Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

11

 

Egün ebitsüaren ürrin hezeak aidestatzen zütüan hegotik buhatzen züan aizeak. Atarratzen aühaltürik, Zibozen gaintiko bazter-bidetik, Etxebar esküaltealat abiatü ginen. Bostmendieta eta Ezpeldoia seinalatürik zen haritx maldako kürütxünean exker hartü günüan. Larrazkena bero-bero zagon gaüaren sonüaren ildotik, mündüaren gozagarri. Joana ere amiñi bat anpletürik, kantan ari zen, hegoaren epel ertzoak bürü zokoan barbalota azi baleikion bezala. Pentsamentüka irosetan nindagon ni: heltübada... Bereterretx! Eta, Bereterretxen marraztez Jim nüan gogoan, A larri batekilako Amodioak holako jüntaren egitea haizützen beit züan. Zena zela, peko ibarrean zagon Ligiko elizako zeinüak hamabiak jo zütüan eta joaldien aranaz betetzen ziren üngürüak, amodio-lotüren ororen nitan ezabatzez. Autoa hürrün ützi günüan eta hoinez hüilantü ginen, axalez abantxü higatürik zen oritarrialat. Eskü-argi batekilan ari ginen, ixilik, 1434 eta 1449 urteen artekan agitü gertakizünaren lekükoaren amiratzen. Ligiko zeinüak hamabigerren joaldia eskentü zeiolarik aize hegoari, Joanak erran zeitan:

      —Beno ezu gauz handrik.

      —Harri ejer bat phü.

      —Aitzenzu?

      —Zer?

      Oritarriaren kantüko haritxaren ostoetan firurikan zabilan aize arinaren murmuzika goria baizik ez nüan entzüten.

      —Zer da?

      —Zaldi lauhazka herotsak.

      —Zer?

      Denboraren orratzak aitzina zoatzan eta zerbait behatzekotan, honartü behar nüan, Joanaren beharria enea beno hobeagoa zela edo izpiritüa sobera tinkatürik nüala, lehentze aurten txestatzen günüan hego aizearen aztaparretan. Desertüetako aizearen agertzearekilan agiantzen nüan, partikülazki, Jimekilako nüan mintza-lotsaren desagertzea. Ordea, Joana beste «planeta» batetan zagon. Begitartea xuri ikusi neion, eta eskü-argiaren altxatzez bere zainak otoi hotz zitzan eskatzear nintzan, Bostmendietan barna eraixten zen zaldi saldo baten lauhazkak apertzebitü nütüalarik nik ere. Joanaren beldür bardinak katiastatü nündüan, eta «goazan...» erraiteko denborarik gabe, zaldiak guri ondoratürik süsmatzen güntüan.

      —Gorda gitean!

      —Non?

      —Hortxek —ihardetsi nüan ezürrak dildilaka ari zeizkülarik, eta erakutsi neion Joanari Bereterretxen oritarriaren alde-gainean zen harrizko mürrü apalñi bat. Jauzi batez haren gibelean ginen, argizagi jeiki berriak moldatzen züan itzal-günearen zaingoan. Ohartü nintzan halaz, gordagi arras argala haütatürik günüala, eta zaldien ürkoan hedexuriak horra balin ba ziren biak hon ginela, Atarratzeko edo Mauleko komisarioetan gaü-parte baten iragaiteko. Bena ez zen ixtantean hedexuririk agertü. Zaldien bizkarrek zaldün elibat karreatzen züen, ezko-sü lüzeak ahürretan etxekitzen zütüen zaldün gogorrak. Zakürrak orügüka ari zeitzen eta abereek bezainbat gizonek oihü basak zütüen ahoetan. Gure begimenean leküa oro kanbiatzen ikusi günüan: eretzeko etxeko lobiroa eta bidearen beste aldeko egoitzak argi zurbailez beztitü ziren. Hiru dotzena zaldün kondatü güntüan.

