Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

7

Analisia

 

Iñigo Madariagak ez du onartuko erretzaile porrokatua zigarroari bezain atxikita dagoenik psikoanalistaren hitzorduei. Loa baino beharrezkoagoa du astearte arratsetako solasaldia Laurarekin. Hainbeste ezen, gaur bertan hilko dela jakinez gero, horrexek besterik ez bailuke penatuko: psikoanalistarengana huts egiteak (eta datorren igandeko futbol partida ezin ikusteak).

        Aldika putetxera egiten dituen osteratxoek ere jada ez dute asetzen; zuhurtziak gomendatuko zukeena baino maizago eroaten zuen lehen grinak putetxera, bizpahiru aldiz astean, irritsaren menera zegoen-eta Madariaga. Are gutxiago betetzen du esperimentazio gastronomikoak, garai batean jatetxe entzutetsuetako otorduek eragiten zioten zirrara ia mistiko horrek. Plazer tenpluotatik ez zuen diruak aldendu, pitinkako gogo ahitze batek baizik. Bazirudien organismoa baino azkarrago zahartzen zebilkiola arima. Desio fisikoa eta dastamena hein eta aldi berean galdu zituen.

        ETA gerraren danborrari bortitzenean emanka zebilen sasoian, 91 edo 92an, hasi zuen Madariagak psikoanalisia. Hogeita hiru urteotako terapiak eman dio, bederen, Erakundearen siglak ironiaz erabiltzeko ahal apur bat, hiru letra larrion batura entzun edo irakurri eta izu-izerdiz blai eginda gelditzea gauza bera baitziren ez oso aspaldi arte.

        Psikoanalistak soinean daroan mantal zuriak ere badu, noski, urte guztiotan behin ere hutsik egin gabe terapiara joan izanean eragina. Madariaga izugarri erakartzen baitute uniformez jantzitako andrazko zein gizonezkoek: erizain, suhiltzaile, dentista, azafata edo zentro komertzialetako dendari... ertzain jantziak daramatzatenak izan ezik.

        Anormaltasun horren inguruko kezka azaldu zion Madariagak behinola Laurari, bisexualitate hipotetiko bat iradokiko luketen zantzuak isilean gordeta, jakina.

        — Ohikoak inposatutako eremutik aldentzeko joera naturala du pertsonon psikeak. Egunero parez pare duzunarekiko herra mutu bat garatzen du adimenak. Hortik dator, adibidez, exekutibo askok gorbata eta trajeari dioten amorrua; edo munduko emakumerik ederrenarekin esnatzen denak andrazko zatar edo zaharrekin amets egiteko joera.

        Honelako erantzunengatik zituen solasaldiok gustuko, Laurak uniformeekiko erakarmena saihestu —desira horretan disfuntziorik aurkitzen ez zuen seinale— eta soilik ertzainen uniformeekiko zeukan higuina baino ez baitzion kontuan hartzen, hori ere naturaltasun osoz onartuz, bestalde.

        Madariagak, dena den, ez du erantzunik bilatzen psikoanalisian. Nola murgiltzen den pozarren arkeologoa indusketa lan amaigabean, hartara kuriositate egarria inoiz agortu ez dakion, hala alboratzen ditu apropos Madariagak galdera zuzen eta egokiak, ebazpen konkretuekin behaztopa egin ez dezan. Altxor aurkiezin baten bilaketa konstantean ibiltzea bezalako zerbait baita, azken finean, psikoanalisia: amaierarik gabeko auto-indusketa saioa. Asko lasaitzen du horrek Madariaga, izutu egiten baitu noizbait hondora iritsi eta bertan topatuko lukeenak.

        Laurak ertzain buruei igorritako txosten bati zor dio Madariagak kalez jantzitakoen unitatera destinatu izana. Baita futbolarekiko afizioa ere, laneko arrangurak nola edo hala alboratu beharra zeukala iritzita, Laurari bururatu baitzitzaion Madariagaren gogoa Athletic aldera bideratzea. Euskara ez menderatzeak egin zuen gainerakoa. Osasungarria omen da elastiko eta ikur batekiko atxikimendua, atsekabearen purgatzaile paregabea. Eta, gerora egiaztatu duenez, lotsaz eraikitako identitate ahul baten babespe bikaina.

