Elkarrekin esnatzeko ordua
Elkarrekin esnatzeko ordua
2016, nobela
344 orrialde
978-84-92468-92-8
Azaleko irudia: Antonio Gezala, Ate birakaria 1927 (zatia)
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2021, nobela
2019, poesia
2012, nobela
2001, poesia
 

 

Artisten gaua Ibaiganen

 

 

3

 

Antonio Gezalaren pintura bat erosi zuen Bilboko Udalak 2008an, luzaroan jabetza pribatuan egon ostean, Arte Ederretako Museoaren bildumarako. Mihisea, Artisten gaua Ibaiganen izenekoa, ez da oso handia, 90 x 95 zentimetroko neurria du, baina aurkeztu zuten egunetik piztu zidan arreta.

      Deigarriena, lehen begiratu batean, koadroko atmosfera da, gau giroko eszena bat irudikatzen baitu: Bilboko jauregi batean ospatzen den festa 1927an. Berritzailea da margolana egin zen garairako; izan ere ordura arteko lanetan euskal margolariek nahiago zuten kanpoaldeko motiboak islatu, baina gizon-emakumeak erretratatuko bazituzten, egun argiz eta geldirik izango zen eskuarki.

      Antonio Gezalaren olio-pinturan jauregi bateko hall zabalaren barnealdea ageri da, armiarma-lanparen argiek zoru distiratsuan islatu eta halako arrosa eta more tonuak barreiatzen dituzte gela osoan, itsasaldeko haitzetan marea behera denean azaltzen diren urmaelen kolore bera. Tokia gainezka dago, jende andana bildu da festara, baina ez dugu inor ezagutzen, bisaiak ezabatuta dituzte. Gizonezkoak frak jantzian daude eta emakumezkoak soineko laburrekin, gaueko hitzorduetako moduan, gehienak urdinez zein berdez eta bizkarra agerian, xal soil bat sorbaldetan. Haien guztien inguruan zerbitzariak dabiltza, erretiluekin kopak banatzen.

      Koadroaren konposizioak piramide baten egitura du; alegia, ikusten ez den triangelu handi batek banatzen ditu koadroko elementu guztiak. Azpiko bi muturretan, ezkerraldean eta eskuinaldean, solasean ari dira bikoteak; eta goialdean, triangelua itxiz, hiru mastako belaontzi baten maketa dago sabaitik zintzilik. Bihotza, erdigunea, dantzan ari den bikote batek hartzen du eta, beraz, hara bideratuko da ikuslearen begirada. Gizonezkoak makila luze bat du eskuan, puntan koloretako lumak dituena, hegats gorri berde eta laruak. Muturrean borlatxo bat daukan kapela zuri luze bat darama buruan gizonak, lo egiteko erabiltzen ziren horietakoak iduri, eta kapela horrek berehalako kontrastea egiten du frak garestiarekin, dotoreziari txantxa eginez; ez horrek bakarrik baina, janzkiaren gainetik tulezko gona arrosa bat baitu gerrian. Emakumezkoak, zeinari dantzaren eraginez soineko berdearen tirantea irristatu baitzaio sorbaldan behera, hegaldun kapela ņimiņo bat du kopetaren alde batean. Gogotsu ari dira biak dantzan, gorputz adarrei agudo eragiten: emakumezkoa bernak gurutzatzen, eta gizonezkoa belaunak okertu eta izterrak zabaltzen, eskuan daukan makila bira eta bira mugitzen duen bitartean.

      Benazki ematen du bastoiaren mugimenduak eta musikaren konpasek mugitu egiten dituztela koadroko elementuak: eskailerak, solairuetako eskudelak, hormetan eskegita dauden margolanak.

      Itxura guztien arabera, 20ko hamarkadan entzute handia hartu zuen cake-walk izeneko dantzaz jostetan ari da bikotea. Estatu Batuetako hegoaldeko esklaboen dantza zen hura hastapenean; jopu afrikarrak traje dotorez janzten ziren, kapelu eta guzti, muturrean lumak zituzten makila luze bana eskuan. Gisa horretan janztea lurjabeei iseka egiteko modua zen; erdeinuz, aberatsen antzera janzten ziren baina oiloen modura egiten zuten oinez, horregatik lumen detaile hori. Esklaboen aburuz ugazaba zuriak pausaje traketsez ibiltzen ziren, eta dantzan ere halatsu, eta lurjabeen modu baldar haiek imitatzetik sortu omen zen cake-walk delakoa. Denborarekin, beste askotan gertatu den bezala, jauntxoek bereganatu egin zuten dantza, eta modako bilakatu, aurrena Amerikako Estatu Batuetan, gero Parisen eta azkenik, kasurako, Bilbon.

