Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Ohol gaztelua

 

 

Bernardo Atxagak ohol gaztelu deitzen die, pare bat liburutan, zerrategietan zuhaitzetatik erauzitako egurrezko oholak lehortzeko metatuta osatzen diren multzo edo eraikinei. Ez zait arrotza egiten hitza, neuk inoiz erabili ez dudan arren. Guk kastillo deitzen genien halakoei, eta uste izatekoa da Atxagak ere, ahozko hizkeran, izen horrekin ezagutu zituela, eta izen horretatik abiatuta sortu zuela gero, idatzirako, ohol gaztelu hitza.

      Gaur egun, aspalditik, gaztelu horietako oholak pakete txikietan batzen dira, orga altxatzaileak erabiliz —fenuitxak deituak, Fenwick markakoak zirelako lehenengoak— aise eta eroso mugitu ahal izateko egurra batetik bestera. Baina ni mutil koskorra nintzen garaian, 1970eko hamarkadan, orga altxatzailerik gabe, eskuz egiten zituzten egurzaleek ohol gazteluak, oholak paketetan banatu gabe, listoi meheez banatutako ilaratan tolestuta.

      Atxagak zerrategietako ohol gazteluak aipatzen ditu, baina garai hartan ohol gaztelu asko zerrategietatik kanpo egoten ziren, mendiko auzoetarako errepide estuen bazterretan batik bat. Aire librean zeudenez, aterperik gabe, laka deritzen ohol meheekin egindako teilatu bat ezartzen zieten gainean egurzaleek, iltzez jositakoa, bi aldeetarako isuriarekin. Mendikate garaietako herri txikietako etxeek izaten dituztenen antzekoa izaten zen lakaz egindako teilatu hori, eta teilatuaren eta gazteluaren goiko parteko azken oholen artean espazio libre txiki bat geratzen zen, ganbara moduko bat. Horregatik, ohol gaztelu haiek etxeen forma eta itxura izaten zuten; edo baita, hala ikusi nahi izanez gero, gaztelu batena ere, eta horregatik eman zitzaien, dudarik gabe, ohol gaztelu izena.

      Ni jaio eta hazi nintzen auzoko orube batean, Azkoitiko Urrategi auzorako errepidearen bazter batean, gure etxetik ehun bat metrora, ia-ia beti egoten zen ohol gazteluren bat. Tarteka egurzaleek desegin egiten zuten, oholak kamioietan, hiru ardatzeko eta hamar gurpileko kamioi muturluze indartsuetan ia beti —jemezeak deituak, GMC markakoak zirelako—, sartu eta erosleari —altzari fabrika bat kasu askotan, edo beste egurzale edo egur tratulari bat bestela— eramateko, aurretik oholak banan-banan neurtuta beren hiru dimentsiotan: luzera, zabalera eta lodiera, gero kubikatzeko, hots, ohol guztien bolumena kalkulatu eta, horren arabera, saldutako ohol multzo osoaren prezioa erabakitzeko. Gaztelu bateko oholak saldu ondoren, beste gaztelu bat egiten zuten egurzaleek berriz, egur gehiago lehortzeko saldu aurretik.

 

 

Ez zait erraza egin hitzez azaltzea nire mutil koskor garaiko ohol gazteluen kontu tekniko horiek, eta pentsatzen dut zuri ere, irakurle, ez zitzaizula erraza gertatuko horietaz jabetzea, baina lan hori nahitaez hartu beharra sentitu dut, ez dudalako inon aurkitu —arestian aipatutako Atxagaren obra pare horretatik landa— arkitektura bereziko eraikin sui generis eta iraupen gutxiko horien berri idatzirik, ez etnologiako liburuetan, ez Interneten, ez beste inon. Beharbada legezkoak ere ez ziren, eta horrek ere eragina izan du haien inguruko ahanzturan. Baina nik neure begiekin ikusi ez ezik neure gorputzarekin sentitu ere egin nituen, eta ez dauzkat ahaztuak, ez izango ere bizi naizen artean.

      Esan dudan bezala, ohol gaztelu haiek ganbara moduko bat izaten zuten, lakazko edo egur mehezko teilatuaren eta azkeneko ohol ilararen artean. Txoko txiki eta estua zen, baina abegikorra. Eskuekin eta oinekin oholen muturrei helduta, ganbara moduko hartaraino igotzen ginen auzoko mutil koskorrak, intimitate, aterpe eta, funtsean, jolasleku bila. Mendira joan eta txabola egiten nekatu beharrik gabe izaten genuen han geure txoko propioa, nahi bezala jolasteko, euritik nahiz nagusien begiradetatik babestuta.

