Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hogei

 

Etsiak hartu du orduen ibilian Enparan diputatua.

        Ez du gau osoan begirik biltzerik lortu kapitulazioak sinatzen ikusi duenetik. Leiho azalak ahalik isilen itsutzeko agindu eta liburutegiko besaulkian eseri da, argi dardarti baten itzaletan, tapaki mehe hutsa duela sabel gainean. Su gaineko erlojuari begira harrapatu du oilariteak.

        Gauzak bere onetik atera direla sinistuta bizi izan ditu azken orduak. Azkoitiko gertaerak, Loiolako harginen ukoa, matxinoen harroaldia kontzeju-etxean, Bikuñaneko idazkarigaiaren amenazua, mozkor-oihu haiek, su hari, su besteari, erre behar dutela aurrean harrapatutako dena, zer gizalege da hau. Etxeetatik biluzik atera eta garbitu egingo dituztela, animaliak bezala odolustu eta larrutu. Zergatik umilazio hau baina.

        Ez da egia. Ez da egia, egin du gogor bere kolkorako, ezin ordain daitekeela anega garia hilabeteko lanarekin. Pixka bat estuago bizita ere, zer. Ez dira garai errazak inorentzat. Gainera, ulertu beharra dago: ez zen uzta ona izan iazkoa, azken hondarrak dira biltegietan geratzen direnak, eta apirila, behar ez zuen hila, ez da sasoirik onena alea erosteko, prezioak oso gora jotzen duelako bestela ere. Eustea da. Eustea beste pixka batean eguzkiak soroak gorritu eta mandioak bete arte.

        Zer egin daiteke naturaren eta merkatuen logikaren kontra?

        — Esan, zer egin daiteke?

        — Hasteko, lapurrak bistatik kendu.

        Ez zuen ordu arte inoiz begien aurrean izan guztien artean nabarmen agertu den emakume hura. Azkoitikoa da, itxura; hala esan zion berak, kontzeju-etxeko eskaileretan behera elkarren ondoan zihoazela galdetuta. Zuzen antzean mintzatu zitzaion, burlaize doi batez.

        Gezurretan aritu zitzaiola ere pentsatu zuen.

        — Jakizu hauekin.

        Galdetu egin behar izan zuen nor zen. Esteban Alberdi bizargile-zirujauaren emaztea omen.

        Begiak itxi ditu. Hozka egin dio beheko ezpainari.

        — Prezioak ez ditugu guk jartzen...

        Ez da egia osoa, baina aparte dabil erabateko gezurra izatetik. Badira urte batzuk bihiaren gorabeherak ez direla herrian ebazten, Donostian baizik, kanpo eskaerak behartuta. Kontsulatuak erabakitzen du zenbatean saldu garia eta artoa, eta negozioaren jabe egin diren enpresek, horietako asko Enparan diputatuaren aspaldiko ezagunak: Jean Bausignac, Nicolasa Errazkin, Antonio Betbeder, Rieumes y Burgue, Juan Aragorri, Juan Bentura Aranalde, Larralde-Diustegui e Hijo, Juan de Carrera, Bernardo Dehez...

        Egoerak ez du atzera bueltarik, mundua da, gelditu gabe jiraka dabilena. Dagoeneko albistea iritsia izango da, haien iritzirik gabe erabaki dute Barreda korrejidoreak, Basazabal alkateak eta Altunatarrek prezioa jaistea, denen on beharrez, gauzak zeharo okertuko ez badira. Ulertuko ahal dute.

        Kanpaiak berriro. Herabe hasieran, eroago gero, goiz-alba itotzerainoko danbak. Ez dira eguerdira arte erretiratuko, pentsatu du Enparanek. Ez dute etsiko esan duten bezala baten bat eseki arte. Jaitsi dira prezioak, berak ikusi ditu zuziak pozez astintzen korrejidorearen etxe aurrean, jaun lekukoak sarrerako harrizko aulkietan zutik, etorri diren bezala apaiz banderaduna eta Hurtado dituztela aurretik erretiratzen azkoitiarrak. Badira ordu batzuk poz oihuak erabat isildu direla.

