Euli-giro
Euli-giro
2013, narrazioak
144 orrialde
978-84-92468-47-8
azala: Lander Garro
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2019, saiakera
2017, nobela
 

 

Ondo lo egin

 

 

Telebistaren aurrean zeuden txirrinak jo zuenean. Martini begiratu zion. Hark sorbaldak goratu zituen doi bat, baina ez zuen jaikitzeko imintziorik egin. Tapaki estanpatua apartatu eta atera joan zen Ines. Hamaikak pasatxo ziren korridoreko horma-erlojuan. Behatxulora arrimatzerako ireki zuen atea.

        — Ama —entzun zuen Martinek Inesen harridura, eta ondoren—: Baina zer gertatu da?

        Agondu eta pijamaren alkandoraren botoiak presaka lotu zituen Martinek. Oinutsik hurbildu zen atondora.

        Emakumeak aterki tolesgarri busti bat zeukan eskuineko eskuan, putzua egiten ari zena lanpasaren aldamenean. Urratuta zekartzan belaunak, galtzerdietan tarratak.

        Guardasola erretiratu zion Martinek. Ama barrura pasarazi eta besaulkira gidatu zuen Inesek. Tentuz askatu zizkion lokarri fineko zapatak. Erantzi jaka esaten ari zitzaion, Martin baso bat ur eskaintzera hurbildu zenean. Edalontzia bi eskuen artean hartu eta trago bakar batean hustu zuen, irenstean soinu desatsegina eginez. Beste bat ekarri zion sukaldetik. Halako presaz edan zuen, parpailadun blusaren paparra erabat busti baitzitzaion. Hatsandituta laga zuen edalontzia. Horrela iraun zuen minutu batzuetan, telebistan ematen ari ziren antigoaleko filmaren argiak masailetan proiektatzen zitzaizkiola.

        — Parkean izan naiz —esan zuen.

        Komunetik orrazi bat ekarri eta xerlo blaituak atondu zizkion Inesek. Belauniko paratu zen besaulkian amaren aldamenean; adatsa ezkerreko eskuarekin bildu eta eskuinaz korapiloak askatu zizkion emeki. Lehorgailuaren hotsak telebistarena estali zuen. Martinek zutik iraun zuen bi emakumeen aurrean Inesek amari, hatzak orrazi, adatsa nola astintzen zion begira, eta gero logelara erretiratu zen. Zabalik utzi zuen atea.

        Besaulkitik jaitsi eta kokoriko jarri zen Ines amaren aurrez aurre, eskuak haren belaunburuetan. Besoak antxumatuta zirauen amak, kokotsa bularraren kontra estututa. Inesek telebista itzali zuen.

        — Euria hasi du eta ez zen geratzen —azalpenak ematen hasi zen ama—. Korrika hasi dira. Jakekin estaltzen zuten burua, batzuek egunkariekin, eta joan egin dira denak.

        Inesek baietz-baietz egiten zion buruarekin, zaflada txikiak ematen zizkiola izterretan.

        — Zaude.

        Logelara joan eta Martinen pijama batekin itzuli zen. Eskumuturretatik heldu zion amak:

        — Ez nuen gogoratzen parkera nork eraman ninduen, ulertzen?

        Esku hezurtsuak zituen. Zutitu egin zen:

        — Ezin nintzen mugitu.

        — Erori egin zara?

        — A, ez da ezer.

        — Gonbidatuen gela prestatuko dizut, ama —esan zion Inesek ahurra bekokira eramanez.

        Emakumea deseroso mugitu zen besaulkian, baina aurka egin gabe. Alabak utzitako pijama usaindu zuen. Arropa hezeak erantzi eta nekez jantzi zuen marra bertikal urdinak zituen pijama.

        Gonbidatuen gela txikia baina txukuna zen. Ohe-argia piztuta utzi zion, eta baso bete ur ekarri zion sukaldetik.

        — Ezer behar baduzu ondoko gelan gaude.

 

 

Gau lasaia izan zuten. Goiz esnatu zen Ines eta etxepeko gozotegira jaitsi zen kremazko opilak erostera. Laranja-ura eta kafea egin eta Martin iratzarri zuen. Musu txiki bat garondoan. Lo arineko gizona. Irratia piztu zuen, oroitzen zuenez amak gustuko baitzuen goizetako albistegia entzutea. Izenez deitu ohi zion esatariari, abizenik gabe, etxekoa balitz bezala. Gonbidatuen gelara sartu eta pertsiana zabaldu zuen, amak umea zela egin ohi zion moduan. Gelaraino iristen zen irratiaren marmarra.

