Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Izar ozenak

 

 

 

No sólo de amor,

del aire también se vive.

Rafa Berrio

 

 

— Hasieratik ohartu ginen Bidarte ez zela hona datozen besteak bezalakoa.

      — Marmokarik ba ote zegoen galdetzen zuen etengabe, eta guk ezetz esanagatik ere, hura konformatzen ez...

      — Ez zen sekula uretara sartzen...

      — Harik eta behin baietz esan genion arte, egun hartan bazirela ale batzuk eta ibiltzeko tentuz.

      — Ez du geroztik irribarrea erantzi. Leku honek hori dauka. Ardo zuria eta jende zoriontsua ekoizten ditugu: ekoizpena mugatua izatea...

      Bidarteren bila etorri naiz irla honetara. Urmaelaren erdian botatako hurritz hostoa ematen du hegazkinetik, bi karrileko errepidea izaki irla erdi-erditik zeharkatzen duen zain bakarra, kostako herrietaraino iristen diren bide estuagoetan adarkatzen dena, tarteka. Hostoaren puntako hortzadura osatzen duten labarretara iristeko erarik onena itsasontzia dela iradokitzen dute beste gune ez hain populatuek. Edo hori, edo bidezidorra. Labar horietako batetik hurbil bizi da Bidarte. Idazlea da, edo idazle izandakoa. Argitaratuko didaten gauza segurua ez den arren, hari elkarrizketa egitea da nire asmo bakarra hemen. Oraingoz, ordea, irlako jendearen kontuak baino ez ditut bildu. Bidarte ez da inon ageri.

      — Alkandora erantzi eta uretara jauzi egin zuen arroketatik, birritan pentsatu gabe.

      — Lehen aldia zuen, baina umetatik besterik egin izan ez balu bezalaxe murgildu zen. Bidartek bazekien non zapaldu eta nondik sartu.

      — Hegan egiteko modu motelago bat da igeri egitea, bazenekien? Jende apalak hegan egiteko daukan modua.

      — Bidartek, besteek ez bezala, heltzea nahi izaten zuen. Marmokek, esan nahi dut.

      Pipari tiratu dio marinel zaharrak, eta euren printzekin istorioa biribiltzen lagundu dioten kideei begiratu die konplizitate bila, denak kontakizunaren partaide bihurturik, nire harriduraren bila edo errendizio eske.

      — Ez zuen beti lortzen. Badakizu gauza horiek nola suertatzen diren: arriskuari dei eginez, arriskuak ihes...

      — Mendizaleekin askotan gertatzen da: buruarinenak eta arduragabeenak, haiexek elur jausietatik salbatzen direnak. Edo itsasoan: ekaitzaren bihotzera jakinaren gainean doazen suizidekin barkaberatasun arraro samarra erakutsi ohi du Poseidonek.

      — Menditarra zaitugu zu, ala kostaldekoa, andereño?

      Zurrumurru asko zeuden Bidarteri buruz, aukeran eta denen gusturako, nahi hainbat. Entzunda neukan lehendik pozoiaren kontua. Hiriburuan ere hitz egiten zen horretaz, marmoka batek heldu zion egunean ia hogei ordu eman ote zituen aulkitik altxa gabe Urpeko lorategia idazten, sukar batean, eta bere bizitzako libururik ezagunena sortzera eraman zuen inspirazio oldarraldi hura marmokaren ausikiari atxiki ote zion berak. Geroztik, ziztada bila joango zen egunero, hutsik egin gabe, beste batzuk basamortura peiote bila edo aldirietako ijitoen txaboletara zaldi dosi eske joaten diren gisa berean. Izaki mitologikoa ere bada marmoka, musen esparrutik sobera urruntzen ez dena. Baina pozoiaren kontua ez da oso sinesgarria, mito hutsa ziurrenik, edo, behintzat, ez zion aldi hartan baizik funtzionatu, hamar urte baino gehiago baitaramatza Bidartek lerro bat bera ere argitaratu gabe.

      — Elkarrizketa bat egin nahi diozu? Bainujantzia ekarriko zenuen orduan, ezta?

      — Igerian iritsi behar da Bidarterengana, ala?

      Adarra jotzen ari zaizkidala uste dut. Eta ari zaizkit. Baina ez hainbeste, ez erabat, ez hori bakarrik.