        Laurarenganako debozio tolesgabe horrek bestelakorik iradoki dezakeen arren, Madariagak ez du bere psikoanalista maite. Ez, bederen, hetero batek imajinatuko lukeen eran.

        «Erakargarria da Laura. Bata zuria soinean jantzita duenean bereziki», pentsatzen du Madariagak. «Ez da polita —aurpegi borobila, masail pattal eroriak, betzuloak, begi ilun hilak—, baina ezta beharrik ere!», begiratua biolin formako gorpuzkeran pausatzen du-eta segituan. Azal seriodun liburu mardul eta eder horietako bat iruditu zaio beti Madariagari. Lotura bitxi horien zergatiaz galdetu zion behin Laurari, kezkatuta baitzebilen pertsonen irudia objektuekin parekatzeko zuen ohituraz. Galderari gordintasuna kendu asmoz edo, azal gogorreko liburu bikain bat gogorarazten ziola aitortu baino lehen, Sofia Lorenen airea zuela esan zion:

        Un dos tres saioko azafata batean gorpuztutako Sofia Loren batena, zehazki.

        Laura barrez lehertu zen, modu zaratatsuan:

        — Aukeran, nahiago nuke Claudia Cardinale!

        Liburu batekin egindako joskerari ez zion aparteko garrantzirik eman. Berak ere nahiago zituela liburutzarrak, dozena erdi orriko panfleto arin eta sinpleak baino. Madariagari orduan joan zitzaizkion psikoanalista seduzitzeko noiz edo noiz izandako asmoak eta desio izpiak. «Gizon txiki eta meheegia naiz ni; trinkoa eta gihartsua, hori bai; baina maskal samarra Laurarentzat».

        Madariagak ez du dagoeneko maitalerik behar. Ez da bizitza inorekin konpartitzeko kapaz sentitzen. «Zer konpartitu, ez badut zer eskaini?». Irekitako kanilatik borborka ura bezala doakio bizitza isurbidetik behera. Hartara, hobeto letorkioke neskame bat amorantea baino, «zaharrak zaintzen dituzten horietako bat, zeinarekin hitz egin beharrik ere izango ez nukeen, soilik espazio bereko airea arnastu eta erradiadore berberaren berora biltzea beste nahirik ez». Eta okerrena da ezin duela bere animo eroria ezerekin kontsolatu, gizateriarekiko eszeptizismo makur batek goibeldua dio espiritua aspaldidanik. «Demontre, menturaz kalean utzitako bizikleta ostu diezaiotela baino ez du-eta behar gizonetan zintzoenak lapur bilaka dadin!». ETAren erasoaldi ankerrenen garaian hartu zion laiotzak bihotzondoa, lazgarria iruditzen baitzitzaion Madariagari izugarrikeria haiei jendarteak emandako erantzun gatzgabea. Ez dituzte, harrezkero, eguzki errainuek bazter umelok berotu. Une jakin batean esperantza txiki bat ernatu zitzaion; albistegi batean urruneko ezbehar dantesko bat ikusten ari zela gertatu zen: hunkitu egin zuen tragedia harekiko elkartasunak. Konprobatuta baitzuen zirkunstantziek amen batean gaiztotu zezaketela onbera xaloenaren borondatea, maltzurkeria zitalena egiteko kapaz zenaren gogoa onbideratu zitekeen zantzuak hauteman nahi izan zituen elkartasun hartan. «Nork jakin, akaso eskuzabaltasun unibertsalak ahalbidetuko dit orain arte kuku-gordeka ibilitako sosegu existentziala lortzea», pentsatu zuen Madariagak bere kolko zinikorako, 100 edo 200 euroko donazioa egitea erabakitzen zuen bitartean. Ez zion asko iraun pena unibertsalak limurtzeko sukarrak, aurkezleak irudi odoltsu haietatik pantailara itzultzen tardatu zuena doi-doi; atoan arindu baitzuen memeloak arestiko tragediaren samina, ohiko txepelkeria bati irribarretsu pasoa emanez. Norbait artatzekotan, beraz, bere gaitz propioei arreta ipintzea erabaki zuen Madariagak, eta gogoa urruneko desgraziak leuntzera eraman ordez gertuagoko barne-zuloetako analisian pausatzea. Larregi zulatu gabe, zer esanik ez, ez baitira gauza bera ilunpean eranztea eta norbaiten aurrean biluztea.