        — Egun on, ama.

        — Egun on, Ines —erantzun zion ohetik irribarrez.

        Nagiak atera zituen. Leihoa apur bat zabaldu eta, estreinatu gabeko etxeko zapatila batzuk inguratzen zizkion bitartean, opil egin berriak erosi zizkiola kontatu zion, eta eguraldi ederra zegoela, natural-naturala.

        — Zatoz sukaldera.

        Martinek kafea eskaini zion katilu bat goratuz.

        — Egun on, Edurne. Zer moduz egin duzu lo?

        — Primeran —eskertu zion suhiari, oraindik haren pijama soinean—. Lo betea egin dut aspaldiko partez. Hau gosea! —esan zuen gero, mahaira atera gabe zegoen azpilari begira.

        Opilak gerturatu zizkion Martinek. Erretilua hartu eta pasteltxoak usaindu ondoren bata bestearen atzetik irentsi zituen, apurrei mahai gainera erortzen utziz. Ez zuen hitzik esan denak jan zituen arte. Amaitutakoan hatz-mamiekin bildu zituen kondarrak, eta ahoratu haiek ere. Kafea baztertu eta ura eskatu zuen. Eta gero ur gehiago. Inesek Martini begiratu zion.

        — Apetitu ona duzu behintzat —esan zuen hark.

        — Ama, primerako eguna dago. Aterako gara paseotxo bat ematera?

        Begiak argitu zitzaizkion. Aulkitik jaiki eta txapinak mahaipean ahaztuta irten zen pozarren sukaldetik.

        — Goazen! —aditu zion Inesek urrundik.

        Korridorera atera zenean sarrerako atearen ondoan ikusi zuen ama, pijama marratua soinean, eskua giderrean.

        — Goazen, ba! —errepikatu zion.

        Poliki hurbildu zitzaion Ines, eta deus esan gabe pijama-galtzetatik heldu zion, aldaken paretik.

        — Buru hau! —lotsatu egin zen ama galtza zabalei begira.

        Martin sukaldeko atearen markora arrimatu zen, kafe-kikara eskuan. Sofaren beso gainean tolestuta zeuden bezperako arropak seinalatu zizkion Inesek amari. Galtzerdi berriak ekarri zizkion.

        Oinetakoak janzteko makurtu zenean ohi baino baldarrago sumatu zuen. Bizkarra doi bat okertuta ote zeukan. Oreka galtzekotan egon zen pare bat bider.

        Martinek sukaldera deitu zion Inesi. Keinu txiki bat buruaz.

        — Ez dakit, Martin, paseo bat emango dut berarekin.

        — Ez zoaz lanera?

        — Goizean deitu dut, gaur ez naiz joango.

        Musu labur bat eman zion ezpainetan, eta korridorera atera zen berriro. Ama prest zegoen, goitik behera jantzita orain, lehengo jarrera berean, eskua giderrean, oinak urduri.

 

 

Neguko ostiral ederra zen, hotza eta eguzkitsua. Kalera irteteaz bat Inesek besotik heldu zion amari. Ez zebilen jende asko, kamioi batzuk merkantzia deskargatzen. Atzerako argien txistu intermitentea. Lehenbiziko aldia zen amari gisa hartan heltzen ziona, zaharrei eta herrenei oratzen zaien moduan, ukalondoak guraize. Amak tira egiten zion aurrera, norabaiterako presaz balego bezala, baina patxadaz hitz egiten zion, pausoarekiko asinkronikoa zirudien tenplez. Lanaz galdegin zion. Ez zuen gustuko laneko arazoez mintzatzea, baina kontatu egin zion.

        — Tirabirak ditut lankide gazteago batekin. Trepa bat.

        Ezin zuen motibo zehatzik eman, baina xorro-xorro postua kendu nahi zion susmoa zeukan.

        — Utzi denborari bere lana egiten —aditu zion amari esaten.

        Ez zen aholkuak ematekoa eta harritu egin zuen iruzkinak.

        — Bai, horixe izango da onena.

        Erdigunera joatea proposatu zion, denda berri batzuk ireki zituztela eta soineko bana eros zezaketela. Uste zuenaren kontra, ama arropatan gastatu zalea baitzen, parkera joatea nahiago zuela erantzun zion.

        — Parkea polita egoten da neguan. Nahi baduzu, lagunduko dizut gero soinekoa erostera.

        Parkera iritsi orduko besoa askatu zion amak eta sakon hartu zuen arnasa.

        — Ez da ederra?

