Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

10

 

Atarratzeko plaza errontaren arküpeen maldan ützi günüan autoa. Piellenea ostatüan sartü ginen segidan, aldi berean indar zonbaiten hartzeko eta ikusteko ea Büztanobiko etxekandere xaharrak aipatü Pette Kihilalt famatüa kürütxatüko günüanez, tabernan balin ba zen pürü. Barne hartako arrastiriaren bero ebizü-epelak harritü nündüan borta iragan ordüko; Joana ni bezain harritürik zagon.

      —Bortüetan ebili girelakoz...

      —...matelak gorri tzat!

      —Alabadere...

      Ate-kantuko mahainean jarri ginen ixilik, «lür hilkorreko» herotser arrotz ba gina bezala. Alabena, bortütik eraixtean beti denbora amiñi bat emaiten zen mündüari arra-üsatzeko. Irrati erdaldün baten müsikak alageratzen züan espazioa, eta bara-bara zokolateznea hürrüp edan eta klik! ari ziren adintüen eüskara molder beha egoiten ginen. Basabürütarrak ziren —nonerebeita!— astean behineko erosketetarat horra zirenak, eta bidajeaz balia oren eztiak gastatzen zütüen ostatüaren aterbean egünorozko bizitzeko geien jorratzez.

      —Senarra joan ziozü.

      —Ez düzü ahal!

      —Lau haurrekilan, emazte-bakotx düzü orai.

      —Atzamanen dizü gizon-pasaja bat arauz.

      —Aisa mintzo zira zü.

      Mürrüan dilingo zagon ordülariak solasak ebaki zütüan. Ihork ez zakien hor, Büztanobiko sükaltetik gizon bat ments zela, eta gük ez günüan gogo izpirik gure segeretüen salatzeko, berriak aizeari barreatzen zütüen jente plegatüen hitzen meneko. Aüzoetzaz axolatzeko manera hüilan horrek ütxüra greügarri zerbait ba züan bena —hona eta gaitza egar— kartiel alkartarzün mota baten gisa ere entelega zitakean. Pentsamentükan ari nintzan, begimenean txilintxatü Xiberoko Dantzari elibaten potretak, 1985ko ürtarrila elürzü baten oritzapen hotzikaratsüa ekarri zeitanean kasko-zokoalat. Errealitatean «Jauzi eta Frisat» egileek ordüan, Atarratzeko plaza karruak katiastatzen züalarik, eskentü zeitaen ene lehen maskaradaren txesta, gaüza güti konprenitzez prefosta!

      Altzaiko zela zioen trenpü-gaitzeko gehitü bati galto egin neion:

      —Zer da Maskarada?

      Ezpainen abilki makürtzez ihardetsi zeitan:

      —Misterio bat düzü.

      Doi gaitzitürik nintzala aitortzekoa nüan, bena jakin nüan berantxagoñi, urteak joan arau, holako galto hütsik ez zela egiten, eta maskaradak ez zirela aperentziarik ere matematikako «prolemak» bezala aztertzekoak, fedezko akta baten moldean bizitzekoak baizik. Garai hartan, elürrak bazterrak oro xuritzen zütüan tenorean, maskarada beno laketago zeitan Piellenean, txülülaz eta tabalaz Bedaxagarrek Pierra Garat-Arhan lejendarioarekilan jo züan sonü ejerra. Joanak besoak hunki zeitalarik, zerbützaria gütaratürik zela seinalatzeko, ebiz bustirik zen larrazken hontako Atarratzera ützüli nintzan.

      —Ze hartren zu?

      —Garagardo fresk bat phü.

      —Okey.

      Leihotik so eküratü nintzan, eta üdüritü zeitan, betikotzat, Xiberoaren ütxüra, elür arrats batez entzün txülülaren firingilaje minberarekilan ezkontzen nüala. Ürtarrila hartzaz geroztik menteak higatü ziren, bena elürra erorten asmatzean txülülaren müsikak bürüa, amodio-nahikünte baten gisa, trebesatzen zeitan. Ametsa hautse züan, gure 4La zikinaren saihetsean gelditü zen hedebeltzen J7 urdin ülünak. Joanaren ametsa ere moztü nüan erraitez:

      —Horiek heben gainti...

      —Bizpur bezik ezu!

      —Dilo aski hamar ez izan gatik...

