Azken afaria
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
azala: Lander Garro
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
aurkibidea
 

 

Gauaren gaua

 

 

Bakarrik gaude. Azkenean, gehitu behar nuke. Gehitze horrek ez luke gure egoera aldatuko. Berdin jarraituko genuke. Bakarrik. Etxeko egongelan gaude, telebistaren pareko sofan jarririk, egon ohi garen gisara. Telebista itzalirik dago, baina hari so gaude. Belztasunari so. Ilunpetik so. Zabala da ilunpea, sakona, mugagaitza. Inguratu egiten gaitu. Itzuri ezina da, itzuri ezina zaigu. Garai batez, argia nagusituko zitzaiolakoan geunden. Garai batez, aspaldi, duela hilabete, urtebete, mende bat... Artean seme bat genuenean. Seme bat, bakarra. Gehiago izan bagenu, ez ginatekeen honen bakarrik egonen. Beharbada. Baina utz dezagun hori, bazter dezagun urtetan hamaika aldiz traba egin diguna. Joanak joan. Damuak areago hondoratuko gintuzke, dagoeneko aski hondoraturik gauden putzu goibel honetan. Ustez orbandurik dauzkagun zauriak berriz odoletan paratuko lizkiguke. Eginikoaren damuak, baita egin ez genuenarenak ere. Izan, halakoa da damua, agorrezina, bukagaitza, ia eternala. Itxuraz aldatzen da etenik gabe, eta behin eta berriz sortzeko eta bilakatzeko gai da. Dena bustitzen du, dena umeltzen. Txipaturik gara, beraz, sekula atertzen ez duen damuaren euri beltzak txipaturik. Mela-mela eta preso larru zuriko sofa honetan, gure semea Espainiako kartzeletan izan zen bezala. Preso sofan eta, batez ere, gure gorputzetan preso. Bakoitza berean. Bi horma elkarren kontra, elkarri atxikirik eta elkarrekin mugitzen eta aldatzen, soin berberaren bi adar. Soin astun eta bihurdikatu bat, narrasti zahar batena, menturaz. Errepikapenak zurrunduriko pare bat gorputz —bakarra ote?— finean.

        Orain.

        Orain, bortz axola digula denak, bortz axola egia aitortzeak ere. Baldin eta egia, horrelaxe, egia osoa, egia biribil eta erabatekoa, sekula jakiterik badago. Zernahi gisaz, gure egia ttipiek eragiten ahal diguten mina deus guti da hondar urteetan jasan dugunaren aldean. Horren ondotik aldapa guztiak zelai izanen ditugu, pikoenak ere. Solasta gaitezen, denbora-pasa bertzerik ez bada ere, betiko galdu genuen loaz ahanzteko. Erran dezagun orain arte pentsatzera ere ausartu ez garena. Bakoitza bere hormaren gibeletik, bistan da. Bakoitzak bere harrizko gorputzetik. Horixe baikara, funtsean. Bai, harrizkoak gara eta neke zaigu edozein mugimendu, mihiarena ere, gehienetan. Hura ere harrizkoa baita, eragiten dituen hitzak nola. Hitzak, berriz, malgu zein zurrun, gogor zein bigun eta gozo, traba zaizkigu maizenik. Soberan ditugu. Begirada bat aski, elkarren berri jakiteko. Pare bat torturatzaile bagina bezala. Zintzoa bata eta makurra bertzea. Hori baizik ez gara agian, bertze inor torturatu ezinean, elkar torturatzen duten harrizko torturatzaile parea. Bertze deus egin ezinean torturatu, gainera. Denbora-pasa. Alegia deus ez. Deus ez dagoenean, ezin baita deus egin. Zain egon baino ez. Egundo aipatu ez arren, gure hitz bakoitzean bezainbeste gure isilaldi bakoitzean dagoen horren zain egon, gure semea luzaz zain egon zen antzera. Heriotzaren zain, erran nahi baita.

        Orain.

        Orain horretan gaude gu ere, eguneroko heriotza ttipiak iraungiko dituen heriotza oso, erabateko, horren zain, horren esperoan, egunabarraren esperoan gauden bezala. Sekula ez baitzaigu belztasun guztizko hau pitzatuko duen argi izpi herabea heltzen. Behin ere ez. Eta etsi dugu. Betiko etsi. Eta telebistari begira jarraitu dugu, gaua bezain beltz dagoen tramankulu baldar itsu horri. Biok badakigu zergatik.

 

 

Biok badakigu gauak, edozein gauk, ez duela azkenik. Edo, hobeki errana, azken bakar bat baino ezin ukan dezakeela, hots, gure semearen gauak izan zuen berbera. Biok dakigu hori. Eta hain ongi dakigu, hain seguru gaude horretaz, non gure mututasuna edozein hitz baino ozenagoa baita. Denbora kontua da. Goiz edo berandu Herio azalduko zaigu etxera guri ere, berarekin joateko exijituz. Eta harekin joanen gara, gizalegez bertzerik ez bada ere. Gure atean jotakoan berehala irekiko diogu eta zer edo zer edan nahi duen galdetuko adeitsuki. Beharbada horrexegatik ez gara ia etxetik irteten, badaezpada ere, azaltzen zaigunean bertan egoteko. Ezin gure aspaldiko bisitari bakanari muzin egin. Egia erran, ez dugu inor behar. Gure isiltasuna aski da etxe honetako gelak betetzeko. Halaber, gure gorputzak aski dira solas luze mutuak izateko. Oharkabean ere, haiek mintzo dira gure ordez. Gure hezurrak mintzo dira, gure giharrak. Gure gorputzaren atal bakoitza ari da solas etengabean, gure ekintza bakoitzaren arrazoiak aletzen ari. Horregatik mugitzen gara hain ongi sofa honetan, larruzko utero honetan. Lehen, semea bizi zelarik, kanpora irteten ginen batzuetan. Orain ez. Mendira jotzen genuen, salbuespenik gabe, ordurako etenak baikenituen gizartearekiko lotura gehienak. Roderarekin solastatzen ginen, Zengotitarekin ere bai noizean behin. Orain ez. Orain Roderarekin baizik ez gara noizean behin solastatzen, hark telefonoz hots egiten digunetan. Berdin dio. Dagoeneko hitzak alferrikakoak dira, gainerako guztia den moldean. Horregatik konprenigaitza zait zure begiradaren zorrotza, zigarreta bat pizten dudan bakoitzean. Denok dakigu tabakoa hagitz makurra dela osasunerako. Osasuna, aldiz, kontu irrigarria da gaur egun guretzat. Sofa honetara kondenatu gintuen aspaldiko gau haren ondotik. Eri gara, harrezkero. Biok eri eta biok horren jakitun. Hortik nire harridura. Ustekabean joan eta sekula itzuliko ez den garai zoriontsu baten nostalgia hala-moduzko batek eraginikoa ote da zure debaldeko zorroztasuna? Baliteke. Beharbada semea ume zen garaiko egun argitsu bat duzu gogoan, Plentziako hondartzan edo Arabako aintziretan. Auskalo. Zaila da buruan darabilzuna asmatzea. Edo arrunt erraza, semea baituzu, nire gisara, oroimenean beti. Oroimenean, ahotan eta ametsetan. Ia lorik egin gabe ere amesten jarraitzen baitugu, gure amets gehienak gaiztoak izanagatik. Deiadarka jardun duzu, ohartarazi didazu maiz, nik bertze anitzetan ohartarazi dizudan gisa berean. Gure oihu ikaratuek ez gaituzte ikaratzen, ordea. Ohituak gara. Nire gorputza areago lotzen zaio zureari halakoetan eta, amesgaizto bat baino ez da, xuxurlatzen dizut belarrira.

        Lokamuts bat. Deus guti.

        Deus guti, gu bezala. Aski aspalditik azkena den hats baten oroimen lausoa ozta-ozta. Inoiz bizia izaniko su baten hondarreko ilintia doi. Ahitzen ari garelakoan, berantetsi egiten dugu dena itzaliko den une zehatza. Horren irrikatan gaudela erranen nuke. Horregatik altxatzen gara hemendik hain gutitan: horren zain gaude. Horregatik eta zaila zaigulako hemendik jaikitzea ere, ezinezkoa kasik, denboraren poderioz sofak gure gorputzak bereganatu baititu eta bertze gorputz handiago baten atal soil bihurrarazi. Preso eta eri gu aldi berean. Eri handi, gainera, eritasun bat baino gehiago jabetu baita gutaz. Atseden hartu behar duzue, aholkatzen digute medikuek, eta guk baietz, baina, mesedez, errateko nola.

        Lo eginez, noski.

        Lo eginez, hara bertzea. Nahi genuke. Eman ohi dizkiguten somniferoak ere alferrikakoak dira: deus guti dezake kimikak, harri bilakaturiko neuronak pizteko ahaleginean. Pizteko edo itzaltzeko, oraindik ez jakin eta, zein litzatekeen kimikaren betebeharra. Erran nahi baita, gure neuronei darien hots zurruna isilarazi edo, aitzitik, ozenagotu beharko lukeen. Ozenagotu, harik eta damuaren harrabotsa arrunt jasanezin bilakatu eta garuna leherraraz diezagun arte. Gure harrizko garunak. Harik eta loa unibertso osoaz jabe dadin arte. Loa.

 

 

Lorik egin gabe ezin bizi. Ez da inoren iritzia, zientziak egiaztaturiko zerbait baizik. Beraz, nola gaude gu, hilik edo bizirik? Hilik gara, noski, seguru gaude. Hala ere, hagitz ezberdinak dira hilik izateko gure era eta semearena. Guk gure gorputz nekatuetatik tiraka ibili behar izaten dugu, neke handiz maiz, eta ahalegin izugarria eginda ere, tirriki-tarraka mugitzera heltzen gara gehienez. Semea, aldiz, zangoei batere eragin gabe, edonora joan daiteke, istantean edonon egon daiteke. Gugan, erraterako. Horregatik aski zaio gu mugitzea, gurekin batera mugitzen baita bera ere, eta gu joaten garen edozein tokitara joaten. Bizkarroi dugu nolabait.

        Bizkarroi.

        Hitz itsusia duzu hori, jakina, horregatik saihesten dut, semea ahotan hartzen dugunetan. Min eginen nizuke. Orain arte egin dizudan mina baino zorrotzagoa. Horretan ere semea ezberdina da. Hark ez du minaren berri. Orain. Orain gure minaren lekuko isila da, ez bertzerik. Zorionez. Arkautin noziturikoak, Madrilen eta Soton pairaturikoak, zerbait izatekotan, oroitzapen hutsak izanen dira harentzat, dagoeneko deus adierazten ez dion aspaldiko berbaro baten hondar oihartzun ilunak doi. Guretzat, berriz, oinazearen geografia bateko izenak dira horiek, betiko ahantzi nahi genituzkeenak. Ahantzezinak dira, ordea. Gogoan ditugu, suz markaturik, gure azalaren azal bilakaturik. Gure azalaren artxipelagoa osatzen dute, tatuajeak balira bezala. Horietariko bat aipatzea aski da, oroitzapen petralen gurpil zoroa abiarazteko. Arkauti, adibidez. Torturak zikinduriko herri horren izena entzutearekin batera jiraka da gurpila. Semearen mina gureganatzen dugu halakoetan, hark utziriko herentzia. Herentzia ikaragarria inondik ere. Hala, gure etxeko egongela honetatik mugitu gabe, Bakeroaren mehatxuak eta irainak berri ditzakegu, haren lagunenak, haien irri-karkailak. Denboran barrena guganaino heldu den zarata hori guztia adi dezakegu, eskuak belarrietan paratzen ditugunetan ere. Baina ez da soilik entzumena herentzia horrek zorrozten diguna. Gauza bera egiten digu bistarekin. Bertze molde batez ikustarazten digu zernahi. Egunero inguratzen gaituzten gauzek ere bertze itxura bat hartzen dute bat-batean. Har dezagun, adibide gisa, telefono aurkibidea. Telefono ondoan ahantzirik datzan liburukote hori arma izugarritzat ikusarazten digu. Semearengandik jaso berri dugun oinaze zahar horrek gisa ezin argiagoan margotzen ditu, gure gorputzetan ere, ubeldurak eta zauriak. Uharte gehiago gure azalaren artxipelagorako, puntu, marka gehiago doilorkeriaren mapan. Etengabe zabaltzen ari den mapa batean, gure espeziearen zitalkeriak ez izaki mugarik. Aitzitik, etenik gabe hedatzen den zulo beltz ikaragarria da, aldamenean duen guztia aitzakiarik gabe irensten duena. Baina hori ez dizut adierazi beharrik, noski, seguru naiz zu ere horretaz jabetu zarela. Aspaldi jabetu, nahiz eta sekula ez aipatu. Zure mututasuna ozena da, haatik, deus guti behar du entzun dezadan. Horregatik entzun dezaket zure pentsamendu bakoitza, zure garunean sortu aitzin ere, zenbaitetan. Horregatik, maiz neke dut noren ahotsa entzuten ari naizen zehaztea, zurea izan badaiteke ere, neurea ere izan daiteke eta.

        Zer diozu?

        Auskalo nork egiten duen, noizik eta behin, galdera hori. Zu izan zaitezke edo ni izan naiteke. Zu hori zu izan edo ni neu.

        Zer diozu?

        Galdera horri gutariko inork ez lioke erantzunen. Behar bezala ez, bederen. Inork ez luke jakinen zer erantzun edo nola erantzun, aho-mingainak zurrun izanik, dauzkagun bezala. Harri eginda.

        Zer diozu?

        Semeak ere hainbat aldiz aditu beharko zuen galdera hori. Arkautin aditu, Madrilen aditu. Bakeroaren ahots mehe irrigarrian edo Auzitegi Nazionaleko epailearen ahots sakon, serio itxurakoan. Eta orduan, erantzutera ahaleginduko zen, errateko daukana erratera ahaleginduko. Zer diozu?

 

 

Telefono aurkibidea. Telefonoaren kablea. Edo telebista, lanpara edo musika katearenak. Kable bat. Edozein kable aski, tortura tresna bilakatzeko. Izateko. Sofa bat ere bai. Larruzko sofa bat. Edo gorputz bat, larru haragizkoa. Edozein. Zurea. Neurea. Biona. Gure gorputzen edozein ertz zaurgarri, sofa honenak nola. Eguneko argiak eman ohi zigun bitaminarik gabe ahul, laru eta orri zahar bat bezain idor, gero eta meheagoa daukagu azalmintza. Eta zauri ttipiak dauzkagu beso zangoetan, hamaika ubeldu soinean. Gure mututasun mugagabetik elkarri bidaliriko mezuak dira, torturagileek torturatuen azal urratuan idatzirikoak mezuak diren gisa berean.

        Mugitu, diostazu, zoaz apur bat harago.

        Ahalegina egiten dut eta jauzi gisako zerbait ere bai, ezkerreko alborantz. Alferrik, beti bezala. Sobera luze egon gara bertan jarririk, bat-batean moldez (amiñi bat bada ere) aldatu ahal izateko. Larruak uko egiten dio edozein aldaketari. Zurruna da. Zurrunak gara. Higidura bakoitza neke zaigu, edozein higidura debaldekoa dela ikasi genuenez geroztik. Aspalditik, gau guztien gau hau hasi eta zenbait hilabete, urte edo mendetara. Artean seme bat genuenean.

        Aspaldi.

        Zaila da heriotza onartzea. Edozein heriotza, bereziki seme batena. Seme bakar batena. Gure gisara (bere gurasoen gisara) sofa honetatik sekula jaikitzen ez den semearena. Bai, hemen da, diozu, hemen dago gurekin, sofa honetantxe. Ezetz erran behar nizuke, agian, baina nola erran nik neuk ere sinesten ez dudana. Eta hor dago koska, hain justu. Aitortzen ez badizut ere, nik ere ondo-ondoan sentitzen dut, haren besoak nirea ukituko balu bezala. Semearen galerak eraginiko hutsunea hain da sakon-zabala, non unibertso osoak zulo beltz hori ardatz duela baitirudi. Haren bueltan dabiltzala planeta, satelite eta galaxiak. Horregatik hartzen du hain toki handia sofan, egongelan, etxe osoan. Inon egon gabe, edonon dagoen jainko baten antzekoa da. Beharbada, dudan jainko bakarra. Zuk ere semea gurtzen duzu, baina, nire kontrara, ez duzu hura jainko bakar.

        Sekula ez zarelako seminariotik pasatu, diotsut, eta pixka bat haserretzen zara.

        Maite ditut zure haserrealdiak. Ez dizut halakorik adierazten, baina maite ditut benetan. Begiak pizten zaizkizu, aspaldi, duela ehun bat urte piztu ohi zitzaizkizun gisara. Eta oraingo argiak, orduko bera izan gabe ere, badu aski indar pitzadurak eragiteko zure harrizko begitartean. Edertasun ahitu baten hondarra izanen da ziurrenik. Aski, hala ere, hain zaila den hori erdiesteko, behin bateko araztasun akasgabearen gisako hori, alegia.

        Aspaldi.

        Hiltzen ari den su baten txingar, zure begiek dir-dir egiten dute ozta une zalantzakor batez, denborak zizelkatu dizun harrizko mozorroaren benetako izaera agerian uzteko aski. Oi, hain llaburra ez balitz. Hala da, izan, piztu orduko itzaltzen den zerbait. Begi-kliska bat. Pospolo bat ekaitzaren larrienean pizturik. Galaxiarik urrunena baino urrunago dagoen izpi ñimiño bat. Ia deus ez. Gu bezala. Harriaren menpeko beti. Harrizko gauaren menpeko.

        Zoriona haizea edo eguzkia bezain normaltzat jotzen genuen garai batetik gatoz, ordea, dena aise erdiets zitekeen batetik. Iluntasunaren ideia bera ere, pentsaezina zitzaigun orduan, hainbesteraino bizi ginen benetako mundutik kanpo. O tempora, o mores.

        Aspaldi.

        Nekez haserretzen ginen aspaldiko egunetan, artean haserretzen ginenetakoetan.

        Aspaldi.

 

 

Haserretzen ginen. Gure gorputzak haserretzen ziren, gu geu alegia, bertzerik ez izaki benetan, gorputz bat, hezur eta haragi, zain eta gihar, milaka, milioika zelula. Materia, azken finean. Gairik funtsezkoena. Aise deuseztatzen den zerbait, aise usteltzen eta aise betiko galtzen. Aise haserretzen den materia ere bai. Hori ere bai, guti behar dugu lehertzeko, guti aspalditik eusten diogun amorruari irtenbide bat uzteko.

