Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

27

 

Whiskia edaten segitzen zuten errodajekoek Martin Mendi pentsioko tabernaren ataritik igaro zenean. Zaratarik egin gabe ireki zuen etxeko atea, zuzenean joan zen sukaldera irratiaren marmarra entzun zuenean. Galtzerdi bat saretzen ari zen Irene.

      — Honezkero afalduko huen.

      — Bai. Luisengana noa. Lan bat amaitu behar dugu.

      — Unibertsitatekoa? —gozotik saiatu zen.

      — Unibertsitateko ikasgaiekin ere zerikusia duena.

      — Gabon pasa, Martin.

      Gauerdia hurbiltzen ari zen, txaletera joateko tenorea. Pete Domezainekin egindako tratuaren berri Luisi nola emanen zion pentsatzen aritu zen Agoitz kalerantz gidatzen zuen bitartean. Ezustetik ezustera zebilen egun osoan. Domezainen ezkutuko nortasuna ezagutu zuen egun berean ama bilakatu zitzaion izeba. Zalantzarik gabe, azkarregi egin zuten txama Maisonnaveko lehenengo gauean, errazegi lortu zuten amerikanoen laguntza iruzurrak aurrera ateratzeko. Pedrotxo ez zegoen desbideraturik, Pete Domezainek trukean zer nahi zuen galdetu zionean. Baina jadanik ez zegoen atzera bueltarik. Tratua eginda zegoen. Naziek lapurtu eta Argaraiko txalet bateko sotoan bukatu zuten koadroena ez zen bere afera.

      Jeepa aparkatu eta Apaiztegitik hurbildu zen Baztan kalera. Argi apalegia ematen zuten farolek. Txakurra paseatzera ateratako gizon batekin gurutzatu zen. Luisen izebaren txaleta kalearen bestaldetik barrandatu zuen doiaz baino gehiago. Armadako jeep berri samar bat zegoen bi txaleten langen artean. Zapi berdea goiko leihoan ikusi arren, astiro eta ondoko etxebizitzari begira igaro zuen langa, zer gerta ere. Argirik ez Zabaletaren etxean. Barruan behar zuten Gendulainek, Goñik eta Zabaletak berak. Luisek ireki zion atea.

      — Izeba?

      — Ohean. Badaezpada ere abisatu zioat, unibertsitaterako lan baten karietara helduko haizela.

      — Ongi pentsatua eta hobeki esana.

      Goiko pisuan geratu ziren bi gazteak, argiak itzalita, leihoaren aurrean.

      — Iluntzean azaldu dituk hiru arranoak.

      — Zein ordutan edo?

      — Bederatziak irian. Lehenago agian.

      Bertatik bertara ikusten zituzten sotoko atea eta sinfonierraren logela pertsiana jaitsita.

      — Zer moduz eguna?

      — Tira, gorabehera batzuekin, baina ongi.

      — Domezainekin egon haiz?

      — Bazagok zer kontatua, bai.

      — Bota lehenbailehen.

      — Pete eta Salvatore agertuko zaizkiguk egunsentian.

      — Haiekin banatu behar al ditugu diruak?

      — Ez, ez ditek dirurik nahi.

      — Orduan?

      — Sotoko koadroak nahi ditiztek.

      — Kopon!

      Martinek hasi eta buka kontatu zizkion Josefarenean izandako solasaldia eta horren ondorengo tratua.

      — Eta hik onartu egin duk...

      — Zer erremedio.

      Isilik egon ziren tarte luze batez. Denbora egin behar zen, haria egiten den bezala. Ilargiaren argiari begira Martin. Kilkerren hotsari adi Luis.

      — Hik ba al hekien zerbait koadroei buruz? —esan zuen halako batean Martinek.

      — Heurekin sartu ninduan aurreneko aldiz soto hartan.

      — Kontatu didatenarengatik, hire aita ez zuan horien ibileretatik urruti ibiliko gerra garaian.

