Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hogeita hamar

 

Gaztelako Kontseiluak Arandako kondearen bidez Diputazioari jakinarazita bezala, Arriola alkateak badu aukera, nahi izatera, berak gogoko duen ordezkoa uzteko deklarazioak hartzen.

        Eta halaxe egin du, mahaiko kideei aitortua dienez, gorputza ortoztu egiten baitzaio, eta begiak ixten, ia iluntze arte luzatzen diren saio aspergarrietan. Han esango direnak esanda daudelako ordurako, eta berak behar, beste zerbait behar duelako: begi-belarriak zoli, ehiztariaren kilima beso zainetan, eta Belle bezalako behor bat zango artean beldurrak hartutako herrietan zamalka gozoan garaile sartzeko.

        — Justizia goseak pizten du gizona.

        — Eta larderiak.

        Ez du hau entzun, ordea. Arriolak bestela hitz egiten du. Dena ez da papar erakustea. Epai-aretoan dauden gehienek ez bezala, alderdi asko du zaindu beharra. Epaiketakoa nola azkartu. Eta pentsatu behar da nola sartu atxilotu guztiak Donostian.

        Harako bidean jarri ditu presoetako batzuk, ardura Frantzisko Agirreri utzita. Emakume gehienak aurretik igorriak ditu Errenteriako kartzelara.

        — Nork egingo du hau nik egin ezean?

        Maiatzak sei ditu, asteartea, Manuel Antonio Arriola Tolosara iritsi denean. Batere zailtasunik ez duten deklarazio hartzeak utzi dizkio Barreda korrejidoreari Azpeitiko kontzeju-etxean: Joseph Joaquin Hurtadorena, Narrosko markesarena eta Azkoitiko alkate den Joseph Olanorena. Badaki zer esango duen bakoitzak, nola lotuko zaion bataren deklarazioa bestearenari, gertakarien halako kronika behin betikoa osatu arte. Bezperan adostu zuen dena guztiekin, Peñafloridako kondeak deituta Intsausti jauregian.

        Gau hartan ibai ondoko etxe batean prestatu diote logela. Mahai gainean bermatuta idazten duen artean, Donostiara laster helduko dela eta presoak Urgullen sartzeko baimena eskatu dio Fleigniesi azken bider. Ardoa izan duen edontziak lumera garren argia biltzen du, eta itzalak gelan jolasean hasi dira, gau osoan ohe inguruan hormetan gora loa zainduko dioten orban lohikarak.

        Hurrengo egunean harrapatu du Frantzisko Agirre Andoainen.

        Sorabillan direla, muino urratu baten ostetik agertu dira, goiz-alba dela, bezperan partitu zirenak. Agirre zaldi gainean aurretik, biderako anoaz zamatutako mandoak eta gurdia ostean, lokatz zipriztinak tuka. Eta presoen soka atzetik, oinezko miliziano armatuak dituela inguruan.

        Eguzki herbalak zeru argiaren kontra mozten ditu gatibuen siluetak.

        Narrosko markesak iragarrita bezala gertatzen ari da dena, dantzan behartuta erabili zituztenean:

        — Zaudete. Laster beste soka batean ibiliko zarete.

        Begiak zorroztu ditu. Astiro doa. Nabarmena da oinen herrenak moteltzen duela gatibuen ibilia. Kezkatuta, ezproika ekin dio. Altzairuzko eztena guri sartzen da Belleren saihets urratugabean.

        Agurrari erantzun aurretik eskatu ditu nobedadeak Arriolak, estadilloa prest du Agirrek. Hirurogeita hamarrak daude, jauna, esan dio. Azpeititik atera dituzten guztiak. Dena ez doa nahi bezain ondo, baina. Tolosan, sabela arbola atze batean hustu behar zuen aitzakiarekin, ihes egin die batek. Askatu dituzte txakurrak, kargatu dituzte fusilak, estutu dira arnasak maldan gora. San Estebango baselizan aurkitu dute, aldarepean konkortua. Tatarrez atera dute gizona, bertaratutako auzokoak dituztela oihuka. Toki sakratuan hartu duela babesa gizonak, ezin atera dezaketela indarrez, ez behintzat Erregeren legea erakutsita Jainkoaren babesaren aurrez.

        — Ez zegoen horretarako beharrik.

        Sua eman dio iheslaria gurdian etzanda ikusteak, barrika minduen artean. Odol beltzak bustita ditu zauriak estutzen dizkioten benda zikinak. Gizon gaztea da, beltzarana, zer ote ditu, hogei, hogeita bi urte. Astindu dutenean agondu da. Gauza Arriola alkateari erantzuteko.

        — Zergatik egin duzu ihes?