      Patioaren barrualdean lehen solairura igotzeko eskailerak ikusten dira, lerro diagonal bat eratuz mihisean. Eskaileren gainean, ezkerraldera, kolorez zamatuta dagoen lagun talde bat ageri da, horiek ere makila lumadunak eskuetan. Eta eskuineko aldean, eskailera azpian hain justu, musikariak daude, txairo, frakez jantzita; sei laguneko orkestra osatzen dute: banjoa, perkusioa, biolina, pianoa eta saxoa, eta pianoaren atzean, ia-ia ikusten ez dela, tronpeta.

      Orduan ez nekien tronpeta-jole hori Txomin Letamendi Murua zela, nobela honetako bigarren protagonista.

 

 

4

 

Karmele Urrestik Parisen ezagutu zuen Txomin Letamendi, horren zalantzarik ez da, 1937ko abenduan. Karmelek hogeita bi urte zituen. Eta hogeita hamasei betetzear zegoen Txomin.

      Lehen enkontruaren egun zehatzik ez baldin badakigu ere, Lipnitzki argazki estudioan ateratako erretratuan hantxe ageri dira, bata antzinako tronpetari gisa jantzita, bestea tradiziozko dantzari. Eresoinka izeneko erbesteratuen euskal enbaxada kulturaleko kideak ziren biak, eta erretratu hori atera zuten abenduaren 18, 19, 20 eta 23an Pleyel aretoan egin behar zituzten emanaldiak iragartzeko.

      “Gerra galduko duzue, irabazi propaganda!”, horixe izan zen euskal gobernuari gomendatu ziona politikari batek (suitzarra ustez). Ziur aski, Jose Antonio Agirre presidenteak ia hasieratik barneratuta zuen ez zutela zeregin handirik Espainiako Gerra Zibilean. Iparraldeko frontea setiatuta eta isolatuta zegoen. Hegazkinik ezean, bolondresez osatutako ezohiko armada baten buru, noiz arte eutsi ahal izango zioten zen galdera oinarrizkoa. Nazioartetik zetorren beraien itxaropena: mendebaldeko demokraziek noizbait eten beharko zuten Francoren oldarra. Baina hori ez zen sekula gertatu. Frantziak eta Erresuma Batuak gatazkan parterik ez hartzea erabaki zuten laster, gertakizunak bere kabuz uztea, nahiz eta Alemaniak eta Italiak lotsagabe egin zuten Francoren altxamenduaren alde.

      Gauzak horrela, ekainean Bilbo erori zenean mugaz bestaldera ihes egin zuten milaka lagunek. Dena ez zen hor bukatuko, ordea. Aurretik pentsatutako planei jarraiki, atzerritik lan egingo zuten, euskal kausa munduan zehar zabaltzen; munduaren aurrean salatuko zuten gertatzen ari zena, horretarako kirola eta kultura baliaturik. Sortu berria zen euskal futbol selekzioak Europan barrena partidak jokatuko zituen 1937an bertan eta, ondotik, Eresoinka taldearen bira etorriko zen, garaiko musikagile, dantzari, kantari eta margolari onenekin. Ehundik gora artista egitasmo berean. Eta haien artean, Karmele Urresti abesbatzan eta Txomin Letamendi tronpeta-jole.

      Ikuskizunean euskal ohiturazko kantak eta dantzak tartekatzen zituzten musikari garaikideen konposizioekin. Tradizioa eta modernitatea elkarrekin. Errepertorioan Maurice Ravel ziburutarraren lanak interpretatzen zituzten noizean behin. Eta hain zuzen, Raveli zioten mirespenarengatik, abenduaren 30ean Eresoinka taldeko kide guztiak Ravelen gorpu-lorrari jarraiki joan ziren Levalloisko hilerrira. Nahiz eta musikariak anaiari argi utzi zion ez zuela ehorzketa arranditsurik nahi, jendetza bildu zen hilobiratzera. Ravel musikari maitea zen Parisen.

