Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Margolari ohia

 

 

Literatura kaltegarria da pinturarentzat.

                                Jose Luis Zumeta

 

 

Berak azken 40 urteetan egindako 500 inguru margolan mailutzar batekin kolpeka suntsitzen ageri da Jesus Mari Villar Andiano (Ordizia, 1946) YouTubeko bideo batean. Olioz egindako lan abstraktuak dira, neurri handi samarrekoak. Artearekiko luzaz izandako pasioa ahiturik, ekintza horrekin utzi zion Villar Andianok, joan den asteazkenean, margolari izateari. Artistaren iloba Josune Andianok bideo kamera batekin grabatu zituen txikizio ekitaldi horren irudiak, eta gero YouTubera igo. Lehen hamar egunetan 3.000tik gora ikusle izan dituzte dagoeneko irudi horiek. Egindakoaz damuaren arrastorik txikiena ere erakutsi gabe mintzo da margolari ohia.

      — Zerk eraman zaitu zeure obra suntsitzera?

      — Ahitu egin zait artearekiko sentitzen nuen pasioa, eta hori adierazteko modu bat da egin dudana. Horrenbeste ilusioz eta neure barrutik horrenbeste jarrita egindako margolan horiek guztiek ez dutela ezertarako balio jabetu naiz. Horiekin liluraturik eman dudan denboran pentsatu, irudikatu, sentitu, gozatu eta sufritutakoek bai, horiek akaso balio dute, edo balio izan dute. Baina iragan dira horiek oro, eta iragandako horien arrastoa, inon izatekotan, neure barruan dago; margolanetan, aldiz, gehienera jota ere, horien zantzu baldar bakanen bat.

      — Baina zure beste margolan asko saldu egin dituzu urte hauetan. Hauek ere sal zenitzakeen.

      — Hasieran min handia ematen zidan neuk egindako margolana diru truke beste bati emateak, obrarekiko atxikimendu bizia sentitzen bainuen. Gero jabetu nintzen oreka egokia bila zitekeela sorkuntzaren eta salmentaren artean, eta obren argazkiak gordetzearekin etsitzen ikasi nuen. Bolada batean, gainera, 70eko hamarkadaren erdialdean, aldeko kritikak izan nituen eta margolan batzuk garesti samar saltzera iritsi nintzen. Neure neurrian, jakina; Zumeta, Goenaga, Ruiz Balerdi eta horien mailatik urrun. Azken urteetan, ordea, zokoratuta geratu naiz. Tira, pintura bera geratu da zokoratuta, eta pintoreen artean maila beherenekoak gara galtzaile nagusiak.

      — Amorrarazten zaitu pinturak arte plastikoen beste adierazpide batzuen aldean indarra galdu izanak?

      — Ez, ez nau amorrarazten. Baina, neurri batean, hilda sentiarazten nau. Garai batean niretzat horren garrantzi handia izan zuena hutsaren hurrengotzat jotzen dute gaur egun arte aditu eta artista gehienek. Niretzat, arteak beti izan du osagarri fisiko eta material bat, berezkoa eta ezinbestekoa, eta gaur egun ikuspegi hori, espiritu hori, galdua dago, pikutara joan da. Dena da digitala, birtuala, kontzeptuala; materiarik gabea eta, horrenbestez, niretzat bederen, arimarik gabea. Arrotza natzaio artearen munduari eta artearen mundua arrotza zait.

      — Zure lanen inguruko erantzunik ezak eta harrera eskasak eraman zaituzte artearekiko pasioa galtzera?

      — Ez. Nire lanen inguruko erantzunik ezak eta harrera eskasak bultzatu naute pasio falta hori argi eta garbi adieraztera, neure buruari lehenik, eta besteei gero, ekintza katartiko baten bidez. Bestela ere, pasioa berdin galduko nukeen, baina seguru asko merkatuaren zirkuluan bueltaka jarraitzeari utzi gabe. Areago: akaso, pasioa galdurik izanagatik, pasioa izaten jarraitzen dudala pentsatuko nukeen, neure burua ere engainatuta. Nire lanen inguruko erantzunik ezak eta harrera eskasak neure buruarekin nahiz besteekin zintzoago jokatzeko adorea eman didate beraz.