        Bortxaz irteten da, ez berezko jario batez. Hitzez hitz irteten da, silabaz silaba kasik. Irteten da edo, hobeki errana, irteten zen. Lehenaldian. Orainaldian ez, baina. Orainaldian isiltasunaren aditzak jokatzen ditugu: ni isiltzen naiz, zu isiltzen zara, gu isiltzen gara... Normala, amorruz beteriko hitz zorrotzak elkarri jaurtikitzen hain luzaz ari izan ondotik. Alferrik ari izan ondotik.

        Ez dugu deus alferrik egin nahi. Ezin dugu. Dugun indar poxia, bizirauteko behar dugu, horren gramo bakoitza. Horregatik eusten diogu mihiari, horregatik eta begiak ditugulako ere bai, edozein solas baino anitzez adierazgarriagoak. Elkarri begiratu eta ahoak errateari uko egiten diona entzun dezakegu, argi eta garbi, bozgorailu batetik baletorkigu bezala. Hotsik gabeko hitz horien bitartez heltzen zaigu sekula heldu behar ez litzaigukeena. Gutiespena. Mespretxua. Nekea.

        Batez ere nekea.

        Elkarrekin egotearen nekea. Irain mutu eta errepikatuen nekea. Sofa honetan egotearen nekea. Semea galdurik, neke hori dugu elkarrekin mantentzen gaituena. Hori baizik ez. Gainerakoa neke horrexen ondorioa da, horrexek eraginikoa. Horregatik ez dugu deusik egiten eta sofa honetan jarririk segitzen dugu, egunak joan egunak etorri. Bertzela, indar pixka bat bagenu, berehala jaikiko ginateke eta hemendik (sofa madarikatu honetatik, etxe madarikatu honetatik) alde eginen genuke, lehenbailehen. Alde, ospa, ihes, zernahi hemendik lekutzearren, edozein ahalegin elkar berriz ez ikusteko. Ezta urrundik ere. Semea oroitaraziko zigun nornahi edo zernahitik urrun edo, hobeki, inon ez.

        Bizirik ginenean haserretzen ginen, horretarako aski kemenik geneukanean. Aspaldi. Oraindik ere hala omen gara, bizirik, baina biok dakigu gezurra dela. Gehienez, biziak diren hilak gara, zonbi gisako batzuk, gorpu ustel ibiltariak. Sofatik komunera ibili ohi gara, egongelatik sukaldera edo, noizean behin, logelara. Gure beharrik behinenez arduratzen gara soilik, semearen iraupena, haren oroitzapenarena bermatu alde. Gu bizi garen artean, semea ere biziko da. Hura oroitzen dugun artean. Begi-bistakoa da eta hala dela onartu behar izan dut, ideia horri betidanik aski irrigarria iritzi izan arren. Ideia ez da nirea, ezta zurea ere. Garan irakurri dut behin baino gehiagotan eta, egunkari horretan irakurri ohi ditudan bertze hainbat gauzaren gisara, formula ederra bezain hutsala iruditu zait, beltz nozitzen ari direnak (ari garenok) kontsola daitezen (gaitezen).

        Kontsolamendua garrantzitsua da. Horixe diote adituek eta hala izanen da, seguruen. Sobera mingarria da dena, bertzela, arras eramangaitza. Zuek fededunak, diotsut, zorionekoak zarete, jainko kontsolatzaile bat duzue eta. Fededunak ez garenok, aldiz, bakarrik gaude, babesik gabe, armarik gabe egiaren izugarrikeria osoari buru egiteko.

        Bakarrik.

        Biluzik.

        Semea lurraren azpian bezala.

        Biluzik.

 

 

Garai batez, aspaldi, larru gorritan lo egiten genuen. Lo egin edo elkarren ondoan egon, etzan, bederen. Begiak hetsirik, gauari gintzaizkion adi, segurutzat genuen egunabarraren etorrera salatuko zigun hots baten zain. Goiz edo berant salbatuko gintuen argiaren esperoan geuntzan han, orain ia ahantzirik dugun gure betiko ohatzean. Semearen galerak, aldiz, arras aldatu zuen gure bizimoduaren geometria. Ohetik sofara aldatzeak bertikalera behartu gintuen. Oharkabean, etzanda egoteari ia erabat utzi genion. Goiti ekarri gintuen oinazeak. Beheiti ere bai. Nola edo hala laketu garen zulo honetara kondenatu gintuen eta, aldi berean, baita jaikitzera eta zutitzera ere. Atseden horizontala ukatu zigun.

        Betiko?

        Horra zure galdera, nire burutazio horren berri eman nizunean. Behin ere ez dugu ostera lorik egingo?

        Ezetz erantzun dizu harrezkero denborak, gure gauak ez duela azkenik. Eta etsi dugu. Gure egoera xelebrea da, hala eta guztiz. Sekula ez dugu lorik egiten eta lotan gaude beti. Erran nahi baita, lo alditxo guti batzuk egiten ditugu, baina hain dira llaburrak, hain dira sumagaitzak, non uste baitugu batere egin ez dugula, begiak zabal-zabalik izan ditugula denbora osoz. Biok uste dugu hori, gezurra izanagatik. Batzuetan, zuri begiraturik, begiak hetsirik dauzkazula ohartzen naiz. Pare bat minutuko kontua izan ohi da eta, aipatzen dizudalarik, uko egiten diozu. Ezin dela, erraten didazu halakoetan, lo ezak nahastu egiten nauela. Lo ezak biok nahasten gaitu. Gure betiko logaleak bertze bai, bederen. Nahasturik edo nahastu gabe, kontua da pixka bat haserretzen zarela nirekin. Beharrik zure haserrealdiak maite ditudan.

        Gezurti.

        Maite ditut zure haserrealdiak, bai. Maite dut nire kontra pizten zaren unetxo hori, salbu eta amorrua Aipaezina larrutzeko eta kakazteko erabiltzen duzunetan. Hor duzu niretzat muga. Hori iragaten duzunean, uko egiten diot aditzen segitzeari eta zugandik urruntzen naiz, komunera joan behar dudala aitzakia. Eta, handik bueltan, berriz zure ondoan jartzen naizelarik, urrun jarraitzen dut, neska gajoari diozun herra, ulergarria izan arren, bidegabea ere baita. Sekula egin ez zuen traizioa egozten diozu.

        Traidore beltza, sorgin halakoa!

        Behin baino gehiagotan solastatu gara sorginez. Haien benetako izaera azaldu dizut, egin zizkieten epaiketen nondik norakoak ere. Alferrik, antza. Ez dut ezer sorginen kontra, ziurtatu didazu, baina inork ez luke hori erranen, sorgin hitza iraintzat jotzen duzula ikusirik. Itxuraldatu egiten zara, Aipaezina ahotan hartuz gero.

        Mila aldiz sorgina!

        Hasieran auzia ulertzera ahalegindu nintzen, non zegoen zuen arteko zinezko koska. Ondorio ezdeusak izan zituen nire ahaleginak. Goiz baino berant amore eman behar izan nuen: emakume kontu bat zen, zuentzat izan ezik, bertze inorentzat konprenigaitza. Zertarako konprenitzera saiatu zerk zaramatzan hain gisa petralean jokatzera? Arrazoiak eman nahi izan nizkizun, gaizkiulertuak argitze aldera. Ezinezkoa izan zen.

        Aspaldi.

        Orain.

        Beti.

 

 

Beti diogu, sekula-ez erran nahi dugunean. Beti bizi izan gara honela diogu eta sekula ez gara honela bizi izan, ari gara erraten. Iraunkortasuna adierazi nahi dugu hala, eten ezin daitekeen marra zuzen bat. Absurdoa da. Absurdoak gara. Baina iraungarria iragankor bilaka daiteke noiznahi. Ustekabean dena hautsi, zatitu, eten egin daiteke. Zernahi. Oinarri sendoko bizimodu bat ere bai. Ustez oinarri sendoko bizimodu bat. Gurea, adibidez. Hiru mailako kate bat: ama, aita eta semea. Semea erdi-erdian. Horregatik, hura desagertzean, katea bera ere desagertu. Hura izaki erdiko maila, bertze biak lotzen zituena. Hura gabe, deus ez. Hura gabe, bizitza baten azken hondarrak doi, bi gorputz trakets. Eta hutsune gaitz, ikaragarri, neurtezin bat. Goiz edo berant, aitzakiarik gabe irentsiko gaituen zulo kosmikoa. The Big Crunch. Alimaleko zuloa, isurbide gaitza, gure gezur guztien galbidea. Gure eta ororen galbidea, azken batean.

        Gu ez, mundua da galdu dena.

        Hori erran didazu eta lasai geratu zara, begi-bistako zerbait erran izan bazenit bezala. Rodera lagunak maiz erabiltzen duen hitz batez adierazteko, autokritika da eskasen duzuna. Kostatzen zaizu zure bizitzaren edozein alderdi auzitan paratzea, haren gaineko galderak egitea, zalantzak izatea. Kostatzen zaizu eta kostatzen zait neuri ere. Gezurra erraten ari naizela jakinen ez banu, bertan goxo gaudela erranen nuke, burbuila eroso baten barrenean gaudela. Kanpoan negu gorria da, baina hemen gas errearen beroak besarkaturik, munduaren bertze muturrean gaude, beroak hondartzak betearazten dituen muturrean, hain zuzen. Kusku epel baten barrenean bizi gara, honenbestez, kanpoko arrisku guztietatik libre. Beharrik noizbehinka zangoek beraiek mugitzera behartzen nauten eta, sofatik jaikita, leihoraino hurbiltzera. Lekualdatzeko premian daude, gu bezala, eta horixe nahi dute, guk ez bezala. Ezinezko egonkortasun bat lortzen saiatzen gara, hori dugu xede, eta ardurazko mugimendu bakarrak gure baitakoak dira, gure barren-barrenekoak, hesteenak.

        Baldintzazko aditzak erabiltzeko momentua. Urte, mende bat. Baldin eta... Adibidez: Nola egonen ginateke, seme bakarra izan ordez, gehiago izan bagenu? Gutariko inork sekula egin ez duen galdera izanagatik, benetako galdera da, biok gure baitan maiz aditurikoa. Galdera mutu bezain ozen horietariko bat. Oihu bat. Gure harrizko gorputz bakarra erdibitu duen goiti beheitiko pitzadura.

        Biok nahi genuen. Orduan, posible zenean. Zeure buruari egozten zenion zure antzutasuna, zure gorputzaren eskas ezezagun bati. Jainkoaren borondatea ere bazen edo izan zitekeen, bederen. Halaxe zioen zuen amak ere. Eta bitartean, Astorekaren emaztearen emankortasunaren lekukoak izan behar, behin eta berriz zoriondu behar. Bortz seme-alaba munduratu zituen, aise antzera. Ia urtero bana egin zuen, lizunkeriaz kasik, irrigarri utzi nahiko bazintu bezala. Horra hor ezertarako balio ez duen andre bat, andre antzu alfer bat, erranez bezala.

        Begoña ona da.

        Hala diozu eta horixe sinetsi nahiko nuke.

 

 

Begoña ona zen. Aspaldi. Duela mila urte. Emaztearen betiko laguna zenean. Lagun ahula, bere senarraren sobera menpekoa. Senarra, Kosme Astoreka, erruduntzat du, ez laguna. Hala dio, batzuetan oso bertzela uste duela iruditzen bazait ere. Bat nator emaztearekin. Inongo konspiraziotan sinetsi gabe, nik ere Astoreka dakusat amesgaizto honen gibelean. Nolabait. Ezin zehatz dezakedan modu batean ikusi ere, boterearen barne zirrikituak korapilatsuegiak izaki niretzat. Susmo hutsa da, berez, inolaz ere froga ez dezakedana. Baina seguru naiz hala dela.

        Zergatik?

        Haatik. Makina bat aldiz egin dut gibelerantz nire oroitzapenetan, susmo horren jatorriaren bila. Hainbat hipotesi bururatu zait, baina bakar batek ere ez nau asebete. Harekin, Roderarekin eta Salaberriarekin egin genuen azken bazkariko zertzelada batzuetan geratzen naizenetan, aldiz, hor zerbait aurkitzen dudala iruditzen zait, hor egon daitezkeela gure zorigaitzaren sustrai sakonenak. Bihozkada bat da, noski, baina ezin burutik kendu.

        Hitzez deusik ez zidan erran. Erakutsi zidan bekozkoa aski, nire hitzak gaitzesten zituela ulertarazteko. Oroitu nahi nuke zer adierazi nion zehazki. Zorigaitzez, ahantzia dut. Badakit emakumeei buruz ari ginela eta horren gaineko zerbait erran nuela. Kontu orokor bat, hori seguru, inongo izenik aipatu gabe. Erran nuena erran nuela, une bateko kontua izan zen, hain laburra, non bertze inor ez zen Astorekaren kopeta ilunaz ohartu, nik uste. Eta antzeko zerbait gertatu zen handik gutira, berriz ere emakumeak ahotan generabiltzala. Orduan ia oharkabean joan zitzaizkidan bi une horiek, gero eta adierazgarriagoak iruditzen zaizkit. Hala ere, niretzat gorde ditut, zuri isilduz.

        Berba egin, eskatzen didazu, berba egin lantzean behin, behintzat.

        Baina zuri ari natzaizu, beti zuri ari. Ahoskatzera heltzen ez naizen hitzak ere zuretzat dira. Zure hobe beharrez aritzen naiz hala.

        Beharbada aspaldiko bazkari hartan jabetu zen Astoreka sobera nekiela berari buruz. Maite izan ez zuen nire egun hartako solasak begiak irekiko zizkion agian. Batek daki. Nolanahi ere, hor ikusten dut batzuetan gure oraingo lokamutsaren sorrera, hazia. Eta zenbaitetan zure iritzia jakin nahi nuke.

        Galdetzeari kaltegarria deritzot. Biontzat kaltegarria. Nire galdera bakoitzak bertze makina bat galdera lekarke bere gibeletik, eta hori hondamendia litzateke biontzat. Hitzezko horma bat eraikiko genuke bion artean, muga bat, bereiziko gintuzkeen gorputz bakar bat, harrizkoa.

        Hondamendia.

        Harantz goaz, baina poliki. Oraindik elkarren premia dugu. Oraindik gaua zeharkatu behar dugu, eta gauarenak ur handiak dira. Sobera handiak guretzat ere. Horregatik, elkar bultza egin gabe, elkar kitzikatu ezean, jai dugu, hondamendira goaz.

        Beti.

        Horregatik atxikitzen diogu elkarri, kosta lain kosta, itsasontzi hondoratu berriaren marinelak ohol bati nola. Txanpon beraren bi aldeak gara, aurki eta ifrentzu, banaezinak. Denborak uztartu, soldatu, batu egin gintuen eta hark baizik ezin gu bereiz.

        Maite zaitut, ez didazu erran.

        Maite zaitut, ez dizut erran.

 

 

M letraz hasiriko hitzak erauziko nituzke hiztegietatik. Maitasun, malko, menpeko, min... Hitz pozoitsuak dira, gehiegizkoak, soilik nerabeentzat zilegiak: testosterona sobera horietariko bakoitzaren barrenean, sobera hormona zilipurdika. Eszenategi batetik erranak izatekoak dirudite, ahots goraz eta handizki erratekoak. Mundu, mirari... Horra hor alferrikako hitz gehiago.

        Mundutik kanpo bizi gara, ohartarazten didazu noizean behin. Bai, onartzen dizut, mundutik kanpo. Jakina, solastatzeko molde bat baizik ez da, munduaren erdigunean bizi baikara, gauaren ernamuinean. Mende (m-z hasi bertze hitz bat, kasu) bat daramagu, gutienik, hemen bizitzen. Gehiago ere bai, apika. Bertze pare bat mende edo. Munduak sofa honen luzera eta zabalera ditu, eta muga berberak. Gure gorputzen neurrikoa da mundua.

        Gotorleku dugu gorputza. Babesleku. Sekula ez didazu erran, baina badakit hori uste duzula. Nola kizkurtzen zaren nire kontra ikustea aski. Babesleku. Nirekin bat egin arte hurbiltzen zara, nigan desagertu arte. Eta, hala eta guztiz, eman bakea erran nahi didazu, utzi bakean. Zure azalaren izerdi-zulo bakoitzak adierazten dit, zure bizkarraren bilo bakoitzak.

        Utzi bakean.

        Utzi nahi zaitut, guztiz abandonatu, baina ezin dut, preso naukazu. Ez da metafora presoarena: lepoa estutzen dit zure ezker besoak, ia itotzeraino estutu ere. Itsasoan galduriko baten antzera. Lepoan sentitzen dut zure indar guztia, lepoan zure birika gero eta ahulagoen dantza. Horren konpasean mugitzen gara gure mugiezintasunean eta dantza egiten dugu lotzen gaituen besarkada gisako honetan, ezker-eskuin, goiti eta beheiti. Bat-bi-hiru, bat-bi-hiru, bat-bi-hiru...

        Utzi bakean.

        Hori erraten didazunean areago estutzen nauzu. Gezurretan aritzen zara maiz nirekin, auskalo zergatik. Ni zurekin ere bai, zure hobe beharrez. Oraindik, hainbeste mende elkarrekin egon eta gero, aitortu ez dizkizudan sekretuak. Nire sekretu ttipiak. Aipaezinari dagozkionak, adibidez. Edo Astorekari dagozkionak. Zozokeriak funtsean, deus guti. Zein izanen ote dira zureak, zer altxatu didazu urte anitz hauetan? Seguru bainaiz zer edo zer altxatu, gorde, ezkutatu didazula, ez jakin arren zer. Paranoiko huts bilakatu ez banaiz oharkabean. Ez izan paranoiko, aholkatu dit behin baino gehiagotan Roderak. Aise erraten da gero. Nola ez izan, aitzitik, gertatu zaizkigunen segidaren bistan. Segida ikaragarria, inondik ere, Greziako tragedia klasikoen lege zorrotzen arabera taxutua, irudiz. Atal bakoitza, zati bakoitza bukaera aztoragarria indartzeko antolatu eta kokatua. Antzezpenaren unerik gorena, jainkoek semea —gure seme bakarra— ken diezaguten. Gurasoen bekatuak garbitzearen truke, semea, seme osoa, seme bakarra. Eskaera latza jainkoena. Atxiloketa, lau epaiketak, neskarengandik banatzea, heriotzara heltzeko egin beharreko urratsak guztiak. Haien apetak gobernaturikoak, gure zinezko ttipitasunaz jabe gaitezen, menturaz. Hipotesiak, bertzerik ez dugu. Zuk eta biok. Litezkeen kontuak. Balizko jakintzak. Zuri esker dakit hori dena, zu baitzara jainkoekin —Jainkoarekin— solastatzen dena, haren mintzaidea. Hark entzuten omen dizkizu nik zure ezpainetan sumaturiko otoitzak.