      Segizioa desegin zelarik, Karmeleren ondora hurreratu zen Txomin, eta bi-biak Ravelen granitozko hobiari begira egon ziren hitz erdirik esan gabe. Gurasoekin batera ehortzi zuten Ravel. Karmeleri aita etorri zitzaion gogora, Larresoron erbesteratuta zegoena; ez zuen haren berririk aspaldian. Txomini otu zitzaion Ravelek ez zuela izan zorterik maitasunarekin, musika idazteak hartzen baitzion astirik gehiena. Otu zitzaion agian musikariak ez duela beste paturik bakardadea baino, izan ere gauza bera gertatzen zitzaion berari ere. Beldurra ematen zioten harreman luzeek.

      — Nik ezagutu nuen Ravel —esan zion Txominek Karmeleri—. Buruz buru egon nintzen berarekin, zu eta biok gauden bezala.

      — Baita zera ere! Liluratu egin nahi nauzu, ala?

      Txomin ez zitzaion gezurrik esaten ari Karmeleri. Maurice Ravelekin batera aritua zen Bilbon, Elkarte Sinfonikoaren egoitzan, bederatzi urte lehenago. Ravelek berak zuzendu zuen Txomin kide zen Bilboko Orkestra Sinfonikoa: Le tambeau de couperin. Alborada del gracioso. Tzigane. Melodías hebraicas. La Valse. Baina hori dena oso lausoa egiten zitzaion orain Txomini, esan nahi baita, gerra hasi aurreko garaia. Nahiz eta denbora asko ere igaro ez zen, ematen zuen beste mende bateko kontuak zirela. Eta beraz, gaia aldatu nahi izan zuen Txominek:

      — Nire urtebetetze eguna da bihar...

      — Ez da egia izango. Hori ere ez dizut sinesten.

 

 

5

 

Karmele Urrestiren familiak Ondarroan zuen jatorria. Aitona, Bittor Urresti, ontziola baten jabe zen. Urrestiren ontziola izango zen herriko lantegi handiena, hirurogei bat langilek baitzuten ogibidea bertatik eta, arrantzatik bizi ziren familiak kontuan izan gabe, herrian lanik gehien ematen zuen tokia hura zen. Balandroak, baporeak eta batelak egiten zituzten. Baita traineruak ere, kirol norgehiagoketan ibiltzen diren horietakoak, eta dirudienez horretan espezializatu ere egin ziren Kantauriko ontziolen artean, nahiz eta arraun kontu horiez dakitenek maltzurkeria pitin batekin esan ohi duten, Urrestiren traineruak itsaso zakarra zegoenean ibiltzeko zirela aproposak, baina ura bare zenean ez zegoela haiek mugitzerik.

      Artibai ibaiaren ibarra estua da, mendi garaien artean egiten du bidea urak itsasoraino. Emariari dagokionez, alde handia dago marea gora edo behera bada. Horrek ez du oztopatu, dena den, haren erriberan ontziolak kokatu izana Erdi Arotik hona, orobat kabotaje handiko ontziena. Urresti familiako ontziola ibaiaren eskuinaldeko ertzean zegoen, meandro batean. Ezkerraldean portu zaharreko etxeak, ia zintzilik, eta eliza bizkarrean hartzen duen haitz eskerga.

      Ontzioletako arotzak ez ziren letradunak izaten, aurrekoengandik ikasten zuten txantiloiak egiten, leban, inolako eskuaira eta kartaboirik gabe. Gero, txantiloiak ontziolako teilatuko habeetan eskegitzen zituzten, eta handik hartu, beharra zegoenean. Arotz bakoitzak bere tresna-kutxa zeukan, hantxe gordetzen zituen mailu, iltze eta gailu guztiak, ondo ordenatuta, hurrenkeran, txikitik handira, puntapaxetatik jesukristoren iltze handietara. Tresna-kutxa familiakoa izaten zen, hau da, aitonak aitari pasatzen zion eta hark semeari, horrela belaunaldiz belaunaldi.

      Bi hilabetetan hogei metroko eslorako ontziaren kaskoa egiteko nor ziren, Erdi Arotik zetorren teknika bera erabiliz, hasieran gila jarri, gero branka eta popa jaso, ostean hezurdura osoa kareleraino eta azkenik estali. Bi begi jartzen zizkioten brankan —horixe zen Urresti ontziolaren sinadura— feniziarrengandik zetorren sinesmen zaharrari eutsiz, nonbait txalupak etxerako bidea aurki zezaten. Ontzia egiten amaitzen zutenean, afaria egiten zuten elkarrekin langile guztiek.