      — Hortaz, nola eta zeren edo noren eraginez ahitu zaizu pasioaren sua?

      — Ez zait artearekiko pasioa ez ezeren eta ez inoren eraginez ahitu, berez baizik.

      — Azalduko didazu hori?

      — Gogoz eta ilusioz pintatu dut luzaz, gaztetan hasi eta duela urtebete ingurura arte, eta neuk bakarrik dakit zenbat bizipen izan ditudan horrekin lotuta. Artearen pasio horrek ere, ordea, pasio guztiek bezala, denbora mugatu batez baino ezin du iraun berezko argiz eta indarrez. Nire kasuan, bere goraldi eta beheraldiekin, 40 urte iraun du. Ez da gutxi, alajaina! Gehiegi, benetakoa izan dela sinisteko. Neuk ere neure burua engainaturik izango dut urte batzuetan.

      — Artista gehienek hil arte jarraitzen dute lanean...

      — Hara, Karlos Linazasororen Beti eder dena liburuko aforismo bat irakurriko dizut: “Maitasunean, pasioak samurtasunari ematen dio lekukoa; nago idazketan ere gauza bera gertatzen dela”. Eta artean ere bai, jakina. Artista baten bizitzan aldi jakin bat edo bakan batzuk baino ez dira izaten zinezko pasioarenak. Gainerako aldietan, ohikeriari eta errazkeriari amore emanda egiten dute lan artistek, are aiseago merkatua lagun izanez gero; artea, maitale beharrean, senar edo emazte dutela. Eta ez nago horren kontra ni. Ezkontzearen aurka egotearen parekoa litzateke.

      — Beraz, orain artekoak laburbilduz: artearekiko zenuen pasioa ahitu zaizu, berez, modu naturalean, eta margolanak suntsitu dituzu “ekintza katartiko” gisa.

      — Hasieran ez zuen ekintza katartikoa izan behar, ekintza praktikoa baizik. Etxe azpiko garajea margolanez betea neukan, eta, behin margolan haiek ez zutela ezertarako balio erabakita, garajea hustu beharra zegoen. Baina ekintza praktiko horri kutsu katartikoa ematea bururatu zitzaidan. Azken batean, ez naiz alferrik artista izan 40 urtez, ezta? Margolanak suntsitzen gozatu egingo nuela iruditu zitzaidan, eta halaxe izan zen.

      — Hasieratik izan zenuen buruan suntsiketaren ekintza bideoan grabatu eta irudiak YouTuberen bidez zabaltzeko asmoa?

      — Bai zera! Nik ez nekien YouTube bazenik ere. Hori ilobaren ideia izan da. Iloba ere, bere moduan, artista da. Beste garai batekoa, beste eskola batekoa, baina artista. Baimena eskatu zidan, eta ez zitzaidan ezezkorik emateko motibo bakar bat ere bururatu. Bere saltsetarako material egokia iruditu zaio nire margolanen suntsiketaren kontua. Hainbat azalpen eman dizkit bere interes hori arrazoitzeko, baina ez diot kasurik egin, ez baitut erabiltzen duen hizkera ulertzen. Artista bakoitzak bere mundua du, eta hori da benetan balio duena.

      — Zer egin zenuten margolanen hondakinekin?

      — Udal zerbitzuetako kamioi batek eraman zituen denak. Iloba ari da, bideo kamera lagun duela, horien jarraipen zehatza egiten. Hori ere ikusiko da akaso egunen batean YouTuben.

      — Sekulako harrera ona izaten ari dira zure ilobak hartutako irudiak. Ikusle asko izateaz gain, foro askotan ari dira arteari buruzko eztabaidetarako abiapuntu bihurtzen. Zer pentsarazten dizu horrek?

      — Ilobak erakusten dizkit irudien inguruan han eta hemen esaten eta idazten direnak, eta atsegina zaigu horiek umorez komentatzea. Ezagunagoa egingo nau neure margolanak suntsitzen emandako ordu laurdenak, haiek egiten emandako 40 urteek baino. Arteak oso berea izan du beti ironia hori.