      Erriz hasi ginen. Erriaren oldarra menderatü züan, mahainaren beste püntan jarri berri zen aitañi konkortüaren aide hitsak. Trixtüra ez günüan biek biziki maite, bena hala zen, zinezko imur honaren itzala elkitzen balin ba zeion herri nekeza honi, zonbaitetan igartzen ahal zela halako bihotz-herstüra bat hebenko jente bakotxaren begitartean. Aitañiarekilan hitzaren josten ausartü zen Joana:

      —Nahi zua zerbeit edan?

      Aitañiak ez züan ontsa konprenitü. Bermatü zen:

      —Eüskaldüna ziree?

      —Ba, bai, phü... manexinak gütüzü ordea.

      —Alajinkoa!

      —Arranjatüko gütüzü burrat bat goiti-beheiti.

      —Biba, biba züek!

      Aitañiak trixtatzeko partez, ahorpegi airosago bat eskentü zeikün, eta nik halaz builta hartan golkoan biribilkan zabilkitan galtoaren egiteko lotsa galdü nüan:

      —Errazü: ez zirea Pette Kihilalt zü?

      —Ez, ez nüzü Pette, ez. Jüje nüzü. Ezagützen düt Pette bai.

      —Non bizi da?

      —Mauleko xahar-egoitzan düzü, bena lagün bateki horra ziküzü kartakan aritzera.

      —Atarratzerat?

      —Bai, musean gureki.

      Zerbützariak garagardoaz gain, Jüje zelakoarentako ardu-gorriz bete godalet borobila ekarri züan. Jüjek ele habororik erran gabe anpleki hüstü züan, apezak kalitza etxek lezakean bezala tinkatzen züan edaluntzi xügüna. Klikakal hasperenka ari zen adintüa, eta ez ginakien atseginez ala histüraz zenez. Jüje ixiltarzün tematsü batetan sartü zen, eta süsmatü günüan ez zela, Piellenean, Pette Kihilalt haren hatzik.

      —Atertü dizü.

      —Goazin terrazrat.

      —Altxa!

      Bierrak eskütan hartüz, jentez künküino estalgirik zen egüteran jarri ginen. Zelü aldea Larrainerik argitzear zagon, eta agian zonbait orenen bürüan aize hegoa buhatzen hasiko zen, amodioz deika. Gure mahain-kantüan espainolez mintzo ziren gazteak zauden, Negu Gorriak rock taldearen potretez apaindü atorraz beztitürik:

      —Ke no jode, ke no!

      —Te digo ke si. Ai ikastolas i gaueskolas aki.

      —Es una pelmada en realidad.

      —Mobidarik bapes. Oso atseratua den.

      —Linguistikamente es un desastre total!

      —Bai, horixe, desastre hutsa dek!

      —A lo menos...

      —Zer a lo menos?

      —Me gusta Xiberoa pues.

      —Ke?

      —Komo las dos txikas de alli!

      —No molestes Alli por favor.

      —Mesedes.

      —Bai, horixe, desastre hutsa dek!

      Eta ri-ri-ri eta ra-ra-ra... Solasaldia aitzina joanago eta, ikusten nüan Zaraitzuko ene adixkide-mina berde-gris bilakatzen, aihenetan erabilten zen bitriolaren kolorerat ützültzen. Ez nintzan soberarik erreüsten, ez zen «arrazo» bat enetako azkenean, Euskararen Legeak 10 urte baizik ez zütüalakoz aurten ospatzen, mügak ez zirelakoz orano eroriak eta espainola ardüra, frantsesaren gisa, eüskaldün hanitxen ama-mintzajea beit zen egiaren erraiteko. Joana eta biok, mintzajeen mündü idilikoan iraüten günüan: latinkiak abantxü ahatzerik «agrezione» moldeko zerbait senditzen günüan erdarak entzütean. Positiboa nintzan audela, eta ber denboran Joanaz mendekatzeko lehian ere, goizaldean, holako bi «progreeki» nihau ützi beit nündüan azen hontzera.

      —Bede-bederaka karreatzen da kürütxea —pentsatü nüan Joanaren imur beltzaren amiratzez.

      Bapatean, Joanaren begietarik süa elki zen potiko galant batek galtatü zeiolarik:

      —Bu abe dü fe?

      Joanaren ürgüilüa kexüz kanbiatü zen:

      —Euskal Herrian euskaraz otoi!