      Bittor Urrestik dirua egin zuen Lehen Mundu Gerrarako oholezko zamaontziak egiten. Bada garai horrekin lotutako pasarte eztabaidagarri bat: diotenez, Kantaurin inoiz egindako zurezko ontzirik handiena egin baitzen Urresti ontziolan, Antzo-solo izenekoa. Badirudi Bizkaiko diputatu nagusia Ondarroara hurreratzekoa zela ontzitzar haren botadurara, baina Bilbotik Ondarroara gurdibidea nekeza izanik, ez zen herrira garaiz iritsi. Ontzia hain handia zenez, marea gora zegoela egin behar zuten uretaratzea, hego haize puntua zegoela aprobetxaturik gainera, eta ez ziren bere zain egon. Agintaria heldu zenerako txalupa uretan zen, mastetan jarritako koloretako bandera eta guzti, eta elizako pretila mukuru bete zuten herritarrak beren zereginetara joanak ziren. Politikaria madarikatzen itzuli omen zen Bilbora, berriz ere bihurgune amaigabeetan barrena, Ondarroaz nazkatuta. Hitz eman zion bere buruari ez zela gehiago herri hartara bueltatuko.

      Agintariontzako begirune justua, kostaldeko herritarren izaeraren ezaugarri bat da.

      Ontzitzarraren halabeharrari buruz bi bertsio daude. Bekaizkorren esanetan, ez zen sekula gerrarako erabili, gerra amaitua baitzen ontzia bukatu orduko; eta Bilbon ikusi omen zuten behin, lotuta, Nerbioi ibaiko zaborrak bertan pilatzeko. Ontziolako azken langileak, aldiz, kontatu zidan hondoratu egin zutela Atlantikoan alemanen urpekoek.

 

 

6

 

Urrestiren aita Frantziskori “Malaletxe” esaten zioten herrian. Ez dago argi izen hura zetorkion egiatan umore txarrekoa zelako edo aldarte onegia zuelako gizonak, ironiaz jartzen baitira eskuarki horrelako izenak. Anaiarekin tratua egin zuen: anaiak ontzien kroskoak egingo zituen ontziolan eta Frantzisko arduratuko zen baporezko makinak egiteaz —makinaria baitzen ikasketez—, Antsosolo erreka zeritzon eremuan beren-beregi atondu zuen lantegian. Ontziolaren gainean zegoen mendi hegi laiotza zen Antsosolo, eta handik igarotzen zen errekastoak ematen zion izena. Ontziolaren gaineko lur sail hura Mutrikura zihoan errepideaz beste aldera, mendiari atxikita. Arrantzontzi biren jabe ere bazenez, txalupa bati Antzo-solo jarri zion izena eta besteari Jontxu.

      Frantzisko, zeinak beti zeraman txapela buruan eta betaurreko biribil batzuk, eskuekin lan egitea laket zaion gizon horietakoa zen; trebea eskuen erabileran eta etxekoia. Kontu kontari ibiltzen zen seme-alabei, mapamundi bat lagun, Afrikan bizitako garaiaz, nola zama deskargatzen zuen ontzi handietatik arrisku gaitzak hartuta, krokodiloetatik ihesi.

      Bi bider ezkondu zen Frantzisko. Lau seme-alaba izan zituen Dolores Iturriotzekin: Ana, Joseba, Josu eta Karmele. Tamalez, Dolores 1918ko gripeak gaixotu eta hil egin zen. Dolua gainditu eta gero, Doloresen ahizpa gazteari, Donostian maistra lanean zebilen Karmeni, ezkontzeko eskaria egin zion Frantziskok. Karmenek baiezkoa eman zion, nahiz eta ordurako mutil laguna hartua zuen Donostian eta berarekin batera paseatzen zen hiriko lorategietan; hura utzi eta sorterrira bueltatu zen, lehengo bizimodura, bere ahizparen lau seme-alaben zaintzaz arduratzera. Denborarekin Frantzisko maitatzea lortu zuen Karmenek, eta bi ume ere izan zituzten elkarrekin: Jon eta Gaizka. Ez zen bat ere bitxia emaztea hilez gero haren ahizparekin ezkontzea, hala abizenak ere berberak izaten zituzten neba-arrebek.

      Bigarren emaztea hartu zuelarik, Frantziskori iruditu zitzaion senide asko zirela etxean eta bizileku handiagoa behar zutela. Moilan zuten etxea utzi eta eraikin bat altxatu zuen familiak txalupetarako baporeak eta aparailuak egiteko lantegia zuen toki berean, Antsosolo errekan. Bizilekuaren azpian tailerra zuen, eta hari atxikirik beste eraikin bat jaso zuen, Karmen emazteak eskolak eman zitzan bertan. Ikurrinaren itxurako forja egin zuen balkoirako, bere eskuekin, ezagun zedin euskarazko eskolak emango zirela. Baina Gerra Zibilak eten zituen asmo haiek, sekula ez zuen euskarazko eskolarik emango Karmenek.

