Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Zoriona

 

 

Doi-doietarik heltzen igar daitekeena da. Nihaurek ez nukeen erranen horrela helduko zitzaidala, holako gozamen bat-bateko eta erabatekoa.

        Besaulkian urtzen noa, hasperen batean, leihotik soa galdurik.

        Noiz eta, justu xuxen, bi oren eta erdiz bakar-bakarrik egona bainaiz, ardura ez gertatua. Eta aspaldian ez baitzitzaidan gertatu garbiketa egitea etxean, bi oren iragan ditut mustuka higatzen. Ez ditut zoko guziak altxatu eta errautsak uxatu azken izkinaraino, ez, ez... Baina inork ez nau nire lanean moztu, ez da telefono deirik izan, ez haur mukizurik marrumaka, nehor ez atean... Bi oren bakean. Eta, gauza arraroa: ez nukeen beste nonbait egon nahiko.

        Egia nekez konprenitzekoa dela arratsaldea bazter torratzen ematearekin kontent gerta nadin. Bat baino gehiago entzuten dut itotzear: biziaz baliatu behar dela bururik hautsi gabe, aisialdia ez dela horretarako, gaizki antolatua edota burutik joana naizela. Beste anitzek ez dute ulertuko nola posible den gainditua izatea hainbesteraino non, tarte bat libratu orduko, etxeko lanei heltzen natzaien. Badira eta gauza inportanteagoak: mundua, gerla, Monsantoren desmasiak, bake prozesua, ekonomia, liburu bikain berriki publikatua, merkealdiak Galeries Lafayetten...

        Preseski ez da garbiketaren kontua izan, kronologikoki ondotik eta logikoki ondorioz gertatua baizik.

        Arratsaldea bukatuko dut holako betetze sentimendu bitxi baina erreal batekin. Gogoa arin, nire post-it-ean zen azken zeregina marraturik, gauzak oro leku eta estatu onean daudela. Egongelan zain dut atsedenerako taula-gaina, eskainia, leher nadin han erdian, eszena bakarrean sofaren zabalera osoan ene burua heda dezadan lau patak airean, zinkurin libratzaile batean ihalozkatzeko, arima haragitik bereizten doakidala, gorputzaren trabak gainditurik gozamenera heltzeko.

        Zoriona ez da garbiketa egin izana, ez eta deus egitekorik ez ukaitea. Ez da zoritxarrik ez izatea bakarrik. Ezin da poza soilari mugatu ere ez.

        Zoriona, derrigorrik, urgentziarik, obligaziorik ez ukaitea da, denboraz batere arrangurarik ukan gabe bizi ahal izatea, laburki bada ere. Istant hori da, zeinetan deusek ez zaituen beste zerbaitetara akuilatzen, behartzen, zeinetan deusek ez duen premiarik, arnasa har baitaiteke eta gogoa alhan utz funtsik gabeko detaileetan. Urostasuna segundo ahurtara bat duzu zeinetan ez baitzaitu ezerk erretenitzen, erreprimitzen. Ez da ez aitzina ez gibelera behatzeko arrazoirik. Hor egon zaitezke lasaiki, dilindan, nehora lerratu gabe. Oreka puntuan kulunkan.

        Laster telefonoak joko du buruhauste zenbait ekarriz, ez bada ateko txirrinak ene loeri gozotik inarrosiko nauela: dena suntsitzeko.