Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Zientzia fikzioa

 

 

— Esna zaude?

      — Bai, baina lo egin dut orain dela gutxi arte. Zer ordu da?

      — Seiak pasatxo.

      — Orain arte aritu zara lanean?

      — Bai. Amaitu dut azkenean ipuina. Zuzenketak baino ez zaizkio falta.

      — Bejondeizula! Kontatuko didazu?

      — Nahi duzu? Benetan?

      — Bai. Honezkero ez dut lo gehiago egingo.

      — Edo akaso nire kontaketak lagunduko dizu berriro lokartzen.

      — Lokartzen banaiz, ez esnatu.

      — Ez horixe!

      — Hasi, hasi.

      — Espaziontzi bateko eskifaiako kideen gorabeherak dira. Sei lagun daude ontzian, espazioan galduta...

      — Zientzia fikzioa idatzi duzu?

      — Bai. Horrelaxe atera zait.

      — Lehen aldia da, ezta?

      — Bai, bai... Baina istorioak eskatzen zuela iruditu zait.

      — Jakina! Jarraitu, jarraitu...

      — Espaziontzian sei lagun badaude ere, hasieran hamabi ziren. Gainerako sei kideek, dagoeneko espaziontzian ez daudenek, zorion eternal betea hautatu zuten, espazioan zehar zebiltzala ezustean aurkitu zuten planeta bateko bizilagunen eskaintza abegikorrari baiezkoa emanda.

      — Zorion eternal betea?

      — Zorion eternal beteak planeta hartan geldirik eta ezer egin gabe eskatzen zuen, betiko. Kondena bat zen berez. Baina gozoa eta erakargarria, jakina, gelditzea erabakitzen zuenak ziurtatua baitzuen une oro zoriontsu izango zela amaierarik gabeko denboran, ad aeternum; bakardade erabatekoan eta inolako bizi-pizgarririk gabe, baina zorion betean betiko.

      — Hil eta zerura joatearen antzeko zerbait.

      — Baina erlijio eta jainko konturik gabe. Berme zientifiko batekin. Umea nintzela ikusi nuen telesail bateko episodio batean antzeko zerbait gertatzen zen, eta buruan iltzatuta geratu zitzaidan. Uste dut nik ikusi nuen telesailean denek ospa egitea erabaki zutela, familia eta gure planetako eginbeharrak lehenetsita. Heroiak ziren.

      — Baina zure ipuinean seik hantxe gelditzea erabakitzen dute. Zorion eternal betean.

      — Erabaki zuten, zehazkiago esateko. Hori gertatu eta gero sartzen baita irakurlea ipuinean.

      — Hasieran, beraz, zorion eternal beteari uko egin dioten sei lagun ditugu espaziontzi batean...

      — Hori da. Eta beste planeta batean beste eskaintza bat jasotzen dute.

      — Espazioak supermerkatu bat dirudi zure ipuinean.

      — Bai, bizi-aukeren supermerkatu bat.

      — Ez dakit sinesgarria den.

      — Ni kontatzen ari naizen moduan ez seguru asko, baina horretarako daude idazlearen ofizioa eta kontaketaren teknikak. Ipuina XXII. mendearen hasieran girotuta dago, eta kontalariak azaltzen du XXI. mendearen amaieran zientzialariek egiaztatu eta frogatu zutela pertsonok fisikoki bizi uste duguna ez dela benetan eta modu fisikoan inon eta inoiz ere gertatzen, pertzepzio hutsa dela, errealitate fisiko sendorik gabea. Pertzepzio huts garela, alegia, ustezko ezerez atzemanezin batean igeri, edo horrelako zerbait.

      — Espero dut testuan hobeto azalduko duzula hori. Esango dizut irakurtzen dudanean.

      — Esango didazu, bai. Eta akaso aldatuko ditut xehetasun batzuk zuk esandakoari kasu eginez. Badakizu asko eskertzen dudala zure laguntza. Ipuina amaitu dudala esan dizut, baina oraindik ez dago guztiz finkatuta. Badakizu nola izaten den hori.

      — Ipuin bakoitza dozena bat aldiz amaitzen duzu gutxienez.

      — Eta nobela bakoitza ehun aldiz.

      — Baina hau ipuina da, ezta?

      — Bai, bai. Eta ez oso luzea. Ez du gehiagorako ematen.

      — Espazioko bidaiariek beste eskaintza bat jasotzen dutela esan didazu.

      — Bai. Nork bere bizitzan atzera itzultzeko aukera daukate, nahi duten punturaino, handik aurrera bizi izan duten guztia erabat eta betiko ahaztuta eta deuseztatuta. Horren ondorioz, aukera hori egiten duenak berriro biziko duen bizitza ezberdina izango da, zoriak aldaketak ekarriko baititu, eta aldaketek aldaketa gehiago, ad nauseam, dena aldatu arte.

