Bakean ützi arte
Bakean ützi arte
1994, nobela
190 orrialde
84-86766-47-8
azala: Aitor Bayo / Garbiñe Ubeda
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

2

 

Jojobar-eala artinoko bidean ohidüra nüan Ühaitzaren saihetsetik iragaiteko. Gosaio errea balin ba nintzan ere, bazterren eztitarzüna ontsa laket zeitan. Lano arin batek troxatzen zütüan gaztelüalat igaiteko patarrak. Lühertzean agertzen ziren etxalteak, ikastegiak, eta errekan hur berdeak ixurtzen zirela harritü nintzaneko, gogoa jadanik bortüetako alagia tematsüetan galdürik nüan. Hiri hau, goizanko lehen ordüetan eta arrastiriko azkenetan maite nüan. Bien artean, ardüra, lanez gaintika nintzan eta ez nütüan ahal üzten soak auhertzera. Kafea hartü aitzin, bülegoalat ützüli bat egin behar nüala oritü zeitan, zerbait dei edo galto jauzi balin ba zen, aski lüzea izan zen astebürü hontan, jakinean pürü egoiteko. Kolegioko zübütik, Peko Arrüalat okertü nintzan. Zirkülazione güti zen karriketan: magasiak oro zerratürik eküratüko ziren astelehen azkorrietan aizinant iratzartzen bait zen hiriñia. Peko Arrüaren 76. zonbakian zagon ene bülegoa. Borta bulkatü nüan, eta enkostika ürrina züen eskaileretan gora abiatü nintzan, esküan nütüan giltzekilan txoxtakatüz.

      Ate-kantüko zilarrezko plaka begietsi nüan; ondarrean ene afera ez zen hain gaizki martxan. Herrialde horitan, beste hanitxetan bezala, jenteek ez züen poliziarekin edo hedexuriekin ‘komertziorik’ nahi, eta nintzan detektibe orano ahülari lagüntza eske horra ziren. Arraheinki moldatzen nintzan, eta hori nüan segürtatzen klianter, zela behi ala ardi tratü, zela ohatzegile ixtorio. Ezkontza-hauste güneetan, behi edo ardi sailetan beno xantza haboro nüala aitortzekoa nükean. Eraztün trüküan, nigar txorta bat begi zokoan, fidelitateari zin egin zeioen emazte edo gizonak bizirik, osagarri honean eta üsü iros atza maiten nütüan. Kabalekin ez zen holakorik egia erran. Abere zentüen ezür mehatüak erroitzetan agertzen zeiztan prefosta, saeak eta arranoak aragiaz asetzen ebiliak zirelarik. Lan mota desbardinak baiesten nütüan, detektibe rüral bilakatzez, eta sariaren izaria beti manazalearen meneko üzten nüan.

      Ate-ondoko zilarrezko plakan, ohorez beterik, ene izena irakurri nüan: Amaia Ezpeldoi - kabale eta jenteentako detektibe - Maule. So hortan, zürübi zozialeko heltükina senditzen nintzan, eta bortaz bestaldean zagona enea zela nion, amiñi bat laborariak, artoa ereinik, egünetik egünealat ürrezko azia lantare lerden bezain ejer handitzen ikusten züan maneran. Güti hortaratzea ez zeitan aisa izan. Zonbait urtez ‘exiliatürik’ egon nintzan, Txinako eremü errenbes hetan, eta ordüan, etxekoak nitzaz biziki fier ziren:

      —Lanean ari düzü, lan ontsa-pakatüan!

      —Aaaaah bon?

      —Bai... gdfan!

      —Fonkzioner?

      —Bai, zerbait holako bai. Han pürü ez dizü politikarik egiten!

      Egiazki orenak eramaiten nütüan gdfan; bena ez züzendari-ordearen leküan. Eratzari baizik ez neion komendatzen, eta artetarik, züzendariaren edo züzendari-ordearen gelak garbitzen nütüan. Hortik horra zeioen etxekoer zelako fiertarzün hüra, ez beit neien seküla deüsik salatü. Larrazken arrastiri epelean, herrialat ützültzeko ene xedea aipatü nüan, arras xinpleki:

      —Debeatzen niz heben. Horra nüzü etxealat!