        Utzi bakean.

        Otoitz hori duzu maiteen, hori darabilzu hortz artean maizenik. Emadazu azken urteetan, hamarkadetan, mendeetan ukatu didazun bakea. Ez dut besterik gura. Eman bakea.

 

 

Zulo, habia eroso batean bizi gara. Diruak epelduriko etxe batean bizi gara eta beharrik, kanpoan hotza delako. Orain hurrena, elurrak munduaren itsuskeria ezkutatu zuen egun batez, egongelako leihoaren errezela alboratu eta itsutu egin ninduen eguzkiaren islak elurretan. Sobera bizia begi pare bakar batentzat. Arras itxi nituen, estu eta, bat-batean, dena bilakatu zen gorri, dena orban itxuragabe. Gorritasun horren gatibu, begiak irekitzera ahalegindu nintzen emeki. Bat lehendabizi, bigarrena gero. Kostata erdietsi nuen, baina, alditxo baten ondotik, neguko egunak eskainiriko edertasuna miretsi ahal izan nuen hondarrean. Hunkitu egin nintzen. Sinesgaitza zitzaidan hainbertze edertasun, hain ustekabean. Aspalditik sentitzen ez nuen eta ezagutzeko lanak eman zizkidan sentipen zahar horrek zurekin banatu nahi izatera bultzatu ninduen.

        Elurra, erran nizun. Zein eder.

        Mutu jarraitu zenuenez, zuzenki gonbidatu zintudan jaikitzera eta leihoraino hurbiltzera, ikuskizun ezin dotoreago hartaz nik bertze gozatzera. Erantzun ere ez zenidan egin. Sofan jarrita segitu zenuen, deus aditu izan ez bazenu bezala. Baina ongi aditu zenuen, seguru naiz. Orduan, leihotik, nik eman nizun ikuskizun paregabe haren berri. Estreinakoz ikusi izan banu bezala, ahalik eta zehatzen deskribatu nizun, ñabardurak arretaz zuretzat jasoz.

        Hotzikara eragin zizun nire kontaerak, jo eta ke ziharduen berogailua halako batean matxuratu izan balitz bezala. Leihoa ixteko erregutu zenidan, baina itxirik zegoela jakinarazi nizun, zure eskaera absurdoak eragin zidan amorrua ezin ezkutatuz.

        Itxita dago, erran nizun. Birao bat botatzen den gisan bota nizun, zure hanka-sartzeaz jabearazteko. Ez dut uste jabetu zinenik. Berdin jarraitu zenuen, mutu eta nire sentipen eta hitzei arrunt soraio. Orain bezala.

        Gaur elurra ari du. Leihoraino joan gabe ere, badakit. Elur beltza, gauekoa. Erran dizut. Mutu jarraitu duzu, noski, baina harritu nauen zerbait antzeman dizut aurpegian: irribarre bat. Badakit ezinezko dela, ahantzi ere egin zaizula irribarre nola egin, ahantzi egin zaiela zure aurpegiko giharrei. Hala ere, une llabur batez ikusi uste izan dizudana horixe izan da. Eta orduan niri ere loratu zait irribarrea: zabala, librea, handia, inongo herabetasun eta lotsarik gabea. Lurrikara gisako zerbait izan da niretzat: miraria, gertakizun txundigarria. Etorkizun dugun zoriontasun biribil baten aitzindaritzat jo dut, promesa baten iragarletzat, aieru alaitzat. Egunsenti hurbil baten lehen zantzuetariko bat litzateke irribarre hori, gezur galanta, beraz.

        Gezurrak estaltzen du gure bizitza, elurrak neguko lur hila nola. Areago, honezkero, gezurra dugu egia bakarra. Gainerakoa: gaua eta lainoa.

        Elurra ari du.

        Horixe erran dizut, baina jaramonik ez. Ohera joan behar genuke, erran didazu, eta berriz ere irribarrea piztu zait, ohatzea aipatu duzularik. Hori nahi xelebrea zurea. Lo egin behar dugu, diozu, edo lo egin behar genuke, agian, edo utz egidazu lo egiten, bertzela. Diozuna diozula, irrigarria da, zalantzarik gabe, hori erraten ari zarelarik lo baitzaude, guztiz. Begiak zabal-zabalik dauzkazu, baina, animalia bitxi baten gisara. Larru zuriko animalia baten gisara, elurrarekin bat egina legokeena.

 

 

Begiak zabal-zabalik dauzkazu eta horietan irakurtzen ditut, liburu batean bezala, zure ametsak. Zure ametsa, daukazun bakarra, neurea. Amets bana biok eta amets bera izan behar. Hondamendia. Betileek ematen diote irakurketari erritmoa, orrialdeak pasatzen dituen eskuaren antzera. Testua ezabatzen dute, testua idazten eta berridazten. Amets batean bezala. Seme bat agertzen den amets batean bezala.

        Zure betileek morsez idatziriko mezuak igortzen dizkidate. Inolaz ere ulertu nahi ez ditudan mezuak. Lotan zaudenetan. Beti. Zuk behin eta berriz ukatu arren, lotan ematen baitituzu egunak. Gauak. Mendeak. Begiak zabal-zabalik beti. Begi heze horiek, hain irakurterrazak. Mundua galdu da, diozu, zorionekoak gu. Hori diozu eta nekez ulertzen dudan bertze zenbait gauza. Dena den, Eneko diozu, batik bat. Eneko, Eneko, Eneko...

        Beti.

        Semearen izena errepikatzen duzu ehun, mila, milioi bat aldiz, harik eta mantra gisako bat halabeharrez sortu eta silabek deus adierazteko gaitasuna galtzen duten arte. Mantra mutu bat, loeragilea.

        Egin lo, agindu, eskatu, iradoki egiten dizut, biotarik zu zarela gehien merezi duena jakitun. Ezetz zuk, ordea, kontent eginen zenukeela, baina ezinezkoa dela. Ezinezkoa. Horixe zure begi zabal eta hezeetan irakurgai dagoena. Zure betile zehatzek idazten dutena.

        Batzuetan, gure gorputzek ere idatzi egiten dute sofaren mugen barrenean, haren larruaren gainean. Trakeski maiz, aski traketsak baitira izatez. Defentsarik gabeko gorputzak dira, babesgabeak. Edozein gorputz halakoa da funtsean. Biluzik, traje edo soineko dotore baten barru-barruan ere. Larru gorritan, zintzurra egin diezaioten.

        Burua eta eskuak izan ezik, ongi estalita daramagu gainerako guztia. Gure gorputzek muzin egiten diote biluztasunari, uko, lo egiteko ere. Mende bat iragan da, biluzik elkar ikusi genuen hondar aldetik. Lotsa askorik gabe erakusten genion munduari gure edertasun apala orduan. Gure zokoan, gure pribatutasunean erakutsi. Bi gorputz ginen hasieran, bakar bat ondoren eta hiru gorputz hilabete batzuk geroago. Hirugarren gorputz ttipi hark jantzi gintuen betiko.

        Ez naiz ni, erran ohi zenidan semeaz erditu ondorengo hilabeteetan, beste bat naiz. Ez dut neure burua ezagutzen. Ispiluari begira erran ohi zenidan, harriturik, nahasturik, eta nik ezetz, haurdun geratu aitzin bezain eder zeundela. Eder zeundelakoan nago, baina nire gezurrek, hala ere, ezin zure erditu aitzineko gorputz lirain hura itzuli.

        Axola zidan?

        Kontu zaharra da, sobera zaharra ziurtasunez erantzuteko. Larrua, baina, jotzen genuen. Semea izan aitzin baino gutiagotan, noski, hura zaindu behar baikenuen. Nire burua ikus dezaket gure orduko ohatzean, izerditan, hatsa labur, zure gainean edota zure azpian. Ederra neritzon munduari talaia hartatik, hori ez zait ahantzi. Bere besoak zabaltzen zizkigun eta gu, sinesbera halakook, hara joaki ginen, arin eta pozik.

 

 

Larrua laztantzen duzu eskuin eskuko bi hatz luzeenez. Emeki, hagitz emeki egiten duzu, aitzina eta gibelera, sofaren eskuineko besoan. Hatz luze eta politak dauzkazu eta horrek harritu nau beti, ni bezain ttipia izanik, ttipiagoak izan behar zenituzkeelako. Telebistako pantaila ilunean ikusten zaitut (zure aurpegi desitxuratuaren isla), zure begi beti irekiak nabarmen. Zer darabilzun gogoan galdetuko nizuke gustura.

        Orain. Beti.

        Isilik jarraitzen dut, harrizkoa banintz bezala. Gainera, galdetuz gero, ezer ez darabilzula gogoan erantzunen zenidake, galdetu dizudan bakoitzean erantzun didazun gisa berean. Deus ez. Hobeki muturik, beraz, bakoitza bere baitara bildurik. Nor bere buruarekin egotea denbora osoz aspergarria izan daiteke, ordea. Sekula ez da misteriorik edo ustekaberik, dena arras ezaguna dugu. Sofaren besoaren larrua laztantzen duten bi hatz horiek baizik ez entretenigarri. Aitzina eta gibelera, behin eta berriz. Errepikapena. Isilaldien errepikapena, keinuena. Galderena ere bai.

        Zergatik egin zion hura?

        Ez didazu azaldu nortaz ari zaren, ezta zertaz ari zaren ere, baina ez dago beharrik. Aipaezinaz ari zara, ziur aski. Edo ez. Baliteke Aritz Zengotitaz aritzea ere. Edo Astorekaz. Luzea duzu traidoreen zerrenda, nirea baino anitzez luzeagoa, eta zerrenda horretako nornahi har dezakezu ahotan. Hala eta guztiz, behin ere ez zara kexu. Sinesgaitza da zure egonarria. Ordutan, egunetan ari zaitezke hor, bi hatz horiekin, goiti eta beheiti, ezker eta eskuin. Eta bitartean zure errepika leloa inoiz mugitzen ez diren ezpain lehor horietan. Gure mantra, gure letania. Zuk ez, baina nik aspaldi akabatu nuen jainko bati zuzenduriko otoitza. Arrunt errukitsua omen den jainko bati. Sinesgaitza da zure egonarria. Badira mendeak jainko horren gupidaren esperoan zaudela. Nire ondoan.

        Beti.

        Esperantzaren sua daramazu eskutan, nik ez bezala. Niri duela urte anitz itzali zitzaidan, gau bukagaitz honen hasieran, alde-aldera. Edo lehenago ere, jakin banekiena ez jakitea erabaki nuenean. Bertan goxo nengoenean, bertan goxo egoten ahal nintzenean.

        Aspaldi.

        Batzuetan zure ezkerreko eskua hartzen dut nireetan. Nire presentziaz ohartarazi nahi dizut, aldamenean naukazula oroitarazi. Horretarako beharrik balego bezala. Irrigarria. Une oro nauzu gogoan eta, solasik gabe ere, mugimendurik gabe ere, ezin nitaz ahantzi. Irrigarria. Une oro traba nauzu, oztopo, zama. Hain natzaizu nekagarri, non ez nauzun ondoan sentitzen, ikusten, entzuten. Ezta eskua, ezkerra, hartzen dizudanetan ere. Estutu egiten dizut. Mezu bat da.

        Ez ni ahantzi, gero!

        Irrigarria. Mezu irrigarria, inondik ere. Zu ahanztea neure burua ahanztea litzateke. Neure buruaz bertze egitea. Zergatik? Bat: bakar bat gara biok. Bi: dagoeneko hilak gara. Horrexegatik batik bat. Triangelu bat osatzen dugu. Erpinean dago semea, noski; oinarrian gaude gu biok.

        Beti.

        Denboraren itsaso beltzean galduriko triangelu hauskorra, bertako ur handien menpeko osoa. Bagoaz bilin-boloka, harat-honat. Hondamendira beharbada. Edo inork inoiz nabigatu ez duen ozeano batera, non segundoak, minutuak eta orduak bizi baitira. Segundozko uhinak, minutuzko bagak... Zure begiak bezain hezeak diren mende osoko lanbro eta langarrak. Amesgaizto baterako agertoki, antzeztoki, taula egokia.

 

 

Aspergarriak, batzuetan, marinelaren egunak, sobera berdinak. Gertatzen den guztia muga estuen artean gertatzen da, gela honen, sofa honen, gorputz honen mugetan. Sekula ez da deus gertatzen, edo ez nahi genukeena bederen. Oraindik zerbait nahi badugu, noski, oraindik desiratzeko gai bagara. Gauak dena itzaltzen du. Gure gau honek bai. Grinarik sutsuenak ere itzaltzen ditu, betiko izozten eta hormatzen. Eta, grinarik gabe, denbora-pasa baizik ez da geratzen. Zalea naiz. Gurutzegramak betetzeko erosten dut oraindik egunkaria, horretarako bakarrik. Sudoku zalea ere banaiz eta horietariko batzuk gehitzen dizkiot erosi beharrekoen zerrendari. Internetez egiten ditugu erosketak orain, astean behin. Etxetik mugitu gabe nahi duguna erosi, ordaindu eta bertan dugu laster. Erosoa da.

        Mundua da galdu dena.

        Klik egin eta etxeko ateraino gauzak ekarriko dizkigun mekanismoa abiarazi. Ederra. Aitzinamendu gaitza. Ia inor ikusi gabe, inorekin solastatu gabe. Eskerrik asko hotz eta motz erran, kartoizko kutxak ate ondoan baztertu eta kito. Janariz eta edariz beteriko kartoizko kutxak. Eta barazkien eta pataten artean nonbait: sudokuak. Ihesbidea. Denboraren uluari gor egiteko bidea. Hemen ez egoteko modu bat. Dena, espazio osoa, zuri uzteko modu bat. Badakit ez duzula ni hala ikustea maite. Ezagun duzu. Ez didazu deus aurpegiratzen, ez didazu haserre egiten, baina nabari zaizu. Erretzen dudanetan bezala, fitsik erran gabe ere, aise entzun dezaket zure errieta. Begirunetsua bezain zorrotza. Errietarik gabeko errieta, jakina, zure izaerak ez lukeelako bertze jokamolderik onartuko. Halakoa zara. Ongi hezia. Beti. Baita heziketak batere garrantzirik ez duenean ere. Orain. Orain bortz axola edozein arauk, bortz axola gizatasunaren edozein moldek. Denborak zirtzilatu ditu guztiak, sudoku baten mugetara errenditu nahi dudan horrexek.

        Mundua da galdu dena.

        Ez, gu galdu gara, diotsut, ez mundua, gu geu, mundua hor nonbait, hor kanpoan dago, nonbait, guretzat hor, etenik gabeko mehatxu, gurutzegrama batean galdurik gara, noraezean, ahiturik, ezagutzen ez ditugun hitzez beteriko baso honetan, odolezko sudoku honetan. Munduadagaldudena. Horra hitz horietariko bat, fonetikoki hurbila, baina semantikoki nabarra.

        Ez dut ezer aditu gura.

        Argi dago. Deus erran izan ez bazenit, berdin jakinen nuke. Erran didazu, haatik. Burua ezkerrerantz higitu duzu eta, ez dut ezer aditu gura, erran. Jakinen ez banu bezala. Denboraren zaindari zorrotza zara, zure denborarena. Dena nahi duzu, dena behar. Dena semearentzat. Indar guztia. Beti. Semearentzat beti. Begiratzen dizut eta San Mamesen ikusten zaitut, semea duzularik besoetan. Aspaldi. Argazkilariari eskaini diozun irribarreak argazkiaren mugak hautsi ditu, baita estadioarenak ere. Futbolaren jainkoei ere ez darie zuri darizun argia. Betaurreko beltzak behar dira zuri begiratu ahal izateko. Hain zaude itsugarria. Hain zaude semeari emana. Mundu osoari. Orain honen arrotz zaizun horri berberari. Aspaldi. Ilunabarra bera baino lehenago ere.

        Ulertzen zaitut.

        Benetan diotsut, ulertzen zaitut, ulertzen dut zure beldurra. Denbora beldurgarria da, edozein sudoku baino beldurgarriagoa. Semeak kontatu zidan behin, aspaldi, Arkautin beldurgarriena itxaron beharreko denbora zela, tortura (hark ez zuen hitz hori behin ere erabili) saio batetik hurrengora arteko tarte ezin luzeago hura. Maiz oroitzen naiz horretaz. Semeaz adina bider ia.

 

 

Gorputzak egia dio. Nireak. Zureak. Gureak. Bertze nornahirenak. Orain eta beti. Gorputzak egia dio, ez du gezurraren berri. Gezurra gorputzaren inguruko guztia da, kanpokoa. Gezurra urrun eta ulergaitz zaio gorputzari, arrotz. Giroan dagoen zerbait da, bertze hainbat gauzaren gisara, gorputzari datxekion hauts izpi bat doi. Berdin da zer diozun, zer diogun, gorputza pixka bat mugitu eta aski da, horra egia, horra hitzen bitartez itxuraldatu, nahastu, itsustu edo edertu ezinezkoa. Gorputzarentzat hauts izpiak dira hitzak eta solasak. Deus guti. Ongi dakite hori torturagileek. Edozeinek. Bakeroak, kasurako. Harekin hitz guti. Harekin galderak. Edo galdera, galdera bakarra. Bat lehendabizi, eta hari zehatz-mehatz erantzun ondotik bertze bat, eta abar. Banan-banan. Zure antzera, nolabait.

        Zergatik egin zion hura?

