Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

20

 

Onofre datorren hegazkinak Sondikako lehorra ikutu dueneko zerua goitik behera jausten moduan hasi du euria. Abenduak hilik ankerrena dela erakutsi gura izan die, eguerdiko ortze kedarkararen bidez, eta edurra dakarrela esan dio Londonetik Bilbora hegakide izan duen ezezagunak, hantxe airesuge helizetsuaren tripa barruan zutunik dagozelarik. «Sasoia be badok edurrena», ohikeriaz josi duten berriketaren azkena izan da. Eskaileretan behera jaitsi eta arrapaladan joaten hasi dira denak, han aurrean dituzten etxekoei aieruka eta keinuka. Onofrek ez du inor zai. «Bildurra emoten dost horrek trashteak», Anitak erabili ohi duen azken berba hori ingeles kutsuz ebaki du bere kautarako. «Hainbat hobe ez etortea».

        Aireportuan bertan hartu duen taxiari Bilborako agindua eman dio, emaztearen ikarak berak herrira joan aurretik bakarkako libertadeaz gozatzeko abagadunea eskaintzen diolako pozaseturik. Golkobete eskutitz eta zorrokada liburu dakar, Anitak eta Doroteok idatziak lehenak, lagunak beronek erosteko aginduak bigarrenak. «Poesia bera be galazota diagok hemen», azilean egin zionekoan ziotson, Losada argitaletxeko titulo-zerrenda luzearen atalburuan.

        «Topa be topako ote dot bera ba?», lekoreko mortu negutiarrari beha taxiaren ibilbide guztian, tindi bat histen zaio betargia Onofreri. Liburu zerrendaren ostean elkar ezagutu zutenekoaren bazakalostean aitorturiko seta ilun berberaz idatzi zion, atzera ere, «Historia irakastea hemen Gobernu fasista onen politikea egitea besterik ez dok eta ori baino gurago joat diskoak eta kitarra sokak salduten emon nire kalbo-bizimodu tristea». Eta Adela ere tartean zegoen. «Hire preguntan ibili dok barriro be ¿zer emon eutsoan ba panderuaren soinuagaz batera?».

        «Ezebez, gu biok artean olgetan ibilteak ekartson gozamenagatik egin juan dantza nigaz». Bateleko musua ere gogoan du eta, emakumeek bere buruko ortzean marraztu duten izar-multzoaren irudia osatu guran eman du azken itsasotea. Arenaleko argizko izar artifizialei begira orain, taxia pagatzen duen bitartean, Marina ezabatu den izarloka izan dela ohartu da. 'Biscayan Sea' horrek Argentinan egin duen eskala bakarrean Lavalloleko Euskal Echeara jo zuen, bihotza ahoan. Marinaren arrasto bakarra aurkitu zuen, beraren aita, ohar laburra eskuetan eta asmo bakarra gogoan, inoiz ilobaren aita agertuko balitz ere, hari muturrak hautsitakoan umearen etorkizuna ziurtatzea. Izarloka ala une batez piztu, ernaldu eta kanposantuko airean galduriko su-txakurra izan ote den egin du bere artean, kaleko apain-argiei begira. Gorroto ditu Onofrek Gabonak.

        Segarra zapatadendaren alboan igarotzekotan izan dela, geldi geratu da, erakusten diren oskiei begira. Ilara ondo doituetan ezarrita oinetakoak, lurkarak zein beltzak, aurrekalde borobila gora begira dute. Eman diote Onofreri barreguraz lehertzear diren igelen ahoak, edo preso alaien ezpain haragitsuak, beheko zola lodia eta goiko larrualde mehearen artean osatzen duten aho banako horiek guztiak gorantz begira. Objetu berdinen pilaketa mihiztatuek egonezina eragiten diote. Afusilaketa ekarten diote gogora. Baldur izeneko vulcarrierra hondoratu ostean errudunak aurkitu behar zirela eta, goizaldeko zeru gorritua han atzean, zazpi txapelokerrak hemen eta gixajo hura hor erdian, begietan oihal beltza. Eta oilarren lehen karkarak egunargia lehertarazi orduko sei balek, sei ahotik irtenik, sei zulo egin zioten. Hamabi zapata ondo garbi ikusi zituen Onofrek, afusilatuari ez begiratzearren begiak hara ekarri zituelako. Zapata ilarek egonezina dakarkiote, barruko karramarroari joko baliote moduan. Tindi bat mugitzen zaio eta arramaskadak ildoak zabaltzen dizkio bularbarruan. Ordenuaren barruan bera ez da besterik harien bidez ihardunarazten duten txotxongilo hutsa baino. Afusilaketa ikustarazi zioten. Gero jakin zen urpekari ingelesak askoz ere lehenago ikusia zuela Baldur hura, Gijoneraino jarraitu zitzaiola, gutxienez, eta han, urpetako sugea desagertua zelakoan, berriro itsasoratu zela vulcarriera, eta afusilatu zuten gixajoa ez zela ezein sare-sekretuko hari, ez maila, ez ezer. Mendeku hutsez akatu zuten. Ez zegoen han sokarik.

