Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

Ihesi dabilenak maitasuna behar du lagun

 

Marko, maite-maitea,

        Zenbat denbora igaro den azkenengoz elkarrekin egon ginenetik... Orain konturatzen naiz zein arin joan diren niretzat egunak, eta hilak.

        Juliaren etxean izan zen. Trikliniutik erori hintzen konortea galduta. Hasieran nik hire ohiko txantxaren bat zela pentsatu nuen, baina gero aztoratu egin ginen denok, sekula ez hindugun Bacchusen horren menpe ikusi. Medikuak gehiegi edan huela esan zuen; gehiegi denok edan genuen.

        Badakit ez dugula hitz egin harrezkero; ondotxo igarri nuen hire narraskeriaren zergatia. Nazka eman hidan, destaina egin nian, eta bertan behera utzita, alde egin nuen; Juliaren harridurarako. Kontatu egin hion? Hik agian, ez; nik agian, bai, nik kontatu egingo niokeen, eta Veleia guztiak gure berri izango zukeen oilarrek kukurruku egin baino lehen.

        Zer moduz hago? Gure etxean jarraitzen duala badakit. Plinius, aita, hil zela ere badakit, Juliak jakinarazi zidan. Barkamena eskatzen diat bihotz bihotzez, ni ez nengoen amorante etsi baten penak jasateko prest, soina eta espiritua maitasunez hanpatuta nituen, eta ondo dakian bezala, ez zen higanako maitasuna. Barkaidak, maitea, barkaidak, arren.

        Har ezak astia, ene Marko laztana, lasai irakurtzeko gutun hau, ez iezaiok sua eman osorik irakurri arte, gure zorionaren eragile izan daiteke eta; berriro elkartuko gaituela ziur nago eta.

 

 

Zenakulu hartatik atera orduko nire bizitzatik bota hindudan; kaka hutsa bihurtu hintzen niretzat, eta, hala, egotzi egin hindudan. Orain kaka haren aztarnen bila nabil, eta aurkituz gero, miazkatu eta jan egingo nituzke.

        Nire zoritxarra kontatzera natorkik, Marko ene kutuna, eta argi eta garbi azalduko natzaik, zer gal nezake mina eginda badago?

        Ez diala ardura? Jadanik ez nauala maite? Ez diat sinesten. Urtebete izango da laster, Veleiatik alde egin nuela. Ez da gurea bezalako maitasuna ahazteko beste denbora igaro. Bestalde, Juliak jakinarazi dit ez diala orain adiskide minik ezagutzen. Neu izango ahal naiz berriro hire adiskide min-mina! Hire ezezkoa irudikatze hutsak bihotza lehertzen dit taupada bakoitzean, ezingo nuke jasan, maitea.

        Pergaminoa bustitzen ari naiz negar-anpuluez, hi haizela nire benetako amorea ikusten dut orain, hain argi... Zer gertatu zitzaidan? Nola erori nintzen haren sarean hi ondoan izanda? Malefikua egin zidan, ziur naiz. Bestela, nola?

        Hurrengo egunsentian Flavius Enekonisen atzetik joan nintzen Erromarantz. Constantinusek bere exerzitua deitu zuen borrokarako, eta Flaviusentzat aukera ezin hobea izan zen. Sei urte lehenago Constantius gaixorik hil ondoren Caledonian, Eborakon Constantinusen proklamationean egon zen Flavius —handik zebilelako piktuak mendean hartu nahian— gazte-gaztea, gudetan hasi berria. Harrezkero Constantinusen aldeko kohorteetan aritu izan da.

        Maxentiusen kontra gindoazen orain Erromara, irabaztera. Flavius, aldi berean, bere guda pertsonala prestatzen ari zen, bere asmo bertsuak zituztenei aurrea hartzeko, Cohors I Galicaren zenturionea izan nahi baitzuen.

