Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Bayonne 17

 

 

Etxe zuri gorrien artean badago bat, igandea baitu, bazkari eguna preseski: jendakiaren adar guziak ordezkatuak dira, umore onarekin eta ontsa jantzirik, ni barne, ahalik eta normalena agertzeko ahaleginetan.

        Aperitif gaitzaren ondotik, bazkaria goxoki abiatu da, udazken giroan.

        Solasak harilkatzen dira, buru eta buztanik ukan beharrik gabe, batarekin zein bestearekin, bai bakoitzarekin zerbait, sentsibilitateei beti erne, denak ez baitira hiritar, ez ezkertiar, ez abertzale, ez kaka nahasle. Zuhaitz genealogikoaren adaxken arteko lotura berpizten da baita ez daudenen itzala: aita hor balitz, hamar egunez jorran aritzeko bazka kausi liro.

        Ohi bezala bazkari amaigabeetan, hastetik buru edari berarekin ariko naiz, arno xuria egokia da horretarako, xanpaina hobe, denen aitzinean kolore guzietakoak nahasiz itxurarik ez galtzeko kezkarekin batetik eta bestetik ihardukitzeko zerbaiten beharra baitut halere. Badu aspaldi haurrek apairu luzeegiari alternatibak atzemanak dizkiotela: selauruan gaindi entzunak ditut, pitzi-patza, kuku gordeka. Ttanttak parada baliatua du denbora zaharretako argazkiak ekartzeko eta oraintsu ateratzeko denen bistara, arrainkia eta bildoskiaren artetik, koinatak eta ahizpak segidan juntatuko zaizkion segurtamenarekin.

        Eleak kolore horailez eta itzuli kamustuz jantzi dira, amultsuki, lehengo balentria, iraganaren laudamena eta oraingoaren irakurketak ehunez.

        — Gogoan duka Jan Battitten ezkontza eguna? —galdetu dio otto Mizelek Arño koinatari.

        — Zer gosea! Ez zian sekulan nehork argitu platerak nork ebatsi zituen?

        — Ez diat uste... Eta zer partida ondotik!

        Laster, Mizelek kontatuko digu nola haurrak zirenean, festak zirelarik etxeondora jiten zen leinu osoa bezperatik, okasioneko Nafarroa Beherea osotik, ganerrean lo egiten zutela eta nola han, belar metetan luze etzanik, sakelako argi txar baten argitan biharamuneko kantuak errepikatzen zituzten. Eta errepertorioa aipatuz, bat-batean, justu bizkotxa atakatu aitzin, otto hasi da eztarria karrakatzen, laster bota beharko dituen koplen iragarle, ingurukoak bildu nahian edo. Hiruzpalau aldiz egin du eztul eta zintzurra larrutuko duela dirudi, bazkari puska nahiz arno liskoa aho eta sabaietatik kasatzeko. Ohiko errepertorioan abiatuko dira denak, jendakiaren batasuna markatuz, ahots batez errepikak oihukatuz, bertsoak gogoan atxiki ezean.

        Gogora zetozkionak oro bota ondoan orroaz, Arñok behatu nau, preseski arbasoen sortetxea bertan ez daukan pieza bildu horrek:

        — Etxekoek ere beharko duzie bat bota! Kantatuko daukuxu zerbait ba!

        — Enda kantarikoak! Haatik ez enbata horienetarik bat e! —gehitu du trebesean ondoko azeriak.

        Hala momentu fatidikoa heldua. Begiak apaldu ditut, alegia deusez, entzun ez banu bezala: komunetara joan behar nuke, nahiz hamar bat minutu aurreztea baizik ez litzatekeen, edo joan baxerak egiten laguntzera. Araiz ahantziko nindukete. Lor nezake ez kantatzeko dretxoa? Trukean onar nezake, nik dakita, kontzesio gehixeago gaineratekoan? Kasik espreski niretzat irekia zuten Riesling botila erdikala kliskatu izanaz ez naiz damu. Alabaina, arno xuri eztiaren indarra mateletan gora sendi badut ere, oraino ez aski kantuz hasteko; pare bat gehiagorekin, zernahi eman nezake...

        Gutxira, gomita pisuagoa da. Kantu bat. Kantu bat.

        — Ale, ze debru, bota zaxu baño hasteko...

        Xuri basotara hurrupa bakarrean kalitu ondoan, jiteari abandonaturik, jausiko naiz, aldizka zirtolari, koblari neketsu, kantari.

        Ez dut sekulan ontsa neurtzen noiz lerratzen naizen eta noraino: zozoki uste nuen erreserban egonik eta gaitzeko postrea ekarri izanak salbatuko nindutela xurgatua izatetik. Amaigabetasuna, lohasma, klana: bazkari bukaerak, kafe eta ttotten artean, sepia kolorea darama ziliportaka eta ore horretan barna bildu nau, bildurik naute, haien artekoa bainaiz, bitxikeria zenbait gorabehera.

        Erlastua naizela dagoeneko, ama hurbildu eta ahapetik kezkatuko zait noizbait, ahalke puntuarekin naski:

        — Zer duxu? Moxkortua xira ala?