        «Hori be sokakoa?», Doroteoren dendako leihoan ere zingol koloretsuak, urre eta elur, eta punpulu itxurazko bonbilatxo sustarbakoak antzematean otu zaion lehena izan da. Behingoan jakin du Doroteo dendan ez dagoena. Maleta behean utzi eta «Egunon, edo eguerdion» esan eta batera jakin du, erantzun dionak eginiko begirakunean.

        —Buenos dias —erdaraz erantzun dio, Doroteoren berdin-berdin kaska soildurik duen gizonak. Aita hurrean. Berbatik hara argitu dio, Doroteo, semea, ez dagoela.

        Onofrek euskaraz ez ote dakien itaundu dio. Ezetz, bera ez dagoela semea dagoen moduan zoratuta. «Ahí al lado vivió Unamuno», Erronda kalea gibelaldean duelako keinua egin dio, destainez, «Semea eta Unamuno, zoro bi» esan moduan. Ea ba, bakarrizketaren haria eten barik egin du aurrera gaztelera ederto tajutuan, filosofoak esandakoa, «tal vez lo más sensato que dijo» euskarari hiletak ondo egin eta ehortz genezan, horren kontra egitearren zer dela eta ikasi behar izan duen semeak euskaraz.

        —Algún recado? —josi du azkenburutzat. Liburuak ekarri dizkiola, Ameriketatik.

        Enebadaka, semeak hainbatetan aipatu izan diona dela bera Onofre, hala bada, eta atzedendara joan da, zeozeren bila, denda inor barik utzita. «Ez diabilk ba bezerorik berton», Onofrek lehenago oldoztu eta lehenago sartuko ziren familia oso bat ematen duten bospaseiak. Zarata delarik bitea, dendako sarera arrapaladan itzuli da gizona.

        —Déje los libros y llevese esto —liburuak utzi eta gizonak eman dion paketea hartu du. Eta hortik aurrera jaramonik txikiena ere ez dio egin gizonak. «Aita eta semea bi dozak honeek», atea ozta-ozta zabaldu ahal duelarik gauza guztiak aldean hartuta, aldarri egin dio, sumindura adieraztea eragotzi ezinik.

        —Eta non dago ba semea —euskaraz. Ulertu eta erdaraz erantzun dio aitak, «Se ha ido».

        Elkarri begira geratu dira une batez, ateburuan Onofre, bezeroei kaxak erakustetik kenduta begiak Doroteoren aita, biolentzi izpi batez biak, elkarrengan tajuera zehatzik gabeko zerbaiten erruduna ikusi dutelako. «Hanka egin dau», aitak atea ixteko keinuaz batera Onofreri beronek ere hanka egiteko agindua luzatu dio, euskaraz. Agindua bezeroek indartu diote. Begira geratu zaizkio eta euren begietako suteetan irrakurri du atea ixteko, hotz dagoela. Atea itxi eta kanpoan izan da. «Diskoak», fardelaren itxuran igarri du, haztatuz. Geltokirako bidean botikadenda madarikatua begiztatu eta begiak leihotik aldendu guran igaro da, gizagorputzaren barrualdeak erakusten dituen manikia ez ikustearren. «Eta Adela?», zizt egin dio bihotzak. Anita gogora ekarten ahalegindu da.