        Cohors I Galica betidanik ezagutu dugula gure iruñan, esan beharrik ez daukat; legionariookin, ordea, ez dut harreman esturik izan inoiz, ez bada larrutaldi bat edo besterako, baina Flaviusez maitemindu ostean gure kontubernia haiek ezagunak bezain maiteak bihurtu zitzaizkidan. Aitzakiak bilatzen nituen harantz abiatzeko, eta gehienetan aurkitu egiten nituen, dela scripturen baten zehaztasunak jakin nahian, dela tabularen bateko tokiren baten ezaugarriak idatziz gehitu guran, eta baita ere Julia maitasun kontuetan laguntzeko asmoz, gure adiskidea beti izan da-eta hangoek erakarria. Ekin eta ekin, azkenean Flaviusen arreta lortu nuen. Esango didak harritzen haizela horrenbeste ahalegindu behar izanaz nire itxura kontuan izanda, beti oso erraz erdietsi baititut nire maitaleak, baina Flaviusek ez zituen gizonezkoak gogoko. Zergatik, orduan, tematu nintzen hainbeste?

 

 

Ni ez naiz veleiatarra jaiotzaz, askotan azaldu diat; nire scientiak etekinak emango zizkidala, eta ondo etorriko zitzaidala giroa aldatzea esan zidan Juliak duela zenbait urte —orduan ere maitasuna zela-eta ihesi nenbilenean—.

        Gure Juliaren izaera oso zabala da, denetarik kabitzen da haren bihotz ikaragarrian, eta hala ekarri zuen nire soin ahuldua, maitasun minek ahitua, Popearen etxera. Han aritu izan nintzen grammatiku gisa hango Martzelus gaztearekin, eta paedagogu gisa haren anaia-arreba gazteagoekin. Haiekin ikasi nuen zuen hizkuntza maitagarri hau. Julia izan zen, baita ere —gogoratuko duk, laztana— geroago guk biok elkar ezagutzeko aukera eman ziguna.

        Nola gozatu genuen grafitoak egiten horma hartan! Laster bota zuten eraikin berria egiteko; gure 'arte-margolanak' betiko galduak! Horma haren aurrean egin zituen aurkezpenak Juliak, eta handik gutxira, besarkatuz, elkar musukatuz eta laztanduz, horma hartara gure gorputzak jaurtiz, hik gero nik, zirkuluak egin genituen airean, sabaitik begiratzen gintuen Martitz zaharkitu hark ikusi ahalko zituenak; horma hotzak gure bizkar eta papar beroetan talka egin zuen behin eta berriro gure desideriua ase arte.

        «Bagauda horrekin ikusi zaituztet, eta ez da lehen aldia», esan zidan behin Flaviusek higatik eta nigatik, «latrone horiek denak akabatuko ditugu, eta hire lagun hori ere bai». Hasieran beldurtu egin banintzen ere, nire itsutasunean jeloskor zela pentsatzera iritsi nintzen.

        Orain ni nago jeloskor hire bagauda hura dela-eta; badakit ez direla lapur hutsak, eta hi beti ikusi haut euren kausaren alde, ez baihaiz inoiz eroso sentitu inperiuaren menpean. Ez duala inor diost Juliak, baina askotan gogoratzen ditut hire eta haren arteko irribarre eta begirada goxoak. Marko, mesedez, ez! Hemen nago ni guztiz hirea, har nazak oso-osorik, gorputza eta anima, soina eta espiritua, hiretzat betiko.

 

 

Cannabaetan biziko nintzen ni kanpainak iraun zuen artean, han kokatu ninduen Flaviusek artisau, merkatari, prostibulu ibiltari eta senideen artean. Badakik zein zorrotza den legioetako araudia, guda sasoian are zorrotzagoa bihurtzen dena. Oso zaila egin zitzaidan niri baztertze egoera hura; ondokoek galdetzen zidatenean zer dela-eta nindoan beraiekin, ez nuen jakiten zer erantzun, beraiek, ordea, zeregin garrantzitsuren bat izaten zuten beti, bizian aurrera egiteko folisak lortzen lagunduko ziena; edo, aita edo senarra izaten zuten gudari haien artean, guda galduz gero, beraiekin batera galduko zuten askatasuna, edo bizia bera. Eta nik ere bai; baina ezertxo ere ez egiteaz gain, ez nuen han aitarik, eta are gutxiago senarrik.

        Flaviusek ez zuen handik nenbilela jakin zezaten nahi. Nik oso ondo ulertzen nion, curriculuma jokatzen ari zen, bere etorkizuna jokatzen, eta nik nirekin batera ikusten nuenez bere etorkizuna, ez oztopatzen saiatzen nintzen, bere urratsak eman zitzan nahi nuen, ni zain ninduen artean. Tribunoa bere alde izatea zuen helburu, laster erretiratuko zen Domicius zenturionearen lekua hartu nahi baitzuen.