      —Ertzo hiza? Ez dün arauz holako lan-hona kitatüko?

      —Bai ama, bai.

      Telefonaren püntan, amaren nigar-zotinak entzün nütüan, bena bihotz arnegata izana gatik, erabakia hartürik nüan. gdfko eratza zeditüko nüan botzik, eta Bayimissa batek edo kotonurik jin Hadrien Amoussou gaxoak zükean bailakatzen ahal, nik hein batean leüntü giderra.

      Heben nintzan orai: damürik gabe, erdizka lanaz pakatürik, erdizka rmian antsiatürik, legarretarik kanpo, eta herriko üne frankotan erran liroen gisan: zoriontsü... Ez zen bixtan dena, telebixtetan (Euskal Telebista barne) edo emazteentako püblikatzen ziren hoila kolorezüetan erakusten züen zoriona, bena ene behar txipien araberakoa, ez beit nüan gaüza hanitxikeskatzen üngüratzen nündüan mündüari: ez nintzan pollita, ez nintzan espiritüala, menteen ondarkin ‘baleü’ bat baizik. Eta horrekilan akamodatzea aski nüan. Aide hortarik, hiri erraldoietan bizitzeak ba zütüan abantail zonbait, norberaren ‘baleü’tarzünaren —arzüna izan beit zitekean— honartzen ikasarazten beit züan eta honartzearen ondoramenez besteen sohakoen tiraniatik askatzen zen. Ützüliz geroztik, Txinako basabortüetan nola, begimenen axola güti nüan. Hargatik, noizean behin, nekeza zen ützültzea, gaüzak oro aldatürik atzamaitez, jente berriak denetan nagüsi, zaharrak orano erroten aizestatzen ari, eta oro aldatürik atzamaitez, ber denboran deüs ez zela kanbiatü süsma zitekean, betikoak betiko saltsetan bustitzen zabiltzalarik ja.

      Heben nintzan orai. Kafea baizik ez nüala ments, karrikan ebilten nintzan, tripako kurrinken ezin gordez. Bülegoan sartü nintzan, eta iragan ostiraleko ordrea ez zen den-mendrenik ere igitü: laser irakurgailüa, irratia, Underwood idatz-bekanika..., hor ziren, errauts pean, urteen eküratarzünaz kondenatürik bezala. Peko Arrüalat emaiten züan leihoa ideki nüalarik, itzalean zirzar xotil bat asmatü nüan: sagü bat zena? ala gatü bat? amerikain filmeetako maneran, ixterbegi elibatek zare batean pausatü sügearen zigizaga lürrean? Ikaran, Thelonius Monk ezarri nüan sonü-tresnan, eta herotsa horra zen kantüko gelala abiatü nintzan, baratx, geroago baratxago. Han ikusi nüanak harritü nündüan:

      —Zer ari zira hor?

      —Zure lagüngoa behar dizügü.

      —Non? Zentako? Norentako?

      —Zure lagüngoa behar dizügü —arrapikatü züan hamar-hameka bedats zükean neskatilak. Tristezia larri batek xeheki zeion begitartea.

      Ageri zen nonbait-zerbait agitü zela, bestaz-besta eta amoros gastatü nütüan bi gaüetan. Hüilantü nintzeion eta laster ezkapi zeitan, izüak katiastatü leppea txipiaren gisa.

      Jakin-mina nüan, bena ez nakian haurrer mintzatzen, eta partikülazki, haurtarzünetik elkitzeko püntüan zirener. Ahal bezain eztiki hasi nintzeion elestan.

      —Zer agitzen zaizü?

      —Tzai... egüerdiko... Lakarri-Buztanobialat...

