzena. Bati eta besteari galdezka. Urrutien alde eginda ere nonbait behar zuelako, eta betirako alde eginda ere, zergatiren bat izango zuelako. “Bai, koldarkeria”, erantzun zidan amak. “Koldarra behar du emaztea sei umerekin utzi eta desagertzen den gizonak”. Erantsi zuen inoiz ez ziola amonari nahikoa eskertuko halako familia ugaria bakarrik hazteko egindako ahalegina. Inork ez zidan argibide zentzuzkorik eman. Herrian topatu nuen aitonaren lagun kaskailua. “Biharamunean usotarako geratu den gizasemeak ez du berez alde egiten”, esan zidan. “Nahikoa esan dizut”. Bakoitzak zuen bere teoria, baina herrian geratu ziren denak. Eta baita gure amona bere sei seme-alabekin ere, inguruan ereindako susmoei ongarririk eman gabe erruki-uzta biltzen.

      Aitzurra lurrean utzita, “Maite al zuten elkar?” galdetu diot amari. Ez dit erantzun oraingoan. Beldur da berriz ere aspaldi lurperatua uste zuen mina jorratzen hasiko ote naizen. Izeba gazteenak erantzun dit amaren ordez: “Maite duenak zaindu egiten du, ez du ihes egiten”. Baratzera begira geratu dira biak: “Alde ederrekoa gure amak zaintzen zuenean”.