Feriatzaileak
Feriatzaileak
2016, nobela
216 orrialde
978-84-92468-86-7
azala: Xabi Erratzu
Patxi Larrion
1964, Bergara
 
 

 

13

 

Lasaitu ederra hartu zuen Martinek, bertan behera geratu baitzen, inork zergatik ez zekiela, Goρi lotinant-koronelarekin eta Gendulain kapitainarekin bostetan egitekoa zen bilera.

      Goρi eta Gendulain zeramatzan jeepa mendaterantz urrutiratzen ikusi zuten denek.

      — Kopon! Badoaz arrain handiak...

      Gau itxia zen Alvarez sarjentua Olaztiko orubera itzulia zenean. Pete Domezainen eskariz, azkonarrak bi ordu eman zituen zabalgunearen sarreran geldirik, ez figurante ez deus ere. Udaltzain lanetan ipini zuten hondarrean, sarbidea galarazten filmazioa ikustera Sakanatik zein Estellerritik hurbildutako begiluzeei eta kazetariei. Zegoen tokitik metro bat higitu gabe, sugarrak ikusiko zituen, bai, baina aski urruti, ezin antzemateko moduan erretzen ari zirenak ez zirela ibilgailu baliosak, txatarretarakoak baizik.

      Adrenalinak eta cognac petakak mantendu zuten Martin ernai. Luis, aldiz, zurrunga ari zen jeeparen atzealdean. Iruindarrarentzat noiznahi zen ordu egokia lo kuluxka bat egiteko, eta bazuen motiborik. Ilunabarrean, gaueko filmazioa hastear zela, goizean ezkutatutako tresneria jeepean sartu eta Arrizurira eraman zuen Pedrotxo, jukutriaz ebatsitako jeepak ziren tokira. Trepetak han gorde eta Eulate eta Aranaratxe artean utzi zuen Martinen lehengusua. Limitacionesko errepidea ibili zuen Ameskoatik itzultzean. Lasai egin zuen bidea jeeparen fokupean itzalekin jolasean zebiltzala ziruditen zuhaitzen pean. Tarteka, joale hotsak zekarzkion gauak. Maiatzaren lehena izaki, eta osteguna gainera, hutsa zen guardia zibilekin topo egiteko aukera.

      Pete Domezain, erretako ibilgailuen eremutik aski hurbil, heldu berria zen Patton jeneralarekin hizketan ari zen. Martinek zuhurtziaz zelatatzen zituen aparte batetik. Petek jakinarazi zionez, George Scott aktoreak egunsentiko eszena errodatu behar zuen. Martinek ez zuen betarik galdu protagonista aldendua zela ikusi zuenean.

      — Dena ongi? —Domezainek ez zuen soa altxatu bere libreta gorritik.

      — Hala dirudi. Ba al duzu Iruρera nola itzuli? —bere burua eskaini zion Martinek.

      — Presaturik al zabiltzate?

      — Tira, premiazkoa bada, egonen gara zure zain.

      — Nahi duzuen bezala. Scotten eszenak ez dik luze joko. Baina edonork eramanen naik. Ez diat zeregin handirik, libre nagok arratsaldera arte.

      — Zer esan nahi duzu, arratsaldean Iruρean filmatuko duzuela?

      — Bai, Kuartel Zaharraren kanpoaldean. Inguru hori Londres bilakatu behar diagu.

      — Lizarra kalea izanen da Londres?

      — Zuen mandoak horretan ere figurante moduan ibiliko ditiagu, gau honetakoan nonbait ongi pasatu ditek baina ez ditik asetu.

      — Pelikulan agertuko dira orduan Goρi eta Gendulain?

      — Horren ustean bidali ditiagu, errodatutako guztia filmean sartu ohi delakoan. Gizajoak!

      Domezainek libreta gorria itxi zuen, dena berak espero bezala gertatu zela adierazi nahian bezala, lan ongi eginaren atsegin seinale. Orduan galdetu zion Martini:

      — Zuek zein ordutan etorriko zarete?

      — Egiteko gehiago ba al dugu ba arratsaldean? —harritu egin zen Martin.

      — Derrigorrez agertu beharko duzue, ez zarete Salvatorerengandik horren erraz libratuko.

      Domezainen oharpenak ezustean harrapatu zuen Martin, ahaztuta baitzuen italiarra. Emandako laguntza eskertzeko manera bilatu beharko zuen, gehiegi zekien Salvatorek, eta isiltasunak bere prezioa du.

