Gerra txikia
Gerra txikia
2014, nobela
304 orrialde
978-84-92468-58-4
azala: Lander Garro
Lander Garro
1975, Orereta
 
2010, nobela
 

 

12

 

Bizitza berrian dena aurkikuntza izanik, dena joan eta etorri, Xabi bere buruaz ahaztu egin da zertxobait, nahiz eta oraindik segitzen duen komuneko konketa gainera igo eta bere buruari begira, ispiluak itzuliko dion irudiaren baitan edertasuna eta sendotasuna ikusteko ilusioaz. Besoak angelu zuzena osatuz jarri eta indar egiten duenean, pozik geratzen da ikusten duenarekin, besoetako gihar ederki zizelkatuekin, eta harrituta dago inork ez diolako inoiz ezer esaten; «hik dauzkak giharrak, Ugarte» bezalako esaldiek zoriontsu sentiaraziko zuketen. Eta Emiliorena gertatu denean, hain zuzen, amaren ahotsak konketa gainean harrapatu du, atea kisketaz itxita, bere gorputzaren ikuskizun ederrean.

        Amak ez dauka gauzak esateko protokolo berezirik; ez ditu umeak mahaiaren bueltan jarriko, listua irentsi ondoren kontatu beharrekoa patxadaz eta poliki kontatzeko. Horren ordez, batera eta bestera korrika doala esango ditu gauzak, istorioa amaieratik hasita, txatal horiekin bere buruan dagoen istorioa denek ongi ulertuko duten uste osoarekin.

        Bonba hitzak ez dauka aparteko esanahirik Xabirentzat.

        Ez du uste filmetatik aparte bonbarik izan daitekeenik, edo, inon baleude, benetan inori min egiteko izan litezkeenik. Bonben eztandarekin hegan ateratzen da jendea filmetan, sugarrez inguratuta eta eskandalu batean, baina apenas gertatzen da ezer gehiago. Eta Emilioren kasuan ere antzera: «autoa suntsitu diote», «bonbak behar baino lehenago eztanda egin du».

        — Baina une egokian eztanda egin izan balu? —galdetu du Gotzonek.

        Amak eskuekin estali du aurpegia eta halaxe egon da, liburu bat gertuegitik irakurtzen ariko balitz bezala. Eskuak aurpegitik atzera kendu dituenean bustita ageri ditu begiak.

        — Jantzi denok —esan du— eta trenera.

        Astebururo bezala Hendaiara doaz, baina ama guztiz hunkituta dago gaur. Xabi, aldiz, harro sentitzen da auskalo nondik agertu den kirol poltsa berriarekin. Beno, ez da berri-berria, baina hala ematen du, eta gainera bere lehen «kiroletako» poltsa da, eta bere arropa amaren poltsa handian anai-arreben arroparekin nahas-mahasean eramateaz libratuko duena. Gizontzeko xede zailean aurrerapauso handia. Poltsa betetzeko gauzen bila aritu da etxean eta, azkenean, bere auto txikiekin bete du. Poliziak hura zabaltzeko agintzen badio gustura erakutsiko dizkio, dagoeneko baditu-eta bi dozena.

        Hendaiarako topoan atentatuari buruz jardungo dute, bagoira sartzeko atearen parean goitik behera dagoen burdinazko barran jolastu bitartean, baina amaren belarrietatik urrun, hark esan baitie ez dezatela horretaz hitz egin.

        Gotzonek badaki nortzuk izan diren:

        — GALekoak. Polizia eta mertzenarioz osatutako taldea.

        Xabik buruan atxiki du GAL hitza. Baina berehala Emilioren autoarekiko kezka sortu zaio:

        — Zer egingo dute orain autorik gabe?

        — Hi bezalako babalore bat bakarrik —errieta egin dio anaiak— hasiko litzateke autoaz arduratzen!

        Hortik aurrera arreta galdu du Xabik. Beraiek dauden tokitik gertu dagoen neska bati erreparatu dio. Dena du polita: ileak, ezpainak, begiak, lepoa, jertsea, oinetakoak. Begira-begira geratu zaio eta begirada itzuli dio neskak. Barratik gora igotzeko ahalegina egin du Xabik, eta mertzenarioez diharduen anaiak pittin bat baztertu egin behar izan du. Sabaia hatz mamiekin ukitu du, eta sabaiaren alde batetik bestera doan barrari eutsi dio, han zintzilikatzeko asmoz. Neskaren begirada senti dezake, nahiz eta ez dakien miretsita edo nola ari zaion begira, ez baitu harengana begiratu nahi, neskak ez dezan pentsatu harentzat ari denik. Azkenean bai, ausartu da begiratzen, Gotzonek «aita ez, aita ez dute hilko» esan duen unean, eta orduan ohartu da leihotik kanpora begira ari dela neska, han goian alferrik dabilela alegia, ikuslerik gabeko erakustaldian.