      Kalako arrokak seinalatu dizkidate. Urak estalitako arrokak, marea goian dela ikusten ez direnak. Igerian baino ezin bertara ailegatu. Behin hara iritsirik, jendea bertan eseri edo zutitzen da, atseden hartzeko, jolas egiteko, kontenplaziorako edo txipli-txapla tertuliarako. Eserleku naturalak dira putzuaren erdian, eta badute xarma naturaz gaindiko bat ere: bertan zutik ipintzen dena uraren gainean oinez dabilen irudikeria sortzekoa urrunetik so egiten duenari. Norbait zutik, itsasoaren erdian iltzatuta.

      — Asteazkenero-asteazkenero kasinoko lagunekin elkartzen da arroka zapal horretan. Beste askotan bakarrik egoten da, bizar zuriari hazka, eguzkipean.

      Harritu egin nau horrek apur bat, argazki guztietan bizarrik gabe eta ilea beltz agertzen baita Bidarte, baina jakina, aspaldiko kontua da hori. Bere bizilekua non dagoen galdetutakoan ez dit inork garbi erantzun nahi izan. Hatzarekin soilik seinalatzen didate bidea, puntu kardinal lausoa, inoiz helbide zehatzik eman gabe. Herri txikietako portaeratzat jo dut argibideak emateko modu izu-mutu hau. Ezin hatz haien arrastoari segika etxerik topatu. Mendia soilen den lekuan amildegi ertza seinalatu dit norbaitek, krimenaren lekurantz egiten duenak legez, eta bertan, zaldi-xenda harritsuan tarte batez oinez ibili ondoren, bidea makotu egiten dela jabetu naiz. Hari segika, hasierako puntu berberean amaitu dut, baso ttipi batean. Eta han ez dago jada nori galdetu. Itsaso parean aire zabala ia latitude guztietara hedatuagatik, irteerarik gabeko kalestu batean sentitu naiz. Existitzen da klaustrofobia espazio irekietan ere. Eta ez naiz zehazki agorafobiaz ari, naturako elementuak irteerarik ezagutzen ez diogun labirinto bat bezala antolatuta daudela ohartzen garen une beldurgarriaz baizik.

      Haur bat inguratu zait hondartzan: jartzeko karakola belarri parean.

      — Zer entzuten duzu?

      — Itsasoa.

      — Baina ez da kanpoko berbera. Karakola kanpokoa bat da, eta barruan entzuten dena beste bat. Bi itsaso ezberdin dira.

      Gero, karakola hartu eta lasterka alde egin du.

      Zerbait afaldu ote dezakedan galdetu dut herriko taberna bakarrean.

      — Ez eskuarki.

      Ez eskuarki. Hori esan ondotik, nire durduzadura artean gainditzeke, jabetu naiz mahaia otordua egiteko janzten ari direla.

      — Bakarra izango zara?

      Adarra jotzen ari ote dira berriz? Pribilegiotzat hartu beharko, zer erremedio. Adarra jotzea pribilegiotzat hartu, eta inork mokadu bat eskaintzea ere bai. Ez didate zer aukeraturik eman: itsas trikuak eta olagarroa hasteko, San Pedro arraina gero, eta birigarroak sagar saltsan amaitzeko. Ez dakit nola moldatu naizen denak jaten. Postrerik nahiko ez dudala suposatu egin dute, ongi suposatu ere, eta kafea batere eskatu gabe atera didate mahai gainera, hutsa eta esnez lainotzeko aukerarik eskaini gabe, marinel saldoa begira dudala.

      — Caleta kafea da.

      Rona dauka eta azukrea. Ez dago txarto. Galdetzeko adorea eman dit.

      — Bidarte etortzen al da hona?

      Elkarri begiratu diote denek, erlojuaren orratzen norantzaren kontra, begiekin mandatu zirkular bat eginez.

      — Ez da lekurik aldrebesena hura topatzeko. Baina, aste honetan... Aste honetan ez dut uste etorriko denik.

      Kasinoan gosaldu dut hurrengo goizean. Zerbitzariak “musa eta musak!” bota dit, Bidarteri buruz galdegin diodanean. “Zer egun daukan, aizu: izan litezke musak lehenbizi eta musa gero”, errepikatu du, azalpen gehiago eman beharrik ez balego bezala, begia kliskatuz. Misterio handiz erantsi du: “Topatzen duzunean galde iezaiozu Picassoren lore sortarena”.

      Egunkarira deitu dut kasinoko telefonotik.

      — Beste egun bat beharko dut. Oso harrapatuta dabil itxuraz, oraindik ez dut hitzordurik lotu.