        Bakailao sikua bezala, garbi. Auskalo nondik zintzilik. Eta orduan zer.

        — Urrestillara!

        — Goazen Urrestillara!

        Horrexeri izan dio beldurra, Azkoititik heltzen ikusi orduko izu horrexek izan du lotua Enparan diputatua. Hau zabaldu egingo da, lupua da, baztanga, su harroa lehor dauden lastategiak hartzen. Ez dira hor errendituko, dena konpondu delakoan etxeratutakoak lo dauden artean matxinadaren lupua Ibaieder errekan gora igo da, Garrintza azpitik igaro da baztanga, sutan dugu Beizama.

        Mozkorrak igarri ditu leihopean, ate joka.

        Ez luke jakingo esaten azkenean loak hartu duen. Kontua da lehen argi firrinta sumatu duenean zeruertza zauritzen, gauza dela gauak utzitako hots guztiez oroitzeko, bere gogoan berreraikia duen plazaren puntu bakoitzean kokatzeko deiadar, aldaba hots, amenazu bakoitza. Leher eginda dago. Pixka bat oheratuko da, ezta pare bat ordu ere, bila etortzen zaizkionerako.

        Musua garbitu, sabela bourdalou ekarri berrian hustu eta bezperako arropekin jaitsi da plazara, Basazabal alkatea eta Altuna nagusia dituela alderik alde. Orduantxe ezarri dio errealitate txatal bana loarekin bezainbat izuarekin nahastu zaizkion lastasu, kolpe, orro haietako bakoitzari. Horrela jakin du larriak izan direla mehatxuak gau osoan, baina bakar bat ez dutela zauritu.

        Hala aitortu diote, matxinoen atzetik ibiliak dira biak ala biak goizalde arte, joateko etxera erreguka, erretiratzeko mesedez, dena konponduta dagoela. Urrestillara joanak behar dute hala ere askok. Entzun ditu. Baita Beizamara ere. Lupua dira. Harrotuta dabiltza. Urrutiegi heldu dira. Ardoa ekarri du solasera Basazabal alkateak, ardo bila aritu direla amorratuta, ostatuetako ateak ere lehertu dituztela zahagiak kalera ateratzeko.

        — Edan gabe ez lirateke erdia egiten ere ausartuko.

        — Ni ez nago hain seguru.

        Mundua egon da bildua harresiaz bestalde, plaza txikira. Ez dira erraz iritsi kontzejuko atera, eskaileretan ere mukuruan baitago jendea. Belarri ertzean oihu egiten diete umeek, andreek, gizonezkoek. Izerdi hatsarekin nahasten den kiratsa, ukuiluetakoa, pixak erretako haurrena, ardo mingotsarena. Zainak lehertu beharrean irentsi nahi dutela diruditen begi gorrituak. Zergatik gorroto hau.

        Mahai gainean bermatuta, azken kapitulazioa idazteari ekin dio idazkariak. Armak aterata dituztela ohartu da Enparan diputatua. Badaezpada ere, badakizu, erantzun dio Altunaren semeetako batek hazpegian galdera igarrita. Basazabal alkateak non sinatu behar duen galdetu du. Isiltasuna eskatu eta orrian jarritakoa irakurri du idazkariak amaitu dutenean. Gauean korrejidorearen etxe atarian leitutakoa da gutxi-asko, ebazpen berriez osatua. Prezioen jaitsierari eta alea pisatzeko neurri bakarra erabiltzeari erantsi dizkiete beste eskari batzuei emandako erantzunak, tartean pattarraren eta mistelaren salmenta libre uztea, baita olioarena eta bakailaoarena ere. Otea mozteko baimena ere ematen da, lurraren ongarri moduan erabiltzeko bada. Eta bihia, jendea horren beharrean dagoela paper gainean aitortuta, ezin izango da ez garirik eta ez artorik herritik atera. Hala eman dute fede orri barrenean Barreda korrejidoreak eta Basazabal alkateak ez ezik baita bertan diren sindikoek, eta agirian jartzen duena ahoz gora euskarara itzuli duen Inazio Arostegi erretoreak ere.