        Zu Bakeroa baino egonarritsuagoa zara eta gai zara galdera hori mila, ehun mila, milioi bat aldiz egiteko. Niri egiteko. Zeure buruari egiteko, beraz. Bakeroa ez. Bakeroak Hong Kongeko, Taiwango, Koreako, Japoniako, Hollywoodeko mila, ehun mila, milioi bat film ikusi du. Ikusi eta ikasi. Erruz. Esku zartada bakar batez nola suntsitu gorputz bat, adibidez. Edozein. Gazte batena, adibidez. Gazte abertzale batena. Berdin dio, gorputza gaztea edo zaharra izan, berdin eroriko da bertan, berdin joko behea bat-batean. Bere egia erranen du, nahitaez, horrek Bakeroari bortz axola badio ere. Egia, alegia. Egia nahi du, baina ez dio axola. Gezurrak axola dio, berea, semeari izenpetzeko eman dion paperean ageri dena. Edo beharbada ez, beharbada horrek ere bortz. Agian zartako horren zehaztasuna da benetan arduratzen duena. Haren edertasun lasaigarria. Bere beso gihartsuaren mugimendua miretsiko luke, saioak (halaxe erran ohi diete, saioak) grabatuko balituzte. Etxean ikusi eta berrikusiko lituzke, Bruce Leeren filmekin egiten duen antzera. Hala irudikatzen dut. Karate aldizkari eta DVDz beteriko gela bat irudikatzen dut, eta han bera, beira zurizko edalontzi bat esku batean eta aldagailua bertzean, zangoak pareko mahai baxuan paraturik. Gustuz bezainbat arretaz begiratzen dio telebista erraldoi bati, ostikoz ostiko eta muturrekoz muturreko dantza dotoreari. Noizbehinka irudia izoztuko du jauzi izugarri horietariko baten erdian eta, miretsirik, Bruce Leek nola egin duen ulertzen ahaleginduko da. Perfekzio zalea izanen da, dudarik gabe, eta bezperan ikasirikoa praktikatzen saiatuko da biharamunean. Beti. Zuen semearen gorputzean, Aritz Zengotitarenean edo bertze nornahirenean. Beti. Be water, my friend, erranen dio bere buruari, telebistako iragarki bateko hitzak mailegu hartuta, izan zaitez ur, izan zaitez malgu eta errukigabea aldi berean, arin eta ezinago astuna. Eta biharamunean ere, jaikitakoan, gauza bera, otoitz bera errepikatuko du. Letania bera, mantra bera. Galdera bera gazte berari, bezperan haren erantzunek asebete ez badute.

        Zergatik egin zion hura?

        Galderak norbaitek behar bezala erantzun ditzan, egokiro eginak behar dute, derrigorrean. Ni higuintzeraino errepikatzen duzun galdera hori ez bezala, noski. Ez diostazu, baina badakit ez zarela Bakeroaz ari, zure galdera hori ez dagokiola torturari, bertze zer edo zeri baizik. Sekula aipatu gabe ere, tortura bezala t letraz hasten den bertze hitz batez ari zarelakoan nago.

        Traizioa.

        Samuel Salaberria banintz, traizioa eta tortura esparru semantiko berekoak direla erranen nuke. Aitzitik, familia berekoak direla diot, diotsut, gu biok (hirurok?) jendakiak, senideak garen bezalaxe. Biek dute bertze ezaugarri bat komunean, gainera, biak askotarikoak dira: tortura mota anitz diren gisa berean, badira traizio mota anitz.

 

 

Traizioak hurbiltasuna behar du. Nahitaez. Adiskidetasunak eta maitasunak ahalbideratzen dute. Lagun edo maitale denari edo izan denari baizik ezin traditu. Juda, Jesus saldu zuena, erran duzu eta argi dago traidore galanta izan zela. Zuretzat bai. Historiaren auzietan sartu gabe ere, Nazaretekoari musu eman omen zion, soldaduen eskuetan utzi aitzin. Baietz diostazu hala izan zela, Itun Berriak hala kontatzen duela, Iskariote traidore gaitza izan zela. Ez bakarra, ostera. Hori gehitu duzu, bidenabar bezala. Ohartu naiz. Oraingoan ere badakit nor duzun gogoan hori erratean. Ez dizut zerrenda berrituko, ez dago beharrik. Guti edo anitz, denak maite izan dituzu. Edota maite izan zaituzte. Noizbait. Aspaldi. Ziur aski, maite izan dituzun arauka sailkatu dituzu: gehien maitaturikoak dituzu gorrotatuenak. Orain. Horren arabera Aipaezina izanen duzu etsaien zerrendan lehendabizikoa, goren-gorena. Semearen maitasuna banatu behar izan zenuen izendaezin horrekin eta hori ez zitzaizun inoiz atsegin izan. Irain bat izan zen zuretzat, zuk aitortu gabe ere badakit. Irainik egotekotan, semeak eginen zizun, ez haren neskak. Baina hura gorrotatzea erabaki zenuen, inolaz ere ez zure (gure) seme maitea, zure (gure) kutuna. Errazago zitzaizun (zaizu) hala jokatzea, hagitz ulergarria denez.

        Sorgin beltz hori.

        Bai, dena delako hori hautatu zenuen xede eta jomuga, eta hari joka ari zara harrezkero. Jo eta ke ari, bete-betean. Gorroto horri eskaintzen dizkiozu zure burua eta eguneko (eta gaueko) ordu guztiak. Apaizgo molde bat da zuretzat. Buru-belarri horretan, normala niretzat astirik ez izatea. Nik ere ez dut zuri eskaintzeko askorik. Nik ere badut nor gorrotatu, badut nire zerrendañoa, zuk bezala. Bion zerrendetan izen batzuk errepikatu arren, izenen ordena hagitz ezberdina da.

        Aspaldi.

        Nik ere traditu ahal nuen, baina egundo ez nuen egin. Agian bizitza hondatu ahal nion, nahi izanez gero. Oraindik hondatzen ahal diot, agian. Politikatik kanpo, zeukan sekretu handienaren jabe egin ninduen, nik uste. Handiena eta, ziur aski, arriskutsuena berarentzat, bere bizitza pribatua eta, menturaz, politikoa ere kolokan para litzakeena. Udazkeneko igande arratsalde batez aipatu zidan, duela ehun urte inguru eta, beraz, bada mende bat nire baitan daramadala, horren berririk inori eman gabe. Ezta zuri ere. Behin baino gehiagotan egon naiz kontatzeko zorian, ez dizut ukatuko, baina azkenean beti eutsi izan diot mihiari, nola edo hala. Horretaz harro nago. Inori ez kontatzeko agindu nion neure buruari, hark eskatu gabe ere, eta leiala izan natzaio emaniko hitzari. Merezi izan du nire leialtasunak? Mendekuaz pentsatu izan dut maiz, aitor dezadan, ideia bat baino gehiago iragan zait burutik Astorekaren bizitza infernu bilakarazteko. Insomnioak eraginikoak iruditzen zaizkit ideia horiek guztiak orain, gau bukagaitz honi darion pozoiak sustaturikoak.

        Mendekuak sekulako ahalegina eskatzen du. Nekagarria da, sobera nekagarria lo ezak urtetan zigorturiko gorputz batentzat. Nekatu egin naiz mendekua gauzatzeko bideak asmatzen, irudikatzen, aztertzen, ziurtatzen. Alferrik asmatzen, irudikatzen, aztertzen eta ziurtatzen, jakin badakidalako inoiz ez dudala deus eginen. Sekula ez dudala ezein mendeku gauzatzeko derrigorrezko indarra bilduko.

 

 

Kanpoan elurra nola, hala pilatu dira nigan zalantzak. Elkarren segidan etorki zaizkit, batek bertze bat ondotik ekarriko balu bezala. Eta hurrengo horrek bertze bat halaber, eta bertze bat gero eta bertze bat, azkenik gabeko kate luze bat osatuz. Denbora nola edo hala pasatu beharrak eraginiko zalantzak ez ote diren galdetu izan diot neure buruari. Denbora-pasa, entretenigarri. Shakespeareren pertsonaiaren bat naiz, errege ero bat, edo eskatzen zaion hautua egiteko garaian duda egiten duena. Suak bere salako paretetan goiti luzaturiko itzalak ditu zalantzak, bere erokeriaren sustatzaileak. Tragedia handi batek tamainako zalantzak behar ditu. Mendeku batek tragedia bat eragin dezake, tragedia hori ttipia izanagatik. Hortik zalantzak Astorekaz mendekatzeko planak osatu nahi ditudan bakoitzean. Lehenik eta behin, seguru al naiz haren eskua dagoela semeari eginikoen gibelean? Badirudi baietz. Hor nonbait egon zela uste duzu, hor nonbait edo nonahi, orojakile. Beharbada ikusle hutsa izan da, beharbada bertze batek hartu ditu honaino ekarri gaituzten erabakiak. Nolanahi ere, gertaturikoaz jakitun zela segurutzat jo daiteke. Hori bai, behintzat. Hori bertzerik ez? Hori bai, behintzat, diostazu eta orduan nik ere baietz diot eta pitin bat mugitzen naiz sofan.

        Gorputza mugitu zait (zaigu), beraz, eta mugimendu ttipi, nabarigaitz hori aski izan da, bertze hainbat zalantza sorrarazteko. Nitaz, zutaz, gutaz. Bertze hainbat oroitzapen gazi-gozo eta bertze hainbat damu zurrun. Harrizko damuak. Nitaz. Zutaz. Semeaz. Gutaz. Aspaldi. Beti.

        Aski da, oihu eginen nuke (zenuke), nahikoa!

        Mutu jarraitu dugu, ordea, begiak telebista itzaliari atxikiak biok. Hagitz antzekoa duzu bion nekea, aspaldikoa, harrizkoa. Bistan da. Bistan da zure begietan eta hala izanen da nireetan halaber. Une batez begirada telebista ilun horretatik pixka bat baztertuko bagenu eta elkarren begietan pausatuko, aise ikusiko genuke. Baina itsuturik gaude, inguratzen gaituen ilunpeak itsuturik. Su baxurik gabe ere, bertako itzalak izugarriki luzatzen dira. Hazteari lotzen zaizkio eta ezin sekula gelditu. Ikusgarria da. Eta beldurgarria, dagoeneko beldurra zer den ahantzirik ez bagenu. Ahantzirik dugu, aitzitik. Zerk beldurtu beharko gintuzke? Insomnioak? Heriotzak apika? Irrigarria. Bururatzen zaizkidan beldur posible guztiei irrigarri deritzet, salbuespenik gabe. Izukaitzak gara, super-heroiak kasik. Mundua gauez zaintzen duten bi super-heroi.

        Mundua da galdu dena.

        Hegan egin dezakegu. Ia nahi dugun guztia egin dezakegu, egia erran. Gure gorputzak nahierara luza eta labur daitezke. Gure gorputzak babeslekuak dira, dorretxe gotorrak, santutegiak. Harrizko gorputzak. Edo gomazkoak, behar izanez gero. Ia edozer ahal dezakegu, gure semea berpiztu izan ezik. Hori ezin dugu, nahiz eta gure ahalmenak sinesteko zailak izan. Gure kriptonita da, gure botereak indargabetzen dituen gai arriskutsu eta pozoitsua. Xahu gara, gureak egin du. Balizko mendekuak ere deus guti dira, irrigarriak. Baina guk ez dugu irririk egiten. Behin ere ez. Hagitz aspalditik ez. Hezurretaraino inbaditu gaituen gaua baino lehen egiten genuen. Ozenki egiten genuen, maiz, gogoz.

        Gezurra ote zen hura guztia?

        Ez didazu erantzun. Begiratu ere ez didazu egin. Ez duzu erantzunik, menturaz. Menturaz, zure buruari egin berri diozun galdera baten oihartzuna da nirea, ez bertzerik. Baliteke.

 

 

Elkarren oihartzuna gara, elkarren ispilua. Urte, mende anitz elkarrekin, hori baino ez izateko: oihartzun, ispilu. Zerbait erranez gero, belarria zure bularrean paratu eta berriz entzun dezaket. Eta gauza bera egin dezakezu, belarria nire bularrera hurbildurik. Edo, niri begiraturik, zure burua ikus dezakezu, hondamendia baita bion oraingo egoera behinena. Hondamendi guztizkoa, gibelera egiterik ez duena, konponezina. Denborak luzaz eginiko lanaren emaitza. Hondamendiak lehortu baitizkigu begiak, begi horien kristalinoa nabartu. Horregatik, elkarri begiratzen diogunean, noizbait maitatu izan genuen aurpegia aurkitu ordez, zerbait ilun eta lainotsu aurkitzen dugu elkarrengan. Zerbait zehatzezin, mugagabe eta nahasia. Zu ni izan zaitezke eta ni zu. Areago, biok semea ere izan gaitezke.

        Eneko!

        Horra heriotzaren izena guretzat. Eneko edo Maite edo Felix. Hiru izen gorpu bakar batentzat. Hirutasun santu bat. Infernutik zuzenki heldurikoa. Hiru gorputz eta gorpu bakarra. Herioaren hats izoztua bular bakar batean. Gurean. Harrizko bular honetan. Gotorleku dugu. Horma gora eta sendoak dituen babeslekua, zuk jainko deitzen duzun horrek ere nekez erauziko lukeena. Jainko irrigarri bat da, gustu txarreko txantxa bat, deus guti. Hots egiten diozu eta, behingoan azaldu beharrean, gibeleratu egiten da, beti berandu heldu. Sobera berandu, jadanik zereginik ez dagoenean. Erran egiten dizut, ohartarazi, baina ez didazu jaramonik egiten. Zure jainko horrek ez du deusetarako balio, diotsut, anakronismo bat da, iragan odoltsu bateko azken hondarra. Amorratu egiten zara nire hitzak entzundakoan. Uko egiten diozu nire hitz bakoitzari, iraintzat hartzen duzu. Egia da, egiten dizut oihu ahoa ireki gabe. Ez, gezurra da, diostazu, gezur galanta. Eta gure solasa luzatu egiten da, luzatu gau bukagaitz honen tankeran. Baietz diozu eta ezetz nik. Argi diozu eta nik ilun. Harrigarria da: mirari bat ikus dezakezu, nik halabeharraren eskua antzematen dudan tokian. Eta gure tirabira ozenagotzen da orduan. Gure hitzik gabeko xextra. Etor dadila lehenbailehen zure jainkoa, diotsut, nire onetik irtenda, egin dezala mirari bat, zuk diozun bezala, itzul diezagula semea. Semea itzultzeko.

        Laster.

        Sinetsi nahi nizuke, baina ezin dizut hori sinetsi. Zerua aipatzen didazu eta hor akabo dena. Hitz horrek bilakarazten ditu hurrengoak sinesgaitz. Infernua erranen bazenu, behintzat. Hori ongi ezagutzen dugu, horren existentziaz seguru gara, bertan bizi baikara orain dela mendeak. Lau pareta arteko hemen honetan, gela baten, sofa baten mugekin etsi izaniko hemen honetan, galderez eta zalantzez josirikoa. Geure gauaren infernua.

        Zerua aipatzen didazu, etorkizun omen dena. Zeru hori, aldiz, zuretzat bezain zaharra da neuretzat ere, ez ahantz apaizgai izan nintzena. Leihoraino hurreratu nintzen hondar aldikoa dut orain gogoan: berunkara, elur hurbilaren albistea zekarren. Luzaz egon nintzaion so, mendietako erpin eta ertzek nola zauritzen zuten ikusiz. Elurra zekarren, mundu osoa estaltzeko, garbitzeko, edertzeko bertze. Erran nizun: Elurra dakar. Zuk isilik segitu zenuen.

 

 

Isilik gaude. Lanpararen hots motelaz gain, deus ez dugu aditzen. Kanpoan erortzen aritu duen elurra ere ez. Etengabeki erortzen ari. Zerutik erortzen ari. Salbatuko omen gaituen horrexetatik.

        Inork ez gaitu salbatuko.

        Ez dizut erran, ez horrek, ez inork ezin gaitu salbatu. Ez dizut deus erran. Zertarako? Uko egiten diozu begi-bistakoena ikusteari. Mutu eta gor ez ezik, itsu ere nahi duzu. Nik ere bai, ziur aski, batzuetan ahantzi arren. Munduarekiko lotura guztiak moztearekin amets egiten dugu, insomnioak eragotzi ezin duen molde batez. Amets bera biok. Amets bat ez ikusteko, sinestezina sinesten jarraitzeko amets bat. Zuk zeruan eta nik, nik auskalo zertan. Sinesteko. Sineste guztiak behin betiko ahitu arte sinesteko. Semearekin noizbait bilduko garela sinesteari utziko diogun unera arte sinesten jarraitzeko, azken finean.

        Zergatik egin zion hura?

        Zure galdera lanpararen hotsaren antzekoa da. Giroan egoten da, oharkabean pasatzen zaidanean ere. Batzuetan, aldiz, mamitu egiten da eta bere handitasuna, bere ahal osoa erakusten dit. Erantzutera behartzen nau, torturagile batek behartuko nindukeen gisara. Eta erantzutera behartzearekin batera, gezurrak erratera ere derrigortzen nau, nolabait. Baietz diotsut, beraz, behin, mila aldiz, milioi bat aldiz. Zuk galdetu adina bider baietz. Hala eta guztiz, hori ere ez duzu aski. Gehiago nahi duzu. Gorrotoa banatu nahi duzu nirekin. Aspalditik gainean daramazun zama arindu nahi duzu, horren zati bat niri pasatuz. Gorrotoak areago batu gaitzala nahi duzu. Komunioa nahi duzu, gorrotoaren sakramentua biontzat. Eta baietz diotsut, zuk diozun bezala izanen dela, orain sorgin beltza deitzen duzun horrengatik ez balitz, semeak bizirik jarraituko lukeela. Baietz diotsut, diozuna gezurra dela jakinik ere. Hala, gorrotoa baino gezurra da batzen gaituena, gure porlana. Gezurra erraten diogu elkarri eta gezurra erraten diozu zeure buruari. Bai, gezurra, biok baitakigu zein izan zen heriotzaraino egin zuen ibilbidea. Haren lekukoak gara, hurbilen zituenak. Gu eta Aipaezina, noski. Hura ez, entzun dezaket zure protesta, hura ez, inolaz ere. Baina hura ere han egoten zen, gu baino maizago eta, batez ere, gu baino hurbilago. Gu biok une honetan gauden bezain hurbil eta elkarrengandik urrun, hagitz urrun, elkarren antipodetan kasik, aldi berean.

        Gure semearen gainbehera mendetan nozitu ondotik, bere ahalegina alferrikakoa zela onartu behar izan zion neskak bere buruari. Etsi egin zuen. Enekok maitale bat zuen, apetatsu eta ahalguztiduna: herioa. Eta hark eroturik zuen. Hargatik utzi zion bizarra egiteari, ilea mozteari, garbitzeari eta jantziak aldatzeari. Jateari ere utzi zion harekiko grinaz. Athleticen martxaz ere axolagabetu zen. Hor larritu zen Aipaezina benetan, hura baitzen gure semearen erlijio bakarra. Negarrez azaldu zidan elkartu ginen hondar egunean. Baztertuta nauka, Felix, erran zidan, ikusi ere ez nau egiten. Seguru ezetz, nik, bolada txar bat bertzerik ez zela eta laster itzuliko zela bere onera. Hori erran nion, zerbait errate aldera, ordurako ez bainuen ni neuk ere sinesten. Ordurako soberan zegoen edozein gezur. Areago, jadanik dena zegoen soberan. Kartak banaturik zeuden, gibelera egiterik ez.

