Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Gola Galkargo

 

 

“Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”... Misterio harrigarria ziren marrazkirik nahiz bestelako apaingarririk gabeko idazkun haiek, errepide niretzat ordura arte ezezagunaren bi aldeetan ezarritako neurri askotako kartel eta paneletan. Soilaren soilez, bortitzak ere egiten zitzaizkion bidaiariari: “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”...

      Jakin-minak errepide nagusitik irten eta herrian geldialdi bat egitera bultzatu ninduen, nahiz eta lo egiteko enkargatua nuen ostatua 30 bat kilometro aurrerago egon. Herri barruan ere bazter guztietan irakurtzen zen errepide bazterreko idazkun berbera, kartel, panel zein iragarki tauletan. Baita balkoi batzuen aurrealdean ezarritako maindire zurietan ere: “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”...

      Autoa plaza ondoan aparkatu eta gertuen zegoen tabernan sartu nintzen. Garagardo bat eskatu, eta tabernako zerbitzariari galdetu nion ea zergatik zeuden idazkun haiek herri osoan zabalduta.

      Herriko artista baten kontua zela azaldu zidan. Hirian ospea bereganatu eta han eroso bizi zelarik, gau batez izandako ametsean jasotako aginduak jarraituz, jaioterrira itzuli eta bazter guztiak idazkun haiekin jostea sartu omen zitzaion buruan. Eta baita lortu ere.

      — Artelan bat dira, beraz, kartel eta pankarta horiek guztiak.

      — Edo antzeko zerbait.

      — Zer esan nahi duzu?

      — Artistak ez dio artea direnik. Ez du onartzen definiziorik. Funtsean, ez du onartzen artista denik ere.

      — Eta zer irizten diozue herritarrok? Ez dizue traba egiten hainbeste idazkun alferrikakok?

      — Ni ez naiz hemengoa. Denboraldi baterako baino ez nago herri honetan.

      — Baina zauden lekutik ondo igarriko duzu jendeak zer sentitzen duen.

      — Hasieran bazen kontrako iritzi korronte edo mugimendu txiki bat edo, ez oso oldarkorra. Orain, ordea, isilduta daude kontrako ahotsak. Herriaren izena asko zabaldu da idazkunei esker. Dirua ere ematen du horrek, badakizu...

      — Hala bada, ezin kontra egin.

      — Askoz ere zailagoa da behintzat.

      — Baina... Zer da “Gola Galkargo”?

      — Inork ere ez daki. Artistak dioenez, berak ere ez. Ametsaren agindua omen da.

      — Gola Galkargo?

      — Gola Galkargo.

      “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”... Lelo bera behin eta berriro errepikatuz eta aldiro tonua aldatuz, barrez hasi ginen zerbitzaria eta biok. Konplizitate estu eta atsegin batean bildu ginen berehala, nahi gabe bezala. “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”...

      Horregatik esan dezaket ziurtasun osoz zu ez zinela jaioko, ez zinela izango, edo ez zinela zu izango bederen, edo auskalo izatekotan ere zer izango ote zinen, hirian ospetsu egindako artista batek, amets baten aginduz, jaioterrira itzultzea erabaki ez balu, inguru guztia idazkun errepikakor eta absurdo haiekin estaltzera: “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”, “Gola Galkargo”...