Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

14

 

Amak hondartza aldameneko etxe berriaz hitz egin zienean, saltoka hasi zen Xabi. Jaiotetxe zaharra zen bizitzan izan zuen etxe bakarra. Eta ez zen gutxi, baina ez zen munduari harro erakusteko modukoa: ez zeukan alfonbrarik, ez zeukan igogailurik. Etxe zaharra zen, azken batean. Etxe zaharren aje guztiekin.

        Etxe zahar hartan bizitzea, dena den, besteen etxean bizitzea baino erosoagoa zen. Etxe berriaren albistea, beraz, amesgaiztotik esnatzea zen. Eta zer esanik ez, amak zioen bezala, etxe berria hondartzan bazegoen. Horregatik Xabiren saltoak.

        Etxe aldaketa prestatzen hasi orduko ohartu ziren, hala ere, albistearen alde ilunaz, amak Felixi (altzariak eramaten lagunduko zien aitaren lagunari) sofa eraman beharko ez zutela iragarri zionean.

        — Ez dugu orduan sofa eramango? —galdetu zuen Xabik.

        — Ez daukagu sofarentzako lekurik —esan zion amak—, ez dago egongelarik.

        — Eta telebista?

        — Ba, sukaldean!

        — Sukaldean?

        — Bai, Xabi, demontre! Hasi kaxak jaisten!

        Eskua buruan jarri zion Felixek Xabiri:

        — Egongela ez, baina hondartza parean daukazue!

        Gizon ttattar betialai horietakoa zen Felix, besteei barrea ateratzeko jaiotakoa. Penaz begiratu zion Xabik Oreretako sofari, zeina, sofa izugarria izan gabe, sofa bat baitzen, munduko sofa guztien tankerakoa, funtzio konkretu bat betetzen zuena, normaltasunarena.

        — Eta marrazki bizidunak, non ikusi behar ditugu? —galdetu zuen Nagorek.

        — Marrazki bizidunik gabe boladatxo bat pasatzea ez zaizue gaizki etorriko.

        — Eta aitak non ikusiko ditu bakeroen filmak?

        Amari pazientzia ahitzen ari zitzaion.

        — Jaso kaxa hori eta hasi jaisten behingoagatik.

        Ezin zuen irudikatu bere burua etxeko sukaldean eserita marrazki bizidunei begira. Ordura arte asteburuetan joan izan ziren Hendaiara, eta behin-behineko bizitza hartan dena zen posible, marrazkiak sukaldean ikustea, edota marrazkirik ez ikustea ere. Baina bizitza bera, behin betiko bizitza, sofarik gabe?

        Eraman beharrekoa kaxetan bildu zuten, beraz, eta aitaren aroztegiko Avia kamioi zaharrean abiatu ziren. Felixek eta amak, beti bezala, zigarro bana piztu zuten eta hizketan hasi ziren elkarri zirika. Kalean eguzkiak bazterrak berotzen zituen bazkal osteko tenore logaletua zen, eta han zihoazen hiru seme-alabak, noiz joan ziren bai baina noiz itzuliko ziren jakin gabe.

        Hankak zabaldu zituen Xabik, azken urteetan handik eta hemendik lortutako sosei esker osatzen joandako miniaturazko auto sortari so egiteko, arropa garbitzeko xaboiarentzako kutxa batean gordetzen zuena. Sofa ez zuten izango, baina nork esan zezakeen 27 auto zituela?

        Avenue des Mimosas kalean geratu zuen Felixek kamioia, eta eskua leihotik aterata esan zuen, hantxe, ezkerraldera zeuden etxeen atzean zegoela hondartza, «bi minutura». Bazegoen bere iragarpenean halako «kontsola zaitezte» bat. Eta ezin ukatuko zuten, pare-parean zeukaten dendan zintzilik zeuden ontzi puzgarriek eta koloretako baloiek eta hondartzarako jostailuek kaleari aire erakargarria ematen ziotenik. Autoen artetik agertu zen aita, alkandora urdin argia bularreko biloak erakutsiz irekia, burua estaltzeko xerloa airean dilindan, eta bere galtza bakero betierekoak. Aurrerantz egiteko keinu egin zion, kamioiaren parean jarrita, eta kamioiaren aurretik metro batzuk oinez joan eta gero, eskua altxatu zuen, Felixi geldi zedin agintzeko.

        — Nola igoko diagu sofa? —galdetu zion Felixek aitari.

        — Zein sofa?

        — Etxekoa, zein izango duk ba?

        — Sofa ere ekarri al duzue?

        — Jakina, nola ez diagu ba ekarriko!

        Aitak eskuarekin burua igurtzi zuen:

        — Mari Karmen, sofa ere ekarri al duzue?

        Orduan Felixek zapla eman zion bizkarrean, eta barrez hasi zen.

        — Hi haiz txotxoloa —esan zuen aitak, eta kamioiari buelta eman zion, Felix barrez atzetik oin txikien gainean saltoka zeramala.

        Ez ziren kaxa asko, eta apenas zeukaten altzaririk, baina lau solairu igo behar zituzten ganbararaino, eta zertxobait luzatu ziren langintza hartan. Eskaileretan Felixekin topatzen ziren bakoitzean, honek txantxa bat asmatzen zuen, edo asmatzen saiatzen zen, eta asmatzen ez bazuen zartako bat ematen zien umeei ipurdian, edo buruan edo auskalo non, edo bi hatzekin sudurra heltzen zien.

        Etxe berria arakatu eta ikuskatzera korrika sartu ziren haurrak elkarri bultzaka. Baina laster amaitu zuten, etxe hark gela handi bat, sukaldea eta bainugela baizik ez baitzituen.

        — Eta gure gela? —galdetu zuen Gotzonek, beso zabalik.

        Amak gela nagusiaren bazter batean leihoaren azpian (etxeko leiho bakarra, sukaldeko sabaian zegoen argizuloaz aparte) zegoen ate txiki bat zabaldu zuen, eta sorbaldak jasoz esan zuen:

        — Ez da handia, baina...

        — Armairu bat da! —orro egin zuen Gotzonek.

        — Ez da armairu bat, jantzitegia da, eta hiru oheak erraz sartzen dira.

        — Ez da jantzitegia, biltegia da! —garrasi egin zuen Xabik.

        — Apaldu ahotsa, Xabi —esan zuen aitak sukaldetik.

        — Baina... eta gure gauzak? —angustia nabari zitzaion Nagoreren bozari.

        — Hemen utziko ditugu —eskuarekin beren gela erakutsi zuen amak—, toki asko dago! Ez gara hemen betiko geldituko, behin-behinekoa dugu hau, baina etxe handiago bat bilatuko dugu laster, ados? Gainera, hondartza hortxe daukazue! Benga, jantzi bainujantziak azkar eta goazen!

        Felix sartu zen:

        — Bunkerrak ikusi al dituzue?