Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

53

 

Asma larriagotzen hasi zitzaion kasik oharkabean. Ia beti goizetan izaten zen, edo goizaldean, lauretatik edo bostetatik aurrera. Ez zeukan berarekin gaubeilan geratuko zen ama, eta, beraz, ohean geratzen zen etzanda, bere gauzetan pentsatzen. Goizean goiz Anttoni esaten zion ez zela ikastolara igoko, esan ziezaiola irakasleari ohean gaixo zegoela. Handik gutxira Sylvie etortzen zen, bere keinu urduriekin, eta asma zinez egiazkoa ote zen jakiteko galderak egiten zizkion. Sylvieren begiradan sentitzen zuen zalantza: gaixotasuna edo nagikeria? Baina benetan egiazkoa zen bere bronkioen butxadura temoso hura. Bere bularraren karranka etsigarria.

        Gelan bakarrik geratzen zenean, halako tristezia batek harrapatzen zuen, bai baitzekien bere erreskatean ez zela inor azalduko goiz osoan. Eta orduan mundua gorroto zuen, eta bere buruari esaten zion berdin zitzaiola. Gainera mundu guztiarekiko gertutasun urruneko bat izaten ikasi zuen, eta jada ez zitzaion axola hurkoa epaitzea. Eta hurkoak bera epaitzen bazuen ere, ardura gutxi. Zinez maite zuen jendea zenbatzen hasten zenean, harrituta geratzen zen zeinen zerrenda motza zeukan. Ama, Gotzon, Nagore, Txomin, Manu, Jokin eta, batzuetan, aita. Ez beti. Zerrendara gehitu zezakeen Antton, burkidea zuelako, baina bazekien ikasturtea amaitu orduko etxera itzuliko zirela, urte gutxi lehenago bezala lagunak ahaztu beharko zituztela, eta nahiago zuen maitasunaren ur sakonetan ez sartzea. Beste gauza bat ziren neskatilak, baina neskatilak ere, egun batetik bestera ahaztu zitezkeela ikasi zuen, nahiz eta maitasunaren erdi-erdian zegoenean ikuspegi hori lanbrotzen zitzaion.

        Goiz hartan arnasa zen buruan zeukan gauza bakarra. Hain kostata iristen zitzaion haizea biriketara, non apenas pentsa zezakeen beste ezertan. Kanpoko espaziotik bere biriketarainoko oxigenoak egin beharreko bidea irudikatzen zuen Xabik: ahoa, eztarria, bronkioak... eta sinesgaitza iruditzen zitzaion ezintasun hura? Zergatik? Zergatik ixten zitzaizkion bronkioak berari, horretarako ezer berezia edo txarrik egin gabe?

        Ama aldamenean zegoenean ezberdina zen, bere presentziaren kontsolamendua aurkitzen zuen, gaixotasunaren bidez bereganatutako arretaren ezohikotasun gozoa. Baina barnetegiko ohe hartan, bakardadea eta asma, biak egiten zitzaizkion jasangaitzak. Ondoezeko uneetan Jokinek oparitutako Beatlesen kaseteek baizik ez zioten balio. Bere baitatik musikaren amaraun konplexura joaten zen, eta handik irteten zen berriz, musikan murgildurik zenbat denbora zeraman asmatu ezinik. Beatlesen kanten mundu misterioso eta hipnotikoa, gainbeheran etorritako zirku bateko mundua bezalakoa. Horditutako eta zoratutako jendea ikusten zuen kanta haietan, abere burua zeukan jendea, hegazti hankak zeuzkatenak, edota kaletik erregez eta bufoiz jantzita zihoazenak.

        Ordenarik gabeko mundu batera jauzi egiten zuen, baina kaos hartan ezustean hunkitzen zuten melodiak aurkitzen zituen, ez bakarrik ahotsetan, baizik eta gitarretan edo haizezko edo harizko instrumentuetan. The fool on the hill kantak Tom Sawyerren abenturak gogorarazten zizkion, agian harmonikagatik, eta Tom Sawyerrek bere adina zeukanez, kanta berari buruz ziharduela irudikatzen zuen, eta gustuko zuen kanta berari ari zitzaiola sentitzea, nolabait bere barruko bakarrizketa eteteko balio ziolako, kanpora ateratzeko. Yesterday-k ez zeukan beste kanta askoren misterioa. Zuzena eta gardena zen. Bihotza erasotzen zizun zuzenean, txiribueltarik eta aitzakiarik gabe. Lehendabiziko gitarra notekin hasten zen Xabi negarrez, eta kanta amaitu arte irauten zion larrialdiak. Larrialdi gozoak, esan dezagun. Ez baita urik ateratzen putzu lehorretik. Eta Xabiren negar egiteko gogoak kanta entzun aurretikoak izaten ziren seguruen. Kantak bere defentsa mekanismo guztiak antzu bilakatzen zituen bat-batean. Alferrik zen haiei eusten saiatzea. Eta defentsa mekanismorik gabe, Xabik halako bake bat aurkitzen zuen.

