Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

8

 

Etxetik tarrapataka eiki ginen, eta amiñi bat harritürik zelüari so eküratü ere, karrikaren erdi-erdian. Ebia ari zen! Ez, prefosta, negü-minetako ebi larria, oro gristen zütüan larrazkeneko edo bedatseko lantzer arina baizik. Odeiek, ja ikurriñarik gabe interes gütiago züan Mauleko Gaztelüaren harresiak hunkitzen zütüen. Egia erran, eta mila ehünetan herria eta partikülazki Xiberoa ebipean amiratürik, senditzen günüan ez zela ebia bezain fenomeno meteorologiko ejerragorik. Bizitzen ikasi arau —haboroxienetan nekeza zen!—, bürüan sartürik günüan ebiaren üngürüko gure mintzajearen hiztegi aberatsa:

      —Ohono uria! —erran züan Joana Garaldak trixtüra batekilan botzean.

      —Eta zer? —xoilaz eman neion arrapostü, ontsa ikustez, gisa hortako oharpenak, hirian egoiten zirenek egiten zütüela, eta aspaldi ba zen kanpainetaz axola txipi züela mass-medietako bozeramaileek; aro hona aipatzez berez, iragarten züen egün osorako Ekia zatekeala. Ez nüan hanitx maite Ekiaren tirania hori, zonbait urte Txinako aüzünean iragan arren, «rüral» gelditürik beit nintzan bihotzean, eta aro-kanbioak, sasuen kursak, biziki laket zeiztan.

      Ühaitz hegila heltü ginen. Huraren berdetarzünak ito zütüan ene begiak. Aldi oroz, güne hortan, aidatzeko gogoz nindagola aitortzekoa nüan, bena zorigaitzez, ez ginen txoriak, eta lürrari aragiaren zamaz estekirik iraün behar günüan. Huraren lür fresk ürrinak «bortü handietarat...» eraman nündüan, eta Jimen begitarte amoretsüa jin zeitan kasko zokoaren iharraustera. Historio hau —Gaxpar Büztanobi sano eta salbü atzamanik— ürrentü ordüko, Jimi telefonatzeko erabaki fermüa hartürik nüan. Mentüraz, deliberoaren aldegibelean, lotsaren xixtek trabatüko züen nahiküntearen latza. Bizikleta asots ezti batek moztü zütüan ene ametsak.

      —Nola zira? —entzün nüan, eta ützülikatzez, Marga ikusi, begilagün beltzekilan, kaxene xuria lepoan biribilkatürik züala.

      —Goiztiar zira Marga?

      —Hala düzü. Goiztiarrentako düzü geroa.

      —Bai, prefosta.

      —Nor düzü lagün hori?

      —Ba, zaraitzuar bat.

      —Eüskara ba dakia?

      —Bai, bai.

      —Ontsa. Ene aitak De Gaullei izkribatü ziozün...

      —Jakinean nüzü, bai.

      —Euskaldunon Egunkarian irakurririk?

      —Horixet.

      —Iragan ezazüe egünaldi hon bat.

      —Ber gisan.

      Hürrüntü zen Marga, dena fru-fru, pastel kolorezko arropaz jauntsirik, Guktaldearen kantore ezagün bat —lagün bat zorionez aurkituko dugunez— orroaz kasik emaiten züalarik, Mauleko eüskaldüntarzün builta hontan lokartüaz otükarazi gei balü bezala. Beti, eztiki oritzen nintzan, Margaz, Xiberoako hiribürüalat jin nintzalarik, hura beit zen eneki solastatzen «galdü» zen lehen jentea. Orai, elaire franko ba nütüan, bena amodio amiñi bat etxekitzen neion bihotzaren ülünean. Joana, mini-bizikleta xügünki urinestatüari so zagon:

      —Nor zen mazte bitxi kori?

      —Marga.

      —Begamala. Aituzu ze erran dien?

      —Üsatürik nüzü.

