Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

38

 

Jendez gainezka dago plaza. Aldameneko gela ilun baten barruan aldatu dira dantza taldeko zortzi lagunak, pozik eta urduri. Lehen lerroan Xabirekin bikotea egingo duen neskak, Pantxikak, leihotik kanpora so egitean gaztigatu die:

        — Ez da sinestekoa zenbat jende dagoen!

        Arratibelek gerrikoa eta abarketako lokarriak estutu dizkio Xabiri. Dotore dagoela adierazi dio, baina Xabik bestela ere badaki dotore dagoela, ez dela bere bizitza osoan horren dotore jantzi. Ez da, noski, bere burua dotoretzat duten horietakoa, baina ezinezkoa da jantzi zuriz eta txaleko marradunez dotore ez egotea. Horregatik egiten du dantza Xabik, dotore egoteko, eta ez airean ibiltzeko.

        Dantza egitea bere pasioa ez den arren, marka gisa jarri ohi du Arratibelek. Erantzukizun handia da, Pantxikak eta Xabik egiten dutena errepikatu behar baitute atzekoek. Aurrekoak okertzen badira, atzekoak ere bai.

        Ezpata-dantza egingo dute lehendabiziko emanaldi honetan. Dantza erraza, zailtasun berezirik gabea. Dantzaren amaieran ikurrinari bueltak eman beharko dizkio Xabik berak. Eta erraza da hori ere, ikusgarria izateaz gainera. Neska-mutilak belauniko makurtuta, eta ikurrina haien buruen gainean hegan, kolore gorri distiratsu horrekin...

        — Nondik atera duzu txalekoa? —galdetu dio Pantxikak.

        — Izeba Miruk egin du.

        — Ez dago gaizki.

        Ama eta anai-arrebak ez daude, Hegoaldera joanak baitira. Pena dauka Xabik, nahi luke haiek ere lehen saioa ikustea. Aita hortxe dago, ordea. Elkartetik atera eta dantzariak jende artetik igaro dira plazaren erdira. Txaloka hartu dituzte. Txistulariak hasi dira, aurreneko pausoak pitin bat trakets egin dituzte, baina segituan konpondu dira. Aise egiten du Xabik, badaki zertan ari den. Ezin esan liteke bere buruarekin harrituta ez dagoenik, bizitzan lehen aldia baita jendaurrean halako zerbait egiten duela. Pantxikari so egiten dion bakoitzean, irriz itzultzen dio begirada.

        Dantzaren amaieran ikurrinari itzuliak eman dizkio Xabik. Makila luzea du, astuna dirudi, baina ez da hainbestekoa. Airean hedatu da oihala, itsasoa balitz bezala. Txalo egiten dute denek.

        Plaza utzi dutenean, festaren aurkezpena egin du esatariak:

        — Agurtu ditzagun gazteak txalo bero batekin!

        Bizkarrekoak ematen dizkie Arratibelek, Hendaiak, azkenik, bere dantza baduela ospatuz, eta honen estreinakoagatik zoriontsu.

        — Oso ongi, kuadrilla!

        Baina aita serio samar azaldu da elkartera.

        — Goazen etxera.

        — Ez gara pixka bat geratuko?

        — Ez, ez. Etxera.

        Autoa martxan jarri du, hitzik egin gabe. Zergatik ez du ezer esaten? Haserre dagoelako. Baina zergatik dago haserre? Ama eta anai-arrebak Hegoaldean daudelako agian. Litekeena da.

        Etxera ailegatu direnean aitak zakar esan dio:

        — Ez diat nire bizitza osoan inor horren trakets dantza egiten ikusi.

        Aitaren ateraldi klase hori ezaguna ez balu, txantxetan ari dela pentsatuko luke Xabik, hain ezustean harrapatu du!

        Ondoren aita komunera joan da eta eskuak garbitu ditu.