      Neskatila desagertü zen, brist-braust! eta junpe bat egin nüan, kanpotik zatorren aize bühakoak, banpez, bülegoko borta zerratü züanean. Negüko hotzik garratzenen daldara senditü nüan larrüan, eta iseatü nüan Monken müsikaren jarraitzea. Haurren penetan begistatzea ez nüan batere gostüko, garai honen basakeria, haboroxienetan, hek züelakoz egarten, heltüek kontrarioa erran gatik. Gogapena alderantziz hartü nüan arrunt, eta ez zeitan laket ere haurrak sendimentü merkantilisten edo besteen indartzeko ikurtzat erabilten zütüen mass-medietako artzapezküpüen joküa. Bien artean, üdüritzen zeitan, Lakarri-Büztanobian, lazgarrikeria bat gertatü zela, eta ene eskükaldüa behar züela. Bena kafea lehentze!

      Peko Arrüalat eraitxi nintzan. Ekia amiñi bat goraxagoñi zagon. Ez züan ordea kemen latzik eta gaüaz-gaü ebiltez minbera ziren ene begiak kilikatzen zütüan. Aho zokoan pasta-pezü aidea nüala ba nakian, iragan neskenegüneko Garindaineko Hertzainaken konzertütik landa, bierra godalet zonbait joan beit zen züntzürraren behera, Jimeki, ainarbak bezala, hariak lüzatzen nütüan artean. Igante goizanko bürüko doloreak kaskoa arintü züan, bena ba zen orano ondar ejerrik fisiologia mailan. Pentsamentü etiliko maitekorretan nindabilalarik, Arrüa llabürtü zenene hoin-peetan, eta kontü errendatü nintzan jadanik, Jojobarren barnen kaüsitü nüala destrenpüaren itzal ‘itzela’. Üsatü jente aizinanta hor zagon: gizon eta emazte saldoa, ohorez, erretretalat heltüa, egünkarien leitzen eta blanc-limeen txextatzen.

      —Egün hon! —hürrün bat ahozkatü nüan, eta kafe-doble bat manatü, ostatüko jabea zen Jojo izenekoari. Sorik gabe, kontuar-kantuan pausatü züan kafea, sükre paketa ondoalatü, eta golare txipi epela eskentü. Soak ez ziren kürütxatü, zortzi libera zor neitzola erran zeitan arte. Ageri zen ez nündüala biziki estimatzen, ene bizitzean ülün-güne franko beit züan ez argi (prefosta) eta herriko ez nintzala beit zakian.

      —No, gure manexina! —oihüstatü züan, gibeleko mahain batetarik, zokoleteznea hürrüpatzen ari zen emazte ‘ükülbürü’ batek. Türbüstü nintzan. Ardüra horra zeitan gogapen hitsa (enetako hits zena) hobe zela mentüraz, Züberoan oso frantses izatea, San Antoni kapelaz bestaldekoa beno. Frantsesak pürü doiaz errespetatzen zütüen ostatüko üinürri horiek, poterea eta jakitatea ütxüratzen züelakoz. Emaztearen deiari erriñi batez ihardetsi neion. Barabaraka segitü züan:

      —Manexek ez düzüe bestaliar plantarik!

      —Ahal dügüna egiten dizügü.

      —So egiozü zure begitarteari.

      —Ez düzü aisa ez. Bena laket nüzü Xiberoan —jaükitü nintzeion, bere ürgüilüa ber denboran hantzez, eta taigabeko eztabada hori ützi nüan, ontsa-ikasia nintzalakoz lehen bizikorik; bigerrenekorik, Txinako lürretatik jinez geroztik, oldarkoikeria güzia galdürik beit nüan, eta halaz, pentsatzen nüan ez züala ehelegatzeak merexi, norbaitek hau edo horren leporatzean. Errozgora igorteko inbea sortzen zeitan noizean behin, ordea agüdo kalmatzen nütüan zainak. Alabena enea zen ogena: aski nüan Züberoan jaiotzea, mintzajea jakin ala ez, horrek beit züan garrantzi handiena.