        Sendabidea okerragoa izan da gaitza bera baino, zeren gutunetan aipatu izan dizkion landareak, edabeak, ukenduak eta beste hainbat botikakeria etorri zaio burura. Gizonezkoen ezintasun hori, eta berau izan da Urigoienak agindua bete diola igartarazi dion lorratz bakarra, berak duena, ez dela betirakoa izaten, Tiarenean izan dela eta ikaragarri egongo dela ortua harek eman dizkion landareak hazita dagozenean, udazkenalderantz, eta nahiz eta «zu hona ailegatzean lore barik egon», ontzietan gorde dituela udakoak, letra ederrean idazten izan dio beti Anitak. «Kapitainaren alaba bera be!». Atxuriko La Guerniquesan geratu da, arnasa hartu eta trenen ordutegia zehatzago jakinez gero estomangura zeozer ekarri beharko duelakoan. Bedar edabeak irentsi beharko dituela susmatze hutsak gomitolarri antzekoa eragin dio. «Bermuta», piloto automatikoak eskatu dio. Beste Onofre batek trenen orduen gainean galdetu du, behingoan. «Astia dekozu» erantzun dio baserritar itxurako tabernariak. Eta ahora eroatean bermuta berau ere bedarrez egiten dela eta, ozta irentsi du basoari ipurdia agerira ekarri barik, atzamar baten hondalearekin uzteraino. Trenean damutu egin zaio dena ez edana. Loak hartzeko tindi bat baino ez du falta izan.

        «Ha hartu baheu, orain lo», errekaz bestaldeko etxe-aurpegi lohiak atzerantz galtzen dira trenak abiadura azkartzen duen ginoan. Lehen tunelean sartu eta argiak piztu direneko eskerrak eman ditu, lo ez egotearren, zeren lurpean doan sugearen barruan jesarrita, epelen egiten zaion altzoa trenekoa dela erabaki du. «Eta Ikaztegietakoa». Hala tenk egiten dion beste lekurik ez du. Bapatean Ciclonen berri ez duela eta iluntzean hantxe izateko irrika zuzpertu zaio. Beste altzoa, etxea, Anitarena da. «Oso-osorik ez», tuneletik irtenda kanpoan edurra geratzen da sagarrondo biluzietako adarretan. Arantza zuri dirudite. «Umearen koartoa daukak, hire pick-upa entzuteko». Bermutak uhin garraskila eratu dio estomanguan. Etorri ez datorren umea irudikatu du, gelan. Gero Anton etorri zaio burura, Rapsodia entzuten duten bitartean berbetan. «Hiru egun eta gorpu egoan». Bere buruari aitortu ez diona egundoko indarraz ageri zaio orain. Sei hilabetez uko egin dio Antonen argazkia garunetako azidoetan errebelatzeari, bekoki atzeko pantailan proiektatzeari, Antonen soinenbor-balek-zulatua ikusteari. Umea ez da etorriko gela haretara, eta Antonen itzala, ostera, itzalagoa izango da, Argentinan duen umearena handiagoa egiten zaion era berean. Loak har dezan gura du Onofrek, edan ez duen azken bermut apurragatik madarikatzen.

        «Horreek hor, ni hemen, eta bakoitza bere munduan danok», Onofrek bidaiariak ikusi ditu, lehengoz egin izan bailuen, eta bere bizitzaren sakoneko giltzarriaren irudia begitandu zaio tupustean trena. Anton bere bizitzan gurutzatu zen, Gernikako geltokian beste tren horri, alboko karriletan dagoelarik, «berau» parean igarotzen zaion moduan. «Gexu baten». Ondoren, zein bere bidean aurrera elkarri buztana erakusten joango dira. Ezer ez da ezeri kontrakarran, «izan be direanak aldiberean izatea baino», trenbagoi berean doazen guztiak zera 'eta' zera dira, inondik ere ez zera 'baina' zera. Ez dago bainazkorik. Ezkontza bera zer izan zen besterik, bada, haragoko jesarlekuetariko batean jesarrita zihoan beste norbait, Anita, eta Onofre bera, mugakidetzat leiho berbera duten aurrez-aurreko jesarleku bitan egokitu zirela baino? Trenak aurrera darrai, eta munduko kilometro guztiak egin eta gero ere aurrez aurre jesarrita doazen pasaiari biren arteko distantzia berbera izango da, hau da, laburra bezain infinitoa, laburtzerik ez dagoen tarte hori, larru biak eta gogo biak sikieran behin edo behin ere bategitea eragozten duena izanik, infinitoena bait da. «Larrua eta gogoa, biak», Buenos Aireseko hilerri alboko emea etorri zaio burura. Leizean behera jaustea izan da. Trenbagoiko muturraldean diren terraza antzeko plataformetarik urrunekora, atzekora, arrapaladan urten beharra izan du. Bermut madarikatua jariokin garratz eta hori-gorri bihurtuta bota du, okadaka, bekokia burdinezko barandari dautsola. Urdaila libratu duenean burua jaso eta itsasoko brisarak dakarkion kresal-airea usaindu du. Suspertu egin da, tunel parea eta gero azken geltokia duelako lasaiago. «Diskoak ahaztu barik gero!» esan dio bere buruari.