      Frantzisko abertzalea zen gaztetatik. Euskal nazionalismoaren sortzailea, Sabino Arana, aditu omen zuen hizketan Ondarroako Andra Mari parrokiaren aurreko plazatxoan, geroztik haren jarraitzaile sutsua izango zen. Sabino Aranak bere mitologia guztia mendialdeko iruditerian oinarritu arren, kostaldean izan zituen lehen zaleak, Bilbon eta ondoko portuetan. Badirudi Lekeition igarotzen zuela uda partea, eta uda horietako batean hurreratu zela Ondarroara bere “misioa” ezagutaraztera. Non eta hantxe harrapatu zuen betiko Frantzisko. Denboraren poderioz, Karmen Ondarroako Emakume Abertzale Batzako burua izango zen, mitinetan ere hizlari.

      Gurasoek horretarako ahalegina egin zutelako, seme-alabek denek egin zituzten ikasketak, Anitak izan ezik.

      Joseba, apaizgaitegira joan zen estudiatzera, Urduņara lehenik eta ostean, Valladolidera.

      Josuk, nahiz eta anaia zaharraren bidea jarraitu hasieran, nonbait apaiz kontu horiekin gogaitu eta Antsosolon geratu zen aitari tailerrean laguntzen.

      Karmelek Valladoliden atera zuen erizain titulua, handik lasterrera Basurtuko ospitalean lanean hasteko. Orduan lekaimeak baino ez ziren egoten Basurtun eta gainontzeko kliniketan, eta ospitale hartan sartzen lehenengoetako erizaina izan zen Karmele.

      Anitak, ordea, ez zuen estudiatu. Frantziskori galdetzen zioten, gainontzeko seme-alaba guztiak bideratu eta Ana zergatik utzi zuen albo batera. “Denda bat jarri behar zenion” esaten zioten herrian. “Denda bat Anari? Hain da bihotz onekoa, mostradorea bera ere opari emango luke!”. Pozik zeuden gurasoak Ana etxean laguntzen zegoelako.

 

 

7

 

Ramon Sota enpresariaren bizilekuan ospatu zen Antonio Gezalaren koadroan ageri den festa, Ibaigane jauregian, 1927ko otsailaren 26an; margolariak berak data jaso egin zuen koadroan, almanakatik askatutako orri bat margotu baitzuen egun horrekin.

      Europako gizon aberatsenetakoa zen garai hartan Ramon Sota, bere irabaziak Espainiako estatuko aurrekontu osoa baino handiagoak ziren. Lord izendatu zuen Erresuma Batuko erregeak, Lehen Mundu Gerran britainiarren alde egindako mesede eta enkargu guztiengatik, bere txalupetatik mordoa britainiarren esku utzi baitzuen, alogeran jakina, eta haietatik dozena bat ere hondoratu egin zituzten alemanen itsaspeko ontziek.

      Askotariko enpresa zen Sotarena, besteak beste, meategi, ontziola eta aseguru etxez osatua; baina Bilbo Amerikarekin eta Asiarekin lotzen zuten ontzien konpainia zen bihotza, Sota y Aznar izenez ezaguna.

      Abian zegoen euskal pizkundearekin eta oro har kulturarekin zerikusia zuten egitasmo zenbait diruz lagundu zituen, esate baterako, Hermes aldizkaria, non Nobel saridunek eta entzute handiko idazleek parte hartu zuten, hala nola, Ortega y Gassetek, Rabindranath Tagorek eta Ezra Poundek, Espainiako 27ko belaunaldiko poetekin eta garaiko punta-puntako euskal pintoreekin, pentsalariekin eta olerkariekin batera.

      Ramon Sotak atsegin zuen ontziei euskarazko izenak jartzea, baina beste kontu batzuekin erabat lanpetuta zebilenez, betebehar hori bere lagun bati eman zion: Resurreccion Maria Azkue hizkuntzalariari, Euskaltzainburu izan zena akademia abian jarri zen egunetik heriotzara arte, Sotak berak sustatutako erakundea bestalde; eta Azkueri ez zitzaion besterik bururatu ontziei mendi izenak jartzea baino, ehunka barku izendatzea ez baitzen lan makala.