        Horregatik, samatik esku biekin estu hartu ninduen goiz hartan, bere senetik aterata zegoen. Orduan bai, orduan bera etorri zitzaidan bila, ez zuen ezkutatu beharrik, antza. «Ergel hori, zingulua ken diezadaten nahi duk?» galdetu zidan bortizki. Hura ez zen nik ezagutzen nuen Flavius, hura ez zen nik maitatzen nuen gizona.

        Emazte bat egin nuen adiskide, hark eman zidan Flaviusen ibilaldien berri. Thermetara egunero ordu berean joaten zela jakin bezain laster, hurrengo egunean han nintzen ea oraingoan hitz egitea lortzen nuen: nonbait elkartu behar genuela erregutu nahi nion, ezin nuela gehiago, beste batzuk ere gure antzeko egoeran zeudela, eta begiraleek ezikusiarena egiten zutela gehienetan, ea zergatik izan behar zen desberdina gurea. Irudikatzen nuen erantzuna: ez genuela inongo hutsik egin behar; horrenbeste maite banu, ulertuko nukeela eta jakingo nukeela egoera ondo eramaten...

        Palladia Tolosa zen orduan gure atseden-lekua. Tepidariuan aurkitu nuen, tribunoarekin batera, biak bakarrik zeuden. Tribunoak «Hi hemen!» bota zuen ikusi ninduenean, ezustekoa izan zen harentzat, ezusteko atsegina, gero jakin nuenez. Baina Flaviusentzat ezusteko malerusa izan zen, bere aurpegi izutua gogoratzen dut: fascia zuria lortzeko ametsa zapuztuta ikusi zuen nonbait.

 

 

Sei hilabete egin genituen guztira, udaberritik urriaren amaierara arte, Pons Milviusen irabazi genuen arte. Tribunoak ikusi ninduenean hasi zen nire zoritxarra. «Gazte hori higatik etorri da gudara?» galdetu omen zion Flaviusi. Hark «Ez, higatik», erantzun omen zion, «nigana jo zuen hi ezagutzeko». Harrezkero tribunoarekin oheratzen hasi nintzen nire gogoaren kontra. Flaviusek «Gu biok salbatzeko era bakarra da», esan zidan, «eta baita ere gu biona salbatzeko era»; gu bion arteko adiskidetasuna esan nahi zuen, zeren larru konturik ez zen inoiz izan gure artean, bere «Egun batean, agian» esaldi maltzurrak itxaropenaren sarean harrapatuta ninduen.

        Prima portatik gertu jarri zuten basea azken gudarako. Tribunoaren inguruetan nenbilen ni gehienetan, bere atzaparretan gatibu. Opari ederrak egiten zizkidan, baina oparia neu izan nintzen, ene Flavius gaiztoak egindako opari bikaina. Niri ere egin zizkidan opariak Flaviusek: behin besarkatu egin ninduen pozarren, eta «Ia lortu dugu, oso gutxi falta zaigu» xuxurlatu zidan belarrira, bion arteko komertziua bailitzan; bera saltzailea zen baina ni saldua... Zital halakoa!

        Hi, Marko, haren aldean zoragarria haiz. Ez nindukean inoiz engainatuko, ez hidakeen gezur bat bera ere esango. Ez dakik koldarkeria zer den. Ez dut inor ezagutzen hi bezain artezik sentimendu kontuetan.

        Besarkada hark eta beste horrelako laztan batzuek bizirik mantendu zuten nire esperantza, eta tribunoaren besarkada eta laztan lizunak jasateko indarra eman zidaten.

        Libertua izanik esklabu jokatu nuen. Ene aitak askatasun bat erosteko beste zeukan, eta nirea aukeratu zuen. Baina nik ez dut, itxuraz, askatasunean bizitzen ikasi. Ez dudala aitaren oparia merezi usteko duk hik. Badakit ahula naizela, ez izanak izatera bultzatzen nauela, eta salneurriari ez diodala begiratzen. Baina ez dakit beste era batera jokatzen. Nik ez dakit borrokan egiten, Marko; hik bai, hik ondo erantzun hion pretorianu mozkor hari biotako zein erdituko zen galdetu zigunean: taberna hankaz gora jarri huen.