        Edozelan ere, eta psikoanalisiarekiko fedea eta Laurarekin ezelako harreman afektibo zein sexualik edukitzeko itxaropena aspaldi ahituta dituen arren, bizarra egin eta domekako arropak janzten ditu haren kontsultara doan bakoitzean. Ez du uste Lauraren begiak goxatu eta haien bitartez bere egoa puzteko egiten duenik, arrazoi are negargarriagoarengatik baizik: nabarmen goibeltzen doakion adoreak guztiz hondoa jo ez dezan. Penitentearen eroapen makur bertsuaz baitabil Madariaga azkenaldian, bere animoa kaltetzeko ahaleginean. Utzikeriaren hautsak aspaldi hartu zituen etxeko bazterrak, baina bizitokitzat daukan txerritokiaren lohia nahikoa ez, antza, eta bere burua zarpaildu guran ari da orain bihotz eta arima. Hainbestekoa da duintasun laxoenak exijituko liokeen higiene minimoenari uko egiteak ematen dion plazera, ezen lanera joan behar duenean ere apenas hartzen duen ardurarik dutxatu eta bere burua txukuntzeko.

        Eldarnioan kulunka dabilen eroak aldian behin zentzuzko susperraldiak izan dituen gisan, dohakabeenek ere ba omen dute desesperazio gordinenetik libratzen dituen sen hilezkor moduko bat: horra bere borondate eroriaren aurkako asteroko erreakzio horren kausa. Madariaga konturatzen hasia da bere gogoaren desintegrazioak ez duela atzera bueltarik, eta horren jakitun izateak kezkatzen ez duen arren, ez luke nahi abandonuaren gibelera oharkabean erortzerik, era kontziente eta neurtuan baizik. Hain justu, horrexegatik ematen dio atseden auto-suntsiketa prozesuari astearteetan: urperatzera doan ontziko kapitainaren antzera, azken unera arte eutsi nahi diolako bere gainbeheraren timoiari.

        Eta nolakoak diren depresioaren maldan irristatuz doazenen obsesioak... hala eta guztiz, abaildura propioa bazter utzi eta Errazkin kidearen goibeltasunari erremedioa bilatzera abiatu baita Madariaga, uneotan psikoanalistarenean egon behar zuenean (kolonia pixka bat eta traje dotorea soinean).

        Zurbil nabari du Errazkin, hura bezalakoengan aurkitzen gaitz den gogogabetasun estu batean murgilduta balebil bezala. «Bizitzari modu erdi jostarian aurre egiten diotenetakoa da berez Errazkin, arazoei dagokien neurriko garrantzia eman eta ezerekin sobera berotzen ez dena». Eta horregatik kezkatzen du Errazkinen ezinegon hits honek. Baina kezkatzen du, batez ere, bere nahigabe propioari gerizpea egiten diolako haren nahigabeak. Sufrimenduaren altzoan beretzat baino lekurik ez dagoela iruditzen zaio Madariagari, singulartasun horrexek ematen baitio bere pairamenari daukan ahalmen erredentorea.

        — Asko eta sarri sufritzen duenak, oinazeari gainbalio bat eransteko tendentzia du —esana zion Laurak—. Zorigaitzaren aurkako autodefentsa mekanismo gisako bat da, zeinak pairamena adorez eta harrotasun pitin batekin eroaten laguntzen duen gizagaixoa. Ez zaio desgraziaren indar seduzitzaileari muzin egin behar —zioen Laurak, sekula gorriak ikusi gabekoak oinazeaz mintzo diren modu hotz eta kalkulatu horrekin—, arrakasta bezain erakargarria suerta dakiguke zorigaitza: indibiduo bakar eta diferente sentiarazten gaituzte, hain zuzen, biek.