        Pozak hartu du jendea. Sinadurak irakurtzen hasi orduko hasi dira elkarri estutuak ematen, jaitsi egin dira garrote-buruak eta begiz behera paratu zizpak. Malkoak ikusi ditu Enparan diputatuak begietan.

        Elizarako bidea, kontzejurakoa baino arrunt samurragoa gertatu da. Arostegi erretoreak berak proposatu du San Inazioren irudia ateratzea esker onak emateko, gauza ona dela gizakien arteko auziak onean konpontzea, inori minik eman gabe. Ondo hartu dira apaizaren hitzak. Zaldi gaineko batek eraman du mezua Loiolara. Izateko dena prest Te Deumerako, janzteko eliza apain, jartzeko jakinaren gainean bertan diren jesuita guztiak.

        Gaueko kaosak forma hartu du: elizgizonak eta agintariak aurrena; herriko maiorazkoetako nagusiak ondoren, kapelazuriak ondo tente; atzetik, nekazariak eta errota nahiz burdinoletako langileak, eta Loiolako harginak, arotzak, morterogileak eta gurdidunak. Gizonak hiru ilaratan lehenbizi, emakumeak eta haurrak atzetik, ohiturari jarraiki beti egin izan den moduan.

        Zerua bera da mundura etorria.

        — Kaka alu bat egiten zioat nik Justiziari eta prozesioari!

        Enparan diputatuak berak ez du horrelakorik entzun, ulertu ez duen nahastea izan da bera pasatu eta gero. San Inazioren irudiari Loiolatik bueltan elizaraino lagundu ondoren kontatu diote dena. Plaza Txiki parean zihoan prozesioa, Larralde gaztearen etxetik gizona agertu denean leihora, ardoak ondo berdinduta itxuraz. Aurreko gauetik erretiratu gabe dabiltzan horietako bat, esan diote.

        — Hemen abadeek eta handi jendeak deabruaren legea da nahi dutena, ez jainkoarena. Horrela bada, izan bedi deabruaren legea guztiontzat!

        Prozesioa abiapuntura heldu da, bozkarioaz zabaldu dira parrokiako ate nagusiak. Gorde da santu hartua bere kaperan eta hautsi dira ilarak. Oihuak tarteko, nahasten hasia da giroa atzera ere. Ezagun da jendearen aurrera-atzerakoetan. Etxeraino lagunduko diotela agindu dio Enparani Barreda korrejidorearekin datorren Nicolas Altunak. Berehalako batean gertatu da. Harresiko atea pasatzera doazela inguratu dituzte. Makilakada sentitu du Enparanek buruan, beldurtzeko asmoz emana min egiteko baino. Eta algara mutu bat, inguruan direnak kutsatu dituena.

        Jiratzen ausartu denean ikusi du, txarro zikin bat, Altunari begi aurrean jarri diotena.

        — Edan!

        Ezagutu du ahots hura. Bezperan berari ere eskaini dion gazte baldan bera dela esango luke.

        — Edan zuk ere!

        Altunak lau pezeta eman dizkienean utzi diete alde egiten.

        — Esadazu nor diren. Izenak, Nicolas.

        — Jo zaituena Patxikatxuriren semea da.

        — Eta bestea?

        — Mozkorra?

        — Ez, bestea. Prozesioari eta justiziari kaka aluka aritu dena.

        — Hori ez duzu azpeitiarra...

        Hurrengo egunean jarri dio Altunak Enparan diputatuari gizonaren izena daraman papera liburutegiko mahai gainean: Agustin Ozerinjauregi. Zeanurikoa jaiotzez, hogeita hamar urtekoa, Maria Agustina Elkorekarekin ezkondua. Kapelagilea lanbidez.

        Enparanek arkupe hutsetara begiratu du:

        — Berak ere ez daki nola aldatu zaion bizitza gaur.