        Garaipenak erotu egin gintuen. Erroman sartu ginen jaun eta jabe Maxentiusen gorpua, Tiber ibaian ihesian itoa, aurrean generamala. Egunean bertan proklamatu zen Constantinus inperator.

        Cesareako Eusebius berehala zabaltzen hasi zen, Constantinusek guda baino lehenago gurutze bat ikusi omen zuela argitan, eguzkiaren gainean, hitzekin, hau da, in hoc signo vinces. Hasieran ez omen zekien zeri zegokion mezuori, baina gau horretan Christusekin egin omen zuen amets, esaten ziola zeinu horrekin eraso eginez gero garaile irtengo zela. Badakik, Marko, chiristinuen esamesak niri, hiri bezala, ez zaizkidala axola, baina Popea pozik jarriko da ipuin hori entzutean, seme-alabei txikitatik irakatsi baitizkie haien zeinu eta manamenduak.

        Erotu egin ginen, bada, pozez erotu, bereziki Flavius, helburuak gertu ikusten baitzituen, nahi zuena baino gehiago lortuko zuela uste zuen orain: guda hura irabazteak ekarriko zionaz gain, nik egindako lanak ere laguntzen zuela ondotxo ohartzen zen, inoiz eskertu ez bazidan ere. Nik ez nuen aukerarik galtzen tribunoari nire maite maltzurraren ahalmenak goresteko; bere fideltasuna, prestutasuna eta umiltasuna aipatzen nizkion, neure buruari ere sinetsarazi nahian. Zein inozoa nintzen!

 

 

Noiz ikusiko dugu berriz elkar, Marco nirea? Beso artean hartu gura hinduket, estutu bion bihotzak elkar ukitu arte, bat egin arte. Txori eria bezala zainduko haut, laztana, teilatutik eroritako txori hura hik zaindu huen bezala.

        Malefikua desegin da, maitea, aske naiz, eta hirekin bizi gura ditut hemendik aurrerako urteak; gure ametsa bete nahiko nuke, Gebarako herrian bizi, hire etxean, gurasoei jarraiki.

 

 

Aste batzuk egin genituen Erroman jai giro eta gehiegikeriatan. Jan, edan eta haragiaren plazeretan. Flavius ez zitzaidan behin ere gerturatu, desagertuta zebilen. Nik bilatu eta bilatu egiten nuen tribunoak atseden ematen zidanetan. Etsiturik, azkenean honi galdetu nion hartaz, ez ote zuten beste kanpaina batera bidali; baina ez ote zuen ni gabe Veleiarako itzulbidea hartu, edo andreren batekin maiteminduta ote zebilen zen nik benetan galdetu nahi niona. Ez nintzen ausartu. Ez zekiela ezer erantzun zidan, ez arduratzeko hartaz, Erroman geratuko ginela biok, nahi nuen guztia izango nuela berarekin.

        Prima vigilian, gauero legez, tribunoaren gelara abiatu nintzen. Egunean zehar lanpetuta ibiltzen zen, eta ni azoka eta tabernetan ibiltzen nintzen, batetik Flaviusen berri nonbait izateko esperantzaz eta bestetik tribunoak ematen zidan dirua xahutzeko asmoz. Han erositako jantzi eta bitxi ederrak ditut hiretzat, Marco.

        Atea itxita zegoen ohi ez bezala. Maratila bihurtzean zarata egin nuen arren ez zen irekitzera hurbildu, nahiz eta barruan norbait entzun nuela iruditu zitzaidan. Atea jo nuen behin eta berriro, baina ez zen inor ageri. Beste norbaitekin zegoela argi zen; beraz, miseriara jaurtiko ninduen laster. Nire pentsamendua irakurri izan balu bezala atea zabaldu eta «Joan hadi hemendik, papaoa» bota zidan, «ez hadi gehiago nire aurrean agertu, ez baduk lehoi artean amaitu nahi».

        Aspaldiko sentipena izan nuen, esklabo zebilenari esklabo tratua eman zion hark. Negarrez igaro nituen hurrengo orduak; baina ez nintzen joan. Egunsentian ateak karranka egin zuen, eta gizon ederra atera zen, gizon ederra nazka aurpegiarekin. Nitaz ohartu zen, eta nazka gorroto bihurtu zen, bere izena esatera nindoanean bultza egin, eta lurrera bota ninduen bortizki.