      Ixilüne lüze baten ondotik, oskiak josten zütüan Peko Arrüako lantegiaren aitzinetik bideratzean, Joanaren harridüraren ahaztez, üdüritü zeitan zelüaren gristarzünarekilan nausien eta langileen arteko güdükek, emeagoak izan behar züela, mündüa gristarzün sinboliko batean kokatürik beit zen jagoitik. Eratxekigailü eta abere larrü lantü ürrina Peko Arrüako goizetan barreatzen zen, greba egiteko inbea bat bezain zital. Bena, oskigintzako alorra kondenatürik izana gatik, ihon ez zen haboro greba hitzik edo deialdirik aditzen. Audela, üda batez telebixtetan erakutsi zeiküen —demokrazia kapitalixtaren garraipen handien gisa presentatzez ixtorio güzia— Leninen eta Marxen harri-tailü hautseak lürrean mila puzketan zirelarik, behinekoz, «klase borrokaren» ideiak bere denbora konplitürik züala. Seinale txarra zen, düdarik gabe: klase borroka ohian pürü, langileak jentetzat hartürik ziren, eta konzeptüaren desagertzez, langileak, obeditzeko programatü-bekanikak bilakatzen beit ziren, geroago ohoratüago zen nausitza bekaitxaren meneko. Taylorismotik Toyotismoala lerratzean —etxen pakatzeko eta familier mañetoskopak eskentzeko estakürüz!—, langileriak «klase borroka»ri üko egin zeion, nausitzarekilan bederazkako harremanak «progreagoak» zirelako sinesteaz hantürik. Halaz «klase borroka» zaharrak sortzen züan alkartarzün sendimentüa hiltzen ari zen, eta zinez domaje zen, langile apürrak, xomajearen xantajeaz, nolanahika enplegatürik beit ziren. Txinako greba-egün hunkigarrien nostalgiaz betetzen nintzalarik, Joanak, astotik astoala, ene bürütazionea ebaki züan:

      —Bena ze eskubide dizu?

      —Nork?

      —Marga korrek?

      —Zer?

      —Bizi drenak euskararen jakiteaz jujatzeko?

      —Arrazu dizü bai. Zü bezala mintzo düzü.

      —Nork eraugi nu konat?

      —Destinuak.

      Jojobarreko bortala heltü ginen. Barnen, gizonak eta emazteak ari ziren jadanik, ardu xuriz askariten. Mauleko rubi saldoak beti galtzen züala zioen, botzen izariaren nekez menderatzez:

      —Ba düzü zerbait joan ez denik!

      —Entrenazalea kanbiatü behar likezüe.

      —Jokülari zonbait ere bai.

      —Gure denboran... tripan günüana oro emaiten ginizün.

      —Orai, neskenegünetan mozkortzen dütüzü.

      —Nola nahi düzü irabaz dezaen?

      Rubi sasua hasiz geroztik, manera hortako solasaldiak üsü beno üsüxago elkitzen ziren süporterren ahoetarik, edozoin ostatütan. Brigittei, bere laugerren garagardo godaleta ezeztatürik, Jojok berotzen ari ziren elekarien herotsen artean, bi kafe handi eta kroizan bedera pausatürik zütüan kontuar-gainen, hitz izpirik ahozkatü gabe. Joanak eta biok begi keinü bat trükatü günüan:

      —Ba goazi?

      —Bai. Ez gitean heben errot.

      —Arren!

      Kanpoan ginen. Artozko zigarreta eta alkohol ürrina arropetan lotürik günüan. Goizanko tabernetan zabilan aide nahasiak zerbait okaztagarri ba züan, bena züntzürrean behera eraixten zen kafe ttilikak, oro parkarazten züan.

