Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Karpeta zaharra

 

 

Maiz karpeta zaharrak errukirik gabe uzten dira errautsa jaten apaletan, lekurik aski den bitartean botatzera deliberatu gabe, inkasean, norbaiten beha.

        Karpeta zaharra, bi hitzen artetik behakoa apaletara galtzen zihoakidala ikusia nuen. Han, bazter batean, aspaldiko partez, beste batzuen artean, noizbait eman klase batzuez egin bilduma, izenburua letra garbi eta koloretsuz saihetsean zeramana oraino.

        — Ondoko bilkura 18an, hemen berean? Bai? Finkatua!

        Hamar bat urte lehenago, ikasle talde batekin erabili karpeta zen, orduan atondu materialez hornitua, han berean egoki oraindik. Nik salbu nehor gutxik zezakeen erran nondik zetorren, nork eginik, nola.

        Sailkagailua zabaldu gabe bere baitan bildua, kasik integralki, zerrenda nezakeen, orri horaildu bilduma egitera heltzeko izerdirik aski kostatu zitzaidalako agian. Gogoratu zitzaizkidan kideak, kurtso horiek prestatzeko norekin aritu nintzen, hauek berek lehenago burutu lanez, nihaurek eskuetan ukanak nituen eredu jada desagertu haiek, orduko gorabeherak eta bi ateen arteko aipamen eta eztabaidak, ikasleak, giro langile baina atsegina, orduko solas animatu eta alaiak, elkarrekin iragan une goxoak.

        Oroitu nintzen predikatzen ziren ereduetatik baino intuizioetatik eraiki nuela, hauek berak beste batzuenetarik zetozelarik, sinestez, indarrez eta lagun arteko irri karkaila artetik.

        Geroztik eta tarte guzi horretan, hor egona zen. Ezin jakin xuxen zergatik, zertarako. Agian, gaurko egunean zenbait gauzez pentsarazteko. Ezin jakin xuxen norbaitek noizbait ireki zuenez geroztik. Berdin zuen jada, zaharra zen-eta.

        Astebete berantago, leku berera itzulirik, soa apalera lerratuko zait segur aski, bildumaren xerkan, araiz beste izkina batera mugitua izanen dela ohartuko naiz: nork? zertarako? Berdin litzateke funtsean.

        Altxor maitagarriak dira karpeta zaharrak, denagatik: egindakoen, bizitakoen eta bilakaeren lekukoak, tinta zahar eta hauts usainez lagunduak, orritan biltzen dutenetik haratago haien baitan daramate hainbeste, urteak iragan ondoan oraino ukan dezakete balioa eta guregana berpizten dituzte atzoko ahotsen oihartzunak.