      — Arratsaldeko seietan agertuz gero, ongi. Salvatorek garaiz amaituko dik. Eta nik iluntze aldera.

      — Gurekin batuko zara gauean?

      — Filmazioan eragozpenik sortzen ez bada, bai.

      — Ados. La Campanara eramanen dugu Salvatore, goza dadin Josefaren jakiekin.

      — Eta gero? —Petek beste festa klase bat zeukan gogoan.

      — Casa Marinara?

      — Ez nian besterik espero.

      Pete Domezaini agur egin eta jeepa aparkatuta zegoen tokira hurbildu zen Martin. Eskuak poltsikoetan, patxadaz ikuskatu zuen soilgunea bertatik. Txatarra kiskalietako bati eman zion begia. Teknikariek Pedrotxoren jeep zaharraren inguruan ziharduten prestatze lanetan. Egunsentiarekin batera grabatuko zen hurrengo eszena, antza.

      Martinek jeepa martxan ipintzeaz batera esnatu zen Luis.

      — Akabo?

      — Itzultzeko tenorea, adiskidea. Goazemak Iruρera. Jarri aurrean, egunak ez dik zabaldu oraindik eta ez diat bidea hire zurrungen sinfoniarekin egin nahi.

      Luis agondu eta kopilotuarenean eseri zen. Alferrikakoa izan zuen cognac petakatik edateko ahalegina, Martinek hustua baitzegoen.

      — Ezer aipatu al dik Pedrotxok? Iruρera etortzekoa duk, ezta?

      — Bai. Ez zakik noiz, baina paperak egin ezean ezin dik jeep berria erabili.

      — Moldatuko duk. Eta hik zer asmo daukak? Fresko egon behar duk gaur arratsalderako.

      — Zer dugu ba arratsaldean?

      — Londresera goazak! —irri egin zuen Martinek, gau osoan aurreneko aldiz.

      — Ez adarrik jo niri. Akituta nagok...

      — Kuartel Zaharraren inguruan filmatu behar ditek. Lizarra kaleak Londresen itxura hartuko dik. Eta gero Salvatoreri gorazarre eginen zioagu.

      — Zer merezimendu du horrek?

      — Libertimendu pixka batekin ordainduko zioagu konplizitatea. Gehiegi zakik, ezin diagu erabat bazter utzi, zer gerta ere.

      — Kopon! Garesti ateratzen ari zaizkiguk zorioneko ibilgailuak.

      — Eta gainera, Domezain batuko zaiguk Casa Marinara joateko. Hik ere ez duk okasioa galdu nahiko...

      — Nondik aterako ditugu hori guztia ordaintzeko sosak? Ni lumatuta nagok.

      — Utzi niri.

      — Bai, beti bezala.

      Buruz zerrendatu zituen Martinek ordura arte egindako gastuak. Urangak jasoa zuen eskatu zizkien 40.000 pezetetatik erdia pasa, lotuta zeukaten Olaztikoa, gainerakoa ahal zuten moduan eta tenorean emanen zioten. Horrez gain mila bat ogerleko xahutuak zituzten La Campanan eta Casa Marinan, eta beste horrenbeste beharko zuten Salvatore eta Pete berriz limurtzeko.

      Luisek, begiak itxita ere, purrustaka segitu zuen:

      — Orain arte dena gastua duk, motel. Eta aitabitxiak utzitako dirua heldu den astean bertan berdindu beharra diagu La Vasconian.

      — Utzi niri.

      — Doike. Baina... Remigio horren kamioiarena ez diat garbi ikusten.

      — Hi egon hadi trankil, Pedrotxok agudo lotuko ditik horri dagozkionak. Eta ahaztu aitabitxiak utzitako diruak, berantenez astelehenean izanen gaituk sosak bueltatzeko maneran.

      — Hik esanen didak nola.

      — Ez al dik Pedrotxok deus aipatu? Geure kabuz lortu ezean, hark aurreratuko zizkiguk hiru mila ogerleko horiek.

      Hasperen txikia egin zuen Luisek. Bazirudien loak hartuko zuela edozein unetan, baina berriro zalantzak agertu zitzaizkion:

      — Egin kontuak, Martin. Ez diagu ia ezer irabaziko.

      — Zer gehiago irabazi behar duk? Hik jeep bat daukak orain! Eta zer heukan lehen?

      — Bai, jeep bat... Urbasan... lona baten azpian. Hirekin erdi bana! Kopon!