      —Jaun Kontea... zer egiten dügü orai? —galtatü züan arropa ülünez jauntsirik zen batek.

      Jaun Kontea üdüri züanak ürrezko lepokoa züan eta haren dirdirak jiten zeizkün begien mintzera, ürrearen leüna argizagiaren edo ezkoxinen sü zilarrek hunkitzen züen aldikal. Jaun Konteak ez züan deüs erran eta bildü zen zaldün errontaren erdian, bi besoak sokaz lotürik, zaintariak noizean behin azoteaz kolpatzen züan gizon lüze ejer bat elki zeikün ülünetik. Kolpeen indarraz, nahiz ez zen ahorpegian oinaze markarik irakurten, txapela lürrealat erori zeion. Korpitza nekez makürtüz iseatzen zen txapelaren atzamaitera, bena ükaraiak estekirik zütüan eta jestüaren ezin ürrentüz egon zen gizagaixoa. Jaun Kontearen mitil galanta zatekeana arra-mintzatü zen:

      —Eta orai... zer egiten deiogü?

      —Lagünak non dütüan erran beza hasteko!

      —Ez düt ihor salatüko —oihüstatü züan botz zeiharrez gizon lüze ejerrak, bürüaren goratzez eta jaun Konteari xüxenean so egitez.

      Jaun Konteak ordüan, azotedünari behatzaz seinale bat eskentü zeion. Lau zaldünek batetan jo züen beren erdian ümiltarzün xügünean zagona. Preso zenaren ezpainetarik ez zen garrasirik sortü. Joana eta biok mentüraz, gogapen bardina günüan: saldo etsaien arteko gataska baten jakileak ginela, bena gizon lüzea nonbaitetik ezagützen günüan eta jenteen arropek balizko oraikotarzuna ükatzen zeiküen. Ber denboran begitarte errizü gazte elibaten Heriotzaz bete ziren gure golkoak: iparraldean edo hegoaldean, adixkide zonbaitek gisa berean ikusi züen azken hatsaren tenorea hüilantzen, azoteen ordez —Iruñeko karriketan, Bidasoa hegietan, ghettoko ostatüetan, lrunberriko arroiletan, Bilboko komisaldegietan, Algortako eküratokietan, Frantziako eta Espainiako kartzeletan...— bürdüin pezüzko harma bat züalarik «indartsüenak» meneko. Kasü orotan sohakoaren lüzada taigabea zen, eta biharko «askatarzünez» esperantxetan. Joanaren begietan nigarttanka baten itzala sümatü nüan. Zaraitzuarrak ahoa esküaz tapatü züan, oihürik ez egiteko bezala.

      Jaun Kontea oso kexatü zen:

      —Bereterretx... non dütük lagünak?

      —Ez düt ihor salatüko —tematzen zen gizona, hiru egün züala Ahüzki tinian kürütxatü Bereterretx hura günüan, Jaun Kontearen manüer bühürtzen gure aitzinean.

      Zaldünek Bereterretx haritx bati esteki züen. Aize hegoak buhako azkarrago bat eman züan, korpitzaren üngürüan mitilek sokari ondar ützülia eginarazi züelarik. Jaun Konteak zalditik eraitxi gabe, ezpata zorrotzaz, Bereterretxen lepoa mehatxatzen züan:

      —Mintza hadi berehala!

      —Ez düt ihor salatüko —jaukitzen zeion orano, Jaun Kontearen ezpatak Bereterretxen matela ildozkatzen züala. Odola ausarki ixuri zen. Zaldün-mitilek ükabilkaz ahültzen züen, jadanik kemenez hüsten ari zen korpitza. Bideaz bestaldeko etxetik, emazte lerden bat jalgi zen, karrikako lerrotsek iratzarrarazirik heltübada. Lürrean metatürik zagon zerbaiten biltzen ari zela zürüdian.

      —Ez düt ihor salatüko! —arrapikatzen züan geroago apalago Bereterretxek, eta Jaun Konteak ezkoxinen pean hamalau nabela-kaldüz ebaki zeion bihotza.