      Peko Arrüan ekürüan zagon ene 4La higatüan kokatü ginen. Lantzer eztiak, aitzineko bitreak, amodioz bezala bustitzen zütüan, eta ezüiglazak martxan ezarri nütüan. Lakarrirat abioan ginen, agerian doi bat baztertürik günüan Gaxpar Büztanobiren txerkara arra-üztartzeko, bena gogoetarik Gaxpar gaxoaren ütxüra ez zen sekülan kantitzen:

      —Egün behar ginikezü atzaman.

      —Uste zua?

      —Ez nüzü segür ez ata!

      Atarratzen, Lakarriko bide-kürütxünea hartü günüan, bide hersian abiadüra handian zabiltzan Ansopose-ko kamioien gibeletik. Ene 4La zahitüa, lohiz ziliportatzen züen kamioiek, eta bitreak ez ziren aisa xahü egoiten:

      —Eta ihizketarako lanak geldiaraziko dütüela!

      —Ahalkegarri zu.

      sicak eta sngsoak komenio bat sinatü omen dizüe.

      —Begamala... urxorik ez zu izanen.

      —Agian ez.

      Lakarri-Büztanobiko lobiroan ginen jadanik, 4La oso zinkintürik eta gü errauts hezez estalgirik. Joana autoan aterbetü zen, Euskadi Gaztearen sintoniaren entzüten, Büztanobiko amañiak beit zion enekilan baizik ez züala «aferarik».

      Ezkaratza trebesatü nüan, eta etxekandere gaztea üdüri züanak erran zeitan, amañia behien jeisten ari zela barrüküan. Barrüküko aide tepoak südürra katiastatü zeitan, eta hamar bat bretonen kantütik, amañiaren ganatü nintzan. Khotxüa altzoan züan, eta esküz ari zen jeisten, hiru zankotako ttottoaren gainen jarririk. Behi sanken artean, aidearen pezütarzünak lehertürik, ez nüan mintzatzeko inbearik, khotxüen bazter metalikoen kontre joiten züan eznearen zirrizta argiaren sonüaren hobeki apertzebitzeko. Hogeita hamar urte gibelago ba nindoan ene oritzapenetan: han, iratzez eta otez ihaurgitü Amikuzeko barrükü batean, khotxüan bildü ezne-gahündüna aho beteka iresten günüalarik hain xüxen. Korbeak, belar idorrez hanpatürik ziren, eta auherki bezala, behiak beren otelakoetan haidürü zauden. Bakearen ütxüra bükolikoa aizatü nüan:

      —Ba düzüa berriagorik?

      —Ez, phü, ez dit ez.

      —Alajinküña!

      —Eta züek?

      —Ez dizügü deüs. A!, gaü hontan Pette Kihilalt batek telefonatü ditadazüt. Pette hori nor da?

      —Ba bai, phü, Gaxpar gaxoaren inganioa.

      —Aaabooo...

      —Biak üsü Piellenean zütüzün, kartakan eta pintukan...

      —Non bizi da Pette?

      —Lehenago Etxebarren züzün. Gero zorrez itorik, etxeak eta oro saldü zitizün. Orai ez beit dakit non debrü den!

      —Bon.

      Ez nintzan biziki aitzinatü. Erran neion amañiari, goiz partean, Lakarririk Bostmendieta tini bitarteko artzain-olak mirazkatü gei güntüala, agian hor nonbait gorderik kausitüren günüala Gaxpar gaxoa. Amañiaren begiak gorritü ziren:

      —Jinkoak saristatüren zütüe!

      —Hobe.

      —Kafe inkaü bat gogo düzüa?

      —Ezne-gain amiñi bat nahiago nikezü.

      Khotxüa lüzatü zeitan Büztanobiko etxekandere zaharrak, eta hain igienikoa ez zen jestüaz eskü-ahürrean bildü nüan gahün xuria. Ezpainetaratü nüalarik, mente desagertü baten minak harrotü nündüan, Nekezal Politika Amankomünaren legeen arabera mündü hori debalde beit zen. Filme amerikain tzarren titülüa züan Pac 2, le retour. Iaz pentsamentükan nintzalarik, Büztanobiko amañia agurtü nüan, eta ezkaratzaren arra-trebesatzez, sükaltetik horra ziren Space War haur-logiziel elibaten herots egarkaitzak beharriak larrütü zeiztan.