      Jojobarreko leihotik, karrikan, agian laneala zoalarik, begietsi nüan Züberoan azitzea beharrezkoa ez zeion lagün bat. Peko Arrüaren kantualaino hürrüntzen akülatü nüan soaz, eta ametsetan hasi nintzan: lagün zonbait ba nütüan, heltübada ezagün xoilak, bizi-hil adixkide nahiko nütükeanak, bena nekeza zen, ezagün xoiletik soaz baizik, adixkide mailalat iragaitea, harremanetan lotsa nagüsi zelarik, eta lotsaren üme, gure artean, diztantzia:

      —Eskerrak holakoak ere ba direla —murmuzikatü nüan, kafe-kikera hüstez, Jojori zor neionaren pakatzeko musa sakolatik elkitzean. Goizanko hamarrak ziren. Egüerditan Lakarri-Büztanobian izaitekoa nintzan. Bapatean lana ahaztez Jimen ütxürak bete zeitan gogoa. Honekilan ere lotsak eta diztantziak manatzen züan sortü berri zen harremana. Trixtetzen nündüan ideia hori aizatü nüan, Büztanobiako alabaren —primüaren nonerebeita— deiari bühürtzeko. Neskatilaren molde bitxier pentsatzez, halako ezustezko dildira batek trebesatü zeitan korpitza. Aldi hontan, eta horren beldürra nüan «aferak» hastekal, hilotz bateki tematzekoa süertatüko zeitan. Jenteak jentea ehaitea ez nüan aisa entelegatzen, sosaren edo beste arrazoentako. Hilotzen aitzinean, übeltzen ziren begitarteen gogortarzünak bereganatzen nündüan, eta beti imaginatzen nüan, ni nintzala ohantzean, harriaren pare lüzean etzanik. Eta artean, ez nakian orano zer atzamanen nüan Lakarri-Büztanobian.

      Nüan adinaren ‘trajediaz’ ohartzen nintzan. Hogeita hamahiru urte, bizitzearen erdiapürü higatürik edükitzea zatekean, eta hortik harat, mündü oso baten zentzearen jakile baizik ez bilakatzea. Adin latzean, haurzaroan kürütxatü zaharren gogoan arra-sartzen iseatzen nintzan, oritzapenaren indarrak porogatü gei ba nütüan bezala. Bestaliar ez nindabilan astebürüetan, sort-herrialat abiatzen nintzan, etxondoan egün zonbaiten anpletarzünaren txestatzeko. Ordüan, lehenagoko meza-bidean, bedaroen ürrinarekilan biltzen zen caporal tabakoarena üsnatzen nüan. Oritzez berez, arnes arkaikoen oligoarekilan nahas zoan izerdiak kopeta bustitzen zeitan. ‘Jauztegiak’ txerkatzen nütüan, alkarrizketa ahatzeak ezpainetarat eraitx ahala:

      —Nunguak zizte?

      —Behebordakuak gitzu.

      —Untsa tutziea etxekoak?

      —Etzu gaizki ez.

      Garai hetako meza-bidea eroaiten günüan —ote lilien misterioa!— gerletan mankatü soldado ohiekilan, mutxurdin saldoekilan, alargün elekariekilan eta sasi-peetarik ebilten ziren gaineratiko abere xeheekilan. Igante oroz solas bardinak ehüten güntükean, solasari beno itzal haboro emanez begitarteen txümürdüra xügüner. Xenda saihetseko etxalteak eroriak ziren eta hütsak oraiko egünean. ‘Jauztegien’ egürra naharrek eta asünek gaintitü züen. Ene sortherriaren egitea züan xantzaz agitü zeitan lürraldeak: desolazionea, eta desolazione hortan, oritzapenaren ütürbürüa.