 

 

Kartetan ari ginen bazkalondoan, Astorekak bere eskaera egin zidanean. Udaberriaren hondarreko igande eguzkitsu bat zen eta mendian geunden, egun-pasan. Emazte eta seme-alabak urrun entzuten genituen, jolasean edo. Haiek jolasean eta gu jokoan. Eskuetan zeuzkan kartetatik begiak urrundu zituenean, horretan ari zela pentsatu nuen. Jokoan, alegia. Niri begira gelditzeko urrundu zituen, nire arreta bereganatzeko.

        Mesede bat eskatu behar dizut.

        Harritu egin ninduen, Astorekak sekula ez baitzidan mesederik eskatu, behin ere ez. Nahi duzuna, erran nion, nahi duzuna. Bulegoa utzi behar didazu, horixe gura dut. Noski, utziko dizut. Lagunaren eskaera artean harrigarri hura bizkor hausnartzera behartu ninduen nire baiezkoaren laburrak. Zertarako, horra zein galderari iritzi nion egokien, Astorekaren arrazoiak asmatzera heltzeko. Politikarako? Litekeena. Molde anitzeko biltokiak zituzten jeltzaleek aspalditik, baina bazitekeen toki ezezagun eta diskretu bat behar izatea, edozein mikrofonotatik urrun, sekretupeko halako bilera garrantzitsu (are historiko) bat egiteko. Historiaren erdian sentitu nuen neure burua, hagitz gisa apalean sentituagatik. Nire bulegoa aipatzean, diskretu hitza erabili zuen Astorekak halaber, inoiz eskatu ez nion azalpena ematen hasi zitzaidalarik. Isiltzeko erran nion, zuri ere zenbaitetan erraten dizudan gisara, ez zela deus azaldu beharrik. Niri ez, bederen. Irri egin zuen, hori aditutakoan. Irri bai, baina ez bertzerik. Luze gabe emazteak eta seme-alabak itzuli eta ahalegindu behar izan genuen karta jokoarekin segitzeko. Sei neska-mutiko eta bi emazte sobera dira, jokoan taxuz aritzeko. Begoñak, zure lagun emankorrak, munduraturiko bortzak eta gure seme bakarra.

        Egun batzuk geroago hots egin zidan. Arratsalde hartan bertan erabili omen zuen lehendabizikoz. Omenka aritu behar dut, biharamunean ez bainuen bilera edo bertze deusen arrastorik aurkitu. Dena nik bezperan utzi bezalaxe zegoen, gauza bakoitza bere tokian. Garbi zeuden hautsontziak eta paperontziak, eta giroan ez zen ezeren usainik. Behin ere ez nion galdetu norekin biltzen zen nirean.

        Ez dakienak ezin ezer kontatu. Hori uste nuen orduan, gauak bukaera zuenean goizero. Aspaldi. Gure semea Arkautitik iragan aitzin. Ez dakienak bere jabeak nahi duena konta dezake, aitzitik. Kontarazi diezaiokete. Zernahi. Hil ez duena hil duela, errate baterako, suntsitu edota erre ez duena suntsitu eta erre duela. Denbora behar da horretarako. Milaka minutu eta hainbat bultzagarri edo eragingarri. Akuilu sendo bat. Edo kable batzuk.

        Zergatik egin zion hura?

        Zure galderarik gogokoena, zure guztizkoena, gehien errepikatzen duzuna, hastio diodan horrexek bertze itxura bat hartzen du Astoreka oroitzearekin batean. Zergatik utzi zien bere menpekoei gure semea hain gaizki erabiltzen, hain zitalki? Bere menpekoak baitziren Barne sailburua eta, hortaz, haren azpiko guztiak ere. Ez alferrik, bertze garai batzuetan ez bezala, gobernuaren gainean Alderdia zegoen. Alderdia, halaxe, letra larriz. Eta Alderdiaren gainean edo gibelean Kosme Astoreka, nire ustezko laguna, nire aspaldiko adiskidea. Edo ez. Beharbada dena dirudien baino korapilatsuagoa da, nahasiagoa. Hala ere, zergatiek, galderek eta zalantzek hor diraute, beti bezain goseti eta asegaitz. Erantzunak, zehaztasunak guti dira, ordea, urria argitasuna eta mugagabea ilunpea. Eta zalantza horiek gibelera naramate denboran, egun euritsu bateko bazkarira, baita egun eguzkitsu bateko bazkalondora ere. Edozein modutan, Astoreka eta biok gaude aldi bietan eta gure artekoa da kontua. Hori segurua da. Niretzat behinik behin.

 

 

Gure artekoa, kontua. Zu eta bion artekoa, ur azpiko balet batean nola, poliki baina batera mugitzen diren harrizko bi gorputzen artekoa. Gorputz bakar bat, hobeki errana, denborak eta sofa honen muga estuek derrigortua. Bat bitan banatzen omen da. Dialektika, Roderaren ustez. Alderantzizko bidea egin dugu guk, dialektika horren berunezko legeak irrigarri utzi nahi bagenitu bezala. Baina ez dugu nahi, bortz axola edozein legek. Deus ez dugu nahi, batere ez, dagoeneko ez. Denboraren espazio mugagabean galduriko harri puska bat osatzen dugu, horixe gara. Deus guti, nahiz eta gure inguruan hainbat satelite eta planeta koskor ibili: astorekatarrak, Juanjo Rodera, zengotitatarrak, Aipaezina... Horiek guztiak gure inguruan jiratu, eta gu, halaber, semearen inguruan. Hari begira gara une oro. Gure eguzkia da, berotzen eta elikatzen gaituena. Bizirik mantentzen gaituena. Horrela solastatzerik bada, bederen, hildako bat bizirik izan daitekeen heinean bainaiz, baitzara, bizirik. Hein horretan baino ez. Gure oin, beso eta bularrak kontatzen ari diren istorioaren burura heldu orduko akabo dena. Akabo zuretzat, niretzat eta gure satelite guztientzat ere. Istoriorik gabe, zertarako horrenbertze pertsonaia, zertarako horrenbertze jira eta bira? Zentzugabea. Eroa. Soberazkoa.

        Utzi bakean.

        Hori erran didazu, orain ere. Gorputzak egia dio, eta bakean uzteko erran dit zureak. Uzteko. Zure orpoa nabaritu dut ezkerreko zangoan eta zure ahotsa entzun, ez zure oraingo murmurio triste eta ulergaitz hori, aspaldikoa baizik, dena benetakoa zenekoa.

        Uzteko. Alde egiteko. Desagertzeko.

        Horixe eginen nuke, ahal izanez gero, zaude ziur. Zulo beltz batean galduko nintzateke betiko. Astronauten hilerriraino joanen nintzateke eta bertan egonen, haien gisara, izarren hauts bilakatu arte. Ezinezkoa zait, ordea. Oraindik bai. Hondar hitza erran gabe dago, istorioa erabat burutu gabe, eta bitartean gauden honetan iraun behar, nola edo hala. Kontu-kontari jarraitu behar, ahoa itxirik. Gure arteko kontu honek noizbait bukaera izan dezan. Zuretzat. Neuretzat. Are semearentzat. Edo bereziki semearentzat, hura izanik izar hauts bilakatzeko ahaleginean gure aitzindaria. Gure eguzkia. Haren gibeletik goaz, beraz, haren lorratzari jarraiki. Arrasto horri gatxezkio, bertzerik ez bagenu bezala.

        Eta ez dugu bertzerik. Hura gabe esku hutsik gaude. Hura gabe ez gara deus. Hura gabe ez gara, ez gaude, ez hemen ezta bertze inon ere. Hura gabe, nola hats egiten segitu? Eta batez ere, zertarako? Sobera galdera. Horiexek garamatzate semearen uberaren gibeletik, horiexek mugiarazten gaituzte oraindik, nekez uzten dugun sofa honetatik. Eta, halaber, nekez luzatzen ditugun besoak luzatzen ditugu hari eusteko, hari atxikitzeko, hura ez galtzeko. Betiko ez galtzeko. Eta gure besoak tai gabe luzatzen dira, gomazkoak balira bezala, eta semearen gorputzaren atal bakoitzari heltzeko ahaleginak egiten ditugu eta, huts eginda ere, ez diogu gure ahalegin alimalekoari uzten. Eta ezin diogu utzi. Utziko bagenio, galdurik geundeke, guztiz, erabat, orain gauden baino galduago. Hil ala bizikoa da guretzat. Hil ala bizikoa. Solastatzeko molde bat baizik ez da, noski, adieraztezina adierazteko saiakera sortzetik zapuztua, hitzen sortzezko ezintasunaren hamaikagarren adibidea. Aukera, dugun bakarra, ez baita hil ala bizi, hil ala hil baizik. Hori da semearen gibeletik abiatu ginenetik ikasi duguna.

 

 

Semearen gibeletik abiatu. Bitxia. Batek daki nondik hartu dudan erran molde hori, nola bururatu zaidan. Baina bitxia izateaz aparte, zehatza ere bada. Zehatza, ia ezkondu ginenetik abiatu baikinen haren bila. Bi gorputz ginen artean, harriaren berri ez zuten bi gorputz gazte eta indartsu. Bi gorputz malgu eta gutiziatsu, bakar bat bilakaraziko zituen bertze baten bila. Osotasun lasai baten bila. Genuena baino osotasun osoago baten irrikan ginen, gure orduko zoriontasuna geroan luzatuko eta, nolabait, ziurtatuko zigula tematurik. Hori nahi genuen bertze zernahiren gainetik. Denborak, aldiz, gure asmoa maite ez eta eginahalak egin zituen hura eragozteko. Luzaz egon ginen hartaz ohartu gabe, gaztetasunak derrigorturiko jardunetan buru-belarri. Haren sua pixka bat menderatu ahal izan genuenean. Pixka bat menderatu, bezatu, ez guztiz itzali. Astorekatarrak bigarrenez guraso bilakatu zirenean hasi ginen gure itxurazko antzutasunaz jabetzen, haiei esker. Galderak sorrarazi zizkigun, ama bezala, Begoña bataiatu zuten neskatikoaren munduratzeak. Haiek bi eta guk batere ez, bidegabekeria galanta. Justizia nahi genuen eta ohatzean bilatu ohi genuen, larruen igurtzian, jarioen trukaketan. Jo eta ke aritu ondotik izerditan geuntzalarik, zure ezpainen mugimenduaz ohartzen nintzen eta banekien otoitzean ari zinela, seme edo alaba baten eske. Marmar izatera heltzen ez zen halako hots txistukari apal bat zen ozta-ozta. Aski haatik zerutik entzun zintzaten. Marmarka edo oihuka berdin, tutik aditu nahi ez duenarentzat. Ahalguztidun, eskuzabal eta errukitsua omen den zure jainko zakur horrentzat. Gure nozitzearen bistan gozatzen duen sadiko zital horrentzat.

        Isildu!

        Isiltzeko, diostazu, baina badakizu egia diodala. Egia, ertz zorroztun zera hori. Atxikiz gero, odoletan izanen dituzu berehala eskuak, eta hori ere badakizu. Senak diotsu eta horrek berak uxatzen zaitu egiatik. Egiaren su kiskalgarritik ahalik eta urrunen nahi zaituen senak. Zure hobe beharrez. Gure hobe beharrez, ni ere erretzen bainau su horrek. Erredurez mukuru daukat gorputz osoa. Haragi bizitan nauzu goitik beheiti. Hala izan ohi gara zonbiok, hil biziok, gure zokotik mugitu gabe munduan barrena goazenok. Nornahi ikaratzeko gisakoak. Geure burua ikaratzeko gisakoak. Urtetan lagundu diguten gezurrek, aldiz, ezin digute areago lagundu. Orain alferrikakoa dugu edozein gezur, eta, erraten jarraitzen badugu, ohituraz jarraitzen dugu, inertziaz, hala egiten baitugu gaur egun egiten dugun ia guztia. Deus guti, alegia. Gero eta nekeago zaigu zernahi ahalegin, gero eta barrenago dugu harria. Denboraren hondar hori, harria, gure zainetan goiti geldiezin.

        Isildu.

        Zuk solastatu nahi duzu, zuk solastatu behar duzu. Zure txanda da. Historiari, edo istorioari bederen, jarraitu nahi diozu, nire biraoa agerian utzi nahi duzu. Azkenean haurdun geratu nintzen, oroitarazten didazu, horretarako beharrik balego bezala. Baina ongi gogoan ditut zehaztasun guztiak. Haurdunaldiaren lehendabiziko zantzuak, zure gorputzaren lehendabiziko seinaleak. Semearenak. Dena entzuten zenion. Zatoz, Felix, zatoz, arin, oihu egiten zenidan sukaldetik, aditu zelan mugitzen den. Eta hara nindoan ni, behar zenuen zernahi emateko prest. Beti. Nahi zenuen guztia. Oihuka dei egiten zenidan, eta behingoan uzten nuen eskutan neukana eta irritsu nindoakizun, laguntzeko irrikan. Guraso bilakatzera gindoazen eta gu geuk ere ezin sinetsi. Handia zen gero, itzela, zure gisara adierazirik. Hainbat medikurengana joanak ginen eta, biok aztertu ondotik, ongi ginela, ez genuela arazorik seme-alabarik izateko jakinarazi ziguten den-denek. Misterio bat zen, dudarik gabe. Beharrik, zientziak ezin zuena ekarri zigun otoitzak.

 

 

Zeruaren oparitzat jo genuen biok, ni ordurako fededuna ez izanagatik. Berdin zidan: azkenean aita nintzen. Guraso ginen. Azkenean kontent ginen, arras kontent. Ozta urtebete lehenago ezinezkoa zirudien ametsa gauzaturik, hezur-mamiturik. Mirari bat, errepikatzen zenuen, mirari bat. Kopetan muin egiten nizun eta maite zintudala erraten. Sinesgaitza zen, txundigarria: familia bat osatzen genuen, hirurok bat. Artean handi zitekeen familia, jakina, hazteko gaitasuna zeukana, lehendabiziko seme hark ziurtatzen eta bermatzen zuenez. Erogarria zen. Astorekatarrak aipatzean, bekaizkeriak ez gintuen jadanik erretzen eta aske sentitzen genuen geure burua, arin, barren berriturik. Geroaren dirdira hain zen itsugarria, non betaurreko beltzak jantzi behar baikenituen aitzina egiteko. Izarren eta planeten kokapena aldekoa genuelakoan, beldurrik gabe ibilki ginen, eroso, gure aurrean egunez egun ernatzen ari zen biziaren ikuskizunean kateaturik begiak. Nire begi ordurako nekatuak eta zure betiko begi gaitzak, Eneko izendatu genuen niniari so, suari bezala.

        Eneko.

        Ezezaguna zenuen euskaldunok, nafarrok, sekula izan dugun errege bikainena. Normal iritzi nion zure ezjakintasunari. Nik ere Astoreka ezagutu arte deus ez nekien gure herriaren historiaz. Hark utzi ohi zizkidan liburuei esker ikasi nuen, poliki-poliki, gure ibilbidea denboran barrena. Argentinan argitaraturikoak ziren gehienak eta haiek irakurrita jabetu nintzen gure zorigaitzaz: Espainiako edo Frantziako historiak ezagutzen genituen, baina ez geurea. Don Pelayo, El Cid, Roland edo Napoleon ederki ezagutzen genituen, baina ez Eneko Nafarroakoa, adibidez. Armez inbaditu eta konkistatu gintuzten eta gisa berean banatu ere, Espainiako eta Frantziako erregeek hala erabakita. Deustoko garai hartatik gauzak aldatuak ziren, zorionez, pixka bat bederen. Guretzat bai bederen.

        Bufetea ongi zihoakidan, inoiz uste baino hobeki, egia erran. Krisi baten ondotik, Durangaldea suspertzen hasia zen, eta industria nahiz eraikuntza goiti zetozen pixkanaka. Aitzineko urteetan ez bezala, bankuek eta aurrezki-kutxek kredituak ematen zituzten berriz ere. Kontratuak egiten ziren, salerosketak... Eta joan-etorriko zurrunbilo hartan ni, buru-belarri lanean. Etxean nituen emazte eta semearentzat lanean, eta hagitz kontent. Semeari begira nola, halaxe egoten nintzaien nire kontu-korronteen zenbaki eta kopuruei begira. Ikuskari zinez ederrak biak niretzat. Hala, nire kontu-korronteak bezainbeste hazten ikusi nuen semea, pozez gainezka, eroturik. Eta harro, oso harro. Hala egoteko arrazoi sendoak nituela uste nuen, neukan eta lortzen ari nintzen guztia ongi merezirik nuela. Inork ez zidan deus oparitu. Inork ez zidan lagundu, batzuek guztiz bertzela uste arren. Astorekaren adiskidetasunak ez zidan kalterik egin, jakina, baina inork ez zuen lanik egin nire ordez. Gainera, orduko Astoreka ez zen artean EBBko benetako nagusia, bazter ilun batetik dena menderatzen eta erabakitzen duen oraingoa. Inondik ere ez. Bidean zegoen, bai, baina gailurreraino igotzeko, hartaz jabetzeko, Xabier Arzalluz jaitsarazi behar zuen: handik nola edo hala lekutu. Nik jakin gabe ere, horretan ari zen Astoreka. Maiz agertzen zen Durangora eta, ahal zuenetan, elkarrekin egoten ginen. Batzokira biltzen ginen. Bileraren batetik irten eta handik hots egin ohi zidan. Ezkurdira joko nuen nik orduan, horretarako aukera izanez gero. Bertan, harekin ikusten ninduten Astorekaren lagunek eta inoiz baino hobeki hartzen ninduten eta, gero eta gehiagotan, haientzat lan egiteko eskatzen zidaten. Lantegiak zituzten, harrobiak, molde anitzeko negozioak. Denetarik zuten, eta eskas zutena erosteko dirua gainera. Sobera diru. Eta hura guztia zaintzeko eta hazarazteko behar zituzten abokatu eta legegizonak ere bai.