        Horra, erraza izan da. Bi segundo aski dira gauzarik terribleenak esateko. Ez da zertan hitzaldia luzatu behar. Laburtzeko gaitasuna da hori. Esan eta kito. Orain ulertzen du aitaren isiltasunaren misterioa. Aitak pisu bat zekarren bizkarrean eta, etxean sartu orduko, zama semearen eskuetan jartzea erabaki du. Orain zama semearen bizkar gainean dago, baina semeak ez daki zer egin dezakeen harritzar horrekin.

        Lapikoa sutan jarri du aitak. Xabi sukaldearen erdian dago, zer esan ez dakiela. Dena da zama berarentzat, horregatik ezin du mugitu.

        — Ken itzak arropa horiek!

        Xabi bere gelara abiatu da goibeldurik, baina iritsi denerako ahaztu zaio zertara joan den, eta ohe gainean etzan da. Beste oin batzuk nahi lituzke, hobe dantzatzeko moduko oin mekaniko batzuk. Lotsatuta dago, baina ez dantza gaizki egin izanagatik, une batez, sikiera une batez aurkakoa pentsatu izan duelako baizik. Nolatan izan da hain harroa? Bere burua irudikatu du plazatik airos ateratzen, txalo zaparradaren eztia dastatzen. Eta orain izakirik txikiena sentitzen da: nola uste izan du loria hura bere dantza kaskarrarentzat izan dela?

        Astelehenean, dantza taldea utzi egin behar duela esango dio Arratibeli.

        — Ez, ez, ezin gaituk utzi, Xabi, hi haiz gure marka!

        — Ezin dut jarraitu.

        — Nolatan?

        — Ezin dut.

        — Adarra jotzen ari haiz.

        — Ez naiz txantxetan ari.

        — Zertara zatorrek zaputz hau?

        — Ezin dut segitu, esan dizut.

        Astelehenero dantza eskolara joateko itxurak egin zituen Xabik. Etxekoek uste zuten dantzan segitzen zuela, baina Xabi Txingudi badiara joaten zen, hango zuhaizti batera, zaharrak beren zakurrekin paseatzen eta maitale nerabeak elkarri musukatzen ibiltzen ziren toki bakarti hartara. Hantxe, aldamenean, Mundu Gerran aberriaren alde eroritakoen oroigarria dago, «Morts pour la patrie», eta zirrara sentitu zuen Xabik, jakin arren monumentuan aipatzen den aberria ez zela berea. Izenak irakurri zituen: Robert Abadie, Joseph Marie Agirre, Jean Altzate... Aurrera segitu zuen Txomin Elizegiren izenaren bila, nahiz eta argi eduki Txomin ez zela Frantziako aberriaren alde hil. Ez zekien zergatik, baina zerrendan Txominen izena aurkitzea espero zuen. Elizaburu abizena bai, baina Elizegiren arrastorik ez. Eta halako batean Elizegi ordez, berea topatu zuen: Ugarte. Manuel da harrian zizelkatuta dagoena, Manuel Ugarte, eta orduantxe ohartu zen ez zela inoiz bere aitona hilaz akordatzen. Luze jardun zuen haren izena oroitzeko ahaleginean; baina, nahi gabe, gogoa aitarengana joan zitzaion, eta lehengo eguneko eszena berritu zuen... «Goazen etxera»; eta aita hitzik esan gabe autoan, eta aitaren gaitzespen zakarra etxean: «ez diat nire bizitza osoan inor horren trakets dantza egiten ikusi». Zer esan nahi ote du dantza gaizki egitea? Bere burua ikusten du berriro, plazaren erdian... Arratibelek irakatsitako pauso sinple haiek errepikatzen, eta berak eskuineko hanka altxatzen duenean gainerakoak ezkerrekoa altxatzen. Saiatzen da pausoa bere onera ekartzen, baina beti ari da okerreko hankarekin. Plazan barrez ari dira denak, atzamarrez seinalatzen Xabiren pauso beti desegokiak.

        «Aux Héros Hendayaises de la Grand Guerre», irakurri zuen harrian. «Grand Guerre». Ba ote da gerra txikirik?