Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

28

 

Loaldi sakonean zen Luis, Martinek auto baten atea ixten entzun zuenean. Estropezuka hurreratu zen leihora. Jaime Zabaleta ikusi zuen Seat 1500 beltz baten barnean egokitzen. Gendulain kapitaina gero, jeeparen motorra arrankatzen. Goñik atzealdeko bidoi baten azpian kokatu zuen maleta. Izpi batean gertatu zen dena, amets batean bezala.

      — Gora, Luis! Esna hadi! Bazoazak!

      Auto beltza fite desagertu zen bistatik. Astiroxeago Gendulainek gidatzen zuen jeepa. Gaua joana zen baina eguna argitu gabe zegoen artean.

      — Jode, lo geratu gaituk!

      Erdi jantzian, sukaldera jaitsi zen Luis. Gosalduta zegoen izeba Paula. Martinek eskaileretatik aditu zuen haien arteko elkarrizketa.

      — Garai batean gustura joaten zinen ba Jurramendira —ari zitzaion ilobari—. Aitari ilusioa eginen lioke zu gurutze-bidean ikusteak.

      — Baina...

      — Ez daukazu mezetara zertan lagundu. Zortziak aldean abiatuko gara. Nire gelako azken tiraderan izanen duzu zuretako moduko txapel gorriren bat.

      — Unibertsitateko lan bat amaitzen ari gara...

      — Arratsalde pasa egitera, bederen, etor zaitezke Lizarrara. Girorik ez da faltako. Jatekoak eta edatekoak, musika eta dantza.

      — Goiz esnatu gara lanerako, izeba. Beharbada Martinek lo egin nahiko du arratsaldean.

      — Aitzakiak!

      — Ez dizut ezetzik esan...

      — Tira, banoa. Prest duzue kafea. Eta gosaldu ondoren txukun utzi dena, ez dut nahas-mahasik kausitu nahi gauean.

      Atalasean geratu zen Luis izeba Paulak kalerako langa igaro arte. Martinek zapi berdea paratu zuen orduan goiko leihoan.

      — Laster azalduko dituk Pete eta Salvatore.

      — Kafea hartzeko astia badiagu oraino.

      Kezkatuta zegoen Martin, Zabaletaren txaletetik atera ziren unean berean ikusi ez zituelako. Loreontzian ote ziren giltzak? Bi autoetan alde egin bazuten, etxea hutsik egonen zela ondorioztatu zuen. Gauzak horrela egitearen arrazoia zein izan zitekeen hausnartzen ari zelarik jo zuten atean. Hemen dira!

      — Egun on —esan zuen Luisek—. Kanpoan al zineten?

      — Bai, horiek alde egin zain.

      — Ez al duzue Agoitz kalean aparkatu? Ikusi egin zaituztete agian...

      — Hi! Profesionalak gaituk! —garbi utzi zuen Domezainek—. Segitu ere egin ditiagu, eta ez dituk ohartu. Jeepak Belosoko aldapa hartu behar zuela ikusitakoan itzuli gaituk.

      — Eta Seat 1500 beltza?

      — Aranguren alderantz.

      Bi kotxe, bi bide; ihes egiten zion zerbait bazela aitortu zuen Martinek bere kolkorako.

      — Goazen! Giltzak loreontzian ote diren begiratu, eta barrura! Zuek non duzue zuen jeepa?

      — DKV batean etorri gaituk —erantzun zion Petek.

      Txaletak bereizten zituen arbolaren eremutik igaro zuten hesia. Loreontziaren azpian ez zen giltzarik, ordea. Martinek sotoko atera gidatu zituen lagunak. Heldulekuari tinko eutsita, gorputza bermatu zuen atean eta barrurantz bultzatu. Ezin ireki.

      — Lasciami! —baztertzeko agindu zien Salvatorek, eta inork ikusterik izan ez zuen moduan zabaldu zuen—. Eccola!

      Koadroak zeuden zokora hurbildu zen italiarra zuzenean. Aurreko egunean maindirea kendu zion artelana erantzi zuen berriz.

      — Ecco! Luini.

      Eta ondoko koadroaren gainekoa ere altxatu zuen, eta dena bilakatu zen poza haren aurpegian.

      — Il tuo Botticelli! —Domezainek zorionak eman zizkion adiskideari.

      Harrituta zeuden Martin eta Luis amerikarren emozioaren aurrean. Koadro zahar batzuk besterik ez ziren, inor gutxik zituenak faltan, eta okerragoa zena, itsusi mortalak. Zenbat horrelako Nafarroa osoko eliza eta komentuetan! Ez zuten ulertzen zer balio izan zezakeen pieza haiek, ezta norbait egon zitekeenik ere dirua ordaintzeko pronto haiengatik.

      — Arduratuko zarete gero koadroez —esan zien Martinek—. Orain goazen gora, ea tramankuluak bere lana egin duen.

      — Salvatorek lagunduko dik —Domezain ez zen artelanak zeuden zokotik higitu.

      — Hi ere gera hadi hemen —agindu zion Martinek Luisi, ordurako ez baitzen ezertaz fio.

      Zuhurki igo zituzten sototik sukaldeko biltegirainoko eskailerak. Tranpola gora pusatu eta espero zuten isiltasuna zuten zain. Ez zegoen inor. Zainak airean jo zuten sinfonierraren gelara. Bi ohatzeak deseginda zeuden. Martinek bigarren tiradera zabaldu zuen: hutsik zegoen! Hirugarrena ireki zuenean ezin izan zuen irria gorde. Presaka zabaldu zuen izara nahasien gainean hain emeki pausatu zuena.