      Batzuetan egurzaleak etortzen ziren ohol gaztelura, autoan edo kamioian, gaztelu osoa desegitera, gazteluari soilik ohol batzuk kentzera edo, besterik gabe, gaztelua nola zegoen ikustera. Gaztelu gainean geundela egurzaleak zetozela sumatuz gero, “Gizona!, gizona, gizona!” hasiko ginen oihuka eta berehala ekingo genion gaztelutik albait arinen jaitsi eta korrika urruntzeari, inon idatzi gabeko lege batek argi baitzioen debekatua genuela ohol gazteluetara igotzea. Orduko umeak eta mutil eta neska koskorrak ez geunden, ordea, gaurkoak bezain estu babestuak eta zorrotz zainduak, eta neurri handi batean nagusiek, noizean behin debekua gogora ekartzen ziguten arren, nahiko onartua zuten gu ohol gazteluetara igotzen eta ohol gazteluetatik jaisten ibiltzea.

 

 

Gaur egun, honezkero igarria duzun moduan, txeraz mintzo naiz ohol gazteluei buruz, baina umetan gorrotagarriak zitzaizkidan, beldurra nielako. Auzoko gainerako mutil koskor guztiak, are ni baino gazte eta txikiagoak ere, aise, zalu eta trebe igotzen ziren haietara, ohol muturrei tinko eta irmo helduta eta behera erortzeko beldurrik gabe, baina ni, motrizitate eskaseko ume beldurtia bainintzen, ohol gaztelu txikienetara baino ezin izaten nintzen igo, eta horietara ere majo sufrituta.

      Egurzaleek gure auzoko gazteluko oholak saldu eta gaztelua desegiten zutenean, orube hartan gehiago gaztelurik jar ez zezaten nahi izaten nuen nik; edo, jartzekotan, gaztelu txikia jar zezaten, arriskurik gabe igotzeko modukoa. Baina bai zera! Berandu gabe ziren han berriro, eta gehienetan lau metro baino gehiagoko gazteluak egiten zituzten, niretzat eta nire beldur temosoarentzat gehiegizkoak.

      Auzoko ohol gaztelua handia zenean eta gora igotzen ausartzen ez nintzenean, askotan, nik haren ondoan geratu behar izaten nuen, behean, lagunak goian jolasean edo berriketan aritzen ziren bitartean, orduak eta orduak zain, puxtarriekin edo baloiarekin bakarka jolasten, asper-asper eginda. Neskekin jolastea izan zitekeen beste aukera bat, baina orduan halakorik pentsatze hutsa laidogarritzat geneukan auzoko mutilok.

      Egoera hartan, asperdura baino okerragoa zen bakardade samin hura, besteak bezalakoa izateko ezintasun gero eta erremediorik gabekoagoaren arantza muinetaraino sartuta sentitzea. Oraindik ere hotzikarak eragiten dizkit ohol gazteluaren goialdetik iristen zitzaizkidan oihuek eta barre algarek ematen zidaten mina gogoratzeak.

 

 

Arratsalde batean, auzoko mutil koskorren buru egiten zuenak, Patxik, ohol gaztelura igotzen lagunduko zidala esan zidan.

      — Hire atzetik igoko nauk, eta esango diat non jarri eskuak eta oinak, eta noiz eta nola mugitu. Ez beldurrik izan, ni pega-pega egindako izango nauk, eta deskuido batean askatzen baldin bahaiz eutsiko egingo diat, behera ez erortzeko.

      Ez nion lasai eman baiezkoa, auzoan izan genituen ohol gaztelurik altuenetako bat baitzen orduan orubean geneukana, bost bat metrokoa bai gutxienez, baina ausartu eta gorako bideari ekin nion azkenean, Patxi ondo-ondoan laguntzen eta gainerako lagunak, aurretik igota, adorea emateko goitik oihuka nituela. Kostata eta izerdi-patsetan, baina gora iritsi nintzen, une larri pare bat pasatu eta gero.