      Hamekak kart ments ziren autoa hartü nüalarik, Lakarrirat joaiteko. Kafea aspaldiko ixtorioa zen, eta gose gorriak zirtzikatzen zeitan sabela. Atarratzeko plazako ostatü batetako terraza ekistatüan bazkaritea erabaki nüan. Üsatü herriak iragan nütüan, irratiak Hertzainak taldearen zonbait kantore eskentzen zütüala, behazaleak debeatü arte. Ez ginen audela seküla debeatzen. Irurira heltzez, Muskildiko besten afitxa ikusi nüan, sivomak Basabürüari oparitü zikin-ontzi batetan eratxekirik. Afera hau oro ejerki ürrentüz gero, Muskildirat abiatüko nintzan, bierra fresk elibaten edateko, Gartxot Itzaltzuko Bardoaren eresia asmatü züana ehüngerrenekoz entzüteko. Jim ere han ahalko nüan kürütxatzen, bena harekilan, hobe zen mentüraz, Su ta Gar-en konzertüan gertatzea, hitzari ildoa idekitzeko balin ba zen pürü. Horiek hola, hasi nintzan Bereterretxen Kantorearen ahülki murduikatzen, epopea baten gisa, botz apalez, menteen mendeküaren meneko.

      Erdi ametsetan, eta kantorearen bederatzügerren koblan, Atarratzera heltü nintzan. Hamekak hamasei minüta markatzen zütüan besoko ordülari erdotzak. Ogiarteko bat manatü nüan, godalet bat Europako ardu mingatz eta kafeñi espresso bat (prefosta) güziaren ehaiteko. Besoko ordülariari so eküratü nintzeion, mezperako ogiz moldatü sanduitxa murtzikatzen nüan artean. Ordülariaren orratzek aspaldian idortü amodiozko ixtorio batetara eraman zeitaen gogoa, eta kontü-errendatü nintzan, zen amodio latzenak ere ez züala hatz izpirik üzten memorietan, hürrüntarzünarena baizik, eta hari etxekiak ziren gaüzek beren krüdelkeri pezüa galtzen züen, gaüza xoil bilakatzeko. Amiñi bat gogorra zen txinkor puzka batek exkerreko ahosaileko hagin baten mina arra-piztü zeitanean, errealitatealat jauzi nintzan, eta kasik erran nüan:

      —Horra zer den amodioa: hortzeko min bat!

      Erri inbeaz nintzan. Eni droleki so zagon bikote zahar bat xütik iküsi nüan. Zerbützaria jin zen, üda urtaroko ondar egünak izatez, klianta beti errege etab., ahots hilez mintzatzera:

      —Fini düzüa?

      —Abantxü. Kafeñia desir nikezü.

      —Zotüka zite. Haidürü diren jenteak ba dütüzü heben!

      Eta ni? Ez nintzana jentea ala? Bikote adindüari so egon nintzan. Bai, mentüraz, horiek ni beno jenteagoak ziren, sos haboro züelakoz ütxüraz eta üdatiarrak zirelakoz. Kaideratik elki nintzan, gogoa ülün, Lakarrira joan behar nüan ala ez, orano düdatzen. Kuple plaña oso ahatzerik, autoan sartü nintzan bekanikoki.

      Atarratzerik jalgirik eki peko argia arra-atzaman nüan plazer handi batekilan. Lakarriko bideari lotü nintzeion, bihotz ahülak ziola:

      —Ez hadila joan!

      Arrazoamentüak aldiz:

      —Habil hoa...

      Hürrüntxago, Altzaiko eliza agertü zeitan lühertzaren jaun eta jabe. Ordüan, ba nakian ene bidajeak ützültzerik ez züala. Arrunt agitüko nintzan Büztanobian, hilotz baten eretzean beldürrez itzatürik, edo balitz, zerbait itsüsiagoren aitzinean. Lakarriko arrabotean, aitañi bat kürütxatü nüan. Galtatü neion:

      —Büztanobiako bidea?

      —Exker... esküin... eta hiruetan exker.

      —Atx!

      —Aisa düzü ata!

      Aitañi konkortüa, ekitoltzean, arrabote saihetseko karrikañitik ezkapi zen. Ez nüan xehetarzün askirik, eta gizonak seinalatü bezala egitea hoberena zela pentsatü nüan:

      —Exker... esküin... eta hiruetan exker.

      Büztanobialat berant heltüko nintzalako segürtantxa nüan.