      — Hori duk eta!

      Sorta bati heldu zion, billeteak gezurrezkoak ez zirela sinestea ezinezkoa iruditurik. Anartean, Salvatorek erauzia zuen tramankulua altzaritik. Sinfonierra larunbat goizean aurkitu moduan utzi zuten gero, paretaren kontra txukun. Maleta eskuan, Martinek azken behakoa eman zion gelari. Tramankulua aldean zeraman Salvatorek, ozta-ozta sartu zuten tranpolatik behera. Eskaileran ilunpea egin zenean, estropezu egin zuten bi gizonek, italiarra bide erdian gelditua baitzen.

      — Il tappeto! —gaztigatu zion.

      Den-dena ezer gertatu ez balitz bezala utzi nahi bazuten, tapizak estali behar zuen sotorako tranpola. Tentu handiz ipini zuen estalkia Martinek, tranpola berriro itxitakoan nola geratuko zen asmatu ezin zuen arren.

      Pete Domezainek eta Luisek koadroak pilatzen ziharduten sotoko ate ondoan, maindireak eta guzti. Aurreko egunean baino gehiago zirela begitandu zitzaion Martini.

      — Dena ongi? —Martinek eskuan zekarren maletari so egin zion Luisek.

      — Hala ematen dik.

      — Pozik orduan —esan zion Petek.

      — Zuek ere bai, ezta?

      Domezainek koadroetako bat bakandu zuen sailetik eta Martini eskaini zion.

      — Hau ez da gure interesekoa.

      Martinek libre zuen eskuaz koadroa hartu eta Luisi eman zion. “Basiano” irakurri zuen sinaduraren tokian.

      — Bizkorrago ibili beharra dugu. Zabaletak giltzak eraman ditu, uste ez dugula ager liteke. Luis, hi joan hadi izebaren atarira eta handik zelatatu kalea. Nik lagunduko dizuet hau guztia DKVan zamatzen.

      — Tramankulua barne? —galdetu zion Petek.

      — Horrek bere lana egin du. Izan dadila gure oroigarria zuendako.

      Martinek ez zuen maleta une bakar batean askatu. Atea itxi behar zutenean, sotora itzuli zen, botila bat hartzeko eskailerapetik. Salvatore arduratu zen sotoko atea ixteaz, irekitzeaz arduratu zen trebetasun berberaz. Furgonetaren ondoan zen Pete Domezain, Apaiztegi aldera iritsi zen autobusari begira.

      — Mendira al doaz?

      — Mendi sakratura —irri batekin erantzun zion Luisek.

      — Karlistak?

      — Apaiztegian ez dira urri.

      — Arrivederci! —Salvatorek pilotuaren leihoko kristala jaitsirik agurtu zituen bi gazteak.

      — Zer plan duzue? —esan zuen Petek.

      — Ez dugu planik —erantzun zion Luisek—. Eta zuek?

      — Gu ez gara aspertuko —furgonetaren atzealdean zeukatena seinalatu zien.

      — Doike.

      — Plazera izan da —bostekoa eman zien Domezainek.

      — Hona bizigarri bat —Martinek armagnac botila atera zuen gibeletik.

      — Esker mila! Beti behar da gasolina poxi bat.

      Film baten amaieran bezala aienatu zelarik DKVa, Martin eta Luis izeba Paularen txaleteko hallean barneratu ziren.

      — Zenbatu al duk?

      — Nola nahi duk zenbatzea!

      — Ez al duk maleta zabaldu?

      — Dirua hor dela begiratzeko besterik ez.

      Pete Domezainek emandako koadroa egongela txikian utzi eta mahai gainean ireki zuten maleta.

      — Ostia! —Luisek burura eraman zituen eskuak.

      Hamar sorta zeuden, goma lodi banarekin loturik billeteak.

.      — Hasi zenbatzen —haietako bat bota zion Martinek.

      — Kopon! —Luisi eskuetatik ihes egin zion billete sortak.

      — Ez hadi urduri jarri, geureak dituk.

      Gomak askatu eta paperak haztatzen hasi ziren; Luis ahapeka, Martin isilean. Milako billeteak ziren, berri-berriak. Martinek bere sorta zenbatu eta beste bat hartu zuen. Luisek 150 ahoskatu zuen berea bukatutakoan.

      — Aski duk —agindu zion Martinek.

      — Hau al da nire partea?

      — Momentuz har ezak hori. Zor guztiak kitatu ondoan banatuko diagu gainerakoa. Pedrotxok ere izanen dik bere zatia. Joxemieli ere ordaindu beharko zioagu zurgindegikoarengatik.

      — Baina zein da Pedrotxoren partea? —kexatu zen Luis.

      — Ikusiko diagu.

      Martinek berak zenbatutako billete sorta patrikan sartu eta maleta itxi zuen.

      — Non gorde behar duk maleta?

      — Hi lasai, utzi niri.

      — Utzi niri, utzi niri...

      — Ez haiz esku hutsik geratuko. Dagoeneko zerbait jaso duk, ezta?

      — Hik nahi duana egiten diagu beti.

      — Baiki. Beraz, jantzi hadi txukun eta goazemak hemendik. Mugiroa ez duk bukatu.

      Etxetik pasatzekoa zen herrira joan aurretik. Irenek emandako paketea hartu behar zuen, eta diruz betetako maleta gorde. Kontuz ibili beharra zeukan.

      — Non daukak jeepa? —jaka urdinkara eta praka azulekin agertu zen Luis.

      — Horrela hoa? Falangista ematen duk.

      — Hiri zer inporta zaik!