      Pozak ez zidan asko iraun, ordea, ni gora iritsi orduko Patxik eta gainerako lagun guztiek beherako bideari ekin baitzioten arrapaladan, barre urdurien artean. Aldameneko auzora zihoazela ohartarazi zidan Patxik, futbol partida bat jokatzera.

      — Gurekin jokatu nahi baduk, heure kasa jaitsi beharko duk hortik. Hire on beharrez duk. Horrela, beste erremediorik gabe, kastillotik jaisten eta kastillora igotzen ikasiko duk behingoz, baduk garaia eta.

      Ohol gaztelutik jaisten hasteko nire saioak antzu gertatu ziren, ordea, hasten nintzen bakoitzean urduritasunak eta beldurrak paralizatu egiten nindutelako. Oihuka hasi eta laguntza eska nezakeen, baina lotsatiegia nintzen horretarako. Etsi eta negar egiteko baino ez nintzen gauza izan egoera penagarri hartan.

      Aita zena etorri zen, afaltzeko ordua ondo pasata ordurako, ni ohol gaztelutik erreskatatzera. Ohol gaztelura igo eta handik jaisten lagundu zidan, lauzpabost ordu lehenago Patxik igotzen lagundu zidan bezala, niri pega-pega eginda eta nire mugimenduak gidatzen une oro.

      Zer eta nola mugitu behar nuen adierazteko oharrez landa, aitak ez zidan ezer ere esan; ez zer gertatu zitzaidan galdetu, ez errietarik egin, ez errukirik adierazi, ez lagunen portaera gaitzetsi...

 

 

Gure artean ohikoak ziren era horretako txantxa gaiztoak; giroaren parte. Aldez aurretik ezarritako hierarkia sendotzeko baliatzen zituzten agintearen goiko muturrean zeudenek, eta besteok otzan onartu behar izaten genituen, taldeko kide izaten jarraituko bagenuen. Horregatik, biharamunean ezer gertatu ez balitz bezala jolastu nintzen auzoko lagunekin. Aitak eta amak ez zioten ezer esan Patxiri, nik dakidala behintzat, ezta haren gurasoei ere.

      Baina niri arrasto sakona utzi zidan egun hark. Zinemaren munduan sartzen hasi nintzenean, artean hogei urte ere egin gabe, banekien egunen batean istorio hori nola edo hala azaleratzen saiatuko nintzela; eta, ahal izanez gero, neuk zuzendutako film batean.

      Zinemaren munduan pixkanaka ibilbide arrakastatsua egin eta gero —batez ere film laburrekin sariak irabazita— neure filma zuzentzeko aukera iritsi zitzaidanean, ordea, jabetu nintzen gidoirik ez neukala. Ordura arte uste izan nuen gertakari hartatik abiatuta eta ohol gazteluaren irudiaren indarrarekin filma ia-ia berez aterako zitzaidala. Ikusleari ohol gaztelua erakutsi eta ikuslea gazteluan sarraraziko nuen, eta ohol gazteluan neure txikitako mundu hura biziaraziko nion berriro, berea ere balitz bezala. Hori argi neukan. Baina horretarako gidoi bat beharko nuen, eta gidoia idazten hasi baino lehen zalantzek gaina hartu zidaten.

      Nire lehenengo bulkada kontakizun autobiografikoa egitea zen, baina berehala jabetu nintzen ez zela nahikoa izango nire kasua kontatzea ikuslearen interesari eusteko. Beste ideia batzuk ere izan nituen bueltaka buruan: gau batean, Edgar Allan Poeren Amontillado upela berrirakurrita, pentsatu nuen fikzioan Patxi, dagoeneko gizon heldu eta errespetagarri bihurtuta, gezur batekin engainatu, ohol gaztelura eraman eta han hil nezakeela, bururatzen zitzaidan modurik lazgarrienean, mendeku ankerrean; genero-indarkeriaren gaiak gaur egun gizartean duen oihartzunari erreparatuta, pentsatu nuen protagonista ohol gazteluan sexu-abusuak jasandako neska koskor bat izan zitekeela; fikzioari ihes egin eta garai hartako egurzaleak elkarrizketatuz eta bide bazterretako ohol gazteluen argazkiak bilatuz dokumental bat egiteko aukera ere aztertu nuen. Baina ez ninduen aukera horietako bakar batek ere asebetetzen.

