Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

14

 

Generalisimo Franco etorbidearen akaberan utzi zuen Luis, bi minutu eskaseko tartea zuen handik izeba Paularen txaleteraino.

      Martinek Pete Domezaini ulertu zionez, filmazio lanak ia akiturik ziren Burunda aldean. Kuartel hustu berrien inguruan filmatu beharreko eszena horrez gain, Ultzaman zerbait grabatzeko asmoa zuten, eta astebeteren buruan Patton-en produkzioak Erresuma Zaharra utziko zuen, bestelako pausalekuak helburu.

      Navas de Tolosa kalean aparkatu zuen jeepa, Hotel Tres Reyes parean. Leher eginda sentitzen zen, fresko behar zuen arratsalderako, baina bazuen zereginik aldez aurretik, sikiera hiru bat orduko loaldia kendu nahi zion egunari. Gasolindegikoak eguerdian egin zitzakeen, eta badaezpada ere Pedrotxorekin elkartu nahi zuen.

      Bederatziak laurden gutxitan sartu zen izeba Ireneren etxean. Zuzenean joan zen balkoi ondoko logelara. Oinutsik baina jantzita etzan zen ohantze gainean. Lo zerraldo zegoen San Nikolas elizako kanpaiek bederatziak jo zutenean.

      Ametsetan Pedrotxoren ahotsa aditzea iruditu zitzaion. Noiz? Noiz? errepikatzen zuen etengabe lehengusuak. Gero izeba Irenerena ezagutu uste zuen, eta tarte bat igaro zuen begiak zabalik, entzundakoa ez zela ametsa konturatu arte. Sukaldetik zetozen ahotsak, izebak eta Pedrotxok solasean ziharduten, sesiotik hurbil.

      — Noiz kontatuko diozu? Noizbait egin beharko duzu!

      — Hi ez hadi sartu horretan!

      — Baina jakin behar luke. Ez harritu dagoeneko zerbait sumatu badu.

      — Hi hago isilik, ez duk hire afera.

      Martinek eztarria garbitu zuen pasillora irtetean, horrek isiltasuna ekarri zuen sukaldera.

      — Egun on, bizkor etorri haiz —esan zion Martinek Pedrotxori, mahai gainetik piper-opil bat hartuta.

      — Eulateko tratanteak ekarri naik. Batere lorik egin al duk?

      Kikara bat bete zion kafe lapikotik izeba Irenek, zailtasunez tolesten zuen eskuin zangoa.

      — Zer duzu, izeba? Herren zabiltza.

      — Ez duk ezer. Estherri laguntzera joan nauk txaletera, altzariak mugitu behar izan ditiagu.

      — Mudantza egitekotan al da ba madrildarra?

      — Apetak! Sinfonier zaharra logela bateko bi oheen erdian nahi dik; pisua zuan oso eta, paretan kontra jartzean, gaizki neurtu eta aldakan jo naik. Pasatuko zaidak.

      — Zer asmo du ba madrildar horrek?

      — Ez zakiat ba. Sinfonierra bi oheen artean nahi zian, jakin ezak zertarako. Estherri neketsua egin zaiok oihal eta mihise guztiak atera, altzaria mugitu eta gero berriz dena txukun-txukun betetzea, eta halaxe...

      — Berriz joatekoa al zara Estherrengana? —jakin gosez ari zen Martin.

      — Bai. Maleta bat erosi eta eramatekotan geratu nauk.

      — Maleta bat? Madrilen ez al dago ba maletarik? —jakin-mina piztu zitzaion Pedrotxori ere.

      — Sinfonierrean libratu dugun apalean sartzeko modukoa erosteko agindu dio nagusiak. Han aritu gara Esther eta biok neurriak hartzen. Segituan joanen naiz, erosi eta Argaraira, Estherrek gaur bertan behar omen du-eta ditxosozko maleta hori.

      — Izeba, zu ez zaude inora joateko moduan herren horrekin.

      — Baina Estherrek maleta behar dik, arratsaldeko Baztanesa autobusean joatekoa duk, asteburua Almandozen familiarekin igarotzera. Madrildarrak jai eman ziok aspaldiko partez. Nonbait ez dik nahi inor etxean. Itxura denez garai batean Dibisio Azulean ibilitako lagun batzuekin dik juntadizoa txaletean.