      —Eraik beza Marisantsek bizirik —segitü züan zaldün-nausiak bortizki—. Atzamanen ditiagü hire lagünak!

      Odol itxaso nahasian lehertü zen Bereterretx. Hego aizea ixiltü eta ibarrak iharrausi zütüan düründa motz bat entzün zen. Zaldünak hürrüntzearen azantzarekilan batean, lürraren sabeletik intziri latzak jeiki ziren. Kantüko etxeko emazteari bürüz joan nintzan ezintarzünez lasterka eta arrakotxean.

      —Ezpeldoiko jenteak ala sendimentü gabeak! —Joanaren botza behatü nüan—. Hila hain hüilan üken eta deüs ere etzakienak!

      Emaztea harritürik zen. Ahorpegi griüatsüa erakutsi zeitan.

      —Margarita! Erna zite! Anbulantzia bat behar da!

      —Anbulantzia bat? Zentako? Estorbü bat agitü düzü ala?

      —Bereterretx... hiltzear dagozü... hortxetan! —leküa seinalatü neion Margarita Ezpeldoi deitzen zela süsmatzen nüan emazteari, eta bizkitartean argizagiaren distiretan, Joanaren begitarte zurbaildüa baizik ez nüan ikusi. Haritxaren maldala abiatü nintzan. Han, belar idorraz besterik ez zagon.

      —Ertzo zireea? —ahozkatü züan emazteak.

      Galdo egin neion:

      —Zer ari zinen?

      —Egürkan nündüzün.

      —Tenore hontan?

      —Bai, gaüez ez dit iorik egiten. Sütondoan egoiten nüzü, eta süa...

      —Zer süa?

      —Itzali zitadazüt.

      —Alabadere.

      —Zer?

      —Ez düzüa zerbait pertzebitü?

      —Ez, ez düt uste. Dena oso normal düzü.

      —Margarita Ezpeldoi... Bereterretxen odoletik ahürkaz biltzen ari zinela...

      —Haurkeriak dütüzü horiek oro!

      —Amets egin dizügü beraz?

      —Zoazte etxealat.

      Joana eni so eküratü zen, eta emaztea bere sükaltean erri ozen batekilan sartü zen. Lazgarrikerien ezabatzeko xedeaz begien torraka ari nintzan. Nigar inbea nüan. Joanak besotik tinkatü nündüan.

      —Amentsa zun.

      —Bai, phü... bat haboro...

      —Bizitzea amentsa zu.

      —Xiberoan bai mentüraz.

      —Eta arrama korik?

      Joanak arrazu züan aldi hontan ere. Intziri txükoak horra ziren Bostmendietan behera, aize hegoak karreatürik bezala. lzan zitazkean abere orro elkorrak, bena egiaz heiagora haiek ba züen halako jentetarzün koxi bat. Harrigarria zen. Doi ezkapirik ginen amets gaixto batetarik —emaztea elerran günüalarik!— ahalke amiñi batekilan, eta aitzina ba zoan lürraren eta zelüaren arteko borroka. Intzirien behatzez, egürükian ginen noiz edo noiz arra-agertüko zeizkün zaldiak eta zaldünak. Bena ez zen kabale aztalkada oiharzünik ihontik azaldü. Intziriek ordea, jarraikitzen züen.

      —Goazin kebentik!

      Manatü züan Joanak. Ez nakien norat bideratzen ahal ginen, ostatüak eta hotelak zerratürik ziratekean tenorean. Ordülariari so egitez ohartü nintzan, bai, jadanik goizeko seirak zirela, eta leküaren trajikotarzünetik hürrüntzea erabaki günüan. Harroka maldazü bat atzamanik, 4Letik lo-zaküak esküalatü güntüan, bata-bestearen saihetsean tink-tinkia, gaü epelaren ondar minaren higatzeko. Gaüa lanjerrez beterik zelako üdüripena azten günüan biek.