 

 

Horretarako baliabideak bagenituenez, artean gidoia idazten hasi ere egin gabe nuela ekin genien ekoizleak eta biok filmerako beharko zen ohol gaztelua eraikiarazteko lanei. Mutil koskorretako ohol gazteluak izaten ziren orubean ezinezkoa izan zitzaigun, han aparkaleku bat zegoelako, baina handik gertuko beste orube batean eraikiarazi genuen, Azkoitiko Urrategi auzorako errepidearen beste bazter batean, nik mutil koskorretan ezagututako egurzaleen oinordekoei enkargatuta. Berehala ulertu zuten zer nahi genuen, eta ohol gaztelu bikaina egin zuten, neuk buruan neukana bezalakoxea, haritz amerikarreko ohol ederrak banan-banan tolestuta.

      Gazteluaren eraikuntza 1970eko hamarkadako erara egin zen, eraikuntza lanak filmatu nahi nituelako, badaezpada ere, nahiz eta, gidoia idatzi gabe zegoenez, ez jakin irudi haiek beharko nituen, eta, behar izatekotan, zertarako. Hiru ardatzeko GMC kamioi bat lortu genuen, Gipuzkoa osoan ibiltzeko moduan geratzen zen bakarra, eta langileei orduko janzkera erabiltzeko eskatu genien: mahoizko galtzak, mahukarik gabeko barruko elastiko txuri edo grisa eta, zerrautsetatik babesteko, lau korapilorekin lotutako zapi koadroduna buru gainean.

      Langileen adiskide egin nintzen egun haietan, eta une batzuetan lagundu ere egin nien, alkandora erantzita, oholak kamioitik deskargatzen eta gazteluan tolesten. Plazer handia izan zen niretzat gaztelu hura nola eraiki zuten ikustea. Jainko txiki baten pare sentitu nintzen, bere haurtzarora itzultzeko boterea zuen izaki indartsu eta miresgarria.

      Une gorena, hala ere, ohol gaztelua bukatu ondorengo egunean iritsi zen. Neu bakarrik joan nintzen haren oinetara, autoan eramandako eskailera bat ezarri nion ondoan, eta hartan gora egin nuen teilatupeko ganbara gisako tarte txiki eta abegikorreraino. Aita zenaz oroituta, indartsu eta zoriontsu sentitu nintzen eskailera haietan gora, bide luze baten amaierara iritsi banintz bezala, barrua hustuta eta bakean.

 

 

Etxerik gabeko bi lagun nire ohol gaztelua lotarako erabiltzen hasi ziren egun batzuk geroago. Bizpahiru gau eman zituzten han, baina laugarrengoan, inguruko baserritar batzuek ohartarazita, udaltzainek eragotzi zieten berriro igotzea. Ez udaltzainek eta ez beste inork ez zidan horretaz ezer esan, eta ez nuen ezer jakin. Pare bat asteren buruan, beste eskale batek hartu zuen etxetzat ohol gaztelua, eta hura handik egoztea nekezagoa egin zitzaien udaltzainei. Aurrekoak baino oldarkorragoa zen eskale hura, eta udaltzainetako bati sudurra hautsi zion ukabilkada batez.

      Udaltzainen buruak, ikusirik gaur egun ohol gazteluak, nire haurtzaroko garaian ez bezala, gatazka-iturri deserosoak izan daitezkeela, telefonoz deitu zidan, gertatutakoaren berri emateko eta esateko ohol gaztelu madarikatu hura erabili behar nuenerako erabiltzeko garaia nuela, eta gero lehenbailehen desegiteko, mesedez, ezbehar larriagoren bat gertatu aurretik.

      Udaltzainen buruarekin hitz egin orduko jabetu nintzen nire filmaren historia han amaitzen zela, ohol gaztelu hark ez zuela jada zerikusirik nirekin, neuk ere harekin zerikusirik ez nuen bezala, eta ohol gaztelu bat ardatz duen filmik egin behar baldin bazen ez zegokidala niri hura zuzentzea. Egitasmoa bertan behera uztea erabaki nuen.

      Ez nuen pena handirik sentitu ohol gazteluko egurra erosi zidaten egurzaleak gaztelua oholez ohol desegiten ikusi nituenean. Zinema gehiago ere ez dut egin harrezkero. Ez dut premiarik sentitu. Ikus-entzunezkoen arloko ekoiztetxe batean egiten dut lan, baina bulegotik ezertarako irten gabe.