        — Ez al zenuke zeuk egingo aukera izan bazenu?

        — Ni ez naiz, ordea, sekula zu izango.

        Abiatzeko keinua egin dio gurdizainari. Ezagun du, Arriolak presa du Donostiara heltzeko. Etxea du zain, gela erosoa, egur ederrez egindako ohe gozoa eta beso artean aurrena eta mokorka gero azpiratua agertzen zaion emaztea. Azken egunetan, haren hasperen hotsek bildu dute inoren oheetan etzan izan den aldiro. Olerkiak idazten dituen milizianoetako bati entzun dionetik, gogotik erauzi ezin duen irudia da labana. Hala sentitzen du berak ere, denborak eta distantziak umotutako sagar gorrian laster behin eta berriz sartuko duen burdina-ahoa. Edo ezproia behorraren mamitan, etorri zaio. Kontuak aterata, atxiloketak eta epaiketaren prozedurak azkar erabaki arren, bi aste pasa baitaramatza probintzia mendebaldea baretzeko espedizio hartan. Eta ezkondu zenean aldean indarrak mendre izanagatik, irritsak bere legeak ditu, justizia nahiak ase ezin ditzakeenak.

        Gau hartan, Hernanin lo egin dute, milizianoetako batek utzitako baratze oste batean. Etxea eskaini diote Arriolari, maindire garbien gozoa, kanpamendutik urruti egiten ez den jauretxe batean. Uko egin dio, lehenbizikoz kanpaina osoan. Gaugiro dago. Bere gizonekin igaro nahi du azken gaua. Fleignies kapitainaren soldaduak utzita Azkoiti-Azpeitietan, han amaitu da askorentzat espedizioa. Esker oneko afaria eskatua du Arriolak, Donostiako Kontsulatuaren kontu ordaindu duena. Loretan diren akazia batzuen azpian pararazi ditu mahaiak.

        Kantuekin nazkatu denean erretiratu da ortua belazetik bereizten duen itxitura zapalaren babesera. Gogoan darabilenak ez dio gauaz eta konpainiaz gozatzen uzten. Orain berandu da. Eta amorratu egiten da bere buruari kontra egitera datorrelako heriotza hura. Bere buruari kontra egitera datorrelako, zergatik eta matxinatu nagusientzat heriotza zigorra eskatzen ari zaizkion Peñafloridak eta Narrosek lortu dutelako lehenbiziko pieza, urkamendian ez bada ere.

        — Nik kanpaina garbia nuen buruan.

        Zintzoaldian harrapatu du ondoantsu paratu zaion Agirrek.

        Arriolaren buruan beste zerbait ibili da aurreneko matxinoari eskumuturrak estutu dizkionetik. Barreda korrejidorearekin entzun dituen deklarazioek sendotu baino ez diote egin hasierako uste hura: galera zigorra Ceutan eta Oranen matxinadako buru nagusientzat; Zaragozako kartzelara emakume gehienak; eta urteetako soldadutzara erru arinagoak dituztenak. Horra zigor garbiak falta garbientzat. Horra nola ulertzen duen justizia berak. Mendekurik gabe.

        Agindua ere emana dio Donostiako Udalari eta eskaera Enparan diputatuari, Alamedako markesak Gasteiztik bidali duen borreroari dietarik ez ordaintzeko inondik ere.

        Zertara datoz ohore zikinduan oinarri hartutako heriotza zigor eskaerok.

        Burutik egin zaie Narrosi eta Peñafloridari.

        — Eta zer egin behar dugu hildakoarekin?

        Aparte batean utzita dute gizona, zamarientzako kapota batez estalia. Oiartzungo bi milizianoek zaintzen dute gorpua. Sua isiotu dute, gaueko piztiek hilotzari eraso ez diezaioten. Pentsatu beharra du, arin pentsatu beharra du zer egin gogoan usteltzen ari zaion gorpuarekin, zer egin, han bertan lurperatu, Donostiara eraman ala Azkoitira bidali, baina zer aitzakiarekin gizona baioneta zauriz itsustua badago.

        Zauritu bat, hildako bat. Honen guztiaren premia al zegoen?

        Ezer erabaki gabe lokartu da harresiaren kontra. Begiak bilduta, hurrengo egunean arratsaldeko postan bidaliko du Donostiatik gogoan idazten hasi den gutuna:

        "Gatibuen garraioa nahi aldean katramilatsua izan da. Juan Bautista Urreta, Azkoitikoa, 66 urteko zapataria, istripuz hil da Hernani sarreran".

        Loak hartu aurretik, emazteaz gogoratu da. Galtza barnean sartu du eskua. Epel dago. Txepetxa dirudi oskarbipean lo.