      Sota jaunaren Ibaigane hiru solairuko jauregia zen, 1900. urtean diseinatua, euskal estiloari jarraiki; baserrietako garaiak eta Erdi Aroko dorretxeak ekartzen ditu gogora haren itxurak. Hamalau logela zituen, saloiak, billar-gela eta kapera, sakristia eta organoa. Jesus Guridi konpositoreak igandero jotzen zuen, eta baita bere pieza onenak asmatu ere, familiak gonbidatuta jauregian igarotzen zituen egonaldi luzeetan. Aurreko lorategia igaro ostean atarira iristen da harrizko eskailera batzuetatik; atea zeharkatu ahala bertan dago hall zabala, eta parez pare zur noblez egindako eskailera nagusia gorantz.

      Hamaika seme-alabaren aita izan zen Ramon Sota. Denetan menderakaitzena Manu zen, azken aurrekoa.

      Plantaz liraina zen Manu Sota, janzkiz ibiltzen zen beti, irribarre kokina aurpegian. Salamancan estudiatu zuen lehenik, Cambridgen gero —han irakasle ere izan bolada batean—, eta Ingalaterratik bueltan Bilboko bizitza kulturalaren bultzatzaile nabarmenetakoa bihurtu zen. Aitaren aldean muturrekoa ideietan, independentista, Amerikako Estatu Batuetako Woodrow Wilson presidenteari telegrama bat idatzi zion lotsagabe Euskal Herriarentzat askatasuna eskatzen, Lehen Mundu gerraren ondoren Europan itxura hartu zuten estatu berriak aintzat hartuta eta, Wilsonek berak, haren hamalau puntu famatuetan, herrien autodeterminaziorako eskubidea jaso zuelako. Aitaren enpresan Manu Sotak zer lan egiten zuen ez dago argi, idazkari eta itzultzaile aritzen omen zen, baina nekerik hartu gabe.

      Dela haren nagikeriaz ohartu zelako, dela hitz egiteko zuen dohainari erreparatu ziolako, aitak enpresako irudi publiko gisa erabili zuen semea, eta bete-betean asmatu zuen, trebea baitzen horretan. Nor zen Goizeko Izarra aitaren laketontzia hartu eta Sevillako feriara Guadalquivir ibaian gora joateko; barkua erriberan ainguratu eta hantxe hartzen zituen Sevillara inguratutako handiki guztiak. Baina, batez ere, lagunarteko jaiak antolatzeko jaioa zen Manu Sota. Ezagunak ziren Bilbon, esate baterako, berak prestatzen zituen hoteleko mandatari lehiaketak; mandatariz mozorrotu eta maletak alde batetik bestera eramaten zituzten Manuk eta bere adiskideek, taxiak kalean geratzen eta bezeroen gutizia bitxienak lortzen ahalegintzen, arrosak, xanpaina edo itsaskiak. Beste batzuetan zirkua ere antzezten zuten, pailazoz, piztia hezitzailez, akrobataz edo lehoiz jantzita.

      Antonio Gezalak pintatutako koadroko jaia ere Manu Sotak antolatu zuen, esker emateko festa bat hain zuzen. Antza denez, egun batzuk lehenago Bilboko artistekin batera omenaldi bat atondu zuen Carlton hotelean, hiriko hotel luxuzkoenean, Adolfo Guiard pintorearen heriotzaren hamargarren urteurrenaren karietara, eta hain ondo atera zen ekitaldia ezen bertan izandako guztiak gonbidatu baitzituen etxera, hurrengo larunbat gauez izango zen festara. Gezala margolaria ere gonbidatuen artean zegoen, eta une hura jaso zuen Artisten gaua Ibaiganen mihisean. Ez zen elkarrekin lan egiten zuten estreinako aldia. Manuk idatzitako antzezlanen eszenografiaz Gezala arduratzen zen, eta Sota konpainiako ikurra ere berak diseinatuko zuen, seguru nago, Manuk hala eskatuta: ozeanoa gurutzatzen duen ontzi baten branka, ur azala labana baten zorroztasunaz ebakitzen.

      Are gehiago, Gezalak erretratu berezi bat ere egin zion Manuren arrebari, Begoņari. Hogeita hiru urteko neska zen Begoņa Sota, aita aberatsaren alaba gazteena; txapelarekin, gabardinarekin eta gona motzez jantzia, eskularruak eskuan dituela irudikatu zuen, baina hau ere mugimenduan, noiz eta Carlton hotelera sartzen ari den unean bertan (atzealdean badoaz taxia eta tranbia), nola eta ate birakarian barrena datorrenean. Margolariak barrutik begiratzen dio neskari, eta atearen birak emakumearen irudia zatikatu egiten du lehenik eta ostean kanporantz barreiatu, Marcel Duchampen koadro batean bezala, pertsona beraren gorputzaren alde desberdinak aldi berean jasoz eta unearen hauskortasuna adieraziz.