        — Bai, ama. Baina ez nekien parkean ibili zalea zinenik. Umetan ez ninduzun sekula hona ekartzen.

        — Nahi duzun guztietan etorriko gara.

        Negu-usainaz mintzatu zitzaion. Hirian galtzen ari omen ziren urtaroen lurrinak, horregatik atsegin zuela Floridara joatea.

        — Zure aitari kalea gustatzen zitzaion, autoak eta espaloiak, jendearengandik hurbilago ibiltzeko.

        Aita hil zenetik gutxitan hitz egin zion amak hartaz. Sei urte, gau eta egun, hura zaintzen eman ostean, senarra hil eta gutxira jakin zuen maitalea izan zuela hogei urtez, baita haurdun zegoen garaian ere. Inesek ere ezagutzen zuen auzoko emakume haragitsua. Hileta egunean eliz atarian ikusi zuten Marisa, aitaren amorantea, blusa loratua zeramala soinean. Hura izan zen amari min handiena egin ziona, blusa loratu bat, bere senarraren hiletan. Etxez aldatzea erabaki zuen handik gutxira, auzoa bistatik galtzearren. Ez zuten hartaz gehiago hitz egin.

        Paseoan jarraitu zuten. Han-hemenka zuhaitz biluzien enborrak ukitzera gelditzen zen ama. Hatz-mamiz ukitu eta usaindu egiten zituen atseginez.

        Aitaren arropa guztiak parrokiara eraman zituela kontatzen ari zen, bat-batean, esku bat airean astinduz izugarrizko txizalarria zuela esan zionean. Gertuan egon zitekeen tabernaren bat bilatu nahian itzuli zen Ines. Burua jiratzerako, ordea, gona gerriaren parera igota atzeman zuen ama, galtzerdiak orkatiletan, haritz-enbor sendo baten kontra maskuria husten. Parean jarri eta bere gorputzaz ostendu zuen. Albotik igaro zen bikote batek desairez begiratu zien.

        — Tira, goazen —esan zion amak amaitutakoan.

        Ipurdia astindu zuen azken gernu-tantez libratzeko. Lurruna zerion orbelari. Handik alde egiteko beharra sentitu zuen Inesek.

        Kafetegi bateko terrazara eraman zuen, iparraldeko Europatik ekarritako berogailuak zeuzkan batera, eta su eman zion zigarro bati.

        — Noiztik erretzen duzu? —galdetu zion amak, errieta-doinurik gabe.

        — Eta noiztik egiten duzu zuk pixa kalean?

        Ke-bafada askatu zuenean eztulka hasi zen begiak gorritzeraino.

        Amak irribarre egin zion.

        — Ama zaharraz lotsatuta?

        Inesek hurrupa batean hustu zuen kafe-kikara. Ez zegoen harro amaren ipurdi bigunaz eta izter zelulitikoez, baina ez zen ahalke hutsa, ezin zuen konprenitu dutxatik tapa-tapa eginda ateratzen zen amak, sekula santan biluzik ikusi ez zuenak bat batean lotsa galdu eta, nerabe mozkorren eran —hala esan zion—, parkearen erdian ipurdia agerian jartzea.

        — Norekin etorri zinen atzo?

        Indarrez amatatu zuen zigarroa hautsontzian, erditik hausteraino.

        — Bakarrik. Zer galdera da hori?

        — Atzo gauean esan zenidan ez zenekiela nork ekarri zintuen. Gaueko hamaiketan azaldu zinen etxera mela-mela eginda. Zer gertatzen da, ama?

        Emakumea pentsakor geratu zen une batez. Zerbait esatera zihoala iruditu zitzaion Inesi, baina intziri txiki bat baino ez zuen egin, oinaze-keinu labur bat. Gerriko minaz kexatu zen.

        — Noiztik zabiltza minez?

        — Ez dakit, aste batzuk izango dira. Goazen etxera, Ines.

        Besotik heldu zion berriro, baina lehen baino askoz zama handiagoa jartzen zion amak gainean. Konkortuta zihoan, eta hasperen txikiak egiten zituen urratsez urrats.

        — Ama, aita ahaztu behar duzu.

        — Goazen etxera. Jainkoarren, Ines! —haserretu zitzaion.

 

 

Etxeko atea zabaldu orduko lau-hankan jarri zen ama atarian. Keinua lasaitu zitzaion. Ura ekarri zion Inesek sukaldetik, eta ozta libratu zuen esku bat edalontzia ezpainetara eramateko.

        Bere langelatik atera zen Martin, betaurrekoen gainetik korridorera begira. Presaka gerturatu zen lurrean lauoinka zegoen emakumea zutitzera.

