Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

43

 

Xabi ziztuan atera zen etxetik, eskailerak hirunaka jaitsi zituen, Oihanaren etxera abiatu zen lasterka. Pilotalekura iritsi zenean, munduak betikoa zirudien. Arbolak herdoiltzen eta biluzten hasiak ziren, baina eguraldi ederra zegoen, udazkeneko eguzki epel atsegina. Pilotalekuan Mathieu ikusi zuen, esku-huska ari zen teniseko pilota batekin. Ikusi orduko oihuka hasi zitzaion, haren gor-mutuen hizkuntza ezinezko hartan, ea elkarrekin jolastuko ziren. Xabik eskuarekin keinu egin zion, joan beharra zeukala, eta aurrera segitu zuen korrika.

        Errepidera ailegatutakoan ogi-saltzailea ikusi zuen, Fréderic, goizero hutsik egin gabe auzora etortzen zena (auzoan ez baitzegoen dendarik). Bistaz ezagutzen zuen andre bat zeukan parean, eskuko txanponak zenbatzen. Gizonak irinez zikindutako txaleko urdina zeraman jantzita. Ohiko alaitasunaz mintzo zitzaion emakumeari, merci, passez une bonne journée.

        Oihanaren etxera hurbiltzean, hantxe ikusi zuen polizien autoa. Auto bakarra, Renault 4 urdin bat. Bi jendarme hizketan. Izan zitezkeen bi igeltsero, edo bi atso-zahar, bizilagunak, aspaldiko auzokideak; patxadaz ari ziren. Gelditasuna betikoa zen, Hendaiako baretasun eternala.

        Baina orduantxe ikusi zuen Tomas, Oihanaren aita, hura ere eskuak atzean lotuta. Xingola laranjak zituzten alboan zihoazen poliziek ere. Pauso azkarrez zihoazen, baina autora iritsitakoan zalantza egin zuten: han sartuko dugu?; ez, hemen; itxaron, ireki atea; ez, zaude, beste aldean sartuko dugu.

        Oihana balkoira atera zen, amarekin eta ahizparekin batera. Lehen pisuan bizi ziren. Eta, poliziak gizona autoaren alde batean edo bestean sartu erabakitzeko luzatzen ari zirenez, animo hitzak esaten zizkioten:

        — Eutsi, aita!

        Gibelera begiratu zuen Tomasek, eta esan zuen:

        — Lasai. Sartu barrura.

        Buruarekin eta sorbaldekin keinu nabarmenak egiten zituen, mainguen modura.

        Xabiren aldamenetik pasatu zen autoa. Bazirudien eskafandra baten barruan zihoala Tomas, uraren azpian zegoela animalia bitxi edo xelebre bati begira. Jakin-mina zeukan begirada hark, irribarre egin zuenean. Xabik eskua altxatu zuen, adio esateko, baina beranduegi zen, Tomasek bistaz galduta zeukan umea.

        Orduan Xabi korrika abiatu zen berriz, errepidearen beste aldean zegoen muinora igo eta autoa itzulia egiten ikusi zuen. Muinoa azkar jaitsi zuen beste aldera eta korrika abiatu zen autoa ahalik eta gertuen ikusteko. Tomas ikusi zuen, eta orduan bai, hark ikusteko moduan eskua altxatu eta oihu egin zuen:

        — Aupa, Tomas!

        Aitarengatik isuri ez zituen malkoak isuri zituen.

        Autoa errepide nagusian desagertu zenean, bakartasunaren erdian zegoen Xabi, pijamaz jantzita, besoa jasota.

        Dei andana bat jaso zuten egun hartan. Batzuek amari animoak emateko deitzen zuten, beste batzuek informazioa emateko, eta gehienek informaziorik ez zeukatela esateko. Inork ez zekien ezer. Amak telefonoa altzoan jarrita zeukan, sofan eserita zegoen, hautsontzia, tabako paketea eta txiskeroa aldamenean, eta hamaikagarrenez kontatzen ari zen goizeko pasadizoa:

        — Goizeko seietan. Bai. Ez ziren asko. Gero etxe gehiagotan ere sartu dira. Ehunka eraman dituzte. Bai. Ez dugu ezertxo ere ulertzen. Ez, ez, ez dakit. Hau akabera da!