      — Zuk ikusi. Aparteko gauak zure patrikatik ordaindu beharko dituzu.

      — Lasai, aberatsa naiz: artikuluko ordaintzen didazuenarekin sobera daukat gastuetarako.

      Grapagailua zanpatuko banu legez zintzilikatu dut telefonoa. Betiko miseria. Caleta kafe baten premia. Eta edan ezina.

      Garraio publikoz heldu nintzen bezperan. Autobus zuzenik ez zegoenez, La Esparcidatik pasatzen zena hartu behar. Hirigunetik hamar minutura zegoen Cala Morelia, baina itzulinguruari esker hiru ordu laurdenera luzatzen zen bidea. “Paradiña bat egingo dugu lehenbizi La Esparcidan, eta gero Cala Moreliara” ohartarazi zidan autobus gidari baikorrak. Paradiña, hobe urdaila ongi asentatuta egitea, La Esparcidako hondartza nudistarainoko jaitsiera estua baitzen benetan; ezinezkoa ematen zuen autobus batek hain bihurgune traketsak hartzeko modurik izatea. Gidariak, ordea, ongi bai ongi ikasita zeukan bidea. Sei bider egiten zuen joan-etorria egunero: hiru aldiz goizean, beste hainbatetan arratsaldean. Horrenbeste nudista bazenik ere. Lan astun samarra zirudien, bereziki udako saparen erdian, baina tenple onekoa zen gizasemea, kexa fazialik gabe lan egiten zuen gizon saiatua, “baldin eta autobusa amildegian behera eroriko balitz inoiz, jakin dezala nik, behintzat, bere alde deklaratuko dudala epaiketan”, pentsatu nuen bihurguneetan nola asmatzen zuen ikusita.

      — Ondo samarrean lo egin duzu?

      Marinel pipaduna arrokak zaintzen ari da: mugituko balitz bakarren bat, berak luke harkaitzen dardara aktan jasotzeko ardura. Badiatxorantz seinalatu du. Soslai bat dago han argi-kontra. Gizon bat, arroka batean eserita.

      — Bidarte da?

      — Galdetu egiten duzu? Oraintxe daukazu okasioa.

      Bikinia janztea ahaztu zait goizean, baina ezin utziko diot ihes egiten txorakeria horregatik. Arroketako notarioak bere kabutan apuntatu duen zalantza une bat behar izan dut, barruko arropa, beltza dakardala gogoratzeko. Erantzi eta uretara sartu naiz, ez ziurrenik Bidarte bezain trebe (“umetatik besterik egin izan ez balu bezalaxe murgildu zen. Bidartek bazekien non zapaldu eta nondik sartu”), pipadunak masailen eta bekainen artean desagerrarazi dituen begi-lerro irribarretsuen onespenarekin. “Gutarra dun; gutarra haiz”, ulertu uste izan dut haren behako ezkutuan.

      Ez naiz bereziki iaioa igerian, eta bizkarrez azkarrago iritsiko nintzatekeela badakidan arren, nahiago izan dut bular estiloa, ez dut-eta Bidarte bistatik galdu nahi, etenik gabeko lotura bisuala idazleari dagoen lekuan eusteko garantia irmoa balitz bezala. Soslai horri begiradarekin lotzeak badu bere prezioa, jakina: ezin dut azkarrago igeri egiteko burua murgildu, nire bular estiloa zakur-txaplaren pare jartzeraino. Begira izan ditzakedan lehorreko marinelen zelatak lotsatuta —iruditzen zait dagoeneko ezin duela pipaduna bakarrik izan, hauek beti dabiltza taldean—, igeriketa txukunago bat galdatu diot nire buruari. Burua sartzen hasi naiz, tximak kiribildu eta urrituko zaizkidala jakin arren. Gazia da oso hemen itsasoa, eta betaurrekorik gabe ezin zabal ditzaket begiak urpean. Behingo batean, ausartu egin naiz, eta burua atera dudan unean jabetu naiz hutsik dagoela arroka. Berriro ere burua urpean murgildu dut, luzeago oraingoan eta begirik zabaldu gabe, nire buruari sinetsarazi nahian okertu egin naizela aurreko soakoan, lepoa bigarrengoz ateratakoan arroka berriro ere soslaidun topatzeko itxaropenez. Baina ez da halakorik gertatu. Bidarte ez dago. Arroka huts baterantz noa igeri. Ez dut, hala ere, buelta erdirik hartu. Bidarte zegoen arrokaraino iritsi naiz, duintasuna itxuratuz, han mezuren bat topatzeko itxaropenarekin. Alferrik, jakina.

