Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Invizimals

 

 

Semea Invizimals berri zenbaitekin etorri da gaur etxera.

        — Begira, ama, Allendek kanbiatu dizkit bi hauek erredola batekin.

        — Biba zu.

        — Istantean emanen dizut zafraldi bat berri hauekin! Banoa besteekin juntatzera. Ekipoak berriz egin behar ditut!

        Haurrak ginelarik, futbolarien Panini pegatina bildumak edo kantari zenbaitenak egin ohi zituzten haur batzuek. Burgesak irizten genien. Bilduma osoak biltzen zituzten kaier junta eta koloretsuetan; besteok ahoa zabalik. Panini etxeak futbolariekin abiatu lana deklinatzea ez du oraindik amaitu: pokemon, dinosaurio, printzesa, invizimals, nik dakita.

        Hastapenetik, semea eskuetan karta horietarik dozenarekin begiak dirdira etxera sartzen ikusi orduko, ulertu nuen ez zela txantxetako kontu bat, nik ez nituela ezagutzen, baina gaitzeko garrantzia zutela bideo joko batetik atera kreatura itsusi irudi horiek. Biharamunean berean, haurtzaroko frustrazioa zela-eta, lerratu nintzen pasio horretara harekin batera.

        Laster batean obsesioa bihurtzen da, hasi eta bukatu artean ezin utzia, misio garrantzitsua bilakatzen da bilduma osatzea eta bakerik ez da izanen azken bineta lortu arte: mutikoarentzat biziko lehen misio garrantzitsua. Gaixoak baleki amaierarik ez duela, azkena ez duela sekulan lortuko, bihotza apurtuko lioke; ekoizlearen bihurrikeriarengatik, elementu batzuen arrarotasunarengatik, zenbait figura gehiago asmatuko baitituzte, hozka bat gorago gertatuko da beti helmuga. Gisa bera baleki sei hilabete gabe beste kolekzio batera pasatuko dela. Anartean, zirrara ñabardura guzietatik iraganen da: poza, kuriositatea, inbidia, kolera, beti ere ilusioa nagusi.

        Egunez egun, eskuratu bineta bakoitza gainerakoei juntatuz joanen da, pauso bat gehiago, hurbilago bukaeratik. Bihar berrantolatuko ditu, berriz bilduko, ondoko egunean ekipa berriak eraikiko, munstro berriak irabaziko nahiz galduko, partida berriak jokatuko, trukatuko besterik gabe, lagun arteko konparaketa kualitatiboak nahiz kuantitatiboak eginen, liluratuko da superbotereak aurkitu arau, maiteminduko ipurtargi antza duen mamuaz. Ad libitum. Urrats bakoitza aitzina egitea izanen da, damurik gabe sekulan, ez eta bildumaren osatzeari uzten bazaio: utziko delarik ere erabakia izanen baita, hastea, jarraitzea eta bukatzea bezala.

        Noski, diru doia xahutzea dakar, halere, aitor dezadan, ene plazera ere bide beretik dator semearekin jostatzeko estakurua eskainiz. Eta zer deabru! Ekimen polita da! Indartsua eta iniziaziokoa, ororen buru deusetarako balio ez izanik ere: helburu bat ematen du, irakasten du tematzen, eskura diren baliabideekin estrategiarik puntakoenak garatzen, joko arau surrealistekin jokatzen, testuinguru aldaketei ohitzen. Balioko diolakoan nago: berantago biziari ihardukitzeko, sustut, adibidez, euskalgintzan lan egin eta iraun beharko balu.

        — Ama, zauri, prest naiz partidarentzat!

        Ontsa gogoan badut, bart irabazi nion suzko elementua; hau jokatuko badut dragoi batekin, normalki ez dit kalte handiegirik eragiten ahalko eta horrela gainerako leinuak babestuko ditut, faltan dudan arroketako pup bat irabazten saiatzeko geroago.