      — Ez zakiat. Aitaren kontuak Gendulainengandik zekizkiat. Ez nauk aitarekin ia egoten, izeba Paularekin bizi nauk hemen. Ehiza duk haren pasio bakarra. Nik dakidala, putetxeak ere arrotzak zaizkiok; tira, auskalo zer egiten duen ehiza larrietara joaten denean. Militarrekin ez dik txamarik egiten aspaldian. Hala uste diat behintzat. Gainontzean, ba hori, oraindik ere karlistatzat dik bere burua. Afaltzen ari ginela esan zidak izebak, bihar elkarrekin joanen direla Jurramendira.

      — Hona etorriko da orduan?

      — Ez. Sei eta erdietako meza entzuten dik Kaputxinoetan, eta hortik zuzenean joanen dituk Jurramendiko gurutze-bidera.

      — Esna al dago izeba?

      — Lo zagok, begiratu diat lehen. Seietan jaikiko duk.

      — Gauerdian itzali ditiztek argiak egongelan, eta jarraian piztu sinfonierraren logelakoa aurrena eta goiko pisuko erdiko gelakoa ondoren. Handik gutxira itzali dituk denak. Eta ondoren, deus ez.

      — Txandaka ariko gaituk.

      — Bai.

      — Hi deskantsaturik egonen haiz...

      — Ez uste —esan zuen Luisek—. Lotan nengoela zaratots batzuek esnatu naitek.

      — Hik ere entzun dituk tiroak orduan.

      — Nola dakik tiro hotsak izan direla?

      — Domezain eta Salvatore inguru honetan zituan tiroena gertatu denean.

      — Hara!

      — Italiarrak txaleta non den ikustera ekarri dik Pete —Martinek eskua eraman zuen sorbalda mindura—. Gizon baten atzetik ibili omen dituk Polizia Armadakoak.

      — Orduan zer —aharrausika hasi zen Luis—, nork egin behar du aurreneko txanda?

      — Neronek eginen diat. Bi ordu. Gero hik beste bi. Eta horrela etxetik irteten diren arte.

      Leiho ondora eraman zuen Martinek korridoreko aulkia. Zutik zegoenean baino baxuago egonda ere, neke handirik gabe zelata zitzakeen bi logelak. Ez zen sobera akiturik. Egiaren aitortzeko, adrenalina sobera zuen fundamentuz lo egiteko. Egun latza izan zen, eta bide beretik zetorren igandea. Baina Gendulainek, Goñik eta Zabaletak egunsentia baino lehen alde eginez gero, munta txikiko lana zirudien dirua eskuratzeak. Maleta atxiki, tramankulua atera eta sinfonierra aurkitutako moduan utzi. Arrunt erraza mekanismoak bere lana egina balu. Eta itxuraz egina zuen, isiltasuna eta normaltasuna besterik ez baitziren Zabaletaren txaletean, baita teilatuan zebilen katuarentzat ere.

      Zaintzaren asperduran, astebete eskasean izandako harat-honatak errepasatzeari ekin zion Martinek. Zerrendatu eta zenbatu beharra zeuden gastu guztiak. Uranga tailerrekoari zor ziotena salbu, gasolinaren diruarekin kitatuak zituzten gehienak. Gestoriak jeep berrien agiriengatik kobratuko ziena falta zen. Dena den, hartzeko zeukaten oraindik Remigiori estalpean sartu zioten kamioiaren ordaina. Par egiteko moduan zirela begitandu zitzaion. Eta maleta zegoen aparte! Zenbat diru ote zegoen barruan?

      Fonsecari pasatako gaztigua etorri zitzaion gogora. Ez ote zuen gehiegi arriskatu telefono deiarekin. Gizona ez zen fidatzekoa, eta hain zuzen horrexegatik ez zuen ergeltzat.

      Ordu bietan esnatu zuen Luis.

      — Altxa! Hire txanda duk.

      — Dios, gustura nengoan ba...

      — Dena lasai zagok.

      — Kilkerrak entzutera berriro...

      Luisek utzitako tokian etzan zen Martin.