      — Geu arduratuko gara maletaz, izeba.

      — Ongi da. Estherri gaztigatuko diot telefonoz. Zain izanen duzue. Ba al duzue dirurik?

      — Maleta bat erosteko lain bai —esan zuen Pedrotxok—, azken aldian asko garestitu ez badira bederen.

      Martin bizarra kentzen ari zen bitartean, aginduak eman zizkion ispiluan ageri zitzaion Pedrotxori.

      — Nik zereginak ditiat. Hire kontu maleta. San Lorenzon edo Kale Nagusian erosten baduk hobe.

      — Hire aginduetara —Pedrotxok agur militarra egin zion. Luis imitatzen ari zela iruditu zitzaion.

      — Baina... erosi bi!

      — Bakarrarekin aski dik.

      — Kasu egidak. Izan daitezela bi. Eta igual-igualak biak.

      Martin arropaz aldatzen hasi zen gelan, soldaduarenak erantzi eta kalerakoak jantzi zituen.

      Mesanotxeko kaieretik paper bat askatu eta izebak emandako neurriak apuntatu zituen Pedrotxok: 45 x 30 x 15.

      — Ordu bietarako San Lorenzoko Aterkian elkartuko gaituk —esan zion Martinek—. Ez, Aterkian ez, hobe Basotxoan; han utziko diat jeepa, eta ni garaiz iritsi ez banaiz, maletak atzealdean sartu eta zain gera hadi.

      — Hi baino lehen iritsiko nauk.

      — Beste kontu bat... Zer dakik kamioiari buruz? Mintzatu al haiz Remigiorekin?

      — Baiki. Atzo tabernara joan aurretik bere etxera joan ninduan. Kamiona ikusia zian ordurako. Badakik nolakoa den, ez huen batere harritu.

      — Eta?

      — Lotuta zagok.

      — Zenbateraino?

      — Gustatu zaiok. Akordio batera iritsiko gaituk. Lehenbizi atondu eta mendian probatu nahi dik kamiona.

      — Baina zenbat diru edo, hitz egin al duzue?

      — Ez. Erran dezala berak. Remigio ez duk sekula zekenkeriaren lagun izan.

      Martin ez zen arrapostuarekin kontent geratu, baina ez ziola garbian ezer aterako ohartu zen. Korapiloa egin zien zapata lokarriei.

      — Eta gure bi jeep berriak atontzeko zerbait pentsatu al duk?

      — Aurrena pintatu, ondoren zikindu. Orain ia distiratsu zaudek. Txapan kolperen bat ez litzaiekek gaizki etorriko. Bihar ez bada, igandean bertan itzuliren bat emanen zieat mendian.

      — Eta paperak? Gestoriara joan beharko da.

      — Matrikulak ongi gordeta ditiat. Gestoriakoa astelehenean lotzeko asmoa diat. Ez nikek aste oso bat pasatu nahi ibilgailurik gabe.

      — Norekin lotuko duk? Hartzarekin? Onartuko al du iruzurra?

      — Dirua usaintzen badu ez dik aitzakiarik jarriko. Judua beti judu. Hori bai, ez zaiguk debalde aterako.

      Martinek hasperen egin zuen Pedrotxoren sententziarekin, gastuen zerrenda etortzen baitzitzaion gogora etengabean, murriztu ordez luzatu egiten zena.

      Kalean, Pedrotxok San Anton aldera jo zuen. Martinek espaloitik segitu eta Kale Berritik zetorren andre bati erreparatu zion. Ezaguna egin zitzaion ibilera. Takoi puntadunak, tubo-gona urrekara, jaka estu bat, ile gorriak motots batean bildurik.

      — Hara! Egun on —agurtu zuen Giselek—. Amaitu al dituzue Urbasa aldeko lanak?

      — Goiztiar habil —Martinek patriketan zituen eskuak.

      — Errebisioa zaukaat. Badakik, Bermejo doktorea duk onartzen gaituen bakarretakoa.

      — Kafe bat hartzeko betarik?

      — Azkar bat, bai.

