Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

28

 

Zuhaiztitik astiro urten eta errepidean izan dira Adela eta Onofre. Egunaren garrantzia bidean zenbat auto doazen kontuak eginez ohartzekoa da. Bolanderetariko bat hartuta seinaleak egiteko lehen maniobrari ekin gura izan dio gizonak.

        —Zertarako seinaleak? —Adelak eskutik kendu dio bolandera—. Alferrik da ni urez joatea Jon barik, ze, beraren zer ezkutukoengatik, eta Doroteoagaz duen hartuemonagatik izan naiz harekin joateko. Orain alferrik da ni ezkutuan ibiltea.

        Errepidea utzi eta itsasadarra loditzera datorren errekasto baten jarioari jarraitu diote, alboko herriko kanposantuaren bila. Berau ere alboan utzi eta burdinbidea zapaldu dute. Atalaiarik hoberenetan dira hilerriak inguru honetan, alde batera utzita abrako irlatxoko hotela, zeinetako teilatuan errebelde garaileen bandera ageri den, Caudilloari agur egitera errekan behera doazen itsasuntzitxoetan bezala.

        —Horreetariko izan beharko zan gurea —Adelak baretasun berezi batez egiten du berba, zelan eta barruko gorapiloren baten askatzea iritsi duen moduan.

        Eta, bapatean, Isabelita lokomotoraren lurrun-adarraren buztuna etorri zaie belarrietara. Karrilak dardar crescendo batean sartu dira. Alborantz egin dute, Caudilloari ondo-etorria egitera datozenekin beterik doan trena bere joanean ikusten dutelarik. Bihurduran izan da eta, lokomotorak azpiko ardatzak eta langa-burdinak, balbulak eta hariak, heste guztiak erakutsi gura izan dizkiela otu zaio Onofreri. «Juan, Juan, mekaguen!» mamurtu du, karriletako dardara oinen azpiraino hedatzen zaiolarik.

        —Berau trena hartuko dot bueltan —Adelaren baretasunak mutu uzten du Onofre.

        Bolanderen hots berriak lehertu zaizkie geltokia zapaldu orduko. Ospakizunetarako eguna da. Burdinbidearen sendotasuna dirudi Erregimenarenak. Gorroto geldo batek bete gura dio barrua Onofreri. Urgora bezala etorten datorkiola nabari du.

        Adelak igarri egin dio. Esku batetik oratu eta artez aurpegira begira diezaion, beste eskua samara ekarrarazi dio.

        —Zeugaz joango naiz —esan dio Onofrek chester baten premia larriak zatituriko ahotsaz.

        —Txittt! —Adelak isiltzeko agindu dio—. Nire erabakiak neuk egin behar dodaz.

        Isabelitaren lurrun-adarrak haizea beste aldetik duela adierazten duen urruntasunetik etorri zaie. Onofrek berak bere erabakiak bihotzaren aginduetatik libre egin duela, urteetako porrotari aurre egin eta etorkizuna bere eskuetan hartzeko modua dela, zigarro bat piztu gabe hitz egiteko gauza ez dela, purrustadan bota du guztia.

        —Ganera, Anagaz ez naiz konpontzen —esan duenean Adelak isiltzeko keinua egin dio berriro. Trenaren aborrots itzelak gainez egin die une batez ahotsei eta galgakadak bere azken krakada egin batera lurrunak ere arnasa hartu gura moduan izan da. Isiltasun itzela egin da geltokian, eurak bai bait dira hango mundu guztiak beharginak salbu.

        Gurdiari berriro tiratzeko zain legokeen abere itzelenaren moduan, lurrunkadek lokomotoraren artegatasun izpi bat adierazi dute. Geltokiko buruak, gala egunetako alkondara beltza eta zingoladun kapela, txilibitua errementarazteko moduan egin du putz. Adela plataformako ateari eusten, nasan geldi Onofre, orduantxe etorri zaio emakumeari eskutitzaren akordua.

        —Goizeon karteroak atetan itzi deutsu hau —Onofrek gutuna luzaten dion eskuari eutsi dio, laztanez—. Ez hadi erratu —esan dio orduan Adelak, hizkera aldaturik, trenak aurrera eta eskua ere berarekin ihesean—, gau batekoak ez jok mundua egiten eta bihotzak lau zulo diaukazak.

        Lokomotorak abiada hartu du, indarra lurrari kendu eta honek ikaraz erantzuten diolako eran. Adela bagoian sartu da, agurra ez luzatzearren. Eskuan duen gutuna norena den idazkerak berak esan dio. «Anita», traizio egin dio barruak izenarekin. Irakurri gabe tolestu eta atzeko partikaran gorde du. Oraingoz ez du ziurtatu gura susmoak diotsona egia ote den, emazteak eskutitza idazteak esan gura behar duena, hau da, Bilbon geratzen dela, umearena dakiela, euren artean sekreturik ez dagoela, barrua erretzen izan dion beldurra abuztuko egun argitsu honetan gauzatu dela; eta beldurraren lekuan bake-aire batek bete gura diola ohartu da.