 

 

Zure lagun hori, erraten zion gure semeak betidanik ezagutzen zuen Astorekari, batere ezagutuko ez balu bezala. Ez zuen ezagutu nahi. Ni ere ez ninduela ezagutu nahi erranen nuke, nitaz lotsatzen zela. Ertzaintzak atxilotu aitzineko kontuak dira horiek, etxe honetara bizitzera etorri ginen garaikoak. Ongi bizi nahi nuen, bai, eta ez zitzaidan iruditzen hori makurkeria zenik. Ongi bizi nahi nuen, begiratu gabe nola bizi ziren ingurukoak. Hirurok ongi bizi gintezen nahi nuen, bertzerik ez. Sobera eskatzea ote zen? Semearentzat bai, nonbait. Behin baino gehiagotan aurpegiratu zidan: Dirua baino ez zaizue ardura, ez duzue beste aberririk. Nire sosei esker bizi haiz hi bizi haizen moduan, oroitarazten nion, amorruari eutsi ezinik. Eta orduan hura ere amorratu eta bere betiko letania aletzeari lotzen zitzaion: makina txanpon-jaleak, ustelkeria, GAL, AHT... Luzea, bukagaitza, haren ustez, jeltzaleen jukutriaren eta saldukeriaren adibideen zerrenda, nornahi ikaratzeko moldekoa.

        Ez nauk jeltzalea, saiatzen nintzen nire burua defenditzera, semea modu horretan oldartzen zitzaidan bakoitzean. Aitzakia merkeak ziren nireak harentzat, begi bistan zegoena ikusteari uko egiten zion baten trikimailu irrigarria. Berez, egia nioen, alderdikide sentitu arren, sekula ez bainuen alderdian izena eman, Astorekak behin baino gehiagotan eskatu bazidan ere. Ez nuen horren beharrik sentitzen. Bihotzez jeltzale osoa nintzen eta hori aski zen niretzat.

        Okerragoa, bihurritzen zitzaidan semea, nire ustezko jeltzaletasunari uko egindakoan. PNVkoa ez zarela diozu, baina haiekin batera mugitzen zara, haiek dioten guztia diozu zuk ere edozeri buruz berbetan, batzokian pasatzen duzu eguna... Eskatu karneta lehenbailehen zure lagun Kosmeri. Izan apur bat koherentea, behingoz.

        Hor egiten nuen zapart. Koherentzia aipatzen zidalarik, halako leherketa gisako zerbait nabaritzen nuen barren-barrenean, eta ahaleginak eta bi egin behar izaten nituen, nire besoari eusteko eta semea ez jotzeko.

 

 

Ez nuen semea behin ere jo. Horretarako tentaldirik izan nuen bakoitzean zure begiek eragotzi zidaten. Zure begi gaitz eta beti irekiek, orain telebista itzaliaren iluntasuna amiñi bat argitzen duten horiexek. Horiexek salbatu ninduten semea jotzetik. Horretatik baino ez, diostazu erran gabe, salbaziorik ez dudala, ez dugula, ez dagoela ez bageneki bezala. Baina badakigu, zuk hitz hutsalak (zeru, etorkizun, inoiz) aipatzen jarraitzen baduzu ere. Zure begiek, aldiz, bertze hiztegi bat darabilte. Infernu diote, orain diote, beti diote. Eta hondamendi ere bai, begi ikaragarri horiek betiko itxiko dituen hondamendia. Horiek eta hauek, begiratzen dizuten begi nekatu eta ttipi hauexek ere bai. Dena itzali, dena iraungi betiko. Noizbait. Bitartean, hemen bertan iraun behar, sekula iragaten ez den iragan astun honen preso. Sofa honen muga zorrotzetan preso eta, batez ere, gure gorputzetan preso eta gatibu. Edozein ziegatako paretak bezain harrizkoak ditugun gorputz trakets hauen muga itsuetan. Zure begi mugagabeek mugaturiko esparru meharrean beti. Eta eskertu behar nizuke. Mila, milioi bat esker eman behar nizuke hondar mendeetan eskaini didazun zaindaritzagatik.

        Mila esker.

        Irri gisako zerbait egin didazu, zerbait apala, nire solasa aintzat hartu duzula jakinarazteko baino ez. Aski, inondik ere, biontzat. Bertze zernahi alferrik legoke, bereziki hitzak. Zernahi hitz, zernahi solas. Menpekoak burua makurtu behar du bere nagusiaren aitzinean, hori du bere eginkizunetan lehena eta behinena. Zure parean makurtzen naiz, beraz, zure ondo-ondoan kizkurtzen, zure nagusitasuna aitortuz. Preso batek bere zaindariari keinu bakoitzean adierazi ohi dion gisara adierazten dizut nire mendekotasun argia, torturatuak torturagileari nola. Gure semeak Bakeroari nola.

        Zergatik egin zion hura?

        Horixe galdetzen diot nik ere neure buruari. Hasieran Bakero hura psikopata bat zela uste nuen, psikopata hutsa, munstro bat. Roderak ikusarazi zidan oker nengoela. Naziez hitz egin zidan, Hannah Arendtek idatzirikoaren berri eman zidan eta konpreniarazi edozein izan zitekeela torturagile, baita ni bezalako gizon langile, lasai eta familia zale bat ere. Kostata onartu nion lagunari orduan, orain begi-bistakoa zaidana. Eta duda egiten dut bertze inori kasu eginen ote niokeen, halako zer edo zer bota eta gero. Roderaren jakituria, berriz, sobera handia da muzin egiteko, eta hausnartu beharreko iritzi nien haren hitzei. Eta zenbat eta buelta gehiago haiei eman, orduan eta izugarriagoak zitzaizkidan, eramaten zailagoak. Aukeran, ordura arteko munstroak nik nahiago, erosoagoak ziren niretzat. Zinezko munstrokeria itxura arrunteko herritar arruntena izatea nik uste nuena baino anitzez makurragoa da, inolako zalantzarik gabe. Horrek ia nornahi bihurrarazten zuen susmagarri. Karrikatik joan eta aldamenetik iragaten zaidan hori, eskutan plastikozko zorro bat daraman gizontxo itxuraz onbera horixe, gure semearen torturagilea izan litekeela jakiteak durduzatu egiten nau. Eta, nolabait, pixka bat paranoiko ere sentiarazten dit, aitor dezadan egia, arrisku larriz inguraturik. Beharbada horrexegatik geratzen naiz hemen, gure zoko honetan, zure begi zabal-zabal eta elurra bezain zuri horiek zainduriko eremu epelean, gure gotorlekuan. Karrikako, munduko hotz beltzetik gas errearen beroak babesturik, egundo bukatzen ez den eta mugarik ez duen insomnio eternal honen moteltasunean laketurik, hemen berean nahiago guk, bertze inora gabe. Geurean, gugan geratzen gara, hortaz, gure gorputz bakarrera bildurik, gure ezerezaren erdian. Zure begietako elur eternalari begira.

        Beti.

 

 

Koherentzia eza leporatzen zidan semeak amorruz. Gisa berean aritzen nintzaion ni, haren ozarkeria ulertu eta onartu ezinean. Zuk lasaitzeko eskatzen zenidan. Gaztetxo bat da, entenditu behar duzu, erraten zenidan, adin kontua da, pasatuko zaio. Baina ez zitzaion pasatzen, sekula ez. Ez zidan deus barkatzen. Eta zuk ere ez. Haren alde azaltzen zinen behin eta berriz, maiz gehiegikerietan zebilela jakinik ere. Berdin zizun, amatasunaren lege ilun batek bultzaturik agian, semea hobesten zenuen, ni bazterrean utzirik. Orain eragiten digun kontrako mugimendua eragiten zigun semeak orduan: bereiztera behartzen gintuen, elkarrengandik ahalik eta urrunen egotera, baita ohatzean ere. Zure bizkarrak ez zuen nire bularra bilatzen, ez eta zure eskuak nirea. Eta, hala ere, elkarrengandik orain baino hurbilago ginen. Amorrua gelditzen zitzaigun, hori bai, biok erretzen gintuen garra, duela mendeak itzali arren, ahantzi ezin dugun inoizko hura. Aspaldiko hura, etsi aitzinekoa.

        Eguzkitan bizi ginen orduan, gauaren eta insomnioaren susmorik gabe. Aparretan geunden eta haizea alde genuen. Bizkor gindoazen. Sobera bizkor? Gure semeari jaramonik eginez gero, bai, zalantzarik gabe. Athleticena egundo ahantzi gabe ere, janzten hasia zen elastiko haietariko batek salatzen zuen Abiadura Handiko Trena bezain bizkor. Xextrak izan genituen zorigaiztoko tren hura zela eta. Semeari astakeria, hondamendia zeritzona, aitzinamendua zen nire aburuz. Egia erran, abururik ez nuen kontu horren gainean, nire ingurukoek eta egunkariek ziotena sinesten nuen. Aski. Inora bizkorrago joateak onuragarria behar zuen, nolanahi ere, nire orduko iritzian. Sinesbera nintzen edo, semeak adierazi bezala, sinesbera izatea komeni zitzaidan.

        Egia handiak erran ohi zizkidan semeak, nik aintzat hartu ez nituen egia potoloak. Zer jakin zezakeen gaztetxo batek? Deus guti. Ez dakiena gisa horretan pentsatzen ohiturik dago, arrotz zaiona gutiesten ohiturik. Hagitz bertzela uste arren, ezjakin galanta nintzen, harrezkero ongi jabetu naizenez. Aitzinamendua. Irrigarria. Jainko zurea utzi, eta aitzinamendua eta aurrerapen historikoa aukeratu genituen haren ordezko. Gu baino irrigarriagorik. Gu baino itsuagorik. Gazteek artean ikus zezaketen. Roderak ere bai. Juanjo, oso noizbehinka baino ikusten ez nuen aspaldiko nire lagun xelebrea. Komunista bat.

        Pasatuko zaio, ziurtatzen zenidan, semea komunista zela jakinarazten nizunean. Irriz erraten zenidan, eta ni irri haien zergatia jakin gabe geratzen nintzen, ni ez kezkatzeagatik egiten ote zenuen edo semearen aldarrikapenagatik. Ez nuen jakin nahi izaten.

        Komunista.

        Hitz horrek seminariora ninderaman aditu orduko. Hitz larria, inondik ere, han geundenontzat. Deabru etsaiaren izenetarik bat. Mailua eta igitaia gurutzearen kontra. Ongia eta makurra, zerua eta infernua buruz buru. Hil ala biziko borroka lazgarria. Munduaren akabera. Hondamendia. Apokalipsia.

        Komunista eta abertzalea.

        Ez duzu ezer aditu gura, erran ohi zidan semeak, ez duzu ezer jakin gura.

        Zuzen zen, orain, sobera berant, alferrik delarik, ohartzen naizenez. Zuzen zen, diotsut, seguru izanagatik ere jaramonik eginen ez didazula, zure eskuin eskuko bi hatz luzeenek sofaren larrua laztantzen jarraituko dutela.

 

 

Ez didazu jaramonik egiten, baina begitartea iluntzen zaizu zigarreta bat pizten dudan bakoitzean. Harrigarria izateaz gain hunkigarria ere bada niretzat. Oraindik nitaz arduratzen zarelako seinalea da, edo hori iritzi nahi diot bederen. Nolanahi dela, nitaz arduratzen zara eta hori bada zerbait. Errieta egiteko bertzerik ez bada ere, zeinen ergel naizen agerian uzteko bertzerik ez bada ere. Ezagupen keinu hori aski da, konforme naiz, esker oneko. Eta nik ere hatzen bat mugituko nuke zuri buruz, harri bihurturik zaudela ez baneki. Zu harri eta neu ere harri, harri gure gorputzen giltzadura eta gihar bakoitza. Harrizkoak halaber keak urtetan belzturiko nire biriken paretak. Erre eta kiskal nadila, fundi nadila, bortz axola. Sutan erreko ez bagara, ito gaitezen ketan.

        Zure besoa sentitu dut soinean, oraindik zer den ez dakidan baina laster egin behar dudan zerbait eragotzi nahi bazenit bezala. Dei bat da menturaz. Burua makurtu duzu.

        Zer diozu?

        Erantzunik gabe utzi nauzu, zer adierazi nahi didazun asmatu ezinik. Zerbait adierazi nahi badidazu, noski. Zure begiek telebistan finko segitzen dute, zure gorputzaren bertze mugimenduei itsu eta gor. Ilunpearen erakarpena.

        Begira iezadazu, diotsut, zigarreta bat piztu izan banu bezala. Baina zuk jaramonik ez. Hatzak urduri nabaritu ditut. Danborra jotzen hasi dira, harriaren gainean. Hasieran. Gero, are urduriago, zigarretak bilatu dituzte, horiek gordetzen dituen kutxatxo zuri gorriaren kartoia. Hori sentitu duten arte ez dira pixka bat lasaitu. Ondotik, pizgailua bilatzeari lotu zaizkio. Sua. Kea. Birikak bete ke. Zureganantz bidali dut kea, zure begietarantz. Haren gibelean galdu zara istant batez, berriz agertzeko, keak beheiti egindakoan. Deus ez da zure aurpegian aldatu, ezta poxi bat ere. Begiak pantaila beltzean dauzkazu, betiko gisara, eta betileak ere ez dituzu noizbehinka mugitzen. Ezagun duzu harrizkoa zarela. Buda bat zarela iruditzen zait batzuetan.

        Zergatik egin zion hura?

        Ez dudala galdera aditu sinetsi nahi izan dut hasieran, ez dudala deus aditu. Begira izan nauzu eta ziurta dezaket zure ezpainak ez direla amiñi bat ere zabaldu, zure ahotik ez dela hotsik irten. Eta hala eta guztiz, horixe entzun dut, argi eta garbi:

        Zergatik egin zion hura?

        Aipaezinaz mintza gaitezela nahi duzu, antza. Nik ez. Orain ez. Berriz ez. Horregatik Astorekaz mintza gintezkeela uste izan dut alditxo batez, harik eta horretaz dagoeneko mila, ehun mila, milioi bat bider mintzatu garela ohartu naizen arte. Orduan egin dut nire oroitzapenetan Zengotitarekin topo. Hara, Zengo, agurtu dut, zer gisa? Nitaz ez duzu zeresanik, ohartarazi dit luze gabe. Ezetz, ezetz, egoteko trankil, seguruen ez garela adiskide minak izanen, baina aurkariak, kontrarioak ere ez garela. Horixe erran diot. Egia. Behin batean egia izanikoa bederen. Edo oraingo gezurra agian. Laster oroitu naizelako aspaldi, duela mendeak, semea kartzelatik irten zen lehen aldian, herrian semeaz erran omen zirenez, gezur beltz haiez guztiez. Nork zer erran zuen zehaztea ezinezkoa da niretzat, baina, nire barrenerako, hura izan dut (izan nuen) errudun. Zergatik hura eta ez bertze nornahi? Auskalo. Inoiz jakin badut, ahantzi dut. Norbaiti noizbait adituriko zer edo zer izan daiteke nire susmoaren jatorria edo, seguruen, Aipaezinak adieraziko zigun zerbait. Nolanahi ere, Zengotitaz solastatzea, hura aipatzea okerreko aukera izan liteke, noizbait jabetu naizenez. Hura aipatu eta, goiz edo berant, Aipaezinaz hitz egin beharko genuke, hain zuzen ere nik kosta lain kosta saihestu, isildu, baztertu nahi dudana. Tabua.

 

 

Zaila da zuri zerbait isiltzea. Une oro ari zara zure mututasunetik galdezka. Beroak (gure gorputzenak, gas errearenak) nabarturiko giroan zure betiko galdera une oro uzten. Itogarria da, gogaikarria, eramangaitza. Tortura gisako zerbait dela erranen nuke, hori erratea zilegi banu, baina, lasai, ez dut erranen, oraindik ez zait ahantzi horren aipamenik ttipienak ere gaizkitu egiten zaituela. Tabua da zuretzat, Aipaezinaren izena bezala. Tortura tabua da nonahi. T-z hasten den hitz horrek tiro hotsa dirudi: ahoskatu eta bertan daudenen buruak batera apalduko dira, bala galdu baten beldur. Eliza bateko isiltasun eskergan oihuka birao egitearen antzekoa da, jaunartzeko unean zure jainkoaren gorputz zaurituaren gainean kaka egitearen antzekoa. Metaforikoki adierazirik, guk elkarri egiten dioguna alde-aldera. Mantra bat bailitzan errepikatzen duzun galdera horren bitartez kakazten nauzu, eta horri erantzuteko nire gogo faltaz kakazten zaitut nik. Eta hor gara, horretan nekatu gabe ari: bi boxeolari itsu, itzal zalantzakor bat indar osoz jo nahian eta ezinean. Elkarrengana beso bana luzatu eta huts egiten dugu etengabe. Gure zartakoak airean alferrikaltzen dira, fruitu helduak zuhaitzean nola. Elkarren aurpegia bilatu eta gure indar guztia xurgatzen duen hutsune handi bat baizik ez dugu aurkitzen. Sofa honetan borrokatzen gara elkar ukitu gabe, hauxe gure ringa. K.O.a nahi dugu, horren gibeletik gabiltza biok, zuk niretzat eta nik zuretzat, hondar muturrekoa, erabatekoa, gure arteko borroka guztiak behin betiko bukaraziko dituena. Zure ukabilaren txistua aditzen dut belarri ondoan:

        Zergatik egin zion hura?

        Istant bat bertzerik ez dut izan, besoa altxatzeko eta zure ukabila eragozteko. Zerbait erantzun behar dizut, galderari ez erantzuteko. Gezur bat asmatu behar dut lehenbailehen, istorio bat, edozein, zure arreta nireganatzeko. Lapur bat banintz bezala, zure arreta nireganatu esku batez, bertzeaz zuri sakela husteko, garbitzeko. Liluraturik behar zaitut horretarako, baina zu liluratzea, batez ere orain, lan nekeza da. Beti. Horregatik behar dut istorio on bat, erakargarria, indartsua, zure mantra eteteko modukoa. Lan zaila. Makina bat istorio dut kontatzeko (gaua hasi zenetik gertaturikoak denak) eta neke da bakar bat hautatzea. Denek dute zer edo zer interesgarria, kontatzea merezi duen zerbait. Protagonista ezberdinak dituzte (Astoreka, Zengotita, Bakeroa, Rodera, ni neu...), ezberdinak dira giroari zein tonuari dagokienez, baina beharbada ez dira zu liluratzeko bezain gozoak. Xerezade izan nahi nuke, ipuinak aukeratzean eta kontatzean asmatu. Hark bezala, nire burua salbatu nahi nuke. Gaua noizbait egun bilaka dadila nahi nuke, egunabarraren moreaz gozatu, azkenekoz bada ere. Eta nire besoak zurea aurkitu duen arteko istant horretan sartu naiz istorioen biltegian eta hango apalategietan miatu dut lasterka eta une labur hori izan dut hautatzeko. Nire neurona akituek bizkor aukeratu behar izan dute. Aldi ñimiño horretan erabakirikoa, zuzen edo oker, zure belarrietara helduko da luze gabe. Astorekaz mintzatuko natzaizu, eta hartaz kontatuko dizudan istorioa ez da edozein izanen. Aitzitik, arestian aipatu dizkizudan osagarri eta ezaugarriak izanen ditu, hots, indartsua izanen da. Gezurrak baliatuko ditut, bortizkeria ere bai, sexua ahantzi gabe. Eta traizioak, bereziki traizioak. Istorioa kontatzea bera baita traiziorik handiena, makurrena, beltzena. Astorekari eginiko traizioa eta, bide batez, neure buruari eginikoa, hark egundo ez baitzidan eskatu ez kontatzeko, ziur aski, horretarako beharrik ez zegoela sinetsirik, eskatu gabe ere seguru izanik bere sekretua nigandik ez zela aterako. Dena den, traidore bati traizioa egitea ez zait hagitz larria iruditzen, eta zu ere iritzi horretakoa zarela jabetuta nago.