      Erresuminduta ertzera itzuli naizenerako, ez dago inor begira. Badira hori bezain sentiberak marinel zaharrak. Lotsa pribatuki irents dezadan utzi didate. Irudipena, nire arropak, azkar kendu eta arroka gainean motroilo utzi ditudanak, txukunago ote dauden tolestuta, gertatuko zenaren jakinaren gainean zegoen pipadunaren kortesiaz. Orain bai, ez daukat zalantzarik: adarra jotzen ari zaizkit. Eta Bidarte tartean dago, duda gutxi horretaz. Edota, agian, Bidarte jada ez da hemen bizi ere egin, eta maskarada hutsa da hau dena, herri osoak parte hartzen duen pastorala.

      Kasinoan zeuden denak, pentsatzekoa zenez, musean. Usaindu egin dute nire purrustada, badute aurre hartzeko dohaina.

      — Bidartek gaur gauean hartuko zaitu bere etxean. Berak prestatuko du afaria, ongi iruditzen bazaizu. Pargoa gustatzen zaizun galdetu du. Ez da bixigua, baina badu bere puntua, maneatzen jakinez gero.

      Urduri eman dut arratsaldea, kasinoko mahai batera eserita. Egiteko neuzkan galderak ez zaizkit orain egokiak iruditzen. Isolamenduaz, Robinson Crusoe sindromeaz eta antzeko tokian topikoez galdetu asmo nion, zergatik apartatu zen mundu literario eta sozialetik, zergatik, hain zuzen, horren onarpen handia zuen garaian, halako gaitasun enpatikoa izanik jendearengana gerturatu eta haren idazkera gustuko ez zutenak ere xaramelatzeko. Kritika, publikoa, sariak... denak izan zituen alde. Goiz utzi zion enkarguak onartzeari, literaturatik osoki bizi zen egile bizidun gutxietakoa zen gure artean. Pribilegiatu bat. Mundu osoko azoketatik gonbidatzen zuten bere poemak eta narrazioak irakurtzera. Eta, gauetik goizera, desagertu egin zen. Uko egin zion elkarrizketak emateari, ez zuela gehiago deus argitaratuko ematen zuen, agortu egin zitzaiola bere obsesioen iturritik zetorren fikzio itxurako ale ederren emaria, egin —edo kometitu— zitzakeen errepikapenekin izutu egin zela, edo bere lanaz aspertu; literaturaren pozoian zuen fedea galdu zuen agian, edo, batek daki, egia zen beharbada marmokena eta ez zioten jada hozka egiten, haien pozoia zen falta zitzaiona. Ezin esan abisatu ez zuenik, Ni ere izan nintzen behin zarataren parte izeneko ipuina profetikoa zatekeen nolabait, Thoreauren Walden zoragarriari egindako omenaldia, txabolaren gaia hartuta idatzitako narrazio labur eta ezezagun samarra. Entzuna nuen Tom Waits bera, Kaliforniako landa eremuko herri ttipi eta ezkutu batean bizi zela; asfaltoko parrandak, kabareteko keak eta klubetako liskarrak aski dastatu ondoren hori ote, bada, gizakiaren patu saihetsezina? Erretiro bat aukeratu eta baztertzea, natura besarkatu eta elefanteen hilerrira borondatez isolatzea? Sasoi bat zio bakoitzarentzat eta ekiteko zio bat sasoi bakoitzean, hori zen dena, single eta aratz, beti errepikatzen zen paradigma bat? Horri buruz galdetu nahi nion, baina askoz gehiago ere bai, azken egunotan herritarren esamesak entzunda jabetu bainaiz pertsonaia literario gisako bilakatua dela nolabait Bidarte, herritarrek hari buruz hitz egiteko postura ere halakoa dela. Agian gustuko fikzio bat topatu zuen herri honetan, eta gezurmamizko pertsonaien ordez hezur eta mami ziren haiekin idazten zuen orain bizitzaren lerro artean, liburu maxkaletatik urrun taupatzen zuen fikzio bizidun bat zen bere bizitza, fabula antzeztu bat bere egunerokotasuna. Zer egiten zuen, zerbait egiten bazuen? Zein zen bere eguneroko martxa? Benetan ez zuen deus idazten, edo, argitaratzeari uko egin arren, jarraitzen zuen pribatuki kuartillak zirriborratzen, eskuz beti, hil ondorengo altxor diferitu bat sortzen? Konfiantzazko Max Brodik ba ote zuen, edo Max Broden rola beteko lukeen inor begiz joa —lagun pipaduna, akaso?—. Edo, agian, sinpleki oinarrizko gauzetara itzultzen ari zela sentitu zuen, beharrizan funtsezkoenetara: karramarroak bezala arroketan etzan, haien oskol-trakzioaren lilurarekin lehiatu zezakeen amaren Proustik ez zegoela onartu, eta, horrekin kontsekuente izaki, karramarro bilakatzea erabaki al zuen berak ere?