      Duintarzün inkaü baten zaintzen iseatzen zen Joana, haserrea igurtziz, potikoaren begitartea zurbailtzen ari zelarik.

      —Jope, etortzen zarete lparraldera eta ez duzue ezer ikusten. Itsu jarraitzen duzue. Gauzak abiadura handian aldatzen dira hemen ere. Eta zuek beti itsu. Eta ke baserriko mas txukuniko, pastorikos i kurikos, txabalikas morenikas!

      Ahoak emana ahala orroaz ari zen orai Joana, duintarzünaren izaria galdürik. Botz ahülez potiko galanta ausartü zen ebanjelioaren moztera:

      —Aizan, nabarrika haiz ala?

      —Eta zer?

      —Beno, beno, lasai. Ago lasai —murmuzikatü züan potiko zurailak, zigarreta ez piztüaren ezpainetaratzez.

      Joanaren behatz altxatüa enean katiastatü nüan eta 4Lealat tiratzen zinpurtzen nintzan, zaraitzuarrari amoltsuki anplearaztez:

      —Joana, ixil zite. Hegoaldeko anaieki aharra gitean nahi düzüa?

      —Bardin zut. Korik aneiak? Hobe zut familiarik bage.

      —Tzai Joana, tzai. Irunen zütüt autoalat.

      —Hori bai, iruin nezazu! Abokatu bat behar dut!

      —Abokatü bat? Gose zira ala orano?

      Ez nüan deüs entelegatzen. Behialako mintzalari-saldoa xütik zagon, lür ikara baten haidürü bezala. Erri gogoz nintzan, eta Joanaren 4Laren barnealat bulkatzez erran neion:

      —Joana abokatüa etxek ezazü sarri aihalteko, neke beit date zure defendiatzea! Autoko atea zabal eta iruinen zütüt arrunt.

      —Ixil zite zu! —manatü zeitan Joanak, eta—: Gero arte! —Üdüriz airos baten oihüstatzez autoko borta zerratü nüan, giltza bere ziloan lantatü, eta beribilari kea zariola gibeletik, Atarratzeko plazatik leküak hüstü güntüan. «Inzidente Diplomatiko Etniko» bat jasan eta jasanarazi günüalako inprexione tzarra nüan. Alabena, ez zirena gazte horiek Mauleko komertsanteen gostüko «ekonomia lokalari» devise elibaten ekarle segürrak, pezeta flakotan izan arren? Ez ote zütüen üda-parteetan Mauleko komertsanteek ikurriñak eta gaineratikoak soto hezeetarik elkitzen hegoaldeko «anaien» musen pikarraitzeko lehiaz? Hebenko dinamita —parka— dinamikaren eragile ziren Joanak erasiatü potiko eta neskatila plañ haiek. Bena galto hanitx nüan gogoan, Joana ene kantüan mütü zagolarik. Ez zen aisa balantzaren orekatzea, eta mentüraz egokia zen «Bakea eta Amodioa»ren lemari fermüki jarraikitzea.

      Gaüaren lehen orratzek zelüa sardeskatzen züen. Laster bazterrak oro ülün ziratekean. Joanak «Bereterretxen Kantorea»ren ahaidea hüxtülatzen züan. Ba nakien ahaide hori mihi-pealat horra zeikülarik, morala ez günüala hein bat gora, eta bederaka, bihotz-barneko piztiekilan güdükatzen ari ginela. Bena ordea, Joanak egarten züan bere sineste xoilen destorbüa errespetatzen nüan. Ahal üken banü, ene kontre bailakatüko nüan. Ametsak amets ziren zorigaitzez, eta xinpleago zatekean errealitatearekilan borrokatzea, Gaxpar Büztanobiren atzamaiteko pürü. Hori zen gure helbürüa ondarrean.

      Lakarri zolan ginen jadanik. Autoa Altzaiko bidekürütxünean üztez, deliberatü bezala, gazodükaren lankietan ari ziren «esklabo» zonbaiten elekatzeko xedea günüan. Hek, egünean hamalau oren egiten züen, smicean ordaintürik, multinazionalaren filiala baten kontü. Erraiteko maneran frantses güti zagon langile, haboroxienak Büztanobiko amañiak agertü moldean «estranjerrak» beit ziren: beltzak, ekialdekoak, portugaldarrak eta magrebiarrak. Xiberotar «mertzenarioak» ere ba ziren, anpeak igorriak, beren izenak assediceko zerrendetarik kanporatüko zütüelako mehatxüaz baliatüz. Ordea, manazaleak oro, larrüz eta bilairez, «norteko europearraz» günüan potret-robotari plegatzen ziren.