        — Hi beti ilargian —esan dio Gotzonek.

        Eta amaren ahotsa entzun dute: doazela esertzera.

        Zer du ba txarra ilargian egoteak?

        Emilioren etxera ailegatzean, autoa behar zuen tokian zulo beltz handia dagoela ikusi dute, eta inguruak ere belztuta daudela; etxaurrea bereziki, hirugarren solairura arte kaltetuta. Erre usaina eta gasolinarena nahasten dira, behinola itsasoarena nagusitzen zen inguru horretan.

        Emiliok bizkarrean kolpetxoak eman dizkio amari, honek estu besarkatu duenean, eta denak serio geratu dira une batez. Izaskunek besoak gurutzatuta ditu, parean daukan zuloan begiak iltzatuta, baina Xabik nabari dio ez dela zulora begiratzen ari, ez bada urruneko toki batera. Xabik ez daki bere gurasoak horren nahigabetuta ikusi dituen noizbait. Munduak haiekin kontatu du gauza ororen ordena ezartzeko eta aldatzeko. Zertara dator, orduan, halako harridura? Zer da beren mundu horretatik ulertzen ez dutena?

        Asfaltoaren geruza lodia ageri da, eta asfaltopeko harriak eta hondarra, lurra den pastel handian norbaitek atzamar erraldoia sartu izan balu bezala, zati bat jateko.

        — Hor behean zegoen hodia apurtu dute —esan du Emiliok, ura darion zulo batean oina sartuta.

        Aita Emilioren parean jarri da zerbait esateko, denei bizkarra emanez, eta Xabik Emilioren burua ikusten du baietz egiten, baina ez du aitak esaten duena entzuten, hain zuzen horretarako ari baita ahopeka, eta ahopeka ari delako hasi dira bi emakumeak ere beren aldetik hizketan, isilpean hauek ere, eta abagunea aprobetxatu du Enekok burua aitak erakutsitako hodian sartu eta barrura begiratzeko.

        — Atera hadi hortik —agindu dio Emiliok—. Hor ez zagok begiratzeko ezer.

        Laprast eginez atera da zulo handitik. Galtzetan garbitu ditu eskuak. Denek zuloaren inguruan segitu dute, baina han gertatutakoaz zuzenean inork hitz egiten ez duenez, haurrek ez dute galdetzen. Aitaren aurpegiaren espresioa nahikoa da Xabirentzat, badaki hobe duela ezer ez galdetzea. Esperantza dauka Emiliok zerbait esango duela, aitarekin alderatuta haurrekin hitz egin zaleagoa baita, baina Emiliok aski du malkoei eusten.

        — Mirariz nago bizirik —esan du, Xabiren pentsamendua irakurri izan balu bezala.

        Gurasoek handik alde egiteko une aproposa iritzi diote, eta haurrak hantxe utzi eta gorantz abiatu dira.

        Eguerdiko eguzkitik ihesi, adreilu batzuen gainean eseri dira haurrak, gerizpean. Oinak zintzilik, etxearen orban beltz izugarriari begira geratu dira.

        — Nire oheak salto egin du eztandarekin —kontatu die Enekok—. Leihora iristen ziren sugarrak. Suhiltzaileek atera gaituzte etxetik.

        Trebea da Eneko istorioa kontatzeko hitzak eta doinua hautatzen. Badaki ez dituela exajerazioa eta alferrikako grina behar, nahikoa dela hitzei etortzen uztea, parean daukaten zuloak ongi adierazten baitu hura ez dela istorio bat, egia hutsa baizik.

        — Nola egin dezake bonba batek halako zuloa? —galdetu du Nagorek.

        Inork ez daki erantzuna, baina Gotzonek esan du:

        — Zulo handiagoak ere egiten dituzte. Etxeak osorik bota ditzake bonba batek, edo herri osoak txikitu.

        — Bai zera! —Nagorek ez du sinesten.

        — Galde iezaiezu japoniarrei. Milaka hil zituzten amerikarrek bonba bakarrarekin.

        — Zulo hau egin dutenak ez dira amerikarrak izan —elkarrizketa bideratzen saiatu da Eneko.

        — Eskerrak —esan du Gotzonek—. Horiek ez dute hutsik egiten.

        Xabi harro dago bizitzan lehen aldiz bonba baten eraginak ikusi dituelako. Eta are harroago ez delako ikusle soila, bonbaren arrazoien nolabaiteko parte baizik. Zenbat daude munduan halako zerbait konta dezaketenak? Telebistan agertzen diren apur horiek besterik ez! Eta hantxe dago bera zuloaren pare-parean bonbei buruz hitz egiten, benetako gizonak bezala. Hain sentitzen da pozik, eztabaidan parte hartzera animatu baita:

        — Eta autoa non dago?