 

 

Astoreka gizon diskretua da berez, oharkabean pasatzea maite duena. Halakoa zen Deustoko Unibertsitatean eta halakoa ondotik ere, politikaren itsaso bizi arriskutsuan barneratu zenean. Kamera eta mikrofonoetatik ahalik eta urrunen beti, zorrozki zaintzen duen bere anonimotasunean eroso. Alderdi barneko zirrikitu guztiak ezagutzen ditu, burukide guztien afera eta sekretuak, baita bertze zenbait alderdikiderenak ere. Urtetan pilatu duen informazio horri esker mugitzen ditu guk ikusten ditugun txotxongiloak. Telebistan agertu ohi diren parlamentari, ahaldun, sailburu, alkate eta abar horiek guztiak, kamera baten aitzinean hanpatzen den kuadrilla irudiz zentzudun eta, batez ere, jator hori guztia. Guk ikusi ohi dugun antzerkitxoa, haien eguneroko antzezpen koxkorra, Astorekaren esku abiletan dago funtsean, hark zuzentzen du, agerian dagoenaren gibeletik. Bai, hitz handien gibelean nahiz ekintzarik lotsagarrienen gibelean, Kosme Astoreka beti. Lemari atxikirik egun osoan, itsasontzi jeltzalea gidatzen du kemenez, ekaitz eta enbatetan barna. Erne egon behar du, denari adi, baga batek ontzi sendo baina zaharra irents ez dezan bat-batean. Hor, solasak alferrikakoak dira. Areago, kalterako dira. Hor, diskrezioa derrigorrezkoa da. Astorekaren bertuterik nabarmenena. Baina denok egiten ditugu hutsak eta akatsak goiz edo berant, denok egiten dugu egin behar ez genuen zerbait. Baita Astoreka bezalako gizon ezinago zuhurrek ere.

        Akatsa (zilegi bekit horrela deitzea) nire bufetea zenbait urtez erabili eta gero egin zuen. Astorekak telefonoz hots egiten zidan behar zuen bakoitzean. Biharamunean nik utzi bezalaxe aurkitzen nuen bufetea, inoren presentzia salatuko zuen ezer gabe. Goiz batez, berriz, bulegora heldu eta zerbait antzeman dut bazter batean: gutun-azal zuri bat, pilota bat eginik, paperontzi batetik erori izan balitz bezala. Eskuetan hartu dut eta barnean zerbait baduela nabaritu dut. Pilota desegin dut eta gutun-azala ireki: kondoi bat, erabilia.

        Hara!

        Aurkikuntzak ustekabean hartu ninduen. Politikaren ur handietan irudikatu ohi nuen Astoreka, sekretupeko galerna ilun ikaragarriekin borrokan, aberriaren aldeko ahalegin bete eta eskergabeetan, edozein gobernuk bere hondakinak desagerrarazteko egin behar omen dituen lanez arduraturik agian.

        Zakarrontzira bota nuen gutun-azala, irriz. Bai, kontu hari irrigarri iritzi eta ezin irri egiteari utzi. Baina irrigarriena neu nintzen, halako burutapen ergelak izateagatik, nire lagun jatorren jatortasunean sinesteagatik. Merezirik nuen, bai, zalantzarik gabe. Sobera zaharra nintzen ipuinetan sinesten jarraitzeko. Ipuinetan, istorioetan, pasadizoetan, elezaharretan eta antzeko zozokerietan. Zu ere bai, jakina. Nire kontakizunari adi-adi zaude, interesaturik eta harriturik, itxuraz. Zure hatsaren hots astuna belarrian, badakit laster erranen didazuna hausnartzen ari zarela.

 

 

Begoña, erran duzu. Begoña, hori bertzerik ez. Ez Begoña gajoa, edo zoritxarreko Begoña. Ez. Noizbait lagun min izan zenuen haren ponteko izena soil-soilik. Aspaldiko lagunarekin oroitu zara lehenik eta behin. Bortz seme-alabez geroago. Begoña erran duzu eta ez duzu bertze deus gehitu, horretarako beharrik ez balego bezala, hartaz adierazi gogo duzun guztia Begoña izenak adieraziko balu bezala. Haren izenarekin aski da, nonbait, ez dago gehiagoren beharrik, Aipaezinaren izenarekin aski den gisan. Istorio polita duzu kontatu dizudana, ez ukatu, adi egon zara-eta denbora osoan. Ezin ukatuko duzu pozgarria izan dela zuretzat ere. Mendeku gisako zerbait. Hark jasanikoa gurearekin alderatzerik ez dagoen arren, bistan da zerbait pairatuko zuela, min pixka bat hartuko zuela.

        Edo ez.

        Nire zalantzak aztoratu egin zaitu. Azalpen bat eskatu, exijitu didazu, zure begi ezin zabalagoetatik. Adiskide ohiaren nozitzeak zurea arintzen du, eramangarriago bilakarazten. Lagundurik sentitzen duzu zure burua, nirekin ez bezala. Segundo, minutu, ordu batzuk utzi ditut pasatzen derrigorrezkoa bide zaizun azalpenari lotu aitzin. Oraindik geratzen zaizun bizi kemen poxia eskaini didazu, eta horrekin gozatu nahi izan dut ahalik eta luzeen.

        Edo ez, zalantza berritu dizut, nire azalpenaren atari. Ziur aski Begoñak ez daki deus, diotsut, ziur aski Kosmek ez dio deus kontatu. Noski, onartu duzu, Begoñaren ezjakintasun seguruaz jabeturik. Alderdi zaharraren sekretu aitorrezinenak gordetzen dituenak, nola ez ditu, ba, bere-bereak gordeko? Nire galdera ederki aditu duzu, egin gabe ere. Etsi egin duzu. Inoiz mendekurako gogorik izan baduzu, bitartekorik gabe geratu zara bat-batean. Edo ez. Berriz zalantza. Geuk esango diogu, erratera zoazelarik, ulertu duzu alferrikakoa litzatekeela, Begoñak ez lizukeela deus sinetsiko. Mendeku gogoz asmaturiko gezurtzat joko luke, bere senarraren aurkako eraso politikotzat. Azken finean, muturreko abertzaletzat gaitu: erdi komunista, terrorista, halako azpikeriak eta maltzurkeriak egiteko gai. Horixe bertzerik ez litzateke izanen guk kontaturikoa Begoñarentzat. Eta, gu ongi ezaguturik, hark ezagutzen gaituen gisara, sinesgaitza behar lukeena sinesgarri bazaio, areago iritziko dio sinesgarri bere senarrak kontaturiko bertze zernahiri. Heriotzak biak banatu arte. Politikari baten andrea da Begoña eta ohiturik egonen da senarraz zikinkeria franko aditzera. Gure, zure ahotik entzunen lituzkeenak baino garratzagoak ere bai, seguru.

        Mundua da galdu dena.

        Deabruak gara haientzat, duela ez askorik ia etxekoak izan arren. Horixe gara Begoñarentzat. Eta Kosmerentzat? Astorekarentzat ez, harentzat bertze zerbait gara. Begoñak ez gaitu ikusten, ez gaitu ikusi ere egin nahi. Astorekak, aldiz, begipean gaitu. Begipean nauka. Gaizki ikusten nau. Ni ikusi ordez, nire izen bereko bertze bat ikusten du bere eldarnioetan. Ni benetan naizena ezagutzeko arazo larriak ditu nonbait eta bere beldur, arrangura, bekaitz edo mendeku grinaren arabera ikusten nau. Mehatxagarria natzaio batzuetan, eta bertze batzuetan mespretxagarria.

        Horiek zuri otu zaizkizu, hipotesiak baino ez dira, zehaztu nahi izan didazu. Onartu dizut zuzenketa. Beti bezala.

 

 

Beti maite izan duzu ni zuzentzea. Okerra zuzentzea. Nirekin ezkondu aitzin zinen irakaslea, maistra, andereñoa berragertzen da, eta halakorik ez errateko diostazu, profilaktiko deitu behar zaiola, ez kondoi zatar hori. Adibidez. Irri egiten zizun semeak ere halakoak entzuten zizkizunetan. Ia erabat desagerturiko espezie bitxi baten hondar alea zinen harentzat, eta erran egiten zizun eta irri egiten. Ama, faborez, eskatzen zizun, zure erretolika bukagaitzaz aspertutakoan. Nik ere eskatu izan dizut maiz, baina niri jaramonik ez, kalakan segitu duzu, nire eskaerei sorgor. Orain bezala. Horregatik diotsut baietz, baietz eta mila aldiz baietz, amore ematen dudala, beharbada Astorekaz adierazi dudan guztia okerra dela, hipotesi oker eta anker bat baizik ez oro. Nahi duzuna, dena onartuko dizut, den-dena. Gaizki jokatu dut, baiki, sobera bizkor eman dut amore. Horrek eraman zaitu gibelera egitera eta seguru asko nire hipotesiak egokiak direla adieraztera. Harriturik utzi nauzu. Eta berriz ere harritu nauzu, Astorekaren traizioaz segitu duzularik: Bere andreari hori egiten badio...

        Burutu gabe utzi duzuna ere aski da zer iradokitzen ari zaren jakiteko. Bere andreari, bere bortz seme-alaben amari. Hori erraten ari eta, bat-batean, solastatzeari utzi diozu. Ez dut uste hagitz isilune luzea izan denik, baina niretzat bai, hagitz luzea. Zuri begiratzeko astirik izan dut bederen, kopeta nola ilundu zaizun ikusteko. Zuk inoiz... erraten hasi zara, baina, berriz ere, eten egin duzu zure jarduna. Aski duzu hitz pare horrekin, honezkero bai. Hitzik gabe ere, aski zenuke, begirada horrekin. Nik inoiz eginen banizu Astorekak emazteari egin diona, nire zigorra zein izanen litzatekeen adierazi nahi didazu, badaezpada ere. Horretarako premia balego bezala. Ezagutu dudan emakume bakarra zarela ongi baino hobeki ez bazeneki bezala. Bizitza osoko maitasuna izanen da, ezinbertzean, gurea. Elkartu ginenetik ez gara behin ere bereizi, behin ere ez. Elkarrekin egon gara ospitaletan eta elizetan, bataioetan eta hileta elizkizunetan, Ezkurdin. Pixkanaka, gorputz bakar bat osatu dugu, harriaren laguntzaz, diamantea baino gogorragoa dena eta nekez bana daitekeena. Maitasuna deitzen ahal zaio horri? Baliteke. Nolanahi ere, deitu batera edo bertzera, inolaz ere hautsi ezin dugun uztarri baten pean gabiltza orain dela mendeak eta, itxura batean behintzat, berdin ibiliko gara aitzinean ere. Zu eta biok. Bi amoros zahar bero, Zuberoako kantu haren gisakoak. Bi amoros zahar bero, bidean tipi-tapa ibilki, inoiz galduriko semearekin biltzeko betiko. Zure begiradak erran eta ziurtatzen dit.

        Beti.

        Hitz horrekin dena adierazirik dago. Begiratzen dizut eta hor dago zure begiko iris, kristalino eta erretinan. Beti. Eta zure begi-ninian ere bai. Baita zure esklerotiko eta umore urtsu eta beirakaretan ere. Beti. Betiko. Heriotzak banatu arte.

        Begoña eta Kosme bezala.

        Ez dago denbora baino sakramentu indartsuagorik. Eta gu denboraren harrizko aldarean ezkondu ginen, eta haren harrizko pontean bataiatu genuen semea. Denborak babesten gaitu betiko, larruzko sofa zuri honek babesten gaitu. Denbora zeharreko bidaietarako kapsula dugu, izartegian barrena garamatzana. Gure baitako izartegian barna, noski, arras mugaezina dena. Bidaia izugarria, etengabea. Beti.

        Maitasuna omen dugu bidaia horretarako erregai. Horrek mugiarazten omen gaitu, horrek bultzatzen. Areago, hegan garamatza, harrizkoak izan beharrean, paperezkoak izanen balira bezala gure gorputzak. Maitasuna diozu, maitasuna diot, eta badirudi irratia entzuten ari naizela (irrati formula horietariko bat), aknez beteriko nerabe bat naizela. Baina zaharra naiz. Zaharrak gara. Bi amoros zahar bero, onenean. Beti diozu eta seguru egon gaitezke, guztiz. Beti diozu eta ez duzu erran behar bertzerik.

 

 

Beti. Hor bizi gara, hori da gure herria: izartegi osoa baino anitzez handiagoa, izugarriagoa, gaitzagoa. Harrizko gure herri hau. Harrizko oinarriak ditu betikotasunak. Harria dugu guk ere haragi, batzuetan ahanzten bazaigu ere, ahantzi nahi badugu ere. Bai, gau guztien ama den gau eternal hau hasi aitzinekoak izaten jarraitzen dugula sinetsi nahi dugu batzuetan. Halako xelebrekeriak bururatzen zaizkigu noizean behin, auskalo aspaldiko nartzisismo baten hondarrak diren edota oraindik ezezagun dugunarekiko beldurra. Gure funtsezkoenari, aldiz, ezin sobera luze itsuarena egin, eta hori harria da, harria eta ez bertzerik. Horrek batzen gaitu.

        Beharbada aipatu berri dudan nartzisismoa dela eta, oraindik bi garela (bi gorputz, aske eta bakanak) pentsatzen tematzen gara. Alferrik eta debaldetan, erran gabe doa. Xelebrekeriak xelebrekeria, hori dugu azkena eta, ziur aski, guztietan xelebreena. Honezkero, irrigarria da gutariko bakoitzarentzat balizko bitasun hori, irrigarria bezain soberazkoa, zarrastelkeria hutsa, krisi garai batez. Denetarik bina? Bina zango eta oin? Bina beso eta esku? Bina begi? Sobera. Aski dugu gorputz bakar batekin. Harrizko gorputz batekin. Gorputz bakar bat aski da gure beldur, zalantza eta galderak gordetzeko. Zure betiko galdera harrizkoa gordetzeko:

        Zergatik egin zion hura?

        Nire istorioek denbora pasatzen laguntzen dizute, baina nekez urrun dezakete zure harrizko galdera nigandik. Harrizkoa baino gehiago altzairuzkoa da, pitzatzeko ezinezkoa eta istorio indartsuenek ere deus guti dezakete horren aurka, hain da gotorra. Denbora erosteko baizik ez dute balio, halabeharrez etorriko dena gibeleratzeko, pixka bat bertzerik ez izanagatik. Bertzeen kezka eta pairamenak entzunez, gureak ahantzi ez, baina gure garunaren hondora bidaltzen ditugu, aldi batez bederen. Hondo horretan egon nahi genuke luzaz, hortxe egon, atseden hartzen dugun bitartean. Zuk ez dakizu atseden hartzen eta ez duzu sekula jakin. Zer edo zertan aritu behar duzu etenik gabe, zer edo zertan jardun, inoiz jaso ez duzun (eman ez dizudan) erantzuna jaso arte. Horregatik galdetzen didazu behin eta berriz, nekagaitz. Eta horrexegatik ahalegintzen naiz istorio berriak oroitzen. Oroitzen, ez asmatzen, txarra bainaiz horretan. Denboran gibelera egin eta memoria arakatzen dut, beraz, lasaituko zaituen, entretenituko zaituen zerbaiten bila. Zaila da, korapilatsua. Istorio berdinak agertzen zaizkit salbuespenik gabe, pertsonaia berberak. Betikoak: Astoreka, haren emaztea, haren maitale niretzat ezezaguna, zengotitatarrak, Bakeroa...

        Eta Aipaezina.

        Zuk hura aipatu orduko ihesi irten nahi nuke, baina eragotzi egiten didazu zuk. Galdera, betikoa, duzu horretarako tresna eta lanabesa. Hori darabilzu hitzetik hortzera, ihesbide eta zirrikitu guztiak niri ixteko. Stop, diostazu, geldi zaitez oraintxe bertan. Eta nik, nekaturik eta istorio posible guztiak sobera erabiliak ditudalarik, eta garuna huts eta errea, amore eman eta etsi egiten dut, eta baietz diotsut azkenean, berehala lotuko natzaiola duela mendeak egiten didazun galdera erantzuteari. Bat, bi, hiru erranen dut, eta hor hasiko natzaizu inoiz hainbertze maite izan zenuen neskaren kontuekin goiti eta beheiti. Bai, zuk diozun bezala, sorgin beltz horren kontuak aletuko dizkizut, zure betiko galdera zurrun horretarako erantzun egokia aurkitu arte. Nire ustez egokia, behintzat, gerta daitekeelako zure gustukoa ez izatea eta, orduan, bertze baten bila hasi behar izatea. Zernahi gerta daiteke zu tartean egonik, egia erran. Prest nauzu, hala eta guztiz, zure zergatik horri istorio koherente eta sinesgarri baten bitartez erantzuteko. Orain.

 

 

Koherentea, sinesgarria, ba al da halakorik? Hitz pare hori erratearekin batean lotsatu naiz. Beharbada istorioak asmatzeko, oroitzeko eta kontatzeko garaia joan zaigu, eta egia erratekoa etorri. Horixe: egia. Egia bertzerik gabe, egia hutsa. Gure gorputz hau bezain egiazkoa den egia osoa. Harria bezala gutaz jabetu den damua bezain egiazkoa eta astuna. Dagoeneko areago ezin hondoratzen ahal gaituen damua.