        Flaviusek duintasuna galdu zuen gau hartan. Tribunoak niri egin zidana egingo balio, ez luke ezer lortuko, hainbatean irabazi beharrean, galdu egingo luke, eta nik baino gehiago gal lezake, azken batean ni liberto ziztrina baino ez naiz.

 

 

Veleia inguratuko duen harresia datorkit gogora, honezkero eraikita egongo da. Babesa ala askatasun eza? Barbaruen beldur omen gara...

        Euskara amaitzen den gunean jarriko luke harresia hire bagaudak, ez ezak pentsa ez dakidala zertan ari zareten, baina zuen askatasun nahiak askatuko nau ni ere uzten badidak, zeuekin batera eramango nau, bagauda bihurtuko banau ere.

        Erantzun egidak lehenbailehen, laztana. Ezin diat oraingoz gehiago esan, Juliak hire onespena ekartzen didanean, nire berri jakingo duk berriz, nire zoritxarraren berri. Alferrik izango da azaltzea zerk naukan ezkutuan onartzen ez banauzue. Ihesi dabilenak maitasuna behar du lagun, horregatik eskatzen diat hirekin eramateko. Badakit Flaviusek zuengana joko duela nire bila, behar den beste legioren laguntza lortzea ez zaio bat ere zaila egingo bagauden tumultuak aitzakiatzat izanda. Beraz, nirekin edo ni gabe, gertu egon behar zenukete.

        Zaindu hadi, ene kuttuna, eta erantzun iezadak berehala. Hi haiz ene esperantza bakarra, Marko, maite-maitea.

 

 

Oharra

 

        Latineko deklinabidean deiki edo bokatiboak Marko, maitea, eskatzen du, horregatik azalduko da hala eta ez Markus, maitea, euskarak eskatzen duen legez. Protagonistaren ikuspegi berezi moduan har daiteke, hizkuntzen gurutzaketatzat, gaur egun ere holakoak egiten ditugu, ezta? Gainera, u o bihurtzeko bidean bokatiboak zerikusia izango zuen.

        Hi erabili dut eta ez zu. Zu noiz bihurtu zen zuek, ez dakigu.

        Costantinus Konstantino Handia edo Konstantino I.a moduan ere ezagutzen da mendebaldean, Konstantino Deuna moduan ekialdean. Maxentius gudan erail ondoren 312an, bere koinatu Litziniorekin bat eginda, Maximino erditik kentzeko modua aurkitu zuen urtebete geroago: batzuek bere buruaz beste egin zuela diote eta beste batzuek pozoituta hil zela. Horrela inperioaren mendebaldea Litziniorentzat geratu zen eta ekialdea Konstantinorentzat. Azkenik, Konstantino, Litziniori irabazi ondoren 325ean, bakarrik agintzen jarri zen. Bizantzio, gaur egungo Istanbul, inperioko hiriburu bihurtu zuen izena aldatuz: Nova Roma edo Konstantinopla, hau da Erroma Berria edo Kostantinoren polisa edo hiria. Constantius bere aita izan zen.

        Konstantino Handia izan zen kristautasuna onartu zuen lehen enperadore erromatarra.

        314an eliza kristaua legalizatu egin zen, eta legalizatzeaz batera, eliza kristaua paganoak erasotzen hasi zen. Eta latina inposatzen.

 

        «Contubernia» (pl.) legioaren barrakoiak ziren. «Cannabae» (pl.) legioaren asentamenduei deitzen zieten.

        «Bagaudae» (pl.) borrokalari edo lapurrak, ikuspegiaren arabera. III. mendean hasi ziren bagauden erreboltak.

        «Follis» txanpon mota bat zen.

        Palladia Tolosa gaurko Toulouse da.

        «Zingulua» (cingulum militare) legionarioek erabiltzen zuten gerriko berezia zen. Hura erretiratzea zigor mota bat zen.

        «Fascia» sabelaldean eramaten zuten begizta zen. Kolorearen arabera bereizten ziren, zuria tribunoena zen.

        «Prima vigilia» seietatik bederatzietara arteko tartea. Gaua vigilietan banatzen zuten.

 

        Azalpen historiko batzuk ematera behartuta sentitu naiz, argitasun historikoak ipuinean bertan sartzeak erritmoaren aurka egingo zukeen eta, ipuin hauen helburua ez baita ipuin historikoak izatea, historiako aro zehatzetan gertatutako maitasun istorioak izatea baino.