      Irudia hauskorra da zeharo, badaki ikusleak Begoņa lipar batzuetan desagertu egingo dela toki hartatik, atea zeharkatu eta hotel barrura sartuko dela; bada, tenore iheskor hori da Gezalak betiko geldiarazi nahi izan zuena margolanean, hots, denboraren joana, nola den-dena istant batean desagertzen den, nola desegiten den ezagutu dugun mundua.

 

 

8

 

Txomin Letamendi musikari esker sartu zen Manu Sotaren lagunartean. Zer ikusi zuten bestela eskriman eta golfean ibiltzea laket zuen gazte hark eta letoigile baten semeak?

      Musikak salbatu zuen Txomin. Ama bizi-alargun geratu zen haurrak txikiak zirenean —aitak ihes egin zien aztarnarik utzi gabe— eta amak okindegi bat zabaldu zuen Castaņos auzunean. Berak bakarrik atera zuen familia aurrera. Musikak salbatu zuen Txomin, berresten dut. Gaztetan atera zuen plaza Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta gauetan hiriko kafetegietan jotzen zuen. Halaber, Getxoko Club Nautikoan. Hantxe ezagutu zuten elkar Manu Sotak eta berak. Goizaldera arteko jaiak izaten ziren Nautikoan, nora biltzen baitziren Bilbo aldeko aberaskumeak, 20etako hamarkadan modan zegoen musika entzutera.

      Txomin Letamendik —Ikerne alabak esan zidanez— Elola Band taldean jotzen zuen tronpeta Conn Silver Trumpet, 1927 C.G. Conn Ltd. markakoa zen. Entzuna nuen tresna New Yorkera egindako bidaia batean erosi zuela Txominek. Pentsatu nuen hasiera batean Sotaren barkuetako batean itsasoratuko zela Txomin, beharbada Manuk berak lagunduta, adiskide giroko halako bidaia ero batean. Alabaina, Amerikako Estatu Batuetako sarrera baimenetan ez da Manu Sotaren izenik azaltzen 1938 urtera arte, eta tronpeta 1927koa da, hamabi urte lehenagokoa, Gezalaren koadroaren eta Ibaiganeko jaiaren urte berekoa.

      Bada, 1927ko otsailaren 26ko jai hartatik ez zen hilabetea igaro Txomin Letamendi New Yorken lehorreratu zela. Haren izena dator Estatu Batuetara sartzeko urte hartako bisa batean, honako beste hauekin batera:

 

            Antolin Elola Albisu

            Pablo Elola Albisu

            Ubaldo Gimenez Castro

            Julian Reina Gras

            Domingo Letamendi Murua

            Jacinto Lopez

 

      Antonin Elola eta Pablo Elola izenekin batera Txominena agertzeak ohartarazi zidan, horiek guztiek osatzen zutela Elola Band izenez ezagutzen zen musika taldea. Koadroan eskailera azpian jotzen ari direnak, beraz, horiexek dira. Amerikako Estatu Batuetako migrazio agirien arabera, 1927ko martxoaren 27an New Yorken porturatu ziren Bilbotik martxoaren 3an abiatutako Alfontso XIII ontzian. Barkuko langileen zerrendan daude izen-abizenok, eta beraien eginbeharra ere agertzen da ingelesez jarrita: musician. Alegia, ozeanoa zeharkatzen zuen barku hartako musika taldea zen Elola Band, girotu egiten zituzten lehen mailakoen gau-jaiak. Trukean, doan egingo zuten New Yorkerako bidaia.

      Entzuna nuen, era berean, egonaldi hartan Carnegie Hall aretoan izan zela Txomin, eta han lehiaketa batean parte hartu zuela, nonbait polka partiturak lehen begiratuan interpretatzen. Alta, Carnegie Hallera idatzi nuelarik informazio eske, Rob Hudson izeneko gizon atsegin batek ihardetsi zidan han ez zutela Letamendiren notiziarik eta gisa horretako norgehiagoken berri ere ez zuela idoro artxibategian, baina bai bazekiela, Conn konpainiak egiten zituela horrelako lehiak eta litekeena zela Letamendik Conn tronpeta berri hori, erosi ordez, markak berak antolatutako txapelketa batean irabazi izana.