        Egun batetik bestera, euskaldun guztiak preso zeuden, antza.

        Iluntzen hasi zuenean, norbaitek hatz kozkorrak erabiliz jo zuen atea. Ez zen inor mugitu, berriz atea jo zuten arte. Gotzonek zabaldu zuen atea: Manu zen!

        Aurpegia, ezpainak, more zekartzan hotzarengatik. Dardara batean zegoen.

        — Etorri dira? —esan zuen.

        — Bai, Joxemari eraman dute.

        Arnasestuka zegoen Manu, haren larritasunak ikaratu egin zuen Xabi.

        Beste errefuxiatu baten etxean omen zegoen, handik oso gertu, eta hura bakarrik eraman zuten.

        — Ihes egin duzu? —galdetu zion amak.

        — Bai!

        — Nola?

        Aspaldi esana omen zion beste errefuxiatuari balkoitik behera ihes egin zezaketela, erraza zela, goiko eta beheko balkoiak elkarrengandik oso gertu zeudela. Baina besteak barre egiten zion.

        — Erotzat hartzen ninduen —kontatu zuen—. Soka batekin lortu dut azpiko balkoira ailegatzea, eta hantxe geratu naiz zain. Goizean emakume bat agertu zait. Nor nintzen azaldu diodanean lasai gelditzeko esan dit, senarra etorri arte behintzat ez zegoela bertan geratzeko arazorik. Hantxe geratu naiz mahai azpian. Geldi.

        — Eser zaitez —esan zion amak.

        — Errepidea bistan nuen. Dozena bat patruila ikusi ditut pasoan. Akaso neure bila bakarren bat. Senarra euskalduna zen, zintzo hitz egin dit, ez nauela salatuko, baina iluntzerako ospa egin behar nuela, ez zuela arriskurik hartu nahi. Baietz esan diot. Eta iluntzean hona etortzea erabaki dut. Ez nekien hemen egonak ziren edo ez.

        — Ehunka eraman dituzte.

        — Hori jakin dut. Gizonak esan dit.

        — Periko, Ramon, Mikel, Rufo, Bixente, Anjel, Agustin, Manu, Txata, Batis, Abetxuko, Cande... denak —esan zuen amak.

        Xabik beste zerrenda bat gogoratu zuen: Arkonada, Gorriz, Gajate, Zelaieta, Satrustegi...

        Burua eskuen artean bildu zuen Manuk. Amak afaldu nahi ote zuen galdetu zion.

        — Beno.

        Harrigarria eta ezustekoa zen Manu etxean izatea. Pozarren zegoen Xabi:

        — Hemen geratuko zara?

        — Bai, hemen geratuko da —erabaki zuen amak.

        Galtzarbetik kartoi bat atera zuen Manuk. Letra larriz idatzita zegoen, beltzez: «Manu nauk, hemen nagok».

        — Kortxo bat erreta idatzi dut hau, kaxa zati bat hartuta. Balkoitik behera bota dut gero, zuetakoren bat pasatuz gero ikus zezan. Ez nekien zer egin.

        Ahotsak dardara egiten zion.

        — Igual txorakeria bat egin dut. Ez nuen idatzia kale bazterrean utzi behar. Egun osoa hura berreskuratzeko irrikatan igaro dut. Norbait pasatzen zen bakoitzean begira geratzen zitzaion, baina ez du inork ukitu. Baten bat makurtu da han zer jartzen zuen irakurtzeko, baina aurrera segitu du.

        — Umeak ez dira etxetik irten egun osoan —esan zuen amak, barkamena eskatuz bezala.

        — Noiztik bizi zara hemen gertu? —galdetu zion Xabik.

        Begira-begira geratu zitzaion Manu, hasperen egin zuen:

        — Berdin dio.