        — Utzi! —orro egin zion amaginarrebak.

        Asaldatuta begiratu zion Inesi, emakume txeratsua izan zen beti Edurne.

        — Gerriko mina duela dio —azaldu zion gizonari.

        Begiak zabaldu eta ozen egin zuen hasperen, amak pazientzia galtzen ari zela igartzeko moduan. Martinek, Inesi ipurdian zaflada maitekor bat emanez, gerrialdea begiratzen uzteko eskatu zion amaginarrebari. Egongelara joan ziren, Martin aurretik, Edurne lauhazka eta Ines atzetik eskuak antxumatuta. Jaka eta blusa erantzi zizkioten.

        — Noizbehinka gertatzen zait. Katuka jarri eta pasa egiten da.

        Barruko elastikoa eranzteko agondu egin behar izan zuten une batez, eta nabarmena zen jarrera hartan sentitzen zuen oinazea. Lerdea zerion ezpain ertzetatik minaren minez. Lauhazka jarri zen berriro. Arnasa baretu zitzaion ostera.

        — Eta hau? —higuin kutsuz atera zitzaion Inesi—. Ileak dituzu bizkarrean, ama!

        — Hormonak izango dira. Nire edadean, badakizu.

        Garondoan ugaritzen hasia zuen ilea, eta gerriraino zabaltzen zitzaion. Sarriagoa zen aldamenetan, saihetsen inguruan. Bilo iluna zen, baina ez gizon batzuek bizkarrean izaten dutenaren antzera kizkur samarra, erabat lisoa baizik.

        — Bidaiaren bat egin behar zenuke, ama, bazterrak ezagutu. Berlin ederra omen da udaberrian. Zergatik ez dituzu hegaldiak begiratzen? —aholkatu zion Inesek Martinen onespena bilatuz—. Angeles han bizi da, ezta?

        Mina sentitzen zuen lekuan masajea eman zion Martinek. Geldi-geldi iraun zuen amaginarrebak, gustura itxuraz suhiaren esku trebeen menera. Masajea amaitutakoan zutitzen ahalegintzeko animatu zuen Martinek. Jantzi eta besaulkian esertzen lagundu zion, eta eroso egon zen tarte batean telebistari begira, baina segituan erasan zion minak ostera, eta lau-hankan jarri behar izan zuen berriz. Jarrera hartan bazkaldu zuen. Mahai-tresnak alboratu zituen, baita ekarri zioten aho-zapi brodatua ere, baina atera zioten guztia jan zuen; apetiturik ez zuen galtzen, behintzat. Arratsalde partera kuluxka bat egin zuen sofaren oinetan saiheska.

        — Hitz egin beharra daukagu —esan zion Martinek Inesi.

        Ama lurrean lo utzi eta sukaldera erretiratu ziren. Haren arnasotsa iristen zitzaien, zurrungaren bat.

        — Zer egin behar dugu?

        Ines eseri egin zen. Zutitu, armairu bat ireki, eta ezer hartu gabe, eseri egin zen ostera.

        — Arreta pixka bat behar du. Ez dago ondo. Uste dut ez duela aitarena gainditu.

 

 

Esnatu zenean lauoinka hurbildu zen ama sukaldera. Ura eskatu zuen ahoskatu ere egin gabe, eztarrian karkasaren bat trabatu balitzaio bezala, arnasots lehor batekin. Ezpainetara hurbildu zion edalontzia Inesek. Mingaina luzatu zuen. Amaitutakoan esker onez begiratu zion, izterrera arrimatu zion burua.

        — Edurne, zutitzen ahalegindu behar zenuke —aholku eman zion Martinek.

        Makurtu eta emakumeari lepotik heldu zion, laguntzeko. Izkin egiten saiatu zen anderea. Berriro hurbildu zitzaion Martin, baina samatik heldu zionean orro egin zion Edurnek, zaunkaren antzeko hots ebaki bat. Apartatu egin zen suhia.

        — Ama! —oihu egin zion Inesek.

        Burua jaitsi eta sukaldetik alde egin zuen burumakur. Egongelako zoko batean etzan zen.

        — Korrika egitera noa —esan zion Martinek Inesi—. Ezer behar baduzu, deitu.

 

 

Egongelara sartu zen Ines. Oinetara hurbildu zitzaion ama.

        — Infusio bat prestatzea nahi?

        Ama izerditan zegoen. Galtzak eta blusa erantzi zizkion, eta elastiko arin bat ekarri. Ezetz egin zion amak buruaz. Inesek biloa sarriagotzen ari zitzaiola egiaztatu zuen. Sorbaldetaraino zabaldu zitzaion, eta gerrialdetik izterretara.