      — Nola asmatuko dut bidea?

      — Brunok eramango zaitu bizikletan.

      Kasinoko semea zen Bruno, “musa eta musak! Zer egun daukan, aizu: izan litezke musak lehenbizi eta musa gero”. Bizikleta ez zen hitzik doiena ibilgailu hura izendatzeko, egiaz, atzealdean aulki eroso bat itsatsita zuen gurditxoa baitzen, Indiako rickshaw horietakoa, Brunok karga-deskargarako erabiltzen zuena eta, hala esaten zidaten pipadunaren begiek, okasio bakanetan baino ez bidaiarien garraiorako. Berriro ere pribilegiatu senti nintekeen, honenbestez, azenario eta alberjinia usaineko eserleku hartan jesarrita.

      Atzo hatzekin seinalatu zizkidaten bideetan barrena abiatu gara ilundu orduko, eta une jakin batean, malda pikotzen hasi aurretik, elorriak eta sasiek erdi estalitako mendi-bide bat hartu du Brunok, niri atzo oharkabean pasatu zitzaidana.

      — Hau da lekua.

      Kare zuriz estalitako etxe guztiak bezalakoa begitandu zait Bidarterena, baina xumeetakoa: ez igerileku, ez aberaskeriarik, ez burdina herdoilgaitzezko petril deigarririk. Hiriburuko arkitekto kreatiboen esku jartzen zarenean egiten dizuten autore-txikizio arrastorik ez. Zaharra da eraikina.

      — Hor da. Bidarte zure zain dago.

      Nire zain? Benetan? Eta nola zekien berak, bada? Denek hitz egiten dute hemen etengabe Bidarteren borondateari eta nahiei buruz, mentalki harekin hari zuzena balute bezala, haien mirabe eta zerbitzari. Nolatan, ordea? Uhinen bidez? Herrira iritsi naizenetik ez dut patrikako telefono bakar bat ere ikusi, eta izatez, nirea badabilen arren, estaldura oso eskaseko tokia dela ohartarazi zidaten. Bidartek leku honi buruz bereziki gustuko zuen zerbait zela hori. Une batez gorrotagarriak egin zaizkit: Bidarte, Cala Morelia, herritarrak.

      — Asmatuko duzu itzultzen?

      Jakina. Ez nuen horretan pentsatu, baina bai, asmatuko dut.

      — Ez ahaztu Picassoren lore sortarena.

      Bai seta Picassorekin. Galdetzeko gogoa kentzen zidan. Zergatik egin nahi dute denek nire lana, alajaina?

      Brunok atarian bakarrik uztean, musikak harritu nau lehenbizi. Antzinako jazz aire bat, orratzarekin jarria edo grabazio analogiko baten arrasto zikin-garratzak mantentzen dituena. Art Blakey and the Jazz Messengers? Robinson espartar hutsa ez da, behintzat. Badu argindarra eta badu, itxura batera, musika erreproduktorea ere, luxu ttipi horietaz ez da desjabetu. Ez dago mundutik at, ez da guztizko karramarroa, badu loturarik hilkorrekin. Erabat dezepzionatuko ninduke, baina, tupustean MacBook Air bat edo wi fi konexioa dituela jakingo banu.

      Etxea inguratu dut atea jo aurretik. Arrain errearen usain sarkorra heldu zait, keak itsasoarekin elkartzean seduktore izateko daukan modu hordigarria.

      Sarrera nagusiaren ondoan, arrantzarako aparejuak eta sareak nonahi, hormatik zintzilik. Labanda sortaren bat. Tamaina eta neurri ezberdinetako amu handi samarrak. Eta ez dirudite, inondik ere, dekorazioaren parte. Harri artean, sugandila ttipiak, harrapaezin. “Harriak murruan kieto egiten du bere lana”, otu zait, esaldi hura nork esan zuen oroitzen ez badut ere.

