Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hogeita sei

 

Azpeitian lo egin duen aurreneko gauean, sentimendu zaharminduek lotu dute Manuel Maria Arriola Donostiako alkatea.

        Amama Josefaz oroitu da. Eta umetan entzun zionetik inoiz ahaztu ez duen kontakizunaz, nola hil zioten neba bat Bilboko Areatzan gerora beste zerrenda bat osatu zuten matxinoek.

        Berrogeita bi urtera iritsia da eta etxeko pasadizo hark ez du inoiz erabat abandonatu.

        — Txakur bat bezala. Hori ez da inoiz ahazten.

        Jaurerriko diputatu nagusia zen Enrique Arana osaba zaharra. Aduanen dekretua beren begien aurrean sinatu behar zuela-eta, moilatik ez urrun zuen etxetik ateratzera behartu zuten. Orduan inguratu zuten, eta egurtuta hil.

        — Berak dira txakurrak baino okerragoak, Manuel.

        Kontuak atera ditu: ia mende erdi. Nola liteke hain bizirik izatea aipatuta baino ezagutu ez den pertsona bat, ez bada zerbait dabilkiolako deika.

        Barreda korrejidorearen etxean dago Arriola, afaltzera gonbidatuta. Tipula beteak eta bakailaoa Proventzako moduan egin zain, mira iritzita begiratzen dio plazaren ederrari, arkupe dotoreak errenkan. Izarraitz handiaren gerizpea atzean, San Agustineko teilatuan gaindi. Kale aldera esekitako arropek zikintzen diote soilik ikusmira.

        — Xelebrea da, Barreda. Badirudi inoren oinetakoekin gabiltzala beti.

        Hamasei laguni ezarri zitzaien heriotza zigorra aduanen matxinada hartan Bizkaian. Garrotea emandako hamasei gizonen buru moztuak har lokartuei deika urtarrileko izotzetan. Aurreneko aldia da Arriolak inori kontatzen diona osaba zaharrarena.

        — Pikotetako kakoetan eseki zituzten, mihiak belztu zitzaizkien arte.

        Buruen aipamenak piztu egin zuen Barreda korrejidorea:

        — Pasarazi diguten guztia ordainarazi behar diegu, Manuel.

        Hitzez aipatu gabe, hori guztia dago airean: laidoa, iraina, afruntua, Peñafloridako kondeak Etumetan behera zihoazela burua handitu arte jardun zion bezala, eskarmentua behar zuena, errukirik ez, eskarmentua eman behar diegu, Manuel.

        Temati tankera hartu dio korrejidoreari Arriolak:

        — Berriro horrelakorik egiteko gogoa kendu behar diegu.

        Goizetik dabil. Eguna luzea izan bada, hurrengoak ez direla laburragoak izango iritzi dio. Badaki zer esaten dabiltzan beragatik, behor gainean lo hartuta ere zuzen eramaten duela Belle. Nola ez ia berrogei urte badarama berarekin. Belle. Beti izen bera behor guztiek, umetan begia baino maiteago zuen haren izena ondokoak, eta hurrenak, eta hurrenak. Laugarrena du, eta aldi berean aurreneko behor hura bera.

        Azpeitian sartzerako izan zuen diputazioaren izendapenaren berri, Fleigniesek ukatu zion hura. Bera da espedizio hartako komandantea orain. Gauzak horrela, Barreda korrejidoreari eta biei dagokie enkausatuen kontrako epaiketaren ardura. Garmendia barratsua jarriko du idazkari. Berehala hastea dute egokiena.

        — Oraingoak ez du, ordea, Bilboko harekin zerikusirik.

        Oheratzeko gogoz dabilela erakutsi dio korrejidoreari. Bakoitzaren eginbeharrak zehaztu nahi izan ditu lehenago. Lekukoen deklarazioak hartzen diren artean, pieza batzuk ditu ehizatzeko inguruetan.

        Horregatik ez da saio guztietan buru izango.

        — Nora zoaz ba?

        Urrestillarako asmoa duela agertu dio Arriolak.

        — Erakutsi dute kalte egiteko asmoa haiek ere.

        Kezkatzen duen beste kontua, miliziak eta Kindelanen soldaduak nola mantendu kanpainak dirauen bitartean, konponbidean dago. Donostian erabakia hartuta dago gabarra bat bidaltzeko Beduaraino, hirurogei barrika irinekin. Sei upel pattar ere bidean dira. Hitz emana diote hurrengo egunean helduko direla.