      Txomin Letamendik aldean eramango zuen aurrerantzean Conn tronpeta hura, bizi osoan.

 

 

9

 

Helduarora iritsitakoan haurtzaroko paisaietara joanez gero, ohartzen gara ustez baino txikiagoa dela dena, garai batean itzel ikusten genuena metro gutxi batzuetara mugatzen dela orain. Gauza bera gertatzen da antzinako tokiekin. Egia esan, Karmele Urrestiren etxeko unibertsoa oso urria zen. Ontziola Artibai ibaiertzean, haren gainean Mutrikurako errepidea eta Bloemeneko arrain kontserba fabrika. Eta errepideaz bestaldean, Antsosolo etxea eta Karmenen eskoletarako eraikina. Dena pauso batzuetara.

      Horixe zen Karmele Urrestiren mundu txikia. Gaztetan, Anita ahizparekin batera errepidean gora paseatzea zuen gustuko, Arrigorri zeritzon talaiaraino. Aitaren toki maiteena zen hura, bertatik ikusten zituen arrantza ontziak badiara sartzen. Arrigorriko bidearen erdialdean, Txori-erreka parean, bazegoen pretilean egindako harrizko banku bat. Ez zegoen herriaren ikuspegi hoberik ilunabarrean. Urresti ontziola, ibaiko hiru zubiak eta eguzkia sartzen Oiz mendiaren magalean. Elizako ekialdeko horma parez pare dago eta harrizko irudiak ikusteko tokirik aproposena da. Erdiko arrosa-leihoaren gainean, hareharrizko baranda batean, hamabost irudi daude, nolabaiteko “apostolu zibilak”, errege-erreginak, nobleak, musikariak dira gehienak. Ez dute zerikusirik elizako gargola beldurgarriekin, Erdi Aroko bestiarioetako animalia fantastikoekin. Ilaran daude, dirudienez, itsasora doazen txalupei agur egiten. Hamaikagarrena, ia eskuin muturrean dagoena, inudea da, baxua, lodia eta bular handia. XV. mendeko irudigileek trufa egiteko jarri zuten bertan, inude jatuna, Brueghel Zaharraren koadroetan bezala, non baserritarrak era komikoan margotzen diren nobleziaren barregarri. Dena den, gauzak nola diren, herriko arrantzaleek inude hura zuten gogokoen, ez zitzaien barregarri iruditzen ederra baizik, eta hari eskatzen zioten arrantza, itxuraz konfiantza gehiago zuten berarengan, aberats edo erlijio gizonen irudietan baino.

      — Badakizu zergatik dudan hain gustuko toki hau? —esan zion Anitak Karmeleri bankuan eserita zeudela—. Amak bularra hemen ematen zigulako.

      — Eta nola dakizu zuk hori?

      — Gogoratu egiten naiz.

      — Bai zera! Nola gogoratuko zara!

      Karmelek ez zuen sinesten gauza horietan. Zientzialari baten adimena zuen, eszeptikoa zen, aita bezala. Baina Anitaren kontuekin ezin uka zalantza puntu bat izaten zuenik. Hain ziren desberdinak ahizpa biak. Karmele lerdena zen, bere buruan segurtasun handikoa, zuhurra. Anita onbera zen, alaia; begi bat nagia zuen, eta horrek are maitagarriagoa egiten zuen.

      Bankuko harrien artean sugandila bat agertu zen halako batean. Karmelek, bizi, harrapatu egin zuen, eta eskuetan zuela esan zion ahizpari:

      — Zuk, hainbeste maite dituzunez ipuinak, ba ote dakizu zer gertatzen den sugandila kolkotik sartuz gero?

      — Zer? —Anitak, ikara apur batekin.

      — Bada... sabeletik txanponak ateratzen direla. Zatoz hona, aproba egingo dugu.

      Anita bankutik altxatu eta korrika joan zen etxera bidean. Karmelek atzetik segitu zion barreka, sugandilaz ikaratzen.

 

 

10

 

Sugandila batek harrizko hormako zuloren batera sartzean egiten duen hotsaren antzekoa atera zuten norbaiten urratsek Karmele eta Txomin Ravelen hilobiari begira zeuden bitartean, pentsakor, bakoitza bere gomutatan. Manu Sota zen. Beso bana bikote gaztearen sorbalda gainetan pausatu eta esan zien:

      — It is time to go. Parisera itzuli behar dugu.