      Zabalik dago, baina edukazio txarrekoa iruditu zait atea jo gabe sartzea.

      — Bidarte jauna?

      Eskuzapi zuri bat dauka sorbaldan eta egurrezko koilara handi bat eskuan.

      Bera da.

      Bizarzuri, burezurrak berea zena kendu dio ilaje narras eta urriari. Gizenago eta irribarretsuago dago egunkariko azken argazkietan baino. Azala beltzaran eta uniforme, arropek ezkutatzen dizkioten gorputzaren zatiak ere antzeko irudikatu ditut, manikien badaezpadako brontzeatu adabakiekin konformatzen diren turista ipurzurien hain ezberdina. Urteek azala higatuagatik ere gihartsu dago, nola da posible, keinua gazteagoa du orain, inposturarik gabea, horixe lehen buru-oharra. “Adinean gora goazela, den-dena ez dun galera”, pentsatu dut, eta beste hitz haiekin gogoratu naiz: “Ardo zuria eta jende zoriontsua ekoizten ditugu: ekoizpena mugatua izatea...”.

      — Azkenean bixigua ekarri didate, gustuko izatea espero dut.

      Ez dit izenik ere galdetu. Badakiela suposatu dut. Bere inteligentziari iseka egitea litzatekeela nik nire burua aurkeztea. Ez dugu literaturaz hitz erdirik ere egin. Bidarteren entzuteko gaitasunak harritu nau gehien, ez da ohikoa idazleen kasuan, beti dira prestuago edonori katixima emateko, deus galdetu eta inori arretaz entzuteko baino.

      Mareaz jardun du, eta jendearen ustearen kontra Mediterraneoak izan lezakeen oldartzeko gaitasunaz. “Tramontana, badakizu”. Marmokei buruz ere esan du zerbait. Haizeak iparraldetik jotzen duenean hegoaldeko hondartzetan ez dela batere egoten, eta alderantziz. Tentatuta egon naiz pozoiarena galdetzeko, baina, hala iruditu zait, ez zela hura momentua bizitza literaturarekin zikintzen hasteko.

      Bixigua dastatu orduko, zerbait ezaguna sumatu dut ahosabaian.

      — Kasinoan atera zidaten San Pedro arraina... zuk prestatu zenuen, ezta?

      — Esan zidaten fina zinela.

      Nire lanaz eta nire bizitzaz jakin nahi zuen. Harritu egin naiz ikusita uste baino gehiago neukala kontatzeko. Gazte izateari uzten ari naizela jabetzeko modu samurra izan da. Bere opari bat?

      — Ederra zegoen. Atrebentzia litzateke orain caleta kafe bat eskatzea?

      Pozik altxatu da. Pipadunaren antza hartu diot, begiak desagertu zaizkionean. Irletan bizi direnen nortasuna eta mimetismoa. Irribarre bihurria. Eta betzuloen ordez, marrak.

      — Zureak dira hormako akuarelak?

      — Zirriborroak, bai.

      Kafearen ondotik, pattar hutsa baso berean. Eskaini didan arren, “ez, eskerrik asko”, errefusatu egin dut edalontzi berria: goxoagoa dago rona azukre kondarrekin nahasita.

      — Zergatik erabaki zenuen desagertzea?

      — Apartatu egin nintzen, ez da gauza bera.

      Eta orduan kontatu dit ez dela isolatuta sentitzen, ez duela munduarekin loturarik galdu, nahiz eta daukan lotura ez den, agian, gaurkoarekin, baizik eta garai batekoarekin.

      — Nahikoa buru-argia izan beharra dago horretarako ere, aukeratzeko zein den norbere garaia eta bertan planto egiteko, edo bertara bidaiatzeko denboran atzera, ez baita beti gustukoa eta dagokiguna gu bizi garen sasoi bera izaten. Ez dugu zertan gure garaiko izan, ez heroi eta ez kaletar, ez gure garaiaren eta baloreen garaikide ere. Egon gaitezke atzeratuta edo aurreratuta, eta akats larria eta galera alferra litzateke gure sasoian bizitzen setatzea hori jakinik, baldin eta uste osoa badugu zoriontsuago izango ginatekeela beste aro bateko baliabide, trepeta, jantzi, pentsamendu eta liburuekin bizitzera jarrita.

      Labanda sorta ikusi dut orduan. Ea Picassoren loreez galdetzeaz akordatzen naizen.