      Gordaxka, bekaniken artetik, gizonetara hüilantzean, presaka gure galtoak aideari urtukitzen güntüan, Gaxpar Büztanobi gaxoaren argazkiaren erakustez.

      —Ikusi düzüa haü?

      Küxelüz küxelüka hanitxek ezezko arrapostüa eman zeiküen. Bena Abdelmajid izeneko batekilan denbora haboro iragan günüan.

      —Ikusi düzüa gizon hau egün hotan xantierrean?

      —No ja le pa vü. Me ier kalkixox bizar le paze.

      —Kua?

      —An tüb plü lur ka li zotr’...

      —U ta mi?

      —Dan la ter te pardi.

      —Tü krua kiave in om dedan?

      —Pozibl’tü se. Izi an fe pa tenzion a za!

      —Esker mila Mafid!

      Bostekoa lüzatü zeikülarik, kexü handian jin zen Majiden traktopelaren ondoala xantierreko kontranausia zürüdiana:

      —Majid? Avec qui tu causes?

      —Ji travail’ mizie!

      —J’appelle la police.

      —No, no. Fi pa za xef, ji süi tranje mua!

      —J’appelle la police!

      Hürrünetik horra zen ahür-irrati baten txinkakatzeak entzün ziren, eta segür aski talki-walki hura xüxenean lotürik zen «arrazoak» segidan konpontzen ahal zütüan polizi-saldoarekilan. Ez günüan Joanak eta biok ihes bide haütürik, eta harri zonbaiten gainen pausatürik ziren odietan kükütü ginen. Gazodükaren barnea gorria zen beraz. Odola bezala gorri. Aurkiküntza bitxiak halako destrenpü bat sortü zeikün, eta gorria odolaren ütxürekilan jostez, behin radioan, arratseko berrietan behatü alkarrizketa baten mamiareki jüntatü günüan: üztarrilaren 23 lantzertsü hartako Üthürzehetako gertakariak aipatzen zütüan emazte batek, Xiberoko lürrarekilan egiten ari zirena bortxaketa bati konparatüz. Halaz, zilo eta arroilak oro odolez hantüko ziren epe llabürrean, eta min-sail hortarik gaza ziuntan lerratüko zen.

      Odolaren zübü sikologikoaz pentsamentüka ixiletan ginelarik, «kaska-beltzen» hatxeirüzko ürratsak, odiaren barnekaldetik hüilantzen ikusi güntüan, Majid gaixoaren kantüan plantatzen zirela. Kanpotiar güziak bezala, indar-errepresiboaren mitilek eztitarzünik gabe hersatü züen gizona. Bena Majid mütü eküratü zen, eta poliziek trabaren ogendanta, ordoki eta saparretan zabiltzan «kabale» xeheen artean kausitü züen.

      —In lapi...

      —Uae... jüst in lapi kua!

      Jadanik eraitxia zen gaüean hurtürik ziren polizi-bereziak, eta gük hatsaren doi hartzez, egürüki günüan lankia arima bizidünez hüsteko tenorea. Ondoramenez builta baten bürüan, gazodükaren itzal odoltsütik baratx-baratxa elki ginen, üngürüne orotarat so egitez.

      —Goazen.

      —Arren.

      Süge xotilen moldean, hur hegiko zühaintzeen maldan ginen. Eta azkenean lasterra zaletü günüan soroaren ipularrean zagon 4Lealat zotükatzeko. Ordülariari sohako bat eman neion.

      —Jes... hamarrak!

      —Hego aize kori!

      —Bai.

      —Ezgra anitz aitzinatzen.

      —Ez phü.

      Autoan sartü ginen, eta Atarratzen, arrastiriko lekü bardinean, bi ogitarteko iretsirik, aspaldiko solasen haritik, nahi neion Joanari ene familiaren etxondoa erakutsi, Ezpeldoia hain xüxen. Joanak aserik, arras ontsa honartzen züan ene xedea, eta nik agiantzen nüan orano, Bereterretxekilan agitzea. Ütxüra güzien kontre Gaxpar Büztanobiren atzamaiteko xenderetan ginela uste günüan biek.