        «Lelokeriak!», pentsatu du orain Madariagak.

        Berekoikeriak eroan du horrenbestez kupoi saltzaile itsuaren enkontrura, Errazkinen samina K Taldearen kasua ezin argitzetik datorrela iritzita, lagungarri suerta dakiekeen informazioa lortzea baino beste modurik ez baitu ikusten Madariagak kidearen penak leunduz bereetan sakontzen segitzeko aukera.

        Ez ditu ehun metro egin oinez eta hasi zaio kulparen harra kontzientzia urratzen. Damu zaio Lauraren hitzordura huts egin izana eta damu zaio horren kausaz ere arranguraka ibili beharra. Eta Madariagaren damuak sentimendu zabarragoen akuilua bilatu ohi duenez, laster gailendu zaio amorrua arestiko Errazkinenganako errukiari. Sufritzailearena ondo kostata irabazitako estatusa iruditzen baitzaio Madariagari. Ondorioz, edozelako kezkaren aitzakian malkotan urtzen direnena, pose estetiko hutsa besterik ez da. «Zer jakingo ote dute Errazkin modukoek benetako sufrimenduaz, telebistaren konpainia soilak arindu ezin dezakeen oinazeaz, lehenengo ikarak nozitzen hasterako edozein amoranteren magal epelean kuzkurtzen dira-eta!?».

        Bere-berea du Madariagak edozelako erabakik, baita txatxuenak ere, bazter uztera behartzen duen aukerarekiko garbaia. Susmoa du, horrexegatik hautatzen dituela ondoriorik zailena duten erabakiak, honela bere burua modu bikoitzean zigortu ahal izateko: hautatutako aukeraren bideragarritasun ezarengatik eta esploratu gabekoak eskain ziezaiokeen abagunearengatik. Makilakadaz arre egitea beste erremediorik ez duen astoa bezala dabil trabeska, eta badakien arren bera dela bere buruari egurka ari zaiona, ez zaio inporta, berdintsu baitzaio aurrera egin, ezkerretara okertu zein zirkulutan ibiltzea. Kontua da zurtuta ez pausatzea, badaki-eta gelditzea pentsamenduari eskuetan eskopeta jartzea litzatekeela. «Bere buruaz beste egindako makina bat gizon-emakume ikusia naiz; eta, tiroaren inpaktu zakarra gorabehera, ez zirudien mundua uzteak asko penatu zituenik».

        Errazkinen erruz alferrik galdutako psikoanalisi saioa nola ordainarazi pentsatzen zihoala entzun ditu Madariagak zaleen orroak, taberna ondotik pasatu denean. Erdipurdiko partida izanagatik ere, kupoi saltzaile itsuak itxaron dezakeela iruditu zaio. Ez zaio futbola bera, jokoa, larregi interesatzen. Talde handien arteko partidak baino ez ditu gogoko. Benetan gozagarri zaiona futbolaren inguruko tirabira da. Pasioz jarraitzen ditu telebista eta irratietako kirol tertuliak. Eta bere burua Athletic zaletzat aurkezten duen arren, Real Madrid du kutuna, talde handi horren inguruko kontuek ematen baitute zer esan ugarien hedabideetan.

        «Izorrai!» esan du, bi aldeetara begiratuz norbaiten bila balebil bezala. Errazkin aldamenean edukitzea gustatuko litzaiokeela pentsatu du une batez, hartara epelak esango lizkiokeela. Haren presentziak tamalez oraingo bere oldar erasokorra supituan baretu eta bestelako su kartsuagoa piztuko liokeela iruditu zaio geroxeago, Errazkinen esanetara berehalakoan eta gustuz otzantzen da-eta normalean. Nondik ote datorkion edonoren menera egon nahi izate hori galdegin dio bere buruari. «Bizitza handiegia zaidalako, akaso? Edo, bestela, ezdeusegia naizelako bizitzari aurre egiteko? Neure kabuz hartutako erabakiek bultzatuta ordez, besteen aginduei segika baino ez dakit bidea egiten».

        Listu mordoilo bat amorruz lurrera bota eta ernegatuta sartu da tabernara Madariaga.