      Joana, Büztanobiko lobiroko jargian arrakotxatzen ari zen. Haitzen berritan ikusteko ametsez zagola üdüritü zeitan, eta amets goxoa hauts ordez, arrabote saihetsean zen kabina telefonikoalat hüilantü nintzan. Ondarrean Pette Kihilalten telefona nümeroa zela uste nüana marraztü nüan emekiñi: 59 28 99 99... Bi joaldi behatü nütüan, eta segidan, France-Telekomeko langile baten botz larderiatsü grabatüa aditü nüan, arrapikatzen züala: «il n’y a pas d’abonné au numéro que vous avez demandé... veuillez consulter l’annuaire ou le minitel». Telefona zonbakiaren «pizta» arras antzüa zen egiazkiz. Ülündüra builta batek gaintitü beno lehen, Joanaren aldealat abiatü nintzan, eta bidaje romantiko batetarako kümitüa eskentü neion:

      —Artzain-olak bijitatüko ditizügü.

      —Goazin.

      —Har itzazü ignko kartak!

      —Eta uritakoa?

      —Gei ba düzü bai. Ez nüzü bustitzearen lotsa ni.

      Behien jeistea ürrentürik, Büztanobiko amañia bi makilarekilan elki zen bortala:

      —Oizüe Bideko aküilü hok.

      —Esker mila! —ihardetsi geneion, eta kartari sorik egin gabe, orano gudrustatürik zen xenderari lotü gintzeion. Bostmendietako bidea zen. Ixilik ginabiltzan, eta xoilik, lantzerrak ostoen gainara erortean sortzen zütüan asots eztiak güntüan lagüntzat, eta prefosta, ürratsen oiharzünak. Pastoraletako jokülarien ritma markatzen züen aküilüek, eta klink! eta klank! Pastoralaz murmuzikan ari nintzan, egüerdi altexean, Joanak behatzaz, bide bazterretik erakutsi züan olaren mirazkatzen hasi ginelarik.

      Aspaldi ba zükean ola horrek ardirik eta artzainik ez züala aixolbetü, zola kakallaz xahü beit zen eta aize hego beroek ontsa aidestatzen beit züen, arbelezko hegatzen eta harri-pikatüz altxatü mürrüen artekatik airos iragaitez. Kantu batetan, ihaurgi amiñi bat ba zen, eta metaren gainen khotxü erdoilatü bat, bena Gaxparrik ez zen ageri. Iratzeetan ttottotü ginen, karta desplegatü günüan, eta Bostmendieta kaskoala heltü aitzin hamabi ola kontatü. Desesperatzekoa ba zen. Zigarreta bedera erre günüan, eta Joanak ixiltarzüna purruskatü züan:

      —Nunbeit behar zu izan.

      —Ola hanitx ba düzü phü...

      —Guzietan ibilren gra.

      —Beste haütürik ez delarik...

      Ebi malinak hegatza eztiki kolpekatzen züan. Joanari so egin neion. Erriz karkazaka hasi zen:

      —Ai, ai, ai.

      —Haitz düzü gogoan ala?

      —Bai.

      —Bihar Barkoxerako gütüzü.

      —bdl adi itsusia! —oihüstatü zeitan alageraki, bere asmorik handienari laido egin banio bezala.

      Alkarreki higatü gaüak oritzapen güti ützi zeiola ohartü nintzan, bena trixteziarik ez nüan horregatik senditü, Joanarekilan partekatü ikaretan zeihar erresponsable bilakatürik beit nintzan: Joana, Barkoxen zatekealarik, nik, Jimi telefonatzeko erabaki fermüa konplitüko nüan.