        — Hi hasi hadi orain berriz horrekin —gutxietsi du Gotzonek.

        Xabik ez du anaiaren sumina ulertzen.

        — Autoari ipini diote bonba, ezta? —protesta egin du.

        — Zer axola dio autoak, babalorea!

        Baina Enekok erantzun egin dio:

        — Kiskalita dago. Garabiak eraman duenean oilasko errea ematen zuen. Gurpila hantxe azaldu da, punta hartan, eta paratxokea beste hartan. Beste bi auto ere erre dira, horregatik dago hau dena belztuta.

        Pauline ospitalera eraman dutela esan du gero, txapinetan korrika atera dela etxetik, espantuka.

        Denak isilik geratu dira une batez, eta Xabik galdetu du:

        — Nor da Pauline?

        Baina Enekok eten egin du, eskuaz Xabiren ahoa tapatuz.

        — Baloia maletategian neukan! —oroitu da.

        Aparkalekuaren beste puntan Belharra dago, surf taulak eta bainujantziak saltzen dituen denda, neguan itxita egoten dena. Denda parean dago jabea, erratzaz kristal zatiak garbitzen, bainujantzi azpitik hanka beltz gihartsuak ikusten zaizkiola. Besoa altxatuz urrunetik agurtu du Eneko; badirudi, keinuarengatik, nolabaiteko ezagutza dutela bien artean.

        — Goazen Bixenterengana —esan du Enekok, eta korrika hastearekin batera joan zaizkio denak atzetik.

        Egur txatal bat eskuetan hartuta dauka Bixentek haurrak heldu direnean, eta kristalik gabe geratutako atean iltzatzen hasi da. Bainujantzitan dagoen neska baten irudia erakusten duen kartela ikusi du Xabik lurrean, hautsak eta hondakinek estalia. Badirudi iseka egiten ari dela, kristal erauntsiaren aurrean ez duelako irribarrea galdu. Xabik badaki jende zoriontsua dagoela hor zehar, inoiz irribarrea galtzen ez duena; han eta hemen ikusi izan ditu. Beharbada horietakoa da Bixente ere, bere ile luze puntan horitu kasik zuriekin, baina ezin jakin, berriz erratza hartua baita, maldizioka, putain gora eta putain behera. Baina bere atzamar beltzaranetan igar daiteke etxe onekoa dela, Xabik izan nahi lukeen bezalakoa. Horregatik uzten ditu beira zatiak han-hemenka, erratza trebetasunik gabe pasatzen ari delako, ez bere amak bezala. Hark hauts pinportarik utzi gabe pasatzen du erratza haurrei hankak altxatzeko eskatzen dienean, haiek telebista aurrean daudenean. Maite du amaren zehaztasuna ikustea, erratzak zorua akasgabe garbi uzten duela kontenplatzea. Bixentek jertse bat hartu du bi hatzekin, eta gorputzetik ahalik eta gehien urrunduz astindu du, haren gainetik hondakinak kentzearren. Eta gero Enekori jaurti dio:

        — Tori, Eneko, eramazu etxera. Ezingo dut inoiz saldu.

        Jertse bat oparitan!

        — Zuentzat ere badago —esan du.

        Arropa pila beretik atera du jertse urdin bat eta Xabiri bota dio. Anai-arrebei ere eman die bana. Sabeletik gora bozkario neurrigabe bat datorkiola sentitu du Xabik, bere jertse urdin argiaren paparrean marrazkia ikusi duenean: surflari bat marrazo baten gainean surf egiten! Denak hasi dira builaka, elkarri jertseak erakusten.

        — Kendu ondo beira zati txikiak —aholkatu die Bixentek, haurren zorionari garrantzi handirik eman gabe.

        Jertseari beira zatiak eta ezpalak kentzeari lotu zaizkio haurrak, gaztea kaxa baten gainean jarri eta zigarro bat erretzen hasi den bitartean. Neska-lagun ederra izango du seguruen, eta zigarroak elkarrekin erreko dituzte, eta musuak emango dizkiote batak besteari, eta etxeko alfonbraren gainean oinutsik ibiliko dira, eta gauean elkarri kontuak esanez lokartuko dira iluntasunaren beldurrik gabe.

        — Zer moduz dago aita?—galdetu dio Bixentek.

        — Ondo.

        — Kirtenak dira espainiarrak. Tontolapiko hutsak eta asesinoak. 40 urte eman dituzte diktadurapean eta ez dute deus ikasi.

        Zaila da jakiten bere buruarekin ari den edo haurrekin. Baina haurrak begira ditu, eta esaten duena entzuten.

        — Baina frantsesak okerragoak dira, espainiarrei hemen sartzen uzten dietelako, hona zertara datozen jakinaren gainean. Eta denetan okerrena Mitterrand hori da. Hark ekarriko du Frantziaren hondamendia.