        Oinak nasan pausatu eta maleta behearen gainean utzita, begiez ingurua borobilean arakatu ostean abegi egiten inor ere etorri ez zaiola ohartzean huts egin dio barruan arimako zolak, eta esperantza isilaren hankek aborrots itzela atera du, garraixia ia, «Ez haranzkoan, ez honanzkoan» bere buruarekin haserre mamurtu du.

        —Fardelik? —baten batek diotsola aditu du, «Onorfe» esanaz segitzeak argitu diolarik nor den.

        —Tomas? —gogoeten areto ilunetik lekora ekarri ditu begiak aurrean duen gizonaren aurpegira—. Bai, berau maletea; eroistak etxera.

        —Eta beste fardeltxo hori, Onorfe?

        Ezetz erantzun dio, irribarrez, Tomasi txirrist egiten dion erre-hots horretan hurkotasuna aditu duelako, bizi guztian lehenengoz.

        —Eutsi —paperezko hamar laurlekokoa luzatu eta etxerantz-edo abiatu da Onofre.

        Kalean behera herrian erreko duen lehen chesterrari muturra iziotu dio, tentuz eta benatsu, zereginaren garrantziaz ohartuta. Lehena ondo sartzen bada gero dena doiago joaten da. Etxaurrean zigarrokina bota eta zapaldu egin du, Anitaren lehen begirakune berari joan dakion, tabakoari barik. Alferrik. Ez du inor aurkitu, hala da ze, diskoen fardela atadian utzi eta kalera egin du berriro. «Ortuan egongo dok ba» otu zaio, makurraldiak aldartea hondatu gabe. Herri guztia du ikusteko, eta trenbideko lanak. Agian Ciclon bera ere ikusiko du han.

        Oinek berez eroanda ekin dio. Itsasadarraren ikuspegi osoa izan duenean gelditu egin da, urruneko mendiei begira. Edurrez zuri dagoz. Gero, okozpean artez begiratuz gero hor azpian duen urari beha geratu da. Negua hotzago, urazala garbiago, hoztasunak gardentasun aratza ekartzen dio itsasoari hondale txikia dagoen aldeetan. «Bizitzaren beraren ispilua».

        Onofrek eskuak itsasoan bustitzeko irritsari men egin eta uretan artez sartu dituenean aizto zorrotzek eskuturrak ebagi bailizkioten izan da. «Bizitza bera» otu zaio, agerikoak, urazal erakargarriak, eta sakonekoak, hotz erikorrak, elkarrekin zerikusirik ez dutelako, eta amarrua ikusten ez duenak min hartzen duelako. Luis datorkio gogora. «Trikimailu hutsa». Isabelitak kezko eta lurrunezko adarra luzatu du han urrunean. Ciclon lanean irudikatu du. «Hobe dok Kasinora bahoa zeozer jatera». Egunean baino egunean luzeago egiten den convoy bilakatzen zaizkio gomutak. Bagoi bat abiatuz gero beste guztiak atoian datoz. Mendia zulatzen duen Isabelita horren luzea den sugea nabari du berak ere enborreko leizeetan barrena. Eta gauez abiatzen denean trena, akabo. «Hobe dok zeozer jaten badok». Itsasadarrari lepoa erakutsi orduko hondartzaz bestaldean dagoen muinoan pausatu zaizkio begiak. «Kanposantua beti geldi». Euri tangadak jausten hasi eta estutu egin du ibilkera.