      Kezka elibat nütüan kasko-zokoan jauzi eta punpeka ari. Einerik zen Joanaren hatsartze arinak gogapena türbüsten zeitan. Maite nüan jentearen loaren ejertarzünaren mirestea, eta aldikal loaren xarmak, amodio-deia hedatzen züan ene bihotzealaino. Galtoek goiz-ürratzearen eztitarzüna barreatü zeitaen: non zen Gaxpar Büztanobi gaxoa? Agitü zeikün güziaren ogendant ezarten nüan Büztanobiko nausi xaharra, orano bizirik zelako seinalea helarazi gei baleikü bezala; orozbat, Gaxparren eta bekanika krüdelek zilatzen züen gazodükaren ogena zen arratseko ikuskizünaren plantadüra osoa. Zer ari zen lürrealat konkortürik Ezpeldoiko etxekanderea? Zentako ez zen igitü? Odola ahürkaz biltzen ala egürkan, berak zion gisa? Misterioa zen, eta ene ustez galto bitxi saldoari ez geneion arrapostürik aurkitüren behialakoan. Nihau, nolaz ez nintzan joan Bereterretxen salbatzera, heriotz-emaileen menetik libratzera? Egari nüan soraiotarzün builtaz pentsamentükan ari nintzalarik, sort-herriko arto alorrak ütxüratü nütüan, eta loak bere sare xeheetan hartü nündüan.

      Iratzarri nintzanean egüna lilitzen ari zen bortü gainaren marraren aldean, hego aroetako arrostarzün hunkigarriaz. Bazterrak jada bero ziren.

      —Joana?

      —Bai? —aharrausi lüzea markatü züan Joanaren ahoak.

      Arras akitürik ginen, bena erri zabal batez agürtü günüan ostegün azkorri hartako mündüa. Bostmendietan behera, marraka ahülak eta zürrünga zonbait apertzebitzen ziren. Zelüaren urdinak beldürra ezabatzen züan.

      —Gaxpar hor nonbait dago.

      —Begamala!

      —Askaritik landa txerkatüren dizügü.

      —Okey.

      4Lean kokatü ginen lo-zaküak plegatürik, Ligiko Laminen Zübüaren trebesatzez, Atarratzeko bide handitik abiatzeko. Autoaren motürraren piztera ginelarik, gizon herres bat jalgi zeikün besuñ baten gibeletik: bihotz-ondoan züan animalko ürraküratik Bereterretx ezagütü günüan eta nigarra begi-hegialatzean, ohartü ginen gaüko ikuskizüneko gizon lüze ejer hura bera zela.

      —Bereterretx, nola zira?

      —Gaxpar bizirik düzüe.

      —Balinba...

      —Hüilantzen ari ziree.

      —Agian... Bereterretx... zoin da zure izen txipia?

      Ihardesteko denborarik gabe Bereterretx hürrüntü zen, menteak züala koblakari anonimo batek izkribatü ohizko kantoreko bi orroen murmuzikatzez. Bereterretx azken aldikoz kürütxatzen günüalako inprexionea nüan, eta sohakoa taigabe korpitz minartüaren —egünko Xiberoko lürren maneralat ote?— itzalari etxeki nüan, halako nostalgia berriak katiastatürik. Autoa martxan ezarri ordüko, hego aizeak damüz bezala ekarten zeizkün zapalküntza üsantxaren —egiaz, nor zen üsatzen zapatürik iraüteari?— hitz ahatzeak:

 

            Heltü nintzan Ligira

            Buneta erori lürreala

            Buneta erori lürreala

            Eta eskürik ezin behera!

 

            Heltü nintzan Ezpeldoira

            Han haritx bati esteki

            Han haritx bati esteki

            Eta bizia zeitan idoki...

 

      —Okey —arrapikatü züan Joanak, iragan günüan amets gaüan elearen hontarzünaz desjabetürik izan balitz beno ixilago.