        Nagorek eskua altxatuz esan du:

        — Nik badakit nor den Mitterrand. Presidentea!

        Oinak txankletetatik atera eta zolak igurtzi ditu Bixentek, zigarroa ezpain artean duela:

        — Oilobusti bat da.

        Barrez hasi dira denak, baita Xabi ere, nahiz eta tartetxoa daraman han gertatzen ari denari ezaxola antzera, bere jertseari erreparatuz hipnotizaturik bezala, aurrerantzean jertseari esker mundu osoarengan sortuko duen lilurarekin esperantzaz eta antsiaz beteta. Mitterrand izeneko zoro ustezko horrek ezingo luke Xabiren zorion puska honekin lehiarik egin, horixe da egia.

        Berehala zutitu da Bixente, eta haurrak bota ditu handik, denda itxi eta uretara joan behar duela esanez. Denda guztiz txukundu gabe ospa egingo du, bere aire patxadatsuarekin. Eta haurrek ere alde egingo dute, beren betiko bizitza kedar usainekora.

        Oparitan jasotako arropak erakutsiko dituzte etxean, nahiz eta gauza agerikoa izan eskandaluak eta ospakizunak tokiz kanpo daudela. Gurasoak mahaiaren bueltan daude, Emilioren etxeko lastozko argi horixkaren azpian solasean, keak bilduta, eta haurrei begira geratu dira haurrak ezagutuko ez balituzte bezala. Emilio hasperen eginez zutituko da kafetera eskuetan hartuta, eta Izaskunek Enekoren jertsea helduko du erostera joango balitz bezala. Xabiren aitak ideia hobea dauka:

        — Kubara bidaliko dugu.

        Belaunek dardara egiten diotela sentituko du Xabik, jada ez dagoela odolik batere bere zainetan. Ez du gaizki entzun, hortxe baitauka ama haurraren defentsan.

        — Joxemari, utziozu mutilari.

        — Ez utzi eta ez kristo! Mutilak badauzka hamaika jertse, beste haur askok ez bezala.

        Emiliok Enekori so egin dio, bere haurrarentzat ideia egokia ote den ikustearren. Baina Enekok azkar moztu dizkio hegalak:

        — Nirekin jai daukazue —gelara ihes egin du supituan.

        Xabik atzetik joateko imintzioa egin du, baina lozorrotik esnatutako aitaren besoa erdian jarri zaio:

        — Emadak hori.

        — Joxemari... —amak.

        — Nahikoa da. Emadak hori.

        Bixenteren patxada eta giharrak balitu, jo eta bertan txikituko luke aita. Begian amatatuko lioke zigarroa. Mingaina atera eta ito egingo luke harekin. Hatzak moztuko lizkioke banan-banan. Baina horren guztiaren ordez jertsea eman dio.

        — Zuek ere bai —esan die Nagoreri eta Gotzoni.

        Botina mahai ertzean laga du.

        — Horixe da sozialismoa —esan du besteei begira—, gauzak konpartitzea.

        Enekoren gelan sartu direnean elkarri so egin diote. Xabik bere buruari zin egina dio ez duela negarrik egingo Enekoren aurrean.

        — Ederra piztia zuen aita! —esan du Enekok, ohean etzanda.

        — Kuba non dagoen ere ez daki artaburu horrek —esan du Gotzonek.

        Xabik ere ez daki non dagoen Kuba, baina badaki hango haurrek zorte handia daukatela, hemengo aitek beren haurrei jertseak kendu eta hara bidaltzen dituztenez gero. Akabo marrazoa paparrean eramateko amets ederra. Bixenteren dendako neskatila bezala sentitu da, beira zati eta ezpal haiek guztiak gainean, baina bera barre egiteko aldarterik gabe.

        — Lehergailua zure aitari ez baizik eta gureari jarri izan baliote! —esan du azkenean.

        Gotzonek ideia biribildu du:

        — Mitterrand arduratuko da horretaz.

        Burdina zati bat hartu du Xabik Enekoren apalategitik.

        — Zer da hau?

        — Autoaren zati bat. Eguzkitan jarriz gero azpiko berdea igarriko diozu —esan du harrotasunez.

        Eta burdina zatia leihoaren aurrean jarri du, denek kedarraren azpiko berdea ikus dezaten. Gero liburuen apalategira itzuli du kontu handiz, eta munduko bolaren aldamenean utzi du.

        Xabiri iruditu zaio, hura izan zitekeela bere aita, burdina zati txiki erre hori. Eta ia ohartu gabe negarrez hasi da, eta ez daki jertsearengatik den edo aitarengatik edo zergatik.

        — Lasai, hermano —esan dio Gotzonek—. Jertse mordoa zagok munduan.

        Gelaren zokoan eserita dagoen Nagorek zehaztu du:

        — Batez ere Kuban.