        — Ama, zutitu egin behar duzu —erregutu zion—, horrela ez duzu ezer lortuko.

        Begi tristeekin so egin zion lurretik. Zutitzen ahalegindu zen. Bi besoak gora jaso zituen, baina belaun bat altxatzerako minez intzirika hasi zen. Tinko begiratzen zion Inesi oinazez lerdea zeriola, alarau egiten zuen bitartean.

        — Uztazu —errukitu zitzaion alaba, eta urrutiko kontrola pasa zion—. Jarri nahi duzuna.

        Amak usaindu egin zuen tramankulua. Besoak jaitsi, eta oraindik negar-zotin ahul moduko batekin, besaulkira igo zen alabaren ondora. Izterretan bermatu zion burua, eta Inesek bere haragiaren kontra sumatu ahal izan zuen amaren arnasa baretzen.

        Lo hartu zuen. Hala egon ziren tarte batean, ama altzoan lo eta Ines telebista itzaliari begira.

        Bat-batean begiak ireki zituen. Besaulkitik jauzi egin eta aterantz abiatu zen ama. Handik tarte batera Martinen urratsak aditu zituen Inesek eskaileretan. Oihu txiki bat atera zitzaion atea zabaldu eta amaginarreba lurrean lauhazka eta erdi biluzik ikusi zuenean.

        — Etorri, ama —deitu zion Inesek egongelatik.

        Segituan joan zitzaion, esaneko. Martin ere egongelara sartu zen, Inesen oinetan arnasestuka ikusi zuen amaginarreba. Haragi-koloreko barruko arropak lekuz kanpo zirudien gorputz iletsu hartan. Bularrak dilindan zituen. Martinengana hurbildu zen poliki, eta eskuineko zangora arrimatu zion bizkarra. Mingaina ahoaren albo batera zintzilikatzen zitzaion. Atzera egin zuen gizonak.

        — Edurne, denbora-pasa batzuk ekarri dizkizut —esan zion suhiak.

        Sudokuen liburuxka luzatu zion. Muturra hurbildu zuen Edurnek, baina jiratu eta sofaren oinetan etzan zen.

        — Dutxatzera noa —erabaki zuen Martinek, eta atzetik jarraitu zion Inesek.

        — Zu gelditu hemen —agindu zion amari—, eta ezer behar baduzu jo atea.

 

 

Logelako ohean eserita zegoen Martin, elastikoa izerdituta.

        — Uste dut —zalantza egin zuen Martinek— kasurik ez egitea dugula onena, maitea.

        Inesek irribarre egin zuen.

        — Ez dio onik egin bakardadeak.

        Ohean eseri zen bera ere. Elkarren aldamenean jesarrita egon ziren denbora luzez, isilik. Pauso-hots arinak baino ez ziren entzuten noizbehinka, egongelatik sukaldera, sukaldetik egongelara.

        Martin izan zen jaikitzen aurrena. Logelako atea zabaldu zuen.

        — Pixa egin du —izan zen dutxara sartu aurretik esan zuen kontu bakarra.

 

 

Barruko arropak erantzi eta xukadera bat luzatu zion amari. Lanbasarekin lehortu zuen putzua. Arnasots handia egiten zuen amak, sabelaldea arinki hanpatzen zitzaion arnasaldi bakoitzean. Martin dutxatik irten zenean irribarretsu igaro zen emakume biluziaren aldamenetik. Muturra luzatu zitzaion eta bularrak txikitu.

        — Har ezazu dutxa bat zuk ere afalaurretik. Erlaxatu egingo zaitu —proposatu zion Inesek amari—. Afari goxoa prestatuko dut. Zer iruditzen gula-entsalada epela?

        Amak zirkinik egiten ez zuela ikusita, bainuontzia bete eta bertan sartzen lagundu zion. Intziri egin zuen. Gorputz osoa igurtzi zion xaboi garesti batekin. Ama deseroso mugitzen zen Inesen eskuen artean. Urberritu egin zuen. Argalagoa zirudien, ile blaitua gorputzera itsatsita. Jauzi batean bainuontzitik irten orduko astinduka hasi zen ingurua zipriztinduz.

        — Zer iruditzen, joango al gara zinemara bihar?

        Denek elkarrekin afaldu zuten. Inesek eta Martinek aurrez aurre eta amak mahaipean.

        Ontziak batu eta gonbidatuen gelako atea zabaldu zion Inesek.

        — Ondo lo egin, ama.