      Birtual berba hitzetik hortzera erabiltzen den sasoiotan, harrigarria da jendea horretaz ez ohartu izana, edo jada ahaztu izana, ziberespaziotik haraindiko birtualtasunaren aukerez.

      Orduak eman ditugu hizketan, gauari hortzaka txikiak kenduz, itsasoaz eta irlez berbetan, batik bat, eta irletan bizi diren biztanleen buruaskitasunaz; nola giza jendearen konpainia premia samur eta patetikoaz, hala premia horri ihes egiteko ditugun baliabide urriez.

      — Bazenekien, batez beste, zazpi urte luzatzen duela bizitza zakur bat ondoan izateak? Bada, itsasoa ere bada zakur bat adina eta gehiago. Bere kasako zakurra nahi baduzu, zakur berdeentzako zakur urdina.

      Disko zaharrak atera ditu, Italiako, Frantziako eta Greziako kantariak batez ere, gehienak ez ditut ezagutzen. Ez dut apunterik hartu eta ez nago seguru elkarrizketa on bat transkribatzeko gai izango ote naizen bihar, ezarian-ezarian ron botila azken kondarreraino edan dugula kontuan hartuta. Argazkirik ere ez diot atera, eta itsusia iruditzen zait, behin honetaz gero, proposamen horrekin gauaren xarma apurtzea. Ez zaio batere gustatuko, baina izorra dadila sailburua, nire patrikatik ordaintzen ari naiz gaur gaueko pentsioa.

      — Picassori buruz galdetzeko esan didate.

      — Lore sortarena jakin nahi duzu?

      Horma guztietan arreta jarri arren, ez dut Malagako maisuarena lirudikeen irudirik batere topatu. Ez dirudi oso bere izaerarekin bat datorrenik halako obra baten jabe izan eta hura ezkutatzea ere.

      — Bere koadro bat al daukazu? —ausartu naiz.

      Gogotik egin du barre.

      — Nahi bai... Ez, ez da batere hori. Baina bera ezagutu nuen, umea nintzela.

      — Pablo Picasso ezagutu zenuen?

      — Ez al da hori koadro bat baino hobea? Picassori buruzko historia bat izatea, alegia, nire-nirea.

      Beste ron botila bat hasi du, patxadaz. Hau ez da kiribil-tapoia duenetakoa, kortxoarekin ixten denetakoa baizik. Etiketarik ere ez du.

      — 50eko hamarkadaren amaiera izango zen. Vauvenargueseko gaztelua erosi berri zuen orduan, eta udan hara joaten zen gure ama zerbitzari. Etxean ez zen umerik falta izaten haiekin jolasean ibiltzeko. Debeku bakarra geneukan: tailerrera baimenik gabe sartzea. Haserretu egiten zen lanean ari zela enbarazuan ibiltzen baginen. Egun batean, lore sorta bat bildu genuen, bitxiloreak eta, belarren bat, Picassori hura emanda bihotza samurtuko geniolakoan. Begi handiak zituen, arrain begiak, begiratzen zizunean buruaren erdia begi haiek zirela ematen zuen, eta gure lore sortari ere halaxe begiratu zion, begi izugarri haiekin. Lore sortari lehenbizi eta guri gero. Lore sortari berriz eta guri ostera.

      Rona hurrupatu eta niri ere hurrupa egiteko eskatu dit, simetriari jarraitu ezean bere historiak segidarik izango ez zuela iradokiz. Halaxe egin dut.

      — Ume moko batzuk besterik ez ginen. Onez onean egon zitekeen eta muxu bana eman, edo gu ujuka handik haizea hartzera bidali... Zaila zen igartzen, eta igarri nahiak estekatzen gintuen han. Orduan, gure lore sorta pintura poto handi batean plaust sartu, eta hura brotxatzat hartuta jarraitu zuen margotzen, han geundenik erabat ahaztuta. Korrika atera ginen, negar batean.

      — Jenioen jenioa.

      — Picassok egin zezakeen hori eta gehiago. 1881. urtean jaio eta laurogeita hamar urtetik gora bizi izan zen. Garai ezberdinak zeharkatu zituen. Dena barkatzen zitzaion, ez zegoelako hari dena barkatu beste erremediorik. Oraindik jaio ez zen jendearentzat margotzen zuen, eta berak bazekien. Ez zegoen txorakerietarako. Baina hori Picassok baino ez lezake egin. Guri haur batek lore sorta ekartzen digunean, gogo onez hartu behar dugu eta loreontzi batean jarri, ez da hala? Hori da gizalegea. Eta, aldi berean, ez al da tristea geure buruari Picasso bezain aske eta basati jokatzeko lizentziarik eman ezina?