      Tres Reyes hoteleko kafetegian sartu ziren. Martinek atea ireki eta bidea eman zion Giseleri. Honek barreneko mahaietako bat hobetsi zuen. Tea eskatu zuen Martinek Giselerentzat, eta pilotari bat beretzat.

      — Gauean bisita izan genian berriz ere —esan zion Giselek—. Goñi lotinant-koronela. Ordu txikietan.

      — Bera bakarrik?

      — Ez, hiru zituan.

      Urbasatik asperturik alde eginen zuten Goñik eta gainerakoek. Putetxe batera joatea ere ez zen ezohikoa, baina zergatik Casa Marinarako joera hori? Bigarren aldia zuten aste berean.

      — Eta gaur ere itzuliko diren errezeloa diat. Goñik txanda gordetzeko eskatu zidaan. Lotsagabe zikina!

      — Zertan ote dabiltza?

      Kamareroa tea eta pilotaria prestatzen ari zen bitartean, Martinek kafetegiko ezkerreko zutabean finkaturik zeuzkan begiak.

      — Pentsakor habil azken egunotan...

      — Barka iezadan. Nire aferak... Ez dinat ulertzen militarren joera, Casa Marinara hain maiz...

      — Ezta nik ere. Txapelokerren eremua duk gurea. Eta sotanadunena!

      — Hiruretatik zein tokatu zain?

      — Goñi, berritsu hori.

      — Zer kontatu din ba?

      — Ezer berezirik ez, kalaka lizuna eta harrokeriak. Baina lotan geratu denean gauza bitxi bat atera zaiok: “Berdeei zentimorik ez”. Eta marmar batean segitu dik.

      Une batez isilik geratu ziren biak, nor bere kabutan. Neskak hurrupada luzea eman zion teari. Martinek ezin zuen asmatu zein kolorez margotuta zituen azkazalak. Giselek leihotik kanpora begiratu zuen, emakumezko dotore baten poltsari erreparatzeko. Martini xinaurriak iruditu zitzaizkion Giseleren paparreko orezta txikiak.

      — Gaur bisita eginen dizuegu guk ere —esan zion Martinek—. Lau izanen gaitun. Libre behar dinagu egongela txikia.

      — Egongela txikia? Zertarako?

      — Militarrak agertu aurretik bertan egon behar dinagu.

      — Inoiz azalduko al didak buruan jira-bueltaka darabilana?

      — Amerikanoekin joanen naun.

      — Hiru amerikar?

      — Domezain eta Salvatore delako bat, Luis eta biok. Lau.

      — Kuadrilla.

      — Presta ezan guztia Marinarekin.

      Martin mahaitik altxatu eta barrara hurreratu zen ordaintzeko asmoz. Bizkarra emanda zegoen zerbitzaria, kafetera ondoko zutabearen parean. Harriduraz egon zen begira barneko igogailuari. Zerbitzariak atetxoa ireki eta frijituz beteriko plater bat atera zuen barneko erretilutik. Gero, plater multzo bat sartuta igogailuan, goiko erretilua beherantz joan zen. Erdiko apalategian kroketaz mukuru ageri zen plater bat. Hura ere hartu eta barraren gainean utzi zituen bi platerak. Ondoren, zutabera itzuli eta pertsianen moduko uhal bati eragin zion.

      — Hau bai asmakizuna! —zerbitzariari ari zitzaion Martin. Lau ogerleko barraren gainean.

      — Hauxe da ba barratik mugitu gabe dena eskura izatea — txanponak batu eta platertxo batean itzuli zizkion bueltak.

      Giselek kafetegiko atea zeharkatu zuen. Gibeletik joan zitzaion Martin, orkatilei behatu zien aurrena, takoi altuen gainean lerden. Tubo-gona urrekarak estutzen zuen ipurdiari gero.

      — Beno, Martin. Alde egin behar diat, zain zaukaat Bermejo doktorea.

      — Gauera arte. Ez ahantzi egongela txikiarena.

      — Lasai, utzi niri.

      — Oso polit hago gaur. Ongi ematen din gona horrek.

      — Eskerrik asko. Baina hik... igo ezak praketako kremailera.

      Giselek alkandoraren lepoak txukundu zizkion.