      — Jarri ezak burua lanean, alfer hori. Gu biok jeep eder batean Nafarroan barrena...

      — Hirekin? Ezta zepelinduta ere! Lehenago aurkituko diat neska pertxenta bat.

      Gorritzen sumatu zuten ortzimugako zerrenda morea. Egunsentiko lehenbiziko argiek Beriaingo tontorraren silueta erakutsi zieten. Beherako bidean, bere aldeko leihoa zabaldu zuen Martinek. Fresko zetorren eguna, usainean zen ezagun.

      Sakanara jaitsiak ziren. Gero eta gertuago zituzten etxeen itzalak. Martinek abiadura moteldu eta ukondoa sartu zion saihetsetan lozorroan eroria zen lagunari:

      — Kasu horiei!

      Aurrean gertatzen ari zenaz ohartarazi zuen Luis. Arbizu pareko bidegurutzean bi soslai antzeman zituzten, bi gazte, itxuraz. Lizarrengo bidegurutzeko etxera iristerako aienatu egin ziren biak; amaitu ez zuten pintada bat egiten ibiliak ziren, nonbait, horma zurian: GORA Dn CA irakurtzen ahal zen.

      Arruazura iritsi zirenerako zurrungaka ari zen Luis. Irurtzun igarota, Saratsa aldean, Iruρeko argiak sumatzen ziren, oraindik itzaltzen hasi gabeak. Martin nekea nabaritzen hasia zen, ia 24 lau orduz matrakan eta amarrutan. Saihetsetan sartu zion berriz ere ukondoa Luisi.

      — Non oheratuko haiz?

      — Utz nazak Argarain, izeba Paularenean. Hor ez naik inortxok molestatuko.

      — Baina gasolindegitik ere pasatu beharko diagu, ezta? Noiztik ez gara han izan?

      — Astebete edo. Hango irabaziak La Campanan eta Casa Marinan xahutu genitian.

      — Gaur ostirala duk...

      Gasolindegiko kobrantza ostiraletan egin ohi zuten, iruzurra egunerokoa bazen ere.

      — Bai, baina zer nahi duk, orain kobratzea? Atzoko zerbitzua egin gabe zagok.

      — Arrazoi daukak. Eguerdirako utziko diagu.

      — Heuk egin beharko duk. Nik ezin diat gehiago, porru eginda nagok. Aski diat arratsaldean Londresko filmaziora agertzearekin.

      — Orduan, lotara joan aurretik, zerbait janen diagu orain.

      — Akort, egarri nauk!

      Gola hotelaren parean nekeak gain hartu behar ziola nabaritu zuen Martinek. Jeepetik jalgi ziren, eta ilunpean hildako errinozero bat bezalakoa zela iruditu zitzaion. Gola hotelean kamioilariak ziren nagusi. Barraren ezkerraldean txapeloker batzuk ere baziren.

      — Bi arrautza eta txistorra, faborez. Edateko, ardo bana.

      Martinen eta Luisen basoak betetzen ari zela, zerbitzariak agur egin zien guardia zibilei. Hiru ziren, bi gazte eta zahartxoago bat, gasolindegiaren eremura abiatu zirenak.

      — Ezagunik? —Luisek ura bezala edan zuen ardoa.

      — Zaharra. Hik ere baduk horren aditzea.

      — Militarrak bai, baina txapelokerrak ez dituk sekula gure familian laketu.

      — Gogoratu... Aste Santua... Urbasa... Argiturriko langa...

      — Ostia, hori al da kabroia?

      — Horixe bera.

      Fonseca zen guardia zibila, Eulaten sei bat urte eman ondotik bertako batekin ezkondu eta, muga aldera, Luzaideko kuartelera lekuz aldatu zutena. Baina ez zuen Ameskoarekiko lotura eten, Aste Santuko enkontrua lekuko, Fonseca harexek eraman zuen-eta Martinek eta Pedrotxok perretxikoz betetako otarretako bat.

      — Ez al dabil mugatik urruti?

      — Kabroi hori aski libre ibili izan duk beti. Noiznahi egoten duk Ameskoan. Auskalo zertan dabilen orain.

      — Negozioak...

      — Pedrotxok jakinen dik agian. Galdetu egin behar. Tira, mugi gaitezen, Argarain utziko haut, bestela hementxe hartuko hau loak.

      — Ezetz asmatu norekin amets egin nahi nukeen?