        Hondoaren hondotik ari gara, esperantza, edozein motatakoa, loratzeko ilunegia eta hotza den ospel honetatik, eta denak berdin dio. Orain. Zernahiz solasta gaitezke, beraz, libreki, oinazearen beldur izan gabe. Zergatiak argi daitezke, eta erantzun. Adibidez, zure betiko galderaren zergatia. Eta badugu, hondarrean, Aipaezinaz ere libreki mintzatzeko aukera. Aipaezinaz edo, zuzen erranik, Leirez. Garaia baita gauzak diren bezalaxe izendatzeko, eufemismo eta hitz erdiak alboratzeko.

        Bai, diostazu. Baietz, nik adierazirik bezala hitz egiteko prest zaudela, gure semearen neska izanikoaren izen osoa, benetakoa, aditzeak oraindik min ematen dizula ezagun duzun arren. Absurdoa da, gure gorputzetan ez bailuke minaren arrastorik egon behar. Baina hala da, mina hor dago oraindik. Harrigarria izaten ari den gure oinazea. Hilzori luze hau.

        Zergatik egin zion hura?

        Leirek ez zion gure semeari deus txarrik egin. Maite zuen.

        Maite izan balu, ez zukeen inoiz utziko.

        Utzi zuen, bai, baina hilabete luzeetan sufritu eta gero.

        Nik ez zaitut utzi...

        Egia, zuk ez nauzu inoiz utzi, nik inoiz utzi ez zaitudan gisa berean. Baina gu zaharrak gara (ia ez gara), eta hura gaztea zen. Bizitza osoa zuen bere aitzinean eta bizi egin nahi zuen, bizi egin behar zuen, bertze zernahiren gainetik. Ezin zitzaion eskatu, bizi zedila bizi nahi ez zuen batekin. Eta gauzak argi, Enekok ez zuen bizi nahi. Eramangaitza zitzaion bizitza, sobera latza. Sinestea neke bazaizu ere, Leirek maite zuen, salbatu nahi zuen, baina, zorigaitzez, kontrakoa nahi gure semeak. Egin zuena ez egitekotan, zer egin zezakeen? Erran iezadazu: zer?

        Ahoa irekitzen duzu eta mingaina astintzen eta, hala ere, hitzik ez duzu egiten. Borbor batean irteten da hotsa zure ahotik, zapart egitera joanen bazina bezala. Nigandik bereizi nahi duzu. Baina denborak, harriak eragozten dizu. Nirekin egotera kondenaturik zaude, Leire gure semearekin egotera kondenaturik egon zedin nahi zenuen moduan. Hura, aitzitik, gaztea da eta bere burua askatu ahal izan zuen, guk ez bezala. Hori al da barkatu ezin diozuna, gaztetasuna?

        Ez.

        Sinetsi egiten dizut. Menturaz, Enekok Leire zu bertze maitatu izana da barkatu ezin diozuna. Menturaz Leireren jeloskor zara. Auskalo. Baina kontua da, ez diozula erruki mendreenik. Ezta niri ere. Traizioa egin dizudalakoan zaude, eta horixe aurpegiratzen didazu zure mututasunetik, bi ilargi bete diren zure begi garden horietatik. Bizkarra erakusten didazunetan ere, nigan sentitzen ditut, bi orratz neure larru azalean. Haien ziztada etengabea eta mingarria da eta, batzuetan, garuna ere zulatu behar didala iruditzen zait. Budua egiteko baizik balio ez duen trapuzko panpina naizela sentiarazten didazu, zure orratzek larrua zeharkatzen didaten bakoitzean. Jo, astindu, zafratu, mankatu ahal den panpina itsu bat naiz zuretzat, labana batez zabaldu eta bere lastozko bihotza erauzi ahal zaion panpina trakets bat. Alkohol merkez betetzen duzu ahoa eta aurpegira botatzen didazu, molde horretan ni suntsitzeko zeremoniari hasiera emanez.

 

 

Zeremonia hasi da, beraz, eta aurpegia busti, erre didazu suzko edari horrekin. Letaniarekin jarrai dezakezu. Traidore halakoa, traidore zikina, traidore beltza, eta abar. Bertze mantra bat. Mantrak zer dioen gutienekoa da. Hasieran garrantzitsuak diruditen hitzak garrantzi guztia galduz joanen dira, mantra kantatu ahala. Errepikapenaren errepikapenez, bertze zerbait bilakatuko dira. Berdin dio hasierako hitz horiek jainkoari eginiko laudorioak edo bertze zerbait diren. Nire aurkako irainak ere izan daitezke, edo galderak, zuk mila milioi aldiz errepikaturikoak.

        Marka guztiak hautsi dituzu. Guinness-en liburu ospetsu horretan egon behar zenuke. Leire traidoretzat jo eta gero, ni jo nauzu, zure kontra jardun dudalakoan. Bada garaia zentzugabekeria baztertzeko eta argiki mintzatzeko. Leirez ere bai.

        Maiz erran izan dizudan bezala, Leirek gure semea maite zuen, ahal izan zuen arte bai, seguru. Enekok maite zezala utzi zion arte. Baita ondoren, ordurako maitemindurik ez egonagatik ere. Berak aitortu zidan, elkartu ginen batean. Ez, ez nizun deus erran. Mina saihestearren isildu nizun, haren aitorpenak eragiten ahal zizun ezinegona saihestearren. Ziur aski gaizki jokatu nuen. Ziur aski kontatu behar nizun, eta Leireren sufrimendua ikusarazi.

        Ezer ezin da ama baten sufrimenduarekin konparatu.

        Bai, zuk diozun bezala izanen da noski, nik aita baten sufrimenduaz baizik ezin baitut solastatu. Leireren oinazea, ni nauzu lekuko, latza izan zen, barren-barrenekoa. Eneko utzi eta gero ere iraun zuena.

        Ez dut uste.

        Nik erranikoak gezurra behar du, zure irudiko. Enekorekin bueltatuko zen bestela, diostazu, hainbeste maite bazuen, ez zuen bakarrik utziko, txakur bat legez. Inongo zakurrek ez luke gure semeak eginikoa eginen. Zaunka eginen luke, ulu eginen luke, hozka eginen luke, baina egundo ez luke bere burua hilko. Hori ez, ezta eroturiko zakur batek ere.

        Eta orduan zu zara zakur bilakatzen dena eta niri zaunka hasi eta hozka ere egin nahi didana. Letagin zorrotzak erakusten dizkidazu, mehatxu gisa. Isil zaitez, ohartarazten didazu, lepoko zaina zulatuko dizut bestela. Labanak diruditen letaginak dauzkazu, ausiki bakar batez nornahi hiltzeko modukoak. Baina ez naute izutzen. Nekez hilko duzu dagoeneko hilik dagoena. Nola hil dezake hildako batek bertze hildako bat? Berant zabiltza. Leire zure atzaparretatik urrunegi duzu, eta ni aldamenean izateak ere ez dizu mesede handirik eginen. Ni akabatzeko zure burua ere akabatu beharko zenuke, gainera, aspalditxotik bat eta bakarra baikara, bereizezinak. Menturaz horixe da egin asmo duzuna. Leihoa zabaldu nahi duzu eta hor beheiti joan, hegan egin lur gogorrarekin bat egin arte. Harria harriaren kontra. Ederra litzateke. Ederra eta ezinezkoa.

        Zergatik?

        Haatik, erantzunen nizuke gustura. Baina hori erran ordez, nire iritzia azaltzeari lotu natzaio tai gabe, azalpenek zerbaitetarako balioko balute bezala. Orain. Baina nola mugitu harrizko gorputz bat? Nola heldu leihoraino eta hara igo? Ez, ez da posible. Eta biok badakigu. Geure burua leihotik beheiti bota beharrean, sofa honetatik beheiti botako dugu, nonbaitetik botatzekotan.

        Mundua da galdu dena.

        Bai, galdu egin da mundua, galdu egin zaigu semea, eta larruzko sofa zuri honetan ari gara gu geu galtzen.

 

 

Galtzen, ttipitzen, kizkurtzen, deuseztatzen ari gara, izar hauts bilakatzen, harri hondar xehea. Beti. Ulertzen zaitut. Hori uste dut bederen. Zure, gure pena arinduko duen zerbaiten bila aritzen zara, eta errudun bat aurkitzeak mesede eginen dizulakoan zaude. Oker zaude. Oker gaude. Beti. Eta errudun bat aurkitzekotan, hobeki duzu errudun egokia, benetakoa, nagusia aurkitzea. Ez duzu uste? Leirek ez du ezeren errurik, sinets egidazu. Eneko zergatik utzi zuen dakizularik (beti jakin izan duzu, nire aburuz), galdera aldatu behar zenuke.

        Zerk, nork eraman zuen gure semea eromenera eta, ondorioz, heriotzara?

        Horra zer galdetu behar zeniokeen zeure buruari, alferrik eta zentzurik gabe amorratu ordez. Galdera horrek erantzun erraza du. Errudun nagusien izenak ezagutzen ditugu. Alde-aldera badakigu nork, noiz, non eta zer egin zuen. Zergatia ez, baina. Zergatia asmatu behar dugu. Nire susmoak azaldu dizkizut eta zuk zureak niri. Bat gatoz zenbait hipotesirekin, batez ere Astorekaren ardurari dagokionez. Antzezpen gautar negargarri honen bigarren mailako pertsonaien ardurak zehaztean hasten dira gure ezadostasunak. Gure arteko xextrak eta kalapitak. Tamalez, Leire erratea aski da. Istantean, leherketa dator.

        Beti.

        Leire, sorgin beltza, puta koipezto hori. Stop. Andretxo maltzur, Marizikin hori. Stop. Uko eginen diot gehiago aditzeari. Matxinatu, jarki egingo natzaio zure errepikapen setatsu eramanezinari. Stop eta mila bider stop. Erran Astoreka, erran Begoña, erran ertzainak edo Bakeroa aipatu, nahi duzuna adierazi. Baina, faborez, ez Leire ahotan hartu. Zure mututasunak ez dezala haren izena zabartu, ez dezala lohitu. Ez dezala ukitu.

        Zigarreta bat piztu dut.

        Zigarreta bat piztu behar izan dut nire asmoen sendoa agerian uzteko. Nire harrizko asmoak. Haserre egin didazu, noski, nik espero bezala. Muzin egin diot zure muzinari, ordea, eta kezko bandera bati eragin. Bandera gorria, arriskuaren seinale. Hor paratu nahi izan dut, hala-moduzko muga, banaezina banatzea posiblea balitz bezala oraindik. Matxinadarako bandera duzu aldi berean, altxatzeko deia, kapitalismoaren harriak dena bereganatu eta irentsi baino lehen.

        Hondamendia.

        Segundo, minutu, orduetan barrena hondamendiaren jendakia den halako egonezin azken batean absurdoa datorkizu. Bizkorki hedatzen ari zaizu gorputz osoan eta zure soinaren milimetro bakoitzaren jabe egitera doa.

        Zelan dakizu hori?

        Aise. Zure gorputza neurea ere bada aspaldi, zuk sentitzen duzuna sentitzen ahal dut nik halaber. Egia, diozu. Egia. Hori diozu eta, horrekin batean, etsi egiten duzula ere adierazten ari zara. Behin betiko etsi. Sekulorun sekulotan. Edozein ahaleginen irrigarritasuna adierazten ari zara. Oharkabean, bistan da. Dena dakizu eta deus ez duzu jakin nahi. Hor zaude. Hor gaude. Oraintsu arte eternala iruditu zaigun aldi honen bukaera, berriki arte hipotesi xelebrea baizik izan ez dena guretzat, hurbila zaigu, beldurgarriki hurbila. Mendeak, urteak, hilabeteak, asteak, egunak, orduak, minutuak, segundoak, segundoaren hamarrenak, ehunenak, milarenak, horiek denak eta ttipiagoak ere ahitzen ari dira, ahitzen ari zaizkigu, banan-banan. Gero eta bizkorrago, gero eta errukigabeago.

        Lar astiro, hala ere, diostazu.

        Baietz nik, zer edo zer errate aldera.

 

 

Deus ez errate aldera solastatzen gara. Ohituraz solastatzen gara, horixe egin dugulako mendetan. Erran beharrekoa aspaldi errana dugu eta, solasean jarraitzen badugu, inertziaz, bertzerik egin ezinean jarraitzen dugu. Ahoskatzen ez ditugun hitzek osaturiko kateak lotzen gaitu, harriak bertze. Horien gatibuak gara. Insomnioaz ahanzteko behar ditugu agian. Lo kantatzat hartu ditugu eta noizbait, laster, lokartuko garela amesten ahal dugu. Solas eta molas ari garelarik, horditurik bezala aritzen gara, mundutik aparte bezala. Hitzak elur malutak dira, etengabe elkarren gainean erori eta erori. Gure gainean. Elkarri jaurtikitzen dizkiogu, elkarri egiten diogu harrika.

        Mundutik aparte bezala.

        Bertze planeta, galaxia, unibertso batetik, hagitz urrundik. Zenbat eta hurbilago, hainbat eta urrunago gu. Kontraesankorra, erranen luke Roderak; paradoxa ederra, Salaberriak. Ni isildu eginen nintzateke, isiltzera noa, ahal orduko. Mihi ero honi atxiki, eutsi ahal orduko, ez berehala, beraz. Lautada bukagaitz batean zehar lauhazka doan zaldi itsu bat da, menperatzeko, bezatzeko zaila. Irrintzi egiten duen zaldi bat:

        Eneko!

        Horra gure harrizko mihi bakarraren irrintzia, gure seme bakarrari eginiko deiadar bakar eta azkenik gabea. Gure gorputzaren gainerako hotsak bortz axola, horrek baino ez digu ardura.

        Eneko.

        Hitz, izen bakar horretara mugatu dugu unibertso osoa. Gurea. Horrekin aski dugu. Ez dugu bertzerik behar, dena baita hor, bortz letra horietan, hiru silaba horietan. Bada haren sorreraren une erogarria, bada ikastolara eraman genuen estreinako eguna, Lezamara eraman genuenekoa, baita oraindik gure malenkonia hauspotzen duten bertze egun zoriontsu batzuen oroitzapen ezin argiagoa ere. Horiek denak eta hamaika gehiago ditugu une oro gogoan, bizi-bizi, duela segundo guti batzuk lehenagoko kontuak balira bezala. Behin eta berriz begiratzen ditugun argazki koloretsuak dira, aitzitik, ederrak baina deus guti gordetzen dutenak paperaren mugetatik at. Zorigaitzez argazki guztiak ez izan kolorezkoak, ezta oroitzapen guztiak atseginak ere. Zakarrak ere badira, baditugu, ugari. Gaua betiko luzatu eta insomnioaren morroi bihurtu ginenetik. Insomnioaren morroi bihurtu ginen. Eta damuaren otsein, zerbitzari, jopu, erabateko menpeko. Aspaldi.

        Orain, orain erratea lehen erratea da, nahitaez. Beti. Gero erratea ere bai. Iragana dugu izan dezakegun etorkizun bakarra. Bihar erratea, jainkoa aipatzea bezalakoa da, zerua aipatzea bezalakoa, asmo polit bat ozta-ozta. Polita bezain hutsala. Arras alferrikakoa. Etorkizun, ikuskizun duguna hainbat bider ikusirik dugu jadanik. Semeak erakutsi digu, hura ibili baitzen, aspaldi, gu ibiltzen ari garen bide berberean. Ezin hobeki ezagutzen du: bihurgune guztiak, bazter eta zoko guztiak. Enekoren gibeletik goaz gu, haren azalpenei adi. Aitzindari dugu eta urrats bakoitzean aitortzen diogu. Bidearen albo banatako arriskuez ohartarazten gaitu. Bandera gorria astintzen du, eta hori egiten duelarik, badakigu kontuz ibili behar dugula, bide ertzean eta sasietan norbait dugula atezuan, gure gainera jauzi egiteko gertu. Munstro bat edo. Kapitalismoa edo. Gu geu.

        Inork ez gaitu salbatuko.

        Enekok erakutsi zigun hori ere. Inork ez digu errukirik izanen. Batez ere, denborak. Batez ere, harriak. Ez dago horretarako astirik. Denborarik gabeko mundu batera goaz.

        Mundua da benetan galdu dena.

        Lo egin gura dut, diostazu. Lo.

        Beti.

 

 

Lo egin nahi dugu. Horrekin egiten dugu amets. Lorik gabeko ezin konta ahalako gauen pisua ninietan pilaturik, begiak oharkabean itxi, betiko itxi. Nekea ere astun gure hezurretan, goitik beheiti kaltzifikatu gaituen harria nola. Zangoa mugitu duzu bat-batean, elektrikak joa irudiz, bortxaz. Min pixka bat egin didazu, baina ez dizut deus erran, munduari jo nahi izan diozun hondar ostikoa izan delakoan. Hondar seinalea, hondar mezua:

        Utzi bakean.

        Mundua, aldiz, gorra da, denbora den antzerakoa. Gelditzeko eta gibelera egiteko erran ohi diogu, baina hark jaramonik egin ez eta aitzina segitu, ezaxolati, zonbi baten gisan. Ez du gure eskaera aintzat hartu. Guri erreparatu gabe iragan zaigu albotik, hor egonen ez bagina bezala. Eta menturaz, dagoeneko ez gaude, ez gara, hasi gara izateari ere uzten. Harria, azal eta mami dugun harri orain arte gotor hau hasi da pixkanaka-pixkanaka pitzatzen, desegiten, xehatzen, hondar bilakatzen. Hondar bilakatzen lurrarekin arras bat egin arte. Beharbada zure begiak baizik ez dira gugan geratzen, telebistaren pantaila itzaliari atxikirik beti. Horiei esker jasotzen dugu kanpotik jaso ohi dugun munduaren berri apurra: itzalen dantza urduri etengabea. Baina sobera berant da, sobera eramangaitza hainbertze egun berunezkoren zama. Azken ahalegina egiteko garaia da. Sofa honen abarotik irten behar dugu. Hemendik jaiki eta, kosta ahala kosta, leihoraino heldu hura irekitzeko, egongela honen giro ustela egurasteko, etxe osoaz jabetzeko. Elurrak dena estali, garbitu eta eder dezan. Gu estali, garbitu eta, ahal den heinean, eder gaitzan. Lurrerako presta gaitzan, aspalditxotik zain dugun semearekin bat egiteko. Hirurok, biluzik, elkarrekin lo egiteko lur hotzaren azpian.

        Lo, betiko.