      — Ea ulertu dudan... Jokatutako futbol partida bat berriro jokatzearen antzeko zerbait.

      — Jokatutakoan izan duen emaitza ahaztuta. Baita partidako nekeak, txartelak, lesioak eta abarrak ere.

      — Litekeena da emaitza bera izatea, baina ez da segurua.

      — Segurua den bakarra da beste partida bat izango dela, ez direla jokaldi berberak ikusiko. Antzekoak bai akaso, baina berberak ez.

      — Eta...? Jarraitu, jarraitu...

      — Seme-alabarik gabeko hiru espaziontzikideek atzera itzultzea erabakitzen dute, haurtzaroraino edo jaio ziren uneraino, bizitza luzatzeko eta proba egiteko ea zer gertatzen den bigarren bizitza horretan, nahiz eta lehena bertan behera utzi behar izan ordainean. Arriskuak ere hartzen dituzte horrekin, jakina: bigarren bizitzan lehenengo bizitzan izan ez zuten istripu hilgarri bat izatekoa, adibidez; edo dena lehen baino okerrago ateratzeko arriskua. Kontziente dira horretaz, baina zalantzarik txikiena ere egin gabe egiten dute haurtzarora itzultzeko hautua.

      — Baina seme-alabak dituzten hirurek ez, horiek ez dute eskaintza onartzen, haurtzarora itzultzeak beren seme-alabak ez izatea izango lukeelako ondoriotzat, beren seme-alabak betiko deuseztatzea... Aurrerago beste seme-alaba batzuk izateko aukera izango lukete, baina ez dagoeneko etxean dituztenak, maite dituzten horiek...

      — Banekien ez zinela lo geratuko nire kontaketarekin. Benetan esna zaude, e!

      — Ez duzu kontatzen jarraitu beharrik. Ondotxo dakit nola amaitzen den ipuina.

      — Seguru nago horretaz.

      — Espazioko bidaiarietako batek garuneko paralisi larria duen ume bat du, neba-arrebarik gabea; asko sufritu dute, bai berak eta bai bere bikotekideak, neurologoak umearen gaitzaren berri eman zietenetik, haurra jaio eta hilabete gutxiren buruan; mila aldiz pentsatu dute, nork bere aldetik zein bien arteko solasaldietan, nahiago luketela umea hilik jaio balitz, askoz ere zoriontsuagoak izango zirela; eta orain, espazioan jasotako eskaintzari esker, bere bizitza errotik berritzeko aukera dauka zure alter egoak...

      — Eta baita bikotekidearena ere. Biena.

      — Eskerrik asko.

      — Tira... Ez horregatik.

      — Baina zalantza askoren ondoren gure protagonistak erabakitzen du bidaian aurrera jarraitzea, Lurrera itzulitakoan etxekoekin biltzeko berriro. Zuzen nago, ezta?

      — Ezin du beste amaierarik izan ipuinak. Ez nioke onartuko.

      — Badakizu, ordea, debekatua dizudala gure umea sartzea zure ipuin eta eleberrietan. Zeure burua beti sartzen duzu, erremediorik gabe. Ni sartzea ere ez dizut debekatzen, nahiz eta gustuko izan ez. Baina Lur ez. Ezin duzu.

      — Lurri eskaini nahi diot ipuin hau. Utzidazu, mesedez. Lehena eta azkena izango da, baina zor diot.

      — Zor diozula? Ez daki irakurtzen, ez du inoiz ikasiko, eta ez du inoiz jakingo idazlea zarenik ere.

      — Baina nik ipuin bat eskaini nahi diot, ondoen egiten dakidanaren emaitza bat berarentzat izatea nahi dut.

      — Zertan izango da berarentzat? Ez da ezertaz jabetuko. Ez dio ezertan lagunduko. Zeuri baino ez dizu lagunduko.

      — Irakurriko duzu behintzat? Gero debekatzeko bada ere?

      — Ez duzu erremediorik. Esana dizut mila aldiz, baina zurekin alferrik da.

      — Geuretzat gordeko dugu ipuina, inon eta inoiz ere argitaratu gabe. Berdin zait. Baina irakurriko duzu, ezta?

      — Bai, irakurriko dut.

      — Eskertuko dizut.

      — Eta ba al dakizu gauza bat? Beharbada duela urte batzuk ipuina mila puskatan txikituko nizuke muturraren aurrean, sumin batean, baina orain, gaur egun...

      — Orain, gaur egun... Zer?

      — ...

      — Zer duzu?

      — ...

      — Ez egin negarrik, mesedez.

      — Uste dut espazioko bidaiari hori...

      — Zer, maitea, zer!?

      — Uste dut ni ere banaizela espazioko bidaiari hori, eta gustatzen zaidala ipuina.