      Nahigabe arrasto bat sumatu uste izan dut, lehen aldiz, Bidarteren baitan. Faro baten segak erdibitutako begirada. Ausartu egin naiz, hala ere:

      — Jada ez duzu deus idazten?

      — Irakurleak behar ditugu, ez idazleak.

      Ez da zehazki erantzun bat, baina ez daukat hau baino ñabardura xeheagorik ateratzeko esperantzarik.

      — Eta bikote bizitza? Eta familia? Literaturak ezin du hezur haragizko seme-alabekin lehiatu.

      — Ez, ezin du. Baina ni ez naiz hona lehiatzera etorri.

      Beste ron bana edan dugu, isilik, edalontziari hurrupak txandaka kenduz. Gero, zutitu egin da. Gauza bera egin dut nik ere. Gonbidatuak jakin behar du oraindik ongietorria den sasoian alde egiten.

      — Akuarelak itsasokoak dira denak. Ez duzu, kasualitatez, autopotretik izango?

      — Zure elkarrizketa ilustratzeko da?

      — Oraindik ez dakit argitaratuko den.

      — Kazetari ona, beraz.

      Mahai azpitik pintzel bat eta egunkari horitu bat atera eta kafeontziko kondarretan busti du.

      — Badakizu enperadorearen eta karramarroaren ipuina, ezta?

      Erantzunari itxaron gabe, burtsako indizeen gainean, lau trazotan marraztu du bere burua. Hitchcocken soslaiaren eta Hemingwayren arteko nahasketa bat. Irribarre egin dut: bizarrak, nondik begiratzen zaion, masailetan gora letorkiokeen karramarroa dirudi.

      — Balioko du?

      Ez eskuarki, baina baietz uste dut.

      Orain bera da irribarre egiten duena.

      — Ez dakit zergatik setatzen zareten argazkiekin. Arruntegia da. Italian bada aldizkari bat argazki guztiak marrazkiekin ordezkatu dituena, sinesgarritasunaren mesede.

      — Joan beharra daukat, bihar goiz aterako da hegazkina. Plazera izan da, Bidarte jauna.

      — Bideraino lagunduko dizut, harritsua da-eta xenda.

      Izartsu dago gaua. Ilargiaren zurbil harroa ere ez da gutxiestekoa. Oinez ez balihoa bezalako arnasa du Bidartek. Lasaia, pausatua. Bixigu ketuaren usainari lurrarena nahastu zaio, hezetasun izatera iristen ez den gauaren freskurak bildua. Bururatu zait begiak itxita egin nezakeela errepiderainoko bidea, entzumen hutsez, Bidarteren arnas pausatuari eta oin hotsei jarraiki. Oker nengoen: estropezu egin dut berehala. Lurrera erortzear nintzela, ordea, eskutik heldu dit Bidartek, irmo eta garaiz. Ez dakit nola egin duen, zin dagit bi pauso aurretik zihoala.

      Une bat baino ez da izan. Bidarteren eskua nirean, haren oinak xenda harritsuan ongi landatuta, xenda harritsua munduaren xerlo kiribil, auzoak lo, labarrean behera erortzeko arriskurik ez, nahita ere ezinezkoa: ez gara amildegi bat merezi izateko bezain garrantzitsuak. Xenda ziztrin eta harritsu bat da eskuragarri daukagun amildegi baten gauzarik antzekoena.

      Hori dena eta izarrak, kilkerren errepika ozenak azpimarratuak.

      — Laster arte.

      Gau osoan esan duen gezur bakarra izan da, ziur aski.

      Xendatik atera eta bide asfaltaturantz noalarik, pudoreak lepoa jiratzea galarazi dit segundo batzuez. Jiratu dudanean, ez nuen gutxiagorik espero, jada ez dut inor ikusi, hostoen berdetik adarrak askatu eta, aliritzira edo apropos, gizakiaren patxada eta gizakiaren angustia axolagabetasun berberarekin itxuratzen duten enbor okerrak baino ez.

      Zeruan, horrek laburbiltzen du dena, kilkerren taupadekin piztu eta itzaltzen diren izarrak. Duela bi mila urte bezalaxe, etxerantz naramaten izar ozenak.