        Noiz edo noiz sartzen zen norbait, normalean Sylvie, eta galdetuko zion zerbait behar ote zuen. «Emadazu musu bat» esan nahi ziokeen Xabik.

        Beste batzuetan Nagore zen bere gelan sartzen zena, ohean eseri eta zer esan ez zekiela geratzen zena, ahoa arrainak bezala zabalik etzanda ikusten zuena anaiari so. Eskua bularrean paratuko zion arrebak, medikuak estetoskopioa nola, eta ahopeka esango zion: «Laster amaituko da ikasturtea». Bai baitzekien Xabirentzat ia asma bera baino gogorragoa zela amarik eta aitarik gabeko bakartasun eternal hura.

        Asmak kasik gauero kuku egiten zionez, lehen klase orduak askotan huts egiten zituen, baina inor ez zen bereziki kexu. Arraroa zen. Eta inoiz baino gehiago izan zuen munduan bakarrik zegoelako sinesmen osoa. Goiza ohean igaro eta gero, askotan, osatu egiten zen. Nola osatzen zen, horixe zen ongi ikertu behar zuena. Asmaren bide xendra apetatsuen misterioa. Zer zen aldatzen zena. Xabik ez baitzuen ezer berezirik egiten. Bolada batean The long and winding road kantak sendatzen zuela sinetsi zuen, edo, zehazkiago esatearren, kantak zeuzkan korda instrumentuek. Ze horiek entzuten zituen bizirik baleude bezala, bere zainetatik sartu eta bronkioak irekiko balizkiote bezala.

        Nagoreri kantuak esaten zuena itzultzeko eskatu zion, eta orduan teoria horrek zentzu handiagoa hartu zuen, hain zuzen kanta hark Oihana eta bere arteko istorio ezinezkoari buruz ziharduelako: «Zure atera naraman bide luze eta bihurria ez da inoiz desagertuko, askotan ikusi dut bide hori, beti nakar hona, zure atera». Ezin zen zehatzago esan!

        — Benetan hori al dio?

        — Ikusi: leads-ek esan nahi du gidatu —esplikatu zion arrebak—, eta to your door-ek esan nahi du zure atera. Erraza da.

        Jakintzaren bedeinkazioa, arrebak zeukana.

        Kantu hura zen, beraz, sendatzearen giltza. Ehunka molde frogatuta zeuzkan ordura arte. Ohean eserita egotea, ura franko edatea, esnekirik ez jatea, ohe inguruko hautsa xeheki garbitzea, ehun arte zenbatzea, berrehun arte zenbatzea, baina erremedio guztiak ziren hutsalak. Kantaren eraginean sinetsi zuen, baina ez horrenbeste zentzuzkoa zirudielako, baizik eta zerbaitetan sinetsi nahi zuelako.

        Eta kantak ere huts egin zion goiz batean. Asmak burdinazko bere atzaparretan harrapatu zuen eta ez zuen askatu nahi. Ezin izan zuen ohetik ia mugitu ere egin. Let it be diskoa bilatu zuen aldameneko aulkian, irrati-kasetearen aldamenean. Kasetearen B aldea ipini zuen, han baitzegoen Let it be eta bazekien kantaren arintasunak on egingo ziola. The long and winding road entzutean, sudurretik sakon hartu zuen arnasa, musikan kontzentratu zen, baina kanta bukatutakoan oxigenorik gabeko burbuila infernuzkoan segitzen zuen gatibu. Ez zegoen zer eginik: botika hura ere sasikoa zen.

        — Baina zer sentitzen duk? —galdetzen zioten gelako kideek, asmak sortzen zion itolarriari tamaina hartu nahian.

        — Ezin diat arnasarik hartu, besterik ez.

        — Zer putada.

        Aho zabalik hartzen zuen arnasa batzuetan, bularreko txilioak eta txistuak kanpotik ongi adi zitezen, eta lagunek ahoa estaltzen zuten harriduraz, soinu hura guztia bere barrutik atera zitekeelako liluratuta.

        — Ur azpian egotea bezalakoa da?

        — Hainbeste ez. Ur azpian ezin duk arnasarik hartu. Nik zirrikitu bat bazaukaat behintzat.

        Amaraunaren hari fina bezalakoa.