        Maiatzaren lehenean hartu du beste herrietarako bidea Arriolak. Goizeko hamaiketan heldu da Elgoibarrera. Handik idatziko du Donostiara:

        "Herrian ez da ia gizonik; eta deitu ditudanean gaizkileak zein izan diren esan diezadaten, mutu gelditu dira, edo era txarrean erantzun dute. Nekez atera dizkiet izen bakan batzuk baino, itxuraz herri honetako gertakarietan buru ibili direnak guztiak".

        Zaparradak esnatu du gauerdian. Ibaia aditu du iluntasunaren erdian, zuhaitz hazien itzalpean. Lokatza izango dute bideetan. Belleren apatxek aterako dute indarka ataka gaiztotik. Azken egunetako ibilia ekarri du. Ez da erraza izango justizia egoki banatzea hain sentimendu oinarrizkoak daudela tarteko, hainbeste interes pertsonal, hainbesteko gogoa bestea mendean hartzeko. Nabari da bi aldeetan umiliatu nahi hori, eta berari nolabait haztagaren orratz izatea eskatzen bazaio ere, ez da egundo erdian egongo. Ezin, nola ba. Donostiako Kontsulatuak lau mila peso jarriak ditu espedizio hartan, eta Carascasko Gipuzkoar Konpainiak beste bost mila.

        Hala aitortu dio Barreda korrejidoreari haren etxera heldu den gauean:

        — Eta nik erantzun beharra dut.

        Bistan da bizitzeko era bat dela badoana. Mundu batetik besterako pausoa bizitzen ari da. Ez da inoren errua, hala da, eta ez dago zer eginik. Merkataritza azken aldian nola zebilen ikusita, ezinezkoa izango da, nahita ere, lehengo bizimodura itzultzea. Ez dago zertan dirua galtzen jarraitu beste norbait dagoenean Frantzian, Flandrian, Ingalaterran, zer ardura dio non, etxean baino sos gehiago ordaintzeko prest. Ekonomiaren lege berriak dira. Eta piztia hauek, bizitzako beste arlo askotan bezala, ezjakin gizajo batzuk dira. Heziketa arazoa da, baina bera ez da maixua. Donostiako alkatea da, eta epaile izateko bidali dute probintzia mendebaldera.

        Gelditu gabe ibiliko da. Goizaldean bi dibisiorekin abantatu bada Soraluzera eta Eibarrera, Elgoibarren da berriz ere gauerako. Atsedenik hartu gabe, Mutriku joko du hurrengo egunean, pozarren Debara bidalitako destakamenduak preso gehiago egin duelako bezperan. Diputazioari idatziko zion gutunean maiatzaren 4ko gaua Azpeitian pasatzeko asmoaz gaztigatu zion.

        Halaxe egin du. Korrejidorearen etxean hartu du ostatu, aginduta moduan.

        — Atsedena ere beharko duzu.

        — Ezin dut.

        Milizianoen mugimenduak zuzentzen, intendentzia lanez arduratzen, hurrengo egunerako planak egiten, korrespondentzia idazten... egia da, Donostiatik partitu denetik, ez du beste ezertarako betarik hartu. Gutunak ez ezik, bandoak ere idatzi behar izan ditu, zarata egunetan indarrez sinarazi diren kapitulazio haiek guztiak bertan behera geldi daitezen eta ez dadin beste agindurik jarraitu Erregerena baino.

        — Zer moduz deklarazioak hartzen?

        — Gaizki. Izen gutxi ateratzen ari gara.

        — Zergatik ez ote dute hau hasieratik ulertu?

        — Zer gero?

        — Indarrez ez dutela zer eginik. Donostiako kontzeju-etxetik bakarrik seiehun fusil atera ditugu. Erantsi horri Fleigniesen soldaduak eta etxeetako zizpak... Bi urteko ume bat muturrekoka eraistea baino okerragoa izan da.

        Begi nekatuak ditu Barreda korrejidoreak ere. Zaldi irrintzi bat heldu da kortatik.

        — Fleignies...

        — Nola konpondu behar dugu gizon horrekikoa?

        — Zer ba?

        — Idatzi egin dit. Ezin izango ditugula presoak La Motako kartzelan sartu. Ez dela bere ardura. Geu konpontzeko geuk sortutako gosearekin, hitz horiekintxe.